Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2013ko urriaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4443

EBAZPENA, 2013ko urriaren 17koa, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, tokiko ekintzailetza-proiektuen barruan enpresa-jarduera berriak martxan jartzera bideratutako diru-laguntzen deialdia argitaratzen duena.

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak, 2013ko urriaren 8ko bileran adostutako akordioaren bidez, enpresa txiki eta ertainak sortzea sustatzeko diru-laguntzen deialdia onartzea erabaki du. Deialdi horretan, enpresa-jarduerak martxan jartzeko ekintzailetza-bekak emango dira. Lanbideren estatutuetako (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartuak) 10.2 artikuluko p) atalean ezarritakoaren arabera, erakunde autonomiadun honetako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Hori dela eta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenik eta behin.– Tokiko ekintzailetza-proiektuen barruan enpresa-jarduera berriak martxan jartzera bideratutako diru-laguntzen deialdia argitaratzea. Deialdi hori Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluak 2013ko urriaren 8ko bileran adostutako akordioaren bidez onartu da, eta ebazpen honen eranskin gisa jaso da.

Bigarrenik.– Jakinaraztea diru-laguntzen deialdia onartzen duen Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren akordioak ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik izango dituela ondorioak.

Hirugarrenik.– Azaltzea deialdia onartzen duen Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren akordioaren kontrako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango dela, organo berean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jarri ahal izango dela zuzenean Administrazioarekiko Auzien Gasteizko Epaitegian, argitalpen horren biharamunetik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 17a.

Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
TOKIKO EKINTZAILETZA-PROIEKTUEN BARRUAN ENPRESA-JARDUERA BERRIAK MARTXAN JARTZERA BIDERATUTAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA

Azken urteotan bizi dugun krisi ekonomiko orokorraren testuinguruan, ekintzaileen dinamismoa ezinbestekoa da hazkunde ekonomikoa eta aurrerapena sustatzeko, bai eta enplegu-aukera berriak eta aberastasuna sortzeko ere. Horregatik, behar-beharrezkoa da laguntza integrala ematea beren proiektuarekiko konpromiso pertsonal eta soziala duten ekintzaileei, ekintzailetza prozesuaren fase guztietan.

Euskal gizarteak badaki zeinen garrantzitsua den beren lan-etorkizuna diseinatzea eta sortzea erabakitzen duten eta aldi berean beste pertsona batzuentzako lan-aukerak sortzen dituzten ekintzaileak edukitzea. Proiektu horiek enplegua sortzeko ahalmen handia dute, eta, beraz, laguntza integrala eman behar zaie.

Ekintzailetzaren ibilbidea ideia batekin hasten da; ideia hori behar bezala aztertzen bada, heldu egiten bada eta enpresa-bideragarritasunaren plan batean finkatzen bada, negozio bat edo enpresa bat martxan jartzea ekar dezake. Negozio edo enpresa horrek epe jakin bat igaro ondoren finkatzea lortzen badu, enpresa-sarearen zati bihurtuko da. Pertsona sustatzaileak prozesu hori arrakastaz gauzatzeko prestakuntza, aholkularitza eta laguntza beharko ditu ibilbidearen zenbait unetan.

Horregatik, beharrezkoa da negozio-ideia jakin bat duten pertsona sustatzaileei laguntza ematea ibilbide horretan, enpresa-jarduera martxan jartzeko beharrezko diren ekintzak bultzatzen dituzten laguntza- eta tutoretza-jardueren bidez. Sustatzaileek ekintzailetzarekin lotutako gaitasun eta trebetasun jakin batzuk barneratzea ere errazten du laguntza horrek.

Europa 2020 Estrategiak hiru lehentasun nagusi ditu; horietako bat Zentzuzko Hazkundea eta Ezagutzan eta Berrikuntzan oinarritutako ekonomia bat garatzea da. Horrekin lotutako ekimen nabarmenetako bat da laguntzeko baldintza orokorrak eta finantziazioa eskuratzeko aukerak hobetzea, ideia berritzaileak hazkundea eta enplegua sortzen duten produktu eta zerbitzu bihurtu ahal izateko.

Hori oinarritzat hartuta, eta oinarritzat hartuta, halaber, Enplegua Sustatzeko Programa 2013-2016, ekintzailetza sustatzea duena bere lehentasunezko sei programa operatiboen artean, Eusko Jaurlaritzak laguntza hori indartu nahi du, negozio-ideia zehatz bat duten pertsona ekintzaileentzat soilik izango den tresna berri baten bidez. Tresna horrek enpresa-jarduera abian jartzeko beharrezko diren jarduerak egiten lagunduko die, hiru hilabeteko epean.

Hori dela eta, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomiadun honetako Administrazio Kontseiluak, 2013ko urriaren 8an egindako bileran, tokiko ekintzailetza-proiektuen barruan enpresa-jarduera berriak martxan jartzera bideratutako diru-laguntzen deialdia onartu du, honako baldintza hauekin:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea honako hau da: negozio-ideia zehatz bat duten eta tokiko ekintzailetza-proiektuetan parte hartzen duten pertsona ekintzaileen enpresa-proiektu berriak sustatzeko 2013an emango diren diru-laguntzen oinarriak eta arauak ezartzea. Diru-laguntza horiei esker, ekintzaileek enpresa-jarduera martxan jartzeko beharrezko ekintzetan soilik aritzeko aukera izango dute.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– Deialdi honen xedea betetzeko, 1.000.000 euro erabiliko dira. Horietatik 500.000 euro Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren 2013ko aurrekontu arruntekoak izango dira, eta beste 500.000 euroak, 2014ko konpromiso-aurrekontukoak.

Emango diren diru-laguntzen guztizko bolumenak ez du kantitate hori gaindituko. Indarrean dagoen legediaren arabera aurrekontu hori handitzea onartzen bada, diru-laguntzen guztizko bolumenak ez du erabakitako kantitate berria gaindituko, eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez jakinarazi beharko da aurrekontua aldatu dela.

3. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.– Deialdi honetan adierazitako diru-laguntza jasotzeko, pertsona sustatzaileek deialdi honetako 4. artikuluan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte eta deialdi honetako 5. artikuluan adierazitako erakunde laguntzaileren baten laguntza edo tutoretza jaso beharko dute, enpresa- edo negozio-proiektu bat martxan jartzeko behar diren ekintzak garatzeko.

2.– Deialdi honen babesean egingo diren jarduerek hiru hilabeteko iraupena izango dute, eta 2013ko azaroaren 30a baino lehen hasi beharko dira.

4. artikulua.– Pertsona onuradunak.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzen onuradunak izateko, pertsona fisiko ekintzaileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) EAEn bizitzea.

b) Langabeak izatea eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egotea.

c) Enpresa-bideragarritasunaren plan bat edukitzea enpresa edo negozio berri bat martxan jartzeko. Dagokion erakunde laguntzaileak baliozkotzat jo beharko du plan hori, laguntza-fasean.

d) Lanbidek baimendutako erakunde laguntzaileren batek enpresa bat sortzeko antolatzen duen aholkularitza- eta laguntza-prozesu batean parte hartzea.

2.– Diru-laguntza hauek jasotzeko, pertsona sustatzaileek honako konpromiso hauek hartu beharko dituzte.

a) Enpresa edo negozioa martxan jartzen soilik aritzea.

b) Enpresa edo negozioa jartzeko egiten diren aholkularitza- eta laguntza-ekintza guztietara joatea. Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek zehaztuko dituzte ekintza horiek.

c) Ekonomia-jardueren gaineko zergan alta ematea, negozioa martxan jartzeko tutoretza- eta laguntza-prozesua amaitzen denetik 3 hilabeteko epean gehienez ere.

Pertsona ekintzaileek ez badute ekonomia-jardueren gaineko zergan alta ematen adierazitako epean, diru-laguntzaren bigarren ordainketa jasotzeko eskubidea galduko dute.

3.– Ezin izango dituzte deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak jaso penalki edo administratiboki zigortuta egoteagatik diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu duten pertsona fisikoek, ez eta horretarako eskubidea kentzen duen lege-debekuren baten eraginpean daudenek ere (debeku horien barruan sartzen dira Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioagatik gertatutakoak ere).

4.– Bestalde, pertsona onuradunei diru-laguntza hauek emateko eta ordaintzeko, beharrezkoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomiadunek eman dituzten era horretako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik izapideetan dagoen edozein itzulketa- edo zehapen-prozedura amaitzea.

5. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Honako hauek eman ahal izango diete pertsona sustatzaileei enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko tutoretza eta laguntza: 2012ko maiatzaren 9ko Aginduan (maiatzaren 23ko EHAAn argitaratua) eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko Administrazio Kontseiluaren 2012ko uztailaren 26ko Akordioan (abuztuaren 29ko EHAAn argitaratua Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen gisa) araututako eskualdeko enplegu-planetan parte hartu duten EAEko udalerriek, udalerri-multzoek, mankomunitateek, koadrilek edota haiekin lotutako edo haien mendeko erakundeek. Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak erakunde laguntzaile gisa jarduteko baimena eman beharko die aurrez.

2.– Aholkularitza-lanak egiteko, aurreko paragrafoan adierazitako erakundeek behar adinako gaitasun teknikoa dutela egiaztatu beharko dute. Horretarako, baldintza hauek bete beharko dituzte.

– Gutxienez ere 2 urteko esperientzia izatea aurrez enpresen sustapenean.

– Behar bezainbeste langile egotea ekintzaileei laguntzeko, eta langileak egokiak izatea.

3.– Gainera, erakunde horiek deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak kudeatzeaz eta ordaintzeaz arduratuko dira.

4.– Erakunde laguntzaile izaera lortzeko eskaerak I. eranskinean jasotako eredu ofizialean aurkeztu behar dira. Eredu hori http://www.lanbide.net helbidean, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren zerbitzu nagusietan eta Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren lurralde-bulegoetan eskura daiteke. Bestalde, eskaerak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan ezarritako edozein bide erabiliz aurkeztu daitezke.

5.– Eskaerarekin batera, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da.

– Aholkularitza- eta laguntza-prozesu osoan zehar pertsona sustatzaileekin egingo diren jarduerak jasotzen dituen ekintzailetza-proiektua, eta laguntza hori jasoko duten pertsonen kopurua.

– Erakunde eskatzaileak aholkularitza emateko duen gaitasun tekniko eta materialari buruzko ziurtagiria. Erakundearen esperientzia frogatu beharko du, eta jardueran parte hartuko duten langileak zerrendatu beharko ditu.

– Proiektuan parte hartuko duten pertsona sustatzaileak aukeratzeko prozesuaren deskribapena. Publikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak errespetatu beharko ditu betiere.

6.– Eskaerak aurkezteko 10 egun balioduneko epea egongo da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

7.– Lan Aktibazioko Zuzendaritza da eskaerak kudeatzeaz eta izapidetzeaz arduratuko den erakundea, eta Lanbideko zuzendari nagusiak du haiek ebazteko eskumena.

8.– Eskaerak aurkezteko epea amaitzean, denak aztertuko dira, eta erakunde laguntzaile gisa baimenduko dira deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten guztiak. Deialdi honetan sustatzaileentzako diru-laguntzak finantzatzeko ezarri diren baliabide ekonomikoak ez badira nahikoa erakunde laguntzaileek lagundu nahi dituzten pertsona guztientzat, egindako eskaerarekin proportzioan murriztuko da erakunde eskatzaile bakoitzak lagundu ditzakeen pertsonen kopurua.

9.– Pertsona sustatzaileei aholkularitza emateko erakunde laguntzaile gisa jardun ahal izateko, bai eta deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko ere, horretarako baimena jaso beharko da Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez. Horrez gain, baimen horren mugak zehazten dituen lankidetza-hitzarmena sinatu beharko da, II. eranskinean jasotako ereduari jarraituz.

Ebazpenak erabakitzeko eta jakinarazteko, hilabeteko epea egongo da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik kontatzen hasita. Behin epe hori igarotakoan ez bada berariazko ebazpenik egin, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da.

Http://www.lanbide.net web orrian, deialdi honetarako erakunde laguntzaile gisa baimenduak izan diren erakundeak argitaratuko dira, bai eta haietako bakoitzak zenbat pertsonari lagunduko dien ere.

6. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

Onuradunei 1.500 euroko diru-laguntza emango zaie, gehienez ere, enpresa-proiektu berriak martxan jartzeko.

7. artikulua.– Eskaerak, dokumentazioa eta aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jaso nahi dituzten pertsonek beren eskaera aurkeztu beharko dute III. eranskinean jasotako eredu ofizialean (http://www.lanbide.net helbidean eskura daiteke eredu hori), Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak baimendutako erakunde laguntzaileen bidez, tutoretza- edo laguntza-prozesua hasi eta hurrengo 5 egun baliodunetako epean.

2.– Eskaera-inprimakiarekin batera, pertsona sustatzaileek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute.

a) NANaren fotokopia, edo norberaren datuak elektronikoki egiaztatu ahal izateko baimena.

b) Erroldatze-ziurtagiria edo erroldaren datua elektronikoki egiaztatu ahal izateko baimena.

c) Erakunde laguntzailearen ziurtagiria, eskatzailea enpresa-proiektu berri bat abian jartzeko laguntza-prozesuan hasi dela egiaztatzen duena, eta aurreikusitako jarduerak eta horretan guztira emango dituen orduak azaltzen dituena.

3.– Ez badira eskaeran adierazitako datu guztiak betetzen edo ez bada 2. paragrafoan adierazitako nahitaezko dokumentazioa gehitzen, hamar eguneko epean falta den informazioa adierazteko edo nahitaezko dokumentuak gehitzeko eskatuko zaio interesdunari, eta adieraziko zaio, hala egiten ez badu, eskaera bertan behera geratuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluan ezarritako ondorioekin.

8. artikulua.– Prozeduraren izapideak eta ebazpena.

1.– Prozedura ebazteko eskumena duen organoa Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia da, alde batera utzi gabe erakunde laguntzaileei prozedura izapidetzeko esleitzen zaizkien funtzioak, eta Lan Aktibazioko Zuzendaritzarekin lankidetzan egingo du lan hori.

2.– Ebazpenak erabakitzeko eta jakinarazteko, hiru hilabeteko epea egongo da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik kontatzen hasita. Behin epe hori igarotakoan ez bada berariazko ebazpenik egin, eskaera baietsi egin dela ulertuko da.

3.– Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenarekin amaitzen da administrazio-bidea, eta haren kontra aukerako berraztertze-errekurtso bat jarri ahal izango da, organo berean, jakinarazpenaren biharamunetik kontatzen hasi eta hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtso bat jarri ahal izango da zuzenean Administrazioarekiko Auzien Gasteizko Epaitegian, jakinarazpenaren biharamunetik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean.

4.– Publikotasunaren printzipioa betetzeko, eta diru-laguntza emateari buruzko ebazpenak banaka eta berariaz jakinarazi behar direla alde batera utzi gabe, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez, deialdi honen babesean emango diren diru-laguntzen onuradunen zerrenda. Jasoko dituzten zenbatekoak adieraziko dira, eta emandako diru-laguntza aldatzen bada, aldakuntzaren aurreko datuak ere adieraziko dira.

9. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzeko modua.

Deialdi honetako 5. artikuluan adierazitako erakunde laguntzaileek honela ordainduko diete diru laguntza onuradunei:

– Emandako diru-laguntzaren % 50 ordainduko diete lehendabizi, enpresa-proiektua martxan jartzeko aholkularitza-prozesua hasi eta bideragarritasun-plana adostean.

– Bigarren ordainketa bat egingo da, gainerako % 50arekin, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta eman ondoren. Horretarako, laguntza-prozesua amaitzen denetik kontatzen hasi eta hiru hilabeteko epean gehienez ere, ekonomia-jardueren gaineko zergan alta eman izanaren kopia aurkeztuko zaio erakunde laguntzaileari, egindako jarduerak zehazten dituen azken memoria batekin batera. Laguntza eman duen erakundeak baliozkotzat jo beharko du memoria hori, eta memoriaren edukiak lan-planaren eta lortutako emaitzen jarraipena egiteko aukera eman beharko du.

10. artikulua.– Pertsona onuradunen betebeharrak.

Onuradunek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 50.2 artikuluan ezarritakoa bete beharko dute oro har, eta bereziki honako hauek bete beharko dituzte.

– Diru-laguntza jasotzeko era erabiltzeko baldintzak betetzen direla eta jarduera egin dela justifikatzea.

– Erakunde laguntzaileei, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailari, Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari egiaztapen- eta kontrol-jarduerak egiten uztea.

– Helburu bererako beste diru-laguntza edo laguntza batzuk jasoz gero, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea, diru-laguntza edo laguntza horiek edozein administrazio publikok edo erakunde publiko edo pribatuk emanda ere.

– Diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein egoera objektibo edo subjektibo aldatzen bada, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari nabarmen eragiten dion zerbait gertatuz gero, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomiadunek, zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi diren eta oraindik ere izapideetan dauden itzulketa- edo zehapen-prozedurak egonez gero, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari jakinaraztea.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, emandako diru-laguntza ere aldatu egin ahal izango da, deialdi honetan diru-laguntzen onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak babesteko. Baldintzetan izandako aldaketak diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzultzea eragin badezake, dagokion itzulketa-prozedura hasiko da.

12. artikulua.– Beste laguntza edo diru-laguntza batzuk jasotzea aldi berean.

Deialdi honetako diru-laguntzak ez dira bateragarriak beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta helburu berarekin ematen dituzten bestelako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrerekin.

13. artikulua.– Emandako diru-laguntzen baldintzak ez betetzea eta haiek itzultzea.

1.– Deialdi honetako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunak Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 53.1 artikuluan adierazitako egoeraren batean badaude edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, hala badagokio, jasotako diru-kopuruak eta diru-laguntza ordaintzeko unetik dagozkion interes legalak osorik edo zati batean itzuli behar direla ezarriko du, dagokion ebazpenaren bidez. Ez dira alde batera utziko, halaber, Euskal Autonomi Elkartearen Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera dagozkion bestelako ekintzak.

Aholkularitza-prozesua behar baino lehen uzten bada edozein arrazoigatik, honako hau izango da diru-laguntza itzultzeko araubidea:

– Hasi eta handik hilabetera baino gutxiagora uzten bada, jasotako diru-laguntza osorik itzuli beharko da.

– Bigarren hilabetea amaitu baino lehen uzten bada, 500 euro itzuli beharko dira.

– Hirugarren hilabetean uzten bada, laguntza-prozesua amaitu baino lehen, 250 euro itzuli beharko dira.

2.– Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak itzulketa-prozedura hasiko du, eta diru-laguntza jaso duen pertsonari jakinaraziko zaio. Adieraziko zaio zer gertaerak eragin duen edo duten baldintzak ez betetzea, eta hamabost eguneko epean egoki iruditzen zaizkion alegazioak egiteko edo justifikazio-dokumentuak aurkezteko aukera emango zaio. Prozedura hori hastean, bertan behera geratuko dira oraindik egin gabe dauden ordainketak.

3.– Alegazioak egiteko epea igarotzen bada, eta epe horretan ez bada alegaziorik egin edo egindako alegazioak ezetsi egin badira, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bat emango du. Itzulketa-prozedura ebazteko gehieneko epea 12 hilabetekoa izango da.

4.– Ebazpenean adierazten bada ez direla baldintzak bete eta diru-laguntza osoa edo haren zati bat jasotzeko eskubidea kentzen bada, interesdunak dagozkion diru-kopuruak itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari, ebazpena jakinarazten denetik kontatzen hasi eta bi hilabeteko epean gehienez ere. Epe hori borondatez ordaintzeko epea izango da.

5.– Borondatez ordaintzeko epean ez bada dirua itzultzen, diru hori premiamendu-bidetik berreskuratzeko izapideak hasiko dira.

14. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuak «Enplegu eta prestakuntzarako diru-laguntzak» izena duen bere titulartasuneko fitxategi batean sartuko ditu deialdi honetan araututako diru-laguntzen eskaerak betetzean lortzen dituen datu pertsonalak. Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuaren 2012ko urriaren 10eko Aginduak, Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituenak, arautzen du fitxategi hori.

Era berean, interesdunek datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko eta datuen aurka egiteko eskubideak erabili ahal izango dituzte, legeak ezartzen duen moduan, horretarako idatzi bat bidaliz Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuari, helbide honetara: Jose Atxotegi kalea 1, 01009, Gasteiz.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala