Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

166. zk., 2013ko irailaren 2a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
3806

EBAZPENA, 2013ko abuztuaren 30ekoa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, garapenerako 2013ko lankidetza-proiektuentzako laguntzetarako deialdia egiteko dena.

Euskal gizarteak betidanik erakutsi du gizarte solidarioa dela, eta guztiontzako harreman eredu zuzena lortzearen aldeko borondatea duela. Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak premisa horretara egokitzen du bere ekintza, eta den-denak –emakume eta gizonak, ipar eta hegoak– bilduko dituen garapen-eredu bat sortzen ahalegintzen da etengabean.

Giza garapen horren arabera, gaitasun, askatasun eta aukera indibidual eta kolektiboak sortu eta finkatu behar dira. Kontzeptu konplexua da, elkarren artean harreman estua duten hainbat dimentsio –ekonomikoa, soziala, politikoa, kulturala, ingurumenekoa, generokoa eta psikologikoa– eta zenbait jardun-maila –tokikoa, estatukoa eta nazioartekoa– biltzen baititu. Alderdi horietan guztietan aldaketak sustatu eta ahalbidetu behar dira, modu integral eta koherentean, prozesuak bultzatuz jardun-ikuspegi ordenatu eta progresibo batetik, epe luzera begira.

Horiek horrela, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak apustua egiten du lankidetza egiturazko eta eraldatzaile baten alde. Lankidetza horrek epe luzerako aldaketa-prozesu integralak sustatu nahi ditu, garapena oztopatzen duten arrazoi guztietan eragiteko, eta ondorioz maila guztietan (tokikoan, estatuan eta nazioartean) erakunde, arau eta balioak eraldatzeko, epe laburrerako ekintza mugatuetarako laguntzak gaindituz eta helburu bakar batekin: oinarrizko beharrei erantzutea, gabezia horiek eragiten dituzten arrazoietan eragin gabe. Garapenak egiturazko aldaketak behar ditu, eta lankidetzak ildo horretatik jardun behar du.

Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretua 2013ko uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatu da. Bada, 34/2007 Dekretuaren 2. artikuluak dioenez, laguntzak jasotzeko deialdia Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia atxikita dagoen saileko organo eskudunaren ebazpen bidez egingo da, eta ebazpen horretan honako hauek adieraziko dira: deialdiaren xedea, diru-hornidura orokorra, hiru laguntza modalitateetarako aurreikusitako diru-hornidura, entitate bakoitzak gehienez eska dezakeen kopurua, hautaketa-irizpideak, eskaerak aurkezteko tokia eta epea, eta eskaera-eredua. Kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan eta Jaurlaritzaren Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuan aurreikusitakoak batera aplikaturik, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak du eskumen hori.

Bestalde, dekretu horren 22.4 artikuluak dioenez, deialdia egiten duen ebazpenean zehaztuko da entitate bakoitzak zenbat eska dezakeen gehienez ere, batera, proiektuetan.

Halaber, 24. artikuluak xedatzen duenez, diru-laguntzaren ordainketa bakoitzaren ehunekoak deialdiaren ebazpenean agertuko dira.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariak erabakiko du nola kudeatu aipatutako laguntzak eta arlo honetan eman beharko diren ebazpenak edo sinatuko diren hitzarmenak. Horretarako, bi lege-xedapen hauek beteko ditu: batetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia sortu eta arautzen duen ekainaren 19ko 5/2008 Legearen 11.2 artikulua, eta bestetik, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren antolaketa eta funtzionamenduko Erregelamendua onartzen duen martxoaren 23ko 95/2010 Dekretuaren 11.1 artikulua.

Azkenik, adierazi behar da deialdi honek Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren oniritzia jaso zuela 2013ko uztailaren 22an egindako bilkuran. Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengo artikulua.– Xedea.

Ebazpen honen xedea otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuak araututako proiektuetarako laguntzak 2013. urteko ekitaldirako deitzea da. Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen ditu dekretu horrek. Dekretu hori uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatu da.

Bigarren artikulua.– Diru-hornidura.

Deialdi honetara bideratutako diru-zuzkiduraren zenbateko orokorra 10.000.000 eurokoa da. Laguntza-mota bakoitzerako honako diru-zuzkidura hau kalkulatu da:

a) Garapen-lankidetzako proiektuetarako laguntzak ordaintzeko, 8.200.000 euro bideratuko dira.

b) Ekoizpen-garapeneko, prestakuntzako eta laguntza teknologikoko proiektuetarako laguntzak ordaintzeko, 500.000 euro bideratuko dira.

c) Garapenerako hezkuntzarako proiektuetarako laguntzak ordaintzeko, 1.300.000 euro bideratuko dira.

Zenbateko horiek aldatu ahal izango dira, eskatutako laguntzen guztizko kopurua kontuan hartuta, eta laguntza horiek ebatzi aurretik, baldin eta beste laguntza-deialdi batzuk gauzatzearen ondorioz amaitu gabeko diru-iturririk badago. Zenbateko berriek errespetatu beharko dituzte Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituen otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuan jasotako laguntza mota bakoitzerako ezarritako mugak, betiere modalitate horietako bakoitzean horretarako behar adina eskabide aurkeztu badira (aipatutako dekretua uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuaren bidez aldatu da). Hala gertatzen bada, EHAAn emango da horren berri, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendariaren ebazpen baten bidez.

Hirugarren artikulua.– Proiektu bakoitzeko eskatutako diru-laguntza.

Proiektu bakoitzeko ezin izango da 600.000 euro baino laguntza handiagoa eskatu.

Laugarren artikulua.– Entitate bakoitzeko guztira eska daitekeen diru-kopurua.

Erakunde batek ere ezin izango du, ez bere kasa, ez besterekin partzuergoan, 700.000 eurotik gorako diru-laguntzarik eskatu proiektu guztiengatik, aurkezten den laguntza-modalitate guztietan.

Bosgarren artikulua.– Entitate bakoitzeko guztira eska daitekeen diru-kopurua.

Erakunde eskatzaile bakoitzak eskura ditzakeen laguntza-modalitate guztietan gehienez jaso dezakeen diru-kopurua, bai bere kasa, bai besterekin partzuergoan aurkeztuta, 700.000 eurokoa izango da, zenbat proiektutara aurkezten den kontuan hartu gabe.

Seigarren artikulua.– Laguntzak ordaintzea.

Emandako diru-laguntza honako epe hauetan ordainduko da:

a) Lehenengo ordainketa, onartutako diru-laguntzaren % 20koa, diru-laguntza onartu dela dioen ebazpena jakinarazi ondoren.

b) Bigarren ordainketa, onartutako diru-laguntzaren % 40koa, proiektua noraino gauzatu den egiaztatzen duen txostena aurkeztu ondoren. Txosten horretan, dagoeneko ordainduta dagoen diru-laguntzaren % 80 justifikatu beharko da, gutxienez.

c) Hirugarren ordainketa, onartutako diru-laguntzaren % 40koa, proiektua noraino gauzatu den egiaztatzen duen agiri-txostena aurkeztu ondoren. Txosten horretan, dagoeneko ordainduta dagoen diru-laguntzaren % 80 justifikatu beharko da, gutxienez.

Zazpigarren artikulua.– Eskabideak eta dokumentazioa aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea.

Deialdian parte hartzeko eskabideak hilabeteko epean aurkeztu behar dira, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Eskabideak aurkezteko modua:

Eskabideak II. eranskinean modalitate bakoitzerako ezarritako ereduen arabera prestatu beharko dira, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziaren bulegoetan aurkeztuko dira.

Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia.

Nafarroa kalea, 2

01007 Vitoria-Gasteiz

Hala ere, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak, 38.4 artikuluan zehaztutako edozein lekutan ere aurkez daitezke eskabideak.

Posta-bulegoen bidez aurkezten diren eskabideak, ziurtatu aurretik, irekita eman behar zaizkio postako funtzionarioari, hark eguna jarri eta zigilua bota diezaien.

Eskabideak aurkezteko, otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuan bildutako baldintza guztiak esanbidez onartu beharko dira.

Eskabideekin batera, halaber, ebazpenaren II. eranskinean laguntza-mota bakoitzerako eskatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da, bai eta otsailaren 27ko 34/2007 Dekretuaren 22.3 artikuluan eskatutako dokumentazio berezia ere. Erakunde eskatzaileek eta herri-erakundeek dekretuan eskatutako dokumentaziorik edo proiektuetan eskatutako baldintzak betetzen direla dioen egiaztagiririk aurkeztu ezean, nahiz eta akats hori zuzentzeko eskatzen zaien Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoa betez, bertan behera geratuko dira proiektuak. Eskabideak aurkezteko epean aurkezten ez bada I. eranskinean aipatutako hautaketa-irizpideen araberako puntuazioa ematen duen dokumentaziorik, dagozkien puntuak ezin izango dira baremazioan sartu.

Zortzigarren artikulua.– Prozeduraren hasiera.

Eskabideak I. eranskineko hautaketa-irizpideen arabera baloratuko dira.

Bederatzigarren artikulua.– Hitzarmena sinatzea.

Diru-laguntza onartu ondoren, onartutako diru-laguntzetarako hitzarmen bana sinatu beharko dute Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak eta erakunde esleipendunak, deialdi honetako III. eranskinean agertzen diren ereduen arabera, finantzatzen den proiektua nolakoa den kontuan hartuta.

Hamargarren artikulua.– Ebazpen honetan aurreikusi gabeko gai guztietan, otsailaren 27ko 34/2007 Dekretua aplikatuko da, Garapen Lankidetzarako Funtsaren kargurako proiektuetarako laguntzak arautzen dituena. Dekretu hori 2013ko uztailaren 23ko 390/2013 Dekretuak aldatu du.

AZKEN XEDAPENA.– Ebazpen honek EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, berraztertze-errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiari. Horretarako epea hilabetekoa izango da, ebazpena EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abuztuaren 30a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala