Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

169. zk., 2014ko irailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Oposaketak eta lehiaketak

EUSKADIKO KOOPERATIBEN GOREN KONTSEILUA
3776

EBAZPENA, 2014ko irailaren 1ekoa, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakariarena, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak 2014ko ekainaren 12ko Osoko Bilkuran hartutako Akordioa argitaratzea xedatzen duena.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak 2014ko ekainaren 12an egindako osoko bilkuran akordio bat hartu zuen, eta horri beharrezko publizitatea emateko, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua arautzen duen maiatzaren 11ko 213/1999 Dekretuaren 10.d) artikuluan emandako eskumena dela bide, hau

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian honako akordio honen testua argitaratzea:

Akordioa, administrari baten kontratazio mugagaberako Deialdiaren Oinarri Orokorrak onartzen dituena, ebazpen honen eranskin gisa agertzen dena.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 1a.

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakaria,

MARIA UBARRETXENA CID.

ERANSKINA
ADMINISTRARI BATEN KONTRATAZIO MUGAGABERAKO DEIALDIAREN OINARRI OROKORRAK

Lehenengoa.– Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluan administrari baten kontratazio mugagaberako langilea aukeratzea da, honako baldintza hauekin:

– Erakundea: Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua.

– Lantokia: Nafarroako Errege-Erreginen kalea, 51 (01013 Gasteiz).

– Lanbide-kategoria: Administraria.

– Lan-harremana: lan-kontratu mugagabea.

– Soldata gordina: 22.087,38 euro urtean.

– Hizkuntza-eskakizuna: 1. eskakizuna egiaztatuta eta 2. eskakizuna 3 urteko epean egiaztatzeko.

– Eginkizunak:

a) Kontabilitatea eta aurrekontu-kontrola.

b) Dokumentu eta informatikako artxiboak sortu eta mantentzea.

c) Aurrekontua kontrolatzeko euskarri informatikoa sortu eta mantentzea.

d) Kontseiluaren beraren eta Hitzarmen bidez egindako jardueren aurrekontu-kontrola.

e) Telefono-arreta eta bisitak.

f) Nominak, gizarte-segurantzak, eta zerga-kontuak.

g) Aholkularitza juridiko eta letradu-lanari administrazio-euskarria ematea, baita Kooperatiben Arbitrajeko Euskal Zerbitzuari ere.

h) Bibliografia Funtsa zaintzea.

i) Urteko oroitidazki edo txostena egitea.

j) Kanpoko kontu-ikuskatzaileekin lankidetza.

k) Kontseiluaren eta bere zerbitzu orokorren instalazioei dagokienez, horiek zaintzea, mantentzea eta, hala badagokio, egin behar dena proposatzea.

l) Eskaturiko titulazio akademikoaren eta kategoriaren araberakoa izanik, agintzen zaion beste edozein eginkizun.

Bigarrena.– Hautatze-prozesuan parte hartzeko eskakizunak.

1.– Hautatze-prozesuan parte hartu ahal izateko, beharrezkoa izango da honako baldintza hauek betetzea:

a) 16 urte beteta izatea.

b) Europako Batasuneko kide diren estatuetakoren bateko nazionalitatea izatea, edota, Europako Batasunak egin eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko Itunen aplikazioaren arabera, langileen zirkulazio askea aplikatzen zaion estaturen bateko nazional izatea. Baita ere parte har dezake Europako Batasuneko kide diren estatuetakoren bateko nazionalen ezkontideak, zuzenbidez banatuta ez badago, baita horren ondorengoek eta ezkontidearen ondorengoek ere, betiere bi ezkontideak zuzenbidez banatuta ez badaude, ondorengo hauek hogeita bat (21) urtez behekoak izan edota zaharragoak izan, baina haren kontura bizi baldin badira. Halaber, aurreko paragrafoetan sartu gabeko atzerritarrek ere parte hartu ahal izango dute Espainiako estatuan bizi badira. Hautatuak izaten badira, kontratuaren xede den jarduera egiteko administrazio-baimena dutela egiaztatu beharko dute, kontratua formalizatu aurretik.

c) Titulazioa. Bere jarduera-adarrean honako titulazio honen edo handiagoaren jabe izan edo ordainduta izatea: LHII-Enpresa Administrazioa.

d) Eman behar dituen zerbitzuak normal betetzea eragotziko dion gaixotasun edo akats fisikorik ez izatea.

e) Zigor-espedientearen ondorioz, Herri Administrazioetako edozeinetatik edo Autonomia Erkidegoetako konstituziozko edo estatutuzko organoen zerbitzutik bananduta ez egotea, ezta ere epaile-ebazpenez gaitasun gabetze erabateko edo berezian enplegu edo kargu publikoak betetzeko, funtzionarioen kidego edo eskalara iristeko, edo lan-kontratuko langileen kasuan banandua edo gaitasun gabetua izan den postuan betetzen zituen funtzioen antzekoak betetzeko. Beste estatu bateko nazionala bada, ez egotea gaitasun gabetuta edo antzeko egoeran, ezta ere diziplina-zigor pean edo antzeko egoeran, horrek, bere estatuan, termino berberetan enplegu publikoa betetzea eragozten badio.

f) Ez egotea ezintasun edo bateraezintasunerako legezko arrazoirik.

g) Gutxienez bi urteko esperientzia antzeko funtzioak betetzen. Eskakizun hau honako era hauetakoren batean egiaztatu ahal izango da:

– Lan egin zueneko enpresaren ziurtagiria, han beteriko eginkizunak zehaztuz.

– Lan-kontratua, betiere beteriko eginkizunak ezagutzea ahalbidetzen badu, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak lan-bizitzaz eginiko ziurtagiriarekin batera.

– Norberaren kontura lan egiten den kasuan, egindako jardueren aitorpen bidez eta Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emandako denboraldiekin dagokion Ogasun Sailaren ziurtagiri bidez.

2.– Aurreko eskakizun guztiak eskaerak aurkezteko epea amaitzen den unean beteta izan behar dira. Eskakizun horiek prozesu osoan zehar ere mantendu behar dira beteta.

3.– Hautatze-prozesuko probak gainditu dituzten arren kontratatuak izaten ez direnak lan-poltsa batean sartuko dira, eta poltsa hori Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluak kudeatuko du aldi baterako zerbitzuak emateko Kontseilu horretan. Sortzen den lan-poltsaren kudeaketan, Gobernu Kontseiluak 2006ko maiatzaren 30ean harturiko Akordioan ezarritako irizpideak aplikatuko ditu Kontseiluak, eta Akordio hori Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta bere Erakunde Autonomoetan aldi baterako zerbitzuak emateko langileak hautatzeari buruzkoa izan zen.

Hirugarrena.– Eskabideak.

Prozesu honetan parte hartu nahi dutenek beren eskaera hona bidali behar dute:

Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseilua

Nafarroako Errege-Erreginen kalea, 51

01013 Gasteiz

Baita ere aipaturiko eskaera, egiaztagiri guztiekin batera, posta elektronikoz bidal dezakete hona: info@csce-ekgk.coop

Eskaerak eta eskakizuna betetzen dela egiaztatzeko agiria 30/1992 Legeak -azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak- 38.4 artikuluan zehazten dituen lekuetako edozeinetan aurkeztu ahal izango dira.

Posta-bulegoen bidez aurkezten diren eskaerak gutun-azal irekian sartu behar dira, Postako funtzionarioek datatu eta zigilatzeko ziurtatu aurretik.

Eskaerak aurkezteko epearen barruan, bigarren oinarrian 1.g) atalean zehazturiko eskakizuna betetzen dela egiaztatzeko ziurtagiria aurkeztuko da. Dokumentazio hau eskaneatuta bidal daiteke Internet bidez eskaera egiterakoan, edo Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren egoitzan bertan. Era eta epe berean aurkeztu ahal izango da hizkuntza-eskakizunaren egiaztagiria, aurkeztea beharrezkoa denean.

Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izango da oinarri hauek Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Eskaerak aurkezteko epea amaituta, Kalifikazio-epaimahaiak hautatze-prozesuan onarturikoen eta kanpo utzitakoen behin-behineko zerrendak onartuko ditu, eta epe bat utziko du horien aurka erreklamazioak aurkezteko. Erreklamaziorik baldin badago, horiek aztertu eta Epaimahaiak onartuen eta kanpo utzitakoen behin betiko zerrendak onartuko ditu.

Laugarrena.– Kalifikazio-epaimahaia.

Kalifikazio-epaimahaia honako hauek osatuko dute:

– Lehendakaria: Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakaria.

– Kidea: Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko lehendakariordea.

– Idazkaria: Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluko letradu abokatua.

Dena den, Epaimahaiak aholkularien laguntza eskatu ahal izango du, hauek hautatze-prozesuan lagun diezaioten.

Epaimahaiko kide guztiek izango dute hitza eta botoa.

Epaimahaiaren erabakiak bertaratuen botoen gehiengoz hartuko dira eta, berdinketa kasuan, lehendakari gisa diharduenaren botoak erabakiko du.

Epaimahaia, gainera, kide bakoitzaren ordezkoek ere osatuko dute, eta hauek titularrekin batera aldi berean izendatu behar dira. Lehendakariaren kasuan izan ezik, ordezkoek eta titularrek kalitate bera izan behar dute.

Epaimahaia ezingo da eratu, ezta jardun ere, ez badira bertaratzen lehendakaria eta idazkaria –edo, hala balegokio, horien ordezkoak– eta gutxienez kideen erdiak, titularrak edo ordezkoak diren berdin diolarik.

30/1992 Legeak, azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenak, 28. artikuluan ezarritako zirkunstantziaren bat ematen baldin bada, Epaimahaia osatzen dutenek ez dute esku hartu behar –Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari horren berri emanez– eta hautagaiek ezetsi egin ahal izango dituzte.

Bosgarrena.– Hautatze-prozesuaren garapena.

Hautatze-prozesuaren garapena Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren iragarki-tauletan argitaratuko da Gasteizen, baita Kontseiluaren beraren web-orrian ere (www.csce-ekgk.coop)

Prozeduraren edozein unetan Epaitegiak jakingo balu hautagaietakoren batek ez dituela betetzen deialdian eskaturikoak, prozeduratik kanpo utziko du, aurrez interesatuari entzun ondoren, eta egun berean gertatuaren berri emango dio Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari.

Hautagaiak aukeratzea «Hautatze Prozesuaren Diseinua» izeneko atalean ezarritako sistemaren bidez egingo da.

Seigarrena.– Epaimahaiaren proposamena.

Hautatze-prozesuko atalen kalifikazioa amaitu ondoren, Epaimahaiak Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren Osoko Bilkurari jakinaraziko dizkio hautatze-prozesuaren behin betiko emaitzak, honek dagokion Ebazpena har dezan, proposaturiko pertsona kontratatu eta puntuazio-ordenaren araberako lan-poltsa eratutzat jotzeko.

Zazpigarrena.– Gorabeherak.

Epaimahaiak ahalmena izango du agertzen diren zalantzak argitzeko, baita ere hautatze-prozesuaren ordena egokirako beharrezko akordioak hartzeko, oinarri hauetan ezarri gabeko guztian.

Deialdia, bere oinarriak eta horietatik eta Epaimahaiaren jardunetik ondorioztaturiko administrazio-egintzak aurkatu egin daitezke Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritako kasuetan eta eran.

Zortzigarrena.– Eskakizunak betetzen direla egiaztatzea.

Kontratatzeko proposatzen diren pertsonek, baita lan-poltsaren parte direnek ere, hautatze-prozesuan parte hartzeko 2. Oinarrian eskatzen diren baldintzak betetzen direla egiaztatuz jatorrizko agiriak aurkeztu behar dituzte, ezartzen den epean.

Aipaturiko epearen barruan eta, ezinbesteko kasuetan izan ezik, proposaturiko pertsonek ez badute beren dokumentazioa aurkezten edo ez badute eskaturiko baldintza guztiak betetzen dituztela egiaztatzen, ezingo dira izendatuak edo kontratatuak izan, eta horien jarduera guztiak baliogabeturik geratuko dira, beren eskaera-idatzien faltsutasunagatik izan dezaketen erantzukizunaz gain.

Bederatzigarrena.– Datu pertsonalak babestea.

Hautatze-prozesuan bildutako datu pertsonalak «Hautatze Prozesuak» deituriko datu pertsonalen fitxategi pertsonalizatuaren parte izango dira, horren helburua langileak aukeratzeko prozesuen kudeaketa eta jarraipena delarik, horrela Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluaren beraren aldi baterako zerbitzu-prestazioen eskariei erantzuteko, baita horien garapenaren eskatzaileak informatzeko ere. Fitxategi honen arduraduna Kontseilua bera da, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak Idazkaritzan egikarituko dira (Nafarroako Errege-Erreginen kalea 51. Gasteiz 01013).

Kasu guztietan 15/1999 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa, aplikatuko da.

Hamargarrena.– Hautatze-prozesua.

Aurkezten direnen artean hautatzeko prozedura lehiaketa bidezkoa izango da.

Merezimenduen balorazioa honela egingo da:

A) Lanbide Esperientzia:

– Sektore publikoan lan-kontratuko langile gisa Administrari kategorian benetan egindako zerbitzuak 0,35 puntu baloratuko dira zerbitzu-hilabete bakoitzeko, gehienez 40 punturaino.

– Enpresa kooperatibo batean lan-kontratuko langile gisa Administrari kategorian benetan egindako zerbitzuak 0,35 puntu baloratuko dira zerbitzu-hilabete bakoitzeko, gehienez 20 punturaino.

– Beste enpresa edo erakunde juridiko batzuetan lan-kontratuko langile gisa Administrari kategorian egindako zerbitzuak 0,35 puntu baloratuko dira zerbitzu-hilabete bakoitzeko, gehienez 10 punturaino.

B) Prestakuntza.

Deituriko kategoriako eginkizunekin zuzenean loturiko prestakuntza- eta hobekuntza-ikastaroak honela baloratuko dira:

– Ordubete eta bederatzi ordu artean: 0,4 puntu ikastaroko.

– 10 eta 19 ordu artean: 0,6 puntu ikastaroko.

– 20 ordu edo gehiago: 0,8 puntu ikastaroko.

– Deialdian eskaturikoa baino titulazio handiagoa: puntu bat.

– Ordu-kopurua egiaztatzen ez den ikastaroetan, gutxieneko puntuazioa emango da.

Edonola ere, atal honek ezingo ditu 20 puntu gainditu.

C) Hizkuntzak jakitea:

Eskaturiko euskara-eskakizuna egiaztatuta, 5 puntu baloratuko da euskaraz zuzen mintzatzea Epaimahaiaren iritziz; eta beste 0,5 puntu gehiago 1. eskakizuna baino titulazio ofizial handiago bakoitzeko, eta hori egiaztatu egin beharko da lehiaketako datan. Dena den, atal hau ezingo da 7 puntu baino gehiagokoa izan.

Ingelesa jakiteari gehienez 3 puntu emango zaizkio, ehuneko egokia aplikatuko delarik titulazio ofizialei dagokienez.

Hamaikagarrena.– Hizkuntza-eskakizunak egiaztatzea.

Euskararen ezagutza eskaeran alegatu behar da eta, dagokionean, egiaztatu eskaerak aurkezteko epearen barruan.

Ez dute ezagutza hori egiaztatu beharrik izango Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen hizkuntza-eskakizunen erregistroan izena emanda daudenek kasuan kasuko hizkuntza-profilaren egiaztapenaren titular gisa, betiere egiaztagiri hori eskaerak aurkezteko epea bukatu baino lehenagokoa baldin bada.

Halaber, euskara jakiteko eskakizuna egiaztaturik izango dute IVAPek ematen dituen 3. eta 4. hizkuntza-eskakizunekin baliokidetasuna ordenamendu juridikoaren aldetik aitorturik duten titulu edo ziurtagiriren baten jabe direnek, betiere eskaeran hori alegatu baldin badute eta titulu horiek eskaerak aurkezteko epea amaitu aurretik lortu baldin badira.

IVAPen Hizkuntza Eskakizunaren baliokidea den titulu edo ziurtagiri baten egiaztatzea honako prozedura hauetakoren baten bidez egin ahal izango da:

a) Alegatu den titulu edo ziurtagiria honako hauetakoren bat baldin bada –hots, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailera atxikitako irakasleen eremuko hizkuntza-eskakizuna; Euskadiko Autonomia Erkidegoko Hizkuntza Eskola Ofizialen Euskararen Gaitasun Agiria; Osakidetzaren eremuko hizkuntza-eskakizuna; edo Kultura Sailak emandako ziurtagiria, euskararen ezagutza-mailak egiaztatzeari dagokiona, euskara helduei irakasteko oinarrizko curriculumak ezartzen duena–, orduan hautagaiek aukera izango dute:

– Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari dagozkion erregistroetara sartzeko berariazko adostasuna emateko, egindako alegazioaren zehaztasuna egiaztatzeko helburuaz, eta horrela hautatze-prozesuan dagokien titulua aurkeztetik salbuetsita geratzeko.

– Edo adostasun hori berariaz ez emateko, eta, horretarako ezartzen den epean, alegaturiko titulua edo ziurtagiria badutela egiaztatzeko.

b) Euskararen ezagutzako titulu edo ziurtagiriren bat, aurreko a) atalean adierazitakoak ez bezalakoa, alegatzen baldin bada, dagokion titulu edo ziurtagiriaren jabetza egiaztatu beharko dute eskaerak aurkezteko epearen barruan.


Azterketa dokumentala