Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

81. zk., 2014ko maiatzaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
1962

EBAZPENA, 2014ko apirilaren 23koa, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarena, Gaztemundu programaren 2014ko deialdia egiten duena.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuak (2004ko urtarrilaren 14ko EHAA, 8. zk.) Gaztemundu programa arautu zuen. Programa hori Euskadin egonaldi bat egitean datza, gaurko errealitatera hurbiltzeko, Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak finantzaturik. Egonaldi horretan, onuradunek parte hartu beharko dute eurentzat antolatzen diren jardunaldietan, eztabaida foroetan eta kultur guneetara, erakundeetara eta turismo guneetara egingo diren bisitaldietan.

Aipatutako dekretuaren 8. artikuluan ezarritakoaren arabera, bidezkoa da diru-laguntza horien 2014ko deialdia egitea.

Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzekoa den apirilaren 9ko 187/2013 Dekretuaren 13.5 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak egingo du bere eskumen arloko diru-laguntzen deialdia, bere eskumen-eremuari dagozkion arloetan, eta horien ebazpena, aldiz, dagokion zuzendari eskudunek emango dute.

Horrenbestez, hauxe

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Deialdia.

Gaztemundu programa deitzea 80.000 euroko zenbatekoarekin, euskal etxeetako gazteek 2014ko egonaldia egin dezaten Euskadin. Eranskin bakarrean jaso dira horretarako onartu diren oinarriak.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honetan eta abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan aurreikusita ez dagoen guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta, beronen aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez daiteke organo berean, hilabeteko epean; edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean. Epeok ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko apirilaren 23a.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia,

MARÍA ÁNGELES ELORZA ZUBIRÍA.

ERANSKINA
GAZTEMUNDU 2014 PROGRAMAREN DEIALDIAREN OINARRIAK

Lehenengoa.– Xedea.

Oinarri hauen helburua Gaztemendu programa deitzea da, hurrengo artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten gazteek egonaldia egin dezaten Euskadin 2014ko uztailaren 5etik 20ra. Edizio honetako trebakuntza euskal dantza tradizionalen ingurukoa izango da.

Aurten eskainitako egonaldi kopurua 25ekoa da gehienez.

Bigarrena.– Eskatzaileek bete beharreko baldintzak.

1.– Gutxienez 18 urte beteta izatea 2014ko urtarrilaren 1ean.

2.– Bizilekua Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo izatea.

3.– Ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

4.– Gaur egun Euskal Etxeren bateko euskal dantza tradizionalen dantza irakasle edo arduradun izatearen egiaztagiria aurkeztea.

5.– Gaztemundu programako egonaldirik egin gabekoa izatea, 2003an arautu zenetik.

Hirugarrena.– Zenbatekoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2014ko aurrekontuetan berariaz ezarritako aurrekontu kredituetatik deialdi honetarako gorde diren diru baliabideak 80.000 eurokoak dira guztira.

Laugarrena.– Eskabideak baloratzeko irizpideak.

1.– Ebaluazio Batzordeak honako irizpide hauek erabiliko ditu aurkeztutako eskabideak baloratzeko:

a) Bideo grabaketaren balorazioa (60 puntu gehienez).

b) Eskatzailearen parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean (20 puntu gehienez).

c) Euskaraz jakitea (10 puntu gehienez)

d) Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea (10 puntu gehienez).

A irizpidea: «Bideo grabaketaren balorazioa». Honako hau baloratuko da:

– Aukeratutako dantzaren ezagutza maila (gehienez 20 puntu).

– Dantza hori interpretatzeko eta bere esanahia adierazteko gaitasuna (gehienez 20 puntu).

– Dantza nola egin irakasteko orduan azaldutako ezagutza pedagogikoa (gehienez 20 puntu).

Balorazioa euskal dantza tradizionalen irakasle espezialistek egingo dute. Gehienez 60 puntu.

B irizpidea: «Eskatzailearen parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean». Eskatzaileak bere euskal etxeko jardueretan zenbateraino hartzen duen parte baloratuko da (gehienez 20 puntu).

C irizpidea: «Euskaraz jakitea». Oinarrizko ezagutza mailari 2 puntu, erdi mailakoari 5 puntu eta goi mailari 10 puntu emango zaizkio.

D irizpidea: «Euskal Herrian inoiz egon gabekoa izatea». 10 puntu emango zaizkie Euskal Herria bisitatu ez dutenei.

2.– Hautaketa prozesuan onartzeko, eskabideek 50 puntu lortu beharko dituzte gutxienez.

Bosgarrena.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Hona hemen nora zuzendu behar diren eskabideak:

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritza

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia

Lehendakaritza

Nafarroa kalea 2

01007 Vitoria-Gasteiz.

Eskaerak formalizatzeko, oinarri hauei erantsitako inprimaki eredua erabili beharko da; www.euskadi.net web orrialdean izango dute eskura interesatuek inprimaki hori.

2.– Eskabidearekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Pasaportearen edo nortasun agiriaren kopia, adina eta bizilekua egiaztatzeko.

b) Euskal etxeak emandako ziurtagiriak, honako hauek egiaztatzeko:

– Ofizialki aintzatetsi eta Euskal Etxeen Erregistroan inskribaturiko euskal etxe bateko bazkide izatea, deialdia argitaratu baino hiru urte lehenagotik, gutxienez.

– Euskal etxearen konpromisoa, esleipendunak bere betebeharrak ez betetzean sor daitezkeen gastuak itzultzeko.

– Eskatzailearen parte hartze maila partaide den euskal etxearen bizitza sozialean.

c) Gutxienez hiru minutuko iraupena eta kalitate ona duen bideo grabaketa bat, eskatzailea bera euskal dantza tradizionalen saio bat ematen jasotzen duena.

d) Euskara badakiela egiaztatzeko agiria.

3.– Eskatzaileak izenpetu beharko du eskabidea.

Seigarrena.– Aurkezteko epea.

1.– Interesatuek abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuan eskatzen diren betekizunak betetzen badituzte, eskabideak aurkeztu beharko dituzte, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean jasotako edozein bide erabiliz.

2.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Zazpigarrena.– Ebaluazio Batzordea.

Abenduaren 23ko 316/2003 Dekretuaren 11. artikuluan aurreikusitako ebaluazio batzordeak honako kide hauek izango ditu:

– Maria Angeles Elorza Zubiria andrea, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia, batzordeburua.

– Asier Vallejo Itsaso jauna, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendaria, bokala.

– José Manuel Meaurio Antón jauna, Lehendakaritzako teknikaria, bokala.

– Maribel Etxabarria Perez andrea, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko funtzionarioa, bokala.

– Benan Oregi Iñurrieta jauna, Lehendakaritzako teknikaria, bokala eta batzordearen idazkaria.

Zortzigarrena.– Prozedura ebaztea.

Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak Gaztemundu programaren deialdia ebatziko du, Ebaluazio Batzordeak egindako proposamena kontuan izanda.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala