Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

238. zk., 2013ko abenduaren 16a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
5453

EBAZPENA, 2013ko azaroaren 28koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Horren bidez onartu eta agindua ematen da Gobernu Kontseiluak 2013ko azaroaren 14ko deialdian aurkeztutako Estomatologia I sailaren arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluak ikastegientzako oinarrizko arautegia onartu zuen 2011ko abenduaren 22ko Erabakiaz, Gobernu Kontseiluaren 2011ko ekainaren 23an onetsitako garapen arautegia berrikusteko egutegia beterik.

Arautegi markoa oinarrizko arautegi gisa sortua da eta sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.

Sailen Oinarrizko Arautegiaren hirugarren xedapen iragankorrak sei hilabeteko epea ematen zuen, indarrean sartu zenetik aurrera, sailek beren arautegiak beste hartan adierazitakora egokitu zezaten.

Estomatologia I Sailak, onartu zituen saileko kontseiluan arautegi markora egindako egokitzapenak.

Idazkari nagusiak –egiaztatuta arautegiek behar adina aldeko txosten dituztela eta, 2013ko azaroaren 14ko bilkuran aurkeztutakoan, Gobernu Kontseiluari berariazko eskaerarik ez zaiola aurkeztu, eta Sailen Oinarrizko Arautegiaren 4.3 artikuluan jasotako eskuordetzearekin bat etorrita– honakoa

EBAZTEN DU:

Lehenengoa.– Estomatologia I Sailaren Arautegia onartzea.

Bigarrena.– Agindua ematea arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko.

Hirugarrena.– Estomatologia I Sailaren Arautegia EHAAn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean.

Leioa, 2013ko azaroaren 28a.

Idazkari nagusia,

JOSE LUIS MARTÍN GONZÁLEZ.

ERANSKINA: ESTOMATOLOGIA I SAILAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 3.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Estomatologia I Sailak Bizkaiko Campuseko Medikuntza eta Odontologia Fakultatean (1D10 eta 1D11) du administrazio egoitza, helbide honetan: Sarriena auzoa, z.g. 48940 Leioa.

2. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 10.1 artikuluaren zehaztapena.

1.– Hauek izango dira Saileko Kontseiluaren osakideak: zuzendaria, idazkaria, irakasle eta ikertzaile iraunkor guztiak eta irakasle ez-iraunkor doktore guztiak, sailari atxikitako gainerako irakasle eta ikertzaileen ordezkari bat bost laguneko multzo bakoitzeko, sailak irakaskuntza ematen duen ziklo bakoitzeko ikasleen ordezkari bat, eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

3. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 11.f) artikuluaren zehaztapena.

f) Kide anitzeko organoko kideak ordezkari izateari utziko dio elkarren segidako lau bileratara justifikatu gabe huts eginez gero.

4. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.

Saileko zuzendaria hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

5. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko II. atalaren zehaztapena.

Batzorde Iraunkorra egongo da eta Sailen Oinarrizko Arautegiko II. atalaren arabera arautuko da.

6. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 18.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Kide anitzeko organoko kideek eskubidea dute saileko idazkaritzan dauden dokumentuak eta informazioa eskatu eta eskuratzeko, beren eginkizunak aurrera eramateko. Dokumentazioa idatziz eskatu beharko zaio saileko idazkariari. Eskatzaileak horretarako eskubidea daukala behin egiaztaturik, sailak haren esku jarriko du dokumentazioa saileko idazkaritzan, gehienez ere 48 orduko epean.

7. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 21.4 artikuluaren zehaztapena.

4.– Botoa kide anitzeko organoko beste kide bati eskuordetu ahalko zaio, hauteskunde prozesuetan izan ezik. Kide anitzeko organoko kide bakoitzak boto bakar bat izan dezake eskuordetuta. Botoaren eskuordetzea idatziz egin beharko da, eta idatzi hori sinatu egin beharko dute bai botoa eskuordetzen duenak bai botoa eskuordetuta izango duenak. Idatzia aktari erantsiko zaio.

8. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 23.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hartutako erabakiak, beranduen jota, 72 orduko epean argitaratu beharko dira saileko zuzendaritzak onartutako iragarki gune ofizialetan eta, betiere, datuak babesteko legeriak dioena errespetatuta. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak bermatu egin beharko dute bileran hartutako erabakiak argitaratu egiten direla eta gutxien dela hilabete egongo direla ikusgai. Idazkariak egindako ziurtagiriaren bidez emango dira argitara bileran hartutako erabakiak; ziurtagiri horretan sailak hartutako erabakien zerrenda baino ez da jasoko. Ziurtagiria saileko idazkaritzako iragarki oholean jarriko da, bai eta sailaren ohol birtualean ere, halakorik egonez gero.

9. artikulua.– Sailen Oinarrizko Arautegiko 26.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Zuzendariaren agintaldia lau urtekoa izango da, eta gehienez bi agintaldi bete ditzake segidan.

10. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena zazpi egun baliodun iragan aurretik gauzatuko da, idazkariak jakinarazten duenetik kontatzen hasita.

11. artikulua.– Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena

Saileko Kontseiluko eta Batzordeko Iraunkorreko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean horretarako arrazoiak emanda, zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsia izan ahalko da haren behin-behineko ordezkoa; horretarako, arrazoiak egiaztatzeko beharrezko diren agiriak aurkeztu beharko dira saileko idazkaritzan, kide anitzeko organoaren bilera baino gutxien dela 72 ordu lehenago.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Antzinako ikasketak guztiz desagertu arte, Saileko Kontseiluan ikasketa horietako bigarren zikloko ikasleek izango duten ordezkaria eta masterretako ikasleena txandaka arituko dira ordezkari lanetan, urte batean bat eta bestean, bestea. Bigarren zikloko ikasleen ordezkaria Ikasleen Kontseiluak aukeratuko du.


Azterketa dokumentala