Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

200. zk., 2013ko urriaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
4444

EBAZPENA, 2013ko urriaren 17koa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiarena. Honen bidez argitaratzen da tokiko ekintzailetza-proiektuen baitan enpresa-ideia berriak sustatzen dituzten pertsonentzako laguntzen deialdia.

2013ko urriaren 8ko bileran hartutako akordioaren bidez, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu egin du enpresa-ideia berriak sustatzen dituzten pertsonentzako laguntzen deialdia, eta, Lanbideren Estatutuen 10.2 artikuluko p) idatz-zatian ezarritakoaren arabera (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuak onartu zituen estatutu horiek), erakunde autonomo horretako zuzendari nagusiari dagokio deialdia argitaratzea.

Horiek horrela, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Enpresa-ideia berriak sustatzen dituzten pertsonentzako laguntzen deialdia argitaratzea. Deialdi hori Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluak onartu zuen, 2013ko urriaren 8an egindako bileran, eta eranskin gisa jaso dugu ebazpen honetan.

Bigarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren akordioak, laguntzen deialdia onartzen duenak, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera izango dituela ondorioak.

Hirugarrena.– Jakinaraztea Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazio Kontseiluaren akordioaren, deialdia onartzen duen horrexen, aurka berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango dela erakunde horretan, hilabeteko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dela Gasteizko Administraziorekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

Gasteizen, 2013ko urriaren 17an.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.

ERANSKINA
TOKIKO EKINTZAILETZA-PROIEKTUEN BAITAN ENPRESA-IDEIA BERRIAK SUSTATZEN DITUZTEN PERTSONENTZAKO LAGUNTZEN DEIALDIA.

Azken urteotan, krisi ekonomiko orokorra bizi dugu. Testuinguru horretan, dinamismo ekintzailea ezinbesteko faktore bat da hazkunde ekonomikoa eta aurrerabidea bultzatzeko eta beste enplegu- eta aberastasun-aukera batzuk sortzeko. Horregatik, premiazkoa da beren proiektuarekin konprometituta dauden pertsona ekintzaileei zuzenean eta gizartearen aldetik laguntzea, bai eta prozesu ekintzailearen fase guztietan oso-osorik laguntzea ere.

Euskal gizartea jabetzen da oso garrantzitsua dela pertsona ekintzaileak izatea. Pertsona horiek beren lan-etorkizuna diseinatzen eta sortzen dute, eta, aldi berean, enplegua sortzen dute beste pertsona batzuentzat. Proiektu horiek bide ematen dute enplegua sortzeko. Hori dela eta, ezinbestekoa da oso-osoko laguntza ematea.

Ibilbide bat da ekintzailetza. Ibilbidearen hasieran, norbaitek ideia bat izaten du, eta ideia horrek bide eman dezake negozio bat edo enpresa bat abian jartzeko, baldin eta ideia hori behar bezala aztertzen eta lantzen bada eta pertsona sustatzaileak jaso beharreko prestakuntza eta laguntza jasotzen badu. Gerora, ezinbestekoa da negozio edo enpresa hori sendotzea, enpresa-egituraren parte izan dadin.

Ibilbide horretan, oso-oso garrantzitsua da pertsona sustatzaileari laguntza ematea lehenengo fasean; hau da, negozio-ideia sortzeko, aztertzeko eta sistematikoki egituratzeko fasean. Izan ere, hori lagungarria da, batetik, ideia baliozkotzat jotzeko edo lantzeko, eta, bestetik, sustatzaileak ekintzailetzari lotutako gaitasun eta abilezia batzuk eskuratzeko, aholkuak eta laguntza emateko jardueren bidez.

Europa 2020 Estrategiak hiru lehentasun nagusi ditu, eta horietako bat da hazkunde adimentsua bultzatzea, bai eta ezagutzan eta berrikuntzan oinarritutako ekonomia garatzea ere. Ildo horretatik, estrategia horren ekimen esanguratsuenetako bat da laguntza emateko baldintza orokorrak eta finantziazio-bideak hobetzea, ideia berritzaileak hazkundea eta enplegua sortuko duten produktu eta zerbitzu bilaka daitezen.

Hori oinarri hartuta eta 2013-2016 aldirako Enplegua Sustatzeko Programaren baitan (programa horren sei helburuetako bat da «ekintzailetzaren alde apustu egitea»), Eusko Jaurlaritzak, beronen erakunde autonomo den Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren bitartez, laguntza hori sendotu nahi du tresna berri baten bidez. Tresna berri horrek aukera emango die ekintzaileei hiru hilez beren enpresa-ideia lantzen soilik aritzeko.

Horiek horrela, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hala proposatuta, erakunde autonomo honen Administrazio Kontseiluak 2013ko urriaren 8an bilera egin eta onartu egin du tokiko ekintzailetza-proiektuen baitan enpresa-ideia berriak sustatzen dituzten pertsonentzako laguntzen deialdia, eta xedapen hauek ezarri ditu:

1. artikulua.– Xedea.

Deialdi honen xedea da 2013ko ekitaldian pertsona ekintzaileei ematekoak diren laguntza ekonomikoak arautzea eta haien oinarriak ezartzea. Laguntza horiei esker, pertsona horiek aukera izango dute esklusiboki aritzeko gerora bideragarritasun-plan bat gauzatzeko bide emango duen enpresa-ideia bat sortzen, aztertzen eta egituratzen, prozesu horretan laguntza edo/eta tutoretza ematea helburu duten tokiko proiektuen baitan.

2. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

Hauxe da deialdi honen xedea betetzeko baliabide ekonomikoen guztizkoa: 300.000 euro. Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren aurrekontuaren Enplegua – 32110 programaren 2013ko ordainketa-kredituari dagokio, hain zuzen ere, zenbatekoa hori.

Zenbateko hori izango da laguntzaren muga. Edonola ere, behar izanez gero, handitu egin ahal izango da, baldin eta indarreko legeriaren arabera aurrekontuetan aldaketak egitea onartzen bada. Zenbatekoa aldatuz gero, horren berri emango dugu EHAAn, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez.

3. artikulua.– Diruz lagundu daitezkeen jarduerak.

1.– Deialdi honetan, diru-laguntza jaso ahal izango dute 4. artikuluan jasotako betekizunak betetzen dituzten pertsona sustatzaileek; hain zuzen ere, deialdi honen 5. artikuluan aipatutako erakunde baten laguntza- edo/eta tutoretza-proiekturen batean parte hartzen dutenek. Edozein jarduera-arlotan enpresa-ideia bat aztertzeko eta garatzeko eta horretan soilik aritzeko emango dugu diru-laguntza, hain zuzen ere.

2.– Deialdi honen babespean egiten diren jarduerek, gutxienez, hiru hilabete iraungo dute, eta 2013ko azaroaren 30a baino lehenago hasi beharko dute, ezinbestean.

4. artikulua.– Onuradunak.

1.– Deialdi honetan jasotako laguntzen onuradun izan ahalko dira baldintza hauek betetzen dituzten pertsona ekintzaileak:

a) EAEn bizi dira.

b) Langabeak dira eta enplegu-eskatzaile gisa izena emanda daude Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan.

c) Ez dute inoiz izena eman Jarduera Ekonomikoaren gaineko Zergaren (IAE) erroldan, ez eta Langile Autonomoen Araubide Berezian ere.

d) Badute ideia bat enpresa- edo negozio-proiektu bat garatzeko jarduera-arlo batean (jarduera-arlo hori edozein izan daiteke).

e) Deialdi honetako 5. artikuluan jasotako erakunderen baten ekintzailetza-arloko aholkuak eta laguntza emateko prozesu batean daude.

2.– Laguntza hauen onuradun izateko, sustatzaileek konpromiso hauek hartu beharko dituzte:

a) Beren enpresa-ideia aztertzen eta garatzen soilik arituko dira.

b) Enpresa-ideia sortzeko eta garatzeko aholkuak eta laguntza ematea xede duten jarduera guztietara joan beharko dute. Deialdi honen kudeaketan parte hartzen duten erakunde kolaboratzaileek zehaztuko dituzte jarduera horiek.

3.– Zigor- eta administrazio-arloan diru-laguntza eta laguntza publikoak lortzeko aukera galtzearekin zigortuta dauden pertsona fisikoek ezin izango dituzte deialdi honetan jasotako laguntzak eskuratu, ez eta hartarako ezgaitzen dituen legezko debekuren baten eraginpean daudenek ere, sexu-diskriminazioaren ondoriozko debekuak barne, otsailaren 18ko 4/2005 Legeari, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoari, jarraituz.

4.– Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi den eta oraindik bideratzen ari den itzultzeko edo zigortzeko prozedura oro amaitzea ezinbestekoa izango da onuradunei laguntzak eta diru-laguntzak emateko eta ordaintzeko.

5. artikulua.– Erakunde kolaboratzaileak.

1.– Aurreko artikuluko baldintzak betetzen dituzten onuradunei enpresa-ideia aztertzeko eta garatzeko laguntza eta tutoretza eman, Euskal Autonomia Erkidegoko udalerriek, udalerri-elkarteek, mankomunitateek, koadrilek eta haiei lotuta edo haien mende dauden erakundeek emango diete; zehazki, Eskualdeko Enplegu Planak egiteko eta abiarazteko laguntzen deialdietan parte hartu dutenek eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena dutenak erakunde kolaboratzaile gisa jarduteko (agindu eta akordio hauek arautzen dituzte Eskualdeko Enplegu Planak: 2012ko maiatzaren 9ko Aginduak, maiatzaren 23ko EHAAn argitaratuak, eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Administrazioaren Kontseiluaren Akordioak, 2012ko uztailaren 26koak, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez abuztuaren 29ko EHAAn argitaratuak).

2.– Edonola ere, sustatzaileei laguntza edo/eta tutoretza emateko erakunde kolaboratzaile gisa jardun ahal izateko, ezinbestekoa izango da horretarako behar adina gaitasun tekniko dutela egiaztatzea. Horren harira, baldintza hauek bete beharko dituzte:

– Gutxienez, 2 urteko esperientzia izatea pertsona ekintzaileei laguntzeko lanetan.

– Behar adina langile izatea eta langileak ondo prestatuta egotea sustatzaileei laguntzeko.

3.– Horretaz gainera, erakunde horiek arduratuko dira deialdi honetan jasotako diru-laguntzak kudeatzeaz eta ordaintzeaz.

4.– Programa honetan parte hartzeko eta erakunde kolaboratzaile izateko eskabideak 1. eranskinean jasotako eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko dira. Eredu hori eskuragarri egongo da http://www.lanbide.net webgunean, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentraletan eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak lurralde bakoitzean duen Enplegu Bulegoan. Halaber, 1992/30 Legearen, Herri Administrazioaren Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 38.4 artikuluan jasotako edozein bitartekoren bidez ere aurkeztu ahal izango dira eskabideak.

5.– Eskabidearekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

– Ekintzailetza-proiektua. Bertan jakinarazi beharko dute, batetik, zer jarduera egingo dituzten sustatzaileekin enpresa-ideia berriak sortze eta garatze aldera aholkuak eta laguntza emateko prozesuan, bai eta guztira zenbat pertsonari laguntzeko asmoa duten ere.

– Erakunde eskatzailearen ziurtagiria, laguntza-jardueretan aritzeko gaitasun teknikoari eta materialari buruzkoa, erakundeak esperientzia duela egiaztatzen duena eta jarduera horretan nor arituko diren adieraziko duena.

– Proiektuan parte hartuko duten sustatzaileak hautatzeko prozesuaren deskribapena. Prozesu horrek ezinbestean errespetatu beharko ditu publizitatearen, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioak.

6.– Eskabideak aurkezteko epea 10 egun baliodun izango da, deialdi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

7.– Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzak du eskabideak kudeatzeko eta bideratzeko ardura, eta Lanbideko zuzendari nagusiak du eskabideak ebazteko eskumena.

8.– Eskabideak aurkezteko epea amaitzean, eskabideak aztertu eta erakunde kolaboratzaile izateko baimena emango diegu deialdi honetan jasotako baldintzak betetzen dituzten erakundeei. Deialdi honetan deskribatutako sustatzaileentzako laguntzak finantzatzeko baliabide ekonomikoak aski ez badira erakunde kolaboratzaileek lagundu asmo dituzten pertsona guztiei diru-laguntza emateko, erakunde kolaboratzaile bakoitzak lagundu asmo duen pertsona kopurua murriztuko dugu, zenbat pertsonari lagundu asmo duten, horren arabera.

9.– Deialdi honen esparruan sustatzaileei aholku emateko erakunde kolaboratzaile gisa jarduteko eta deialdian jasotako diru-laguntzak kudeatzeko eta ordaintzeko baimena eman, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak emango du ebazpen bidez. Erakunde kolaboratzaileek dagokion lankidetza-hitzarmena izenpetu beharko dute (hitzarmen horretan zehaztuko dituzte hitzarmenaren alderdiak), 2. eranskinean jasotako ereduaren arabera.

Ebazpenak ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hilabetekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskabidea ezetsitzat joko dugu.

Http://www.lanbide.net webgunean jakinaraziko dugu zer erakundek jaso duten baimena erakunde kolaboratzaile gisa jarduteko deialdi honetan, bai eta zenbat pertsonari lagundu ahal izango dien erakunde kolaboratzaile horietako bakoitzak ere.

6. artikulua.– Laguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua.

Enpresa-ekimenak sustatzen dituzten pertsonentzako laguntzaren zenbatekoa 1.500 euro izango da.

Laguntza eman ostean ordainduko diegu laguntza onuradunei.

7. artikulua.– Eskabideak, dokumentuak eta aurkezteko epea.

1.– Deialdi honetan jasotako laguntzak eskuratzeko eskabideak aurkeztu, 2. eranskineko eredu ofizialaren arabera aurkeztu beharko dira (eredu hori eskuragarri dago http://www.lanbide.net webgunean), Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren baimena duten eta sustatzaileei laguntza edo/eta tutoretza emateko lanak egiten dituzten erakundeen bidez, 5 egun baliodunen epean, laguntza-prozesua hasi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

2.– Eskabide-orriarekin batera, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzte:

d) NANen fotokopia edo nortasun-datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Errolda-ziurtagiria edo erroldako datuak elektronikoki egiaztatzeko baimena.

c) Erakunde kolaboratzailearen ziurtagiria, egiaztatzen duena eskatzaileak parte hartuko duela pertsona ekintzaileei ideia berriak kudeatzen laguntzeko edo/eta tutoretza emateko programan. Ziurtagiri horrek jaso behar du zer jarduera egin asmo duen erakunde kolaboratzaileak laguntza- edo/eta tutoretza-planean.

3.– Interesdunek ez badute eskabidea behar bezala betetzen edo harekin batera ez badituzte bidaltzen 2. idatz-zatian aipatutako nahitaezko dokumentu guztiak, hauxe eskatuko diegu: hamar eguneko epean hutsegitea zuzentzeko edo nahitaezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, jakinaraziko diegu, hori egin ezean, eskabidea ezetsi egingo dugula eta horrek azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioaren Araubideari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 71. artikuluan ezarritako ondorioak izango dituela.

8. artikulua.– Prozedura aztertzea eta ebaztea.

1.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak du prozedura ebazteko eskumena, prozedura bideratzeko lanetan erakunde kolaboratzaileei dagozkien eginkizunak gorabehera (Laneratzea Aktibatzeko Zuzendaritzarekin lankidetzan egingo dituzte eginkizun horiek).

2.– Ebazpenak ebazteko eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hiru hilekoa izango da, eskabidea aurkezten den egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan berariazko ebazpenik eman ezean, eskabidea ezetsitzat joko dugu.

3.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiaren ebazpenak administrazio-bidea amaitzen du, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango da erakunde horretan, hilabeteko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango da, Gasteizko Administraziorekiko Auzien Epaitegian, bi hileko epean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik zenbatzen hasita.

4.– Publizitatearen printzipioa betetze aldera eta laguntza emateko ebazpenen berariazko eta bana-banako jakinarazpenak gorabehera, Lanbideko zuzendari nagusiaren ebazpen bidez hauxe argitaratuko dugu Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian: nork jasoko dituen deialdi honetako laguntzak, zenbat diru jasoko duten eta zer kasutan aldatu den ematekoa den laguntzaren zenbatekoa.

9. artikulua.– Laguntza justifikatzea.

Laguntza edo/eta tutoretza amaitu eta hilabeteko epean, laguntza jaso dutenek oroitidazki bat edo txosten bat aurkeztu beharko dute erakunde kolaboratzailean; zehazki, laguntza jaso duten aldian enpresa-proiektuaren bideragarritasuna aztertze aldera zer lan egin dituzten zehazten duen oroitidazki bat, edo, hala badagokio, proiektuaren bideragarritasunari buruzko txosten bat. Laguntza edo/eta tutoretza eman duen erakundeak izenpetu behar ditu dokumentu horiek.

10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Oro har, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez onartutakoaren, 50.2 artikuluan jasotako betebeharrak bete behar dituzte onuradunek, eta, batik bat, betebehar hauek:

– Justifikatu behar dute laguntza emateko eta baliatzeko bide eman duten betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela eta jarduera egiten dutela.

– Egiaztapen- eta kontrol-jardueren mende jarri behar dute. Erakunde hauek egingo dituzte jarduera horiek: erakunde kolaboratzaileak, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak.

– Beste edozein administrazio publikok edo erakunde publikok edo pribatuk laguntzaren bat edo diru-laguntzaren bat ematen badie helburu bererako, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Laguntza ematerakoan kontuan izan zen egoera objektibo edo subjektiboren bat aldatuz gero, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Gertaeraren batek funtsezko eran eragiten badio diruz lagundutako jardueren xedeari edo izaerari, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo haren erakunde autonomoek, edo zuzenbide pribatuko erakunde publikoek eta sozietate publikoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan itzultzeko edo zigortzeko prozeduraren bat hasi bada eta oraindik bideratzen ari bada, horren berri eman beharko diote Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari.

11. artikulua.– Laguntza aldatzea.

Deialdi honetan jasotako laguntza emateko kontuan izan den edozein baldintza aldatzeak emandako laguntza aldatzea ekar dezake berekin, baldin eta onuradunak diru-laguntzen onuradun izateko deialdi honetan ezarritako gutxieneko betebeharrak betetzen baditu. Baldintza horiek aldatzeak emandako laguntzaren guztizkoa edo zati bat itzultzea badu ondorio, dagokion itzultze-prozedurari ekingo diogu.

12. artikulua.– Beste diru-laguntza edo laguntza batzuk aldi berean jasotzea.

Deialdi honetan jasotako laguntza eskuratuz gero, onuradunek ezingo dute jaso beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek kontzeptu eta helburu bererako ematen duten ezein laguntza, diru-laguntza edo diru-sarrera.

13. artikulua.– Ez-betetzea eta emandako laguntzak itzultzea.

1.– Deialdi honetan jasotako laguntzen onuradun izango diren pertsonek laguntza-prozesua behar baino lehenago uzten badute, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluan jasotako kasuren batean badaude edo deialdi honetan ezarritako baldintzaren bat betetzen ez badute, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak ebazpen bidez adieraziko die, hala badagokio, jasotako zenbatekoen eta laguntza eman zen unetik bertatik sortutako legezko interesen guztizkoa edo zati bat itzuli behar dutela. Horretaz gainera, egoki diren gainerako ekintzak bideratu ahal izango ditugu, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutakoaren arabera (dekretu horren bidez arautzen da Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kargura ematen diren diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen araubide orokorra).

Edozein arrazoi dela-eta onuradunek laguntza- edo/eta tutoretza-prozesua behar baino lehenago uzten badute, hauxe izango da emandako diru-laguntza itzultzeko araubidea:

– Prozesua hasi eta hilabete baino lehenago utziz gero, onuradunek jasotako diru-laguntza osoa itzuli beharko dute.

– Prozesua hasi eta bigarren hilabetea amaitu aurretik utziz gero, onuradunek 1.000 euro itzuli beharko dute.

– Prozesua hasi eta hirugarren hilabetean, hots, laguntza- edo/eta tutoretza-prozesua amaitu aurretik, utziz gero, onuradunek 500 euro itzuli beharko dute.

2.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak hasiko du diru-laguntza itzultzeko prozedura, eta horren berri emango dio onuradunari. Zehazki, ez-betetzearen zergatiak jakinaraziko dizkio, eta eskatuko dio hamabost eguneko epean egoki deritzon alegazioak edo frogagiriak aurkezteko.

3.– Alegazioak egiteko epearen barruan alegaziorik egiten ez bada edo alegazioak ezesten badira, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendariak ebazpena emango du. Diru-laguntza itzultzeko prozedura ebazteko gehienezko epea 12 hilekoa izango da.

4.– Ebazpenak ezartzen badu ez-betetzea gertatu dela eta interesdunak eskubidea galdu duela diru-laguntzaren guztizkoa edo zati bat jasotzeko, interesdunak Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio dagozkion zenbatekoak, gehienez ere bi hileko epean, ebazpena jakinarazten denetik zenbatzen hasita. Epe hori borondatezko epetzat joko dugu.

5.– Interesdunek dirua borondatezko epean itzultzen ez badute, premiamendu-bideaz itzularazteko izapideei ekingo diegu.

14. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendu automatizatua.

Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoa betetze aldera, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak bere jabetzako fitxategi batean sartuko ditu deialdi honetan araututako laguntzen eskabideetan jasotako datu pertsonalak. Fitxategi horri «Enplegu eta prestakuntzarako diru-laguntzak» deritzo, eta Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak 2012ko urriaren 10eko emandako aginduaren bidez dago arautua (Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua erakunde autonomoaren datu pertsonalen fitxategiak arautzen ditu agindu horrek).

Halaber, interesdunek eskubidea dute, legeak ezartzen duenaren arabera, datuak atzitzeko, zuzentzeko, ezerezteko eta haien aurka egiteko. Horretarako, idazki bat bidali behar dute hori adierazteko Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzura (Jose Atxotegi kalea 1, 01009 Vitoria-Gasteiz).

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala