Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2013ko urriaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4271

EBAZPENA, 2013ko urriaren 1ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan bake, bizikidetza eta giza eskubideen arloan proiektuak garatzen dituzten erakundeei eta gizarte-mugimenduei laguntzak emateko deialdia egiteko dena.

Gizarte demokratiko guztiek dute giza eskubideen eta bakearen ezagutza eta errespetu sakona herritarren artean sustatzeko betebeharra.

Giza eskubideak eta bakea ezinbesteko erreferentea dira justiziaren, askatasunaren, berdintasunaren eta elkartasunaren oinarrien gainean eraiki nahi den edozein gizarte- eta politika-antolamendutarako. Pertsona guzti-guztien giza duintasunaren balio gorena da abiapuntua, gizabanako bakoitzak gizartean dituen eskubide eta betebehar guztiak iruteko abiapuntua, hain zuzen ere. Horri dagokionez, ezin da zalantzan jarri pertsonaren gailentasuna, eta gizarte- eta erakunde-arkitektura, azken batean, pertsonaren garapenera eta sustapenera bideratu behar dela.

Giza Eskubideen Deklarazio Unibertsala (1948) garrantzi handiko erreferentzia historikoa izan zen; izan ere, lehen aldia izan zen instantzia unibertsal batek denei errespetatu behar zaizkien eskubideak aldarrikatu zituena, hartarako arrazoi bakarra gizakiak izatea izanik.

Eusko Jaurlaritzaren jardueraren helburuetariko bat da, hain zuzen, euskal gizartean Giza Eskubideen eta Bakearen aldeko Hezkuntza bultzatzea, dauden baliabideak optimizatuz, sektore estrategikoen arteko beharrezko sinergiak sortuz, eta jardun-programa koordinatua garatuz.

Hori dela-eta, aurreko ekitaldietan bezalaxe, Eusko Jaurlaritzak laguntza ekonomikoen deialdi bat sustatzen du, Bakearen eta Giza Eskubideen aldeko kulturan trebatzeko, eta kultura hori sustatzeko eta zabaltzeko proiektuak diruz laguntzeko asmoz.

2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuak (2013ko irailaren 30eko EHAA), Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoaren berreskurapenaren, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko jarduerak garatzen dituzten antolakunde eta gizarte-mugimenduek helburu horrekin sustatzen dituzten ekimenetarako laguntzak arautzen ditu, eta, 2.1 artikuluan, ezartzen du diru-laguntza horietako deialdia urtero egingo dela, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenaren bidez. Horrenbestez, 2013ko laguntzetarako deialdia egiten da.

Orobat, 187/2013 Dekretuaren 19.3. artikuluari jarraikiz, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumen-arloko diru-laguntzen deialdia (Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen du aipatu dekretuak).

Horiek horrela, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen xedea da EAEko toki-erakundeek giza eskubideen, bake eta bizikidetza arloan garatzen dituzten programak eta ekimenak laguntzeko diru-laguntzen 2013ko deialdia egitea, norgehiagoka-araubidearen arabera.

Sariak banatze hutsean baino ez dautzan proiektuak dekretu honen xedetik kanpo geratzen dira.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

Diru-laguntza jaso ahal izateko, proiektuak 2013ko ekitaldian garatu beharko dira, eta betiere abenduaren 31n amaituta egon beharko dute.

3. artikulua.– Diru-hornidura.

Diru-laguntzen programa honetara bostehun eta berrogeita hamalau mila eta laurehun euro bideratu dira (554.400), Euskal Autonomia Erkidegoko 2012ko Aurrekontu Orokorretan aurreikusitako partidaren kargura (aurrekontu horiek 2013rako luzatu dira eta).

4. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Honako pertsona juridiko hauek eska ditzakete agindu honetan bildutako laguntzak: legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoak, baldin eta beren estatutuetan jasotakoaren arabera, haien helburua bakea eta giza eskubideak lortzea bada, eta helburu hori lortzeko prozedurak baketsuak eta demokratikoak badira.

5. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.

1.– Prozedura honen izapide guztiak egiteko, kontsultatzeko eta eskatzeko, entitateek bide elektronikoak erabil ditzakete.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/organizaciones-paz-convivencia-derechos-humanos/

3.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egiteko, helbide hau erabili daiteke: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

6. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskabidea Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Saileko Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari bidali behar zaio (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskabideak modu presentzialean aurkeztu nahi izanez gero, leku hauetara eraman daitezke: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz); Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoetara; lurralde-ordezkaritzetara; beste erakunde laguntzaileetara. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritako bideak ere erabil daitezke.

Orobat, bide elektronikoen bitartez ere aurkeztu daitezke eskabideak, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan sartuta.

3.– Entitate eskatzaileek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurki ditzakete, nahi duten eran. Eskabidearen ondoriozko jardueretan eta prozeduran zehar, erakundeak hautatutako hizkuntza erabiliko da, euskararen erabilera normalizatzeari buruzko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legearen 5.2.a eta 6.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

7. artikulua.– Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskabidea inprimaki normalizatua betez egingo da. Inprimakia euskadi.net egoitza elektronikoan ere eskura daiteke.

2.– Eskabide horri ondoren zehazten den dokumentazioa erantsi beharko zaio:

a) Erakundearen ordezkariak bide presentziala erabiltzen badu eta baimenik ematen ez badu Administrazioak haren datuak egiaztatu ditzan Barne Ministerioan, zein den egiaztatzen duen dokumentazioa aurkeztu beharko du.

b) Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko diren xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia.

c) Proiektua gauzatzeak izango duen kostuaren aurrekontua, sailetan banakatua, gainerako finantzabideak ere aipatuz, halakorik balego, edo zinpeko deklarazioa jasoz proiektua finantzatzeko bestelako baliabiderik ez badago, ez norberarenik ez besterenik.

d) Erakunde eskatzaileak proiektua gauzatzeko dituen giza baliabideei eta baliabide materialei buruzko aipamena, honako hauek ere adierazten dituena: genero arloko prestakuntza duten edo/eta arlo horretan ibiliak diren langileak ba ote dituen erakundeak; zenbat lagun ari diren boluntario-lanetan (halakotzat hartzen dira dirurik jaso gabe proiektuan ari diren pertsonak).

3.– Behin diru-laguntzak emateari buruzko ebazpena argitaratuta, erakunde onuradunek hirugarrenentzako alta-agiria aurkeztu beharko dute, erregistratuta ez badaude edo Ekonomia eta Ogasun Saileko Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi badituzte.

4.– Era berean, proiektuak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

8. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

Epaimahai Kalifikatzaileak kide hauek izango ditu, 2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuaren 10. artikuluan ezarri bezala:

Monika Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Epaimahai Kalifikatzaileko burua.

Mª Begoña Garamendi Ibarra andrea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, bokala.

Jon Redondo Lertxundi jauna, Gazteria eta Kiroletako zuzendaria, bokala.

Lide Amilibia Bergaretxe Andrea, Gizarte Gaietako zuzendaria, bokala.

Paul Ortega Etcheverry jauna, Harapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, bokala.

Ana Alberdi Zubia andrea, Emakundeko idazkari nagusia, bokala.

Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Epaimahai Kalifikatzaileko idazkaria..

9. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

Diru-laguntzak lehiaketa bidez eman edo ukatuko dira, eta baloratzeko eta hautatzeko irizpide hauek hartuko dira kontuan:

.Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. 20 puntu, gehienez.

Erakundearen kudeaketa-gaitasuna, proiektuari dagokionez. 15 puntu, gehienez.

Proiektuaren aurrekontua argia eta egokia izatea. 15 puntu, gehienez.

Proiektuaren potentzial estrategikoa eta haren egokitasuna edo gizarte-interesa. 20 puntu, gehienez.

Erakunde eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu, gehienez.

Genero-ikuspegiaren trataera, garatu beharreko proiektuetan. 10 puntu, gehienez.

Proiektua hainbat erakunderen artean gauzatzea edo beste administrazio publikoren bat ere proiektuan sartuta egotea. 10 puntu, gehienez.

Gehienez ere 100 puntu eman ahalko dira.

Diru-laguntza jasotzeko gutxienez 45 puntu lortu beharko dira.

10. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Laguntza emateko ebazpena jakinarazi ostean ordainduko da diru-laguntzaren zenbatekoaren % 75 eta gainerako % 25a, 2014ko martxoaren 31 baino lehen, diru-laguntza Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzari justifikatu ondoren.

11. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

Erakunde onuradunak agiri hauek aurkeztu beharko ditu, jasotako diru-laguntza nola erabili den justifikatzeko:

1.– Diruz lagundutako proiektua gauzatzean egindako gastuak justifikatzeko fakturen eta ordainagirien kopia konpultsatuak.

Fakturek azaroaren 28ko 1496/2003 Errege Dekretuaren 6. artikuluan ezarritako baldintza formalak bete beharko dituzte (errege-dekretu horren bidez, fakturazio-beharrak arautzen dituen Erregelamendua onartu eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren Erregelamendua aldatu zen). Bada, fakturak eta ordainagiriak proiektuen arabera sailkatuta aurkeztu behar dira, behar bezala ordenatuta eta zenbakituta, eta guztien zerrenda nominala erantsiko da, gastua zein helbururekin egin den azalduz.

2.– Eredu ofizialaren araberako soldata-ordainagirien kopia konpultsatuak eta Gizarte Segurantzarako kotizazio ofizialeko zerrendak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.

3.– Aldi baterako kolaborazioen gastuak justifikatzeko ordainagirien kopia konpultsatuak, non hartzailearen datuak zehaztuko baitira, baita haren Nortasun Agiri Nazionalaren –NAN– zenbakia, ordaindutako lana, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren –PFEZ– atxikipena ere. Lankidetza-lan horietan lortutako diru-sarrerak likidatzeko Ogasunak ematen duen agiriaren jatorrizko agiria ere aurkeztu beharko da (110-190 inprimakia).

4.– Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

5.– Egindako proiektuen memoria xehea, besteak beste pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak) aipatuz eta genero-ikuspegiaren trataera azalduz.

6.– Izapidetza bide telematiko bidez egiten bada, aipatutako dokumentazioa eskaneatuta eta sinadura elektronikoa duela aurkeztuko da.

7.– Bai izapidetza presentzialean, bai bide presentzialaren bidezkoan, Administrazioak beharrezko ikusten duenean eskatu ahal izango da jatorrizko dokumentazioa.

Justifikazioak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, euskadi.net-eko egoitza elektronikoan eskura daitezke.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusian, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honetan berariaz aurreikusi gabeko kontuetan, prozeduraren arloan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean agindutakoa aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 1a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala