Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

193. zk., 2013ko urriaren 9a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

LEHENDAKARITZA
4269

EBAZPENA, 2013ko urriaren 1ekoa, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarena, memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak egiteko diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Aginpide publikoek lan egin behar dute memoria historikoa ezagutarazten eta gordetzen, memoria historikoa ondare kolektiboa baita, eskubide eta askatasun demokratikoen alde egindako borrokaren erakusgarri. Helburu horretarako, erakundeek behar diren ekimenak bideratu beharko dituzte, aintzat hartuak eta birgaituak izan daitezen Gerra Zibilean eta Frankoren diktaduran gertaturiko bidegabekeriak eta laidoak pairatu zituzten pertsonak: balio demokratikoak defenditzeko helburuz borrokatu zirenak eta gatazkan bizia galdu zutenak, askatasuna galdu zutenak eta, azken batean, aldi historiko horretan erbesteratzearen bidegabekeria pairatu zutenak.

Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzak memoria historikoa berreskuratzeko eta gordetzeko politika publikoa egin nahi du, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzaren bitartez, eta, horrenbestez, balio eta printzipio demokratikoak berreskuratu, haietan oinarritzen baita gaur egungo gizarteko bizikidetza. Helburu nagusia da Gerra Zibilaren biktima guztiak eta haren ondorengo diktaduraren errepresio politiko, sozial eta kulturalari aurre egin zioten pertsona guztiak ohoratzea eta oroitzea betirako. Eta haiekin batera, haien familiak.

2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuak (2013ko irailaren 30eko EHAA) Euskal Autonomia Erkidegoan memoria historikoa berreskuratzearen, bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen aldeko jarduerak garatzen dituzten antolakunde eta gizarte-mugimenduek helburu horrekin sustatzen dituzten ekimenetarako laguntzak arautzen ditu, eta, 2.1. artikuluan, ezartzen du diru-laguntza horietako deialdia urtero egingo dela, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariaren ebazpenaren bidez. Horrenbestez, 2013ko laguntzetarako deialdia egiten da.

Orobat, Lehendakaritzaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen (187/2013) Dekretuaren 19.3 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariak egin behar du bere eskumenenen barruan dauden diru-laguntzen deialdia.

Horrenbestez, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Helburua.

Ebazpen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoan, memoria historikoa eta balio demokratikoak berreskuratu, zabaldu eta ezagutzeko proiektuak zein 1936-1977 aldian demokraziaren eta askatasunaren alde egiteko proiektuak, norgehiagoka-araubidearen bitartez, diruz laguntzeko 2013ko deialdia egitea.

2. artikulua.– Denbora-eremua.

2013ko ekitaldian garatzen diren eta abenduaren 31rako amaitzen diren proiektuak diruz lagundu ahalko dira.

3. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Memoria historikoa berreskuratzeko proiektuak diruz lagundu ahal izango dira, betiere 1. artikuluari jarraikiz eta honako jarduera hauetako bat edo gehiago biltzen badituzte:

1.– Errepresioarekin, erresistentziarekin eta gizarte demokratikoa eraikitzearekin zerikusia duten pertsonak eta gertakizunak oroitzeko edo omentzeko jardunak.

2.– Ondare demokratikoa –materiala eta ez-materiala– gordetzeko eta berreskuratzeko jardunak: testigantzen datu biografikoak sortzea –batez ere ikus-entzunezko euskarrian– eta 1. artikuluan bilduriko gaiei buruzko lekuak, monumentuak, aztarnak, izenak eta beste dokumentu batzuk aurkitzea eta haien errolda egitea hartzen ditu barne.

3.– Diktaduraren errepresioarekin, erbestearekin, erresistentziarekin eta balio demokratikoen errealitate eta egoerarekin loturiko gertaerak eta prozesuak berritzera bideraturiko ikerketa-jardunak.

4.– Zabalkunde- eta prestakuntza-jardunak: biltzarrak, sinposioak, jardunaldiak, mintegiak eta aldi baterako erakusketak antolatzea, ikus-entzunezko produktuak, argitalpenak eta hezkuntza proiektuak hartuko ditu barne.

4. artikulua.– Zenbatekoa.

Deialdi honetara bideraturiko gehieneko zenbatekoa ehun eta bost mila (105.000) eurokoa da guztira, eta 2012ko aurrekontuen kargura joango da (aurrekontu horiek luzatu egin dira 2013ko ekitaldirako).

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Legez eratutako pertsona juridiko pribatu eta irabazi-asmorik gabekoek eska ditzakete ebazpen honetako diru-laguntzak, haien estatutu sozialen arabera helburu hauek baldin badituzte: balio demokratikoak defendatu, hedatu eta sustatzea edo/eta aldi antifrankistako memoria historikoa berreskuratzea.

6. artikulua.– Izapidetze elektronikoa eta presentziala.

1.– Erakunde interesdunek bitarteko elektronikoak erabili ahal izango dituzte prozedurari buruzko izapideak eskatu, kontsultatu eta egiteko.

2.– Eskabideak, erantzukizunpeko adierazpenak, justifikazioak eta gainontzeko ereduak modu presentzialean nahiz elektronikoki nola izapidetu jakiteko xehetasunak, euskadi.net-eko egoitza elektroniko honetan eskura daitezke: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/memoria-historica/

3.– Eskaeraren eta dokumentazioa aurkeztearen izapideak bide batetik egiteak (modu presentzialean edo elektronikoan) ez du prozeduraren hurrengo izapideak bide beretik egitera behartzen; edozein unetan aldatu daiteke izapideak egiteko modua.

Eskaera egin ondorengo izapideak, bide elektronikoa aukeratuz gero, helbide honetan egingo dira: http://www.euskadi.net/nirekudeaketak

7. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Eskabidea Lehendakaritzaren Bake eta Bizikidetzako Idazkaritzaren Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariari zuzenduko zaio (Nafarroa kalea 2; 01007 Vitoria-Gasteiz).

2.– Eskabideak modu presentzialean aurkeztu nahi izanez gero, leku hauetara eraman daitezke: Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzara (Nafarroa kalea 2, 01007 Vitoria-Gasteiz); Herritarrentzako Zerbitzuaren (Zuzenean) bulegoetara; lurralde-ordezkaritzetara; beste erakunde laguntzaileetara. Herri-administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritako bideak ere erabil daitezke.

Era berean, eskabideak bitarteko elektronikoen bidez aurkeztu ahal izango dira, euskadi.net-eko egoitza elektroniko horretara sartuta.

3.– Erakunde eskatzaileek beraiek aukeratutako hizkuntza ofizialean aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak eta horiekin batera doazen ziurtagiriak. Halaber, eskabidearen ondoriozko jardunetan, eta prozedura osoan, erakunde eskatzaileak aukeratutako hizkuntza erabiliko da, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1984 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek ezartzen duten bezala.

8. artikulua.– Eskaerak eta aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Erantzukizunpeko adierazpenak jasotzen dituen eskaera inprimaki normalizatuan beteko da, zeina euskadi.net-en ere eskuragarri egongo baita.

2.– Eskabide horri ondoren zehazten den dokumentazioa erantsi beharko zaio:

a) Erakundearen ordezkariak bide presentziala badarabil eta ez badio baimenik ematen Administrazioari Barne Ministerioan nortasun-datuak egiaztatzeko, bere nortasuna egiaztatzeko agiriak aurkeztu beharko ditu.

b) Proiektuaren memoria xehea, non zehaztuko diren xedea, metodologia, balizko hartzaileak (sexuaren arabera bereiziak), lurralde-eremua, egingo diren jardueren egutegia eta genero-ikuspegiari nola helduko zaion. Memorian egiaztatuko da eskatzaileak proiektuari dagokion arloan duen esperientzia.

c) Proiektua gauzatzeak izango duen kostuaren aurrekontua, sailetan banakatua, gainerako finantzabideak ere aipatuz, halakorik balego, edo zinpeko deklarazioa jasoz proiektua finantzatzeko bestelako baliabiderik ez badago, ez norberarenik ez besterenik.

d) Erakunde eskatzaileak proiektua aurrera eramateko dituen giza-baliabideak eta baliabide materialak. Adierazi egin behar da erakundeak ba al duen berdintasunaren arloan prestakuntza eta/edo esperientzia duen jendea, baita zenbatek jarduten duten boluntario gisa (boluntarioak izango dira diru-sarrerarik jaso gabe proiektuan laguntzen duten pertsonak).

3.– Behin diru-laguntzak emateko ebazpena argitaratzen denean, erakunde onuradunek hirugarrenaren altaren agiria aurkeztu behar dute, erregistratuta ez badaude, edo Ekonomia eta Finantza Sailaren Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi badituzte.

4.– Era berean, proiektuak balorazio hobea lor dezan, erakunde eskatzaileek egoki irizten dioten dokumentazio osagarria aurkeztu ahal izango da.

5.– Jada gauzatuta dauden proiektuen kasuan, aurrekoez gain, egindako gastuak justifikatzeko behar den dokumentazio guztia ere aurkeztu beharko da.

6.– Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzak erakunde eskatzaileari espedientea osatzeko behar dituen agiri eta azalpen guztiak eskatu ahal izango dizkio, eta, era berean, eskatzaileak emandako datuak egiaztatzeko egin beharreko egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu.

9. artikulua.– Epaimahai kalifikatzailea.

Hauek izango dira 2013ko irailaren 24ko 415/2013 Dekretuaren 10. artikuluan aurreikusitako epaimahai kalifikatzaileko kideak:

Mónica Hernando Porres andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria, Epaimahai Kalifikatzaileko burua.

M.ª Begoña Garamendi Ibarra andrea, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, bokala.

Jon Redondo Lertxundi jauna, Gazteria eta Kiroletako zuzendaria, bokala.

Lide Amilibia Bergaretxe andrea, Gizarte Gaietako zuzendaria, bokala.

Paul Ortega Etcheverry jauna, Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziako zuzendaria, bokala.

Ana Alberdi Zubia andrea, Emakundeko idazkari nagusia, bokala.

Laura Sagastizabal Errazu andrea, Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzako teknikaria, Epaimahai Kalifikatzaileko idazkaria.

10. artikulua.– Balorazio- eta hautaketa-irizpideak.

1.– Diru-laguntzak emateko edo ukatzeko, lehiaketaren prozedura erabiliko da, eta irizpide haztatu hauek hartuko dira kontuan:

Proiektuaren bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa, erakundeak antolatzeko duen gaitasuna eta egitura aintzat hartuta. 20 puntu, gehienez.

Erakundearen kudeaketa-gaitasuna, proiektuari dagokionez. 15 puntu, gehienez.

Proiektuaren aurrekontua argia eta egokia izatea. 15 puntu, gehienez.

Proiektuaren potentzial estrategikoa eta haren egokitasuna edo gizarte-interesa. 20 puntu, gehienez.

Erakunde eskatzailearen ibilbidea. 10 puntu, gehienez.

Genero-ikuspegiaren trataera, garatu beharreko proiektuetan. 10 puntu, gehienez.

Proiektua hainbat erakunderen artean gauzatzea edo beste administrazio publikoren bat ere proiektuan sartuta egotea. 10 puntu, gehienez.

Gehienez ere 100 puntu eman ahalko dira.

2.– Diru-laguntza emateko beharrezkoa izango da, aurreko baremoei jarraikiz, gutxienez 45 puntu lortzea.

3.– Onartutako proiektuen kostuaren % 100eko laguntza eman ahal izango da, proiektu bakoitzaren egoeraren arabera eta betiere gehienez hamabost mila (15.000) euro emanda proiektu bakoitzeko.

11. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Diru-laguntzaren % 75 diru-laguntza esleitzeko ebazpena jakinarazi ondoren ordainduko da, eta gainontzeko % 25a, 2014ko otsailaren 28a baino lehen, diru-laguntzaren erabilera Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritzan, hurrengo artikuluan ezarri bezala, justifikatu ondoren.

Diru-laguntza eman zeneko ekitalditik kanpo gauzatzen bada bigarren ordainketa hori, organo kudeatzaileak ofizioz egiaztatuko du erakundeak bere betebeharrak bete dituela erakundeari dagozkion Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorraren aurrean.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren justifikazioa.

1.– Justifikazioa aurkezteko epea 2014ko otsailaren 28an amaituko da, eta honako hauek jaso behar dira:

a) Fakturen kopia konpultsatuak eta diruz lagundutako proiektua garatzeko egindako gastuak justifikatzen dituzten ordainagiri originalak. Ordainagiri originalik aurkeztu beharrik ez da izango, baldin eta esleipendunak behar bezala arrazoitzen badu agiri horiek ezin dutela Administrazioaren esku gelditu. Kasu horretan, hitzartu egingo da interesdunak originalak eta kopiak aurkeztuko dituela, eta behin konpultsatu ondoren, itzuli egingo zaizkiola.

Bai fakturak (zeintzuek Fakturaziorako betebeharren araudia onartu eta Balio Erantsiaren gaineko Zergaren araudia aldatzen duen azaroaren 28ko 1496/2003 Dekretuaren 6. artikuluko betekizun formaletara egokituta egon beharko baitute), bai ordainagiriak, diruz lagundutako proiektuka bereizita aurkeztuko dira, behar bezala ordenatuta eta zenbatuta, eta horien izen-zerrenda bat ere aurkeztu behar da, jasotzen duten gastua zertarako den adieraziz.

b) Soldaten ordainagirien kopia konpultsatuak, eredu ofizialean, eta Gizarte Segurantzarako kotizazio ofizialeko zerrendak, lan-kontratudun langileen gastuak justifikatzeko.

c) Aldi baterako kolaborazioen gastuak justifikatzeko ordainagirien kopia konpultsatuak, honako hauek jasoko dituztenak: hartzailearen datuak, haren nortasun agiri nazionala, ordainketaren kontzeptua, eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren –PFEZ– atxikipena. Halaber, ogasunaren inprimakiaren originala ere aurkeztu behar da, kolaborazio horietan lortutako diru-sarreren likidazioari buruzkoa (110-190 inprimakia).

d) Programen, iragarki-kartelen, argazkien eta argitaratutako gainerako material grafiko, idatzi edo soinuzkoen aleak.

e) Egindako proiektuen memoria xehea, besteak beste pertsona onuradunak (sexuaren arabera bereiziak) aipatuz eta genero-ikuspegiaren trataera azalduz.

2.– Tramitazioa bitarteko telematikoen bidez egiten bada, goian adierazitako dokumentazio hori eskaneatuta eta sinadura elektronikoarekin aurkeztu behar da.

3.– Bai tramitazio presentzialean, bai telematikoan, dokumentu originalak eskatu ahal izango ditu Administrazioak, beharrezko jotzen duenean.

Justifikazioak izapidetzeko zehaztapenak (bai bide presentziala erabilita, bai bide elektronikoa erabilita), euskadi.net-en daude eskuragarri.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Ebazpen honek ez du amaitzen administrazio-bidea. Beraren aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez dezakete, Bake eta Bizikidetzarako idazkariaren aurrean, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urriaren 1a.

Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendaria,

MÓNICA HERNANDO PORRES.

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala