Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2013ko urriaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4228

AGINDUA, 2013ko irailaren 25ekoa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, 2013. urtean kultura-arloko jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta kultura-ekintza bereziak antolatzeko diru-laguntzak emateko arauak ezarri eta deialdia egiten duena.

Arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta horien zabalkundeari dagozkionak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eskumenekoak dira, betiere Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren arabera (2012ko abenduaren 17ko EHAA, 243. zk.). Aipatutako zereginak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren barruan, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagozkio, hala ezarrita baitago sail horren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 193/2013 Dekretuan (2013ko apirilaren 24ko EHAA, 78. zk.).

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzaren iritziz, egokia da jardunbide bat ezartzea, Euskadiko Autonomia Erkidegoan egiten diren jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta kultura-ekintza bereziei diru-laguntzak emateko. Jardunbide hori, bestalde, zuzendaritza horren eskumenen esparruan sartzen da, eta hainbat kultura-arlotan jarduerak antolatzeko diru-laguntzak eskainiz gauzatuko da, zehazki, honako arlo hauetan: ikus-entzunezkoak, antzerkia, dantza, musika, ikusizko arteak eta literatura. Hartara, formula bat ezarriko da, kultura-produkzioaren adierazpenak gizarte osoaren eskura jartzeko.

Hori dela-eta, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Xedea.

1.– Agindu honen xedea da zenbait kultura-arlotan jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta kultura-ekintza bereziak antolatzeko 2013ko ekitaldiko diru-laguntzak emateko baldintzak arautzea. Kultura-arloak, zehazki, honako hauek izango dira: ikus-entzunezkoak, antzerkia, dantza, musika, ikusizko arteak eta literatura. Kultura-ekintzok, bestalde, espezializazio- edo berezitasun-maila handikoak izan behar dute, eta interes berezia sortu, Euskadiko Autonomia Erkidegoko kulturaren eremuan.

2.– Diru-laguntzak jasotzeko, jarduerek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Antolatzailearen jatorria zein den gorabehera, programak edo jarduerak Euskadiko Autonomia Erkidegoan garatu beharko dira 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean.

b) Diru-laguntzen deialdi honetara aurkeztutako programek edo jarduerek ekonomikoki bideragarriak izan behar dute. Hori egiaztatzeko, aurrekontu orekatua aurkeztu beharko da, eta hartan, batetik, gastu- eta sarrera-zenbatekoak parekoak izan beharko dira eta, bestetik, agindu honen 7. artikuluan ezarritako finantzazio-mugak bete beharko dira.

3.– Deialditik kanpo geratuko dira:

a) Kultura-programazio orokorrak; alde horretatik, eskatzaileek, diru-laguntzen deialdira aurkezteko, jaialdi, ziklo, lehiaketa, sariketa eta ekintza berezi zehatzak aukeratu beharko dituzte beren programazioetatik.

b) Dokumentazioa aztertuta, argi eta garbi gehienbat tokiko edo eskualdeko zabalkundea duten jarduerak.

c) Dokumentazioa aztertuta, argi eta garbi kultura-eduki nabarmenik ez duten jarduerak, hau da, kultura-arloren batekin eta, zehazki, honako arlo hauetakoren batekin loturarik ez daukatenak: ikus-entzunezkoak, antzerkia, dantza, musika, ikusizko arteak edo literatura.

2. artikulua.– Hautaketa eta diru-zuzkidura.

1.– Agindu honen kargura ematen diren diru-laguntzak lehiaketa-prozeduraren bidez emango dira; hartara, diru-laguntzak jasotzeko ezartzen den gehienezko muga errespetatuta, eta hautaturiko proiektuen dimentsioa aintzat hartuta, jardueren kalitatea eta bideragarritasuna ziurtatzeko moduko onuradun-kopurua baino ez da hautatuko, ezarritako irizpideen arabera betiere.

2.– Agindu honen babesean ematen diren diru-laguntzak finantzatzera bideratutako kredituaren zenbatekoa, guztira, hirurehun eta berrogeita hamar mila (350.000) eurokoa izango da; halere, zenbateko hori handitu ahal izango da, lehenengo xedapen gehigarrian ezartzen denari jarraikiz.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Agindu honetako diru-laguntzak eskatu ahal izango dituzte, aginduan bertan adierazten diren kultura-arloetan jarduerak edo programak egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoek, publiko nahiz pribatuek.

2.– Eskatzaileek bere zergekiko betebeharrak (Ogasuna) eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean izan beharko dituzte.

3.– Onuradunei diru-laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako ezaugarri bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasitako eta oraindik bideratzen ari den edozein itzultze- edo zehapen-prozedurak amaituta egon behar du.

4.– Diru-laguntza deialdi honetara ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zehapenak ezarritako epean, diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzeko aukera galdu duten entitateak, zigor administratibo edo penalen bat jasotzeagatik, edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekua izateagatik, sexu-bereizkeria dela-eta egoera horretan daudenak barne, betiere Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean araututakoarekin bat etorriz.

4. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

Agindu honetako diru-laguntzak eskuratzeko eskabideak I. eranskinean azaltzen den inprimaki ereduaren arabera formalizatuko dira, eta hartan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira nahitaez. Eskabideok Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari zuzenduko zaizkio, zuzenean edo Herri Administrazioaren Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako beste edozein bide erabilita. Halaber, aplikagarria izango da Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomoen erregistroen sorrera, antolaketa eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretua (2008ko maiatzaren 30eko EHAA, 102. zk.); dekretu horrek aukera ematen die herritarrei eskabideak, idazkiak edo jakinarazpenak edozein herri-administraziotako edozein organotan aurkezteko, dekretu horren eranskinetan zehazten diren erregistroak erabiliz -batez ere, Zuzenean Herritarrentzako Arreta Zerbitzua-, eta dekretuan bertan ezarritako moduan betiere. Deialdi honetan ez dago aurreikusita eskabideak bide telematikoz aurkeztea.

5. artikulua.– Eskabideak aurkezteko eta zuzentzeko epea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Aurkeztutako eskabideak eta gainontzeko agiriak aztertu ondoren, formazko akatsen bat dagoela atzemanez gero, edo balioesteko aurkeztutako agirietan akatsen bat dagoela ikusiz gero, hamar egun balioduneko epea emango zaio pertsona fisiko edo juridiko interesatuari, akatsak zuzendu ditzan; horrekin batera, ohartarazi egingo zaio, hala egin ezean, eskabidean atzera egin duela joko dela, eta horren berri ebazpen bidez jakinaraziko zaio. Orobat, dokumentazioa aztertu ondoren, agiriren bat falta dela ikusten bada, aipatutako epean akatsa zuzentzeko eta beharrezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio, eta ohartaraziko, hala egin ezean, izapide horretarako eskubidea galdu duela joko dela.

3.– Agindu honetan araututako prozeduraren gehienezko iraupena sei hilabete izango da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

6. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatuko dituen organoa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio agindu honetan arautu eta deitutako diru-laguntzak kudeatzea.

7. artikulua.– Diru-laguntzen muga eta bateragarritasuna.

1.– Agindu honetara biltzen diren programek edo jarduerek jasoko duten diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa ez da izango aurkeztutako aurrekontuaren % 50etik gorakoa.

2.– Agindu honen babesean emandako diru-laguntzak bateragarriak izango dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek xede bera betetzeko ematen dituztenekin, baina ezin da inolaz ere gain-finantziaziorik gertatu; kasu horretan, bidezkoa izango da diru-laguntza murriztea, diruz lagundutako jardueraren guztizko kostuaren mugaraino.

8. artikulua.– Balioesteko, hautatzeko eta kuantifikatzeko irizpideak.

1.– Aurkeztutako proiektuak balioesteko eta, ondorioz, hautatu behar diren ala ez erabakitzeko, nahiz diru-laguntzen zenbatekoak zehazteko, irizpide hauek erabiliko dira:

a) Jardueraren interes kulturala eta kalitate artistikoa (puntuazio osoaren % 45, gehienez). Proiektu bakoitzean, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan, batez ere:

a.1.– Kultura intereseko elementuak:

– Jardueraren garrantzi kulturala.

– Jarduera zenbat ediziotan garatu den, eta gizartean zenbateraino dagoen erroturik.

– Jardueraren eremu-hartzailean antzekorik ez egotea.

– Gaiaren aldetik, berritzaile izatea.

– Proiektua garatzeko moldea hartzaile berriak erakartzeko modukoa izatea, batez ere haur eta gazteen artean.

– Emakumeek proiektuan ekarpen eta partaidetza profesionala izatea eta, oro har, generoaren ikuspegia integratuta egotea.

a.2.– Kalitate artistikoko elementuak:

– Proiektuan parte hartzen duten talde artistiko eta teknikoak.

– Gauzatu edo proiektatuko diren lanak edo eduki kulturalak.

– Lan eta eduki horiek egokitzeko modua eta proiektuaren garapena.

– Proiektua taularatzeko proposamena.

b) Aurkeztutako aurrekontu orokorraren arabera, emankizuna zein neurritan autofinantzatzen den, edo zein neurritan duen finantzazio pribatua (puntuazio osoaren % 30, gehienez). Alde horretatik, positiboki balioetsiko dira:

– Jarduera osorik garatzeko finantzazio-alternatibak aurkeztea; izan ere, baliteke eskatutako diru-laguntza osoa ez estaltzea Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren finantzatze proposamenak.

– Eskaera egiten den edizioaren aurrekoan, beste erakunde publiko batzuek egindako ekarpena.

c) Euskara erabiltzea (puntuazio osoaren % 15, gehienez).

d) Jarduera zein lurralde-esparrutara zuzendurik dagoen, eta ekintzak nolako zabalkunde eta oihartzuna izango duen kanpoan (puntuazio osoaren % 10, gehienez). Jarduerak lurraldeen arteko oreka lortzeko egiten duen ekarpena ere balioetsiko da.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritako irizpideak aplikaturik, puntuazio osoaren % 50 lortzen duten proiektuak bakarrik hautatuko dira.

3.– Hautatutako proiektuen artean bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, banaketa-sistema proportzionala ezarriko da, era honetan: deialdiaren kreditu osoaren zenbatekoa, 1. puntuan agertzen diren irizpideei jarraituz balioespen-fasean lortutako puntuazioaren arabera banatuko da, modu proportzionalean eta eskatutako eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak onartutako kopuruari aplikatuta, betiere 7. artikuluan ezartzen diren gehienezko mugak errespetatuz.

9. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.

1.– Balioespen Batzorde bati egokituko zaio aurkezten diren eskabideak ebaluatzea, dagokion ebazpen-proposamena hartzea –loteslea izango ez den arren– eta Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igortzea.

2.– Balioespen Batzordeko kideak honako hauek izango dira:

– Batzordeburua: Kultura Sustatzeko zuzendaria, edo hark izendatutako ordezkoa.

– Batzordekideak: Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko hiru teknikari, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendaturik.

– Idazkaria: Kultura Sustatzeko Zuzendaritzako teknikari bat, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatua, hitzarekin baina botorik gabe arituko dena.

Balioespen Batzorde horren osaera EHAAn argitaratuko da, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen bidez. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan abstentzioari eta ezespenari buruz ezarritakoa bete beharko da.

3.– Eskabideak behar bezala ebaluatu ahal izateko, Balioespen Batzordeak, beharrezko jotzen duen bakoitzean, egoki iritzitako argibideak azaltzeko eskatu ahal izango die eskabidegileei, eta, era berean, jardueren arduradunekin elkarrizketak egin ahal izango ditu.

4.– Ebazpen-proposamena diru-laguntza ematearen aldekoa denean, honako datu hauek bildu beharko ditu, gutxienez:

a) Erakunde, enpresa, elkarte edo pertsona onuraduna.

b) Diruz lagunduko den jarduera.

c) Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa.

d) Agindu honetan ezarritako beste edozein betebehar, diru-laguntza jasoko duen proiektua gauzatuko dela bermatze aldera betiere.

10. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balioespen Batzordeak egindako ebazpen-proposamena ikusirik, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak ebatziko ditu aurkeztutako eskaerak.

2.– Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak emandako ebazpena ebazpen-proposamenarekin bat ez badator, arrazoitu egin beharko du.

3.– Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena eskatzaileei jakinaraziko zaie banan-banan, eta, gainera, onuradunen zerrenda osoa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen bidez; zerrenda horrekin batera, agindu honen babesean diruz lagundutako jarduerak eta emandako diru laguntzen zenbatekoak ere argitara emango dira.

4.– Ebazpenean, diru-laguntza ematea onartu den kasuetan, agindu honetako 9.4 artikuluko zehaztapenak adieraziko dira, bai eta honako hauek ere: ordaintzeko era eta epeak, justifikatzeko era, eta agindu arautzaile honetan nahiz orokorrean aplikatzekoa den araudian eskatzen diren baldintzak eta betekizunak.

5.– Ebazpena, gehienez, bost hilabeteko epean jakinaraziko zaie interesatuei, eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hasita. Epe horretan ebazpenik jakinarazi ez bada, eskabideak ezetsi direla ulertu ahal izango da, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

Aurreko lerrokadan xedatutakoa gorabehera, agindu honetako 5. artikuluan hutsen zuzenketei buruz ezarritakoa aplikatzekoa denean, ebazpena emateko epea etenda geratuko da izapide hori bukatu arte, betiere jakinarazpena noiz jaso den eta zuzentzeko epea zein den aintzat hartuta.

11. artikulua.– Betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

1.– Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru-laguntza jaso dutela nabarmen agertu behar dute, diruz lagundutako jarduera dela-eta argitara ematen diren katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta gainerako material grafiko eta entzunezkoetan. Material hori euskaraz zabaldu beharko dute, hargatik eragotzi gabe beste hizkuntza batzuetan ere zabaltzea.

2.– Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Onuradunek diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko ebazpena jasotzearekin batera, diru-laguntza onartu egin dutela ulertuko da, salbu eta onuradun horiek jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean espresuki eta idatziz uko egiten badiote.

3.– Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako, salbu eta 6. artikuluan aldaketen onarpenari buruz ezarritakoa aplikatzekoa bada.

4.– Ikuskatze-lana egiteko beharrezko duen dokumentazioa eman beharko diote Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, diruz lagundutako proiektuak behar bezala gauzatuko direla bermatze aldera.

5.– Agindu honen babesean jasotako diru-laguntzei dagokienez, Ogasun eta Finantza Sailaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren jardunean eskatzen dieten argibide oro eman beharko dute onuradunek.

6.– Aurkeztutako proiektuaren gainean aldaketarik eginez gero, idatziz jakinarazi beharko diote Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari, gehienez hilabeteko epean, esleipenari buruzko ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera. Zuzendaritzak, bestalde, 15 egun balioduneko epea izango du erantzuteko, aldaketaren jakinarazpena jasotzen duen egunetik hasita. Epe hori igarota erantzun ez badu, aldaketa onartu dela ulertuko da.

12. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

1.– Agindu honetan araututakoaren kargura ematen diren diru-laguntzak bi zatitan ordainduko dira, honako prozedura honen arabera:

– Lehenengo ordainketa justifikazioa egin aurretik gauzatuko da, eta diru-laguntzaren zenbatekoaren % 75 izango da: diru-laguntza onartu eta hilabeteko epean egingo da, jardueren bideragarritasuna bermatzeko, betiere agindu honetako 11.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.

– Bigarren ordainketa, hau da, azkena, gainontzeko % 25ekoa, jardueraren gastua eta beste alderdi batzuk justifikatu ondoren egingo da, hala badagokio, betiere agindu honetako 13.1 artikuluan zehaztutako moduan.

2.– Aurreko paragrafoan xedatzen dena alde batera utzi gabe, esleipen-ebazpenaren jakinarazpena jasotzen denean jarduera dagoeneko bukatuta badago, diru-laguntza osoa ordainketa bakar batean ordaindu ahal izango da, betiere agindu honetako 13.1 artikuluan ezarritako moduan justifikatu ondoren. Hala ere, horretarako, jarduera exekutatu dela eta aurkeztutako eta onartutako aurrekontuaren arabera gauzatu dela egiaztatzen duten agiriak aurkeztu beharko dira eskabidean, nahitaezko gainerako agiriekin batera.

13. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea eta likidatzea.

1.– Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen onuradunek, diruz lagundutako jarduerak amaitu ondoko bi hilabeteko epean eta, edonola ere, 2013ko abenduaren 31 baino lehen, honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Jarduera egin ondorengo memoria; bertan, gutxienez, agindu honetako 8.1 artikuluan ezarritako balioespen-irizpideak bete direla aipatu beharko da.

b) Diruz lagundutako jarduera garatzean izandako gastu eta diru-sarrera guztien zerrenda eta balantzea. Gainera, aurkeztutako eta onartutako aurrekontuarekin bat etorriz, gastu eta diru-sarrera horien guztien faktura edo ordainagiriak aurkeztuko dira -jatorrizkoak edo Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren lurralde-ordezkaritzetan konpultsatutako fotokopiak-. Diru-laguntzaren zenbatekoa ez bada jardueraren gastu-aurrekontu osoaren % 30etik gorakoa, justifikatu beharreko gastuak ere ez dira izango diru-laguntzaren zenbateko horretatik gorakoak. Halako kasuetan, jardueraren gastu zein diru-sarreren balantzeari buruzko erantzukizunpeko adierazpena ere aurkeztu beharko da; onuradunak, gainera, konpromisoa hartuko du jardueraren guztizko gastuaren justifikazioa Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren eskura jartzeko, erakunde horrek hala eskatzen badio. Hartara, egoki iritzitako frogagiriak egiaztatu ahal izango dira laginketa tekniken bidez, eta diru-laguntza egoki aplikatu den jakiteko froga nahikoak lortuko dira. Horretarako, hasiera batean aurkeztu gabeko frogagiriak aurkezteko eskatu ahal izango zaio onuradunari.

c) Eskabidea aurkeztu zuten unean onuradunek eskatutako eta geroago jasotako xede bereko beste edozein laguntzen zerrenda.

d) Jardueraren karietara argitaratutako katalogo, programa, iragarki-kartel, argazki eta bestelako material grafikoen edo entzunezkoen hizkuntza bakoitzaren ale bana; halakoetan, bestalde, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesaren aipamena espresuki adierazita agertu behar da.

2.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatu badira, edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutatik ere beste laguntza edo diru-laguntzaren bat jaso bada, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak, hala badagokio, likidazio-ebazpena emango du -betiere, aurreko paragrafoetan adierazitakoaren arabera aurkeztu diren agiriak ikusirik, aurkeztu diren proiektuetako aldaketez eta horien jakinarazpenaz 11.6 artikuluan ezartzen dena kontuan harturik, eta diru-laguntzaren helburua bete dela jotzen bada-, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak diru-laguntzak itzultzeko ezartzen duen prozedurarekin bat etorriz (698/1991 Dekretua, Euskadiko Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren arabera ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu, eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena).

14. artikulua.– Ez-betetzeei buruzko araubidea.

1.– Baldintzak ez direla bete ulertuko da honako kasu hauetan:

a) Jasotako diru-laguntza, osorik edo partez, agindu honetan aurreikusita ez dauden jardueretarako erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, esleipen-ebazpenean ezarritakoak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazio-ebazpenean adierazten den zenbatekoa ez itzultzea, hala badagokio, horretarako ezarritako epean.

d) Diru-laguntza jasotzeko aurkeztutako jarduera aldatzea, osorik edo partez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak horretarako onespenik eman gabe, agindu honetako 11.6 artikuluan adierazten den eran.

e) Bestelako xedapenetan ezarritako baldintza orokorren bat ez betetzea.

2.– Euskadiko Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura laguntza publikoak eskuratzen dituztenentzat ezarrita dagoen arau-hausteen erregimenaren menpe egongo dira diru laguntza hauen onuradunak, kasu guztietan.

3.– Artikulu honetan adierazitako egoeraren bat gertatu dela egiaztatzen baldin bada, Euskadiko Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-zenbatekoak eta dagozkien lege-interesak, betiere Euskadiko Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan xedatutako moduan, eta horietan ezarritakoa beteta.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezartzen den zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako diru-ezarpenak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko ebazpena hartu aurretik egin beharko da, EHAAn argitaratuko den Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen bidez.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak Europako Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 (CE) Araudiaren menpe egongo dira (2006ko abenduaren 28ko EBAO, L 379. zk.); araudi hori Europar Batasuneko Itunaren 107.(87) eta 108.(88) artikuluak de minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Laguntza hauek de minimis moduan izendatzen dira; izan ere, pertsona fisiko edo juridiko jakin bati emandako guztizko laguntza ez da izango 200.000 eurotik gorakoa, aurreko bi ekitaldi eta aurtengo ekitaldia bitartean, edozein kontzepturengatik. Diru-muga horretatik behera, laguntzek merkataritzan eraginik ez dutela eta lehiakortasuna desitxuratzen ez dutela jotzen da, eta beraz ez dira sartzen Europar Batasunaren Ituneko 107.(87).1 artikuluaren aplikazio eremuan.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Izaera Pertsonaleko Datuak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legeak xedatutakoarekin bat, deialdi honen izapideak egiterakoan bildutako datu pertsonalak, deialdiko parte hartzaileek tratatzeko eta argitaratzeko baimena emana dutenak, fitxategi batean sartuko dira; fitxategi horren helburua izango da diru laguntzen deialdi hau eta deialdi honekin lotutako beste edozein administrazio-prozedura edo espediente kudeatzea eta parte hartzaileei deialdiaren garapenaren berri ematea. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Sustatzeko Zuzendaritza izango da fitxategi horren arduraduna. Datuetara heltzeko, datuak zuzentzeko, datuak ezerezteko edo datuen erabileraren aurka egiteko eskubideak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Araubide Juridikoaren eta Zerbitzuen Zuzendaritzan baliatu ahal izango dira. Hau da helbidea: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz. Halaber, deialdi honetan parte hartzen dutenek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskadiko Autonomia Erkidegoko beste administrazio publikoei uzteko baimena ematen dute -deialdi honen xede bererako bakarrik- eta Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna beste erakunde publiko batzuetan egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honen aurka, interesdunek berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Euskadiko Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, eskumen hori duen salan, bi hilabeteko epean, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu honek EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 25a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala