Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2013ko urriaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
4227

AGINDUA, 2013ko irailaren 18koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena, euskal kultura-ondarea zaindu eta babesteko 2013-2015 aldirako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 106. artikuluak dio Euskal Autonomia Erkidegoko eta Lurralde Historikoetako herri-administrazioek nahitaez bideratu behar dutela beren eskumeneko eta hirurehun mila eurotik gorako diren lan publikoen aurrekontuaren ehuneko bata, gutxienez, Legeak berak aurreikusten dituen helburuetarako.

Artikulu hori garatuz, Eusko Jaurlaritzak uztailaren 28ko 204/1998 Dekretua eman zuen, aurrekontu erreserba horren arau erregulatzaileak onartzen dituena. Bertan aurreikusten da, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari dagokionez, erreserba hori bihurtzea, zatika edo osorik, kulturaren eskumena duen sailak aurrekontu-erreserba horrek dituen helburuak benetan gauzatzeari begira bideratutako diru-atal bihurtzea.

Kulturako sailburuaren 1999ko otsailaren 19ko Aginduak, halaber, aurrekontu-funtsak euskal kultura-ondarea zaindu, aberastu, babestu, zabaldu eta sustatzeko inbertsio-lanetan nola aplikatu arautzeko irizpideak eman zituen.

Aipatutako aurrekontu-erreserbatik datozen kopuruak zuzen bideratzeko eta behar bezala erabiltzeko xedez, agindu honek deialdia egitea du helburu, bai eta eskabideak egiteko baldintzak eta modua arautzea ere, eta horiek ebazteko prozedura, jomuga horretarako izendatu den diru kopuruaren kargura, «ehuneko bat kulturala» deritzonaren kontura alegia.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
ARAU OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honen bidez, honako helburu hauetarako diru-laguntzak emateko deialdia egiten da: euskal kultura-ondarea zaindu eta babesteko jarduerak sustatzea, euskal kultura-ondareari eragiten dion hirigintza-planeamenduaren tresnak egokitzea eta beren emate-araubidea ezartzea. Diruz lagundu daitezkeen proiektuak 2013tik 2015era bitartean gauzatu beharko dira.

2. artikulua.– Onuradunak.

Deialdi honetako II. eta III. kapituluetan agertzen diren diruz lagungarriak diren jardueretan ari diren pertsona fisiko eta juridikoek jaso ahal izango dituzte laguntza hauek.

3. artikulua.– Diru-baliabideak.

1.– Bi milioi eta laurehun mila eurokoak (2.400.000) dira 1. artikuluan aurreikusitako helbururako baliabide ekonomikoak. Diru horretatik 800.000 euro 2013. urterako ordainketa-kredituarenak dira; 800.000 euro 2014. urterako konpromiso-kredituarenak dira; eta beste 800.000 euro 2015. urterako konpromiso-kredituarenak.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak finantzatzeko diru-zenbatekoak honela banatuko dira: a) bi milioi berrehun eta berrogeita hamar mila euro (2.250.000), euskal kultura-ondarea zaindu eta sustatzeko; b) ehun eta berrogeita hamar euro (150.000), euskal kultura-ondareari eragiten dion hirigintza-planeamendua egokitzeko.

Horrez gainera, artikulu honetan jaso diren guztirako zenbatekoak handitu egin ahal izango dira, eskatutako diru-laguntzen guztirako zenbatekoa kontutan harturik, aurreko lerroaldean aipatutako proportzioan, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzan beste laguntza-egitasmo batzuk bideratu ondoren aurrekontuak ahitu gabe geratu badira. Adierazitako aldaketa diru-laguntzak ebatzi baino lehen egin behar da. Gorabehera hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian jakinaraziko da, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen Ebazpena argitaratuz.

2.– Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako proiektuen kalitatea eskasa delako, bi modalitateetan ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, soberakinak bestean ezarritako kopurua handituko du, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago.

4. artikulua.– Proiektuak gauzatzeko epea.

1.– Diruz lagundutako proiektuek 2013ko urtealdian hasi behar dute edota dagoeneko hasiak egon, eta, gainera, honako amaiera-data eduki beranduenez:

2013an exekutatzeko proiektuak: 2013ko abenduaren 31 baino lehen.

2013-2014 aldian exekutatzeko proiektuak: 2014ko abenduaren 31 baino lehen.

2013-2015 aldian exekutatzeko proiektuak: 2015eko abenduaren 31 baino lehen.

2.– Diru-laguntza ematean proiektua gauzatzeko ezarritako epea luzatu ahal izango da, Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen ebazpen baten bidez. Horretarako, erakunde interesdunak epea luzatzeko eskatu beharko du, hasieran emandako epea amaitu baino lehen. Eskabidearekin batera, eskari horren arrazoiak justifikatzeko idatzi bat aurkeztuko du, baita nahi duen epearen proposamena ere. Nolanahi ere, epe hori ezin izango da hasieran ezarritako epeen erdia baino luzeagoa izan, eta beranduenez 2015eko abenduaren 31n bukatuko da.

5. artikulua.– Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak dira beste instituzio publiko edo pribaturen batek helburu bererako ematen dituen beste diru-laguntza edo laguntza batzuekin edo bestelako diru-iturri edo baliabide batzuekin, baldin eta diru-laguntzen aurrekontuarekiko gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Hori gertatzen bada, deialdi honen bitartez emandako laguntza doitu egingo da, hain zuzen soberakinari dagokion neurrian.

6. artikulua.– Eskaria egiten duten pertsonek edo erakundeek bete beharreko baldintzak.

1.– Jarduteko nahikoa gaitasun izatea, eta, pertsona juridikoen kasuan, legearen arabera eratuta egotea, eta, behar denean, dagokien erregistroan behar bezala inskribatuta egotea.

2.– Ezin izango dira aurkeztu, kasuan kasuko zigorrak ezarritako epean, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik jasotako pertsona edo erakunde eskatzaileak, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik dutenak ere, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legean ezarritakoa barne (4/2005 Legea, otsailaren 18koa).

3.– Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoren adierazten diren legez kanpokoak eta bateraezinak diren laguntza fiskalak jaso dituzten erakundeak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 y CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 y CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 y CR 60/00), baldin eta laguntza horiek itzuli edo ordaindu ez badituzte.

4.– Erakunde onuradunei diru-laguntzak ematea, eta, hala dagokionean, horiek ordaintzea, baldintzatuta egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta haren erakunde autonomoek ematen dituzten xede bererako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasirik egon eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude. Laguntza itzultzeko prozedura bat edo zehapen-prozedura bat izapidean bada ere, prozeduran parte har liteke. Baina laguntza onartu eta, hala badagokio, emateko, aurretiaz egiaztatu beharko da prozedura hori bukaturik dagoela.

Laguntzak eman eta ordaintzeko, zerga-betebeharrak beteta daudela egiaztatu beharko da, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren pentzutan diru-laguntzak eskuratu dituztenek zerga mailako obligazioak bete dituztela egiaztatzeari buruzko Ogasun eta Finantzetako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoarekin bat etorriz (1991ko urriaren 15eko EHAA, 208. zenbakia). Agindu horren eranskina 2006ko ekainaren 19ko Aginduaren bidez eguneratu zen. Laguntzak eman eta ordaintzeko, orobat, diru-laguntzen onuradunek Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta izan behar dituzte.

5.– Beste edozein administraziok edo erakundek –publikoa zein pribatua izan– helburu berarako ematen dituen diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak eskatuz gero –eta, hala badagokio, eskuratuz gero–, horren berri eman behar du erakunde eskatzaileak.

7. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.– Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahalko dira, honako leku hauetan: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren lurralde-ordezkaritzak (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo; eta Andia kalea 13, 20004 Donostia); edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuak. Eskabide normalizatua aurkeztu beharko da, behar den moduan eta osorik bete ondoren. Eskabide-eredua euskadi.net egoitza elektronikoan egongo da erabilgarri.

Orobat, eskabideak bide elektronikoen bidez aurkeztu ahalko dira euskadi.net egoitza elektronikoan:

Gaztelera: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/defensa-planeamiento-patrimonio/es/

Euskara: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/defensa-planeamiento-patrimonio/eu/

3.– Pertsona eta erakunde interesdunek bide elektronikoak eta presentzialak erabili ahal izango dituzte prozedura honetako izapideak eskatzeko, kontsultatzeko eta bideratzeko.

4.– Eskabidea izapidetzeko eta agiriak aurkezteko bide bat edo bestea erabiltzeak, hau da, aurrez aurrekoa edo elektronikoa erabiltzeak, ez du behartzen aurrerantzean ere prozedurako gainerako izapideak egiteko bide bera erabiltzera, eta edozein momentutan alda daiteke aukeratutako bidea.

Eskabidearen osteko izapideak bide elektronikoz egin ahal izango dira, http://www.euskadi.net/nirekudeaketak egoitza elektronikora jota.

5.– Eskaerak, erantzukizunpeko adierazpenak eta gainerako ereduak –bai bide presentziala erabiliz bai bide elektronikoa erabiliz– nola tramitatu behar diren azaltzen dituzten argibideak honako egoitza elektroniko honetan daude ikusgai:

Gaztelera: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/defensa-planeamiento-patrimonio/es/

Euskara: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/defensa-planeamiento-patrimonio/eu/

6.– Eskaria egiten duten pertsonek edo erakundeek eskabidea eta dokumentazioa euskaraz edo gaztelaniaz aurki ditzakete, nahi duten eran. Halaber, pertsona/erakunde eskatzaileak aukeratzen duen hizkuntza hori erabiliko da prozedura osoan, Euskararen Erabilera Normalizatzeko azaroaren 24ko 10/1982 Oinarrizko Legeko 5.2.a) eta 6.1 artikuluek xedatzen duten moduan.

8. artikulua.– Pertsona edo erakunde eskatzaileen betebeharrak egiaztatzea.

1.– Deialdi honen organo kudeatzaileak egiaztatuko du, automatikoki eta behar hainbat aldiz, diru-laguntza eskatu duten pertsonek/erakundeek Gizarte Segurantzarekiko baldintzak betetzen dituztela, eta horretarako ez du eskatzaile horien oniritzia beharko, halaxe xedatzen du-eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1997ko azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak. Interesdunek Nafarroako Ogasunean ordaintzen badituzte zergak, zerga-betebeharrak egunean dituztela egiaztatzen duen egiaztagiria aurkeztu beharko dute.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.6 artikuluari jarraituz, eskabidearekin batera egindako ardurapeko adierazpen baten bitartez, honako betebehar hauek egiaztatuko dira:

– Xede bera duten eta bestelako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuei eskatutako –eta, hala badagokio, haietatik jasotako– diru-laguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea. Helburu bererako diru-laguntzarik, laguntzarik edo bestelako diru-sarrerarik eskatu edo jaso ezean, hori adierazten duen zinpeko adierazpen bat aurkeztu beharko da.

– Ezingo dute laguntza edo diru-laguntza publikorik jaso zigor administratibo edo penala duten pertsonek edo erakundeek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik dutenak ere. Halaber, ezingo dute laguntzarik jaso sexu-bereizkeria dela-eta zigor administratibo edo penala dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenaren indarrez.

– Laguntza-deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoren adierazten diren legez kanpokoak eta bateraezinak diren Estatuko laguntza-araubide hauetakoren bat jaso dutenak: Araba I, Araba II eta Araba III (CR 48/99, CR 49/99 y CR 58/99); Gipuzkoa I, Gipuzkoa II eta Gipuzkoa III (CR 50/99, CR 53/99 y CR 59/00) eta Bizkaia I, Bizkaia II, Bizkaia III (CR 52/99, CR 54/99 y CR 60/00); eta halakoren bat jaso badute, diru-laguntza eta dagozkion interesak itzuli ez badituzte edo blokeatu gabeko diru-kontu batean sartu ez badituzte.

– Pertsona edo erakunde eskatzaileak eskabidean eta dokumentazioan jasotako datuak egiazkoak direla adieraztea, eta laguntza hauen onuradun izateko indarrean den araudian ezarritako betekizunak betetzen dituela adieraztea.

3.– Eskabideetan aukera egongo da laguntza eskatzen duen pertsonak edo erakundeak berariaz onar dezan gainerako datuak edo agiriak organo kudeatzaileak lortu edo egiaztatzea, nahiz aurrez aurreko bidea nahiz bide elektronikoa erabiltzen duenean, betiere Administrazio Publikoak dituen egiaztatze-, kontrolatze- eta ikuskatze-ahalmenen kalterik gabe.

9. artikulua.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, proiektuari buruzkoa.

1.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa:

a) Jarduera edo proiektuaren gaineko txosten zehatza, lagundutako jarduera hori gauzatzeko gehienezko epeak berariaz jasoko dituena. Epe horiek beranduenez ere 2015eko abenduaren 31n bukatuko dira.

b) Hala badagokio, proiektuaz arduratzen del taldearen curriculum vitaea.

c) Proiektuaren sarreren eta gastuen aurrekontu banakatua, «Diru-sarreren eta gastuen aurrekontua» ereduari jarraikiz. Eredu hori egoitza elektroniko honetan dago eskuragarri:

Gaztelera: https://euskadi.net/ayuda_subvencion/-/2013/defensa-planeamiento-patrimonio/es/

Euskara: https://euskadi.net/diru_laguntza/-/2013/defensa-planeamiento-patrimonio/eu/

2.– Eskabideen izaera eta edukia kontuan hartuta, honako hauek ere erantsiko dira:

– Azken bost urteotan etendako higiezinaren erabilera bereizgarriari berriz ekitea helburu duten proiektuen kasuan, gorabehera horren berri ematen duen zinpeko adierazpena, bai eta eraikinaren azken bost urteotako ur eta argiaren ordainagiriak ere.

– Higiezinetan egiten diren lanetan eta monumentu-multzo baten lotekako banaketa errespetatzen duten jardueren kasuan, diruz lagunduko diren jardueren proiektu teknikoak, lizentziak eta baimenak (edo horien eskabideak, nahiz eta gero, behin emanez gero, aurkezteko obligazioa izan, diru-laguntzaren justifikazio moduan).

– Industria- eta landa-ondarearen berrerabilpena eta balioestea justifikatuko duen proiektu teknikoa edo txosten zehatza.

– Ondare arkeologikoaren lurrak edo haren ingurunekoak eskuratzeko aukera egiaztatzen duten kontratu, aurrekontratu edo dokumentuak.

– Eta, oro har, eskatutako diru-laguntza bermatzeko edo argitzeko edo baloratzeko baliagarri iritzitako beste edozein dokumentu.

10. artikulua.– Laguntzak kudeatzeko organoa.

Kultura Ondarearen Zuzendaritzak kudeatuko ditu deialdi honetan aurreikusten diren diru-laguntzak.

11. artikulua.– Dokumentazioa aztertzea eta akatsak zuzentzea.

1.– Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak eskaera epe barruan eta eskatutako moduan egin dela egiaztatuko du, baita eskatzen den dokumentazio guztia aurkeztu dela ere.

2.– Ikusten bada eskabidea onartzeko eskatzen den dokumentazioan zerbait falta dela edo forma-akatsak daudela edo balorazioa egiteko aurkeztu diren dokumentuetan akatsak daudela, hamar egun balioduneko epea emango zaio interesdunari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, ohartarazi egingo zaio ezen, epe hori igaro eta zuzenketarik egin ez bada, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela, aurrez jakinaraziko zaion ebazpen baten bidez, edo dagokion izapidea egiteko eskubidea galduko duela.

12. artikulua.– Balorazio batzordea.

1.– Diru-laguntzaren helburu diren jarduerak baloratzeko, Balorazio Batzorde bat eratuko da (Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legean xedatutakoa errespetatuz), aurkezteko epea amaituta eta eskaerak onartu diren ala ez erabaki ondoren. Batzorde horrek, ezarritako irizpideak kontuan hartuta, dagokion ebazpen-proposamena igorriko dio Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari, eta honela osatuta egongo da:

– Kultura Ondarearen zuzendaria edo horrek eskuordetutako pertsona. Batzordeburua izango da eta kalitate-botoa izango du, boto-berdinketa gertatuz gero azken erabakia emateko.

– Euskal Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzuburua.

– Kultura Ondarearen Zuzendaritzako bi teknikari, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak izendatuak. Horietako bat batzordeko idazkaria izango da.

2.– Balorazio Batzordeak egoki deritzonean, egitasmoari dagokion gaian adituak diren aholkularien laguntza jaso ahal izango du.

3.– Balorazio Batzordea balio osoz eratzeko, batzordeburua eta idazkaria izan beharko dira bertan.

4.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan xedatutako kasuetan, Balorazio Batzordeko kideek abstenitu beharko dute, eta errefusatu ahal izango dira.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamen arrazoitu bat egingo du, eta proposamen hori, espediente osoarekin batera, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeari igorriko zaio berak bidezko ebazpena eman dezan.

2.– Ebazpenak honako hauek jasoko ditu, gutxienez:

a) Diruz lagundutako proiektuak eta esleitutako diru-zenbatekoak, bai eta ordainketa-faseak ere.

b) Eskatutako laguntza ukatu zaien proiektuen zerrenda, horretarako arrazoia azalduta.

c) Diruz lagundutako jarduerak gauzatzeko epea, agindu arautzailearen 4. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

d) Behin proiektua gauzatzen amaituz gero, emandako diru-laguntzak justifikatzeko era eta epea, agindu honen 17.2 artikuluak dioenari jarraituz.

e) Dirulaguntza-eskabidea birgaitzeko hirigintza-sozietateen bidez egin bada, aipatu beharko da komeni den ala ez laguntza-hitzarmenik sinatzea sozietate horien eta Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren artean. Hitzarmen horren edukiak agindu honetan ezarritakoarekin bat etorri beharko du.

f) Diruz lagundutako jarduera gauzatzeko berme gisa bidezko iritzitako beste edozein obligazio.

3.– Ebazpena bost hilabeteko epean jakinaraziko da, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta hurrengo egunetik hasita.

Nolanahi ere, akatsak zuzentzeko epea irekiko balitz, aipatu den epea etenda geratuko litzateke pertsona edo entitate interesdunari akatsa jakinarazten zaionetik akatsa zuzentzen duen arte edo akatsa zuzentzeko eman zaion epea amaitu arte.

4.– Esandako epeetan ez bada ebazpenik jakinarazten, eskabideei uko egin zaiela ulertu ahal izango da, isiltasun administratiboaren bidez, administrazio-prozedurari buruzko arauen arabera.

5.– Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian emango da argitara (jende guztiak honen berri izan dezan), eta diru-laguntzak eskatu dituzten pertsona edo entitate eskatzaileei ere emango zaie ebazpenaren berri.

6.– Jakinarazten den ebazpenaren aurka, edo ebazteko epea bukaturik berariazko ebazpenik eman ez bada, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114 artikuluan.

14. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek ondoren azaltzen diren betebeharrak bete beharko dituzte:

1.– Emandako diru-laguntza onartzea. Alde horretatik, diru-laguntza eman zaiela aditzera ematen duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek ez badiote diru-laguntzari idatziz espresuki uko egiten, onartu egin dutela ulertuko da.

2.– Laguntza zertarako eman den, horretarako erabili beharko dute, ez beste ezertarako.

3.– Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu badira, horren berri eman beharko da.

4.– Diru-laguntza emateko kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektiboren aldaketak jakinaraztea.

5.– Bai Kultura Ondarearen Zuzendaritzari, bai Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Finantza Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari euren lanerako behar duten informazio guztia ematea, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzei dagokienez, eta diruz lagundutako ekintzetan haien kontrol, egiaztapen, jarraipen eta ikuskaritzaren menpe egotea.

6.– Jarduerari buruzko kartel eta testuetan, ahal bada, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren babesa aipatzea. Material horiek euskaraz ere egon beharko dute, alde batera utzita beste hizkuntza batzuk erabiltzea ere zilegi dela.

15. artikulua.– Diru-laguntza jaso duten jardueren kontrola eta jarraipena.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Kultura Ondarearen Zuzendaritzak, agindu hau kudeatzeko organo eskuduna den aldetik, diruz lagundutako jardueren kontrola eta jarraipena zainduko du.

Horretarako, eta legez beste entitate eta erakunde publiko batzuei dagozkien eskumenak urratu gabe, Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzari dagokio diruz lagundutako jarduerak zuzen gauzatzen direla bermatzeko egoki iritzitako ikuskatze eta egiaztapenak egitea.

16. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

1.– Agindu honen babesean eman beharreko diru-laguntzak atalka ordainduko dira, era honetan:

a) Lehenengo zatian, emandako diru-laguntzaren heren bat ordainduko da, behin 14.1 artikuluan aipatutako epea igaro ondoren, betiere berariaz uko egiten ez bazaio.

b) Gainerako kopurua ordainduko da laguntza emateko ebazpenean adierazitako moduan, aurrez gastua justifikatu ondoren. Zatika ere ordaindu ahal izango da, finantzatutako jardueraren gauzatze-mailaren arabera; hiru ordainketa arte egin ahal izango dira, bat urtealdi bakoitzean, a) atalean aurreikusitako ordainketaz gain.

Kasu horretan, ordainketa bakoitzari dagokion laguntza 17. artikuluan adierazi moduan justifikatu beharko da.

2.– Erregistratuta egon ezean, edo Ogasun eta Finantza Sailaren Hirugarrenen Erregistroan dauden banku-datuak aldatu nahi izanez gero:

– bide presentzialaren bidez: https://www.euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/autorizacion/alta_terceros/es_7999/alta_terceros.html bidez ezarritako ereduaren araberako formularioa.

– bide elektronikoa erabiliz: https://www.euskadi.net/y22-izapide2/es/contenidos/informacion/regtelter_infor/es_rtt/infor_rtt.html

17. artikulua.– Diru-laguntza justifikatzea.

1.– Justifikatzeko agiriak modu presentzialean aurkeztu ahalko dira, honako leku hauetan: Kultura Ondarearen Zuzendaritza, Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz; Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren lurralde-ordezkaritzak (Kale Nagusia 85, 48011 Bilbo; eta Andia kalea 13, 20004 Donostia); edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako lekuak.

Justifikatzeko agiriak bide elektronikoaren bidez ere aurkeztu ahalko dira, http://www.euskadi.net/misgestiones gunean.

2.– Emandako diru-laguntza justifikatzeko, laguntza arrazoitzen duen jarduera jada burutu duela eta egindako gastuak egiaztatzen dituen dokumentazioa aurkeztu beharko du entitate edo pertsona onuradunak. Alegia, gutxienez, honako hauek:

a) Egindako jarduera justifikatzen duten agiriak:

a.1.– Agindu honen II. Kapituluaren arabera, diruz lagundu ahal diren jardueretarako: gauzatutako jardueraren txostena, ahalik eta zehatzena; egindako obra edo jarduera zehazten duen ziurtagiri teknikoa; edo, hala badagokio, ondasuna eskuratu dela egiaztatzen duten eskritura publikoak edo kontratu frogagarriak.

a.2.– Agindu honen II. Kapituluaren arabera, diruz lagundu ahal diren jardueretarako: diruz lagundutako proiektu edo jardueraren kopia; hala badagokio, jatorrizko material grafikoa, bai taldeak prestatutakoa, bai informazioa biltzeko fasearen emaitza, eta material hori Euskal Kultura Ondarearen Zentroko artxiboetan gordeko da, ikerkuntzako dokumentazio gisa.

b) Gastuen frogagiriak, jarraian adierazitakoari jarraituz:

b.1.– Arau orokor gisa, diruz lagundutako jarduera burutzeko sortu diren gastuen fakturak, horien zenbatekoak aurkeztutako gastu-aurrekontuaren adinakoa izan beharko duelarik.

b.2.– Salbuespen gisa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuaren kargurako finantziazioak ez duenean aurkeztutako gastuen aurrekontuaren % 30 gainditzen, diru-laguntza jaso dezakeen jarduera burutzeko sortutako gastuen fakturek edo bestelako dokumentuek gastuen aurrekontu osoaren % 50eko zenbatekoa baino ez dute justifikatu beharko.

Nolanahi ere, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Kultura Ondarearen Zentroak hala eskatzen duenean, eta hiru hilabeteko epearen barruan, artikulu honetako 3. puntuan ezarritako aurkezpen-epetik hasita, onuradunek aurkeztutako gastuen aurrekontuaren zenbateko osoa justifikatzen duten gainerako fakturak edo dokumentuak haren esku jartzeko konpromisoa hartuko dute.

c) Zinpeko adierazpen bidez, diru-laguntza jaso duen jardueraren gastu eta sarreren behin betiko balantze ahalik eta zehatzena espresuki adieraziz erakunde publiko nahi pribatuetatik jasotako laguntzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako laguntza barne. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak emandako laguntzaz gain ez bada bestelako laguntzarik jaso, hori adierazten duen ziurtagiri bat atxikiko da.

d) Onuraduna beste herri-administrazio bat denean, organo eskudunak ziurtagiri bat aurkeztu behar du emandako diru-laguntzaren helburua bete dela adierazteko eta horretan erabilitako zenbatekoak zehazteko.

e) Diruz lagundutako jarduerak lizentzia edo baimenik behar badu, eta eskabidea egin den unean agiri horiek eskatu izana baino ez bada egiaztatu, jasotako behin betiko lizentzia edo baimen horiek aurkeztu beharko dira, aurreko momenturen batean aurkeztu ez badira behintzat.

3.– Diruz lagunduko diren proiektuak justifikatzeko epeak honako hauek dira, gehienez ere:

– 2013an exekutatzeko proiektuak: 2014ko otsailaren 28a baino lehen.

– 2013-2014 aldian exekutatzeko proiektuak: 2013an exekutatutako jarduerak 2014ko otsailaren 28a baino lehenago, eta 2014an exekutatutako jarduerak, ordea, 2015eko otsailaren 28a baino lehenago.

– 2013-2015 aldian exekutatzeko proiektuak: 2013an exekutatutako jarduerak 2014ko otsailaren 28a baino lehenago; 2014an exekutatutako jarduerak 2015eko otsailaren 28a baino lehenago; eta 2015ean exekutatutako jarduerak, ordea, 2016ko otsailaren 28a baino lehenago.

18.artikulua.– Diru-laguntzaren likidazioa.

1.– Helburua eta irizpideak.

Diru-laguntza benetan egindakoari egokitzearren, eta behin betiko likidazioa egitearren, hasierako aurrekontua baino handiagoak diren gastuak justifikatzeagatik diru-laguntzaren kopurua ez da inola ere handituko.

2.– Prozedura.

a) Diru-laguntza justifikatzeko bidalitako dokumentuak behin aztertuta egokitzat jotzen badira, ordaintzeke dagoen diru-kopurua ordainduko da.

b) Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzen badira, eta diru-laguntzaren xedea bete dela ikusten denean, diru-laguntza emateko Ebazpena aldatu ahal izango da, dela egindako gastua aurrekontuetan den baino gutxiagokoa delako, dela pertsona edo entitate onuradunek beste erakunde publiko zein pribatuetako diru-laguntza, laguntza edo diru-sarreraren bat jaso dutelako ezarri diren mugak gaindituz.

Diru-laguntza guztiz indargabetuz gero eta agindu honen 19. artikuluan aipatutako kasuetan ere aldatuko da ebazpen hori.

Horretarako, Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordeak likidazio-ebazpena egingo du, frogagiriak aurkezteko epea bukatzen denetik bi hilabeteko epean, eta emandako diru-laguntzen zenbatekoak aldatu edo egokituko dira

Likidazio-ebazpenean jasotako diru guztia edo horren zati bat Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzultzen zaion kasuetan, bi hilabeteko epea izango da, ebazpena jasotzen den egunetik hasita, behar den dirua itzultzeko, eta bi dekretu hauetan ezarritako prozedura beteko da: batetik, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena; eta bestetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena.

c) Bestalde, 17. artikuluko 2.b.2 paragrafoaren bigarren lerroaldearen kasuan, ordainketa egiteko epea lerroalde horretako dokumentuak aurkezteko epea bukatzen denetik kontatuko da.

19. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan ezarritako betebeharrak edo, hala badagokio, laguntza ematerakoan ezartzen direnak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Beste xedapenen batek izaera orokorrez ezarritako beste edozein obligazio betetzen ez denean.

2.– Aurreko puntuko kasuren bat gertatu dela egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusi bezala eta bertan ezarritakoa bete ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Orokorrari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta legez dagozkien interesak.

II. KAPITULUA
EUSKAL KULTURA ONDOREA BULTZATU ETA SUSTATZEA

20. artikulua.– Dirua jaso dezaketen jarduerak.

Kapitulu honen babesean laguntzen diren jarduerek bat etorri behar dute, nahitaez, babes-araudiarekin eta araudi hori garatzen duen hirigintza plangintzarekin. Hona zein kategoriatan sailkatzen diren jarduerok:

a) Sailkatutako Monumentu Multzoak edo babesteko hasitako espedientea dutenak: Kontzeptu horretan, hauek dira dirua jaso dezaketen jarduerak:

– Babestutako monumentu-multzoa balioesteko oztopoak diren elementuak eta zatiak, baita eraikuntzak eta eraikin osoak ere, deuseztea, eraistea edo kentzea.

– Monumentu-multzo baten jabetzen lotekako banaketari eustea, aurreko eraikinaren eraistea dela-eta ordezkatze-jarduera bati ekiten zaionean, babes-araubideko irizpideei jarraituta.

– Eraikinen berrerabilpena. Berrerabilpentzat ulertuko da eraikinarekin bateragarria den erabilera berri bat edota gutxienez bost urtez etendako erabilera bereizgarri bati berriro ekitea. Kontzeptu honengatik, honako hauei eman dakieke diru-laguntza: proiektu teknikoak eta obra-zuzendaritza, eta eraikina berrerabilpenari egokitzeko behar diren instalazio orokorrak.

– Aztarnategi arkeologikoetan agertu diren egitura arkeologikoak sendotzea, eta kanpoan geratuko dira agindu honen indarraldian gauzatuko ez diren proiektuak.

b) Sailkatutako eta inbentariatutako landa- eta industria-ondarea edo babesteari begira hasitako espedientea duena: Kontzeptu honengatik, landa- eta industria-ondare hori berrerabiltzea eta balioestea helburutzat duten proiektuek jaso dezakete diru-laguntza, kontzeptu hauen pean daudela: proiektu teknikoak eta obra-zuzendaritza, behar diren instalazioak eta erabilera berriari egokitzeko egin behar diren barneko esku-hartzeak. Berrerabilpentzat ulertuko da eraikinarekin bateragarria den erabilera berri bat edota gutxienez bost urtez etendako erabilera bereizgarri bati berriro ekitea.

c) Euskal kultura-ondareari zabalkundea ematea: lehenetsiko dira kultura-ondare hori babestu beharrari buruzko gizarte-sentsibilitatea areagotzen laguntzen duten proiektuak.

d) Sailkatutako eta inbentariatutako ondasunen edo babesteari begira hasitako espedientea dutenen finantzaketa, eta/edo dagokien ingurunearena. Kontzeptu horrengatik, Toki Administrazioak (bai udalek, bai mankomunitateek, kuadrillek, kontzejuek eta Herri Administrazioa osatzen duten gainerako erakundeek) ondasunak eta beren ingurunea eskuratzeak baino ez du diru-laguntzarik jasoko. Desjabetzaren helburuak izan behar du deklaratu beharreko kultura-ondasuna edo haren zati esanguratsu bat balioestea.

d.1.– Ondare arkeologikoa:

Talde horretan sartuta daude labar-artedun haitzuloak, hiri-eremuetatik kanpoko gotorlekuak eta monumentu megalitikoak.

d.2.– Eraikitako ondarea:

Kontzeptu horretan, Herrigune Historikoetako Monumentu Multzoetan dauden ondasunen eta/edo beren ingurunearen desjabetzea.

e) Sailkatutako eta inbentariatutako ondarea zaindu, aberastu, babestu eta sustatzeko lanarekin edo babesteari begira hasitako espedientearekin loturiko beste edozein jarduera, Euskal Kultura Ondarearen Legean jasotako helburu eta xedeekin bat badatoz eta Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzaren beste agindu espezifikoetan aurreikusita ez badaude.

Aurreko c) eta e) idatzi-zatietan ez daude jasota babestutako ondasunen eta lursailen erosketak, ikastaroak eta kongresuak, lehiaketak, informatika-programak, kultura-ibilbideak, argitalpenak, ez eta web-guneen sortze eta mantentzea ere.

21. artikulua.– Pertsona edo erakunde onuradunak.

1.– Agindu honen 20. artikuluko a), b) eta d) idatzi-zatietako jarduerei dagozkien diru-laguntzak bertako jarduerak burutzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoek -pribatu nahiz publiko izan- eskatu ahal izango dituzte.

2.– Agindu honen 20. artikuluko d) idatzi-zatiko jarduerei dagozkien diru-laguntzak, laguntzen helburu diren lursailak erosiko dituen toki-administrazioa osatzen duten entitateek edo haien mendeko organoek eskatu ahal izango dituzte.

3.– Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak (Ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzko abenduaren 30eko 317/2002 Dekretua) aipatzen dituen birgaitzeko hirigintza-sozietateak dituzten sailkatutako monumentu-multzoen a) idatzi zatiko jarduerak diruz laguntzeko eskabideak sozietate horien bitartez bideratu ahal izango dira eta, hala badagokio, horien eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren artean bidezko hitzarmen bat sinatu ahal izango da.

22. artikulua.– Diru-laguntzen gehienezko kopurua edo muga.

Kapitulu honetan aurreikusitakoari jarraikiz ematen diren diru-laguntzek diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren zenbatekoaren % 100aren baliokidea izango dute gehienezko muga, BEZa barne. Salbuespena monumentu-multzoan dauden jabetzen lotekako banaketari eusteko egingo da, diru-laguntza jaso dezakeen aurrekontuaren zenbatekoaren % 40aren baliokidea izango baitu gehienezko muga, BEZa barne. Bi kasu horietan ez da onartuko gainfinantzaketarik. Kapitulu honen babespean ematen diren diru-laguntzak gehienez ere 300.000na eurokoak izango dira, baina agindu honetako lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoa aplika dakiekeen onuradunek beste muga bat izan dezakete.

Hori guztia betiere Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak bere aurrekontuetan helburu horretarako esleitzen dituen kopuruaren barruan.

23. artikulua.– Laguntzak emateko prozedura, eta beroriek hautatzeko eta baloratzeko eta zenbatekoa zehazteko irizpideak.

1.– Kapitulu honetan jasotako diru-laguntzak emateko, norgehiagoka prozedura hau erabiliko da:

– Behin eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren eta, hala badagokio, 11. artikuluan aurreikusitako izapidea gauzatu eta gero, Balorazio Batzordeak agindu honetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten jarduerak ebaluatuko ditu, artikulu honetako hurrengo puntuan finkaturiko irizpideak erabiliz.

– Diru-laguntza jaso ahal izateko, nahitaezkoa da ebaluazio-fasean hirurogei (60) puntu lortzea.

2.– Behin balorazio-prozesua amaitu ondoren, onuradunen artean banatuko dira hasiera batean proposatutako diru-kopuruak. Baina laguntzen diru-kopuruen batuketak gainditzen badu aurrekontuaren muga, eta kasu horretan bakarrik, diru-laguntza bakoitzaren zenbatekoa finkatzeko, gutxienez 1. artikuluan aipatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten eskabideen artean Batzorde Kalifikatzaileak deialdiari zuzendutako gehienezko diru-kopuru osoaren hainbanaketa egingo du, jarraian aipatzen diren formulen arabera:

a) Hainbanaketa hori bi aldagai kontuan hartuta egingo da: lortutako puntuazioa eta hasieran proposatutako diru-kopurua. Formula hau erabiliko da horretarako:

(Ikus .PDF)

non,

Si = programa edo jarduera bakoitzari dagokion hasierako diru-kopurua.

Ei = Kasu bakoitzean hasieran proposatutako laguntzaren diru-kopurua.

Pi = programa edo jarduera bakoitzari Batzordeak esleitutako puntuazioa.

b) Baldin eta aurreko atalean ezarritako prozeduraren arabera kalkulatutako kopuruen batuketak aurrekontuen muga gainditzen badu, kasu bakoitzean eman beharreko laguntzaren diru-kopurua honela kalkulatuko da:

(Ikus .PDF)

non,

S’i = programa edo jarduera bakoitzari dagokion behin betiko diru-kopurua.

D = laguntzagai diren programa edo jarduera guztien artean banatu beharreko diru-kopurua.

Si = aurreko formularen arabera programa edo jarduera bakoitzari legokiokeen hasierako diru kopurua.

3.– Jarduerak ebaluatzeko eta hautatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira.

– Agindu honen 20. artikuluko a), b), c) eta e) idatzi-zatietako jardueren kasuan, (hirigune historikoekin, landa- eta industria-ondarearekin, kultura-ondarearen zabalkundearekin eta Kultura Ondarearen Legeak jasotzen dituen helburuekin loturiko beste edozein jarduerarekin zerikusia duten jarduerak).

a) Jarduerak kultura-ikuspegitik dituen kalitatea eta interesa: eman beharreko puntuazio osoaren % 45 baloratuko da gehienez ere.

b) Diru-laguntzaren helburu den proiektuaren edo ekimenaren ezaugarri teknikoak. eman beharreko puntuazio osoaren % 25 baloratuko da gehienez ere.

c) Aurkeztutako aurrekontu orokorraren arabera, jarduera zein neurritan autofinantzatzen den. eman beharreko puntuazio osoaren % 15 baloratuko da gehienez ere.

d) Jarduerak nolako zabalkundea eta oihartzuna izango duen kanpoan. eman beharreko puntuazio osoaren % 10 baloratuko da gehienez ere.

e) Diru-laguntza eskatzen duen irabazi-asmorik gabeko erakundearen izaera. eman beharreko puntuazio osoaren % 5 baloratuko da gehienez ere.

– 20. artikuluaren d) idatzi-zatiko jardueren kasuan (Desjabetzeen finantzaketa).

a) Jarduerak kultura-ikuspegitik dituen kalitatea eta interesa, eta proiektuaren ezaugarri teknikoak: eman beharreko puntuazio osoaren % 40 baloratuko da gehienez ere.

b) Kultura-ondarea behar bezala babesteko inguruan gauzatzen den jardueraren eragin txarra. eman beharreko puntuazio osoaren % 35 baloratuko da gehienez ere.

c) Aurkeztutako aurrekontu orokorraren arabera, jarduera zein neurritan autofinantzatzen den. eman beharreko puntuazio osoaren % 15 baloratuko da gehienez ere.

d) Jarduerak nolako zabalkundea eta oihartzuna izango duen kanpoan. eman beharreko puntuazio osoaren % 10 baloratuko da gehienez ere.

III. KAPITULUA
EUSKAL KULTURA ONDAREA HIRIGINTZA-PLANEAMENDUARI EGOKITZEA

24. artikulua.– Dirua jaso dezaketen jarduerak.

1.– Hona zeintzuk jarduera lagunduko diren:

a) Aurreko hirigintza-dokumentuaren memoria garatzen duten azterketa historiko arkeologikoak eta haien azterketa osagarriak, betiere monumentu, monumentu-multzo edo balizko arkeologia gune izendatutako kultura-ondasunak badira. Nolanahi ere, agindu honetako eranskinean dauden eskema eta datuak izan beharko dituzte.

b) Indarrean dauden hirigintza-dokumentuen aldaketak, bai eta kultura-ondasunen babes araubideei begira egiten diren dokumentu horien garapenak.

c) Monumentu, monumentu-multzo edo balizko arkeologia gune izendatutako kultura ondasunak babesteko plan bereziak, bai eta izendapena jasotzeko espedientea bideratuta duten kasuak ere.

d) Kultura ondarearen alderdi jakin batzuk modu berezi batean dokumentatzen duten eta idazteko fasean dauden hirigintza-tresnen planimetria osagarria altxatzea.

e) Legezko hirigintza-planeamenduaren era batean edo bestean jasotzeari begira, kultura ondareari buruzko informazioa lantzea eta biltzea helburu duten beste lan batzuk, kulturaren ikuspegitik zimentarriak sendotzeko balioko dutenak.

2.– Aipaturiko jarduera horiek laguntza jaso ahal izango dute beti, alde batera utzita idazketa fasean dauden edo proiektu-fasean dauden.

3.– Ez dira inoiz diruz lagunduko udal eskatzaileen berezko funtzionamendu-gastuak edo bertako langileei dagozkienak.

25. artikulua.– Diru-laguntza jasoko duten jarduerak idaztea eta zuzentzea.

1.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, jardueren zuzendaritzari buruzko honako baldintza hauek bete beharko dira:

a) Hirigintza-dokumentuak idazteko edo indarrean daudenak aldatzeko ardura duenak behar besteko esperientzia izan behar du tresna horiek prestatzen (plan bereziak, arau subsidiarioak edo plan orokorrak). Era berean, idazkuntza-taldean gutxienez arkeologiako profesional bat arituko da, antolatu beharreko eremuan ondare arkeologikoa aztertzen bada.

b) Azterketa historiko arkeologikoak arkeologiako profesional batek bideratuko ditu, hiri-arkeologian esperientzia duen profesional batek hain zuzen. Era berean, besteak beste, arkeologia, dokumentazio eta delineazioko profesionalek osatuko dute idazkuntza-taldea.

2.– Jarduera proiektu-fasean badago, kontuan hartuko beharko dira baldintza horiek jarduera kontratatzerakoan.

26. artikulua.– Diru-laguntzen muga.

Laguntzak proiektuaren aurrekontu orokorraren % 85eraino irits daitezke, BEZa barne.

27. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Toki-erakundeek eta birgaitzeko hirigintza-sozietateek eskatu ahal izango dituzte kapitulu honetan aipatutako laguntzak, beren organo eskudunen bidez. Aurreko ekitaldietan erakunde eskatzaileak jaso baditu Administrazio horrek helburu bererako emandako laguntzak, laguntza berriak eskatu aurretik justifikatu beharko dira laguntza horiek.

28. artikulua.– Jarduerak hautatzeko eta baloratzeko, eta diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

1.– Diru-laguntzak lehiaketa bidez emango dira. Diru-laguntzen gehieneko kopurua errespetatuta, aukeratutako proiektuak multzo mugatu bat izango dira, bideragarriak izango direla ziurtatzearren.

2.– Eskaerak aurkezteko epea amaitu eta gero, eta kapitulu honetan ezarritako eskakizunak betetzen ez dituztenak baztertu ondoren, Balorazio Batzordeak aurkeztutako gainerako eskaerak baloratuko ditu. Horretarako, multzo bakoitzari begira ondorengo irizpideak hartuko dira kontuan:

a) Agindu honen 3. artikuluan ezarritako diru-kopuruen % 60, gehienez, planeamendu-tresnak babes-araubideari egokitzeko proiektuetara bideratuko da. Jarduerak gehienezko 100 puntuko baremo batean hautatuko dira, eta honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:

– Jardueraren izaera espezializatua. Lehentasuna izango dute planeamendu orokorra garatzen duten eta deklaratutako monumentu-multzoak birgaitzea helburu duten plan bereziek. (40).

– Jardueraren oihartzuna: zenbat eta elementu gehiagori eragin (monumentu-multzoak), orduan eta gehiago baloratuko da (gutxiago baloratuko dira elementu bakar bati eragiten diotenak). (30).

– Babes-araubideak ezarritako irizpideak garatzen dituzten plan berezien egokitzapenaren izaera zehatza. Lehentasuna izango dute sailkatutako elementuetan eragiten dutenek, inbentariatutakoetan eragiten dutenen aldean. (20).

– Jardueraren konplexutasuna: banakako higiezinetan, lehentasuna izango dute egitura konplexuen plan bereziek, esate baterako harresiek. (10).

b) Agindu honen 3. artikuluan ezarritako diru-kopuruen % 20, gehienez, azterketa historiko arkeologikoetara bideratuko da. Jarduerak gehienezko 100 puntuko baremo batean hautatuko dira, eta honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:

– Planen egoera: Lehentasuna izango dute indarrean dauden hirigintza-planak aldatzea helburu duten proiektuak aurkezten dituzten udalek. Horien ondotik, idazketa-fasean dauden hirigintza planeamendurako tresnetan eragiten dutenak lehenetsiko dira, planik ez dutenen aldean. (60).

– Zailtasun-maila: lehentasuna izango dute balio arkeologikoa ezagutzearen aldetik gabezia gehien dituzten proiektuek, dena delakoa dela haien babes-maila. (40).

c) Agindu honen 3. artikuluan ezarritako diru-kopuruen % 20, gehienez, 24. artikuluko gainerako jardueretara bideratuko da. Jarduerak gehienezko 100 puntuko baremo batean hautatuko dira, eta honako irizpide hauen arabera baloratuko dira:

– Jardueraren konplexutasuna: lehentasuna izango dute sailkatutako kultura-ondasunei edo deklarazio hori jasotzeko espedientea hasita dutenei eragindakoek (100), inbentariatutakoen aldean (60).

3.– Jarduera bakoitzerako bideratutako diru-kopurua amaitu ezean, soberakina beste ataletara bideratuko da, Balorazio Batzordearen proposamen arrazoitua kontuan hartuta.

4.– Agindu honen 26. artikuluan xedatuta dagoenez, laguntzak proiektuaren aurrekontu orokorraren % 85era irits daitezke, BEZa barne. Idazteko ordainsarien gehienezko kopurua honako irizpide hauekin bat etorriko da:

a) Agindu honen 24.1.b) artikuluan aipatzen diren indarreko hirigintza-dokumentuen aldaketak idazketagatik ordaindu beharreko kopuruak ez du gaindituko kasuan kasuko udalaren plan bereziaren idazketa berria egiteko kostuaren % 40tik gorakoa.

b) Agindu honen 24.1.c) artikuluan aipatzen diren plan bereziak idazteagatik ordaindu beharreko kopuruak ez du gaindituko Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak bizitegi-erabilerako plan partzialak idazteko ezarrita dituen erreferentziako kopurua.

c) Agindu honen 24.1.d) artikuluan aipatutako planimetria idazteko ordainsariak honako eragiketa hauen arabera kalkulatuko dira, non H diru-kopurua den, eta «n» planoetan jasotako eremuaren azalera hektareatan adierazita.

H= 463,466 x n, baldin «n» bada 10 edo 10 baino gutxiago;

H= (444,000 x n + 194,666), baldin «n» badago 10 eta 40 artean;

H= (437,333 x n + 461,333), baldin «n» bada 40 edo 40 baino gehiago.

d) Agindu honen 24.1.e) artikuluan aipatutako hirigintza-planeamendua sendotzeko lan osagarrien idazketagatik ordaindu beharrekoak ez du gaindituko Euskal Herriko Arkitektoen Elkargoak tokian tokiko udalaren plan orokorra idazteko ezarrita duen erreferentziako kopuruaren % 40.

5.– Diru-laguntza jaso ahal izateko, nahitaezkoa da ebaluazio-fasean berrogeita hamar (50) puntu lortzea.

6.– Behin balorazio-prozesua amaitu ondoren, kategoria bakoitzean lorturiko puntuazioaren arabera emango dira diru-laguntzak, betiere 3. artikuluak aurreikusten duen gehienezko kopuruaren barruan.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako laguntzak Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako minimis arauaren mendean daude (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da, eta Europako Erkidegoen Aldizkari Ofizialean 2006-12-28an argitaratu zen: L379/5). Ondorioz, enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez da izango 200.000 eurotik gorakoa, ez aurreko bi ekitaldi fiskaletan, ez eta indarrean den ekitaldian ere.

BIGARRENA XEDAPEN GEHIGARRIA

Datu Pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoari jarraituz eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoaren arabera, deialdi honen izapidetzan jasotako datu pertsonalak fitxategi batean sartuko dira. Fitxategi horren helburua deialdi hau kudeatzea izango da, bai eta bertan parte hartzen dutenei deialdiaren garapenaren berri ematea ere. Kultura Ondarearen Zuzendaritza da fitxategi horren arduraduna. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze eskubideak erabiltzeko Zerbitzu Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Deialdi honetan parte hartzen duten pertsonek baimena ematen diote Administrazioari emandako datuak konparatzeko, eta aurkeztutako agiriak benetakoak direla egiaztatzeko (Administrazio honen esku egon, edo beste Administrazio Publiko batzuen esku egon), laguntzen onuradun izateko eskatutako baldintzak betetzen direla edo betetzen jarraitzen dela egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, beraren aurka, interesdunak berraztertze-errekurtsoa jar diezaioke Kulturako sailburuari (azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 116. artikulua), hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita; bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezake Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita (uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikulua).

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 18a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

24.1. A) ARTIKULUAREN ERANSKINA

Azterketa historiko arkeologikoek, diru-laguntza jaso ahal izateko, eskema hau izan behar dute nahitaez, aztergaia duten elementuari dagokionez:

A) Interes arkeologikoko aztarnategiak edo/eta elementu zehatzak:

1.– Tokia (herria, erakundea, auzoa eta bertaratzeko bideak, 1:5.000 edo 10.000 eskalako plano zehatza).

2.– Elementuaren eta dagokion babes-eremuaren mugaketa fisikoa (1:1.000 edo 1:500 eskalako plano zehatza aurkeztuta).

3.– Elementuaren edo haren ingurunearen deskribapen zehatza, lurra orain zertarako erabiltzen ari den azalduta.

4.– Tokiaren jabeak eta araubide juridikoa.

5.– Dokumentazio historikoa. Testuen erregistroa, batez ere ikertuko den gunean izandako obrena, antzinatik gaur arte.

6.– Dokumentazio arkeologikoa:

a) Ikerketa baino lehen zein ikerketan bertan lur-azalean aurkitutako arrasto materialen inbentarioa, sailkapena eta dokumentazio grafikoa.

b) Gunean indusketa arkeologikoren bat burutu bada, edozein motatakoa izanda, horren nondik norakoak adieraziko dira:

– Eskuhartze-mota.

– Noiz izan zen indusketa eta nor izan zen zuzendaria.

– Arrazoiak.

– Gunearen segida estratigrafikoa eta horren emaitza.

– Aurkitutako materialak.

– Segida kultural eta kronologikoa.

7.– Indusketetan interes arkeologikoko guneari lotutako eraikuntzak agertzen badira, ondokoak ere egingo dira:

a) Eraikuntza horien arkitekturari buruzko ikerketa (egitura, baoak eta abar).

b) Egitura estratigrafikoaren ikerketa, ahal izanez gero. Ez da beharrezkoa horma zarpiatuak dituzten eraikinetan.

c) Txosten historiko artistikoa (eraikitzeko faseak, estiloa, garaia...).

8.– Alde horretan eragin zuzena izan duten obrarik berrienek beste datu garrantzitsu batzuk emango dizkigute. Baldin eta esku-hartzeek aldatu badute elementuaren balio arkeologikoa. Obra proiektuak ikusirik eta obrak egin dituztenei galdeturik, ahal denean honako hauek adieraziko dira:

– Obra, eragindako gunea eta data.

– Sakonean, noraino iristen den.

– Segida geologikoa.

– Arrastoak agertu diren, eta horrela izatez gerotan, nolakoak diren.

9.– Elementu arkeologikoaren izaera, kronologia, kontserbazioa eta abar zehazteko lur-azpiko zundaketak edo beste edozein esku-hartze arkeologiko beharrezkoa bada, ikerketan horren emaitzen txosten zehatza ere egingo da. Txostenean hauek agertuko dira:

– Zundaketen tokia, planoan eta dimentsioetan.

– Esku-hartze bakoitzaren helburu zehatzak.

– Indusketaren metodologia.

– Datu estratigrafikoak jasotzeko fitxak.

– Material arkeologikoen erregistro-fitxak.

– Azken diagramak eta emaitzen interpretazioa, fase kronologikoen arabera.

– Planimetriak eta material grafikoa.

– Espero izateko dena eta etorkizunean jarduteko proposamenak.

10.– Aurreko datuetan oinarriturik, lekuko gordailu arkeologikoa baloratuko da, bai eta arrastoen ahalmena, izaera eta kronologia, kontserbazio-egoera, eta abar ere. Lekuan diren interes arkeologikoko eremu, egitura eta arrasto guzti-guztiak zehaztuko dira.

11.– Hori guztia ikusita, kasu bakoitzean egoki den babes-araubidea sortuko da, edozein eragile kaltegarri zuzentzeko neurriak, onartutako eta debekatutako jarduera edo erabilerak, presako jarduerak, sendotu edo zaharberritzeko beharrak eta abar seinalatuta.

12.– Dokumentazio grafikoa. Elementu arkeologikoaren planoak eta mugapena aurkezteaz gain, ondoko planoak ere beharrezkoak izango dira:

a) Eraikuntzen oinak, ebakidurak eta altxaerak, orain dauden moduan.

b) Antzinako kartografia eta argazkiak, nondik datozen esanda.

c) Arrasto eta egitura arkeologiko guztien dispertsioa eta zehaztasunak.

d) Ahal den heinean, azaleran ikusten ez diren arrastoen balizko berreraikuntza.

e) Lurraren oraingo erabilerak, eta erabilera onartuen eta debekatuen proposamena.

f) Babes-maila edo babes-mota eta arkeologia-mailan esku hartzeko modurik egokiena (proposamenak).

B) Multzo arkeologikoak:

1.– Kokalekua.

2.– Multzoa dagoen gunearen mugaketa fisikoa. Beharrezkoa bada, babes nagusia eta bigarren mailako babesa jasoko duten guneak bereiziko dira.

3.– Gunearen interesaren justifikazioa eta objektibazioa.

4.– Guneari buruzko dokumentu idatzien azterketa. Artxibo eta liburutegietan datuak biltzeko lanak, ez bakarrik artxibo historikoetan; baita berriagoak diren beste batzuetan ere, hor multzoan izandako azken lanak eta aldaketak jasota badaude (adibidez: Arkitektoen Elkargoko Artxiboan edo Jabetza Erregistroan).

5.– Aztertutako gunean landa-lana egingo da, eta horrek ondokoak hartuko ditu barne:

a) Agertu diren eraikuntzak zehatz berraztertzeko lanak, multzoaren alderik zaharrenak eta beren estratigrafia aurkitzeko. Arrasto horiek eranskin honetako B-7 puntuan adierazi bezala geratuko dira erregistratuta. Salbuespen modura, premia denean, Egitura Estratigrafikoaren ikerketa zehatza eskatu ahal izango da.

b) Lekuan egindako esku-hartze arkeologikoen berrikuspen sistematikoa: estratigrafia, materialak, eta abar...; horretan guztian oinarrituta, gordailu arkeologikoaren egoera estratigrafikorako hurbilpen bat egin beharko da.

c) Multzoaren izaera, kronologia, kontserbazioa eta abar zehazteko lur-azpiko zundaketak edo beste edozein esku-hartze arkeologiko egingo dira. Ikerketan horren emaitzen txosten zehatza ere egingo da. Txosten horrekin batera, eranskin honetako A ataleko 9. puntuan adierazitako dokumentazio bera aurkeztuko da.

6.– Kartografia sortu eta berraztertzeko lanak. Oinak, ebakidurak eta altxaerak agertzen diren planoak, 1:500 / 1:1.000 eskalan, gaur egun dauden bezala, une batean edo bestean interesekoak diren guneei buruzkoak.

7.– Multzoan dauden orube guztiei buruzko dokumentazio puntuala. Nahitaez honako hauek jaso beharko ditu:

a) Orube edo eraikuntzaren identifikazio zehatza.

b) Jabeak eta araubide juridikoa.

c) Deskribapen xehatua eta mugaketa.

d) Eraikuntza-bilakaera iturriek uzten duten esparru historiko osoan (berreraikuntzak, erreformak, eta beren kronologia, lehengo egoeretako berreraikuntzak, eta abar). Lehengo egoeretako argazkiak, planoak, eta abar, halakorik bada.

e) Toki hori lehenengo aldiz okupatua izan zeneko arrasto arkeologikoen deskribapen xehatua, baita tokiarena berarena eta kontserbazio-egoerarena ere.

f) Orain dagoen eraikinaren kronologia, arkitekturaren estiloa eta aurreko puntuko arrasto arkeologikoen kronologia.

g) Arkeologiaren eremuan espero izateko dena eta interesaren objektibazioa, baita proposatutako babes-mota ere.

8.– Azkeneko txostena.

9.– Kartografia.

a) Multzoaren 1:1.000 eskalako planoak, historian izan dituen fase nagusiak adierazita eta fase bakoitzeko elementurik garrantzitsuenak aipatuta.

b) Multzoaren 1:1.000 eskalako planoa, proposatutako babes arkeologikoko neurriak zehatz mehatz adierazita, baita mugaketa ere.

c) Azkenik, 1:1.000 eskalako planoa, multzoko lurra nola erabili den esango duena (orube hutsak, esparru publikoak eta abar).


Azterketa dokumentala