Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

191. zk., 2013ko urriaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
4225

EBAZPENA, 2013ko abuztuaren 14koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Hernaniko udal-barrutian Hernani eta Arkale arteko 132 kV-ko 1. eta 2. lineen deribazio bikoitza (Electroquímica Hernani azpiestaziora doana) instalatzea baimentzeko, hura egiteko proiektua onartzeko eta haren onura publikoa aitortzeko dena. Erreferentzia: 24040 - A.T.H. 2012/156.

AURREKARIAK

Lehenengoa.– 2012ko urriaren 31n Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak eskatu zuen administrazio-baimena emateko Hernaniko udal-barrutian Hernani eta Arkale arteko 132 kV-ko 1. eta 2. lineen deribazio bikoitza (Electroquímica Hernani azpiestaziora doana) eraikitzeko proiektua osatzen zuten instalazioei, proiektua onartzeko, hark ingurumenean zuen eraginaren adierazpena egiteko eta haren onura publikoa aitortzeko, eta zegokion proiektu teknikoa aurkeztu zuen, Sergio Ortiz de la Torre industria-ingeniariak sinatutakoa, baita ingurumenaren gaineko eraginaren azterketa ere. Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak Erandion (Bizkaian) du egoitza, Axpeko Erribera etorbideko 5. zenbakian.

Bigarrena.– Ondokoek xedatzen dutenarekin bat, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresaren eskaria jendaurrean jartzeko iragarkia argitaratu zen EHAAn 2012ko abenduaren 14an, GAOn 2012ko abenduaren 13an eta El Diario Vasco egunkarian 2012ko abenduaren 12an: 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa, zeinaren bidez honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenerako prozedurak arautzen diren: argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere (EHAA, 2002ko abenduaren 23koa); 54/1997 Legea, azaroaren 24koa, sektore elektrikoari buruzkoa (zehazki, 53. artikulua) (BOE, 1997ko azaroaren 28koa); eta 223/2008 Errege Dekretua, otsailaren 15ekoa, Goi-tentsioko linea elektrikoen baldintza teknikoei eta segurtasun-bermeei buruzko erregelamendua eta lehenengo bederatzi jarraibide tekniko osagarriak onartzeko dena (BOE, 2008ko martxoaren 18koa).

Hirugarrena.– 2012ko abenduaren 3an iragarkia Hernaniko Udalari igorri zitzaion, udaletxeko iragarki-taulan jar zezan.

Laugarrena.– 2012ko abenduaren 3an proiektuaren separata igorri zitzaion Hernaniko Udalari, eta eskatu zitzaion eskariaren alde ala kontra zegoen adierazteko eta, alde bazegoen, baldintza teknikoak ezartzeko.

Bosgarrena.– 2012ko abenduaren 3an proiektuaren separata igorri zitzaien URA Uraren Euskal Agentziari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiari, Red Eléctrica de España SAUri eta Telefónica de España SAri, eta eskatu zitzaien eskariaren alde ala kontra zeuden adierazteko eta, alde bazeuden, baldintza teknikoak ezartzeko. 2013ko urtarrilaren 24an eskaera gogorarazi zitzaien URA Uraren Euskal Agentziari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiari. URA Uraren Euskal Agentziak ez zuen erantzun.

Seigarrena.– Hernaniko Udalak proiektuaren kontra zegoela adierazi zuen.

Zazpigarrena.– Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak, Red Eléctrica de España SAUk eta Telefónica de España SAk, berriz, proiektuaren alde zeudela adierazi zuten, eta zenbait baldintza ezarri zituzten.

Zortzigarrena.– Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri jakinarazi zitzaion Hernaniko Udala proiektuaren kontra zegoela, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Zuzendaritza Nagusiak, Red Eléctrica de España SAUk eta Telefónica de España SAk ezarritako baldintzen berri eman zitzaion. Enpresa bat etorri zen.

Bederatzigarrena.– 2013ko apirilaren 4an Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk proiektua aldatzeko eranskin bat aurkeztu zuen, Hernaniko Udalak administrazio-baimenaren eskariaren eta ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren kontra aurkeztutako txostenei eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren kontra aurkeztutako txostenei erantzuteko.

Hamargarrena.– 2013ko apirilaren 22an eta 30ean idazkiak igorri zitzaizkion Hernaniko Udalari, proiektua aldatzeko eranskinaren separatarekin eta Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk Hernaniko Udalaren kontrako txostenei emandako erantzunarekin batera, eta eskatu zitzaion proiektuaren alde ala kontra zegoen adierazteko eta, alde bazegoen, baldintza teknikoak ezartzeko.

Hamaikagarrena.– 2013ko maiatzaren 31n Hernaniko Udalak txosten bat aurkeztu zuen, Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri dokumentu gehiago eskatzeko.

Hamabigarrena.– Dokumentu gehiagoren eskaeraren berri eman zitzaion enpresa onuradunari, eta hark 2013ko ekainaren 19an aurkeztu zituen eskatutako dokumentuak.

Hamahirugarrena.– 2013ko uztailaren 5ean eskatutako dokumentuak igortzeko ofizioa jakinarazi zitzaion Hernaniko Udalari, eta bere iritzia emateko eskatu zitzaion. Era berean, jakinarazi zitzaion baldin eta 15 egunean erantzuten ez bazuen proiektuaren alde zegoela joko zela.

Hamalaugarrena.– 2013ko apirilaren 22an proiektuaren separata igorri zitzaion Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiari, eta eskatu zitzaion proiektuaren alde ala kontra zegoen adierazteko eta, alde bazegoen, baldintza teknikoak ezartzeko.

Hamabosgarrena.– 2013ko apirilaren 30ean Gipuzkoako Foru Aldundiko Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusiak adierazi zuen proiektuaren alde zegoela, eta baldintza teknikoak ezarri zituen. Baldintzen berri eman zitzaion enpresari.

Hamaseigarrena.– Proiektua jendaurrean zegoen bitartean Shandra García Montes andreak, Joseba Yarzábal Retegui jaunak, Marian Apezetxea Loiarte andreak, Marcos Pagola Cortajarena jaunak, María Begoña Zubia Gallastegui andreak, José María Larrañaga Bereziartua jaunak, Antonio Errazkin Beldarrain jaunak eta Ascensio Juan Barrenetxea jaunak eta beste batzuek alegazio idazkiak aurkeztu zituzten.

Hamazazpigarrena.– Shandra García Montes andreak alegatu zuen 3. industrialdeko 392. lursailaren jabe dela eta proiektuak adierazten zituen mugak ez zetozela bat erantsitako katastro planokoekin.

Hemezortzigarrena.– Laburbilduz, Joseba Yarzábal Retegui jaunak alegatu zuen duela bi urte betelana egin zuela buztinetan egindako zuloetatik lortutako materiala erabiliz, lursailaren goiko aldera igotzeko, eta bere ustez lubeta ez dela egokia han jartzekoa zen euskarria zimendatzeko. Hori dela eta, proposatu zuen euskarria 5 eta 10 metro bitartean jaistea; gainera, hartara, ez omen luke galduko goiko baratzera igotzeko duen bide bakarra.

Hemeretzigarrena.– Laburbilduz, Marian Apezetxea Loiarte eta María Begoña Zubia Gallastegui andreek alegatu zuten 89. eta 92. funtsen jabe direla, eta zera eskatu zuten:

– Aztertzeko ea aukera ote zegoen linea urbanizatutako lurretan jartzeko.

– Linea lehendik dauden azpiegituretatik ahalik eta gertuen eraikitzeko, proiektuko linea 92. funtsaren erditik pasatuko bailitzateke eta lur asko mugitu eta baso baten zati handi bat suntsitu beharko bailirateke.

– Zegozkion azterketa geoteknikoak egiteko, lurra oso ezegonkorra baita eta luizi asko izaten baitira.

– Kontuan hartzeko lurraren ezegonkortasuna, lur-mugimenduek arazoak eragin izan baitituzte etxeak dituen 12 urteetan eta euskarri bat jartzekoa baitzen handik 50 metrora.

– Linea mendiaren goiko aldean instalatzeko aldapa erdian instalatu ordez, bosgarren euskarriaren lekua iristen zaila baita eta babestutako espezieak (haritzak, gorostiak, etab.) baitaude; hartara, euskarrira iristeko bidea errazagoa izango omen litzateke eta eragin txikiagoa izango omen luke basoan.

– Ziurtatzeko ez dela moztuko zuhaitzik, 92. funtseko ondasun eta eskubideen zerrendak 12 metroko gaztainondoak aipatzen baititu baina bai baitira babestutako espezieak ere (haritzak, gorostiak, etab.). Izan ere, proiektuak datu hauek dakartza:

(Ikus .PDF)

Hogeigarrena.– Laburbilduz, Marcos Pagola Kortajarena jaunak alegatu zuen 93. funtsaren jabe dela, eta zera eskatu zuen:

– Aztertzeko ea aukera ote zegoen linea urbanizatutako lurretan jartzeko.

– Linea lehendik dauden azpiegituretatik ahalik eta gertuen eraikitzeko, proiektuko linea 93. funtsaren erditik pasatuko bailitzateke eta lur asko mugitu eta baso baten zati handi bat suntsitu beharko bailirateke.

– Zegozkion azterketa geoteknikoak egiteko, lurra oso ezegonkorra baita eta luizi asko izaten baitira.

– Linea mendiaren goiko aldean instalatzeko aldapa erdian instalatu ordez, 93. funtserako sarrera iristen zaila baita eta babestutako espezieak (haritzak, gorostiak, etab.) baitaude; hartara, euskarrira iristeko bidea errazagoa izango omen litzateke eta eragin txikiagoa izango omen luke basoan.

– 94. funtsaren titularra nor den adierazteko, proiektuak ezezaguna dela baitio baina mugakide baitu eta titular guztiak ezagunak baitira. Harrituta, jabetza-erregistroaren kopia soil bat erantsi zuen.

Hogeita batgarrena.– Laburbilduz, José María Larrañaga Bereziartua eta Antonio Errazkin Beldarrain jaunek eta beste batzuek alegatu zuten aireko linea berriak eragina izango zuela berengan, enpresek bazutela aireko linea bat, hornikuntzaren helburua zela enpresa baten potentzia handitzea, proiektatutako linea ez zela aski etorkizunean hornikuntza handitzeko, linea berriak landa-eremuak zeharkatuko zituela eta paisaia eraldatuko zuela eta bazela aireko linea zaharkitu bat, Cementos Rezola hornitzen zuena eta erabiltzen eta mantentzen ez zena. Hori dela eta, eskatu zuten beste linea bat jartzeko proiektatutakoaren ordez, hornikuntza handitzeko bide ematen zuena eta Hernani eta Electroquímica Hernani azpiestazioen artean lurpean zegoena, eta Cementos Rezola hornitzen zuen linea kentzeko Añua baserria pasatu artean.

Hogeita bigarrena.– Shandra García Montes andrearen alegazioaren berri eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri, eta hark erantzun zuen gogoan hartuko zituela katastroko mugak.

Hogeita hirugarrena.– Joseba Yarzábal Retegui jaunaren alegazioaren berri eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri, eta hark zera erantzun zuen laburbilduta:

– Euskarriaren kokalekuak ez zuela eraginik baratzerako sarreran baina lanak egiten zituztenean berriro planteatuko zutela, ez zezan eragotz ez galaraz funtsean sartzea. Era berean, neurriak hartuko omen zituzten, euskarria baldintza seguruetan hormigonatzeko.

– Baldin eta euskarria beherago jartzen bazuten gidariak beherago egongo zirela eta bertako zuhaitzak moztu beharko zituztela; hau da, euskarriak maila berean egon behar zuela baina, hala eta guztiz ere, lerroan lekualda zitekeela.

Hogeita laugarrena.– Marian Apezetxea Loiarte eta María Begoña Zubia Gallastegui andreen alegazioaren berri eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri, eta hark zera erantzun zuen laburbilduta:

– Baldin eta linea lurpean egongo balitz GI-3410 errepideko bide-jabari publikoa okupatuko lukeela eta ezinezkoa izango litzatekeela etorkizunean hornikuntza handitzeko eta linea mantentzeko lanak egitea. Gainera, lurpeko lineak Urumea ibaia gurutzatuko omen luke, bi aldiz. Batasunaren Intereseko Leku da ibaia.

– Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzen ari zirela eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenak zehaztuko zuela ea linearen eragina onargarria zen ala ez eta ea prebentzio- eta zuzenketa-neurririk hartu behar ote zen.

– Lurra aztertuko zutela, zehazteko zer neurri hartu behar zituzten lanak egiten zituztenean.

– Aztertuko zutela ea aukera ote zegoen bosgarren euskarria funtsaren goiko aldean jartzeko, sarrera hobetzeko eta espezie babesturik moztu behar ez izateko.

– Akats bat zegoela ondasun eta eskubideen zerrendan, hegalaren eraginaren peko azalera 2.248 m2-koa baita eta moztu egin behar baita zuhaitz garaiak daudenez gero.

Hogeita bosgarrena. Marcos Pagola Kortajarena jaunaren alegazioaren berri eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri, eta hark zera erantzun zuen laburbilduta:

– Baldin eta linea lurpean egongo balitz GI-3410 errepideko bide-jabari publikoa okupatuko lukeela eta, horren ondorioz, ezinezkoa izango litzatekeela etorkizunean hornikuntza handitzeko eta linea mantentzeko lanak egitea. Gainera, lurpeko lineak Urumea ibaia gurutzatuko omen luke, bi aldiz. Batasunaren Intereseko Leku da ibaia.

– Ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzen ari zirela eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenak zehaztuko zuela ea linearen eragina onargarria zen ala ez eta ea prebentzio- eta zuzenketa-neurririk hartu behar ote zen.

– Lurra aztertuko zutela, zehazteko zer neurri hartu behar zituzten lanak egiten zituztenean.

– Aztertuko zutela ea aukera ote zegoen bosgarren euskarria funtsaren goiko aldean jartzeko, sarrera hobetzeko eta espezie babesturik moztu behar ez izateko.

– 94. funtsaren titularra ezezaguna zela katastroko datuen arabera eta, besteak beste, horrexegatik jarri zutela proiektua jendaurrean, alegia, titularrak nor diren jakiteko.

Hogeita seigarrena.– José María Larrañaga Bereziartua eta Antonio Errazkin Beldarrain jaunen eta beste batzuen alegazioaren berri eman zitzaion Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri, eta hark zera erantzun zuen laburbilduta:

– Proiektatutako lineari esker inguruko hornikuntza elektrikoa handituko zutela, kontuan hartu zutela etorkizunean hornikuntza handitzea eta egokiagoa iruditu zitzaiela 132 kV hornitzea orduko 30 kV-ak hornitzea baino.

– Industrialdeko zenbait enpresa hornitzen zituen 30 kV-ko lineak Batasunaren intereseko leku bat (Urumea ibaia) gurutzatzen zuela eta, horregatik, ezin zela handitu potentzia, ezaugarriak funtsean aldatuko bailirateke eta hori bateraezina baita lekua babestuta egotearekin.

– Baldin eta linea lurpean egongo balitz GI-3410 errepideko bide-jabari publikoa okupatuko lukeela eta, horren ondorioz, ezinezkoa izango litzatekeela etorkizunean hornikuntza handitzeko eta linea mantentzeko lanak egitea. Gainera, lurpeko lineak Urumea ibaia gurutzatuko omen luke, bi aldiz. Batasunaren Intereseko Leku da ibaia.

– Cementos Rezola hornitzen duen 13 kV-ko linea ez dela Iberdrolarena eta, hori dela eta, ezin dutela esku hartu.

Hogeita zazpigarrena.– 2013ko maiatzaren 9an Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk eskatu zuen proiektua aldatzeko eranskinaren onura publikoa aitortzeko.

Hogeita zortzigarrena.– Proiektuaren aldaketaren eraginaren peko guztiei informazioa eman zitzaien banan-banan, eta haiek ez zuten aurkeztu alegaziorik.

Hogeita bederatzigarrena.– 2013ko ekainaren 10ean Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Sailburuordetzako buruak ebazpen bat eman zuen eta, haren bidez, Hernaniko udal barrutian Hernani eta Arkale arteko 132 kV-ko 1. eta 2. lineen deribazio bikoitza (Electroquímica Hernani azpiestaziora doana) instalatzeko proiektuak ingurumenean duen eraginaren aldeko adierazpena egin zuen eta proiektua gauzatzeko baldintzak ezarri zituen. Otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak, Euskal Herriko ingurugiroa babestekoak, 47.2 artikuluan xedatzen duenarekin bat, sailburuordeak ezarritako baldintzak lotesleak dira.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.– Espedienteak bete egin ditu ondokoek xedatzen dituzten arauzko izapideak: 54/1997 Legea, azaroaren 24koa, sektore elektrikoari buruzkoa (BOE, 1997ko azaroaren 28koa); 282/2002 Dekretua, abenduaren 3koa, zeinaren bidez honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenerako prozedurak arautzen diren: argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere (EHAA, 2002ko abenduaren 23koa); 1955/2000 Errege Dekretua, abenduaren 1ekoa, energia elektrikoaren garraioa, banaketa, merkaturatzea eta hornikuntza eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituena; eta bat datozen gainerako legeak.

Bigarrena.– 54/1997 Legeak, sektore elektrikoari buruzkoak, 52. artikuluan xedatzen duenez, energia elektrikoa banatzeko instalazioak onura publikokoak dira haiek instalatzeko beharrezko ondasun eta eskubideak nahitaez desjabetzearen aldetik eta bide-zorrak ezartzearen eta erabiltzearen aldetik. Inplizituki, aitorpenak berekin dakar ondasun eta eskubideak okupatu beharra, eta haiek berehala okupatu beharra dakar, Nahitaezko desjabetzeari buruzko Legeko 52. artikuluko erregistro-ondorioetarako.

Hirugarrena.– Iberdrola Distribución Eléctrica SAUk konplituki erantzun die aurkeztutako alegazioei.

Laugarrena.– Apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duenak (EHAA, 2013ko apirilaren 24koa), ematen dizkion ahalmenak erabiliz, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak honako hau

EBAZTEN DU:

1.– Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri baimena ematea Hernaniko udal-barrutian Hernani eta Arkale arteko 132 kV-ko 1. eta 2. lineen deribazio bikoitza (Electroquímica Hernani azpiestaziora doana) instalatzeko eta hura egiteko proiektua eta proiektua aldatzeko eranskina onartzea. Hauek dira linearen ezaugarri nagusiak:

Hernani eta Arkale arteko 1. eta 2. lineen aldaketa

– Zerbitzu-tentsioa: 132 kV (d/c).

– Eroaleak: 6 LA 455 Condor.

– Zuntz optikoa: OPGW 16-80.

– Lurreko kablea: ARLE 53.

– Euskarriak: sareta.

– Luzera: 367 m eta 324 m.

– Hasiera: Hernani azpiestazioa.

– Bukaera: Hirugarren euskarria.

Hernani eta Arkale arteko 1. linearen aldaketa eta Electroquímica Hernani azpiestaziorako deribazio-linea berria

– Zerbitzu-tentsioa: 132 kV (d/c).

– Eroaleak: 6 LA-280 HAWK.

– Zuntz optikoa: OPGW 16-80.

– Lurreko kablea: ARLE 53.

– Euskarriak: sareta.

– Luzera: 1.928 m.

– Hasiera: Hernani eta Arkale arteko 1. lineako hirugarren euskarria.

– Bukaera: Hernani eta Arkale arteko 1. lineako bederatzigarren euskarria.

Electroquímica Hernani azpiestaziorako deribazio-linea bikoitza

– Eroaleak: 6 LA-280 HAWK.

– Zuntz optikoa: OPGW 16-80.

– Lurreko kablea: ARLE 53.

– Euskarriak: sareta.

– Luzera: 1.223 m.

– Hasiera: Hernani eta Arkale arteko lineako Electroquímica Hernani azpiestaziorako deribazio lineako bederatzigarren euskarria.

– Bukaera: Electroquímica Hernani azpiestazioko ataria.

2.– Baimendutako instalazio elektrikoak onura publikokoak direla aitortzea. Azaroaren 27ko 54/1997 Legeak 54. artikuluan xedatzen duenarekin bat, inplizituki, aitorpenak berekin dakar ondasunak okupatu edo eskubideak eskuratu beharra, eta haiek berehala okupatu beharra, 1954ko abenduaren 16ko Legeak, nahitaezko desjabetzeari buruzkoak, 52. artikuluan presaz okupatzeko aitorpenerako xedatzen dituen ondorioak zehaztuz, lege bereko 53. artikuluko erregistro-ondorioetarako.

Ebazpen hau eman da abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuak xedatzen duenaren arabera (EHAA, 2002ko abenduaren 23koa), eta baldintza orokor hauek ezartzen ditu:

1.– Lanak egin behar dira onartutako proiektuarekin eta proiektua aldatzeko onartutako eranskinarekin bat, aurkeztutako dokumentuekin bat eta proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenak ezartzen dituen baldintzekin bat. Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Sailburuordetzako buruak 2013ko ekainaren 10ean emandako ebazpenak egin zuen proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena.

2.– Ebazpena eman eta bi urtean egon behar dute martxan instalazioek.

3.– Instalazioen titularrak lanak bukatu izanaren berri eman behar dio Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak Gipuzkoan duen lurralde-ordezkaritzari, hark behin betiko azterketa egin dezan eta instalazioak martxan jartzeko akta egin dezan.

4.– Ebazpen hau eman da Hernaniko Udalaren eta Gipuzkoako erakundeen eskumeneko baimen eta lizentziei eta lanak egiteko beharrezko baimen eta lizentziei kalte egin gabe eta haietatik bereiz, eta ez du salbuesten eskatzailea haiek lortzeko betebeharretik. Era berean, hirugarrenen eskubideei kalte egin gabe eta jabetza-eskubidea salbu utzita eman da.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, horrenbestez, interesdunak gora jotzeko errekurtsoa jar diezaioke Industriako sailburuordeari, hilabetean, ebazpena jakinarazi eta biharamunetik, hala xedatuta baitago azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko abuztuaren 14a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala