Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

179. zk., 2013ko irailaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Pribatuen iragarkiak

SOCIEDAD PARA LA TRANSFORMACIÓN COMPETITIVA-ERALDAKETA LEHIAKORRERAKO SOZIETATEA, S.A.
3988

IRAGARKIA, «Innobideak-Lehiabide – Ingurune globaletan enpresen lehiakortasuna areagotzea» Programaren arautegia onartzeari buruzkoa da.

Sociedad para la Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A.ko Administrazio Kontseiluak 2013ko irailaren 10eko batzarrean onartu zuen «Innobideak-Lehiabide – Ingurune globaletan enpresen lehiakortasuna areagotzea» programaren barruko laguntzak emateko arautegia (ondoren agertzen da programaren testu osoa).

Lehiaren testuinguru berri honetan, aurrera egin nahi duen enpresak funtsezkoa du posizio lehiakor bat aurkitzea merkatuetan. Izan ere, gauzak hobeto ez ezik, lehiakideek baino hobeto egiteko esparruak aurkitu behar dira merkatuan.

Globalizazioaren ondorioz, lehiakideak ugaritu egin dira, eta produktu eta zerbitzu gero eta sofistikatuagoak eskatzen dira; horregatik, enpresek kudeaketa-eredu berritzaileak eta parte hartzaileak behar dituzte, bai eta beren negozio-eredua birdefinitu ere, betiere kontuan hartuz merkatuen eskaera eta baldintza berriak, eta lehiakideen aldean desberdinak izan. Desberdintasun horrek eboluzionatuz joan behar du etengabe. Horrek esan nahi du etenik gabe berritzen saiatzea, hau da, produktu, zerbitzu edo prozesu berriak birpentsatzea eta ahal bada aurkitzea, kudeaketa eraginkor eta parte-hartzaile baten bidez, eta egungo eta etorkizuneko bezeroen premiak eta nahiak ase.

Era horretan, lehiakortasuna/globalizazioa binomioak nabarmendu egiten ditu enpresek zaindu eta inguruneek sustatu beharreko alderdi hauek:

1.– Pertsonek enpresen kudeaketan duten parte-hartzea bultzatzea.

2.– Negozio-ereduak birdefinitzea.

3.– Enpresa-dimentsioa areagotzea.

4.– Berrikuntzaren bidez merkatu berrietara eta/edo nazioartera zabaltzea, lehiakorragoa izatea eta, funtsean, haztea eta aurrera egitea.

Gaur egungo krisi ekonomiko larriaren ondorioz, gure enpresak ez dira lehen bezain lehiakorrak eta, beraz, berriro hazkunde jarraituaren bideari heltzeko urratsak egin behar dira lehenbailehen.

Innobideak Estrategiari esker, oro har euskal enpresei eta batik bat ETEei laguntzeko politikak elkartu egingo dira egungo Small Business Act for Europe eta Europa 2020 Estrategiarekin, bai eta etorkizuneko Horizon 2020 eta Cosme esparru-programekin ere.

Innobideak-Lehiabide Programaren ahaleginak mota honetako enpresetara bideratuko dira: garatu, hazi, merkatu berrietara eta nazioartera zabaltzeko asmo sendoa duten enpresa berritzaileak, edozein izanik ere beren gaitasun teknologikoa, eta besteen gidari izan daitezkeenak.

Europak 2014-2020rako duen programazio berriaren ildotik, Innobideak-Lehiabide Programak berrikuntza irekia eta sakona sustatuko du, ideia sortzen denetik merkaturatzen den arte, prozesutik produktura arte, antolaketa eta kudeaketa aurreratua barne direlarik, eta betiere kontuan hartuko dira diseinua, negozio-eredu berriak, berrikuntza inkrementalak eta erradikalak eta, batez ere, berrikuntza teknologikoa eta ez-teknologikoa konbinatzeak duen indarra.

Sociedad Para La Transformación Competitiva – Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea, S.A. («SPRI») Eusko Jaurlaritzaren mende dago, eta laguntza eman nahi die enpresei, balioa sortzeko gaitasuna handitu dezaten, haien negozio-ereduak eraldatuz. Eredu horien oinarrian enpresen indarguneak egon behar dira, abiapuntutzat hartu kudeaketa aurreratua, gauzak egiteko jakintza eta esperientzia, eta prest egon merkatu globalean lehiatzeko.

1. artikulua.– Laguntzen xedea eta izaera.

1.1.– Xedea.

Programa honen xedea da jarduera-gunea Euskadin duten enpresak lehiakorragoak izaten laguntzea, banakako nahiz lankidetzazko proiektu estrategikoak sustatuz, balio-proposamenak hobetu eta/edo negozio-ereduak berritu eta, era horretan, enpresak lehia globalaren baitan hobeto kokatu, merkatu eta/edo bezero berriak eskuratuz.

Arautegi honen bidez finkatzen dira Programaren baldintzak eta hartan parte hartzeko prozedura.

1.2.– Laguntzen izaera:

a) Programa honek printzipio hauek bete behar ditu: publizitatea, konkurrentzia, eta exekuzioaren eta ebazpenaren objektibotasuna.

b) Programa honek eta bertan arautzen diren laguntzek lehiaketaren printzipioa bete behar dute.

c) Programa honen baitan emandako laguntzak ez dira itzuli beharrekoak.

2. artikulua.– Arautegi aplikagarria.

Programa honi arautegi hau aplikatuko zaio:

1.– 1/1997 Legegintza Dekretua, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzkoa («1/1997 Legegintza Dekretua»).

2.– 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, Diru-laguntzei buruzko Lege Orokorra. 13. artikulua eta aplikagarri den guztia.

3.– 1998/2006 (EE) Erregelamendua, Batzordearena, minimis-laguntzak aplikatzeari buruzkoa.

3. artikulua.– Terminoak eta definizioak.

Programa honi begira, honako definizio hauek ezarri dira:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorra. Horren barruan doaz Eusko Jaurlaritza eta haren mendeko organismoak eta erakundeak.

2.– Krisian dagoen enpresa. Enpresa bat krisian dagoela esateko, baldintza hauetakoren bat bete behar du:

a) Bazkideek erantzukizun mugatua duten sozietateetan. Harpidetutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu da, eta laurdena baino gehiago galdu da azken hamabi hilabeteetan.

b) Bazkideek erantzukizun mugagabea duten sozietateetan. Funts propioen erdia baino gehiago desagertu da, eta laurdena baino gehiago galdu da azken hamabi hilabeteetan.

c) Enpresa mota guztietan. Porrot- edo kaudimengabezia-prozedura baten baldintzak betetzen dira.

Ezin da esan hiru urte baino gutxiago dituen enpresa bat krisian dagoenik, non eta ez duen «c» puntuak dioena betetzen.

3.– Banakako enpresa-proiektua. Enpresa bakar batek aurkeztu duena.

4.– Lankidetzazko enpresa-proiektua. Hainbat enpresak aurkeztu dutena, bertako erakunde guztiak direlarik lankidetzaren xedea. Ezin da esan lankidetza dagoenik enpresa elkartuak eta/edo lotuak direnean.

5.– Pertsonaleko gastuak. Soldata gordina (zergen aurretik), eta legeak agintzen dituen kotizazioak.

6.– Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa. Erakunde eskatzaileak egindako txostenean jasotako informazioaren arabera baloratuko dira puntu hauek:

a) Programaren helburuekin bat datorren.

b) Jarduera Plana bat datorren proiektuaren helburuekin.

c) Emaitzen eragina (enplegua, fakturazioa eta merkatu-kuota handitzea).

d) Sustapen-taldea eta kanpoko taldea egokiak diren (kanpoko taldeak izan duen parte-hartzea antzeko proiektuetan, esperientzia profesionala, taldearen hornidura eta gaitasuna).

e) Proiektua kudeatzeko eredua eta metodologia.

f) Bideratutako baliabideak egokiak diren.

7.– Laguntza zenbatekoa den. Gastu hautagarrien ehunekoa.

8.– Eskatzailearen plantillako pertsonal-gastuak. Zuzenean proiektuarekin lotuta dagoen pertsonalaren gastuak, baldin eta enpresan egin ohi den lanaren gehigarri bada jarduera hori.

9.– Kanpoko azpikontratazio espezializatuaren gastuak. Aurkeztutako proiektuaren eremuan adituak diren eta proiektua aurrera eraman behar duten kanpoko enpresak subkontratatzeko gastua.

Kanpoko enpresa adituek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Administrazio Publikoen mendeko, haiekin lotutako edo izaera juridiko propioa duten erakundeak ez izatea.

b) Akzioen edo partaidetzen bidezko loturarik ez izatea, ez zuzenik ez zeharkakorik, laguntza eskatu duenarekin edo lankidetza-proiektu batean sartutako enpresaren batekin.

c) Proiektuko partaide guztiek gutxienez 5 urteko esperientzia profesionala ziurtatu behar dute dena delako esparruan, hau da, lehiakortasuna hobetzeko gaitasuna eta esperientzia profesionala dutela erakutsi, eta eskatutako laguntzarekin aurrera egiteko gai direla frogatu.

d) Enpresak nahiz haien langileak eta lankideak ezin dira egon SPRIren deshomologatze prozeduren barruan.

e) Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente edo kide ez izatea.

10.– Erantzukizun-aitorpena. Enpresaren legezko ordezkariak egindako aitorpenak puntu hauen berri eman behar du:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren izen-abizenak eta NAN zenbakia edo Atzerritarraren Identifikazio Zenbakia.

b) Erakundearen izena, Identifikazio Fiskaleko Zenbakia (IFZ), sozietatearen helbidea eta eratze data.

c) Gutxienez jarduera-zentro bat egotea Euskal Autonomia Erkidegoan.

d) Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea, dena delako epigrafean.

e) Egunean edukitzea Gizarte Segurantzako eta zergetako betebeharrak, bai eta SPRI Taldeko edozein enpresarekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharrak ere.

f) Aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta laguntza eskatzen den ekitaldi fiskalean jasotako minimis laguntzen zerrenda.

g) Proiektu berarentzat eskatutako eta erakunde publikoek edo pribatuek emandako laguntzen zerrenda.

h) Arautegi honetako 5. artikuluko 1.f) atalean aipatutako egoeraren batean ez egotea.

4. artikulua.– Baliabide ekonomikoak.

1.– SPRIko Teknologia eta Berrikuntza Sailak horretarako finkatutako 2013ko aurrekontutik etorriko dira Programa honetarako baliabide ekonomikoak, eta eskatzaileen artean banatzeko orduan kontuan hartuko da aurkeztutako merezimenduen balorazioa, bai eta Programaren arabera bakoitzari dagokion laguntzaren zenbatekoa ere.

5. artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Erakunde onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresek jarduera-zentro bat edukitzea Euskal Autonomia Erkidegoan.

b) Erauzteko, eraldatzeko, ekoizteko eta zerbitzu teknikoetako jarduerak egitea, beren ekoizpen prozesuarekin lotuak, eta informazio- eta komunikazio-gizartearen arlokoak.

c) Banakako proiektuak aurkeztuz gero, gutxienez 50 langileko plantilla edukitzea eskaera egin den unean eta proiektua burutzen den bitarte guztian.

d) Lankidetza-proiektuak aurkeztuz gero, gutxienez 20 langileko plantilla edukitzea. Lankidetza proiektuetan, gainera, parte hartzen duten enpresek gutxienez 80 langileko plantillak eduki behar dituzte, guztira.

Eskaera egiten den unean eta proiektua burutzen den bitarte guztian bete behar dira baldintza horiek.

e) Egunean edukitzea Gizarte Segurantzako eta zergetako betebeharrak, bai eta SPRI Taldeko enpresekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko betebeharrak ere.

f) Egoera hauetakoren batean ez egotea (ziurtagiriak aurkeztu beharko dira):

Lehenengoa.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntza publikoak eskuratzeko edo harekin kontratuak egiteko debekua edo desgaikuntza.

Bigarrena.– Laguntzak itzultzeko agindu baten mende egotea, laguntza bat legez kontrakoa dela eta barne-merkatuarekin bateraezina dela erabaki duelako Europako Batzordeak.

Hirugarrena.– 1/1997 Legegintza Dekretuko 50. artikuluaren arabera eta 13/2003 Legeko 13. artikuluaren arabera onuradun ezin izatea.

Laugarrena.– Enpresa krisian egotea.

Bosgarrena.– Lehiaren jokoa oztopatu, mugatu edo faltsutu dezaketen jarduerak.

2.– Ezin dira erakunde onuradun izan Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko agente akreditatuak, eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroak (EBZ).

3.– Pertsona edo erakunde onuradunei ez zaie agindu aurrekontu publikoetako edo sektore publikoko edozein erakundek emandako laguntza itzultzea. Ezin du deialdi honetan parte hartu zigor irmoa jaso duenak zehapen-prozedura batean, haren jatorria laguntza publikoak direnean, edo zigorrak galarazi egiten duenean honelako programetan lehiatzea, eta zigorra betetzen ari denean. Eskatzailea dirua itzultzeko edo mota horretako zigor-prozedura baten barruan badago, horren emaitza ikusita emango da edo, hala balegokio, ordainduko da laguntza.

4.– Pertsona edo erakunde onuradunak ez dira kaudimengabetzat jo inongo prozeduratan, ez dute konkurtsorik eskatu, ez daude konkurtsoan, ez daude esku-hartze judizialean edo ez dira desgaitu Konkurtso Legearen arabera, konkurtsoko kalifikazio-epaian finkatutako desgaitze-aldia amaitu gabe dagoelarik.

5.– Laguntzak jaso ahal izateko baldintzak bete beharrekoak dira laguntza-eskaerak aurkezteko orduan nahiz likidazioaren orduan.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.– Hauek hartuko dira diruz lagun daitezkeen jardueratzat: erakundeen lehiakortasuna modu nabarmenean areagotzen duten proiektuak egitea, banaka nahiz lankidetzan, oinarri hauek ardatz harturik: negozio-ereduak berritzea, langileek enpresan parte-hartzea, merkatu berrietan presentzia sendotzea eta enpresaren neurria handitzea. Hauxe izango da proiektu horien funtsa:

a) Negozio-eredua berriro definitzea. Horretarako, balio-proposamena nabarmen aldatu beharko da, merkatu berrietara, hala nazionaletara nola nazioartekoetara, eta bezero berriengana iristeko.

Negozio-eredua berriro definitzeko zeregin horretan honako alderdi hauek berrikusi beharko dira: enpresaren produktu eta zerbitzuen mix horren balio-proposamena, interes-merkatu berriak, bezero-segmentuak, bezeroengana iristeko eta haiekin erlazionatzeko moduak, banaketa-bideak eta enpresaren kostu-egiturak.

Premisa horiek aintzat harturik, ez da diruz lagunduko enpresetako hasierako Plan Estrategikoak egitea.

b) Antolatzeko eredu sozialki berritzaileak ezartzea, horien bidez konfiantzan oinarritutako bestelako harreman-estilo batzuk sustatzeko. Funtsean bi hauek izango dira harreman-estilo berri horiek ezartzeko oinarriak: barne-komunikazioa hobetzea eta pertsonek kudeaketan, emaitzetan edota kapitalean parte har dezaten sustatzea.

Diruz laguntzeko modukoak izango dira enpresek antolaketa-egitura adimendun berria, lan metodologia, barneko eta kanpoko komunikaziorako mekanismoak zehazteko landutako planak eta aurrez eginiko azterketak, plan horien bidez enpresetan konfiantza-giroa sortzeko eta langileek enpresaren erabakietan parte hartzeko.

Gainera, laguntzak jaso ahal izateko, beharrezkoa izango da antolaketa-eredu berria benetan martxan jarri dela egiaztatzea. Horretarako, lan-metodologia berria eta komunikaziorako eta parte hartzerako jarritako bideak bermatuko dituen dokumentazioa aurkeztu behar du enpresak.

c) Produktu berriak diseinatzea edota egungo produktu/prozesuetan hobekuntza nabarmenak egitea eta produktu berrien merkaturatzea azkartzeko dinamikak martxan jartzea, beti ere produktu horiek aukera ematen badute enpresaren eskaintza dibertsifikatzeko eta merkatu berrietara bideratuta badaude.

Diruz lagun daitezke honako jarduera hauek ere: produktu berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko asmoarekin haien ezaugarri teknikoetan, osagaietan, materialetan, txertatutako softwarean edota bestelako ezaugarri funtzionaletan hobekuntza nabarmenak egiteko beharrezkoak diren diseinu- eta kontzeptualizazio-azterketak, baita produktu berriak merkatu berrietara azkarrago bideratzeko dinamikak eta proiektuaren bestelako eskakizunak jasotzen dituzten planak ere.

Diruz laguntzeko modukoak izango dira, orobat, bezeroekin, erabiltzaileekin eta kanpoko beste eragile batzuekin harreman-modu berriak sortzera bideratutako ekimenak. Hauek izango dira harreman-modu berri horiek finkatzeko oinarriak: berrikuntza irekiko metodologiak, beste batzuekin batera sortzea, esperimentazio-prozesuak edo living labs delakoak, horien bidez enpresaren produktuak eta zerbitzuak diseinatzeko prozesuetan adimen kolektiboa txertatu ahal izateko.

d) Euskal enpresek aurrez kanpora azpikontratatu, transferitu edota kanpoan garatutako produkzio-jarduerak berriro ere Euskal Autonomia Erkidegora ekartzea (Reshoring).

Diruz lagunduko dira reshoring deritzona erabakitzeko aurrez eginiko azterketak; kostu, errentagarritasun, produktibitate eta hornidura-katearen kudeaketari buruzko analisiak, hain zuzen. Produkzio-jarduerak berriro Euskadira ekartzea erabakitzeko oinarritzat hartuko diren azterketak, alegia. Hala, alde batetik, azterlan horiek lagundu egingo dute erabaki hori hartzen duten enpresen lehiakortasuna hobetzen eta, bestetik, indartu egingo dute EAEren industria-ahalmena.

e) Antolaketa-egitura berriak diseinatzea, integrazio- edota lankidetza-prozesuetatik eratorritako egiturak, horien bidez behar adinako neurria hartzeko eta, era horretara, merkatu berriak jorratzeko eta horietan lehiakor izateko. Horretarako, enpresek negozio-eredu bat zehaztu beharko dute aurrez eta balio diferentzial, global eta eraginkorrago baten proposamena egin.

Enpresak antolaketa-egitura berri batean integratu behar diren kasuetan, diruz lagunduko da antolaketa-egitura berriaren Bideragarritasun Plana edota Plan Estrategikoa lantzea. Plan horietan nahitaez jaso behar da egitura berriaren kudeaketarekin, erabakiak hartzearekin eta akzioen banaketarekin loturiko organo eta mekanismoei buruzko informazioa. Era berean, Plan Estrategikoan leku nabarmenean jaso behar dira honako alderdi hauek ere: merkatuen eta bezeroen estrategia, enpresa berritzeko estrategia eta martxan jarriko den jardueraren jarraipena eta ebaluazioa egiteko mekanismoak.

Antolaketa-egiturak juridikoki bateratuta egon gabe lankidetzan jardungo duten enpresen proiektuei dagokienez, Balio Katean integratzeko estrategiak finantzatuko dira. Hau da, produktuen edota zerbitzu integralen balio-proposamenak (produktu osagarrien katalogoa edota produktuak zerbitzu bihurtzea) zehazteko aukera emango duten estrategiak, bai eta hainbat enpresatako hornidura kateak integratzeko (Supply Chain Management) aukera ematen duten estrategiak ere. Horien guztien helburua izango da zerbitzuan eta kostuan eraginkortasun handiagoa lortzea eta partaide diren enpresentzako interesekoak izan daitezkeen merkatu berrietara iristea.

2.– Enpresa bakoitzak proiektu bakarra aurkeztu ahal izango du Programa honen deialdi bakoitzera (banaka edo beste batzuekin lankidetzan).

3.– Laguntza-eskabidearen aurkezpen elektronikoa egin ondoren hasiko dira gauzatzen proiektuak, urte naturalaren barnean, eta hamabi hilabeteko epean egingo dira, proiektua martxan jarri den egunetik zenbatzen hasita.

4.– Enpresak berak abiarazitako gogoeta estrategikoa izan behar dute proiektuek oinarrian (barnean egindakoa edo kanpoko espezialisten laguntzarekin gauzatutakoa), dokumentatuta egon behar dute, enpresa eskatzailearen edo eskatzaileen zuzendaritzak beren gain hartu behar dituzte eta Laguntza-eskabidearen xede diren jarduerak jaso behar dituzte.

5.– Proiektua burutu eta hamabi hilabeteko epean enpleguari, fakturazioari eta merkatu-kuotari loturik lortu nahi diren helburuak zehaztu behar dira proiektuan.

7. artikulua.– Gastu hautagarriak.

Honako hauek hartuko dira gastu hautagarritzat:

a) Laguntza eskatu duen enpresako plantillako kide izan eta zuzenean proiektua gauzatzen jardungo duten langileen gastuak, beti ere jarduera hori enpresan egin ohi duten lanaren osagarria bada. Kontzeptu hori dela-eta gastu hautagarria ez da izango hurrengo b) atalean zehaztutako gastuak baino % 30 handiagoa.

b) Aurkeztutako proiektuaren esparruan adituak diren kanpoko enpresak azpikontratatzeko gastuak.

8. artikulua.– Gastu hautagarriei aplikatzekoak diren baldintzak.

1.– Gastu hautagarriak balioztatzeko, honako irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Aurkeztutako proiektuarekin zuzenean loturik egongo dira gastu hautagarriak.

b) Beherapenak eta antzekoak izanez gero, fakturan sartuta egon zein ez, gastua gutxitu egingo da.

c) Gastu hautagarriak arrazoizkoak izango dira, eta Batzorde Eragileak erabaki dezake horiek mugatzea.

d) Ez dira gastu hautagarritzat hartuko Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edota bere mendeko Sozietateek indarrean dituzten beste Programen bidez lagundutako kontzeptuak edota gastuak.

e) Fakturari aplikatzen zaion balio erantsiaren gaineko zerga ez da inoiz gastu hautagarria izango.

f) Ez dira inoiz gastu hautagarritzat hartuko honako hauek: kanpoko enpresako langileen bidaia gastuak, materialak lantzea, aretoak alokatzea, dietak eta antzekoak.

9. artikulua.– Laguntzen modalitateak eta zenbatekoak.

1.– Deialdi honetako laguntzak itzuli behar ez diren diru-laguntzak izango dira. Hauek izango dira gastu hautagarrien gaineko ehunekoak:

a) Banakako proiektuak. Proiektuaren gastu hautagarrien % 50eraino, eta gehienez ere 45.000 euroko diru-laguntza enpresa bakoitzeko.

b) Lankidetza-proiektuak. Proiektuaren gastu hautagarrien % 60raino, eta gehienez ere 35.000 euroko laguntza enpresa bakoitzeko eta 100.000 eurokoa lankidetza-proiektuan partaide diren enpresa guztientzako. Laguntza eskatzen duten enpresek ezingo dute, beren aldetik, proiektutik eratorritako kanpoko gastuen % 70 baino gehiago beren gain hartu.

2.– Kasu guztietan, laguntzaren % 80 proiektua gauzatzeko laguntza izango da eta gainerako % 20a enpresa partaide guztiek ezarritako helburuak benetan lortzen diren ala ez aztertu eta horren arabera eman beharreko laguntza. Hau da, proiektua burutu eta hurrengo hamabi hilabeteetan enpleguari, fakturazioari eta merkatu-kuota hazteari dagokionez enpresek finkatutako helburuak betetzen diren ala ez aztertu, eta horren arabera emango da gainerako % 20 hori.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea eta mugak.

1.– Laguntzaren zenbatekoa ez da, inolaz ere, soilik laguntza hori aintzat hartuta edo edozein administraziok edo haien sektore publikoek xede bererako emandako beste laguntza batzuk gehituta, erakunde onuradunak garatzeko asmoa duen jardueraren kostua baino handiagoa. Beste laguntza publikoak eta Programa honen bidez emandakoa aintzat harturik metatutako zenbatekoak gainditu egiten badu kostu hori, murriztu egingo da programa honetan araututako laguntzaren zenbatekoa, jardueraren gehiegizko finantzaketa saihesteko behar den beste murriztu ere.

Aurrekoa kontuan hartuta ere, deialdi honetan onartutako proiektuak ez dira diruz laguntzekoak izango Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta haren mendeko sozietateen beste programa batzuetan.

2.– Programa hau aplikatuz emandako laguntzak garrantzi txikiko laguntzak edo minimis laguntzak dira.

Erakunde onuradun batek jaso dezakeen gehienezko minimis laguntza ezin izango da 200.000 eurotik gorakoa izan, egungo ekitaldi ekonomikoa eta aurreko biak aintzat hartuta. Hori dela eta, programa honetan xedatutako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurreko hiru ekitaldi ekonomiko horietan lortu dituen beste minimis laguntza batzuei gehituta –laguntza eman duen administrazioa edozein izanik ere–, muga horretatik gorakoa bada.

Muga hori edo programa honetako beste edozein muga gaindituz gero, programa honen bidez emandako laguntzatik gehiegizko zenbatekoa murriztuko da.

11. artikulua.– Laguntzen eskabideak aurkezteko epea.

Laguntza eskabideak aurkezteko epea araudi hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da eta 2013ko urriaren 31n amaituko.

12. artikulua.– Laguntzak eskatzea.

1.– Aurreikusitako laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituzten erakundeek SPRIren web gunean eskuragarri dagoen laguntza-eskabidea bete behar dute: http://www.spri.es/ Lehiabide.

2.– Erakundea ordezkatzeko nahikoa ahalmen duen pertsonak sinatu behar du eskabide hori, sinadura elektronikoaren bidez. Eskabidea SPRIra modu telematikoan bidalitako eguna, horixe izango da aurkezpenarena.

3.– Erakunde eskatzailearen, haren legezko ordezkariaren eta erakundearen barnean harremanetarako pertsonaren identifikazio-datuak jaso behar dira laguntza-eskabidean.

4.– Laguntza-eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Erakundearen legezko ordezkariaren erantzukizunpeko aitorpena.

b) Erakunde onuradun guztien Tc2 agirien kopiak, eguneratuak, eskabide telematikoa aurkezten den unean.

c) Azkeneko ekitaldi itxian altan dauden langileen batez besteko plantilla, Gizarte Segurantzako Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagiria.

d) Legezko ordezkariaren notario-ahalorde nahikoaren kopia, indarrean.

e) Jarduera ekonomikoen agiri historikoa, dagokion Foru Ogasunak emana.

f) Erakundeak zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta dituela egiaztatzen duten ziurtagiri eguneratuak, gehienez ere hiru hilabeteko antzinatasuna dutenak.

g) Finantza-erakundearen ziurtagiriaren kopia, kontu korrontearen titularitatea erakunde onuradunari dagokiola eta zenbaki hori duela egiaztatzen duena.

h) Proiektuaren memoria teknikoa eta ekonomikoa.

5.– Enpresak abiarazitako gogoeta estrategikoaren prozesua jasotzen duen agiria: Plan Estrategikoa edo Kudeaketa-plana edo Administrazio Kontseiluaren akta edo Berrikuntza-agenda. Laguntza eskatu duen edo duten enpresaren edo enpresen zuzendaritzak aurrez onartua izango da dokumentu hori eta bertan zehaztuko dira Laguntza-eskabidearen xede diren jarduerak.

6.– Lankidetza-proiektuak badira, enpresa eskatzaileek Laguntza-eskabide bakarra aurkeztu behar dute proiektu bakoitzeko, egitasmoan partaide diren guztiek modu digitalean sinatua. Programa honetatik eratorritako betebehar guztiei elkartasunez erantzungo diete enpresa partaide guztiek. Erakunde onuradunen ahaldunetako batek proiektuaren buruzagitza hartu behar du, egitasmoaren garapenaz eta kudeaketaz arduratzeko eta proiektuak aurrera egin dezan SPRIrekin izan beharreko bitartekaritza- eta harreman-funtzioak bere gain hartzeko, bai eta erakunde horren parte-hartze maila islatzeko ere, lankidetza-proiektuko gainerako kide guztiek elkartasunez duten erantzukizuna alde batera utzi gabe.

Lankidetza-proiektuko partaide guztiek aurkeztu behar dituzte aurreko 4. atalean adierazitako agiriak eta, horrez gainera, programa honetan finkatutako baldintzak bete behar dituzte nork bere aldetik.

13. artikulua.– Ebaluatzeko eta ebazteko prozedura.

1.– Laguntza-eskaerak ebaluatzea eta ebaztea helburu hartuta, batzorde betearazle bat sortuko da, SPRIko Administrazio Kontseiluak izendatuko dituen kideez osatua. Kide horietako bat Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Saileko ordezkaria izango da, eta gainerako hiru kideak, berriz, SPRIko ordezkariak.

2.– Laguntza-eskaeraren atal guztiak ez badaude beteta, edo eskatutako gainerako dokumentazioa ez bada eskabidearekin batera aurkeztu, SPRIk eskatuko du 10 laneguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko du hala egin ezean eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Epe hori agortzen bada zuzenketa egin gabe, SPRIk ebatziko du eskaerari uko egin zaiola.

Proiektuaren memorian ezingo da zuzenketarik egin. Hala eta guztiz, hari buruzko informazio osagarria eskatu ahal izango du SPRIk ebaluazio-prozesuan.

3.– Eskatzaileak baliozkotuko ditu laguntza-eskaeran identifikatutako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk e-mail bidez bidalitako komunikazio guztiak.

4.– SPRIk banan-banan aztertuko ditu epean aurkeztutako eskabideak, eta Programa honetan ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Programan parte hartzeko ezarritako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak gaitzetsiko dira, SPRIren bana-banako ebazpenen bidez, eta erabaki horiek jakinaraziko zaizkie interesdunei.

5.– Esleipen-irizpide objektiboak. Proiektuen ebaluazioa egingo da honako ebaluazio-irizpide eta puntu-kopuru hauek aplikatuz:

a) Programaren helburuekin bat etortzea: 15. Gutxienez 9 / gehienez 15.

b) Ekintza-plana proiektuaren helburuak lortzeko egokia izatea: 20. Gutxienez 12 / gehienez 20.

c) Emaitzen eragina (enplegua, fakturazioa eta merkatu-kuota handitzea): 20. Gutxienez 12 / gehienez 20.

d) Talde sustatzailea eta kanpoko taldea bat etortzea (kanpoko taldearen erreferentziak antzeko proiektuetan, lanbide-esperientzia, taldekideen kopurua eta trebakuntza): 15. Gutxienez 9 / gehienez 15.

e) Proiektua kudeatzeko eredua eta metodologia: 15. Gutxienez 9 / gehienez 15.

f) Esleitutako baliabideen egokitasuna: 15. Gutxienez 9 / gehienez 15.

Ebaluazio-irizpide bakoitzean zehaztuta dago gutxienez eskatuko den puntuazioa eta gehienez emango dena. Puntuazioa lortzen da irizpide bakoitzarentzat definitutako alderdien betetze mailaren arabera. Aipatu irizpideetako batean eskatutako gutxieneko puntuazioa gainditzen ez bada, eskaerari ezezkoa emango zaio.

6.– Ebazteko epea. Hiru hilabeteko gehienezko epea ezartzen da ebazpena emateko, deialdia itxitako egunetik zenbatzen hasita. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, eskaerari ezezkoa eman zaiola ulertuko da.

14. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

1.– Erakunde onuradunek, 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan aurreikusitakoa betetzeaz gain, honako baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horren haritik, erakunde onuradunak hamabost eguneko epean (diru-laguntza emango zaiola jakinarazitako egunetik zenbatzen hasita) ez badio esanbidez uko egiten diru-laguntzari SPRIren aurrean, onartu egin duela ulertuko da.

b) Emandako diru-laguntza erabiltzea, zehazki, laguntza ematea eragin duen proiekturako.

c) SPRIk beharrezkotzat jotako dokumentu gehigarri oro eska dezakeela onartzea. Halaber, emandako laguntzaren xede den proiektua gauzatuko dela eta eskatutako baldintzak beteko direla egiaztatze aldera, SPRIk izendatutako langileek premiazkotzat eta komenigarritzat jotako egiaztapen guztiak egin ahal izango dituzte haien edozein instalaziotan.

d) Faktura guztiak osorik gordetzea eta SPRIren eta EAEko Administrazio Orokorraren esku jartzea bost urteko epean, gastu aukeragarriak egindako unetik zenbatuta.

e) Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari ematea laguntzen erabilera ikuskatzeko funtzioak betetzearren eskatutako informazioa.

f) SPRIri berehala jakinaraztea hemen araututako laguntzen helburu bererako beste edozein Administrazio edo erakunde publiko zein pribaturen bidez eskatutako edo lortutako laguntza, diru sarrera edo baliabide ororen berri.

g) Laguntza emateko aintzat hartutako edozein baldintza aldatuz gero SPRIri jakinaraztea.

15. artikulua.– Laguntzen aldaketa.

1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetan gertatutako aldaketa oro, eta edonola ere, beste administrazio edo erakunde publiko zein pribatuk emandako edozein laguntza edo diru-sarrera aldi berean eskuratu izana, eta, hala badagokio, helburu bererako eskuratutako edonolako diru-sarrera edo baliabideak aintzat hartuko dira, eta laguntza emateko erabakia aldatzea eragin dezakete, baldin eta Programa honetan ezarritako gutxieneko baldintzak bermatzen badira.

2.– Halaber, erakunde onuradunek eskatu eta justifikatuz gero, egingo diren jarduerak gauzatzeko epe luzeagoa eman dezake SPRIk, eta horrek eragingo du, nahitaez, jasotzekoak diren zenbatekoen ordainketak neurri berean atzeratzea.

3.– Jarduketek nahitaez barne hartuko dituzte laguntza-eskaeran eta harekin batera aurkeztutako dokumentazioan adierazitakoak. SPRIk aldaketak egiteko baimena eman dezake, erakunde onuradunak aldez aurretik justifikatu baditu, jarduketak amaitu baino lehen, eta Programaren bidez hasieran lortu nahi ziren jarduera eta helburuen izaera hutsaltzen ez bada.

16. artikulua.– Likidazio-eskaera. Aurkezteko epea.

Proiektuaren egikaritzeari dagokion zatia likidatzeko:

1.– Diruz lagun daitekeen jarduketa amaitu ondoren, erakunde onuradunek justifikatu beharko dute jarduketa hori. Horretarako, likidazio-eskaera egiteko inprimakiak erabiliko dituzte, SPRIren web-orrian eskura daudenak. Likidazio-eskaera aurkezteko epea hilabete batekoa izango da, proiektuaren egikaritzea burututako egunetik zenbatzen hasita.

2.– Erakundearen ordezkari izateko gaitasuna duen pertsonak sinatu beharko du likidazio eskaera, sinadura elektroniko bidez. Aurkezpen-eguntzat hartuko da SPRIra bidalketa telematikoa egindako eguna.

3.– Likidazio-eskaeran adierazi beharko dira erakunde eskatzailearen eta legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera, honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Fakturen fotokopia. Fakturak hilabeteko epean egindakoak izan behar dute, proiektuaren egikaritzea burututako egunetik zenbatzen hasita, eta likidazio-eskaera telematikoan fakturen koadroan zehaztutakoekin bat etorri behar dute. Ez dira onartuko proiektua hasi baino lehenagoko data duten fakturak, ez eta onartu gabeko gastuei dagozkienak ere.

b) Finantza-erakundearen ordainketa-frogagiriak. Banku-frogagiriek izan behar dute fakturak igorri ondoren eginak. Hala ez bada, prozesuaren trazabilitatea azaldu behar da. Ez da onartuko proiektua hasi aurreko ordainketa-frogagiririk.

c) Erakunde onuradun guztien Tc2-en kopiak, likidazio-eskaera telematikoa aurkezteko unean eguneratuta.

d) Itxitako azken ekitaldian batez beste alta emanda zeuden langileen kopurua, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagirian adierazita.

e) Erakundearen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituen eginbideak betetzeari dagokionez, egunean dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabete lehenago egina.

f) Memoria tekniko eta ekonomikoa. Likidazio-eskaera telematikoaren atal guztiak bete behar dira. Aurkeztu behar dira proiektua gauzatzean sortutakoak eta entregatzekoak diren agiri eta txosten guztiak, laguntza-eskaeraren arabera.

g) Orduen txostenak, erakunde eskatzaile, onuradun eta azpikontratatuetako parte-hartzaile bakoitzak proiektuari esleitutako arduraldi eta kostuen asteko banakapena adierazita, eskaeran jasotako fase eta eginkizunak oinarri hartuta.

5.– Likidazio-eskaeraren atal guztiak ez badaude beteta, edo eskatutako gainerako dokumentazioa ez bada eskabidearekin batera aurkeztu, SPRIk eskatuko du 10 laneguneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko dokumentuak aurkezteko. Halaber, adieraziko du hala egin ezean eskaerari uko egin zaiola ulertuko dela, eta horren berri emango dio erakunde eskatzaileari. Epe hori agortzen bada zuzenketa egin gabe, SPRIk ebatziko du eskaerari ezezkoa eman zaiola.

6.– Eskatzaileak baliozkotuko ditu laguntza-eskaeran adierazitako pertsonaren helbide elektronikora SPRIk e-mail bidez bidalitako komunikazio guztiak.

Laguntzaren helburuak benetan lortu izanari lotutako zatiari dagokion likidaziorako:

1.– Enpleguaren, fakturazioaren eta merkatu-kuota handitzearen alorreko helburuak lortu ondoren, lorpen horiek justifikatu beharko dituzte erakunde onuradunek. Horretarako, likidazio-eskaera egiteko inprimakiak erabiliko dituzte, SPRIren web-orrian eskura daudenak. Likidazio-eskaera hori aurkezteko epea hamahiru hilabetekoa izango da, proiektuaren egikaritzea burututako egunetik zenbatzen hasita.

2.– Erakundearen ordezkari izateko gaitasuna duen pertsonak sinatu beharko du likidazio-eskaera, sinadura elektroniko bidez. Aurkezpen-eguntzat hartuko da SPRIra bidalketa telematikoa egindako eguna.

3.– Likidazio-eskaeran adierazi beharko dira erakunde eskatzailearen eta legezko ordezkariaren identifikazio-datuak.

4.– Likidazio-eskaerarekin batera honako dokumentu hauek aurkeztu beharko dira:

a) Erakunde onuradun guztien Tc2-en kopiak, likidazio-eskaera telematikoa aurkezteko unean eguneratuta.

b) Itxitako azken ekitaldian batez beste alta emanda zeuden langileen kopurua, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak emandako ziurtagirian adierazita.

c) Erakundearen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekin dituen eginbideak betetzeari dagokionez, egunean dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria, gehienez ere hiru hilabete lehenago egina.

d) Zinpeko deklarazioa –gero ikuskatuko dena– enpresak enpleguaren, fakturazioaren eta merkatu kuota handitzearen alorreko helburuak behar bezala lortu dituela egiaztatzeko.

17. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

1.– SPRIk bi ordainketen bidez gauzatu eta entregatuko ditu diru-laguntzak:

a) Proiektua amaitu ostean eta behar bezala justifikatu ondoren, % 80.

b) Enpresak enpleguaren, fakturazioaren eta merkatu-kuota handitzearen alorreko helburuak lortu dituela behar bezala egiaztatu ostean, gainerakoa; hau da, % 20.

2.– SPRIk ordainketa egingo du 60 laneguneko epean, aurreko artikuluan ezarritako likidazio eskaerak eta frogagiriak aurkeztutako egunetik zenbatzen hasita, eta SPRIko Teknologia eta Berrikuntza sailak ebaluatu eta oniritzia eman ostean. Zenbaketa hori egiteko ez da kontuan hartuko 14. artikuluko 1c puntuan adierazitako SPRIren ikuskapenak eragindako epea, ez eta abuztua ere, baliogabea dela joko baita.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Erakunde onuradunek betetzen ez badute araudi honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako betekizunen, edota laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzaren bat, halakorik balego, emandako diru-laguntza lortzeko eskubidea galduko dute. Kasu horretan, SPRIri itzuli beharko diote ordura arte jasotako laguntzaren zenbatekoa, dagozkion legezko interesak erantsita; eta, behar izanez gero, itzulera hori lortzeko legezko ekintzak gauzatzeari ekingo zaio.

2.– Nolanahi ere, artikulu honetan aurreikusitako ondorioetarako, egoera hauek ez-betetzat hartuko dira:

a) Gastu aukeragarrien frogagiriak epean ez aurkeztea, edo Programa honetan zein laguntzak emateko ebazpenean ezarritako baldintzak ez betetzea.

b) Diruz lagundutako proiektua gauzatzeko ezarritako epeak gainditzea, epe horiek aldatzeko edo luzatzeko baimena izan ezean.

c) Laguntza lortu izana Programa honetan ezarritako betekizun eta baldintzak bete gabe, edota laguntza ematean ezarritakoak ez betetzea.

d) Programan edo laguntza ematean aurreikusitako edozein kontrol-neurritan ez parte hartu nahi izatea edo prozesu horietakoren bat eragoztea.

e) Proiektuaren beste edonolako desbideratzea, edota laguntza emateko ebazpenean ezarritako beste edozein betebehar ez betetzea.

3.– Ez-betetzea egiaztatzeko espedientea hastea eta izapidetzea SPRIren zeregina izango da. Ez-betetze bat gertatu izanari buruzko ebazpena ematea Programako Batzorde Betearazlearen eskumena izango da.

4.– Bidegabe jasotako zenbatekoak hilabete bateko epean itzuli beharko dira, erakundeari horren berri emandako egunean zenbatzen hasita. Horrez gain, hilabete hori igaro ondoren eragindako legezko interesak ere ordaindu beharko dira.

5.– Halaber, Programak helburu duen jardueraren kostua gainditzen duen laguntza-zatia itzuli beharko da, 10. artikuluan araututakoari jarraiki gainfinantziazioa gertatuz gero, ordainketaren ostean beste laguntza batzuk ere jaso izanaren ondorioz. Kasu horretan itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko da gertaera hori adierazteko eta itzulera erabakitzeko emango den ebazpenean.

6.– Itzuli beharreko zenbatekoak zuzenbide publikoko sarreratzat hartuko dira eta 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 64. artikuluan ezarritako erantzukizunen araubidea aplikatuko da.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Erakunde onuradunek Programa honi lotuta gauzatuko dituzten argitaratze- eta sustapen jarduera guztietan jakinaraziko dute SPRIk emandako laguntza.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoari jarraiki, helarazitako datu pertsonalak «Laguntzak» izeneko fitxategi batean jasoko ditugu. Fitxategi horren arduraduna SPRI da, eta honako hau du helbide: Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, Plaza Bizkaia Eraikina, 48011 Bilbo.

Fitxategi horren xedea da SPRIren bidez diseinatutako eta/edo kudeatutako laguntzen/diru laguntzen espedienteak kudeatzea. Informazio hori eman ahal izango zaie enpresa laguntzaileei, dagokion arloan eskumena duen Administrazio Publikoari eta SPRI Taldeko enpresei, behar izanez gero.

Fitxategi horren berri eman zaio Datuak Babesteko Espainiako Bulegoari, eta datuen erabateko segurtasuna bermatzeko beharrezkoak diren segurtasun-neurriak hartu dira.

Datuetan sartzeko aukera, eta behar izanez gero, datuak zuzentzeko, datuen aurka egiteko eta datuak ezerezteko aukera balia daiteke, aipatu legeak ezarritako baldintzetan, SPRIko segurtasunaren arduradunari komunikazio idatzi bat bidaliz helbide honetara: lopd@spri.es

AZKEN XEDAPENETATIK HIRUGARRENA

SPRIren erabakiak merkataritza-izaera du, eta jurisdikzio-eskumena epaileena eta auzitegi zibilena da. Erakunde onuradunek berariaz uko egiten diete dagozkien eskumenei eta Bilboko Auzitegi eskudunen mende jartzen dira esanbidez, laguntzen Programa honen interpretazioari edo gauzatzeari buruz zuzenean nahiz zeharka sor daitekeen edozein auzi, desadostasun edo erreklamazio erabakitzeko.

AZKEN XEDAPENETATIK LAUGARRENA

SPRIren zuzendari nagusiari ahalmena ematen zaio, araudi hau gauzatzeko eta garatzeko behar diren xedapenak eman ditzan.

Bilbo, 2013ko irailaren 11n.

Zuzendari nagusia,

ALEXANDER ARRIOLA LIZARRITURRI.


Azterketa dokumentala