Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

172. zk., 2013ko irailaren 10a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ENPLEGU ETA GIZARTE POLITIKETAKO SAILA
3874

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 30ekoa, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariarena, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Lanbide Heziketako sailburuordeari eskumenak eskuordetzan emateko dena.

Lehendakariak akordio-markoa izenpetu du hezkuntza-sistemaren lanbide heziketako irakaskuntza-sektoreko eta enpresa-sektoreko hainbat eragilerekin, honako helburu honekin: esperientzia pilotu bat sustatzea, hezkuntzaren eremutik bizitza aktibora iragatea ahalbidetuko duena, eta, horrekin batera, Lanbide Heziketako titulu baten jabe diren ikasleek gaikuntza handiagoa eskuratzea eragingo duena, enpresetan egonaldiak eginez, betiere, helburu izanik enplegu kualifikatu batean jarduteko beharrezkoak diren ezagupenak, gaitasun teknikoak eta trebetasunak gehitzea eta produkzio-sektoreetako enpresen behar espezifikoei erantzutea.

Esperientzia pilotu horri Lehen Aukera programa deitu zaio, eta programa hori gauzatzeko, ezinbestekoa da lanbide-heziketako ikastetxeek aktiboki parte hartzea. Prestakuntza-programa hori garatzeko ahalmena duten ikastetxeak izango dira, eta gai izan behar dute, halaber, praktikak egingo diren enpresekiko harremanak zuzentzeko eta bideratzeko, programaren azken hartzaileek enpresa horietan egingo baitituzte lan-izaerarik gabeko praktikak. Hori guztia ordaindu egingo da, gainera, diru-laguntza deialdi baten bidez.

Euskal Autonomia Erkidegoan, enplegurako lanbide-prestakuntzaren kudeaketa –prestakuntza horri lotutako lan-izaerarik gabeko praktikak barne– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuari esleitutako egitekoa da. Erakunde autonomo horren barruan, Administrazio Kontseiluari dagokio arlo horretako diru-laguntzen deialdiak lantzea eta onartzea, eta zuzendari nagusiari, berriz, deialdi horiek ebaztea, Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren Estatutuen 7.f) artikuluan eta 10.2.j) artikuluan –hurrenez hurren– ezarritakoa betez (maiatzaren 22ko 82/2012 Dekretuaren bidez onartu ziren estatutu horiek).

Lehen Aukera programa martxan jartzearen premia, efikazia eta eraginkortasuna direla-eta, Lanbideren Administrazio Kontseiluak, 2013ko uztailaren 29ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren Lanbide Heziketako sailburuordeari eskuordetzan eman dio Lehen Aukera programa gauzatzeko diru-laguntzen deialdia lantzeko eta onartzeko eskumena.

Lanbideren Administrazio Kontseiluak erabakia hartzeko erabili zituen arrazoiak kontuan izanda, eta erabaki horrekin bat etorriz, komeni da Lanbide Heziketako sailburuordeari eskuordetzea diru-laguntzen deialdi hori ebazteko eskumena.

Horregatik guztiagatik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 13 artikuluak esleitutako eskumenak baliatuz, hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Lanbide Heziketako sailburuordeari eskuordetzan ematea organo horrek berak onartzen duen diru-laguntza deialdia ebazteko eskumena, Lanbideren Administrazio Kontseiluak –2013ko uztailaren 29ko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez– onartutako eskumen-eskuordetzeari jarraikiz. Diru-laguntza horiek izango dira, hain zuzen ere, enpresetan lan-izaerarik gabeko praktikak egiteko prestakuntza-proiektu bat gauzatzeko. Lehen Aukera programa izeneko proiektua da, eta hezkuntza-sistemako lanbide heziketan titulazioa lortu berri duten gazteen lanbide-gaikuntza hobetzea du helburu.

Erabaki honetako eskumen-eskuordetzeak berekin dakartza eskuordetutako eskumen nagusi hori gauzatzeko beharrezkoak diren eskuduntza guztiak, baita eskuordetzen duen organoarenak izan daitezkeenak ere, programa hau betearaztearen ondorioz sor daitezkeen itzultze- eta zehatze-prozedurei dagozkienak barne.

Eskumen-eskuordetze horren barruan sartzen da, halaber, burututako prestakuntza-ekintzaren egiaztagiriak ematea.

Bigarrena.– Ebazpen honen bidez emandako eskumen-eskuordetzea baliatuz egiten diren administrazio-egintza guztiek espresuki jasoko dute eskuordetze hori (EHAAn zein egunetan eta zein zenbakitan argitaratu zen adierazita), eta eskuordetzen duen organoak emandakotzat hartuko dira.

Hirugarrena.– Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendariak edozein unetan ezezta dezake Ebazpen honetan eskuordetutako eskumenaz baliatzea.

Laugarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 30a.

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusia,

ADOLFO ALUSTIZA FERNÁNDEZ.


Azterketa dokumentala