Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2013ko abuztuaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
3580

EBAZPENA, 2013ko uztailaren 9koa, Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariarena, Errenteriako udalerrian dagoen STR Pekín izeneko Banaketako Transformazio Azpiestazioa eraberritzea herri-onurako deklaratu eta horren exekuzio-proiektua onartzen duena (Erreferentzia: 24067 – AT-D-2013/6).

AURREKARIAK

Bat.– Egoitza Erandioko (Bizkaia) Axpeko Erribera kaleko 5ean duen Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresak, 2013ko otsailaren 25ean, administrazio-baimen eskatu zuen honako honetarako: Errenterian kokaturiko STR Pekín izeneko Banaketako Transformazio Azpiestazioko instalazioak eraberritzea herri-onurako deklaratu eta horren exekuzio-proiektua onartzeko.

Bi.– Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuko 10. artikuluan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuko 144. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, Iberdrola Distribución Eléctrica, SAUren aipatu eskabidea jendaurrean erakusteko iragarkia argitaratu zen, 2013-03-25eko GAOn, 2013-04-12ko EHAAn eta 2013-03-26ko El Diario Vasco egunkarian.

Hiru- 2013ko martxoaren 20an ofizio bat igorri zitzaion Errenteriako Udalari, aipaturiko iragarkia udaletxeko iragarki-oholean jar zezan, eta, aldi berean, instalazioaren herri-onuraren deklarazioa bidezkoa zen ala ez adierazteko txostena eta, hala bazegokion, egoki iritzako baldintza teknikoak aurkez zitzan.

Lau.– 2013ko maiatzaren 15ean, Errenteriako Udalak aldeko txostena eman zuen, eta baldintza tekniko bat ezarri zuen.

Bost.– 2013ko martxoaren 20an, Ura-Uraren Euskal Agentziari ofizio bat igorri zitzaion, zeinetan eskatzen baitzitzaizkion –egoki bazen– baiezko eman zezan bai administrazio-baimenari eta baldintza teknikoari dagokienez.

Sei.– Errenteriako Udalaren baldintzak jakinarazi zizkion Iberdrola Distribución Eléctrica, SAU enpresa eskatzaileari, eta honek onartu egin zituen.

Zazpi.– Jendaurreko informazio-aldian ez zen aurkeztu alegazio-idazkirik.

OINARRI JURIDIKOAK

Bat.– Espedientean ondoko arauetan agindutako arauzko izapideak bete dira: Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legea (1997-11-28ko BOE); Argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, hala nola hasitakoak, zuzeneko lineak eta kontsumitzaileekin konektatzeko instalazioak eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenerako prozedurak arautzeko abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua (2002-12-23ko EHAA); Argindarra garraiatu, banatu, merkaturatu eta zuzkitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua, eta gainontzeko legeri konkordantea.

Bi.– Sektore Elektrikoari buruzko 54/1997 Legearen 52. artikuluak herri-onurakotzat deklaratzen ditu argindarra banatzeko instalazioak, horiek instalatzeko beharrezko diren ondasun eta eskubideen nahitaezko desjabetzea egiteko eta igarobide zorra ezarri eta erabiltzeko, eta, deklarazio horrek berez berarekin dakar ondasun eta eskubide horien hartu beharra eta presaz okupatu beharra, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluaren ondorioetarako.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendariak, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen apirilaren 9ko 190/2013 Dekretuan ematen zaizkion ahalmenez baliatuz (2013-04-24ko EHAA), hau

EBAZTEN DU:

1.– Ondoko azpiestazioa eraberritzeko exekuzio-proiektua onartzea eta haren instalazio elektrikoak baimentzea Distribución Eléctrica, SAU enpresari: STR Pekín izeneko Banaketako Transformazio Azpiestazio, Errenterian kokatua, eta honako ezaugarri nagusiak dituena:

– Mota: Barnekoa, kanpoaldeko transformadoreekin.

– Potentzia: 2 x 20 MVA.

– 30/13,8 kV-ko transformazio erlazioa.

2.– Baimentzen diren instalazioak herri-onurakotzat deklaratzea eta deklarazio horrek, azaroaren 27ko 54/1997 Legeko 54. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu behar direla eta okupazioa, gainera, presaz egin behar dela. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak ekartzen ditu, 53. artikuluan zehaztutako erregistro ondorioekin.

Ebazpen hau abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan (2002-12-23ko EHAA) ezarritakoari eta ondorengo baldintza orokorrei jarraituz ematen da:

1) Finka okupatzen denetik harako bi urteko epearen barruan eskatu beharko da instalazioa jardunean jartzea. Hala egiten ez bada, baimenak indarra galduko du, betiere instalazioen titularrak ez badu eskatu lauzapen bat –justifikatuta– hasierako epea amaitu baino lehen.

2) Behin betiko errekonozimenduari eta martxan jartzeko akta emateari dagokionez, lanak amaitu direla jakinarazi beharko dio Gipuzkoako Lurralde Bulegoari instalazioen titularrak.

3) Obrak egiteko beharrezko diren udal edo probintzien eskumenpeko baimen edo lizentziak eta gainerakoenak errespetaturik ematen da baimen hau, eta ez du salbuesten eskatzailea haiek eskuratzeko obligaziotik. Halaber, inoren eskubideei kalterik egin gabe eta jabetza-eskubideari eutsiz ematen da.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria eta Energiako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, 4/1999 Legean ezarritakoa betez (lege horren bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 9a.

Energiaren, Meategien eta Industria Administrazioaren zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala