Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

129. zk., 2013ko uztailaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HERRI ADMINISTRAZIO ETA JUSTIZIA SAILA
3091

EBAZPENA, 2013ko ekainaren 19koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatutako hirigintzako ikastaroen erakundeetako eta/edo enpresetako praktikaldia arautzen duena.

2012ko ekitaldian, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak 2012ko uztailaren 25eko Ebazpena eman zuen (2012ko abuztuaren 7ko EHAA, 153. zenbakia). Ebazpen horren bidez, Hirigintzako XXXV. Ikastaroa (Bilbon egitekoa) eta Hirigintzako XXXVI. Ikastaroa (Donostian egitekoa) egiteko deialdia egin zen. Bi ikastaroak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen (IVAP) mendean dagoen Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatu zituen. Aldi berean, ikastaro horiek egiteko 8 beka emateko deialdia egin zen.

Ikastaro horien barruan, erakundeetan eta/edo enpresetan praktikak egiteko denboraldia ezarri da, hirigintza-arloan hamabi hilabete baino gehiagoko esperientziarik ez duten ikasleentzat.

Horregatik guztiagatik, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. artikulua.– Deialdia.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpekoa den Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak (LHIEE) antolatutako Hirigintzako XXXV. eta XXXVI. Ikastaroetako ikasleek erakundeetan eta/edo enpresetan egiteko praktikaldien deialdia onartzea.

2. artikulua.– Helburuak.

Ikasleek modulu bidezko Hirigintzako ikastaroetan eskuratutako ezagupenak erabiltzea sustatzea eta bultzatzea, zehazki, 2012-2013 ikasturtean Hirigintzako XXXV. Ikastaroko (Bilbo) eta Hirigintzako XXXVI. Ikastaroko (Donostia) ikasleek. Horretarako, aukerako eta borondatezko praktikaldiak antolatu dira erakunde publikoetan eta/edo enpresetan, ikasleek zuzenean izan dezaten arlo publikoko hirigintzako jardueraren berri.

Praktikak egiteko joan-etorriak egin behar dituztenentzat, diru-laguntzak ezarri dira.

3. artikulua.– Onuradunak.

Ikasleek praktikak egin ahal izango dituzte, hala nahi izanez gero. Ikasleak Hirigintzako XXXV. Ikastaroko (Bilbo) eta Hirigintzako XXXVI. Ikastaroko (Donostia) ikasleak izango dira, betiere, deialdi hauetako edo aurreko deialdietako sei moduluak edo ikastaro osoa gainditu badute, eta hirigintza-arloan hamabi hilabeteko esperientziarik ez badute.

Praktikak egiteko ikasleak aukeratzerakoan, seietako moduluetako puntuak gehituta puntuaziorik onenak lortu dituzten ikasleak hautatuko dira. Dena dela, praktikak egin ahal izateko, instituzioek eta/edo erakundeek praktikako langileak edukitzeko eskabidea aurkeztu beharko dute lehendabizi. Aurreko deialdian betebehar guztiak bete arren haurdunaldia zela-eta praktikak egin ezin izan zituzten ikasleek ere izango dute aukera oraingo deialdi honetan egiteko.

Praktikaldiak lau hilabeteko iraupena izango du gutxi gorabehera, hau da, 300 ordu iraungo du gutxi gorabehera (kodea: 2012-cu-37, Bilbao, eta 2012-cu-67, Donostia). Ikasleak hartzen dituen erakundeak eta/edo enpresak eta LHIEEk egingo dute praktikaldien ebaluazioa. Praktikak egiteko esleipendun izan den ikasleak praktika horiek bukatzeko konpromisoa hartu behar du.

Ikasleei erakundeak esleitzeko, moduluetako azterketak balioestean eskuratu duten puntuazioa hartuko da aintzat.

Diru-laguntzak edo laguntza publikoak eskuratzea galarazten duen debekuren bat edo administrazio-zehapen edota zehapen penalen bat izan duten pertsona fisikoak ezin dira deialdi honetara aurkeztu, emakume eta gizonen arteko berdintasunari buruzko 2005eko otsailaren 18ko 4/2005 Legean sartutako debekuak eta zehazpenak ere barruan direla.

4. artikulua.– Praktiketako ikasleak hartu ditzaketen erakundeak/enpresak.

Erakunde hartzaileei dagokienez, goi-mailako unibertsitateko titulazioa eta hirigintzako prestakuntza duten ikasleak praktiketan hartu nahi dituzten euskal administrazio publikoak edo enpresak izango dira. Praktikaldia gutxi gorabehera 300 ordukoa izango da (lau hilabete, gutxi gorabehera).

Erakunde eta/edo enpresa hartzaileak ez du inolako erantzukizunik izango praktiketako ikasleak hartzeagatik.

Praktiketako ikasleak hartzeko lehentasuna izango dute goi mailako unibertsitateko titulazioa eta hirigintzako ezagupen teoriko egokiak dituen pertsona bat hirigintzaren eta/edo ingurumenaren arloan praktikak egiteko hartu nahi duten eta dagokion eskaera egiten duten EAEko erakunde publikoek. Praktikaldia gutxi gorabehera 300 ordukoa izango da (gutxi gorabehera, lau hilabete), eta 2013ko abenduaren 31 baino lehen egin beharko da. Ondorio horretarako, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolak toki- eta foru-erakundeei eta Eusko Jaurlaritzaren beste sail batzuei aukera emango die praktiketako ikasleak edukitzeko. Era berean, hirigintzaren eta/edo ingurumenaren esparruari lotutako enpresek praktiketako ikasleak eduki ahal izango dituzte, erakundeek dituzten baldintza berberekin.

Ikaslea hartzen duen erakundeak edo enpresak praktiketako arduraduna izendatuko du; praktiketako arduraduna praktikak bideratzeaz, zuzentzeaz eta ikuskatzeaz arduratuko da.

Praktikak bukatzean, arduradunak txosten bat egingo du alderdi hauek azaltzeko: praktiketako pertsonak bete duen zereginaren zer-nolakoak, erakutsi duen prestakuntza-maila eta egindako lanaren balorazioa. Txosten hori Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara bidali beharko du, hilabeteko epean, praktikaldia bukatzen denetik hasita.

Dena dela, praktikak egin ahal izateko, instituzioek eta/edo erakundeek praktiketako langileak edukitzeko eskabidea aurkeztu beharko dute lehendabizi.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak ebazpena emango du, eta bertan finkatuko du zein enpresak edo/eta erakundek hartuko dituzten praktiketako ikasleak. Erakunde eta enpresa horiek eskabidea noiz egin duten, horren arabera izango da esleipena; horrez gain, aintzakotzat hartuko da sei moduluetan guztira puntuazio onena lortu duten ikasleen aukera; berdinketarik baldin badago, zozketa egingo da. Ebazpen horren berri emango da, dagokion jakinarazpena eginda.

5. artikulua.– Praktiken funtzioak eta egitura.

Praktiketako ikasleek laguntza teknikoa eta/edo juridikoa emango dute, bakoitzak duen unibertsitateko titulazioaren arabera; hirigintzako gaietan, eta, salbuespenez, erakundeak eta/edo enpresak horrela agintzen badie, ingurumeneko gaietan ere bai.

Nolanahi ere, ikasleek lanbide-jarduera eta funtzionarioen jarduna arautzen dituzten arauak errespetatu beharko dituzte; bereziki lanbide-isilpekotasuna bete-betean gorde beharko dute. Hala ere, praktiketan egindako lanak ez dio ikasleari lanbide-erantzukizunik sortuko.

Praktikaldia 2013ko abenduaren 31 baino lehen egin behar da.

Praktiken ordutegiak, erakundearen edo enpresaren lan-ordutegiarekin bat etorrita, praktikak egiteko aukera eman behar du; ikasleak gehienez zazpi orduko lanaldia egin behar du egunean, guztira gutxi gorabehera 300 orduko praktikaldia bete arte.

Ikasleak bi txosten egin behar ditu bera hartu duen erakundean edo enpresan bete duen zeregina azaltzeko. Lehendabiziko txostena 2013ko urriaren 30a baino lehenago entregatu behar du; bigarrena, 2013ko abenduaren 15etik 20rako tartean bidali behar du Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolara.

6. artikulua.– Praktiketako ikasleen poltsa.

Erakundeek eta/edo enpresek praktikak gutxi gorabehera 300 orduz egin ahal izango dituzten ikasleen zerrenda eskatu ahal izango dio IVAPen menpe dagoen LHIEEri.

7. artikulua.– Baliabide ekonomikoak eta praktiken ordainketa.

2013ko ekitaldian, 16.000 euro bideratuko dira gehienez Hirigintzako XXXV. Ikastarorako (Bilbo), eta beste horrenbeste Hirigintzako XXXVI. Ikastarorako (Donostia), EAEko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarrita dagoen partidaren kargura.

Aurreikuspenen arabera, ikastaro bakoitzeko 8 ikaslek egingo dituzte praktikak, eta, hortaz, ikasle bakoitzak 2.000 euro jasoko ditu gehienez. Ikastaro batean 8 lekuak ez badira betetzen eta bestean 8 eskaera baino gehiago badago, gehiegizko kopuru hori 8 baino gutxiago duenari gehituko zaio, jaso beharreko kopuruari dagokionez, baina beti ere bi ikastaroen 16ko ikasle kopuruaren mugarekin. Bestela ere, bi ikastaroen eskaeren kopurua 16 baino gehiago bada, laguntzetarako bideratutako zenbateko osoa hainbanatuko egingo da 8 baino gehiagoko eskaeren ikastaroen kasuan.

Praktiken ordainketa dena batera egingo da praktikaldiaren bukaeran, 2013ko abenduaren 31 baino lehen, praktikei buruz ikasle bakoitzak egingo duen txostena aurkeztu ondoren.

Oro har, arau orokor modura, praktikei dagokien laguntza jasotzeko eskubidea izateko beharrezkoa izango da praktikak erabat bukatu izana; gainerakoan, ez da horretarako inolako eskubiderik izango.

Ildo beretik, praktikak hasi eta lehendabiziko hamar egunen barruan ikasleren batek praktikak egiteari uko egingo balio, eta horren ordez praktikak egitera doan ikasleak geratzen den praktikaldi osoa burutzen badu, praktikak erabat amaitu dituela ulertuko da.

Salbuespen modura, praktiken zati bat egin dela onar daiteke baldin eta, ikasleak ezinezkoa izan badu praktikak amaitzea, ikaslea hartzeko eta praktikak egiteko ardura duen erakundeari eta/edo enpresari egotz dakizkiokeen arrazoiak direla-eta. Horrelakoetan, egindako praktikaldiari dagokion zati proportzionala ordainduko zaio.

Praktikak egiteko laguntza horrek eta, orobat, ikaslearen egonaldiak eta egiten duen jarduerak ez dute inolako lan-, lanbide-edo zerbitzu-harremanik sortuko ikaslearen eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen –haren baitan dago Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskola– artean, ez eta ikaslearen eta erakunde/enpresa hartzailearen artean ere, izan ere, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea bera da erakunde horrekin lankidetza hitzartu duena.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko eskabideak eta agiriak.

Ebazpen honetan adierazi bezala, praktikak egin eta laguntzak jasoko dituzten ikasleek eskabidea aurkeztu beharko dute, I. eranskinean jasotako ereduari jarraiki.

Hauek gehitu behar dira:

a) NANaren fotokopia.

b) Errolda-egiaztagiria.

c) Eguneratutako curriculum vitaea.

d) Hainbat erantzukizunpeko adierazpenak (eskabide-ereduaren barruan gehituta).

Erakundeek eta/edo enpresek II. eranskinean jasotako eskabidea bete beharko dute.

Eskabideak Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendari andreari bidaliko dizkiote, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen menpekoa den Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Eskolaren egoitzara (helbidea: Errekalde zumarkalea 18, 1.a, 48009, Bilbao; telefonoa: 94 403 16 16 00/04; faxa: 94 403 16 01; www.ivap.euskadi.net; emaila: evetu@ivap.es).

Halaber, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko edozein bulegotan, Eusko Jaurlaritzako Herritarren Arretarako bulegoetan (Zuzenean), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean 38.4 artikuluan aipatzen diren moduetatik edozeinetan.

Aurkeztutako eskabidean akatsen bat badago edo zehaztasunen bat falta bada, eskatzaileari horren berri jakinaraziko zaio eta 10 eguneko epea emango zaio akatsa zuzentzeko.

9. artikulua.– Eskabideak aurkezteko epea.

Ikasleek eta erakundeek eta/edo enpresek 31 egun naturaleko epea izango dute deialdi honetako eskabideak aurkezteko, betiere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasita.

10. artikulua.– Diru-laguntzak kudeatzeko organoa.

LHIEE menpe duen Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundearen Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzea.

Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako koordinatzaileak izango du, azken batean, ikasleen goi-mailako zuzendaritzaren ardura.

11. artikulua.– Ebazpena.

Diru-laguntzak emateko ebazpena Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariak emango du, LHIEEko Kontseiluko errektorearen proposamena ikusita, gehienez bi hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita.

Ebazpen horretan bertan, ikasle esleipendunen zerrendarekin batera, ordezkoen zerrenda bat ere jaso daiteke, ikastaroan lortutako kalifikazioen arabera ordenatuta, lehen multzoko norbaitek uko egiten badu ere.

Ebazpena interesdunei jakinaraziko zaie banan-banan, eta, era berean, jendeak horren berri izan dezan, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da.

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, epe hori amaitu ondoren interesdunari ebazpenaren berri eman ez bazaio, eskabideari uko egin zaiola ulertuko da.

12. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

Esleipendunek praktikak erakunde edo enpresa zehatz batean egiteko proposamenak jasoko dituzte eta proposamen horiek onartu beharko dituzte; izan ere, erakundeek eta/edo enpresek LHIEEri egindako eskaera ere kontuan izan behar da. Hortaz, norbaitek proposamenen bati ezezkoa ematen baldin badio, praktikak egiteko eskabidea atzera botako zaio. Praktikaldia onartzearekin batera, onuradunak onartu egiten du eman zaion diru-laguntza.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan jasotako eginbeharrak bete behar ditu.

Orobat, diru-laguntzak duen helburua bete beharko dute, eta, praktiketara joateaz gain, etekina atera beharko diete.

Onuradunek zorrotz bete beharko dute bidegabe jasotako diru-kopuruak itzultzeko beharra ezartzen duen araubide orokorra; eta, era berean, dagozkien berandutza- interesak ordaindu beharko dituzte, eta berezkoak dituzten eginbeharrak ez betetzeagatik finkatutako zigorrak ezarriko zaizkie.

Hargatik, praktikak egin bitartean arazoren bat sortzen bada eta, hori dela-eta, ikasleak praktikak egiten jarraitzerik ez badu, horren berri eman beharko dio Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolako koordinatzaileari gehienez egutegiko hamar eguneko epean. Jakinarazpena idatziz egingo du. Hamar eguneko epean berariazko jakinarazpenik egin ezik, emandako adjudikazioa baliogabetuta geratuko da.

13. artikulua.– Bateraezintasuna.

Praktikak egiteko laguntzarik ezin izango da eman, baldin eta, diru publikoetatik, eginkizun berbera egiteko laguntzak jasotzen badira.

14. artikulua.– Aseguruak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak aseguru bana egingo die praktiketako ikasleei istripu-, elbarritasun- edo heriotza-kasuetarako.

15. artikulua.– Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetako parte-hartzaileen datu pertsonalak «Euskal Arduralaritzaren Euskal Erakundeak antolatutako formakuntza eta hobekuntza ikastaroak» izeneko fitxategian sartuko dira, behar den moduan tratatzeko eta, hartara, kudeatu ahal izateko. Fitxategi horrek datu pertsonalak babesteari buruzko legeriak xedatzen duena bete beharko du. Datuen kontra agertzeko, eta datuak eskuratzeko, zuzentzeko edo ezabatzeko eskubidea baliatu nahi duten pertsonek IVAPen Koordinazio eta Kudeaketako Idazkaritzara jo dezakete.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariaren ebazpen honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera. Horretarako, hilabeteko epea izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita. Errekurtsoa ebazpen hau eman duen organoari edo Herri Administrazio eta Justizia sailburuari ar dakioke. Errekurtsoari buruz berariazko ebazpenik ematen ez bada, ukatutzat joko da.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA

Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko ekainaren 19a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARÍA TERESA IRURETAGOYENA IBARGUREN.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala