Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2013ko apirilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
1664

186/2013 DEKRETUA, martxoaren 26koa, aurri-egoerako deklarazio-prozeduraren barne dagoen Orioko (Gipuzkoa) Almirante Oa kaleko 2ko higiezina desafektatzea ebazten duena. Ondasun higiezin hori Orioko hirigune historikoa, monumentu-multzo izendapenaz, kultura-ondasun gisa izendatu, eta hura zaintzeko babes-araubidea ezartzen duen uztailaren 28ko 338/1994 Dekretuaren eraginpean dago.

Aipaturiko higiezina (Almirante Oa kalea, 2), Orioko hirigune historikoa, monumentu-multzo izendapenaz, sailkatutako kultura-ondasun izendatu eta hura zaintzeko babes-araubidea ezartzen duen uztailaren 28ko 338/1994 Dekretuaren eraginpean dago (1994ko irailaren 26ko EHAA, 183 zk.). Horren arabera, higiezin horrek oinarrizko babesa du. sailkatzeko eta hura zaintzeko babes-arauak ezartzen dituen uztailaren 28ko 338/1994.

Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeko 36. artikuluan (abuztuaren 6ko EHAA, 157. zk.) sailkatutako eta zerrendatutako ondasunen eraispena debekatzen da, aldez aurretik Foru Aldundiaren aurri-deklarazioa eta baimen zehatza ez bada. Halere, aurretik Eusko Jaurlaritzak desafektaziorako baimena eman beharko du.

Aipatutako arauak garatze aldera, azaroaren 10eko 306/1998 Dekretua egin zen, sailkatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzkoa eta beroriek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzkoa (azaroaren 26ko EHAA, 226. zk.).

Orioko udalak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari bidali zion hirigune historikoan dagoen Almirante Oa kaleko 2 zenbakiko higiezinaren aurri-espedientearen kopia. Horrekin batera, aipatutako 306/1998 Dekretuari jarraituz, desafektatzeko espedienteari hasiera emateko eskatu zuen.

Orioko udalak uste zuen aurri-egoera zegoela Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluaren 3. paragrafoaren b) letran ezarritakoa betetzen zelako. Horrek aurri-egoera xedatzen du baldin eta kalteen konponketaren kostua higiezinaren berritze-balioaren % 50koa baino altuagoa bada eta % 50ko mugaren eta behar diren obra guztien arteko diferentzia estaltzeko diru-laguntzarik ez badago.

Udalaren eskabideari erantzuteko Euskal Kulturaren Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek higiezinaren egoerari buruzko txostena prestatu zuten. Txostenaren arabera, ez zegoen aurri-egoerarik, ez fisikorik ezta arrazoi ekonomikoek sortutakorik ere. Txostenak ez zuen aurri-egoera ekonomikoa aintzat hartzen Legeak aurreikusten duen kalkulua egiteko behar ez ziren partida batzuk sartu zirelako. Partidak eraikinaren mantenimenduari zegozkionak eta gutxieneko segurtasuna kolokan jartzen ez zutenak ziren.

Gauzak horrela, Orioko udalak eraikinaren aurri-egoera justifikatzeko beste txosten bat igorri zuen. Txostena aztertu ondoren, Zentroko Zerbitzu Teknikoek onartu zuten eraikina aurri-egoera fisikoan zegoela, alde batetik kalte batzuek gutxieneko segurtasun baldintzak arriskuan jarri baitzituzten eta bestetik, aipaturiko kalteek egitura-elementu erdia baino gehiago aldatzeko premia sortarazi baitzuten.

Uztailaren 28ko 338/1994 Dekretuak Orioko hirigune historikoa, kultura-ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz kalifikatu zuen, eta hura zaintzeko babes-arauak ezarri zituen (1994ko irailaren 26ko EHAA, 183. zk.). Horren arabera, higiezin horrek oinarrizko babesa du.

Txosten teknikoak, aurri-egoeraren espedientea eta hartutako erabakiak ikusita Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordeak, 2012ko uztailaren 24ko saioan, erabaki zuen Orioko Almirante Oa 2 zenbakiko eraikina jaregitea.

Kultura, Gazteria eta Kiroletako sailburuordearen 2012ko azaroaren 26ko Ebazpenaren bidez (2012ko abenduaren 21eko EHAA, 247. zk.) Almirante Oa kaleko 2 zenbakiko higiezina desafektatzeko espedienteari hasiera eman zitzaion, jendaurrean jarri zen eta interesdunei entzun zitzaien.

Horretarako legez ezarrita dauden izapideak bete ondoren, Izarra Atorrasagasti Urdanibiak alegazio-idazkia aurkeztu zuen emandako epe barruan.

Alegazio-idazkiaren xedea higiezinaren desafektazioaren eta jabeak egindako aurri-egoera deklaratzeko eskabidearen aurka egitea da. Ematen dituen arrazoietan oinarrituta honako hauek eskatzen ditu: jaregitearen eskabidea ezestea, Eusko Jaurlaritzak beharrezkoa den baimena ez ematea eta jabea behartzea legeak aurreikusitako eraikinaren mantenimendua egitera.

Desafektazioaren aurkako argudiorik handiena Euskal Kultura Ondareari buruzko Legearen 36. artikuluaren 5. paragrafoan datza. Horren arabera, aurri-egoera 20. eta 35. artikuluetan ezarritakoa ez betetzearen ondorioa baldin bada ezin da eraikinaren eraispena baimendu eta jabearen kargura geratzen da eraikinaren kontserbazioa. 20. artikuluak xedatzen du kalifikatutako eta zerrendatutako ondasunen jabeek, edukitzaileek eta eskubide errealen titularrek ondasunak gorde, zaindu eta babestu behar dituztela osorik mantentzen direla bermatzeko eta galdu, puskatu edo hondatu ez daitezen. Kalifikatutako eta zerrendatutako kultura ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko eta berauek eraisteko erabakiaren aurretik eta ondoren egin beharrekoei buruzko azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuaren 2. artikuluak gauza bera xedatzen du. Alegazio-idatzian esaten da aipaturiko Dekretuaren 3. artikulua aplikatu beharko litzatekeela eta ondorioz, zehapen-espedienteari hasiera eman kontserbazio obligazioa ez betetzeagatik.

Legezko xedapenak aipatu ondoren, alegazio-egileak gertaera batzuk ekartzen ditu gogora aurri-egoera jabearen errua izan dela frogatzeko, eraikinean egin beharreko mantentze-lanak egin ez dituelako. Besteak beste, jabeak aitortu zuela udalak tramitatutako aurri-egoeraren espedientean ez zuela kontserbatzeko, segurtasuna bermatzeko edo apaintzeko inolako obrarik egin higiezinaren titularra zenetik. Horretaz gain, kontatzen du 2006an aurri-egoera deklaratzeko beste espediente bat egon zela eta hasieran aintzat hartu bazen ere, azkenean baliogabetu egin zela. 2006. urteaz geroztik eraikinaren behe-solairuan daukan negozioan hainbat matxura egon zela esaten du eta horien ondorioz, Orioko udalaren aurrean salaketa batzuk aurkeztu zituela. Bukatzeko onartzen du matxura horiek 2012ko otsailean konpondu zirela.

Argitzeko kasu honetan aplikagarria den Ondareari buruzko Legearen 36. artikuluaren 5. paragrafoan agindutakoa beharrezkoa da espedientean dauden Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako bi txostenak gogora ekartzea.

Goian aipatu denez, Orioko udalak higiezina aurri-egoera zegoelakoan desafektatzeko eskaera bidali zuen. Horren ondorioz, lehenengo txostena prestatu zen adierazteko ez zela aurri-egoera fisikoa onartzen udal arkitektoaren txostenean errekuperaezinak eta aldatu beharrekoak ziren egitura-elementuak kuantifikatzen ez zirelako. Arrazoi ekonomikoek sortutako aurri-egoerari dagokionez, ezesten zen bi arrazoirengatik. Alde batetik, eraikinaren segurtasuna kolokan jartzen duten partiden artean onargarriak ez ziren batzuk sartu izanagatik (eraikinaren mantenimendu faltan iturburu zutenak: estalpean eta etxebizitzen egokitzapenean sortutako kalteak, alegia), eta bestetik, uste izanagatik kalteek ez zutela benetako eraginik izaten gutxieneko segurtasun baldintzetan. Begibistakoa da, beraz, espedientearen hasiera-hasieratik argi egon dela eraikinak pairatu dituen kalteen zati handi bat mantenimendu faltak eragin dituela eta Euskal Kultura Ondareari buruzko Legea urratu dela babestutako elementuak kontserbatzeko betebeharra errespetatu ez baita.

Aurrekoa ikusita Orioko udalak beste eskaera bat igorri zuen. Eskabide honi erantzuna emateko bigarren txostena burutu zen. Txosten honetan oinarritu zen Euskadiko Ondare Arkitektoniko Monumentalaren Aholku Batzordeak eraikinaren desafektazioa aho batez onartzeko 2012ko uztailaren 24ko saioan.

Txostenean berriro azpimarratzen dira aurreko ideia nagusiak: eraikinaren estalian dauden kalteak mantenimendu ezak eragin dituela eta ezin direla partida guztiak baloratu, bakarrik jabearen betebeharrak ez betetzearen ondorioak direnak. Zentzu honetan Orioko udalak aipatzen ditu eraikinaren narriaduran kontuan hartu beharreko puntu batzuk: Aritzaga kaleko fatxadaren desitxuratzea, oinarri bat finkatzeko arazoak eta xilofagoen erasoaren ondorioak direnak.

Aurri-egoera fisikoari dagokionez, Euskal Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoen aburuz aurri-egoera egoten da kalteek gutxieneko segurtasun baldintzak arriskuan jartzen dituztenean eta ondorioz egitura-elementuen erdia baino gehiago aldatu behar denean, baldin eta kalte horiek ez badira jabearen kontserbazio betebeharra ez betetzearen ondorioak. Txostenak egiaztatzen du egitura-elementuetan euskarri batzuk ezegonkorrak direla, gehiegizko geziak dituztela, ustelkeriak edo xilofagoen erasoek sekzioen galera eragin dutela eta Aritzagako fatxadaren erortzea. Uste du estalkiaren kalteen jatorria honako faktore hauetan dagoela oinarrituta: mantenimendu eza, Aritzaga kaleko fatxadaren desitxuratzea, oinarri baten finkatze falta eta xilofagoen erasoa. Gero aztertzen du faktore bakoitzak zer suposatzen duen eta ondorioztatzen du aldatu beharreko egitura, mantenimendu faltari dagokion % 25a kenduta, nahikoa dela berreskuraezina den aurri-egoera fisikoa dagoela esateko, Kultura Ondareari buruzko Legean xedatutakoa betez.

Arestian aipatutakoa ikusita, argi geratzen da Kultura Ondarearen Zentroak kontuan izan duela higiezinaren egoera jabearen portaeraren ondorioa dela neurri handi batean, baina behar den kuantifikazioa egin ostean ondoriozta daitekeela, garrantzitsua izan bada ere, ez dela erabakigarria izan.

Bestaldetik, kalifikatutako eta zerrendatutako kultura-ondasunen aurri-egoeraren deklarazioari buruzko azaroaren 10eko 306/1998 Dekretuaren 3. artikuluari egindako aipamenaz esan behar da aurri-egoera deklaratzeko espedientea hasteak ekar dezakeela Foru Aldundiaren aldetik erantzukizunak argitzeko zehapen-espediente baten inkoazioa, baina ez dela derrigorrezkoa alegazio-idazkian esaten den moduan.

Azaldutakoagatik, ezetsi egin behar dira aurkeztutako alegazioak.

Hori dela eta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legean ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren proposamenari jarraituz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak gaia 2013ko martxoaren 26ko bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Orioko Almirante Oa kaleko 2 zenbakiko eraikina desafektatzea, higiezin hori Orioko hirigune historikoa kultura-ondasun gisa, monumentu-multzo izendapenaz, sailkatzeko eta hura zaintzeko babes-arauak ezartzen dituen uztailaren 28ko 338/1994 Dekretuaren eraginpean baitago.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari honako hau eskatuko dio: behin-behinekoz ohartarazita dagoen ondasun higiezin hori Zentroari atxikita dagoen Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistrotik ezaba dezala.

Bigarrena.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak interesdunei, Orioko Udalari, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Gazteria eta Kirol eta Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumena eta Lurralde Politika Sailari honako dekretu hau jakinaraziko die.

Hirugarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak horren berri izan dezan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du, eta, beraz, beraren aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salari bi hilabeteko epean. Epeak dekretu honen azken argitaratze-egunaren biharamunetik hasiko dira.

Bigarrena.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2013ko martxoaren 26an.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.


Azterketa dokumentala