Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

66. zk., 2013ko apirilaren 8a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1662

EBAZPENA, 2013ko urtarrilaren 24koa, Energia eta Meategien zuzendariarena, honako linea elektriko hau instalatzea baimendu, onura publikokotzat aitortu, proiektua onartu eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen erraztua egiten duena: Abadiano-Basauri 1 eta 2 lineako 132 kVko (KZZ) linea elektrikoaren aldaketa, Abadiño, Durango, Iurreta, Amorebieta-Etxano eta Bediako udalerrietan.

Erref.: L-7700

AT-H-2011-105 ASS/SM

GERTAKARIAK

1.– 2011ko azaroaren 9an, Iberdrola Distribución Eléctrica SAU enpresak Abadiño, Durango, Iurreta, Amorebieta-Etxano eta Bediako udalerrietan Abadiano-Basauri 1 eta 2 lineako 132 kVko (KZZ) airetiko linea elektrikoaren aldaketa ezartzeko administrazio-baimena, betearazpen-proiektuaren onarpena, onura publikokoa dela dioen aitorpena, eta ingurumen-inpaktuaren adierazpen erraztua eskatu zituen. Horretarako, eskariarekin batera, batetik, proiektu teknikoa aurkeztu zuen, industriako ingeniari Borja de Benito Navaridas jaunak sinatua, eta bestetik, ingurumen-inpaktuari buruzko azterlan erraztua.

2.– Abenduren 3ko 282/2002 Dekretuaren 10. artikuluan (2002ko abenduaren 23ko EHAA) eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuaren 144. artikuluan (2000ko abenduren 27ko BOE), eta honako hauekin bat etorriz: dekretu horretako azken xedapenetatik lehenengoa, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1957ko apirilaren 26ko Legeko Erregelamenduaren 17. artikulua, eta Sektore Elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 53. artikulua, Proiektuen Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioari buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 9. artikulua (2008-01-26ko BOE), EAEko ingurumena babesteko den otsailaren 27ko 3/1998 Legean aurreikusitakoa dela-eta (1998-03-27ko EHAA), BAOn argitaratu da 2012-02-27an, EHAAn 2012-04-23an eta El Correo egunkarian 2012-02-29an.

3.– 2012ko urtarrilaren 27an ofizio bat igorri zen Abadiño, Durango, Iurreta, Amorebieta-Etxano eta Bediako udaletxeetara, adierazitako iragarkia bertako ediktu-taulan jartzeko; horretaz gain, Eléctrica de España SA, Telefónica, Ur Agentzia eta udal horiei eskatu zitzaien txosten baten bitartez adierazteko egokitzat jotzen zuten ala ez instalazioa onura publikokotzat aitortzea. Ofizioa igorri zen orobat egokitzat jotzen zituzten baldintza teknikoak ezartzeko.

4.– Horretarako ezarritako jendaurreko informazio-epean, partikularren eta organismoen alegazioak jaso dira Bizkaiko Lurralde Bulegoan, eta alegazio horiek, eskatzaileak emandako erantzunekin batera, espedientean daude, eta berak aztertuko ditu.

5.– 2011ko uztailaren 28an, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostena eman zuen, eta txosten horrek zioenez, proiektuari ingurumen-inpaktuari buruzko ebaluazio erraztua egin behar zitzaion soilik, eta organo eskudunak izango zuen proiektuaren administrazio-baimena emateko ardura.

6.– Proiektuak sorrarazitako eraginik esanguratsuenak identifikatu dira eta beharrezko neurri zuzentzaileak ezarri, hala jasota baitago Bizkaiko Sailaren Lurralde Ordezkaritzaren 2013ko urtarrilaren 23an emandako ingurumen-inpaktua ebaluatzeko txosten erraztuan.

OINARRI JURIDIKOAK

1.– Espedientean, arauzko izapideak bete dira; zehazki, honako xedapen hauetan ezarritakoak: argindarra garraiatu, banatu, merkaturatu eta zuzkitzeko jarduerak eta instalazioak baimentzeko prozedurak arautzen dituen abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan, Eusko Jaurlaritzaren abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan eta gai horretan aplikagarriak diren gainerako legeetan.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta horien eginkizunak eta jardute-arloak finkatzeari buruzko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren bidez, Energia eta Meategien Zuzendaritzaren eginkizunak Ekonomia Garapen eta Lehiakortasun Sailari atxikita geratzen dira.

3.– Energia eta Meategien zuzendariak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuak emandako eskumena baliatuta (dekretu hori indarrean dago, hain zuzen ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzeari eta horien eginkizunak eta jardute-arloak finkatzeari buruzko Lehendakariaren abenduaren 15eko 20/2012 Dekretuaren xedapen iragankorrarekin bat etorriz), honako hau

EBAZTEN DU:

Baimena ematea Iberdrola Distribución Eléctrica SAUri, Abadiño, Durango, Iurreta, Amorebieta-Etxano eta Bediako udalerrietan Abadiano-Basauri 1 eta 2 lineako 132 kVko (KZZ) airetiko linea elektrikoaren aldaketa bat egiteko.

Tentsio nominala: 132 kV.

Zirkuitu bikoitza hexagono-antolaerarekin, eroale bat fase bakoitzeko (guztira, sei eroale), LA 280 HAWK motakoa, 281,1 mm2-ko sekziokoa, eta eroale bat, OPGW-16-12 motakoa, lurrerako eta zuntz optikorako.

Jatorria: Abadiano-Basauri 1 eta 2 lineako 132 kV-ko lineako 15. euskarria.

Bukaera: 88 zenbakiko euskarria, linea berekoa.

Luzera: 6.546 metro.

Baimentzen den instalazioa onura publikokotzat aitortzea, eta deklarazio horrek, azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 54. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hauek dakartza: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu beharra eta okupazioa, gainera, presaz egin beharrekoa izatea. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluak presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen dituen ondorioak ekartzen ditu, lege horren 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Ebazpen hau bi dekretu hauen arabera eman da: abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretua eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua; eta baldintza orokor hauetan:

1.– Obrak onartutako proiektuaren eta aurkeztutako agirien arabera egin behar dira (dagoeneko aipatu ditugu). Ingurumen-zaintzaren programaren emaitzak sustatzailearen espedientean artxibatu behar dira, gutxienez bi urtez, programa abian jartzen den egunetik hasita.

2.– Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen honen datatik hara.

3.– Obrak bukatzen direnean, horren berri emango dio instalazioen titularrak sail honek Bizkaian duen Lurralde Ordezkaritzari, hain zuzen ere, behin betiko errekonozimenduaren ondorioetarako eta martxan jartzeko akta egiteko.

4.– Ebazpen honek ez dakar berekin udal, probintzia edo beste edonon lortu beharreko bestelako baimenak lortu behar ez direnik; izan ere, eskatzaileak nahitaez lortu beharko ditu baimen horiek guztiak. Era berean, baimena hirugarrenen eskubideei kalterik egin gabe ematen da –halakorik badago–, eta jabetza-eskubidea errespetatuta.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria eta Energiako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, 4/1999 Legean ezarritakoa betez (lege horren bidez, azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zen, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

Vitoria-Gasteiz, 2013ko urtarrilaren 24a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JAVIER ZARRAONANDIA ZULOAGA.


Azterketa dokumentala