Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

65. zk., 2013ko apirilaren 5a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EKONOMIAREN GARAPEN ETA LEHIAKORTASUN SAILA
1640

AGINDUA, 2013ko martxoaren 20koa, Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuarena, Nazioartekotze Bekak programa arautzen duen agindua aldatzekoa.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 13ko Aginduaz arautzen da Nazioartekotze Beken Programa (2011ko apirilaren 26ko EHAA, 78. zk.).

Agindu honen xedea unibertsitateko gazte tituludunak nazioartekotzearen alorrean prestatzea da, enpresek etorkizunean profesional lehiakorrak izan ditzaten ekonomia irekiaren erronkei aurre egiteko.

Programa hau arautzen duen aginduko 5. artikuluan zehazten da beka-modalitate bakoitzarentzat esleitzen den zenbateko ekonomikoa, non B eta C modalitateetan aldea baitago emandako zenbatekoen artean, prestakuntza burutzeko esleitutako destinoen arabera.

Gaur egungo egoera ekonomikoak eta hortik eratorritako aurrekontu-egoerak ordea, aginduan ezarritako zuzkidura ekonomikoaren gutxieneko baremoan aldaketak egitera behartzen du, esleitutako zenbatekoak egun bizi dugun egoerara egokitzeko.

Horrenbestez, honako hau

XEDATZEN DUT:

Artikulu bakarra.– Aldatu egiten dira Nazioartekotze Beken programa arautzen duen Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuaren 2011ko apirilaren 13ko Aginduaren 5. artikuluko 2. eta 3. paragrafoak. Aldaketaren ondorioz, honela idatzita geratuko dira paragrafo horiek:

2.– B modalitateko zuzkidura ekonomikoa.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Nazioartekotze Zuzendaritzaren bitartez, espezializazio-ikastaroaren kostuaren % 100 finantzatzeaz gain, honako zenbateko honekin zuzkituko du beka bakoitza:

Helmugako herrialdeen eta hirien bizitza-mailaren arabera, 20.000 eurotik 50.000 eurora bitarteko oinarrizko zuzkidura bat.

Herrialdeei eta hiriei esleitutako oinarrizko zenbateko horien gainean doikuntzak egin ahal izango dira, gorantz edo beherantz, segurtasun-arrazoiengatik, barne-bidaien zailtasun bereziagatik, bisatuak lortzeko, txertoak, etab.

Prestakuntza-jarduerak egitean eragindako aparteko gastuak, hala nola bidaia-gastuak eta helmugako ostatu-gastuak eta bisita-txartelak, bekaren 2. fasean sortzen direnak, betiere gastu horiek aldez aurretik baimenduak izan badira. Onuradunek kontzeptu horrengatik jaso ditzaketen zenbatekoak ezin izango dira 3.000 eurotik gorakoak izan prestakuntza praktikoko fasea atzerrian garatzen denean, edo 10.000 eurotik gorakoak, fase hori Euskal Autonomia Erkidegoan garatzen denean.

Zuzkiduren zenbatekoak Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen urteko deialdian eguneratu ahal izango dira, arestian adierazi diren baldintza objektiboetan izan daitezkeen aldaketak kontuan hartze aldera.

3.– C modalitateko zuzkidura ekonomikoa.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Nazioartekotze Zuzendaritzaren bitartez, espezializazio-ikastaroaren kostuaren % 100 finantzatzeaz gain, honako zenbateko honekin zuzkituko du beka bakoitza:

Helmugako herrialdeen eta hirien bizitza-mailaren arabera, 8.000 eurotik 20.000 eurora bitarteko oinarrizko zuzkidura bat.

Herrialdeei eta hiriei esleitutako oinarrizko zenbateko horien gainean doikuntzak egin ahal izango dira, gorantz edo beherantz, segurtasun-arrazoiengatik, barne-bidaiengatik, bisatuak lortzeko, txertoak, etab.

Zuzkiduren zenbatekoak Berrikuntza eta Teknologiako sailburuordearen urteko deialdian eguneratu ahal izango dira, arestian adierazi diren baldintza objektiboetan izandako aldaketak kontuan hartze aldera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.– Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko martxoaren 20a.

Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburua,

MARÍA ARANZAZU TAPIA OTAEGI.


Azterketa dokumentala