Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

25. zk., 2013ko otsailaren 5a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
665

11/2012 FORU ARAUA, 2012ko abenduaren 18koa, Errezilgo udalaren aurrekontu eta finantza bideragarritasunerako ezohiko neurriak onartzen dituena.

GIPUZKOAKO DIPUTATU NAGUSIAK

Jakinarazten dut Gipuzkoako Batzar Nagusiek onartu dutela «2012ko abenduaren 18ko 11/2012 Foru Araua, Errezilgo Udalaren aurrekontu eta finantza bideragarritasunerako ezohiko neurriak onartzen dituena»; eta nik aldarrikatu eta argitara dadin agintzen dut, aplikagarria zaien herritar guztiek, partikularrek nahiz agintariek, bete eta betearazi dezaten.

Donostia, 2012ko abenduaren 18a.

Diputatu nagusia,

Martin Garitano Larrañaga.

HITZAURREA

Azken urte hauetan ekonomiaren alor guztiak kolpatzen ari den krisi bortitzak zailtasun ugari ekarri die administrazio publiko guztiei, eta horien artean udalei. Udalak Finantzatzeko Foru Fondoan (UFFF) Gipuzkoako udalek dituzten sarrerak 2005eko balioetara gutxitu dira, eta hirigintza eragiketetatik etorriak, berriz, ia-ia desagertu egin dira.

Udal guztien egoera, hala ere, ez da berdina, eta badira udal batzuk aurrekontu egoera zailagoan daudenak, ohiko sarrerak eskuratzeko ahalmen gutxiago dutelako, edota hartutako konpromisoak direla-eta, gastu handiagoei aurre egin behar dietelako.

Egoera ezberdin horiek kontuan hartuta, Diputatuen Kontseiluak, 2012ko otsailaren 21ean egindako bilkuran, 2011ko UFFFaren likidazioagatik udalek egin beharreko itzulketa errazteko, hiru bide aurreikusi zituen:

– Itzuli beharreko zenbatekoa zatikatzea, saldo zorduna 2012ko otsailaren 25ean, maiatzaren 25ean, abuztuaren 25ean eta azaroaren 25ean kitatzeko.

– Finantza entitateekin kreditu lerro bat negoziatzea, udalek mailegu bidez finantzatu zezaten, neurri batean, itzulketa.

– Ogasun eta Finantza Departamentuko foru diputatuari ahalmena ematea neurri bereziak har zitzan aparteko egoeran dauden udalekin.

Errezilgo Udalaren kasuan, garbi ikusi da Diputatuen Kontseiluak eskainitako lehenengo bi aukerek ez zutela udalaren premia asetzen, eta hirugarren aukeran aurreikusitako neurri bereziak hartu beharko zirela. Izan ere, 2011ko aurrekontuaren likidazioak gastu orokorretarako diruzaintza gerakin negatiboa eman zuen, -57.801 eurokoa; eta 2012rako 115.000 euroko finantzaketa premia aurreikusten da.

Hori hala izanda, Errezilgo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, elkarlanean, bideragarritasun plan bat adostu dute 2012-2022 epealdirako, udalaren Osoko Bilkurak 2012ko uztailaren 5ean onartu duena. Plan horretan honakoak ageri dira: batetik, udalak etorkizunean hartu beharreko neurriak bere aurrekontuko sarrerak handitzeko eta gastuak gutxitzeko; eta bestetik, hartutako neurriek udalaren aurrekontuko magnitudeetan izango duten eragina.

Bideragarritasun plan horretan jaso da, besteak beste, udalak bankuekin duen zor bizia birfinantzatu beharko duela. Birfinantzatzeko modurik egokiena, hala ere, ez da mailegu zaharrak berriekin ordeztea, baizik eta mailegu berri bat formalizatzea, hain zuzen ere urtearen barruan amortizatu behar dena baino zenbateko txikiagokoa.

2011ko abenduaren 26ko 7/2011 Foru Arauak, Gipuzkoako Lurralde Historikoaren 2012. urterako Aurrekontu Orokorrak onartzen dituenak, bere zortzigarren xedapen gehigarrian –toki entitateen zorpetzeari buruzkoan- xedatzen du ezen zor biziaren bolumenak ezingo duela gainditu 2011n likidatutako sarrera arrunten % 100. Errezilgo Udalaren kasuan, ordea, bere zor bizia 2011-12-31n, % 128,2 zen. Hori dela eta, Batzar Nagusiei dagokie udalaren bideragarritasun planean aurreikusitako mailegua onartzea.

1. artikulua.– Baimena ematen zaio Errezilgo Udalari mailegu eragiketa bat hitzartu dezan, 115.000 eurokoa, 2011-12-31ko diruzaintza gerakina eta 2012ko aurrekontua finantzatzeko xedez.

2. artikulua.– Ontzat ematen da Errezilgo Udalaren aurrekontu eta finantza bideragarritasun plana, 2012-2022 epealdiari dagokiona, laburpen honen arabera:

(Ikus .PDF)

Bereziki lortu beharreko helburuak izango dira bertan jasotako aurrekontu emaitza bermatzea, eta zor biziaren saldoa ez gainditzea.

3. artikulua.– Errezilgo Udalak egokitu egin beharko ditu bere aurrekontuen eraketa eta exekuzioa bideragarritasun planean jasotakoari.

Bereziki, 2. artikuluan adierazitako helburuak lortzea arriskuan ipini dezakeen desbideratzerik gertatuko balitz, horiek agerian geratzen direnetik hasi eta hiru hilabeteko epean udalak neurri zuzentzaileak hartu beharko ditu. Halakorik egin ezean, Foru Aldundiak bertan behera utziko du Udalak Finantzatzeko Foru Fondoaren kuota ordaintzea harik eta egoera zuzentzen den arte.

4. artikulua.– Errezilgo Udalak aurrekontuen proiektuen berri eman beharko dio Foru Aldundiari, aldundiak txosten bat egin dezan. Gipuzkoako Lurralde Historikoko Toki Entitateen aurrekontuei buruzko 2003ko abenduaren 19ko 21/2003 Foru Arauaren 6. artikuluan jasotako dokumentuei aipatutako txostena erantsiko zaie. Era berean, nahitaezkoa izango da Foru Aldundiaren txostena aurrekontuaren gainean kreditu gehigarriak edota kreditu gaikuntzak onartu aurretik.

5. artikulua.– Errezilgo Udalak Kontu Hartzailetzaren txosten bana helaraziko dio Foru Aldundiari martxoan eta irailean, aurrekontuaren exekuzioaren eta bideragarritasun planaren artean gertatu litezkeen desbideratzeak baloratuko dituena. Era berean, Foru Aldundiak, apirilean, beste txosten bat helaraziko die Batzar Nagusiei aurreko urtean bideragarritasun plana zein neurritan bete den aztertuko duena.

6. artikulua.– Errezilgo Udalak urtero lortzen duen gastu orokorretarako diruzaintzako gerakin positibotik sarrera arrunten % 2tik gainerako zatia nahitaez erabili beharko du zor bizia gutxitzeko. Ondorio horretarako, bideragarritasun planean aurreikusitako mailegu berriak malgutasunez hitzartu beharko dira, kitapen aurreratuak egin ahal izateko.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Ahalmena ematen zaio Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza Departamentuari foru arau honetan xedatutakoa garatu eta aplikatzeko beharrezko diren xedapen guztiak eman ditzan.

Bigarrena.– Foru arau honetan jasotako neurriak aplikagarriak izango dira Errezilgo Udalaren zor bizia sarrera arrunten % 60tik gora dagoen bitartean.

Hirugarrena.– Foru arau hau Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egun berean sartuko da indarrean.


Azterketa dokumentala