Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

24. zk., 2013ko otsailaren 4a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INGURUMEN ETA LURRALDE ANTOLAMENDU SAILA
653

EBAZPENA, 2008ko martxoaren 25ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Ramondin Cápsulas SA enpresari ingurumen-baimen bateratua ematen diona, botilatze-industriarako eztainuzko, konplexuzko eta PVCezko kapsulak fabrikatzeko Guardiako (Araba) udalerrian.

AURREKARIAK

2006ko abenduaren 21ean, José Miguel Munilla Esparza jaunak, Ramondin Cápsulas SA enpresaren izenean eta ordez, Eusko Jaurlaritzako orduko Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailari ingurumeneko baimen bateratua ematea eskatu zion, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera, Guardiako (Araba) udalerrian botilatze-industriarako eztainuzko, konplexuzko eta PVCezko kapsulen fabrikazio-jarduerarako. Eskaerarekin batera, ondorengo agiri teknikoak erantsi ziren:

  • «Ingurumeneko Baimen Bateratuaren eskaera» (2006ko abendua).
  • «Ingurumeneko Baimen Bateratuaren eranskinak» (2006ko abendua).
  • Laburpen ez-teknikoa (2006ko abendua).

Erreferentziako baimena eskatzeko orduan, Ramondin Cápsulas SA enpresak, besteak beste, jarduerarako baimena zuen, 2000ko martxoaren 31koa. Aipatutako baimena botiletarako kapsulak fabrikatzeko eman zitzaion. Halaber, enpresa sustatzaileak hondakin arriskutsuen ekoizle izateko baimena zuen, 2002ko maiatzaren 15ekoa, eta 2006ko maiatzaren 15ean egindako aldaketa; industria-hondakin geldoen ekoizleen erregistroan izena emanda zegoen, 2002ko maiatzaren 6an, eta kolektorera isurketak egiteko baimena zuen, 2001eko apirilaren 27koa, betiere hondakin eta uren esparruan indarrean dagoen araudia betez.

Beranduago, 2007ko maiatzaren 28an, xede dugun proiektuaren eta Guardiako Udalaren hirigintza-plangintzaren arteko bateragarritasunari buruzko udal-txostena bidali zen.

2007ko otsailaren 27an, Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak prozeduran esku-hartzea duten hainbat organori txostenak eskatu zizkion, Ingurumen Organoaren bidez proiektua jendaurrean jartzeko izapidea adosteari dagokionez.

2007ko martxoaren 27an eta 2007ko irailaren 25ean, Ingurumen Organoak agiri osagarriak txertatzeko eskatu zion sustatzaileari, eta espedientea 2007ko urriaren 9an osatu zen.

Aurkeztutako agiriak nahikoa zirela egiaztatu ondoren, Ingurumen sailburuordeak 2007ko azaroaren 14an emandako Ebazpenaren bidez, jendaurrean jarri zen 30 egun balioduneko epean, Ramondin Cápsulas SA enpresak sustatutako proiektua, egoki iritzitako alegazioak aurkezteko. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian nahiz Arabako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, bietan 2007ko abenduaren 3an. Era berean, ondoko auzokide bakoitzari jakinarazpena bidali zitzaion.

Jendaurrean jartzeko izapidea amaitu ondoren, alegaziorik ez dagoela egiaztatu da.

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 17. eta 18. artikuluetan xedatutakoa betez, 2008ko urtarrilaren 14an Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzak txostenak eskatu zizkien Guardiako Udalari, Araba Garapen Agentziari eta Arabako Osasun Publikoaren Zuzendariordetzari, espedientean ageri den emaitza jasoz.

2008ko martxoaren 5ean, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan xedatutakoa betez, espediente osoa Ramondin Cápsulas SA enpresaren esku utzi zen, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak egindako Ebazpenaren Proposamena gehituz.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, lege horren xedea da atmosferaren, uraren eta lurzoruaren kutsadura saihestea edo, hori ezinezkoa denean, kutsadura hori gutxitu eta kontrolatzea; eta hori lortzeko, ingurumen osoaren babes-maila altua helburutzat harturik, kutsadura prebenitu eta kontrolatzeko sistema integratu bat ezartzea.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatu eta burutzeko Erregelamendua onartzen duen apirilaren 20ko 509/2007 Errege Dekretuaren 3. artikuluan xedatutakoarekin bat eginez, baimen honetan sartzen dira ekoizpen-elementu eta -lerro guztiak; 16/2002 Legearen 1. eranskinean aipatzen ez diren arren, lege hori aplikatu beharreko esparruko jardueren instalazioetan gauzatzen dira eta jarduera horrekin zerikusia dute.

16/2002 Legearen 9. artikuluak ezartzen duena betez, ingurumeneko baimen bateratua behar dute 1. eranskinean aipatzen diren jardueraren bat garatzen duten instalazioak eraiki, muntatu, ustiatu, lekuz aldatu nahiz funtsezko beste aldaketaren bat egiteko. 11. artikuluaren arabera, baimen honen oinarrizko helburua baldintzak ezartzea da, araua, berau aplika daitekeen instalazio guztietan betetzen dela bermatzeko; horretarako, baimena emateko parte hartuko duten herri-administrazio desberdinen artean koordinatuta izango den prozedura bat erabili nahi da, izapideak erraztu eta partikularrek ordaindu beharreko kargak gutxitzearren. Era berean, indarrean dagoen araudiaren araberako ingurumeneko administrazio-baimen guztiak egintza administratibo bakar batean bildu nahi dira. Ramondin Cápsulas SA enpresaren kasuan, honako baimenak behar ditu: hondakin arriskutsuen ekoizle izateko baimena, industria-hondakin geldoen ekoizleen erregistroan inskripzioa, saneamendu-sistema bateratura isurtzeko baimena, eta ingurumen-izaerako beste zehaztapenen artean, atmosferaren kutsadurari dagozkionak eta lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzearen gainekoak. Gainera, espedientean beste administrazio eta erakunde eskudun batzuek ere parte hartu dute, aginduzko txostenak igorriz.

16/2002 Legearen 29. artikuluan xedatutakoaren arabera, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozedurak jarduera sailkatuetarako udal-lizentziaren prozedura ordezkatzen du, jarduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruzko azaroaren 30eko 2414/1961 Dekretuan aurreikusten zena; ez du ordezkatzen, ordea, udal-agintaritzak emango duen behin betiko ebazpena. Ondorio horietarako, ingurumeneko baimen bateratua udal-agintarientzat loteslea izango da, baldin eta lizentzia ukatzeko bada edota neurri zuzentzaileak ezartzeko bada; baita aipatu arauaren 22. artikuluan jasotako ingurumen-alderdiei buruzko aipamena egiten bada ere. 29. artikulu horretan aipatzen denez, goiko guztiak ez ditu kaltetuko autonomia-erkidego bakoitzean jarduera sailkatuei aplikatzekoak diren gainerako arauak. Transkribatutako aginduak aplikatuz, Ramondin Cápsulas SA enpresari dagokion ingurumeneko baimen bateratuaren prozedurak barne hartu ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean aurreikusitako izapideak; horiez gain, espedientean sartu dira Guardiako Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren txostenak.

Azkenik, instalazioak gehienez isur ditzakeen gai kutsagarrien muga-balioak eta ingurumena, oro har, ahalik eta gehien babesteko ustiapenerako ezarriko zaizkion beste baldintza batzuk zehazte aldera, ebazpen hau egiterakoan kontuan izan dira teknika erabilgarri onenak eta aplikatzekoa den arloko legerian ezarritako neurriak eta baldintzak. Zehazki, Europako Batzordearen 2007ko urtarrileko «Reference Document on Best Available Techniques on Surface Treatment Usisg Organic Solvents» BREF agiriaren edukia eta 2001eko abenduko «Reference Document on Best Available Techniques in the Non Ferrous Metals Industries» BREF agiriaren edukia hartu dira kontuan.

Gainera, alorreko araudiari dagokionez, kasu honetan urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretua, zenbait jarduera eta instalaziotan disolbatzaile organikoak erabiltzerakoan sortzen diren konposatu organiko lurrunkorrak botatzea saihestekoa, aplikatu behar da.

Espedienteko txostenak aztertu ondoren, Ebazpen Proposamena sinatu eta Ramondin Cápsulas SA enpresak sustatutako proiektuak bete beharreko baldintzak ezarri ziren.

Goian adierazitako izapideak amaitu dira, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 20. artikuluan jasotzen den entzunaldi-izapidea bete da, eta organo hau da ingurumeneko baimen bateratu hau emateko eskuduna, aipatutako araudiaren 13. artikuluan eta Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren 9. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Ondorengo araudia ikusi da: Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak 2008ko martxoaren 5en emandako ebazpen-proposamena; Euskal Herriko Ingurumena Babesteari buruzko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua, maiatzaren 8ko 6/2001 Legeak aldatu zuena; Legea burutzeko araudia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretua; Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea eta aplika daitekeen gainerako araudia,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Helbide soziala Guardiako (Araba) udalerriko Casablanca industrialdea z/g duen eta IFK: A01258458 zenbakia duen Ramondin Cápsulas SA enpresari Ingurumeneko Baimen Bateratua ematea, eztainuzko kapsulak, kapsula konplexuak eta PVCezko kapsulak fabrikatzeko jarduerarako, eta ebazpen honen bigarren atalean zehaztutako baldintzak jarraituz.

Jarduera 10.1 kategorian sartuta dago «Material, objektu edo produktuak disolbatzaile organikoekin tratatzeko instalazioak, hain zuzen ere, prestatzeko, estanpatzeko, estaltzeko eta deskoipeztatzeko, iragazgaizteko, itsasteko, lakatzeko, garbitzeko edo inpregnatzeko, orduko 150 kg disolbatzaile baino gehiagoko kontsumo-gaitasunarekin edo urteko 200 tonatik gorako kontsumo-gaitasunarekin»; halaber, 2.5 kategorian sartuta dago, «Metal ez-ferrosoak galdatzeko instalazioak, aleazioa barne, eta berreskuratutako produktuak galdatzeko instalazioak (fintzea, galdatze bidezko moldekatzea), eguneko 4 tona urtzeko gaitasunarekin berunaren eta kadmioaren kasuan edo 20 tona urtzeko gaitasunarekin gainerako metalen kasuan», Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinaren barruan.

Enpresa Casablanca industrialean z/g dago, Guardiako (Araba) udalerrian.

Urtean 500 milioi eztainuzko kapsula eta 250 milioi kapsula konplexu eta PVCezko kapsula ekoizteko gaitasuna du.

Ondorengo lerroetan deskribatu dira Ramondin Cápsulas SA enpresaren instalazioetako ekoizpen-lerro desberdinetan garatzen diren ekoizpen-prozesuak.

Lehengaiak jasotzea.

Ondoren adierazitako produktuak dira oinarrizko lehengaiak eta bidoi, zaku, tanga, eta abarretan biltegiratzen dira, bakoitzaren izaeraren arabera:

  • Kapsula enbutituak: Eztainuzko lingoteak.
  • Kapsula itsatsiak: Aluminiozko eta PVCezko bobinak, Aluminio-Polietileno-Aluminiozko konplexua.

Kapsula enbutituen lerroa.

Lerro honen xedea da pieza bakarreko kapsulak lortzea, lehengai gisa eztainuzko lingoteak erabiliz.

Eztainuzko lingoteak labe batean sartzen dira eta ijezketa egin ahal izateko beharrezkoa den tenperatura hartzen dute labe horretan. Eztainuzko lingoteak arbastu egiten dira lehenengo, lodiera murrizteko (zumitza). Lodiera pixkanaka murrizten da ijezketa-trenean, nahi den lodiera lortu arte. Lortutako zumitza saski metalikoetan aplikatzen da. Horrela, produktua prest uzten da hurrengo fabrikazio-faseari ekiteko.

Zumitza duten saskiak beste sekzio batera eramaten dira. Sekzio horretan enbutizio-prozesu bat garatzen da, eta eztainuzko xafla lauetatik abiatuta kapsula-formako pieza bat lortzen da.

Azkenik, kapsulak pintatu eta serigrafiatu egiten dira «Dekorazioaren» sekzioan, eta biltegiratzeko eta ondoren bidaltzeko prest uzten dira.

Kapsula itsatsien lerroa.

Ekoizpen-lerro honetan bobinak erabiltzen dira zuzenean lehengai gisa. Material mota desberdineko bobinak daude: PVCa, aluminioa, Aluminio-Polietileno-Aluminiozko konplexua.

Xaflak makina birakarien sekzioan dekoratzen dira, sakongrabatuaren teknika jarraituz. Sekzio honetan bereizirik dekoratzen dira kapsularen hegala, lehen aipatutako edozein materialekin egindakoa izan daitekeena, eta kapsularen burua, aluminiozkoa beti.

Kapsularen hegala eta burua dekoratu eta gero, «Itsasteko» sekziora eramaten da eta bertan itsatsi egiten dira hegala eta burua, bi piezako kapsula osatzeko. Sekzio horrez gain, zenbait kapsularen kasuan erliebezko serigrafia bidezko dekorazio gehigarria egiten da.

Pintura-fabrikazioa.

Pintura-fabrikazioa berariaz prestatutako eraikin bereizi batean egiten da. Prozesuak bi etapa ditu:

  • Base koloreztatuen fabrikazioa: Kapsula enbutituen prozesuan ur-oinarriko tintak erabiltzen dira bakarrik; kapsula itsatsien prozesuan, berriz, oinarri disolbatzaileko tintak erabiltzen dira.

Ekoizpenean erabiltzen diren pinturen koloreak, «base koloreztatu» izeneko oinarrizko kolore desberdinak nahastuz lortzen dira.

Ur-oinarriko base koloreztatuak, ur-oinarriko erretxina likidoak, pigmentuak eta ur destilatua erabiliz lortzen dira.

Oinarri disolbatzaileko tinten kasuan, erretxina solidoetatik edo erretxina likidoetatik lor daitezke oinarriak. Erretxina solidoak erabiltzen badira, lehenik eta behin disolbatu egiten dira disolbatzailean eta hortik berniz garden bat lortzen da. Base koloreztatuak lortzeko, bernizari kolore-pigmentu desberdinak gehitzen zaizkio.

Erretxina likidoak erabiltzean, prozesua bakundu egiten da, pigmentuak zuzenean isurtzen baitira erretxinaren gainean, irabiagailutik pasa gabe.

Zenbait kasutan, pigmentu motaren arabera, aurretik pigmentuak ehotu egiten dira, bernizean ondo disolbatzeko.

  • «Koloreak» fabrikatzea base koloreztatuetatik abiatuta: Material mota bakoitzerako base koloreztatu desberdinak gordetzen dituzten andel-sail bat erabiltzen da. Kolore-sorta desberdinak lortzeko, material mota bakoitzari dagozkion base koloreztatuak nahasten zaizkio, proportzio egokian. Tinta komertzialak zuzenean erabiliz egiten da nahasketa, batzuetan.

Bezero mota bakoitzak eskatutako kolorearen beharrezko kantitatea lortu ondoren, pintura ontzietan isuri eta kapsulak fabrikatzeko prozesuetara eramaten da.

Eragiketa horiez gain, prozesu osagarri hauek daude:

  • Disolbatzaile-destilazioa.
  • Gas efluenteen tratamendua.
  • Zerbitzu Orokorrak.

Energia elektrikoa, propanoa eta gasolioa erabiltzen dira energia-iturri gisa.

Ramondin Cápsulas SA enpresak atmosferara industria-isurketak egiten dituzten hainbat foku ditu. Ur-isurketei dagokienez, hiru isurketa aski bereizi daude: Ur higieniko-sanitarioak, industria-urak (hozte-dorreetako purgatzeak eta garbiketa-urak) eta euri-urak; guztiak kolektorera eramaten dira.

Ramondin Cápsulas SA enpresan erabiltzen den ura hornikuntza-sare publikotik hartzen da. Ura honetarako erabiltzen da: hozte-dorreak, ijezketa-zirkuituaren hoztea, garbiketa eta langileen higienea.

Kasu honetan ezar daitezkeen BREFetako TEOei dagokienez, honako TEOak aplikatzen ditu enpresak: biltegiratzea teilatupean, urtzeko labeetako isurketak antzeman eta araztea, lurzoru estankoa eta lixibiatua poligonoko kolektorera kanalizatzea, ondoren arazteko, ingurumena kudeatzeko sistema, tinta organikoen ordez ur-oinarriko tintak erabiltzea, garbiketa-disolbatzaileak berriro erabiltzea, eta abar.

Bigarrena.– Ramondin Cápsulas SA enpresak Guardiako udalerrian sustatutako botilatze-industriarako eztainuzko, konplexuzko eta PVCezko kapsulak fabrikatzeko jarduera ustiatzeko ondorengo baldintzak eta eskakizunak ezartzea.

A) Administrazioarekiko harremanez arduratuko den pertsonaren gainean Ingurumen Sailburuordetzari eman dizkion datuetan aldaketarik balego, Ramondin Cápsulas SA enpresak aldaketa horien berri emango du.

B) Neurri babesle eta zuzentzaileak, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu dituen agirietan aurreikusita bezala burutuko dira, indarrean dagoen araudiaren arabera eta ondorengo ataletan ezarritakoari jarraituz:

B.1.– Instalazioaren jardunerako baldintza orokorrak.

B.1.1.– Airearen kalitatea babesteko baldintzak.

B.1.1.1.– Baldintza orokorrak.

Ramondin Cápsulas SA enpresaren fabrika ustiatzean atmosferara egingo diren isurtzeek ez dituzte ebazpen honetan ezarritako muga-balioak gaindituko.

Prozesuan zehar atmosferara isurtzen den gai kutsatzaile oro bildu eta ihesbide egokienean zehar kanpora bideratuko da, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren. Arau orokor hori bete beharrik ez dute izango gai kutsatzaileak mugarik gabe isuri eta horiek biltzea teknikoki edota ekonomikoki bideragarria ez denean, edo ingurunean kalte urria eragiten dutela egiaztatzen denean.

Neurriak hartuko dira ustekabean gai kutsatzailerik ez botatzeko, eta botatzen direnak giza osasunerako nahiz gizartearen segurtasunerako arriskutsuak izan ez daitezen. Gas-efluenteak tratatzeko instalazioak behar bezala ustiatu eta mantenduko dira, efluenteen tenperatura- eta konposizio-aldakuntzei modu eraginkorrean aurre egiteko. Era berean, ahalik eta gehien murriztuko dira instalazio horiek gaizki dabiltzan edo geldirik dauden aldiak.

B.1.1.2.– Fokuak identifikatzea. Katalogazioa.

Ramondin Cápsulas SA enpresaren instalazioak ondoko fokuak ditu, indarrean dagoen araudiaren arabera katalogatuta:

(Ikus .PDF)

Ramondin Cápsulas SA enpresak honako informazio hau aurkeztu behar du:

  • Isurketa-foku guztien UTM koordenatuak.
  • Isurketa-foku guztien altuera eta diametroa.

B.1.1.3.– Isurtzeko muga-balioak.

a) Instalazioa ustiatzean atmosferara egingo diren isurtzeek ez dituzte isurtzeko muga-balio hauek gaindituko:

(Ikus .PDF)

*10, 11, 12, 13, 14, 15 eta 16 fokuetarako guztizko partikulen muga, BKEk aipatutako fokuetan egindako neurketak zehaztasunez aztertu ondoren definituko da.

  • «Hainbat estaldura mota» jarduerarako isurketa barreiatuen muga-balioa (disolbatzaileen sarrera-portzentajea) % 20koa da.
  • Muga hori berrikusteko aukera dago, C.1 atalean eskatzen den murrizketa-sistemak ematen duen emaitzaren arabera.

Balio horiek baldintza hauek dituzte: 273 K-ko tenperatura, 101,3 kPa-ko presioa eta gas lehorra.

b) Neurtutako parametroek ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauz egingo diren aldizkako ikuskaritzetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez), zortzi ordutan zehar neurtuta. Neurketa-tolerantzia gisa, kasu guztien % 25ean gainditu ahal izango da muga-balioa, % 40 gainditzen ez duen zenbatekoa baldin bada. Tolerantzia hori gaindituz gero, neurketa-aldia astebetez luzatuko da, eta aldi honetako tolerantzia global gisa, kasuen % 6an gehienez onar daitezkeen mailak gainditzea onartuko da, % 25 gainditzen ez duen zenbatekoa denean. Tolerantzia horiek izanda ere, gai kutsatzaileak isurtzen dituen fokuaren eraginpeko zonaldean ezin izango dira inoiz higienikoki onar daitezkeen balioak gainditu.

KOHei dagokienez (KOG gisa neurtutakoak), ez dituzte isurtzeko muga-balioak gaindituko arauz egingo diren aldizkako ikuskaritzetan (ordubeteko hiru neurketa gutxienez), baldin eta neurketa guztien batez bestekoak isurtzeko muga-balioak gainditzen ez baditu eta ordubeteko neurketetako batek ere isurtzeko muga-balioak 1,5 faktorea baino kopuru handiagoan gainditzen ez badu.

B.1.1.4.– Gasak biltzeko eta husteko sistema.

Fokuetako gas-hondarrak kanporatzeko tximiniek ez dute B.1.1.2 atalean jasota dagoen goreneko kota baino baxuagoa izango. Tximinietan behar beste neurri hartuko dira Industria Ministerioak industriak atmosferan eragiten duen kutsadurari aurrea hartu eta hori zuzentzeari buruz 1976ko urriaren 18an emandako Agindua bete dezaten; besteak beste, laginak hartzeko puntuetara iristeko sarbide seguru eta errazak izango dituzte.

Zehazki, laginak hartzeko aurreikusitako zuloen kokapenari eta ezaugarriei dagokienez, gas-fluxuak laginketa-puntutik neurketa-puntura bitartean, bere norabidean zehar nahiz aurkakoan, edozein asaldu izan dezakeen gunera bitarteko distantziek (L1 eta L2 parametroak) 1976ko urriaren 18ko Aginduaren III. eranskinean xedatutakoa beteko dute.

L1 = 8D eta L2 = 2D distantziak betetzen ez diren fokuetan, inoiz ez dira L1 < 2D eta L2 < 0,5D balioak onartuko. Kasu horietan, neurketen txostenean laginketa-planoaren baliotasuna justifikatzea eskatuko da.

B.1.2.– Saneamendu-sarera isurtzeko baldintzak.

B.1.2.1.– Isurketen sailkapena, jatorria, ingurune hartzailea eta kokapena.

Isurketa sortzen duen jarduera mota nagusia: Botilatze-industriarako eztainuzko, konplexuzko eta PVCezko kapsulen fabrikazioa.

Jarduera-taldea: 2.

Mota-taldea-EJSN: 2-1-28.72 (Ontzi eta paketatze arinak metalean fabrikatzea).

(Ikus .PDF)

B.1.2.2.– Gehienez isur daitezkeen emari eta bolumenak.

a) Hozte-sistemen hustuketetako industria-uren isurketa.

(Ikus .PDF)

b) Kutsadura eragin dezaketen euri-uren isurketa.

(Ikus .PDF)

B.1.2.3.– Isurtzeko muga-balioak.

Casablanca industrialdeko kolektorera doazen isurketei buruzko araudian agertzen diren mugak eta baldintzak bete behar ditu akaberako isurketak, erakunde horrek aintzat har ditzakeen zehaztapen, aldaketa edo salbuespenekin.

Ezingo dira diluzio-teknikak erabili isurtzeko muga-balioak lortzeko.

B.1.2.4.– Araztu eta husteko instalazioak.

Hartutako neurri zuzentzaileak nahikoa ez direla ikusiz gero, Ramondin Cápsulas SA enpresak behar beste aldaketa egingo ditu isurketa baimenean ezarritako baldintzak bete ditzan. Aldaketak Administrazioari jakinaraziko dizkio lehenik; behar izanez gero, baimena aldatzeko ere eskatuko du.

Kontrolerako kutxeta bat jarriko da baimendutako hondakin-ur mota bakoitzarentzako; kutxeta horiek isurketen lagin esanguratsuak lortzeko beharrezko ezaugarriak izango dituzte. Kutxetak ikuskatu ahal izateko sarbide zuzena ahalbidetzen duten lekuan kokatuko dira, hala badagokio.

B.1.3.– Fabrikan sortutako hondakinak egoki kudeatzen direla bermatzeko baldintzak.

Instalazioetan sortzen diren hondakin guztiak hondakinei buruzko apirilaren 21eko 10/1998 Legean eta aplikatzekoa den berariazko gainerako araudian xedatutakoari jarraituz kudeatuko dira; hala badagokio, hondakinak karakterizatu egin beharko dira euren izaera zehaztu eta helburu egokiena erabakitzeko.

Espresuki debekatuta dago sortzen diren tipologia desberdineko hondakinak elkarrekin edo beste hondakin nahiz efluente batzuekin nahastea; hondakinak jatorritik bertatik bereiziko dira eta horiek bildu eta biltegiratzeko bide egokiak jarriko dira, nahasketak saihesteko.

Hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei jarraituz, hondakin oro baliotu egin behar da eta horretarako balioztagune baimendu batera eraman behar dira. Hondakinak ezabatu ahal izango dira, baldin eta horiek baliotzea teknika, ekonomia edota ingurumen aldetik bideragarria ez dela behar bezala egiaztatzen bada. Birsortzea eta berrerabiltzea lehenetsiko dira baliotzeko beste modu material edo energetikoren aurretik.

Era berean, hondakinak tratatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan instalazio baimenduak badaude, instalazio horietara bidaliko dira lehentasunez, autosufizientzia- eta gertutasun-printzipioei jarraituz.

Baimendutako zabortegian ezabatzea aurreikusita dagoen hondakinen karakterizazioa, 2002ko abenduaren 19ko Kontseiluaren 2003/33/EE Erabakiarekin bat etorriz gauzatuko da. Erabaki horren bidez, hondakinak zabortegian hartzeko irizpideak eta prozedurak ezartzen dira. Bestela, erabaki hori garatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan onartutako jarraibideekin bat etorriz gauzatuko da.

Hondakinak biltzeko eremuek lurzoru estankoa izan beharko dute. Egoera fisiko likidoan edo oretsuan dauden edo oso bustita daudelako isurketak edo lixibiatuak sor ditzaketen hondakinen kasuan, horiek biltzeko kubeta edo sistema egokiak jarriko dira, ezbeharrez gerta daitezkeen isurketak kanpora irten ez daitezen. Hondakina hautsa bada, euri-urarekin kontakturik izan dezan edo haizeak arrasta dezan saihestuko da; behar izanez gero, estali egingo da.

Hondakinek desagertu, galdu eta ihes egingo balute, berehala jakinaraziko da gertatutakoa Ingurumen Sailburuordetzan eta Guardiako Udalean.

B.1.3.1.– Hondakin arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin arriskutsuak honako hauek dira:

  • 1. prozesua: «Kapsula enbutituak fabrikatzea».
  • 1. hondakina: Ura duten tintak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/1/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q5//D15//L12//C43//H5/14//A241//B3258.
  • - EHZ kodea: 080312.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 25 tona.

Kapsula enbutituak pintatu eta serigrafiatzean sortzen da, dekorazioaren sekzioan eta pinturak fabrikatzeko eragiketetan; tintak dituen disoluzio urtsua da.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan; behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da baimendutako kudeatzaileak jasotzeko.

  • 2. hondakina: Pintura katalizatua.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/1/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//D15//S12//C41//H3b/14//A241//B3258.
  • - EHZ kodea: 080111.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 24 tona.

Kapsula enbutituak pintatu eta serigrafiatzean sortzen da, dekorazioaren sekzioan eta pinturak fabrikatzeko eragiketetan; disolbatzaileak dituen pintura solidotua da.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan; behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da baimendutako kudeatzaileak jasotzeko.

  • 3. hondakina: Errebelatzailea.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/1/3.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//D15//L16//C24//H14//A241//B3258.
  • - EHZ kodea: 090101.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 0,4 tona.

Serigrafia-pantailak errebelatzeko eragiketetan sortzen da. Errebelatze-likido agortuak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan; behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da baimendutako kudeatzaileak jasotzeko.

  • 4. hondakina: Finkatzailea.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/1/4.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//R13//L16//C10/23//H14//A241//B3258.
  • - EHZ kodea: 090104.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 0,15 tona.

Serigrafia-pantailak errebelatzeko eragiketetan sortzen da. Finkatze-likido agortuak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan; behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da baimendutako kudeatzaileak jasotzeko.

  • 2. prozesua: «Kapsula itsatsiak fabrikatzea».
  • 1. hondakina: «Disolbatzaileak dituzten tintak».
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/2/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q8//R13//L12//C41//H3b//A241//B3258.
  • - EHZ kodea: 080312.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 60 tona.

Kapsula itsatsiak dekoratzeko eragiketetan sortzen da, dekorazioaren sekzioan; disolbatzaileak dituzte tinta-hondarrak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan; behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da baimendutako kudeatzaileak jasotzeko.

  • 2. hondakina: Ur-oinarriko itsasgarriak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/2/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//D15//P13//C45//H8//A241//B3258.
  • - EHZ kodea: 080413.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 2 tona.

Material konplexua itsasteko eragiketetan sortzen da; urarekin nahastutako bi osagairen itsasgarri-hondarrak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan; behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da baimendutako kudeatzaileak jasotzeko.

  • 3. hondakina: Oinarri disolbatzaileko itsasgarriak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/2/3.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//D15//P13//C41//H3b//A241//B3258.
  • - EHZ kodea: 080411.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 1 tona.

Material konplexua itsasteko eragiketetan sortzen da; oinarri disolbatzaileko bi osagairen itsasgarri-hondarrak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan; behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da baimendutako kudeatzaileak jasotzeko.

  • 3. prozesua: «Pinturak berfabrikatzeko prozesua».

Prozesu honetan sortzen diren «ura duten tintak» eta «pintura katalizatua» hondakin arriskutsuak, kapsula enbutituak fabrikatzeko prozesuaren barruan sortzen diren izen bereko hondakin arriskutsuekin batera kudeatzen dira; prozesuan sortzen diren beste hondakin arriskutsu batzuk beste prozesu batzuetan sortzen diren izen bereko hondakin arriskutsuekin batera kudeatzen dira; guztiak batera kodetzen dira Zerbitzu Orokorrak eta/edo Hondakinak elkartzea prozesuetan.

  • 4. prozesua: «Disolbatzailea berreskuratzea».
  • 1. hondakina: Destilazio-kolak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/4/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q8//R13//P5//C41//H3b//A241//B1008.
  • - EHZ kodea: 140605.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 40 tona.

Disolbatzailea destilazioz berreskuratzean sortzen da; disolbatzaileak dituzten lohiak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan; behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da baimendutako kudeatzaileak jasotzeko.

  • 5. prozesua: «Gas efluenteak garbitzea».
  • 1. hondakina: Labeen xurgaketako hautsa.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/5/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q9//D15//S22//C12/43//H5/14//A241//B0011.
  • - EHZ kodea: 101009.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 3,7 tona.

Eztainua urtzeko labeetako gasak iragaztean sortzen da; berreskuratutako kapsulak galdatzetik geratutako eztainua eta konposatu aromatikoak dituzte.

Hondakin hori identifikatzeko bidoian biltzen da sortzen den lekuan, eta bete ondoren, hondakin-biltegira eramaten da.

  • 2. hondakina: Pintura-hautsa.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/5/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q9//D15//S12//C41//H5/14//A241//B0011.
  • - EHZ kodea: 080111.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 2,5 tona.

Pintura-hautsak xurgatzeko instalazioko gasen iragazketaren ondorioz sortzen da; pintura-estraktu lehorra duten hautsak dira.

Hondakin hori identifikatzeko bidoian biltzen da sortzen den lekuan, eta bete ondoren, hondakin-biltegira eramaten da.

  • 6. prozesua: «Zerbitzu orokorrak (B0019)».
  • 1. hondakina: «Olio erabiliak».
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/6/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//R13//L8//C51//H5/6//A241//B0019.
  • - EHZ kodea: 130205.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 2 tona.

Makina desberdinetan olioa birjartzerakoan sortzen da Mantentze Lan Orokorren azpiprozesuan; olio mekaniko erabiliak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako edukiontzian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan; behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

  • 2. hondakina: Hodi fluoreszenteak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/6/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q6//R13//S40//C16//H6/14//A241//B0019.
  • - EHZ kodea: 200121.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 0,7 tona.

Lanparak birjartzeko eragiketetan sortzen da Mantentze-lan Orokorra azpiprozesuan; merkurioa duten lanpara erabiliak dira.

Hondakinarentzat identifikatu den zonan jasotzen da, hondakin arriskutsuen biltegian.

  • 3. hondakina: Metal astundun botoi-pilak eta pila prismatikoak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/6/3.
  • - Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C7/16/22//H14//A241//B0019.
  • - EHZ kodea: 200133.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 0,1 tona.

Pila agortuak birjartzeko eragiketetan sortzen da, eta eraginkorragoa denez, taldeka biltzen dira; merkurioa, metal-oxidoak eta zinka bezalako metalak dituzten pilak dira.

Hondakin hori identifikatzeko edukiontzian jasotzen da, eta hondakinen biltegian uzten da.

  • 4. hondakina: Garbiketa-urak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/6/4.
  • - Hondakinaren kodea: Q5//D15//L20//C51//H5//A241//B0019.
  • - EHZ kodea: 120301.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 20 tona.

Zirkuitu itxiak husteko eragiketetan eta konpresoreen purgatzeen ur oliotsuak biltzeko eragiketetan sortzen da.

Hondakin horientzako berariaz identifikatutako bidoian biltzen dira eta ondoren hondakinen biltegian uzten dira.

  • 5. hondakina: Taladrina erabilia.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/6/5.
  • - Hondakinaren kodea: Q7//D15//L9//C51//H5//A241//B0019.
  • - EHZ kodea: 120109.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 0,3 tona.

Taladrina erabiltzean hondakin gisa sortzen da Mantentze-lan mekanikoak azpiprozesuko mekanizazio-eragiketetan; emultsio oliotsu bat da.

Makinak garbitzean hondakin horrentzako berariaz identifikatutako upelean biltzen da eta, ondoren, upel hori hondakin arriskutsuen biltegira eramaten da.

  • 6. hondakina: Hondakin sanitarioak. II. Taldea.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/6/6.
  • - Hondakinaren kodea: Q16//D14//S1//C35//H9//A241//B0019.
  • - EHZ kodea: 180103.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 0,003 tona.

Zerbitzu Medikuaren azpiprozesuan sortzen da; hondakin ebakitzaileak eta zorrotzak dira.

Edukiontzi hermetiko batean gordetzen da, botikinean; edukiontzi horretatik atera eta zuzenean ematen zaio baimendutako kudeatzaileari.

  • 7. hondakina: Aerosolak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/6/7.
  • - Hondakinaren kodea: Q5//R13//S-G36//C41/51//H3b//A241//B0019.
  • - EHZ kodea: 160504.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 0,014 tona.

Mantentze-eragiketetan sortzen da; olioak eta disolbatzaileak eduki dituzten aerosolak dira.

Hondakin horrentzat identifikatutako edukiontzian biltzen da sortzen den lekuetan, eta bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

  • 8. hondakina: Konposatu elektrikoak eta elektronikoak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/6/8.
  • - Hondakinaren kodea: Q14//R13//S40//C6/16/18//H6/14//A241//B0019.
  • - EHZ kodea: 160213.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 0,5 tona.

Ekipo elektriko eta elektronikoen mantentze-eragiketetan eta birjartzeko eragiketetan sortzen da; baztertutako ekipo ofimatikoak dira.

Hondakinarentzat identifikatu den zonan jasotzen da, hondakin arriskutsuen biltegian.

  • 7. prozesua: «Hondakinak elkartzea».
  • 1. hondakina: Zatarrak, iragazkiak eta xurgatzaileak (substantzia arriskutsuekin kutsatuta).
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/7/1.
  • - Hondakinaren kodea: Q5//D15//S40//C41/51//H5//A241//B9711.
  • - EHZ kodea: 150202.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 32 tona.

Xurgatzaileak eta Ehunak Biltzeko eta Elkartzeko azpiprozesuan kodetzen dira; olio, pintura edo beste poluitzaile batzuk kutsatutako zatarrak, iragazkiak eta material xurgatzaileak dira.

Hondakinarentzat identifikatutako bidoian jasotzen da sortzen den postuan edo postuetan. Behin bete ondoren, hondakinen biltegira eramaten da.

  • 2. hondakina: Kutsatutako metalezko ontziak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/7/2.
  • - Hondakinaren kodea: Q5//R13//S36//C41/51//H5//A241//B9711.
  • - EHZ kodea: 150110.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 022 tona.

Ontzi Hutsak Biltzeko eta Elkartzeko azpiprozesuan sortzen dira; gai arriskutsuen hondarrak dituzten metalezko ontziak dira, edo horiez kutsatuak; orokorrean pinturak, pintura gehigarriak, disolbatzaileak, tintak eta olioa eduki dituzte.

Hondakin hori identifikatzeko edukiontzian/big-bagean biltzen da sortzen den lanpostuen ondoan. Ontzia bete ondoren, hondakin-biltegira eramaten da.

  • 3. hondakina: Plastiko kutsatuak eta serigrafia-pantailak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/7/3.
  • - Hondakinaren kodea: Q5//D15//S36//C41//H5//A241//B9711.
  • - EHZ kodea: 150110.
  • - Urtean sortutako kantitatea: 27 tona.

Ontzi Hutsak Biltzeko eta Elkartzeko azpiprozesuan sortzen dira; gai arriskutsuen hondarrak dituzten plastikozko ontziak eta serigrafia-pantailak dira, edo horiez kutsatuak; orokorrean pintura eta tinta eduki dituzte.

Hondakin hori identifikatzeko edukiontzian/big-bagean biltzen da sortzen den lanpostuen ondoan. Ontzia bete ondoren, hondakin-biltegira eramaten da.

  • 4. hondakina: Berun/azidozko bateriak.
  • - Identifikazioa: A01258458/100008562/7/4.
  • - Hondakinaren kodea: Q6//R13//S37//C18/23//H8/14//A241//B9711.
  • - EHZ kodea: 160601.
  • - Urtean sortutako kantitatea: noizean behin.

Beruna eta disoluzio azidoa duten bateria erabiliak birjartzean sortzen da.

Hondakin hori identifikatzeko edukiontzian biltzen dira, horretarako berariaz jarritako gunean.

a) Hondakin arriskutsuak biltzeko sistemak bereiziak izango dira, duten tipologia dela-eta, isuriren bat gertatuz gero, nahasi, arriskutsuago bihurtu edo kudeaketa zaildu dezaketen kasuetan.

b) Hondakin arriskutsuak dituzten ontziek hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko erregelamendua onartzen duen uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak kontuan izan beharko dituzte, eta itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

c) Aurreko atalean aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; etiketa 1988ko uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 14. artikuluan horretarako adierazitako jarraibideen araberakoa ere izango da.

d) Berariazko hondakin sanitarioak (II. taldea) manipulatu, ontziratu, etiketatu eta gordetzeko baldintzak Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuan eta hori garatzeko araudietan ezarritakoak izango dira.

e) Hondakin arriskutsuak gordetzeko denbora ezingo da 6 hilabetetik gorakoa izan.

f) Hondakinak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eraman aurretik, nahitaezko baldintza izango da agiri baten bidez egiaztatzea kudeatzaile baimendu horrek hondakinak onartu dituela. Agiri horretan hondakinak onartzeko baldintzak ezarriko dira, eta egiaztatu egingo da tratatu beharreko hondakinaren ezaugarriak administrazio-baimenarekin bat datozela. Agiri hori Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da hondakina lehenengoz erretiratu aurretik eta, behar izanez gero, hondakinen kudeatzaile berri batengana eraman aurretik. Beharrezkoa izanez gero, karakterizazio xehatua egingo da, proposatutako tratamenduaren egokitasuna egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela.

g) Hondakin arriskutsuak eraman aurretik eta, hala badagokio, araudian ezarritako aurretiazko jakinarazpena egin ondoren, kontrolerako eta jarraipenerako agiria bete beharko da. Agiri horren zati bat garraiolariari emango zaio, zamarekin batera jatorritik helmugaraino eraman dezan. Ramondin Cápsulas SA enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

h) Egiaztatu egin beharko da hondakin arriskutsuak kudeatzaile baimenduaren instalazioetara eramateko erabiliko den garraiobideak horrelako gaiak garraiatzeko indarrean dagoen legerian ezarritako baldintzak betetzen dituela.

i) Ramondin Cápsulas SA enpresak ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuari, Industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenari, jarraituz kudeatu beharko du sortutako olio erabilia.

j) Ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuan, industrian erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean, aurreikusitako baimendutako kudeaketa bateraturako sistema bat ezartzen ez den bitartean, irailaren 29ko 259/1998 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoan erabilitako olioaren kudeaketa arautzen duenean, begiesten diren aurreikuspenak bete beharko ditu Ramondin Cápsulas SA enpresak.

k) Ekipo elektriko eta elektronikoen hondakinak, horien artean hodi fluoreszenteak, otsailaren 25eko 208/2005 Errege Dekretuan, tresna elektriko zein elektronikoei eta horien hondakinen kudeaketari buruzkoan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira.

l) Ramondin Cápsulas SA enpresak PKB daukaten gailuak dituenez, nahitaez bete behar ditu horiek behar bezala kudeatzeko abuztuaren 27ko 1378/1999 Errege Dekretua, poliklorobifeniloak, polikloroterfeniloak eta horiek dituzten gailuak ezabatu eta kudeatzeko neurriak ezartzen dituena, eta errege-dekretu hori aldatzen duen otsailaren 24ko 228/2006 Errege Dekretua.

m) Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2000ko ekainaren 29ko 2037/2000 EE Erregelamenduan ozono-geruza agortzen duten substantzia batzuk zehazten eta arautzen dira. Ramondin Cápsulas SA enpresak era horretako substantzia erabilirik badu, substantzia horiek bildu eta suntsitu egingo dira aldeek erabakitako bide teknikoak erabiliz edota ingurumen-ikuspuntutik onar daitekeen suntsiketarako beste edozein bide erabiliz; hondakin horiek birziklatu edo birsortu egingo dira bestela, aparatuak aztertu eta mantentzeko lanen aurretik nahiz desmuntatu edo suntsitu baino lehen.

n) Ramondin Cápsulas SA enpresak urtero adierazi beharko dio Ingurumen Sailburuordetzari ekitaldi bakoitzean sortu dituen hondakin arriskutsu guztien jatorria, kopurua, helmuga eta aldi baterako biltegiratuta dauden hondakinen zerrenda.

o) Erregistro bat edukiko du, hondakin arriskutsuei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, jasotzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa betez, eta uztailaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuaren bidezko aldaketan ezarritakoa betez. Sei hilean behin, Ingurumen Sailburuordetzari kontrolerako erregistro horren kopia bidaliko dio.

p) Hondakin arriskutsuen kudeaketako funtsezko oinarriak bete daitezen, hau da, hondakin horiek ahal den gutxiena sortzeko, Ramondin Cápsulas SA enpresak neurri babesleak erabiliz hondakin arriskutsuen sorrera gutxitzeko plana egin eta aurkeztu beharko du Ingurumen Sailburuordetza honetan, gutxienez lau urtean behin.

q) Aurreko f),g) (kudeatzaileak EAEn daudenean), m) eta n) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

r) Amiantoa duten hondakinak antzemanez gero, Ramondin Cápsulas SA enpresak 108/1991 Errege Dekretuan, amiantoak ingurumenean sortzen duen kutsadura saihestu eta gutxitzekoan, ezarritako eskakizunak bete beharko ditu. Era berean, amiantoa duten hondakinak kudeatzeko egingo diren manipulazioak martxoaren 31ko 396/2006 Errege Dekretuan ezarritako aginduen arabera burutuko dira; dekretu horren bidez ezarri ziren amiantoarekin lan egiterakoan segurtasun eta osasun arloan bete behar diren gutxieneko baldintzak.

B.1.3.2.– Hondakin ez-arriskutsuak.

Sustatzaileak adierazitako hondakin ez-arriskutsuak hauek dira:

(Ikus .PDF)

a) Erabilitako ontziak eta ontzi-hondakinak gaika behar bezala bereizi eta eragile ekonomiko bati emango zaizkio (hornitzaileari), erabilitako ontzien kasuan berriro erabili ahal izateko; ontzi-hondakinak, berriz, berreskuratzaile, birziklatzaile edo balioztagune baimendu batera.

b) Hondakin horiek ezabatzeko direnean ezin dira urtebete baino gehiagoz biltegiratuta eduki. Hondakinen azken helburua baliotzea denean, 2 urtez gorde ahal izango dira.

c) Oro har, hondakinak hustu aurretik, baimendutako kudeatzaile batek onartzen dituela dioen agiria izan beharko dute, onarpen horretarako baldintzak zehaztuta. Agiri horren kopia bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara, proposatutako kudeaketa egokia dela eta ebazpen honetan ezarritako oinarrizko printzipioak betetzen direla egiaztatzeko. Hala badagokio, arrazoitu egin beharko da proposatutako kudeaketa-modua Ebazpen honetako hondakinen kudeaketari buruzko printzipio hierarkikoei egokitzen zaiela. Ramondin Cápsulas SA enpresak artxibategian gorde beharko ditu onarpen-agiriak eta kontrolerako zein jarraipenerako agiriak, edo horien agiri ofizial baliokideak, bost urtean gutxienez.

d) Halaber, hondakin geldo eta geldotuen kudeaketari buruzko azaroaren 2ko 423/1994 Dekretuarekin bat etorriz, hondakin ez-arriskutsuak zabortegi baimendu batera eraman aurretik, jarraipenerako eta kontrolerako dagokion agiria bete beharko da. Agiri horiek bost urtez gorde beharko dira.

e) Erregistro bat egingo da, hondakinei buruzko datu hauek agerrarazteko: kopurua, izaera, identifikazio-kodea, jatorria, tratatzeko metodo eta tokiak, sorrera- eta lagapen-datak, biltzeko maiztasuna eta garraiatzeko modua. Urtero, Ingurumen Sailburuordetzari bidaliko zaio kontrolerako erregistro horren kopia.

f) Aurreko c) eta d) (kudeatzaileak EAEn daudenean), eta e) ataletan adierazitako agiriak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira, ahal dela transakzio elektroniko bidez, IKS-L03 Sistemaren erakundeentzako bertsioa erabilita.

B.1.4.– Lurzorua babesteko baldintzak.

Urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan eta otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako aginduak betez lurzoruaren egoerari buruz aurkeztutako aurretiazko txostenean jasota dauden gomendioen arabera, Ramondin Cápsulas SA enpresak lurzorua babesteko beharrezko neurriak hartu beharko ditu.

B.1.5.– Zaratari buruzko baldintzak.

Jarraian adierazitako zarata-mailak ez gainditzeko neurriak instalatuko dira:

a) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 40 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 08:00ak eta 22:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 45 dB (A) ere gehienezko balioetan.

b) Jarduera maila hauei egokitu behar zaie: etxebizitzen barrualdean entzungo den zarata ezin izango da inoiz ere 30 dB (A) baino handiagoa izan Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, 22:00ak eta 08:00ak bitartean, leiho eta ateak itxita, ezta 35 dB (A) ere gehienezko balioetan.

c) Era berean, zarata ezin da 60 dB (A) baino handiagoa izan, Leq 60 segundo etengabeko balioan neurtuta, industria-eremuaren kanpoko itxituran.

d) Zamalanetan eta materiala kamioietan garraiatzean egiten den zaratak ez du handituko sentsibilitate akustiko handieneko guneetako zarata-maila.

C) Ingurumena zaintzeko programa.

Ingurumena zaintzeko programa sustatzaileak aurkeztutako agirietan aurreikusitakoaren eta ondoko atal hauetan ezarritakoaren arabera gauzatu beharko da:

C.1.– Isuri atmosferikoak kontrolatzea.

a) Ramondin Cápsulas SA enpresak isurien kontrola egin beharko du, informazio honi jarraituz:

(Ikus .PDF)

* 5, 6, 7 eta 8 fokuetarako aipatutako poluitzaileak neurtuko dira, betiere errekuntza-gasak husteko bakarrik erabiltzen badira.

b) Goiko atalean adierazitako neurketa guztiak Baimendutako Kontrol Erakunde (BKE) batek egin behar ditu (gutxienez, ordubeteko hiru neurketa, zortzi ordutan barrena neurtutakoak) eta aldizkako neurketa horiei dagozkien txostena, Ingurumen Sailburuordetzaren «BKEren gutxieneko txostenean» ezarritakoari egokitu behar zaio. Nolanahi ere, isurtzeko kontrolek eta baldintzek Ingurumen Sailburuordetzaren jarraibide teknikoetan eskatutako baldintza guztiak bete beharko dituzte.

c) Arestian eskatutako parametro guztien neurketen BKE txostenak bidaliko dira. Neurketa berriak egin beharko dira, baldin eta parametroen neurketarik ez badago edo egindako neurketak ebazpen honetan kontrol-maiztasuna ezarri aurretik egindakoak badira. Atmosferara egiten diren isurtzeen ondorengo kontrolak, egindako azken neurketan adierazitako maiztasunarekin egingo dira.

d) Ramondin Cápsulas SA enpresak urtarrilaren 31ko 117/2003 Errege Dekretuak, jarduera jakin batzuetan disolbatzaileen erabilerak eragindako konposatu organiko hegazkorren emisioak mugatzeko baldintzei buruzkoak, ezarritakoa bete behar du. Xede horretarako, Ingurumen Sailburuordetzak eskatzen duen informazioa aurkeztu behar da.

C.1.1.– Lortutako emaitzak erregistratzea.

Erregistro bat egin beharko da euskarri informatikoan edo, horrelakorik ezean, paperean. Dokumentazio gaurkotua erabilita gauzatuko da erregistroa, eta industriak atmosferan sortzen duen kutsadura saihestu eta zuzentzeari buruzko 1976ko urriaren 18ko Aginduak 33. artikuluan ezarritako edukia jaso beharko du. Erregistro horretan adieraziko dira egindako neurketen emaitzak, mantentze-lanak, garbiketa, aldizkako ikuskatzeak, matxuraren ondorioz gertatutako etenaldiak, egiaztapenak, edozein motako gorabeherak, eta abar. Dokumentazio horrek eguneratuta egon beharko du, eta ingurumen-ikuskatzaileek eskatuko balute, eskuragarri izango dute.

C.2.– Isuritako uraren kalitatea kontrolatzea.

a) Sustatzaileak aurkeztu dituen agirien arabera, ondorengo analisiak egingo dira:

(Ikus .PDF)

b) Kanpoan egiten den kontrol bakoitza, laginak hartzea nola ondorengo analisia, «Erakunde Laguntzaile» batek egin eta egiaztatuko du, eta goiko puntuetan aipatutako parametroak hartuko dira kontuan. Sustatzaileak isurketa-puntu bakoitzeko lagin hartu berri baten analisia aurkeztu beharko du gutxienez; lagina 24 orduko ur-emariarekiko proportzionala izango da, edo bestela, lagin puntual esanguratsua.

Isurketen kontrolen emaitzak Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira laginak hartzen direnetik hilabeteko epean.

c) Laginketak kutsatzaile gehien sortzen den aldietan egingo dira beti.

d) Isurketak baimenean jarritako baldintza guztiak betetzen dituela ulertuko da, B.1.2.3 atalean ageri diren parametro guztiek ezarritako mugak betetzen baditu.

C.3.– Jardueraren adierazleak.

Sustatzaileak jardueraren gaineko ondorengo parametro adierazleen jarraipena egingo du urtero, ingurumenean duten eragina aztertzeko:

(Ikus .PDF)

C.4.– Zarataren kontrola.

Jarduera garatzen den lur zatiko kanpoko baldintza akustikoak hiru urtean behin kontrolatuko dira, batez ere zarata etxe barruetara sartzeko arriskurik handiena dagoen aldeetan. Kontroleko lehen urtean izandako emaitzen arabera erabakiko da aurrerantzean neurketak urtero egin ala ez.

Sustatzaileak neurketen proposamen zehatz bat landu beharko du eta neurketa-metodo zehatzak adierazi bertan. Proposamen hori ebazpen honetako C.6 atalean aipatzen den ingurumena zaintzeko programaren testu bateginarekin batera aurkeztuko da.

C.5.– Emaitzak kontrolatu eta bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten analisi eta txostenen emaitzak behar bezala erregistratuko dira, eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Bidalketa urtero egingo da, martxoaren 30a baino lehen beti, eta ingurumena zaintzeko programako emaitzekin batera, txosten bat aurkeztuko da. Txosten horretan adieraziko dira neurri babesle eta zuzentzaileen funtzionamendua, baita prozesuak eta ingurunearen kalitatea kontrolatzeko sistemak ere. Emaitzen analisia ere adieraziko da, eta bereziki aipatuko dira aldi horretan gertatu diren gorabehera garrantzitsuenak, horien ustezko arrazoiak eta konponbideak, eta baita laginketen xehetasunak ere, aurretik zehaztu ez baldin badira.

Isuritako uraren kalitatearen kontrolari buruzko emaitzak, gainera, hiru hilean behin bidaliko dira Uraren Euskal Agentziara (Arabako Ordezkaritza).

C.6.– Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, aurkeztu dituen agirietan eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz. Programa horrek hauek zehaztu beharko ditu: kontrolatu beharreko parametroak, parametro bakoitzerako erreferentzia-mailak, analisi edo neurketen maiztasuna, laginketak eta analisiak egiteko teknikak, eta laginak hartzeko guneen kokapen xehatua. Halaber, dagokion aurrekontua ere barne hartu beharko du.

Era berean, ingurumena zaintzeko programak jardueraren adierazleak zehaztu eta adierazle horiek aztertzeko sistematika barruan izan beharko du, horien arabera enpresan bertan ingurumen-hobekuntza ziurtatzearren ezarritako neurri eta mekanismoen eraginkortasuna egiaztatu ahal izateko (ingurumen-adierazleak).

D) Ezohiko egoeretarako prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak.

D.1.– Fabrika gelditzeko eta abiarazteko eragiketak eta mantentze-lanetarako programatutako eragiketak.

Programatutako urteko mantentze-lanei dagokienez, isurien eta sortuko diren hondakinen balioespena egin beharko du enpresak, eta dagokionean, horiek kudeatzeko eta tratatzeko proposamena ere bai.

D.2.– Jarduera uztea.

Jarduera lege hauen aplikazio-esparrukoa da: lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legea (28.720 epigrafea, Ontzi eta paketatze arinak metalean fabrikatzea), eta kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide zein estandarrak ezartzen dituen urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretua. Hori dela-eta, Ramondin Cápsulas SA enpresak hasiera eman beharko dio lurzoruaren kalitatearen adierazpenerako prozedurari, gehienez ere bi hilabeteko epean, jarduera behin betiko uzten duenetik kontatzen hasita, otsailaren 4ko 1/2005 Legeak 17.4 artikuluan xedatutakoaren arabera.

D.3.– Jardunean aplikatzeko prebentziozko neurriak eta jarduketak.

Sustatzaileak aurkeztutako agirietan jasotako proposamenean ezohiko egoeretan aplikatu beharreko prebentziozko neurriak eta jardunerako baldintzak zehazten dira. Horiez gain, ondorengo ataletan aipatzen diren baldintzak bete behar dira:

a) Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua eduki beharko da instalazioen egoera bermatzeko, batez ere ustekabeko jario edo ihesak daudenean kutsadura ekiditeko eskuragarri dauden baliabideei dagokienez. Ihesak daudenean lurzorua babesteko hartu beharreko neurriak zehaztuko dira, eta zehatz adieraziko da hauei dagokien guztia: eraikuntzako materialak (iragazgaiztea), biltegiratzeko neurri bereziak (gai arriskutsuak), egon daitezkeen ihesak antzemateko neurriak edo gainbetetzerako alarma-sistemak, lantegiko kolektore-sarea zaindu eta garbitzekoak (sistematikoki garbitzeko beharra, maiztasuna, garbiketa-mota), eta lurzoruaren gaineko isuriak biltzeko sistemak.

b) Aurreko paragrafoan adierazitako eskuliburuak ikuskapen eta kontrolerako programa jaso beharko du, hauek bilduko dituena: estankotasun-probak, mailen eta adierazleen egoera, balbulak, presioa arintzeko sistema, hormen egoera eta lodieren neurketa, andelen barnealdearen begi-bidezko ikuskapenak (hormena eta estaldurena) eta kubetetako detekzio-sistemen aldizkako kontrol sistematikoa, lurzorua kutsa dezakeen edozein egoerari aurrea hartzeko.

c) Goian aipatutako prebentziozko mantentze-lanen eskuliburuan, atmosferaren kutsadurari aurrea hartzeko eta zuzentzeko (arazketa, minimizazioa, eta abar) sistemen egoera ona bermatuko duten neurriak gehitu behar dira.

d) Era berean, erregistro bat eduki behar da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gorabeherena ere.

e) Besteak beste, disolbatzaileak, erretxinak, pigmentuak, gehigarriak, oinarrizko tintak, eta orokorrean, sortutako hondakinak maneiatzeak lurzorua eta ura kutsa ditzake. Beraz, isuriak, jarioak edo ihesak gertatzeko arriskua izan dezaketen lur zatien azalera guztiak iragazgaiztuko dira.

f) Prozesurako behar diren lehengaiak eta produktuak ingurunean ez sakabanatzeko moduan biltegiratuko dira.

g) Segurtasun-tarteei eta babes-neurriei dagokienez, egiaztatu egin beharko da biltegiratzeko instalazio horiek bete egiten dituztela produktu kimikoak biltegiratzeari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betebeharrak. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

h) Larrialdi-egoera sortzen denean, berehala eta eraginkortasunez jarduteko behar beste material eduki behar da: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen jarioei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako inguruneak isolatzeko seinaleztapen-elementuak eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

i) Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko da kubetak husteko eragiketak kontrolatzeko protokolo edo agiri bidezko prozedura; eraginkortasunean eragin dezaketen produktuen jarioak ez dira tratamenduko instalaziora eramango.

j) Larrialdi-egoeretan, babes zibileko legeriari helduko zaio, eta bertan ezarritako betekizun guzti-guztiak bete beharko dira.

k) Ingurunearen edo jardueraren kontrolaren gainean kalteak eragin ditzakeen gorabehera edo ezohiko gertaeraren baten aurrean, gorabehera edo ezohiko gertaera horren berri eman beharko dio berehala Ingurumen Sailburuordetzari.

l) Gertakari edo arazo larriren bat edo atmosferara ustekabeko isuriren bat eginez gero, Ingurumen Sailburuordetzari jakinarazteaz gain, SOS Deiak eta Udalari ere jakinarazi beharko zaie berehala. Ondoren, eta gehienez ere 48 orduko epean, ezbeharrari buruzko txosten xehatua bidali beharko da Ingurumen Sailburuordetzara. Txosten horretan, gutxienez, honako datu hauek agertuko dira:

  • Gertakari-mota.
  • Gertakaria non, zergatik eta zein ordutan gertatu den.
  • Iraupena.
  • Ustekabeko isuria izanez gero, emaria eta isuritako gaiak.
  • Mailak gainditu badira, isurtzeei buruzko datuak.
  • Eragindako kalteen balioespena.
  • Hartutako neurri zuzentzaileak.
  • Prebentziozko neurriak berriro gerta ez dadin.
  • Prebentziozko neurriak eraginkortasunez aplikatzeko ezarritako epeak.

m) Instalazioek suteen aurkako babesari buruz indarrean dagoen araudian ezarritako betekizunak betetzen dituztela egiaztatu beharko da. Egiaztapen hori egiteko, Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztuko zaizkio eskumena duten erakundeek emandako egiaztagiriak.

E) Baldin eta arautegi berria indarrean sartzean, edo barneratzen diren sistemen egitura eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldarazi ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, baita neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan ere. Era berean, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, aldaraz daitezke, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta.

F) Urtean behin Ramondin Cápsulas SA enpresak Ingurumen Sailburuordetzari jakinaraziko dizkio atmosferara botatako kutsagarriei, uretara egindako isurketei eta sortu dituen hondakinei buruzko datuak, E-PRTR-Euskadi, botatako eta eskualdatutako kutsagarrien Europako Inbentarioa landu eta eguneratzeko, apirilaren 20ko 508/2007 Errege Dekretuaren, E-E-PRTR Araudiko eta ingurumeneko baimen bateratuetako isurketen gaineko informazioa ematea arautzen duenari jarraituz.

Informazio hori ekitaldi horren hurrengo martxoaren 31 baino lehen bidali beharko da. Informazioa Ingurumenari buruzko Adierazpenaren (IA) bidez gauzatuko da, hori baita kanpoko erakundeek eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak ingurumen-informazioa batak besteari elektronikoki emateko ardatza. Informazio-trukaketa horren funtsa Ingurumenari buruzko Adierazpenari (IA) dagozkion ingurumeneko datu teknikoak eta prozedurakoak sartzean datza, IKS-L03 Sistemako erakundeentzako bertsioaren bidez (www-eper-euskadi.net web-orrian eskuragarri). Datu horiek guztiek Ingurumenean Eragina duten Jardueren Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroa osatuko dute, Europako Ingurumen Agentziaren Erregistrora (Europako E-PRTR Erregistroa) egiten diren informazio-bidalketen oinarri dena.

Halaber, ebazpen honetan aurreikusitako gainerako informazio-trukeak aipatutako Ingurumenari buruzko Adierazpenaren bidez gauzatuko dira, ahal izanez gero.

Informazio hori agerikoa izango da, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen xedapenekin bat etorriz. Lege horren bidez informazioa eskuragarri izateko, herritarren partaidetzarako eta ingurumen-gaietan justizia eskura izateko eskubideak arautzen dira (2003/4/EE eta 2003/2005/EE Zuzentarauak jasotzen ditu). Horrez gain, uneoro bermatu beharko da datu pertsonalak babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa betetzen dela.

G) 2007ko apirilaren 21eko 509/2007 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. atalari jarraituz, lehendik dauden instalazioen titularrek agintaritzari jakinarazi beharko diote instalazio horietan erabiltzen eta ekoizten diren substantziek, 1907/2006 EE Erregelamenduan erregistratu eta ebaluatzeko aurreikusitako prozesuan identifikatu direnak, giza osasunerako eta ingurumenerako izan dezaketen arriskua.

H) Ingurumeneko baimen bateratu honen eraginpeko instalazioan egindako aldaketek bat etorri beharko dute kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko 2002ko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak 10.3 artikuluan ezarritako komunikazio-erregimenarekin. Hori horrela, ingurumeneko beste baimen bateratu bat beharko da aldaketak funtsezkoak direnean.

Hirugarrena.– Ebazpen hau eraginkorra izan dadin, aurretik Ingurumen Sailburuordetzari agiri bidez egiaztatu beharko zaio ebazpen honetako Bigarren ataleko puntu hauetan ezarritako baldintzak betetzen direla: B.1.1.2 (B.1.1.2 «Fokuak identifikatzea. Katalogazioa» taulari dagokion informazio guztia adierazi behar da. Era berean, aipatutako taulan barne hartuko dira enpresan konposatu organiko hegazkorren isurketekin erlazionatutako foku mugatu guztiak; B.1.3.1.f) eta B.1.3.2.c) (Hondakin arriskutsuak eta ez-arriskutsuak onartzeko agiriak); B.1.3.1.o) eta B.1.3.2.e) (Hondakin arriskutsuen eta ez-arriskutsuen erregistro-eredua); C.1 (Atmosferara egiten diren isurketen kontrola); C.1.1 (Atmosferara egiten diren isurketen erregistro-eredua); C.6 (Ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina); D.1 (Mantentze-lanetan egiten diren isurketen eta sortzen diren hondakinen zenbatespena); D.3.a) (Prebentziozko mantentze-lanen eskuliburua); D.3.g) (Produktu kimikoak biltegiratzeko ziurtapenak); D.3 h). (Isuri eta jarioen aurrean esku hartzeko beharrezkoa den materiala); D.3.i) (Kubetak husteko protokoloa) eta D.3.m) (Suteen aurkako babesaren ziurtagiriak).

Halaber, baimen hau indarrean jarri aurretik, ingurumen organo honi atxikitako zerbitzu teknikoen ikuskaritza-bisitan egiaztatu beharko da instalazioak aurkeztutako proiektuaren arabera eta Ebazpen honetan ezarritakoarekin bat etorrita eraiki eta hornitu direla. Horretarako, aipatutako ikuskapen-bisitaren aurretik, sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetan aurkeztu beharko du baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duen agiria, teknikari aditu batek eginda.

Goiko baldintza horiek guztiak betetzeko 6 hilabeteko epea ezarri da, ingurumeneko baimen bateratua eraginkorra dela adierazteko Ingurumen Sailburuordetzak emandako ebazpen hau jakinarazten den biharamunetik kontatzen hasita.

Adierazitako baldintzak betetzen direla ziurtatzean, ebazpena emango da eta, horren bitartez, ingurumeneko baimen bateratua eraginkortzat aitortuko da.

Laugarrena.– Ingurumeneko baimen bateratu hau 8 urteko epean egongo da indarrean, aurreko atalean ezarritakoaren arabera ondorioak dauzkan egunetik kontatzen hasita. Epe hori igarota, baimena berritu egin beharko da eta, hala badagokio, jarraian datozen aldietarako eguneratu.

Ingurumeneko baimen bateratua amaitu baino hamar hilabete lehenago, titularrak baimena berritzeko eskaera egin beharko du, uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 25. artikuluan xedatutakoa betez.

Bosgarrena.– Edozein modutan ere, ingurumeneko baimen bateratua ofizioz aldatu ahal izango da uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 26. artikuluan ezarritako kasuak aintzat hartuta.

Seigarrena.– Ramondin Cápsulas SA enpresak Ebazpen honen xede den botilatze-industriarako eztainuzko, konplexuzko eta PVCezko kapsulak fabrikatzeko jardueran titulartasun-aldaketarik eginez gero, aldaketa hori Ingurumen Sailburuordetzan jakinarazi beharko du, hark onar dezan.

Zazpigarrena.– Baimen honek balioa galduko du kausa hauek gertatzen direnean:

  • Epearen barruan ez egiaztatzea ebazpen honetako hirugarren atalean ingurumeneko baimen bateratuak ondorioak izan ditzan ezarritako baldintzak betetzen direla, interesdunak behar bezala justifikatuz epea luzatzeko eskatzen ez badu.
  • Ramondin Cápsulas SA enpresaren nortasun juridikoa bukatzea, indarrean dagoen araudian ezarritako kasuetan.
  • Baimena indarrean jartzen dela adierazten duen ebazpenean xedatutakoak.

Zortzigarrena.– Ebazpen honen edukia jakinaraztea Ramondin Cápsulas SA enpresari, Guardiako Udalari, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran parte hartu duten erakundeei eta gainerako interesdunei.

Bederatzigarrena.– Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agintzea.

Hamargarrena. Ebazpen honek ez du agortzen administrazio-bidea; horrenbestez, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta hurrengo egunean kontatzen hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluarekin eta ondorengoekin bat etorriz (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori).

Vitoria-Gasteiz, 2008ko martxoaren 25a.

Ingurumeneko sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.


Azterketa dokumentala