Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

9. zk., 2013ko urtarrilaren 14a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

INDUSTRIA, BERRIKUNTZA, MERKATARITZA ETA TURISMO SAILA
245

EBAZPENA, 2012ko azaroaren 12koa, Energia eta Meategien zuzendariarena. Honen bidez, Laguardiako (Araba) honako instalazio hau baimentzen da: Laguardian (Araba), Laguardia erdi-tentsioko aireko linearen 5. euskarria eta Laguardia TEAko «Muralla» TZra doan tentsio ertaineko airetiko linearen 71. euskarri berria lotzen dituen 13,2 kV aireko linea; halaber, gauzatze-proiektua onartzen da, eta instalazio hori onura publikokoa dela deklaratzen da.

Erref.: 17904-PML-mmb / Esp.: 01-AT-H-2011-00016.

Espedientea ebazterakoan, beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:

AURREKARIAK

Bat.– 2011ko abuztuaren 3an, Jesús Aguado Martínez jaunak, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. (aurrerantzean, Iberdrola) enpresaren izenean eta haren ordezkari gisa, ondoko linea elektrikoari dagokionez, administrazio-baimena ematea, onura publikokoa deklaratzea eta exekuzio-proiektua onartzea eskatu zuen: «Laguardia erdi-tentsioko aireko linearen 5. euskarria eta Laguardia TEAko «Muralla» TZra doan tentsio ertaineko airetiko linearen 71. euskarri berria lotzen dituen 13,2 kV aireko linea», Laguardian (Araba).

Bi.– Jendaurrean erakusgai jarri dira, hogei egunez, proiektu hori eta enpresaren arabera desjabetu beharrekoak diren ondasun eta eskubideen banan-banako zerrenda. Hala egin da, honako xedapen hauetan ezarritakoari jarraikiz: abenduaren 3ko 282/2002 Dekretua, (2002ko abenduaren 23ko EHAA), honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio baimenerako prozedurak arautzen dituena: argindarra ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, bai eta kontsumitzaileak konektatzeko hartuneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere; Sektore Elektrikoaren azaroaren 27ko 54/1997 Legeren 53. artikulua (1997ko azaroaren 28ko BOE); 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 17-2 eta 52. artikuluak (1954ko abenduaren 17ko BOE) eta 1957ko apirilaren 26ko haren Erregelamenduaren 56. artikulua (1957ko ekainaren 20ko BOE).

Hiru.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidea betetzeko, iragarkia argitara eman zen Laguardiako udalerriaren iragarki-taulan, 2012ko urtarrilaren 31tik otsailaren 29ra, 2012ko otsailaren 22ko ALHAOn, 2012ko apirilaren 23ko EHAAn eta 2012ko otsailaren 3ko «El Correo» egunkarian.

Lau.– Informazioa jendaurrean jartzeko izapidearen epearen barruan, honako alegazioak egin dira:

● Presentación Vallejo Chavarri andreak, Sara M.ª Beistegui Vallejo andreak eta Olga M.ª Beistegui Vallejo andreak, 5. poligonoko 175. partzelaren jabe izanik, 2012ko martxoaren 9an eta maiatzaren 11n jasotako idazkietan, honakoa adierazten dute: ez dakitela zein den 71. euskarriaren kokapen zehatza, ez dakitela linea elektrikoa nondik nora doan, ezta zein diren eragingo zaizkien kalteak eta zenbatetan balioztatzen diren ere. Euskarri hori jartzeko beste kokapen bat proposatzen dute, lehorreko partzela bat, proiektuko 3. finka, hain zuzen ere.

● María de las Mercedes Dobarco López andreak, bere izenean eta bere anai-arrebekin batera eratutako jabekideen erkidegoaren izenean, laburbilduta honako hau adierazten du: Sektore Elektrikoari buruzko Legearen 5. artikulua eta Lurzoru eta Hirigintza Antolamendu Erregimenari buruzko Legearen Testu Bateginaren 244. artikulua urratu direla, uste baitute, instalazio elektriko horren kasuan, ez direla aintzat hartu lurraldearen antolamenduari buruzko tresnak, eta ez zaiola baimenik eskatu Laguardiako Udalari. Halaber, uste dute proiektua udal horretako hirigintzako arautegiaren aurkakoa dela.

Bost.– Alegazio horiek Iberdrolari jakinarazi ondoren, enpresak honako hau adierazi du:

● Presentación Vallejo Chavarri andreak, Sara M.ª Beistegui Vallejo andreak eta Olga M.ª Beistegui Vallejo andreak aurkeztutako alegazioari dagokionez, enpresak adierazi du euskarriaren kokapena UTM koordenatuen bidez proiektuaren oinplanoan eta profil-planoan dagoela zehaztuta, zortasuna adiskidetasun-bidetik edo desjabetze-espedientean aurreikusitakoaren arabera konpentsatuko zaiela titularrei, eta 71. euskarriaren kokapena aldatzeko proposamenak zortasuna hirugarren batzuei pasatzea dakarrela, eta gainera 35. eta 36. euskarriak hormigoitik saretara aldatzea dakarrela, eta aldaera horrek aurrekontua abenduaren 1eko 1955/2000 EDaren 161. artikuluan ezarritako % 10 baino gehiago handitzea ekarriko lukeela.

● María de las Mercedes Dobarco López andrearen alegazioari dagokionez, enpresak adierazi du 1955/2000 EDren 140. artikuluak onura publikokoak deklaratzen dituela energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko instalazioak, eta hirigintza-arloko araudia dela-eta, udalak dagokion txostena egin duela.

Sei.– Jendaurreko izapideaz bat, Sail honek dagokion separata bidali dio Laguardiako Udalari. Udal horrek 2012ko maiatzaren 29an aurkeztu zituen bere alegazioak, eta Iberdrola bat etorri zen haiekin, 2012ko ekainaren 1ean jasotako idazkiaren bidez.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Bat.– Energia eta Meategien Zuzendaritzak du espediente hau ebazteko eskumena, hala ezarrita baitago Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duen irailaren 22ko 514/2009 Dekretuan.

Bi.– Sektore elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 21. eta 28. artikuluetan ezartzen denez, energia elektrikoa ekoizteko instalazioak eraiki, ustiatu, nabarmen aldatu, eskualdatu eta ixteko, beharrezkoa izango da aldez aurretik administrazio-baimena izatea.

Hiru.– Abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuaren bidez, honako instalazio hauek eraikitzeko, aldatzeko, ustiatzeko, eskualdatzeko eta ixteko administrazio-baimenerako prozedurak arautzen dira: energia elektrikoa ekoitzi, garraiatu nahiz banatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko instalazioak, baita kontsumitzaileak konektatzeko harguneak, zuzeneko lineak eta instalazioak ere.

Lau.– Ezetsi egiten dugu Presentación Vallejo Chavarri andrearen alegazioa, ondo zehaztuta geratu delako euskarriaren kokapena, proiektuaren oinplanoaren eta profil-planoaren arabera. Egon litezkeen kalteei eta horien zenbatespenari dagokienez, adiskidetasun-akordioaren bidez edo, horren ezean, desjabetze-espedientean aurreikusitakoaren arabera konpentsatuko dira horiek. 71. euskarriaren kokapena aldatzeko proposamena ez da onargarria, zortasuna hirugarren batzuei pasatzea dakarrelako, eta horrek 35. eta 36. euskarriak hormigoitik saretara aldatzea dakarrelako, eta aldaera horrek aurrekontua abenduaren 1eko 1955/2000 EDaren 161. artikuluan ezarritako % 10 baino gehiago handitzea ekarriko lukeelako.

María de las Mercedes Dobarco Lopez andrearen alegazioari dagokionez, lehenengo eta behin esan behar da energia elektrikoa banatzeko instalazio bat dela, Sektore elektrikoari buruzko azaroaren 27ko 54/1997 Legearen 52. artikuluan jasotakoa. Bertan ezartzen da onura publikokoak direla energia elektrikoa sortzeko, garraiatzeko eta banatzeko instalazio elektrikoak, horiek ezartzeko beharrezko diren ondasunen eta eskubideen nahitaezko desjabetzearen, eta bide-zortasunaren ezarpen eta erabileraren ondorioetarako. Hirigintza-arautegiari dagokionez, jasota dago espedientean Laguardiako Udalak egindako txostena. Enpresa banatzaileak bertan jasotzen diren baldintzak onartu ditu.

Bost.– Espedientea bideratzean, administrazio-prozedurari buruzko arauetan zein arestian aipatutako legerian aurreikusitako prozedura-baldintzak eta izapideak kontuan hartu eta bete dira.

Sei.– Proiektuak betetzen ditu aplikagarriak diren segurtasun-araudietan biltzen diren eskakizun teknikoak.

Aipaturiko lege-xedapenak eta gai honi lotuta oro har aplikatzekoak diren bestelako xedapenak aztertu ondoren, honako hau

EBAZTEN DUT:

Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.ri baimena ematea Laguardiako udalerriko (Araba) honako proiektu honi dagozkion instalazioetarako: «Laguardia erdi-tentsioko aireko linearen 5. euskarria eta Laguardia TEAko «Muralla» TZra doan tentsio ertaineko airetiko linearen 71. euskarri berria lotzen dituen 13,2 kV aireko linea», eta, halaber, linea gauzatzeko proiektua onartzea. Hona linearen ezaugarri nagusiak:

Kokalekua: Laguardiako udalerrian.

Aurrekontua: 17.203,25 euro.

Xedea: energia elektrikoaren eskaera-gehikuntza asetzea behar bezalako zerbitzu-kalitatea emateko.

Ezaugarriak:

Aireko linea elektrikoa.

Zerbitzuko tentsioa: 13,2 kV.

Zirkuitu-kopurua: 1.

Eroale-kopurua: 3.

Eroaleak: LA 180 / 181,60 mm2 AL.

Luzera: 196 m.

Hasiera: «Laguardia» linean den 5 zenbakiko euskarria. (Erref.: 15.602).

Bukaera: «Laguardia» TEAko «Muralla» TZra doan lineako 71. euskarri berria (Erref.: 15.259).

Baimentzen den instalazioa onura publikokoa dela deklaratzea, eta deklarazioak, azaroaren 27ko 54/1997 Legeko 54. artikuluan xedatutakoaren indarrez, honako hauek dakartza berekin: ondasunak okupatu eta eraginpeko eskubideak hartu behar direla eta okupazioa, gainera, presaz egin behar dela. Deklarazioak, halaber, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko 1954ko abenduaren 16ko Legearen 52. artikuluan presaz okupatzeko deklarazioari dagokionez ezartzen diren ondorioak ekartzen ditu, 53. artikuluan zehaztutako erregistro-ondorioekin.

Beherago zehaztutako baldintza orokorrekin eta abenduaren 3ko 282/2002 Dekretuan eta abenduaren 1eko 1955/2000 Errege Dekretuan xedatutakoarekin bat etorriaz ematen da ebazpen hau.

1.– Onartutako proiektuarekin bat egin beharko dira obrak, eta, halakorik bada, eskatzen eta baimentzen diren aldakuntzekin bat.

2.– Martxan jartzeko epea bi urtekoa izango da, ebazpen honen datatik hara.

3.– Obrak bukatzen direnean, horren berri emango dio Arabako Lurralde Ordezkaritzari instalazioen titularrak, hain zuzen ere, behin betiko errekonozimenduaren ondorioetarako eta martxan jartzeko akta egiteko.

4.– Obrak egiteko beharrezko diren udal edo probintzien eskumeneko baimen edo lizentziak eta gainerakoenak errespetaturik ematen da ebazpen hau, eta ez du salbuesten eskatzailea haiek eskuratzeko obligaziotik. Halaber, inoren eskubideei kalterik egin gabe eta jabetza-eskubideari eutsiz ematen da.

Ebazpen honek ez dio amaiera ematen administrazio-bideari, eta, beraren aurka, gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Industria eta Energiako sailburuordeari, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera, betiere Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean ezarritakoarekin bat etorriaz.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko azaroaren 12a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

JORGE JUAN LETAMENDIA BELZUNCE.


Azterketa dokumentala