Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2012ko azaroaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEA
4967

ERABAKIA, 2012ko irailaren 27koa, Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitateko Gobernu Kontseiluarena, Informatika Fakultatearen arautegia onartzeko dena.

Universidad del País Vasco / Euskal Herriko Unibertsitatearen gobernu kontseiluak ikastegietarako arautegi markoa onetsi zuen 2012.eko otsailaren 23ko erabakiaren bidez, gobernu kontseiluaren 2011.eko ekainaren 23an onetsitako garapen arautegia berrikusteko egutegia beteaz.

Oinarrizko arautegi hau, oinarrizko arautegi gisa eratu da, beraz, sailek horren gaineko alderdien inguruan arautu beharrekoaz erabaki dezakete, modu horretara, zeinek bere antolamendu autonomia bermatuz.

Ikastegien arautegi markoaren bigarren xedapen iragankorrak sei hileren epea ematen zuen, indarrean sartu zeneko datatik aitzina, ikastegiek bertan adierazitakora ekarri eta molda zitzaten tokian tokiko arautegiak.

Informatika Fakultateak, arautegi honen babesera etorrita, onartu egin zuen ikastegi batzarrak 2012.eko irailaren 14an egindako bileran bertako arautegiaren arautegi marko berrirako egokitzapena.

Hori guztia kontuan hartuta, eta ikusita idazkari nagusiaren proposamena, Gobernu Kontseiluak honakoa

ERABAKITZEN DU:

Lehenengoa.– Informatika Fakultatearen arautegia onestea.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzeko agindua ematea.

Hirugarrena.– Informatika Fakultatearen arautegia argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Leioa, 2012ko irailaren 27a.

Errektorea,

IÑAKI GOIRIZELAIA ORDORIKA.

Idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCIA.

ERANSKINA
UPV/EHUko INFORMATIKA FAKULTATEAREN ARAUTEGIA

1. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 9.2. artikuluaren zehaztapena.

2.– Ikastegiko Batzarrak 24 kide hautetsi izango ditu era honetara banatuta unibertsitate sektoreen arabera:

– Irakasle eta ikertzaile iraunkorrak: % 60. 14 kide.

– Gainerako irakasle eta ikertzaileak: % 5. 2 kide.

– Ikasleak: % 25. 6 kide.

– Administrazio eta zerbitzuetako langileak: % 10. 2 kide.

2. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 12.2. artikuluaren zehaztapena.

2.– Akademia Antolakuntzako Batzordeak osakide hauek izango ditu: dekanoa edo hark bere ordez izendatzen duen pertsona (batzordeko burua izango da), fakultateko idazkari akademikoa (batzordeko idazkaria izango da), fakultateko hiru saileko zuzendariak, edo haien beren ordez izendatutako pertsonak, Fakultateko Batzarreko kide diren bi irakasle, kolektibo horretako batzarkideek aukeratuak, eta bi ikasle, Fakultateko Batzarreko ikasleek proposatuak.

3. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 14.1. artikuluaren zehaztapena.

1.– Euskara Batzordea egongo da, parte hartze, kontsulta eta aholkurako organoa izango dena. Euskara Batzordeak osakide hauek izango ditu: ikastegiko euskara arduraduna; hiru irakasle, fakultatean egoitza duen sail bakoitzeko bat, bere sailak hautatua; administrazio eta zerbitzuetako langile bat, Fakultateko Batzarreko AZPkoek proposatua; eta ikasle bat, Fakultateko Batzarreko ikasleek proposatua.

4. artikulua.– Berdintasun Batzordea. Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 5.2.l) artikuluaren zehaztapena.

5.– Eginkizunak: 2.– Hauek dira ikastegiaren eginkizunak: l) Ikastegian genero berdintasuna lortzeko neurriak hartzea. Berdintasun batzorderik eratzen ez den bitartean, arlo honetako eginkizunak dekanoak burutuko ditu.

5. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 24.3. artikuluaren zehaztapena.

3.– Dekanoa sufragio unibertsalaz aukeratuko da. Ezin izango da eskuordetu botoa (oinarrizko arautegiko 19.2 artikuluan aurreikusitako aukera).

6. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 7. artikuluaren zehaztapena.

Ikastegiko dekanoa hautatzeko, botoa aldez aurretik ematea onartuko da, Hauteskundeei buruzko arautegi orokorreko 7. artikuluan zehaztutakoari jarraituz.

7. artikulua.– Dekanoa aukeratzeko hautagai zerrendak. UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 18.4 artikuluaren zehaztapena.

4.– Ikastegiko dekanoaren kargurako hautagai zerrendari gobernu taldearen egitura eta programa erantsi behar zaizkio.

8. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 18.3. artikuluaren zehaztapena.

Kide anitzeko organoko kideek eskubidea dute beren eginkizunak aurrera eramateko behar dituzten dokumentuak eta informazioa eskatu eta eskuratzeko. Horretarako, idatzizko eskaria aurkeztu beharko diote idazkari akademikoari, bilera baino astebete lehenago, gutxienez.

9. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 19.1. artikuluaren zehaztapena.

1.– Kide anitzeko organoa balioz eratzeko, beharrezkoa izango da kideen gehiengo osoa bertan egotea lehenengo deialdian, edo gutxienez kideen heren bat egotea bigarren deialdian. Deialdi bion artean hamabost minututako tartea egongo da. Edozein kasutan, beti egon beharko dute bileran organoko buruak eta idazkariak edo, bestela, haien ordezkoek.

10. artikulua.– Ikastegien Oinarrizko Arautegiko 23.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hartutako erabakiak dekanotzako iragarki oholean argitaratuko dira, eta fakultateko intranetean, gehienez ere hiru egun balioduneko epean, eta, betiere, datuak babesteko legeria errespetaturik. Erabakiak gutxien dela hilabetez egon behar dira jendaurrean, argitaratzen diren egunetik kontatzen hasita, eta egun horretan hasiko da, era berean, kasuan kasuko errekurtsoa aurkezteko epea.

11. artikulua.– Epaimahaiak.

Ikasleen ebaluazioari buruzko arauei jarraiki beharrezkoa izanez gero epaimahaia eratzea 1., 2., 3. edo 4. deialdirako, 5. eta 6. deialdietako epaimahaiak arituko dira.

12. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.2 artikuluaren zehaztapena.

2.– Hautetsiak kargua uzten duenean zerrenda bereko hurrengo kide ez-hautetsiak beteko du haren lekua. Ordezkapena indarrean sartuko da organoko idazkariak horren berri ematen duenean, betiere gehienez ere 15 egun lehenago hurrengo bilera baino.

13. artikulua.– UPV/EHUko Hauteskundeei buruzko Arautegi Orokorreko 4.3 artikuluaren zehaztapena.

3.– Kide anitzeko organoko titularra kanpoan edo gaixorik dagoenean eta, oro har, bertan ez dagoenean arrazoi justifikaturen bategatik, behin-behineko ordezkoak beteko du haren lekua. Ordezkapena gauzatzeko, halako egoera batean dagoen titularrak kide anitzeko organoko buruari jakinarazi beharko dio, gutxienez 72 ordu lehenago.


Azterketa dokumentala