Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

209. zk., 2012ko urriaren 29a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

ETXEPARE EUSKAL INSTITUTUA / BASQUE INSTITUTE
4775

EBAZPENA, 2012ko irailaren 17koa, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariarena, merkatu izaerarekin antolatutako azoka eta jaialdi profesionaletan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen duen 2012ko martxoaren 7ko Ebazpenaren babesean aurkeztutako diru-laguntza eskabideak ebazten dituena.

AURREKARIAK

2012ko martxoaren 30ean argitaratu zen EHAAn Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren 2012ko martxoaren 7ko Ebazpena. Ebazpen horrek arte plastiko eta ikusizkoak, musika, arte eszenikoak eta ikus-entzunezkoak sustatzen diharduten pertsona fisiko eta pertsona juridiko pribatuek, euskararen eremu geografikotik kanpo 2012. urtean eta merkatu izaerarekin antolatutako azoka eta jaialdi profesionaletan parte hartzeko diru-laguntzak emateko modua arautzen du.

2012ko martxoaren 7ko Ebazpenaren 4. artikuluak ezarritakoari jarraikiz, ebazpen honek araututako diru-laguntzen onuradun izateko, honako baldintza hauek bete behar dira:

a) Pertsona fisiko edo juridiko pribatua izatea eta sozietate-egoitza edo helbidea Euskal Autonomia Erkidegoan izatea. Merkatuan ikusgai edo salgai jarritako obraren edo lanaren komunikazio-hitza euskara denean, sozietate-egoitza edo helbidea euskararen eremu geografikoan duten pertsona fisiko edo juridiko pribatuak ere aurkeztu ahal izango dira.

b) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen denerako alta emanda egotea Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, egingo den jarduerari dagokion epigrafean.

Deialdi honen bidez diruz lagundutako gastuek lotura zuzena izan beharko dute azokaren batean parte hartzearekin, eta ezingo dira ebazpenaren 3. artikuluan xedatutako gehienezko zenbatekoak baino handiagoak izan.

Halaber, Etxepare Euskal Institutuko zuzendariaren 2012ko irailaren 14ko Ebazpenak martxoaren 7ko Ebazpenean finkatzen den gehienezko zenbateko orokorra aldatu eta modalitate bakoitzari dagokion zenbatekoa berrizendatu zuen.

Horiek horrela, ebazpenaren 8. artikuluak egokitu dizkidan eginkizunei ekinez, honako hau

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– I. eranskinean diruz lagundu daitezkeen modalitateen arabera aipatzen diren pertsona eta erakundeei bertan adierazten diren diru-laguntzak ematea.

Bigarrena.– II. eranskinean agertzen diren eskabideei laguntzarik ez ematea.

Hirugarrena.– Diru-laguntzaren justifikazioa eta likidazioa.

1.– Diru-laguntza ordainketa bakar baten bidez gauzatuko da, jarduera amaitu eta behar bezala justifikatu ondoren.

2.– Jasotako diru-laguntzaren justifikazioa egiteko bi hilabeteko epea izango da, jarduera bukatutzat ematen den egunetik hasita. Jarduera abenduan bada, 2013ko urtarrilaren 31 baino lehen. Justifikazioa egiteko, honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Burututako jarduera osoaren memoria-balorazioa.

b) Diruz lagundutako stand-aren alokairua, joan-etorriak, ostatua, autopista eta akreditatzeko eta instalatzeko gastuak jatorrizko fakturen bidez edo EEIren egoitzan konpultsatutako fotokopien bidez justifikatuko dira. Dietak justifikatzeko, aski izango da eranskinetan doan fitxa betetzea.

c) Diruz lagundutako jarduera dela eta sortutako katalogo, programa, iragarpen-kartel, argazki eta gainontzeko material grafiko edo soinuzkoaren aleak, EEIren logoaren bidez laguntza jaso dela adierazita.

d) Eskabidea aurkeztu ondoren helburu berbererako jasotako bestelako diru-laguntzen zerrenda. EEIk emandakoaz gain beste diru-laguntzarik jaso ez bada, hori horrela dela adierazten duen zinpeko aitorpena aurkeztuko du, diru-laguntza jaso duen pertsona fisikoak edota entitate onuraduna ordezkatzeko lege-ahalmena duenak izenpetua.

3.– EEIren aurrekontuen kargura emandako diru-laguntzak jardueraren gastuen aurrekontuaren % 50 gainditzen ez badu, emandako diru-laguntza justifikatzeko agiriak baino ez dira aurkeztu behar. Laguntza % 50ekoa baino handiagoa bada, aurkeztutako aurrekontuaren % 100 justifikatuko da.

Hala ere, EEIk hala eskatzen badu, pertsona onuradunek konpromisoa hartzen dute aurkeztutako aurrekontu osoa justifikatuko duten egiaztagiriak EEIren eskura jartzeko.

4.– Diru-laguntzaren justifikazioa behar bezala gauzatu ez bada edo dena delako zioarengatik laguntzaren zenbatekoa gutxitzea edo kentzea badagokio, EEIko zuzendariak banakako likidazio-ebazpena emango du, egiaztagiriak aurkezteko epea amaitu eta bi hilabeteko epean. Hala badagokio, bi hilabeteko epea izango da dirua itzultzeko, xedapena jasotzen denetik.

Laugarrena.– Arauak ez betetzearen kasuak ebazpenaren 11. artikuluan aurreikusitakoak izango dira. Horietakoren bat gertatu dela egiaztatzen bada, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan edo, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa bete ondoren, dekretuotan aurreikusi bezala, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio jasotako diru-kopuruak eta dagozkion legezko interesak.

Bosgarrena..– Ebazpen hau interesatu orori banan-banan jakinaraziko zaio, eta, gainera, EHAAn argitaratuko da.

Seigarrena.– Diru-laguntza guztiak eta horien jasotzaileak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko dira.

Zazpigarrena.– Laguntza-programa honen babesean emandako diru-laguntzak minimis izaera dute, Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 Araudiaren arabera.

Zortzigarrena.– Ebazpen honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka, interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxepare Euskal Institutuko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan. bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Donostia-San Sebastián, 2012ko irailaren 17a.

Etxepare Euskal Institutuko zuzendaria,

MARIA AITZPEA GOENAGA MENDIOLA

(Ikus .PDF)
(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala