Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2012ko uztailaren 23a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

EKONOMIA ETA OGASUN SAILA
3388

139/2012 DEKRETUA, uztailaren 17koa. Honen bidez, Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduera noiz hasiko den zehazten da, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren giza baliabideak erakunde autonomo horri atxikitzeko baldintzak arautzen dira.

Lehiaren Euskal Agintaritzari buruzko otsailaren 2ko 1/2012 Legearen bidez, administrazio-izaerako erakunde autonomo hori sortzen eta arautzen da, eta berezko nortasun juridikoa eta jarduteko gaitasun osoa ematen zaio, bere funtzioak betetzeko. Erakunde berri horren helburua da merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzea, bermatzea eta hobetzea, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez. Helburu hori lortze aldera, zenbait eskumen baliatuko ditu: zehatzekoak, sustatzekoak, aurkaratzekoak, ebazpenak eta aholkuak ematekoak, eta arbitrajekoak.

Lehiaren Euskal Agintaritza ekonomia-politikaren eta lehiaren defentsaren ardura duen Eusko Jaurlaritzako sailari atxikitzen bazaio ere, autonomia organikoa eta funtzionala izango du bere jarduera garatzeko.

Gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoari lehiaren defentsan dagozkion eskumenak gauzatzen dira Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiaren bidez –zeina Ekonomia eta Ogasun Sailari atxikia baina administrazioaren egitura hierarkikotik kanpo baitago– eta Ekonomia eta Plangintzako Zuzendaritzaren bidez –zeinak Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Zerbitzuaren eginkizunak baititu–; izan ere, halaxe dago xedatuta, batetik, Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia sortu eta Euskal Autonomia Erkidegoan Lehiaren Defentsarako Zerbitzuaren eginkizunak ezartzen dituen apirilaren 12ko 81/2005 Dekretuan, eta, bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta haien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuan.

1/2012 Legean ezarritakoa betetze aldera, beharrezkoa da administrazioak, bere burua antolatzeko ahala baliatuta, behar beste giza baliabidez hornitzea erakunde autonomo berria, autonomia organiko, finantzario eta funtzionalaz jardun dezan, betiere merkatuko lehia askearen eta gardentasunaren baldintzak sustatzeko, bermatzeko eta hobetzeko helburuaz, Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren jarduera ekonomikoei dagokienez.

1/2012 Legearen lehenengo xedapen gehigarriaren 1. paragrafoan aipatzen denez, Lehiaren Euskal Agintaritzaren jarduerak noiz hasi Eusko Jaurlaritzak erabakiko du, agintaritzaren jardunerako barne-erregelamendua onartu ostean; bigarren xedapen gehigarriaren 1. paragrafoan, berriz, aurreikusten da aipatutako Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegia eta Lehiaren Defentsarako Zerbitzua iraungi egingo direla agintaritza lanean hasten denarekin batera.

Lehiaren Euskal Agintaritza sortu ostean, beharrezkoa da, horrenbestez, batetik, erakunde berriak bere jarduera noiz hasi behar duen zehaztea, eta, bestetik, erakunde berriari, legeak ematen dizkion helburuak lortzeko behar dituen baliabideak atxikitzea; horretarako da, hain zuzen, dekretu hau. Izan ere, hori egiten bada bakarrik izango da posible Euskal Autonomia Erkidegoak lehia defendatzeko esleituta dituen eskumenak gauzatzea, orain arte Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Zerbitzuak eskumen horiek gauzatzean erakutsi duten eraginkortasuna eta kalitatea murriztu gabe.

Ondorio horietarako, bigarren xedapen gehigarri horrek 2. paragrafoan ezartzen duenez, «Lehiaren Euskal Agintaritza lanean hastean beren zerbitzuak Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegian eta Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuan burutzen dituzten Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko funtzionarioak Lehiaren Euskal Agintaritzan sartuko dira, horretarako onartuko den lanpostuen zerrendan zehaztuko den moduan», eta azken paragrafoan gehitzen duenez, «Gobernu Kontseiluak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko egoki iritzitako sailen eta haren erakunde autonomoen egitura organikoak egokituko ditu, Lehiaren Euskal Agintaritzari lege honetan zehazturiko helburuak betetzeko ezarritako eginkizunak eta behar diren giza baliabideak esleitu ahal izateko».

Xedapen horren arabera, Lehiaren Euskal Agintaritzari esleitzen zaizkion eginkizunak dituzten lanpostuak betetzen dituzten langileak erakunde berrian hasiko dira lan egiten, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin duten lotura juridikoan ez da inolako aldaketarik egongo.

Orobat, uztailaren 3ko 120/2012 Dekretuaren bidez, Ekonomia eta Ogasun Sailaren egitura organikoa aldatzen da, erakunde autonomo berria sortzeak eta horrek dakarren eginkizunen eskualdaketak sortzen duen errealitate berrira egokitze aldera.

Bestalde, lehenengo xedapen gehigarriak 2. paragrafoan ezartzen duenez, «Lehiaren Euskal Agintaritzak Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Euskal Zerbitzuaren titularitatekoak diren eskubide eta betebeharrak eskuratuko ditu». Xedapen horren babesean, Lehiaren Euskal Agintaritzak zenbait harreman juridiko subjektibo, eskubide eta betebehar eskuratzea xedatzen du dekretu honek, hain zuzen ere, gaur egun Ekonomia eta Osasun Sailak erakunde autonomo horri dagozkion eginkizun eta eskumenei buruz onartuta dituen kontratuetan eta hitzarmenetan sortzen diren guztiak. Espedienteen eskualdaketa ere sartzen da. Hori guztia izango da, hain zuzen ere, eskumenen eta eginkizunen eskualdaketa bizkor eta eraginkortasunez egiteko, eta, horrela, zerbitzuen jarraitasuna bermatu ahal izateko, Lehiaren Euskal Agintaritzak emango baititu zerbitzuok, lanean hasten den unetik.

Ondorioz, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2012ko uztailaren 17an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Lehiaren Euskal Agintaritzaren jardueraren hasiera.

Lehiaren Euskal Agintaritzak 2012ko uztailaren 17an emango dio hasiera bere jarduerari.

2. artikulua.– Langileen atxikipena.

1.– Lehiaren Euskal Agintaritzari atxikitzen zaizkio Ekonomia, Aurrekontu eta Kontrol Ekonomikoko Sailburuordetzako zein Ekonomia eta Plangintza Zuzendaritzako lanpostuak, lehiaren defentsaren gaineko eginkizunak gauzatzea esleituta baitute. Eranskinean dago lanpostu horien eta horiei atxikitako langileen zerrenda. Gaur egun lanpostu horiek betetzen dituzten funtzionarioak Lehiaren Euskal Agintaritzan sartzen dira, eta aitortuta zituzten eskubide berberak izaten jarraituko dute, baita antzinatasuna ere.

2.– Langile horiek Administrazio Orokorrarekin duten lotura ez da aldatzen Lehiaren Euskal Agintaritzan sartzeagatik, eta langileok jarraituko dute atxikipenaren unean zeuden administrazio-egoera berean egoten. Langileok Euskal Autonomia Erkidegoko funtzio publikoaren arauak bete beharko dituzte.

Nolanahi ere, erakunde autonomoarenak izango dira bere langileen kudeaketaren arloko eskumenak, Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 10.3 artikuluan adierazitakoak.

3.– Aurreko puntuan aipatzen diren lanpostuen titularrak diren funtzionarioak ez badaude lanpostu horiek betetzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioan beste lanpostu bat betetzen ari direlako edo lanpostua gordetzeko eskubidea sortzen duen beste egoera batean daudelako, dauden daudenean jarraitu ahalko dute, eta egoera hori amaitzen den bezain pronto, Lehiaren Euskal Agintaritzan izango duten lanpostura bueltatu beharko dute.

4.– Bitarteko funtzionarioek administrazioarekiko lotura gordeko dute, titularra lanpostura bueltatu arte, lanpostu hutsa arau bidez bete arte edo lanpostua amortizatu arte; behin lotura hori amaitutakoan, administrazio orokorraren zerbitzuak aldi baterako emateko lan-poltsetan sartuko dira berriz, eta denbora hori kontuan hartuko da lan-poltsen barematzearen ondorioetarako.

3. artikulua.– Lehiaren Euskal Agintaritzak Ekonomia eta Ogasun Sailaren zenbait harreman, eskubide eta betebehar eskuratzea.

1.– Lehiaren Euskal Agintaritzak orain arte Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku zeuden zenbait harreman juridiko subjektibo, eskubide eta betebehar eskuratuko ditu; hain zuzen ere, aipatu sailak orain erakunde autonomo horri dagozkion eginkizun eta eskumenei buruz gaur egun onartuta dituen kontratu eta hitzarmenetan sortzen diren kontratuetan eta hitzarmenetan sortutako guztiak.

2.– Ekonomia eta Ogasun Sailak, orain Lehiaren Euskal Agintaritzari esleitzen zaizkion eginkizunak garatzeko, orain arte sinatutako kontratuak aipatu agintaritzak eskuratzea, emate– eta jasotze-aktaren bidez formalizatuko da, kasuan kasu; akta hori Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak eta erakunde autonomoko presidenteak sinatuko dute. Akta horretan berariaz jasoko dira ordaintzeke edo kobratzeke dauden zenbatekoak.

3.– Orain Lehiaren Euskal Agintaritzari esleitzen zaizkion eginkizunak gauzatzeko Ekonomia eta Ogasun Sailak lehen hasitako espedienteei dagokienez, aipatu agintaritza lanean hasten denean izapidetzen ari badira, aipatutako sailak jarraituko du espediente horiek bideratzen kontratua formalizatu arte. Behin formalizatu ostean, Lehiaren Euskal Agintaritzak aipatu saila ordezkatuko du, kontratuaren gauzapenaren ondorioetarako.

4.– Aurreko puntuetan jasotako kasuetarako, Ekonomia eta Ogasun Sailak beharrezko baliabide ekonomikoak transferituko ditu, kasuan kasu.

4. artikulua.– Espedienteak izapidetzea eta eskualdaketak formalizatzea.

1.– Lehiaren Euskal Agintaritzari bere eskumenei buruzko prozeduren instrukzioa, ebazpena eta betearazpena dagozkio, baldin eta prozedurok amaitzeke badaude erakunde autonomoa lanean hasten denean.

2.– Orain arte Euskal Autonomia Erkidegoko Lehiaren Defentsarako Zerbitzuari esleitutako eskumenei buruzko espedienteen eskualdaketa emate– eta jasotze-aktaren bidez formalizatuko da, kasuan kasu; Lehiaren Euskal Agintaritzako presidenteak eta Ekonomia eta Plangintzako zuzendariak sinatuko dute akta. Lehiaren Defentsarako Euskal Auzitegiari esleitutako espedienteen kasuan, erakunde horretako idazkari-eginkizunak dituen pertsonak sinatuko du akta.

Ekonomia eta Ogasun Sailak aipatu espedienteak kudeatzeko behar beste baliabide ekonomiko transferituko ditu, kasuan kasu.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehenengoa.– Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerbitzu Zuzendaritzaren laguntza.

Lehiaren Euskal Agintaritzako lanpostuen zerrenda indarrean jarri eta lanpostu horiek bete arte, Ekonomia eta Ogasun Saileko Zerbitzu Zuzendaritzak behar besteko laguntza emango dio Lehiaren Euskal Agintaritzari, esleitu zaizkion eginkizunak egokiro bete ditzan.

Bigarrena.– Nomina-aurrerapenak.

Dekretu honetan aipatzen diren langileek, baldin eta Lehiaren Euskal Agintaritzari atxikitzen zaizkion unean nomina-aurrerapenak kitatzeke eta ixteke badituzte, aurrerapenak izaten jarraituko dute, eman zizkieten baldintza berberetan.

AZKEN XEDAPENA.– Egintzaren eragina.

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko uztailaren 17an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala