Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

132. zk., 2012ko uztailaren 6a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
3075

AGINDUA, 2012ko uztailaren 4koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Unibertsitate aurreko irakasmailetako euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizioari zuzendutako diru-laguntzetara biltzeko deia egiten duena (EIMA 1).

Hezkuntza eta Kultura Sailaren uztailaren 11ko 138/1983 Dekretuak dioena garatuz, abuztuaren 1eko Aginduak honela dio bere 6. artikuluan (abuztuaren 19ko EHAA, 122. zk.): «Hezkuntza eta Kultura Sailak behar diren neurriak hartuko ditu ikasmateriala dela medio euskarazko ikasketek ikasleari gastu gehigarririk ekar ez diezaioten. Beharrezko baliabideak ezarriko ditu, ondorioz, irakasmaila eta jakintzagai desberdinetan geroz eta neurri beteagoan euskarazko ikasliburu eta gainerako ikasmaterialak sortarazteko, eta berorien prezioa erdal ikasmaterialek dutenaren antzekoa izan dadin segurtatuko du. Guzti horretarako, besteren artean, deialdi baten bidez euskarazko ikasliburugintzarako diru-laguntzak banatuko ditu urtero».

Hori guztia gogoan izanik, honako hau

EBAZTEN DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Agindu honen xedea honako hau da: Unibertsitate aurreko irakasmailetan erabiltzekoak diren euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizioari zuzendutako diru-laguntzetara biltzeko deia egitea.

II. KAPITULUA
IZAERA

2. artikulua.– Honako diru-laguntza hauek euskarazko ikasmaterial inprimatuen edizioan egindako argitalpen-kostuei daude zuzendurik. Agindu honen III. eranskinean dago zehaztuta zein kostu hartuko den kontuan.

3. artikulua.– Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste edozein erakunde publiko edo pribatuk helburu berarekin emandako beste laguntza batzuekin, baldin eta hortik ez bada gainfinantzaketarik sortzen. Gainfinantzaketa hori emanez gero, laguntza murriztuko da, dagokion gehienezko mugaraino.

4. artikulua.– Deialdira bildu eta baldintza guztiak betetzen dituzten ikasmaterialetako bakoitzari dagokion diru-laguntza ez da, inongo salbuespenik gabe, ikasmaterial horietako bakoitzarentzat 9. artikuluko 6. baldintzan arabera finkaturiko defizita baino handiagoa.

5. artikulua.– Ez dira diruz lagunduko seiehun (600) eurotik beherako diru-laguntza jasotzea legokiekeen ikasmaterialen kasuan.

III. KAPITULUA
DIRU-KOPURUA

6. artikulua.– Diru-laguntzen deialdiaren xedeari aurre egiteko, zazpiehun eta berrogeita bi mila eta bostehun (742.500) euro erabiliko da. Diru hori Euskal Autonomia Erkidegoko 2012. urteko Aurrekontu Nagusietan jarritako aurrekontu sailetik hartuko da.

IV. KAPITULUA
KUDEAKETA ETA JARRAIPEN ORGANOAK

7. artikulua.– 1.– Honako laguntza-deialdi honen kudeaketa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio.

2.– Laguntza-eskabideak aurkeztu eta diru-laguntzak ordaindu arte gerta litezkeen gorabeherak bideratzeko, Jarraipen-batzorde bat eratuko da. Jarraipen-batzordea honako kide hauez osatuko da:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria (batzordearen buru).

b) Euskara Zerbitzuaren burua.

c) EIMA 1 teknikaria (batzordearen idazkari).

V. KAPITULUA
DIRU LAGUNTZA JASO DEZAKETEN ENTITATEAK

8. artikulua.– 1.– Honako laguntza-deialdi hau legez eratuta egonik, euskarazko ikasmaterial inprimatuak prestatuko eta argitaratuko dituzten enpresei, elkarteei eta fundazioei zuzendurik dago.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo Erakunde Autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntza eta laguntza eman eta ordaindu ahal izateko.

3.– Halaber, zigor– edo administrazio-arloko zigorra jaso duten pertsonek edo erakundeek, horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu badute edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean badaude, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

VI. KAPITULUA
BALDINTZAK

9. artikulua.– Laguntza-deialdi honetara jotzen duten ikasmaterialek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Indarrean dagoen curriculuma beteko dute eta, era berean, indarrean dauden Unibertsitate aurreko irakasmailetan, araubide orokor eta berezikoetan, erabiltzekoak izango dira.

2.– Laguntza-deialdi honetara ezin izango dira bildu honako argitalpen hauek: bibliofilo-liburuak; copyright-a, partez edo osoz, hauetako bat duten argitalpenak: herri-aginteenak, zuzenbide pribatuko herri-aginteenak edota herri-aginteen parte-hartze nagusia duten sozietate pribatuenak; doan banatzekoak diren argitalpenak; liburu-klubek edo antzekoek bazkideentzat bakarrik argitaraturikoak; fotokopia edo multikopia bidez prestaturiko ikasmaterialak.

3.– Laguntza-deialdi honetara joko duten ikasmaterialek honako ataletakoren batean behar dute sailkaturik egon:

a) Oinarrizko ikasmaterialak: irakaslearen gidaliburuak, ikaslearen testu-liburuak, lan-koadernoak eta oinarrizko irakurgaiak.

b) Ikasmaterial osagarriak: kontsulta-liburuak, neurketa-materialak, irakasleen prestakuntzarako materiala, eskola-aldizkariak, mapak, horma-irudiak eta EIMA 2.0 programaren bidez lagundutako ikasmaterial digitalen idatzizko osagarriak.

4.– Laguntza-deialdira bil daitezkeen ikasmaterialak, bere originaltasun-mailari dagokionez, honelakoak izan daitezke:

a) Testuari dagokionez: sorkuntza-lana (espresuki euskaraz sortua); egokitzapena: bai intralinguistikoa (batutik euskalki batera edo alderantziz ekarritakoa) eta bai interlinguistikoa (erdaraz sortua eta euskarara egokitua); itzulpena (erdaratik ekarria).

b) Ilustrazioei eta argazkiei dagokienez: ikasmaterial honetarako berariaz sortutakoak; beste zenbait materialetatik hartutakoak.

5.– 2011ko irailaren 15etik 2012ko irailaren 1era bitartean, biak barne, argitaraturiko ikasmaterialak bildu ahal izango dira honako laguntza-deialdi honetara. Argitalpen-data moduan honako hau hartuko da: Lege Gordailuari dagokion Gordailu-aitorpearen M-5 agiriko administrazio-eginbidean jarritako data.

6.– Ikasmaterial defizitarioek bakarrik jo ahal izango dute honako laguntza-deialdi honetara. Hots, beren edizioan egindako kostuak, 2. artikuluan zehaztutakoak, 2012-2013 ikasturteko salmenta bidezko diru-sarrerekin, baita prestakuntza-fase partez edo osoz berdinagatik han-hemendik izandako diru-sarrerekin ere, berdindu edo gainditu ezin dituzten ikasmaterialei. Ebazpena eman aurretik, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaritzak eskabide-orrian zehaztutako kostuen jatorrizko faktura bidezko justifikazioa eskatu ahal izango du.

7.– Ikasmaterialek 4/2005 Legeak, otsailaren 18koak, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerakoak, bere 30. artikuluan finkatutakoa bete beharko dute.

8.– Ikasmaterialek euskaraz idatzita egon beharko dute. Hala ere, zenbait jakintzagai eta ikasmaterial-mota (A ereduan euskara irakasteko metodoak, hiztegi elebidun edo eleanitzak....) partez euskaraz eta partez erdaraz egonik, horiek ere laguntza-deialdira bildu ahal izango dute.

9.– Ikasmaterialek dagokion hizkuntzaren egokitasunaren jabe izan behar dute nahitaez, beti ere azaroaren 3ko 295/1998 Dekretuak zehaztutakoaren arabera. Ikasmaterial bati emandako hizkuntzazko egokitasun-aitorpena azaroaren 3ko 295/1998 Dekretuaren 19. artikuluan zehaztutakoari jarraituz baliogabetzea erabakiko balu Hezkuntza Sailburuordetzak, baliogabetze horrek zera ekarriko du: honako laguntza-deialditik diru-laguntza jasotzeko ezintasuna, edo esleitutako diru-laguntzaren galera edo, dagokionean, hartutako kopuruaren itzulketa. Hori guztiori, honako Agindu honen 34. artikuluan finkatutako prozeduraren arabera egingo da.

10.– Laguntza-deialdi honetara jotzen duen ikasmaterial orok, bezeria potentzial jakinik ez duten ikasmaterialek izan ezik, gutxieneko tirada izan beharko du. Gutxieneko tirada hori Agindu honen I. eranskinean ikasmaterial bakoitzarentzat finkatutako gutxieneko tirada-indizearen (GTI) eta 2012-2013 ikasturterako begiz jotako bezeria potentzialaren (BP) arteko eragiketaren ondorioz zehaztuko da. Editatu beharreko gutxieneko ale-kopurua begiz jotako tirada baino txikiagoa duten ikasmaterialak ofizioz bazterrean utziko dira eta, ondorioz, ez dute diru-laguntzarik jasoko.

11.– Ikasmaterial bakoitzarentzat 2012-2013 ikasturterako begiz jotako bezeria potentziala kontuan izanik, kopuru jakin baterainoko tirada baino ez du Hezkuntza Sailburuordetzak diruz lagunduko. Kopuru jakineko goi-muga hori finkatzeko, Agindu honen I. eranskinean ikasmaterial bakoitzarentzat finkatutako gehieneko estalpen-indizearen (GEI) eta 2012-2013 ikasturterako begiz jotako bezeria potentzialaren (BP) arteko eragiketaren ondorioz zehaztuko da. Gehieneko estalpen-indizearen aplikazioaren ondorioz finkatutako tirada entitate eskatzaileak begiz jotako tirada baino txikiagoa bada, diru-laguntza eskatzen duen entitateak aditzera emandako kostu aldakorrak egokitu egingo ditu Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak. Hala ere, Lanbide Heziketako Zikloetan erabiltzekoak diren ikasmaterialei, ziklo horietako aniztasunaren ondorioz dagoen jakintzagai-ugalketa, ikasmaterial-urritasuna eta ikasle-murrizketa kontuan izanik, tirada osoa onartuko zaie. Bezeria potentzial jakinik ez duten ikasmaterialen kasuan, gehienez ere 8.000 aleko tirada diruz lagunduko da.

12.– Eskabide-orrian jasotako tiradak bat etorri beharko du kopuruz ISBNren inprimakian eta Lege Gordailuari dagokion Gordailu-aitorpearen M-5 agiriko administrazio-eginbidean jarritako kopuruarekin. Aurreko horri kalte egin gabe, eskabide-orrian zehaztutako tiradaren egiatasuna baieztatze aldera, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak behar beste egiaztapen-lan egingo du fakturen eta gainontzeko agirien bidez.

13.– Lehen argitaraldientzat prestaturik dago, nagusiki, deialdi hau. Hala ere, bigarren edo hurrengo argitalpen birmoldatu edo osatuek ere jaso ahal izango dute diru-laguntza, beti ere berritutako zatiaren arabera.

14.– Honako deialdi honetara biltzen den ikasmaterial oro komertzializatu egin beharko da, herritarrei zuzenduriko banaketa-zirkuituen bidez, edozein herritarrek liburu-dendan eskuratzeko moduan egon dadin. Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak baldintza horren betetzea dagokion diru-laguntza finkatu aurretik egiaztatu ahal izango du.

10. artikulua.– Laguntza-deialdi honetara laguntza eskatuz jotzen duten entitateek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.– Diru-laguntza eskatzen duten entitateek zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea.

2.– Jabego intelektualari, egile-eskubideei, Lege-gordailuari eta ISBNari dagozkien lege- betebeharrak konplitzea.

3.– Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50.2. artikuluan zehaztutako betebeharrak gordetzea.

VII. KAPITULUA
BALDINTZEN EGIAZTATZEA

11. artikulua.– Aurreko kapituluan finkaturiko baldintzen egiaztatzea modu honetan egingo da:

1.– Diru-laguntza eskatu duten entitateek zergarekiko eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharren egiaztatzea era automatikoan egingo da, behar beste aldiz. Egiaztatze horri kudeaketa-organoak ekingo dio, diru-laguntza eskatzen duten entitateei baimena eskatu gabe. Aurreko hori, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua ezarriz egingo da.

Hala ere, diru-laguntza eskatzen duen entitateren batek zergak Nafarroan ordainduz gero, egiaztapena Agindu honen 19.1.a) artikuluan zehaztutako ziurtagiria aurkeztuz egingo da.

2.– Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko eraketari dagokion egiaztatzea Agindu honen 18.1.b) artikuluan zehaztutako agiria aurkeztuz egingo da.

12. artikulua.– Edozein delarik ere hartutako bidea, hau da aurrez aurrekoa edo elektronikoa, diru-laguntza eskatzen duten entitateek berariazko baimena ematen diote kudeaketa-organoari,honek, gainontzeko datuak eskura edo egiazta ditzan. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkideko Administrazio Orokorrak esleituak dituen egiaztapen-, kontrol- eta ikuskaritza-ahalmenei kalteri egin gabe egingo du. Honako agiri hauek hain zuzen ere:

a) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkaria den pertsonaren NAN.

b) Diru-laguntza eskatzen duen entitateari dagokion Hirugarrenen erregistroko fitxa.

13. artikulua.– 1/1997 Legegintza Dekretua, azaroaren 11koa, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena aplikatuta, diru-laguntza eskatzen duen entitateak eskabidean jasotako erantzukizunpeko adierazpenen bidez honako baldintza hauek egiaztatuko ditu:

a) Helburu berari zuzenduriko diru-laguntzak, laguntzak, diru-sarrerak edo bestelako baliabideak edozein administrazio edo erakunde publiko edo pribaturi eskatu izana eta, dagokionean, haiengandik jaso izana adieraztea.

b) Diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea dakarren zigor edo administrazio-arloko zigorrik ez izatea, eta laguntza horiek jasotzeko ezgaitzen duen lege-debekuen eraginpean ez egotea, beren beregi Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeko azken xedapenetako seigarrenaren arabera sexu-diskriminazioa egin izanagatiko lege-debekuen eraginpean.

c) Eskabidean zein eskabideari erantsitako agirietan bildutako datuak egiazkoak direla adieraztea.

d) Laguntza-deialdi honetan diru-laguntzon onuradun izateko jarritako baldintzak betetzen dituela adieraztea.

e) Legalki eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion erregistroan izena emanda dagoela adieraztea.

f) Baldin eta egoera hori bada, eskatzen diren agiriak, eskabidea aurkezten den egunean erabat indarrean egonik, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren esku daudela adieraztea. Era berean, agiri horiek non eta noiz aurkeztuak diren zehaztuko da (Saila eta zuzendaritza).

g) Ikasmateriala argitaratu ahal izateko beharrezkoak diren eskubideen jabe izan, eta, ondorioz, Jabego Intelektualaren Legeak jarritako arauak betetzen dituela adieraztea.

h) Indarrean dauden xedapenek ezartzen dituzten zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak, arauz zehazten den bezala, egunean dituela adieraztea.

VIII. KAPITULUA
ESKABIDEAK: AURKEZTEKO MODUA ETA HARREMAN HIZKUNTZA

14. artikulua.– Eskabide-orriak aurkezteko epea hogeita hamar (30) lanegunekoa izango da, Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

15. artikulua.– Eskabide-orria. Euskadi.net atarian (https//:www.euskadi.net) Eusko Jaurlaritzak jarria daukan Egoitza elektronikoan dago eskuragarri; era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net).

16. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duen entitateak argitara eman nahi dituen ikasmaterial beste eskabide aurkeztuko ditu.

17. artikulua.– 1.– Eskabideak, atalez atal behar den moduan beteak izan ondoren, honako modu hautakoren batean aurkeztuko eta tramitatuko dira:

a) Aurrez aurreko moduan, ahal delarik Herritarrentzako zerbitzuan –Zuzenean– edo Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egoitzaren batean aurkeztuko da, nahiz tokian tokiko Ordezkaritzan, nahiz Gasteizko egoitza nagusian, bertako Euskara Zerbitzuaren EIMA 1 programan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz). Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan zehazten duen edozein bulegotan ere aurkeztu ahal izango da eskabidea.

b) Modu elektronikoan, Euskadi.net atariko (https//:www.euskadi.net) Egoitza elektronikoan. Izapidetze elektronikoa honako hauek arautzen dute: 21/2012 Dekretuak, otsailaren 21ekoak, Administrazio Elektronikoari buruzkoak, eta 2006ko otsailaren 9ko Ebazpenak, Informatika eta Telekomunikazio zuzendariarenak, E-Administraziorako Plataforma Teknologikoa –PLATEA– onartzen duenak.

2.– Eskabideak eta gainontzeko agiriak, bai aurrez aurreko kanaletik bai kanal elektronikotik nola izapidetu behar diren adieraziz prestatutako zehaztasunak Euskadi.net atariko (https//:www.euskadi.net) Egoitza Elektronikoan daude eskuragarri.

3.– Eskabidea izapidetu eta agiriak emateko orduan kanal bat, aurrez aurrekoa edo elektronikoa, erabiltzeak, ez du prozedurari dagozkion hurrengo izapidetzetan aukeratutako kanala erabiltzera behartzen. Kanala edozein momentutan alda daiteke.

4.– Eskabidea kanal elektronikotik barrena egin osteko izapidetzeak (kontsultak, agiriak eman...) honako honetatik egingo dira: https://www.euskadi.net/niregestioak.

18. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten entitateek Euskal Autonomia Erkideko hizkuntza ofizialetatik nahi dutena erabil dezakete eskabidea eta honi erantsitako agiriak aurkezteko. Ondorioz, aukeratutako hizkuntza erabiliko da prozeduran, azaroaren 24ko 10/1982 Legeak, Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, bere 5.2.a) eta 6.1 artikuluetan ezarritako moduan.

IX. KAPITULUA
AURKEZTU BEHARREKO AGIRIAK

19. artikulua.– Eskabidearekin batera, diru-laguntza eskatzen duten entitateek honako agiri hauek aurkeztuko dituzte ezinbestean:

1.– Diru-laguntza eskatzen duen entitateari dagozkion agiriak:

a) Zergak Nafarroan ordaintzen dituzten entitateen kasuan, zergen betebeharra betea dagoela egiaztatzen duen ziurtagiria. Aipaturiko ziurtagiri horren aurkezpena eta bidalketa, edozein delarik ere eskabidea aurkezteko bidea, euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

b) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen eraketa-eskritura edo aktaren kopia, beti ere bere izaera juridikoaren arabera.

b.1.– Ez da aurkeztu behar izango aipaturiko kopia hori honako kasu hauetan:

b.1.1.– Diru-laguntza eskatzen duen entitatea legalki eratuta egon eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion Erregistroan izena emanda dagoen elkartea edo fundazioa denean. Horri horrela denean, nahikoa izango da eskabidean, erantzukizunpeko adierazpenei dagokien atalean, behar den bezala adieraztea, jarraian kudeaketa-organoak egiazta dezan.

b.1.2.– Eskabidea kanal elektronikotik barrena izapidetu eta diru-laguntza eskatzen duen entitatearen txartelarekin sinatu bada.

b.2.– Aurkeztu beharra ezinbestekoa izango da honako kasu hauetan:

b.2.1.– Eskabidea kanal elektronikotik barrena izapidetu eta diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariaren txartelarekin sinatu bada. Aipaturiko kopia euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

b.2.2.– Eskabidea aurrez aurreko kanaletik izapidetu denean. Aipaturiko kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

c) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkari den pertsona fisikoaren ahalmen-eskritura edo –erabakia.

c.1.– Ez da aurkeztu behar izango aipaturiko kopia hori honako kasu hauetan:

c.1.1.– Diru-laguntza eskatzen duen entitatea legalki eratuta egon eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean dagokion Erregistroan izena emanda dagoen elkartea edo fundazioa denean. Horri horrela denean, nahikoa izango da eskabidean, erantzukizunpeko adierazpenei dagokien atalean, behar den bezala adieraztea, jarraian kudeaketa-organoak egiazta dezan.

c.1.2.– Eskabidea kanal elektronikotik barrena izapidetu eta diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariaren txartelarekin sinatu bada.

c.2.– Kopia hori aurkeztu beharra ezinbestekoa izango da eskabidea aurrez aurreko kanaletik izapidetu denean. Aipaturiko kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

d) Identifikazio fiskaleko txartelaren kopia.

d.1.– Ez da aurkeztu behar izango aipaturiko kopia hori eskabidea kanal elektronikotik barrena izapidetu eta diru-laguntza eskatzen duen entitatearen txartelarekin sinatu bada.

d.2.– Aurkeztu beharra ezinbestekoa izango da honako kasu hauetan:

d.2.1.– Eskabidea kanal elektronikotik barrena izapidetu eta diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariaren txartelarekin sinatu bada. Aipaturiko kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

d.2.2.– Eskabidea aurrez aurreko kanaletik izapidetu denean. Aipaturiko kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

e) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko Ekonomia eta Ogasuna Saileko Hirugarrenen Erregistroko fitxa, baldin eta diru-laguntza eskatzen duen entitatea aurretiaz erregistratu gabe badago edo Erregistroan dauden bere banku-datuak aldatu nahi baditu. Hori egite aldera, diru-laguntza eskatzen duten entitateek behera kargatuko dute http://www.euskadi.net/r33-2288/eu/contenidos/autorizacion/alta_terceros/eu_7999/hirugarrenaren_alta.html helbidean eskuragarri dagoen formularioa. Aipaturiko formulario horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

2.– Laguntza-deialdira bildutako ikasmaterialari dagozkion agiriak:

a) Diru-laguntza eske aurkezten diren ikasmaterial bakoitzeko formulario bat, behar den bezala beteta. Formulario horretan diruz laguntzea nahi den ikasmaterialari buruzko datu tekniko eta ekonomikoak jasoko dira. Formulario hori Euskadi.net atariko (https//:www.euskadi.net) Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Elektronikoan egongo da eskuragarri, era berean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian (www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net). Formulario horren aurkezpena, diru-laguntza eskatzen duen entitateak aukeratutako bidetik egingo da. Aurrez aurrekoa izanez gero, formulario horren aurkezpena eta bidalketa, aldez aurretik behera kargatu, bete eta inprimatu eta gero, euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia).

b) Argitara emandako ikasmaterialaren bina ale. Era berean, gaztelaniako bertsioa duten ikasmaterialen kasuan, gaztelaniazko ale (1) bat. Ale horien aurkezpena, ezinbestean aurrez aurreko kanaletik egingo da.

c) Lege Gordailuari dagokion M-5 inprimakia, gordailuaren aitorpenari dagokiona, behar diren izapideak eginda, gordailuaren aitorpena Euskal Autonomia Erkidekotik kanpo egin denean. Aipaturiko kopia horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

d) Diru-laguntza eskatzen duen entitatearen legezko ordezkariak sinatutako idazki bat, diruz lagundu nahi diren ikasmaterial guztien lagapen-prezioa ziurtatzen duena. Aipaturiko idazki horren aurkezpena eta bidalketa euskarri elektronikoan egingo da (PDF formatuan eskaneatutako kopia), edozein delarik ere eskabidea aurkezteko aukeratutako modua.

20. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duen entitateak eskabide-orri bat baino gehiago aurkeztuz gero, 19. artikuluko 1. puntuko a), b), c), d) eta e) ataletan zehaztutako agiriak bakarra izango dira eskabide-orri guztientzat.

21. artikulua.– 19. artikuluko 1. puntuko b), c) eta d) ataletan aipatutako agirietako edozein orain baino lehen aurkeztua izan bada Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean eta aurkeztu zen unetik hona bost (5) urte igaro ez badira, diru-laguntza eskatzen duen entitateak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 35. atalean agindutakoari jarraituz, ez du nahitaez berriro aurkeztu behar izango aipaturiko agiriak. Nahikoa du eskabideko «Erantzukizunpeko adierazpenak» izeneko atalean hori behar den moduan adieraztea.

X. KAPITULUA
AKATSEN ETA HUTSEGITEEN ZUZENTZEA

22. artikulua.– Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar (10) eguneko epea emango dio diru-laguntza eskatzen duen entitate interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko. Era berean, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak ezarritakoarekin bat etorriz xede horretarako emandako ebazpena eman ondoren.

XI. KAPITULUA
IZAERA PERTSONALEKO DATUEN BABESA ETA AURKEZTUTAKO AGIRIEN EGIAZKOTASUNA

23. artikulua.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, «EIMA» deritzon fitxategian jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak kudeatzea eta deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea izango da. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, honako helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

24. artikulua.– Diru-laguntza eskatzen duten entitateek baimena ematen diote Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, honek aurkeztutako agirien egiazkotasuna konproba dezan beste instantzia batzuetan.

XII KAPITULUA
ALDEZ AURREKO LANAK, KALKULUA, EBAZPENA ETA DIRU LAGUNTZEN ORDAINKETA

25. artikulua.– 1.– Beharrezkoak diren datuak eskuratu eta gero, honako honi ekingo zaio.

a) Ikasmaterial horiek dagozkien formularioetan azaldutako datu tekniko eta ekonomikoekin agertzen duten adostasun-maila neurtu, besteak beste, honako puntu hauek bereziki aztertuz: hizkuntzaren egokitasun-aitorpena, xedea, argitalpen-kostuak, ezaugarri teknikoak, lagapen-prezioa, tirada eta salmenta kopurua.

b) Agindu honetan jarritako baldintzak betetzen diren ala ez ikuskatu.

c) Ikasmaterial bakoitzaren edizio-kostuen kalkulua eskatu Euskal Autonomia Erkidegoko argitalpen-alorreko bi adituri. Aditu horiek aldez aurretik izendatuko ditu Hezkuntza sailburuordeak.

2.– Aurreko puntuan zehazturikoa egin ostean, berariazko txostena helaraziko zaio Ebazpen Batzordeari.

26. artikulua.– 1.– Ebazpen-batzordea honako kide hauez osatuko da:

a) Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria, batzordearen buru.

b) Euskara Zerbitzuaren burua.

c) EIMA 1 programaren teknikaria, batzordearen idazkari.

2.– Behar-beharrezkoa ikusten bada, ikasmaterial bakoitzaren edizio-kostuen kalkulua egiten ibilitako bi adituak aritu ahal izango dira batzordearekin, beti ere aholkulari gisa.

3.– Ebazpen-batzordeak ikasmaterial bakoitzari dagokion diru-laguntzaren zenbatekoa finkatuko du eta, behar bezala arrazoitu ondoren, ebazpen-proposamena egingo du. Aurreko artikuluan aipatutako ebazpen-proposamena lantzeko, Ebazpen-batzordeak Agindu honen II. eranskinean azaldutako faktoreetan eta horiei dagozkien ponderazio-indizeetan oinarrituko du bere lana.

4.– Diru-laguntza zehatza Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak langintza honetarako duen laguntza-partida Agindu honen IV. eranskinean ezarritako formularen arabera banatuz zehaztuko da.

27. artikulua.– 1.– Ebazpen-batzordeak egindako proposamena kontuan izanda, Hezkuntza sailburuordeak laguntza-deialdi honi dagokion ebazpena emango du,

2.– Ebazpen horrek, gutxienez, honako kontu hauek jasoko ditu:

a) Diruz lagundutako ikasmaterialen zerrenda eta ikasmaterial horietako bakoitzari esleitutako diru-laguntza.

b) Diruz lagundu izan ez diren ikasmaterialen zerrenda, ukatzearen zioa azalduz.

3.– Ebazpen hori diru-laguntza eskatu duten entitate guztiei modu ofizialean jakinaraziko zaie, beranduenik, lau (4) hilabeteko epean. Epe hori 17. artikuluan eskabideen aurkezpenari buruz zehaztutako o azken eguneko biharamunean hasiko da. Era berean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da herritar orok jakin dezan.

28. artikulua.– 1.– Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote diru-laguntza eskatu duten entitateek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hartutako Ebazpenaren berri emanaz jasotako idatzizko jakinarazpena eskuratutako egunaren biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

2.– Esandako epean Ebazpenik hartu ezean, isiltasuna ezezko erantzuntzat hartuko da.

29. artikulua.– Entitate onuradunek onartu egin beharko dute esleitutako diru-laguntza. Hori dela eta, diru-laguntza eman izana jakinarazten duen idazkiaren jasotzen den egunean hasi eta hamar (10) eguneko epean esleitutako diru-laguntzari berariazko ukoa, idatziz egindakoa hain zuzen ere, aurkezten ez badiote entitate onuradunek kudeaketa-organoari, esleitutako diru-laguntza onartutzat joko da.

30. artikulua.– Diru-laguntzak aldi bakar batean ordainduko dira Ebazpena diru-laguntza eskatu duten entitate guztiei modu ofizialean jakinarazi eta, aldi berean, entitate onuradunek esleitutako diru-laguntza onartu egiten dutela egiaztatu ostean.

XIII. KAPITULUA
ENTITATE ONURADUNEN BETEBEHARRAK

31. artikulua.– Entitate onuradunek Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

32. artikulua.– Agindu honetan finkatutako edozein eginkizun ez betetzeak edota laguntzak lortzeko ezarritako baldintzetan gezurretan ibiltzeak, jokabide horien ondorioz gerta daitezkeen erantzukizun penalak baztertu gabe, agindutako diru-laguntza galtzea ekarriko du; baita, hala legokiokeen kasuan, aurretik jasotako diru-kopurua atzera itzuli beharra ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak onartzen duen bezala, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (EHAA, 1992ko otsailaren 7koa) zehaztutako prozeduraren arabera dagozkion legezko interesak gehituz.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetako euskarazko eta gaztelaniazko idazkien artean interpretazio-auzirik sortuz gero, jatorrizkoa euskaraz idatzitakoa dela kontuan izanik hura hartuko da korapiloa askatzeko gidari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta bere aurka berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera; edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean Agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko uztailaren 4a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

María Isabel Celaá Diéguez.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala