Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2012ko maiatzaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILA
2037

AGINDUA, 2012ko martxoaren 18koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2011-2012 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak arautzeko dena.

Batxilergoko Sari Nazionalak arautzen dituen uztailaren 13ko EDU/2058/2010 Aginduaren bidez, Batxilergoko Sari Bereziak sortu nahi dira, Hezkuntzako maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan zehazten diren batxilergoko modalitateetako edozein aprobetxamendu bereziz burutu duten ikasleak saritzeko. Gainera, beraren laugarren artikuluak xedatzen du Euskal Autonomia Erkidegoak Batxilergoko Sari Bereziak deitu eta eman ahal izango dituela.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren martxoaren 15eko 35/2011 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoko Batxilergoko Sari bereziak arautzen ditu, eta horiek emateko baldintzak ezartzen. Proba urtero deituko dela xedatzen du lege horrek, eta urteroko deialdiak nola gauzatu behar diren ere azaltzen du.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren xedea da 2011-2012 ikasturtean Batxilergoko ikasketak ibilbide akademiko bikain batekin burutu dituzten ikasleen esfortzua eta lana onartzea eta sustatzea.

Horretarako, eta Hezkuntza Berrikuntzako zuzendariaren proposamenari jarraikiz, honako hau

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta aplikazio-eremua.

1.– Agindu honen xedea 2011-2012 ikasturteko Batxilergoko Sari Bereziak deitzea da, sari horiek arautzeko oinarriak ezartzen dituen martxoaren 15eko 35/2011 Dekretuari jarraikiz.

2.– Ikasleek parte hartu ahal izango dute, baldin eta 2011-2012 ikasturtean eta EAEko ikastetxe batean gauzatu eta gainditu badute Batxilergoko edozein modalitatetako bigarren ikasturtea eta hurrengo artikuluan jasotako baldintzak betetzen badituzte.

2. artikulua.– Hautagaien eskakizunak.

1.– Batxilergoko Sari Berezia jasotzeko hautagaia izateko, ikasleek 2012ko ekainean gainditu beharko dituzte Batxilergoko edozein modalitatetako ikasketak, EAEko ikastetxe batean, bertatik bertarako edo urruneko erregimenean, eta Batxilergoko bi ikasturteetako batez besteko nota 8,75 puntukoa izan beharko da gutxienez.

2.– Behin Batxilergoko bigarren ikasturteko amaierako ebaluazioko azken saioa eginda, eta ikasleei amaierako notak jakinarazita, Batxilergoko Sari Berezietara aurkez daitezkeela jakinaraziko diete ikastetxeek agindu honetan ezarritako eskakizunak betetzen dituzten ikasleei, martxoaren 15eko 35/2011 Dekretuan ezarritako baldintzetan.

3. artikulua.– Sarien kopurua eta zenbatekoa.

1.– 2011-2012 ikasturtean Batxilergoko 15 sari berezi deituko dira EAEn.

2.– Sari bakoitzaren diru-kopurua 964 eurokoa izango da. Gainera, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak antolatzen duen bidaia-programan parte hartu ahalko dute, eta ingelesezko ikastaroak atzerrian egin ahalko dituzte, dagokion deialdian zehaztutakoaren arabera.

3.– Batxilergoko Sari Berezia jasotzen dutenek egiaztagiria jasoko dute.

4.– Sari berezia jasotzen duten ikasleak Batxilergoko Sari Nazionala jasotzeko hautagai izan daitezke, aurrez horretarako izena emanez gero.

4. artikulua.– Izena emateko prozedura eta epea.

1.– Agindu honen 2. artikuluan xedatutako baldintzak betetzen dituen ikaslerik badago ikastetxe batean, sari bereziak jasotzeko proposatutako ikasleen zerrenda argitaratuko du bertako zuzendariak iragarki-taulan, I. eranskinean jasotako ereduari jarraikiz. 2012ko maiatzaren 23tik 29ra bitarte, biak barne.

2.– Ezarritako baldintzak betetzen dituzten eta sari berezia jasotzeko hautagai izan nahi duten ikasleek, ikastetxe publikoetakoek edo pribatuetakoek, izena emateko eskabidea aurkeztu beharko dute Batxilergoko ikasketak burutu dituzten Bigarren Hezkuntzako Institutuko edo ikastetxe pribatuko idazkaritzan. 2012ko maiatzaren 30etik ekainaren 5era arte, biak barne.

3.– Izen-ematea on-line eskatuko da, eta ikastetxe bakoitzeko idazkaritzak gauzatuko du II. eranskineko ereduari jarraikiz Hezkuntza Administrazioak horretarako prestatuko duen aplikazioaren bidez.

4.– Hautagai bakoitzarentzako erregistro bat sortuko du automatikoki aplikazioak, eta gako bat emango dio haren emaitzak begiratu ahal izateko.

5.– Era berean, dagokion ziurtagiri akademikoa eman beharko dio ikastetxeak III. eranskineko ereduari jarraikiz, eta hori ere on-line erregistratu beharko da horretarako prestatutako aplikazioan.

6.– Behin eskabidea on-line egindakoan, behar bezala izenpetuta aurkeztuko dute dagokion ikastetxeko idazkaritzan, eta bertan sarrera-erregistroa egingo dute.

7.– Ikastetxe bakoitzeko idazkaritzak proben epaimahaiari emango dizkio bai eskabide-inprimakia, hautagai bakoitzak behar bezala izenpetuta, bai eta ziurtagiri akademikoak ere, behar bezala beteta eta dagokion ikastetxeko idazkariak izenpetuta. Probak egiten diren artean edo horiek amaitutakoan eskatu ahal izango du dokumentazio hori epaimahaiak, horrek ezarriko dituen epeen arabera.

8.– II. eranskinean aipatzen den dokumentazioa aurkeztu beharko dute minusbaliotasunen bat duten eta denborari eta bitartekoei dagokienez posible den jardueraren bat behar duten ikasleek.

9.– Behin izena emateko epea amaituta, 2012ko ekainaren 5ean, IV. eranskineko ereduari jarraikiz izena eman duten ikasleen zerrenda argitaratuko du ikastetxe bakoitzak iragarki-taulan.

10.– 2012ko ekainaren 6an, onartutako eta baztertutako ikasleen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Hezkuntza Sailaren web-orrian eta lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan. Balizko akatsak edo ez-egiteak konpontzeko arrazoia eta epea ere jakinaraziko da, hala badagokio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluari jarraikiz.

11.– 2012ko ekainak 11n, balizko akatsak eta ez-egiteak konpontzeko epea amaitu ostean, onartutako ikasleen behin betiko zerrenda argitaratuko da lurralde-ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta Hezkuntza Sailaren web-orrian, eta, hala badagokio, baita baztertuena ere, horiek zergatik baztertu dituzten azalduta.

12.– Agindu honetan jasotako baldintzetakoren bat ez bada betetzen, saria galdu ahal izango du ikasleak, eta puntuazio hoberena duen hurrengo hautagaiari emango zaio.

5. artikulua.– Proben edukia.

1.– Batxilergoko sari berezia jasotzeko, hautaproba guztiak gainditu beharko dituzte proposatutako ikasleek. Euskaraz edo gaztelaniaz egin ahal izango dituzte, honako egitura honi jarraikiz:

Lehenengo ariketa:

a) Gai orokor bati buruzko testu baten gaineko idazlana eta/edo iruzkina; testua zientifikoa edo literarioa izango da, eta gaztelaniaz edo euskaraz idatzita egongo da (parte-hartzailearen aukeraren arabera).

b) Gai orokor bati buruzko testu baten gaineko idazlana eta/edo iruzkina; testua zientifikoa edo literarioa izango da, eta Batxilergoan nahitaezko irakasgai gisa ikasitako atzerriko hizkuntzan idatzita egongo da. Hiztegirik gabe egingo da ariketa dagokion hizkuntzan.

Bigarren ariketa:

a) Batxilergoko 2. mailan modalitateko berezko irakasgai gisa egindako hiru irakasgaietako bitan jasotako edukien gaineko galderei erantzutea edo ariketa praktikoak ebaztea idatziz, parte-hartzailearen aukeraren arabera.

2.– Epaimahaiak ez dio hautagaiari aukerarik emango aurrez izena emateko inprimakian aukeratutako irakasgaiak edo proba-aukerak aldatzeko.

6. artikulua.– Proba balioestea.

1.– Honako hau balioetsiko da ariketa guztietan: erantzunak zuzenak izatea, garbi eta ongi azalduta egotea, ongi egituratuta, hiztegia egokia izatea eta hizkuntza behar bezala erabiltzea.

2.– Probako ariketa bakoitza 0tik 10era bitarteko puntuekin balioetsiko da, bi hamartarrekin gehienez ere.

3.– Ariketa bakoitzean eskuratutako noten batura izango da amaierako nota.

4.– Proban kalifikazio altuena lortu duten hautagaiei emango zaie saria, betiere, lau ariketetako bakoiztean gutxienez 5 puntu lortu badituzte, eta amaierako puntuazioa 24koa bada gutxienez.

5.– Berdinketarik egonez gero, lehenengo, bigarren, hirugarren eta laugarren ariketan eskuratutako puntuazioa hartuko da kontuan ordena horretan. Berdinketak jarraitzen badu, zozketa bidez ebatziko da; epaimahaiko presidenteak emango du horren berri.

6.– Deialdi honetan, honela banatuko da ariketak egiteko denbora:

(Ikus .PDF)

7.– Ariketak anonimoak izango dira, eta dagozkion neurriak hartu beharko ditu epaimahaiko presidenteak hori bermatzeko.

7. artikulua.– Probak egitea.

1.– Proba, EAErako bakarra, 2012ko ekainaren 13an egingo da; Hezkuntza Administrazioak garaiz jakinaraziko du non eta zer ordutan.

2.– Proba egiteko, hautagaiek haien NAN, AIZ edo beste egiaztagiri bat aurkeztu beharko dute, bai eta probak egiteko behar diren tresnak ere, V. eranskinean jasotzen direnak.

3.– Hala eta guztiz ere, epaimahaiak komenigarri irizten badu, aurreko puntua zabaltzen duen informazio gehigarria jasoko du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web-orrian.

4.– Proba egin aurretik, Hezkuntza Sailaren web-orrian argitaratuko dira ebaluazio irizpideak eta ariketa bakoitzaren kalifikazio irizpideak.

5.– Agindu honi lotutako informazioa Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian zintzilikatuko da: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net, ikasleak-Batxilergoko Sari Bereziak atalean.

8. artikulua.– Kalifikazioak argitaratzea.

1.– Epaimahaiak behin-behineko akta bat argitaratuko du 2012ko ekainaren 25ean, eta bertan adieraziko du zer hautagai saritzea proposatzen duen.

2.– Hautagaiek haien notak ikusi ahal izango dituzte horretarako prestatutako aplikazioan, agindu honen 4. artikuluaren 4. puntuan aurreikusitako gakoaren bidez.

3.– Epaimahaiak sari-kopuru jakin bat proposatuko du (deialdi honetan adierazitako guztirakoa gehienez).

9. artikulua.– Erreklamazioak.

1.– Ikasleek, edo, adin txikikoak badira, horien legezko ordezkariek, komenigarri irizten dituzten alegazioak aurkeztu ahal izango dizkiote epaimahaiko presidenteari, bost egun balioduneko epean, 2012ko ekainaren 25etik hasita.

2.– Erreklamazioek arrazoituta egon behar dute, eta hezkuntza-administrazioak deialdi hau kudeatzeko sortutako aplikazioaren bidez gauzatu behar dira derrigorrean VI. eranskinean jasotako ereduari jarraikiz.

Zuzenbidean onartutako beste edozein modutan aurkeztu ahal izango dira erreklamazioak.

3.– Erreklamatzen diren ariketak berrikusi egingo dira, egiaztatzeko galdera guztiak ebaluatu diren ala ez eta zuzen ebaluatu diren ala ez, hau da, ebaluatzeko irizpide orokorrak eta zuzentzeko irizpide zehatzak egoki aplikatu diren ala ez egiaztatzeko; era berean, azken kalifikazioa lortzeko prozesuan errore materialik dagoen egiaztatuko da.

4.– Deialdia Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ebatziko du, epaimahaiak proposatuta. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik hiru hilabeteko epean ez bada ebazpenik jakinarazi, eskaerak ezetsitzat jo daitezke, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legearen 44.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

5.– Ebazpen horren aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, hala xedatuta baitago Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Agindu honek aurreikusten ez duenerako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea ezarriko da.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateginak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, VI. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko da deialdi-agindu hau, aginduan bertan ezarritakoa betetzeaz gain.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari, eta, haren aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa aurkez diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari, hilabete bateko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Sailean, bi hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 18a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala