Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2012ko maiatzaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
2035

EBAZPENA, 2012ko apirilaren 16koa, (IVAP) Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena, 2012-2013 ikasturteko euskara ikastaroetara dei egiten duena.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileentzako 2012-2013 ikasturterako lehenengo hiru hizkuntza-eskakizunen ikastaro-deialdia onartzea, I., II. eta III. eranskinetan ezarritakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 16a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

MARIA ENCARNACIÓN ECHAZARRA HUGUET.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko langileen hizkuntza-gaikuntza eragin eta bultzatzea.

Bigarrena.– Nori zuzendua.

Deialdi hau Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileei zuzendua dago.

Euskadiko Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskara erabiltzeko normalizazio-prozesua arautzen duen 86/1997 Dekretuaren ildotik:

Deialdian parte hartzerik izango dute:

Euskadiko Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta bere erakunde autonomoetako langileek.

Ez dute deialdian parte hartzerik izango:

– Hezkuntzako irakasleek, ertzainek, Justizia Administrazioko langileek eta Osakidetzako langileek.

Lanorduetan euskarako hizkuntza-gaikuntza ikastaroetako baimenak emateko, sailek aplikatuko dituzte Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren 2004ko maiatzaren 27ko Instrukzioan zehaztutako irizpideak.

Edonola ere, IVAPek hizkuntza-prestakuntza bere aurrekontu bitartekoen barruan emango du.

Hirugarrena.– 2012-2013 ikasturterako ikastaro-deialdiak.

2012-2013 ikasturterako, IVAPek bi deialdi kaleratuko ditu.

Honako hau 2012-2013 ikasturteko deialdi nagusia da, ikasturte osoa arautzen duena. Deialdi honetan lanorduetan eta lanorduz kanpo egiteko ikastaroak eskaintzen dira.

Datorren azaroan oraingo honen osagarri den deialdia kaleratuko du IVAPek, eta 2012-2013 ikasturteko bigarren lauhilekorako eskaintza egingo du.

Azaroko deialdian otsailetik ekainera arteko eskaera egin ahal izango dute interesatuek, betiere baldintza hauen pean:

Ikastaroa urrian hasi ez duten langileek, salbuespen oso berezirik ezean, ezingo dute bi orduko ikastarorik hasi otsailean. Urrian hasi ez direnek, beraz, bost orduko ikastaroa edo barnetegiko ikastaroa egin beharko dute otsailean.

Urrian hasten diren ikasleek, aldiz, ikastaro trinkoa nahiz modulu aldaketa eskatu ahal izango dute otsailean, hau da, ikastaro trinkotik 2 ordukora aldatzea, edo alderantziz.

Modulu aldaketei dagokienez, azaroko deialdian ezingo da autoikaskuntza ikastarorik hasi, 2 orduko moduluarekin gertatzen den bezalaxe.

Laugarrena.– Lanorduetako ikastaro-eskaintza.

Deialdi honetan lanorduetan egiteko ikastaroak II. eranskinean adierazitakoak dira.

IVAPek ondoen iritzitako egokitzapenak egin ditzake II. eranskinean zehazten diren hasiera eta bukaera egunetan nahiz ordutegietan.

Bosgarrena.– Lanorduetako eskaerak.

Eskabideak modulu eta ordutegi bakarrerako izango dira.

5.1.– Eskabideak egiteko epea.

2012ko maiatzaren 9tik 25era, biak barne.

5.2.– Eskabideak nola egin.

a) Paperezko eskabideak. Inprimakiak eskura daude ondorengo helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.net (euskara>euskara ikastaroak>1-2-3HE prestatzeko ikastaroak> inprimakia).

Langileak saileko Zerbitzu zuzendariari bidali behar dio eskabidea, epearen barruan.

Sail bakoitzean jasotako hizkuntza-prestakuntzarako eskabideak sailak berak grabatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan, eta, era berean, sail bakoitzak emango die baimena edo ukapena jasotako eskaerei, IVAPek berariaz adierazitako epean.

b) Eskabide telematikoak. Norberaren ordenagailutik bete ahal izango dira, intraneten bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:

www.ivap.jakina

Sistema hori erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasun sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.

Ordenagailu bitartez egindako eskaerak sail bakoitzak kudeatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan, eta, era berean, sail bakoitzak emango die baimena edo ukapena jasotako eskaerei, IVAPek berariaz adierazitako epean.

Seigarrena.– Ordu-kreditua.

Lanorduetako ikastaroei dagokienez, ordu-kredituak ezartzen duen Aginduari jarraituko zaio (Agindua, 2004ko apirilaren 30ekoa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen euskalduntzean aplikatuko diren ordu-kredituak ezartzen dituena; EHAA: 2004-05-7; 85. zk.).

Agindu horren bosgarren artikuluari jarraiki, euskara ikastaroa lanorduetan hasi ahal izateko beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturte hasieran.

Ordu-kredituaren kontrolari begira, 2012-2013 ikasturtearen hasiera urria izango da eta hurrengo hiru deialdiak bilduko ditu:

a) Urrian eskolatzeko deialdia (apiriletik maiatzera bitartean argitaratzen dena).

b) Otsailean eskolatzeko deialdia (azaroan argitaratzen dena).

c) Udako ikastaroak egiteko deialdia (maiatzean argitaratzen dena).

Hori horrela, IVAPek modu honetan aplikatuko du ordu-kredituaren kontrola:

a) Urrian lanorduetan hasten diren ikasleei ikasturtea hasi aurretik aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira urrian hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko ez otsaileko deialdian, ez udakoan. Ondorioz, ikasle horiek parte hartu ahal izango dute lanorduetan bai otsaileko deialdian bai udakoan (horretarako eskaera sasoiz aurkeztu badute, behintzat), nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.

b) Otsailean lanorduetan hasten diren ikasleei otsaileko ikastaroa hasi baino lehen aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola; eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira otsailean hasi. Aldeko ordu-kreditua dutenak, aldiz, hasi ahal izango dira, eta ez zaie ordu-kredituaren kontrola aplikatuko udako deialdian. Ondorioz, parte hartu ahal izango dute udako deialdian lanorduetan (horretarako eskaera sasoiz aurkeztu badute, behintzat), nahiz eta ordurako ordu-kreditua negatiboa izan.

c) Udan lanorduetan hasten diren ikasleei, aldiz, udako eskaera IVAPen jaso orduko aplikatuko zaie ordu-kredituaren kontrola; eta saldo negatiboa dutenak ezin izango dira udako ikastaroan lanorduetan hasi. Udako ikastaroa lanorduetan egin ahal izateko, aldeko saldoa izan beharko dute; bestela, IVAPek bazter utziko du eskaera.

Bestalde, lanorduetako ikastaroa arratsaldez egiten duten ikasleen kasuan, gerta daiteke ikastaroko ordu batzuk lanorduz kanpo hartzea (lanaldi mistoa duten langileak, udako ordutegian arratsaldetan eskola duten langileak, etab.). Horrelakoetan, sail bakoitzaren ardura da soilik lanorduetan hartutako orduak deskontatzea ikasleei euren ordu-kreditutik.

Zazpigarrena.– Lanorduetako eskolen antolaketa.

7.1.– Mailaketa probak.

Langileren baten euskara ezagupena neurtu behar bada, IVAPek mailaketa proba egitera deituko du. Horretarako, IVAPek zerbitzu zuzendaritza bakoitzari jakinaraziko dizkio mailaketa proba egiteko toki-egunak.

Mailaketa proba egitera deitu arren, langileren bat ez bada ezarritako egun eta orduan aurkezten, IVAPek bazter utziko du haren eskaera.

IVAPek aurkeztu ez den langileari bigarrenez deitzeko aukera aztertuko du, baldin eta aurkeztu ez izana idatziz eta egokiro arrazoitzen badio IVAPi dagokion Zerbitzu zuzendariak; beranduen ere, proba egunetik 2 egun balioduneko epean.

Bigarren dei horretara ere aurkezten ez den langilearen eskaera bertan behera utziko du IVAPek.

7.2.– Administrazioko taldeak antolatzea.

Mailaketa probak egin ondoren, taldeak osatuko ditu IVAPek. Taldeak osatzean, ikasle bakoitzari Zerbitzu zuzendariak baimendutako modulua gordeko dio IVAPek, ahal den neurrian.

IVAPek administrazioko ikastaldeak osatuko ditu administrazioko langileekin soilik. Talde horiek, ordutegi jakin batzuetan eta hiriburuetan antolatuko ditu:

– 5 ordutan: Bilbon, Donostia-San Sebastianen eta Vitoria-Gasteizen.

– 2 ordutan goizez (08:00-10:00): Bilbon eta Vitoria-Gasteizen. Donostia-San Sebastianen egitea eskatzen dutenei matrikula orria emango zaie.

Gainontzeko ordutegietan ikasi nahi dutenei IVAPek matrikula orria emango die, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikula daitezen.

Nolanahi ere, baliabideen erabilera egokia bermatzeko eta taldeen osaketak hala eskatzen badu, aldaketak egin ahal izango ditu IVAPek baimendutako eskaeren moduluetan, ordutegietan nahiz ikasteko tokietan.

Taldeak osatu eta euskaltegiak izendatuta daudenean, sail bakoitzari helaraziko dio IVAPek administrazioko taldeetan eskolatuko diren langileen zerrenda, langile bakoitzak non eta noiz eskolatu behar duen zehaztuta.

7.3.– Administrazioko talderik ez duten langileak. Matrikula orriak.

IVAPen administrazio talderik ez duten langileek euskaltegietako gainerako taldeetan egin ahal izango dute ikastaroa. IVAPek matrikula orria bidaliko du langilearen zerbitzu zuzendaritzara, honek bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikula orriaren bitartez, homologatutako edozein euskaltegi publiko edo pribatutan matrikulatu ahal izango da langilea.

Matrikulazioa gauzatzeko, ezinbestekoa da langileak matrikula orria euskaltegian entregatzea.

Matrikula orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du matrikula orria IVAPera.

7.4.– Matrikula orria ordaintzea.

Langileak egin duen matrikula IVAPek ordainduko du, betiere ondorengo baldintza hauek betetzen badira:

Matrikula orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2012ko urriaren 19a baino geroago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.

Gutxieneko iraupena: ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta 5 orduko ikastaroek, gutxienez, lauhileko iraupena izan behar dute.

Homologazioa: matrikula orriaren bidez egingo den ikastaroak HABEk homologatua izan behar du.

Baldintza horiek betetzen direla egiaztatu ondoren, langilearen matrikula onartu eta dagokion kostua ordainduko du IVAPek.

Aldiz, langileak egin duen matrikulak ez baditu aurreko baldintzak betetzen, IVAPek ez du ordainduko. Kasu horretan, IVAPek ukapenaren berri emango dio langilearen saileko zerbitzu zuzendaritzari.

Bestalde, ezingo da matrikula orria erabili lanorduetako autoikaskuntza sistemako ikastaroak egiteko. Autoikaskuntzako ikastaroen eskaintza ebazpen honen hamargarren oinarrian dago zehaztuta.

7.5.– Matrikula orriaren kostua.

Kontuan izan behar da bakar-bakarrik matrikula orria onartuz gero onartuko duela IVAPek matrikularen zenbatekoa.

Ondorioz, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, langileek aprobetxamendu egokia lortu beharko dute ikastaroetan.

Ikastaroen aprobetxamendu egokia neurtzen duten irizpideak ebazpen honen hamabigarren oinarrian daude.

Zortzigarrena.– Lanorduetako ikastaroen asistentziari buruzko arauak.

Ondorio guztietarako, ikastegia lantokia da langilearentzat. Beraz, eskolatze eta puntualtasun huts guztiak zerbitzu zuzendaritzaren aurrean justifikatu beharrekoak dira, beste edozein laneratze-huts zuritu ohi den bezalaxe.

Euskara ikastaroetara joateko baimena ematea zerbitzu zuzendaritzaren ardura denez, beroni dagokio baimendutako epean langileen etenik gabeko eskolatzea bermatzea.

Era berean, sailen ardura izango da ikastaroetan parte hartuko duten langileek oporrak ikastarotik kanpo hartzea, ikastaroen aprobetxamendua eten ez dadin.

8.1.– Eskolan hastea.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla medio, IVAPek ez du onartuko urriaren 19a baino geroago hasterik eskolan.

Urriaren 19a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utzi ditzake eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

Eskola-hutsegiteak ikastaroaren hasiera egunetik bertatik zenbatuko dira, nahiz eta ikaslea berandu hasi ikastaroan.

8.2.– Eskolan berandu hastea lanordu barruko ikastaroetan.

IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo harreragatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, Zerbitzu zuzendariek arrazoi horiengatik berandu hasiko diren langileen zerrenda bidali behar dute IVAPera. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, bere Zerbitzu zuzendariak eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz.

c) Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20a igaro aurretik hasi beharko du langileak eskolan.

IVAP saiatuko da gaixotasunak edo amatasunak eragindako beranduko eskolatze hauek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean.

8.3.– Egunez eguneko asistentzia.

Ikasleek eta sailek asistentziaren jarraipen zehatza egin ahal izateko, IVAPek lanorduetan ari diren ikasleen egunez eguneko asistentziaren berri emango du eta ikasleak eskolara joan ez diren egunak zehaztuko ditu.

Bederatzigarrena. Lanorduetako ikastaroa uztea.

Eskolan hasi ondoren, ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.

Horretarako, «Jakinarazpena: eskoletara joateari uztea» (III. eranskina) izeneko inprimakia bete eta IVAPera bidali behar du ikasleak.

Eskola-uztearen data inprimakia IVAPen erregistroan sartu den egunekoa izango da. Inprimakia IVAPera iritsi arte, ez da ordu-kredituaren kontaketa etengo.

Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia IVAPera lehenbailehen bidaltzea.

Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:

www.ivap.euskadi.net (euskara>euskara ikastaroak>zer egin ikastaroa behin betiko uzteko?>eskola uztea jakinarazteko inprimakia).

Azkenik, IVAPen zeregina izango da ikaslearen sailari eskola-uztearen berri ematea.

Hamargarrena.– Autoikaskuntza lanorduetan.

– Bete beharreko baldintzak.

Autoikaskuntza-sistema erabili ahal izateko, langileek hurrengo baldintzak bete behar dituzte:

Euskarazko eskoletara lanorduetan joateko baimena izatea, eskabidea ebazterakoan indarrean dauden lehentasun irizpideen arabera.

Lanpostuaren izaera, eginkizunak, lan-egutegia edo beste edozein arrazoi dela-eta, euskarazko ikastaroetara modu jarraian eta normalean joateko zailtasunak izatea.

Horregatik, Zerbitzu Zuzendaritza bakoitzak bidali beharko du IVAPera, lanorduetan autoikaskuntzara bideratutako langile bakoitzari buruzko txostena; bertan, ohiko eskoletara joateko langileak dituen eragozpenak azalduko dira.

Sail bakoitzak autoikaskuntzarako duen eskaera kopuruak ez du gaindituko, inola ere, lanorduetan hizkuntza-prestakuntza hartzeko baimendutako eskaeren % 20a.

– Autoikaskuntzako eskolen antolaketa.

Autoikaskuntza-sistemaren barruan hiru atal bereizten dira:

Ordenagailua: metodo honetan ordu gehienak ordenagailu aurrean egiten dira.

Mintza-saioak: ikasle bakoitzak astean ordu beteko aurrez aurreko saioa izango du, mintzamena lantzeko. Ikasturte amaieran ere, astebeteko ikastaro trinkoa antolatuko du IVAPek; betiere, ikasle kopuruak eta horien mailak horretarako aukera ematen badute.

Tutoretzak: ikasturtean zehar ikasleak lau tutoretza izango ditu tutorearekin. Tutoretzetan ikasleari bere ikas-prozesuaren berri emango dio tutoreak, eta zalantzak argitu ere bai.

Horregatik, autoikaskuntza-sistema hautatzeak hauxe dakar bere baitan: langilearen aldetik mintza-saioetara eta tutoretzetara joatea; eta sailaren aldetik, erraztasunak ematea langilea joan dadin.

– Autoikaskuntzako mailaketa probak.

Mintza-saioetarako talde homogeneoak antolatzearren, autoikaskuntzaz baliatzen diren langileek bi mailaketa-proba egin behar dituzte ikastaroaren hasieran:

Autoikaskuntza-programaren hasierako maila zehazteko proba (internet bidez egingo da).

Mailaketa-proba estandarra (HABEren urratsen araberakoa), beti ere, IVAPek ikasle horren mailari buruzko erreferentziarik ez badu.

.– Autoikaskuntzako asistentziak.

Autoikaskuntza ikastaroan dabiltzan ikasleen kasuan, asistentzia-datuak hiru hilez behin jasotzen dira. Ondorioz, ikasle horiei ezin zaie ordu-kredituaren saldoa eguneratu hiruhilekoa amaitu arte.

Hamaikagarrena.– Lanorduz kanpoko ikastaroen araubidea.

Lanorduz kanpoko eskaera onargarria bada, IVAPek matrikula orria bidaliko du langilearen zerbitzu zuzendaritzara, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.

11.1.– Ikastaroen ezaugarriak eta bete beharreko aprobetxamendu irizpideak.

11.1.a) Presentziazko ikastaroak.

Lanorduz kanpoko presentziazko ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean egin beharko dira, eta baldintza hauek izan behar dituzte:

Gutxieneko iraupena: ikastaroek urritik ekainera bitartekoak izan behar dute. Barnetegiko eta 5 orduko ikastaroen kasuan, ikastaroek lauhileko iraupena izan behar dute, gutxienez.

Homologazioa: ikastaroak, derrigor, HABEk homologatua izan behar du.

11.1.b) Autoikaskuntzako ikastaroak.

Lanorduz kanpoko autoikaskuntzako ikastaroak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean edo homologatutako autoikaskuntzako zentro batean egin ahal izango dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

Gutxieneko ordu kopurua: ikastaroek, gutxienez, 190 orduko iraupena izan behar dute. IVAPek matrikula bakarra ordainduko dio ikasleari.

Ikastaroak urrian hasi behar dira.

Matrikula non egin: langileak homologatutako euskaltegi publiko edo pribatu batean edo autoikaskuntzako zentro homologatu batean matrikulatu behar du.

Homologazioa: autoikaskuntzako ikastaroek HABEk homologatuak izan behar dute.

Autoikaskuntzako ikastaroak bi modalitate hauetako batean egin ahal izango dira:

Internet erabilita: modalitate honen arabera, ordenagailuko bakarkako lana internet bidez egin ahal izango da. Aldiz, mintza-orduak euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan hartuko dira.

Euskaltegira edo autoikaskuntzako zentrora joanda: ikastaro osoa euskaltegian bertan edo autoikaskuntzako zentroan egin ahalko da, bai ordenagailuko bakarkako lana eta bai mintza-orduak ere.

IVAPek matrikula orri bakar bat emango die eskaera onartu zaien langileei, matrikula orri berezia hain zuzen. Autoikaskuntzan matrikulatzeko, orri berezitu hori bakarrik erabili beharko da.

Ez da onartuko autoikaskuntzako matrikula orriaren bitartez ikastaro presentzialetan matrikulatzerik, ezta alderantziz ere, hau da, ikastaro presentzialei dagokien matrikula orriaren bitartez ezingo da autoikaskuntzan matrikulatu.

11.2.– IVAPen baldintza lanorduz kanpoko ikastaroetan

Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatutako ikasleek ebazpen honen hamabigarren oinarrian ezartzen den aprobetxamendu irizpidea bete beharko dute.

Aprobetxamendu irizpideak betetzen ez dituzten ikasleei ez zaie hurrengo ikasturtean lanorduz kanpoko eskaerarik onartuko.

11.3.– Lanorduz kanpoko eskabideak egiteko epea.

2012ko ekainaren 11tik 28ra bitartean egin ahal izango dira lanorduz kanpoko eskaerak.

2012-2013 ikasturteko bigarren deialdian ez da onartuko ikasle berrien eskaerarik.

11.4.– Lanorduz kanpoko eskabideak egiteko bideak.

Eskabideak egiteko bi bide hauek erabil daitezke:

a) Paperezko eskabideak. Inprimakiak eskura daude ondorengo helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.net (euskara>euskara ikastaroak>1-2-3HE prestatzeko ikastaroak>inprimakia).

Eskatzaileak IVAPeko zuzendariari bidaliko dio eskaera ondorengo helbidera: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

b) Eskabide telematikoak: norberaren ordenagailutik, intraneten bidez, bete ahal izango dira. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da:

www.ivap.jakina

Sistema hori erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasuneko sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.

11.5.– Aldi baterako langileak lanorduz kanpoko ikastaroetan.

Aldi baterako langileek Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrarekin gutxienez 2012ko abenduaren 31ra arte lan-hitzarmena dutela egiaztatu beharko dute. Horretarako, eskaera orriarekin batera, Zerbitzu zuzendariak sinatutako agiria aurkeztu beharko dute. Agiriak eskaera-epe barruan sinatutakoa izan beharko du eta kontratuaren hasiera eta bukaera egunak adieraziko ditu.

11.6.– Lanorduz kanpoko ikastaroetan matrikulatzea.

Langileak egindako eskaera IVAPek aztertu eta, hala balegokio, onartu ondoren, IVAPek matrikula orria bidaliko du langilearen zerbitzu zuzendaritzara, honek langile bakoitzari berea helarazi diezaion.

Matrikulazioa gauzatzeko ezinbestekoa da matrikula orria euskaltegian edo autoikaskuntzako zentroan entregatzea.

Langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du bere matrikula orria IVAPera.

Langileak egin duen matrikularen kostua IVAPek ordainduko du; betiere, ondorengo baldintza hauek betetzen badira:

Matrikula orria garaiz entregatzea: ikastaroa hasten denerako matrikula orria euskaltegian edo autoikaskuntza zentroan aurkeztu behar da. 2012ko urriaren 19az geroztik entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.

Aurreko 11.1 oinarrian ezartzen diren ikastaroen baldintzak betetzea.

Kontuan izan behar da langileak euskaltegian egin duen matrikula IVAPek onartzeak berekin dakarrela matrikula horri dagokion kostu osoa ordaindu beharra.

Ondorioz, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, ikasleari eskatuko zaio hamabigarren oinarrian ezarritako gutxieneko aprobetxamendua betetzea.

11.7.– Eskolan berandu hastea lanorduz kanpoko ikastaroetan.

Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko du langileak eskolan. Arrazoi didaktikoak eta antolamenduzkoak direla eta, IVAPek ez du onartuko urriaren 19a baino geroago hasterik eskolan.

Urriaren 19a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utziko ditu eskolan hasi ez diren langileen eskaerak.

IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo umea hartzeagatik eta aitatasunagatik. Nolanahi ere, beranduko eskolatzea bideratzeko baldintza hauek bete beharko dira:

a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela eta. Horretarako, ikastaro hasieran, langileak horren berri eman behar dio IVAPi.

b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi idatziz. Eskaera horretan, berandu hastea zuritzen duen agiria edo agiriak erantsi beharko dira.

c) Galdutako eskola-orduen muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20a igaro aurretik hasi beharko da langilea eskolan.

IVAP saiatuko da gaixotasunak eragindako beranduko eskolatze horiek bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

11.8.– Lanorduz kanpoko eskolak uztea.

Eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.

Horretarako, «Jakinarazpena: eskoletara joateari uztea» (III. eranskina) izeneko inprimakia bete eta IVAPera bidali behar du ikasleak.

Eskola-uztearen data inprimakia IVAPen erregistroan sartu den eguna izango da.

Beraz, ikastaroaren aprobetxamenduari begira, oso garrantzitsua da inprimakia ahalik eta azkarren bidaltzea.

Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:

www.ivap.euskadi.net (euskara>euskara ikastaroak>ze egin ikastaroa behin betiko uzteko?>eskola uztea jakinarazteko inprimakia).

Hamabigarrena.– IVAPen aprobetxamendu-irizpidea euskara ikastaroetan

IVAPek honako irizpide hau ezartzen du euskara ikastaroen aprobetxamendua gainditzeko: ikasturteko asistentzia % 80tik gorakoa izatea. Ondorioz, asistentziaren ehuneko hori betetzen ez duten ikasleek, ez dute ikastaroen aprobetxamendua gaindituko.

Administrazio Orokorraren zerbitzura diharduten funtzionarioek aprobetxamendu-irizpide hori bete beharko dute, era berean, lan baldintzak arautzen dituen akordioaren 11. artikuluan aipatzen den baimena lortzeko.

Sail bakoitzak eskura izango du bere langileen asistentziari eta ebaluazioei buruzko informazioa IVAPen aplikazio informatikoan. Sail bakoitzari dagokio balioespena egitea eta, IVAPen proposamenak kontuan hartuta, ongien iritzitako erabakiak hartzea.

Langileak urratsak gainditzeko ezarritako aldizkako ebaluazio probak egiteko konpromisoa hartzen du.

Hamahirugarrena.– Ikasleei buruzko informazioa.

Euskara ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion sailari lagatzea. Horrela, IVAPek lanorduetan nahiz lanorduz kanpo ari diren ikasleen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta sail bakoitzari bere ikasleei dagozkienak jakinaraziko dizkio. Halaber, IVAPek sailen eskura jarriko ditu lanorduetako ikasleen aprobetxamenduari buruzko txostenak.

Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.

Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Beraz, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien sailei jakinaraztea bai euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez eta baita euren aprobetxamenduari buruzko txostenei dagokienez ere. Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua). Onartu egiten dute, azkenik, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari –HABE–, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).

Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

II. ERANSKINA
LANORDUETAKO IKASTARO ESKAINTZA

1.1.– Barnetegiko ikastaroak.

Barnetegiko ikastaroak Zornotzako barnetegian eta Lazkaoko Maizpide euskaltegian egin ahal izango dira.

Barnetegiko ikastaroen egutegia nahiz ordutegia euskaltegien eskaintzaren arabera alda daiteke.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula eta egonaldiaren gastuak.

1.2.– Bost orduko ikastaroak.

Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira. Modulu honek egun osoko lan-liberazioa eskatzen du, eskola orduei ikasleak lan pertsonalerako behar duen denbora gehitu beharra dagoelako.

Ikastaroek, betiere, lauhileko iraupena dute, lehenengo lauhilekoaren iraupena ondorengoa delarik:

Urriak 1 - otsailak 15 (hiru ebaluazio egingo dira euskalduntzean).

Abenduaren 24tik urtarrilaren 1era artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

Modulu honetan hiru ebaluazio egingo dira.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.

1.3.– Bi orduko ikastaroak.

Euskalduntzeko nahiz alfabetatzeko ikastaroak dira.

Ordutegia, IVAPeko taldeetan: Bilbao eta Vitoria-Gasteiz 08:00-10:00. Donostia aukeratzen dutenei matrikula orria emango zaie.

Arratsaldeetarako IVAPek ez du administrazioko talderik osatuko eta, ondorioz, arratsaldez eskolak hartu nahi dituzten ikasleei matrikula-orria emango zaie, nahi duten euskaltegi homologatuan matrikulatzeko.

Egutegia goizez, IVAPeko taldeetan: urriak 1 - maiatzak 31.

Abenduaren 24tik urtarrilaren 7ra artekoak, biak barne, ez dira eskola egunak izango.

Era berean, ez dira eskola egunak izango martxoaren 28tik apirilaren 5era artekoak, biak barne.

Modulu honetan, bi ebaluazio egingo dira.

Laugarren urratsetik gorako administrazioko taldeek astebeteko ikastaro trinkoa egin ahalko dute (egunean 5 ordukoa), horretarako dauden baliabideen arabera.

Astebeteko ikastaroaren datak gerturatu ahala, IVAPek zerbitzu zuzendariei bidaliko die joango diren langileen zerrenda, zerbitzuko beharrizanak aurreikusita, ikastaroa egin ahal izan dezaten. Langileren batek joaterik ez badauka, aldez aurretik idatziz adierazi beharko du.

Talderen batek, egunean 5 orduko ikastaroa egin ordez, astebeteko barnetegialdia egitea eskatzen badu, IVAP ahaleginduko da aukera hori bideratzen. Horretarako, ezinbestekoa izango da taldeko ikasle guztiak joatea barnetegira.

Lanaldi mistoa duten langileek ere eskatu ditzakete lanorduetako ikastaroak arratsaldez. Hori bai, langile horiek kontuan izan behar dute matrikula orriarekin eskolatuko direla eta, ondorioz, euskaltegiko egutegia eta ordutegia jarraitu beharko dutela. Horrelakoetan, ordu-kredituaren jarraipena Ebazpen honen 6. atalean ezarritakoaren arabera egingo da.

IVAPek bere gain hartuko ditu matrikula gastuak.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala