Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

89. zk., 2012ko maiatzaren 8a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

AGINTARIAK ETA LANGILERIA

Prestatu eta trebatzeko ikastaroak

JUSTIZIA ETA HERRI ADMINISTRAZIO SAILA
2034

EBAZPENA, 2012ko apirilaren 16koa, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendariarena. Honen bidez 4. hizkuntza eskakizuna prestatzeko ikastaroetarako deia egiten zaie Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileei, 2012-2013 ikasturterako.

EBAZTEN DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileentzako 4. hizkuntza eskakizuna prestatzeko ikastaroetako deialdia onartzea, 2012-2013 ikasturterako eta, I. eta II. eranskinetan adierazitakoarekin bat etorriz.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko apirilaren 16a.

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria,

maria encarnación echazarra huguet.

I. ERANSKINA
OINARRIAK

Lehenengoa.– Helburua.

1.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoetako langileen hizkuntza gaitasunean eragitea eta bultzatzea, 64/2008 Dekretuaren eranskinean azaltzen den C2 mailako gaitasunak lortze aldera.

1.2.– Hau da 2012-2013 ikasturterako egingo den deialdi bakarra.

Bigarrena.– Nori zuzendua.

2.1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko eta beronen erakunde autonomoetako langileei. Hezkuntzako irakasleak eta ertzainak deialdi honetatik kanpo geratzen dira.

2.2.– IVAPekin Lankidetza Hitzarmena sinatu duten herri-erakundeetako langileei. Lankidetza Hitzarmen hori Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2005eko azaroaren 30eko Aginduak arautzen du. Agindu honen bidez, batetik, arautzen da IVAPek EAEko herri-erakundeei eskainiko dien hizkuntza-prestakuntzako zerbitzua, eta bestetik, ezartzen dira euskara-ikastaroetara doazen udal-langileak ordezkatzeko dirulaguntzen arauak (EHAA: 2005-12-19).

2.3.– Uraren Euskal Agentziako eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziako langileei.

Deialdi honetan eskaintzen den hizkuntza-prestakuntza IVAPek finantzatuko du horretarako duen aurrekontuaren bidez. IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten erakundeetako langileen kasuan, 2005eko azaroaren 30eko Aginduaren 3. artikuluan ezarritako irizpideak jarraituko dira, aurrekontua nahiko ez balitz.

Hirugarrena.– Eskaerak onartzeko baldintzak eta lehentasunak.

3.1.– Eskatzaileek 3.HE egiaztatuta edo baliokidetuta izan behar dute.

Baliokidetuta ez badute, interesatuek eurek egin behar diote eskaera idatziz IVAPi beren titulua baliokidetzeko. Modu horretan, titulua hizkuntza eskakizunen erregistroan jasota geratuko da.

Baliokidetza IVAPeko erregistroan jasota egon ezean, 4. HEko ikastaroa egiteko eskaera ez da onartuko.

3.2.– Lanpostuan 1.HE edo 2.HE duten eskatzaileek gutxienez unibertsitateko diplomatu agiria izan beharko dute.

3.3.– Bitarteko funtzionarioek eta aldi baterako langileek gutxienez 2012ko abenduaren 31ra arteko lan-hitzarmena dutela egiaztatu beharko dute. Horretarako lan-hitzarmenaren hasiera eta amaiera egunak adierazi beharko dituzte eskaera orrian.

3.4.– Eskaerak onartuak izan daitezen, ezinbestekoa da dagokion zerbitzu zuzendariaren edo langile-arduradunaren baimena eskabidean bertan agertzea.

Euskarazko hizkuntza-prestakuntza lanorduetan jasotzeko baimenak ematerakoan, erakunde bakoitzak bere irizpideak erabiliko ditu. Eusko Jaurlaritzako langileen kasuan, Funtzio Publikoaren Sailburuordetzaren 2004ko maiatzaren 27ko Instrukzioan zehaztutako irizpideak erabiliko dituzte sailek.

Ikastaroa egiteko baimena emateak berekin dakar ikastaro teorikorako baimena ez ezik, proiektuaren tutoretzako 15 orduko baimena ere ematea.

3.5.– Lanpostuan 4. HE ezarrita duten langileek izango dute ikastaroan parte hartzeko lehentasun osoa.

Laugarrena.– Ordu-kreditua.

Deialdi honetara biltzen diren eskaerek ordu-kredituaren sistema izango dute ezarrita.

Eusko Jaurlaritzako langileen kasuan, 2004ko apirilaren 30eko Aginduak ezarritakoari jarraituko zaio (Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langileen euskalduntzean aplikatuko diren ordu-kredituak ezartzen dituena. EHAA: 2004-05-7).

IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten erakundeetako langileen kasuan, deialdi honetako 2. puntuan aipatu den 2005eko azaroaren 30eko Aginduak ezarritakoari jarraituko zaio (ordu-kredituari dagozion zehaztapenak Agindu horren 6. artikuluan zehazten dira).

Agindu horietan ezarritakoari jarraiki, ikastaroa hasi ahal izateko, beharrezkoa izango da ordu-kredituaren saldoa aldekoa izatea ikasturte hasieran, Jaurlaritzako langileek lanorduz kanpoko ikastaroa eskatzen duten kasuetan izan ezik.

Horrenbestez, IVAPek ordu-kredituaren kontrola egingo du, eta, hala dagokionean, saldo negatiboa duten eskaera guztiak bertan behera utziko ditu.

Bestalde, lanorduetako ikastaroa arratsaldez egiten duten Eusko Jaurlaritzako ikasleen kasuan, gerta daiteke ikastaroko ordu batzuk lanorduz kanpo hartzea (adibidez, lanaldi mistoa duten langileak, ekainean ere arratsaldetan eskola duten langileak, etab.). Horrelakoetan, sail bakoitzaren ardura da soilik lanorduetan hartutako orduak deskontatzea ikasleei euren ordu-kreditutik.

Bosgarrena.– Ikastaroaren ezaugarriak eta modalitateak.

Ikastaro honetan HABE curriculumeko 4. maila prestatzeko formakuntza eskainiko da. Ikastaroak bi alderdi izango ditu: batetik, ikastaro teorikoa, 170 ordu ingurukoa, eta, bestetik, nork bere proiektua prestatzeko 15 orduko tutoretza saio pertsonalizatuak.

Ikasleek bi zatiak egin beharko dituzte ikasturtean zehar.

Ikastaroaren finantzaketari dagokionez, IVAPek kurtsoa bere osotasunean ordainduko du ikasturte bakoitzeko.

Ikastaroan parte hartzen duen ikasleak proiektu indibidual bat prestatu beharko du ikasturtean zehar eta, horrek, eskola-orduez gain, lan pertsonala egitea ere eskatuko dio ikasleari.

Ikastaro hauetan norbere lanak dauka garrantzi gehien. Beraz, ikastaro hau egin nahi duen langileak jabetu behar du, ikastaroa gainditzeko eta proiektua garatzeko, ezinbestekoa dela aparteko lan pertsonala egiteko prest egotea eta eskola orduez haratago doan dedikazio pertsonal gehigarria eskaintzea.

Proiektu indibiduala garatzeko ikasle bakoitzari dagozkion 15 orduko tutoretza saioak noiz izango diren, irakasle eta ikasleen artean adostuko dute.

Bi modalitate desberdin eskaintzen dira:

a) Ikastaro presentziala administrazioko taldeetan, euskaltegien lokaletan nahiz Jaurlaritzako gelategietan. Administrazioko taldeetan ezin da autoikaskuntzako ikastarorik egin.

b) Ikastaro presentziala edo autoikaskuntzakoa, matrikula orriarekin, HABEko 4. mailako ikastaroak eskaintzen dituzten euskaltegi homologatuetan.

Eskaera egiteko momentuan, eskatzaileak aukeratu egin beharko du zein modalitatetan egin nahi duen ikastaroa; baita ikastaro presentziala edo autoikaskuntzakoa egin nahi duen.

5.1.– Ikastaro presentzialak administrazioko taldeetan.

Administrazioko taldeek ikastaro presentziala egingo dute. Eskolak astean 3 egunetan izango dira: astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan; goizeko 8:00etatik 10:00etara.

Administrazioko taldeak Bilbon, Donostia-San Sebastiánen eta Vitoria-Gasteizen osatuko dira.

Ikastaro hauek 2012ko urriaren 1ean hasiko dira, eta 2013ko maiatzaren 31n amaituko dira. Iraupena 170 ordu ingurukoa izango da.

Horrez gain, proiektuaren tutoretza egiteko beste 15 ordu emango dira, irakaslearen eta ikaslearen artean adostuko dute noiz izango diren.

Ordutegi eta toki berean nahiko ikasle baldin badago, IVAPek taldea osatuko du administrazioko langileekin. Nahiko ikaslerik ez dagoenean, aldiz, IVAPek matrikula orriak emango dizkie ikasleei, HABEko 4. mailako ikastaroak ematen dituen edozein euskaltegi homologatutan matrikulatu daitezen.

5.2.– Ikastaro presentziala, edo autoikaskuntzakoa, HABEk homologatutako euskaltegietan matrikula orriarekin.

Modalitate hau aukeratzen duten eskatzaileek ere HABEko 4. maila prestatzeko ikastaroa egingo dute.

Euskaltegi batzuek autoikaskutza modulua eskaintzen dute, hori hautatuz gero, kontuan izan behar da HABEk homologatutako ikastaroa izan behar duela.

Ikastaro horietan matrikula egiteko, IVAPek matrikula orria emango dio eskatzaile bakoitzari bere erakundearen bitartez, eta eskatzaileak HABEko 4. mailako ikastaroak ematen dituen edozein euskaltegi homologatutan egin ahalko du matrikula.

Matrikula orriaren bitartez eskolatzen den langileak euskaltegiaren egutegia eta ordutegia jarraituko ditu.

IVAPek matrikula ordainduko du, betiere baldintza hauek betetzen badira:

– Epea: matrikula orria garaiz entregatu behar da euskaltegian. Ikastaroa hasten denerako, matrikula orria euskaltegian aurkeztu behar da. 2012ko urriaren 19a baino beranduago entregatzen bada, IVAPek ez du matrikula ordainduko.

– Homologazioa: matrikula orriaren bidez egingo den ikastaroa HABEk homologatua izan behar da.

Matrikula orria erabiltzeko baldintzak bete ezean, IVAPek ez du matrikularik ordainduko, eta ukapenaren berri emango dio langilearen erakundeari.

Matrikula orria ordainagiri baten parekoa da eta, horregatik, langilea inon matrikulatzen ez bada, ahalik eta lasterren itzuli behar du IVAPera; baina, betiere 2012ko urriaren 19a baino lehen.

Kontuan izan behar da, behin matrikula orria onartuta, IVAPek matrikulari dagokion kostua ordaindu egin behar duela; eta, horregatik, diru-baliabideen erabilera zentzuzkoa eta arrazoizkoa ziurtatu ahal izateko, langileek aprobetxamendu egokia izan beharko dute ikastaroetan.

Seigarrena.– Eskoletan hastea.

6.1.– Erakundeak langileari baimena ematean, langile horren ikaskuntza bermatzeko konpromisoa hartzen du. Horregatik, dagokion zerbitzu zuzendaritzak edo langile-arduradunak behar den jarraipena egingo du baimendutako epean langilea etenik gabe eskolara dadin, langilearen eta bere ikaskideen ikaskuntzak oztoporik eta kalterik ez izateko.

Era berean, erakundeen ardura da ikastaroa egingo duten langileen oporraldiak eskolarik ez den sasoietara egokitzea, ikastaroaren aprobetxamenduan kalterik ez eragiteko.

6.2.– Ikastaroa hasten den egunean bertan hasi beharko dute langileek eskolan. Didaktika eta antolakuntza arrazoiak direla eta, IVAPek ez du onartuko urriaren 19a baino beranduago hasterik eskolan.

Horrenbestez, urriaren 19a iragan ondoren, IVAPek bertan behera utzi ahal izango ditu eskolan hasi ez direnen eskaerak.

6.3.– Eskolan berandu hastea.

IVAPek arrazoi hauengatik onartuko du eskolan berandu hastea: gaixotasunagatik, erditzeagatik, adopzio edo umea hartzeagatik eta aitatasunagatik. Edozein kasutan ere, beranduko eskolatzea bideratzeko, baldintza hauek bete beharko dira:

a) IVAPek aldez aurretik jakin behar du langilea ez dela eskolan garaiz hasiko aurreko arrazoiren bat dela medio. Horretarako, ikastaro hasieran, dagokion zerbitzu zuzendaritzak edo langile-arduradunak arrazoi horiengatik berandu hasiko direnen zerrenda bidali behar du IVAPera. Zerrendan NAN zenbakia eta izen-abizenak zehaztu behar dira.

b) Eskolan hasi ahal izateko eskaera egitea: langilea eskolan hasteko prest dagoenean, bere zerbitzu zuzendariak, edo dagokion langile-arduradunak, eskolatzea eskatu beharko dio IVAPi, idatziz.

c) Galdutako eskola-orduen gehienezko muga igaro gabe egotea: ikastaro osoaren eskola-orduen % 20a igaro aurretik hasi beharko da langilea eskolan.

IVAP saiatuko da arrazoi hauengatik eragindako beranduko eskolatzeak bideratzen, horretarako dituen bitartekoen mugapean.

Ikastaro hasieran galdutako orduak zenbatu egingo dira ordu-kreditua eguneratzean, ikastaro presentzialetan zein autoikaskuntzakoetan.

Zazpigarrena.– Eskoletara joateari uztea.

Eskolan hasi ondoren ikasleak ikastaroa behin betiko uzten badu, horren berri eman behar dio ikasleak IVAPi eskola uztea gertatzen den une berean.

Horretarako, «Jakinarazpena: euskara eskoletara joateari uztea» izeneko inprimakia bete (II. eranskina), eta IVAPera bidali behar du ikasleak.

Eskola-uztearen data inprimakia IVAPen erregistroan sartu den eguna izango da. Inprimakia IVAPera iritsi arte ez da ordu-kredituaren kontaketa etengo.

Beraz, ordu-kredituaren ondorioetarako, oso garrantzitsua izango da inprimakia IVAPera lehenbailehen bidaltzea.

Inprimakia honako helbide elektroniko honetan eskura daiteke:

www.ivap.euskadi.net (euskara> euskara ikastaroak> zer egin ikastaroa behin betiko uzteko?> eskola uztea jakinarazteko inprimakia).

Azkenik, IVAPen zeregina izango da ikaslearen erakundeari eskola-uztearen berri ematea.

Zortzigarrena.– Aprobetxamendu irizpidea eta asistentziaren jarraipena.

8.1.– Aprobetxamendu irizpidea.

Ikaslearen ikasketa prozesua eta administrazioaren baliabideak bermatzeko, IVAPek aprobetxamendu irizpide hau ezartzen du: ikaslearen ikasturte osoko asistentziak % 80koa izan behar du gutxienez.

Irizpide hori Eusko Jaurlaritzako lanorduz kanpoko ikasleen kasuan aplikatuko da. Horrela, aprobetxamendu irizpide hori betetzen ez duten eskatzaileei IVAPek ez die hurrengo ikasturtean lanorduz kanpoko eskaerarik onartuko.

8.2.– Administrazio Orokorraren zerbitzura diharduten funtzionarioek aprobetxamendu-irizpide hori bete beharko dute, era berean, lan baldintzak arautzen dituen akordioaren 11. artikuluan aipatzen den baimena lortzeko.

8.3.– Ikastaroa lanorduetan egiten duten langileen kasuan ikasgela lantoki dute ondorio guztietarako. Beraz, eskolaratze- eta puntualitate-huts guztiak dagokion zerbitzu zuzendaritzaren edo langile-arduradunaren aurrean zuritu beharko dituzte beste laneratze-hutsak bezalaxe, bai Jaurlaritzako langileen kasuan, bai IVAPekin hitzarmena duten erakundeetako langileen kasuan.

8.4.– Asistentziaren jarraipena.

Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak eskura izango du bere langileen asistentziari eta ebaluazioei buruzko informazioa IVAPen aplikazio informatikoan.

IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten erakundeen kasuan, hilez hil bidaliko zaie asistentzia eta ebaluazioen gaineko informazioa jasotzen duen fitxeroa.

Bederatzigarrena.– Noiz eta nola egin eskaera.

9.1.– Eusko Jaurlaritzako eskaerak.

9.1.1.– Epeak: Eusko Jaurlaritzako langileen kasuan, lanorduetako eskaerak egiteko epea 2012ko maiatzaren 9tik 25era artekoa izango da, biak barne.

Lanorduz kanpoko eskaerak egiteko epea 2012ko ekainaren 11tik 28ra bitartekoa izango da, biak barne.

9.1.2.– Eskaera egiteko modua.

Eusko Jaurlaritzako langileek bi bide dituzte eskaera egiteko: paperezkoa eta telematikoa.

Paperezko eskabidea egin nahi izanez gero, IVAPek beren beregi prestatutako orria erabili beharko da. Inprimakia guztien eskura dago ondorengo helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.net(euskara>euskara ikastaroak>4HEprestatzeko ikastaroak>inprimakia).

Langileak bere saileko zerbitzu zuzendaritzara bidali behar du eskabidea. Horretarako azken eguna maiatzaren 25a izango da.

Eskatzaileak lanpostuan 1. edo 2. HE ezarrita baldin badu, 3.2 oinarrian eskatzen den unibertsitate-titulazioaren fotokopia erantsi beharko dio eskabide-orriari.

Sail bakoitzean jasotako eskabideak sailak berak grabatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan. Baimena sail bakoitzak eman edo ukatuko die eskaerei. IVAPek espresuki adieraziko die sailei eskaerak baimentzeko edo ukatzeko epea. Kontuan izan behar da baimena emateak berekin dakarrela ikastaro teorikorako baimena ez ezik, tutoretza egiteko 15 orduko baimena ere ematea.

Eskabide telematikoa egin nahi izanez gero, norberaren ordenagailutik egin beharko da, intraneten bidez. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako intraneteko Jakina atarian IVAPek ezarritako helbide honetara jo beharko da: www.ivap.jakina.

Sistema hau erabili ahal izateko, eskatzaileak lehenik XL-Nets segurtasuneko sistemaren bitartez identifikatu behar du bere burua.

Eskatzaileak lanpostuan 1. edo 2. HE ezarrita baldin badu, zerbitzu zuzendaritzara bidali beharko du 3.2 oinarrian eskatzen den unibertsitate-titulazioaren fotokopia.

Eskabide telematikoak sail bakoitzak kudeatuko ditu horretarako duen IVAPen aplikazio informatikoan. Baimena sail bakoitzak eman edo ukatuko die eskaerei, IVAPek espresuki adieraziko duen epean. Kontuan izan behar da baimena emateak berekin dakarrela ikastaro presentzialerako baimena ez ezik, tutoretza egiteko 15 orduko baimena ere ematea.

9.2.– IVAPekin Lankidetza Hitzarmena duten erakundeetako eskaerak.

9.2.1.– Eskabideak egiteko epea: eskabideak IVAPera bidaltzeko, deialdia argitaratzen denetik maiatzaren 31ra bitarteko epea du eskatzailearen erakundeak.

IVAPek ez ditu onartuko epe horretatik kanpo bidalitako eskaerak. Horretarako, eskabideak bidaltzeko ofizioaren irteera data hartuko da kontuan.

Epe hori kontuan izanda, erakunde bakoitzak ezarriko du bere langileek erakunde barruan eskaerak tramitatzeko duten epea.

9.2.2.– Eskaera egiteko modua: Lankidetza Hitzarmena duten erakundeetako langileek IVAPek beren beregi prestatutako paperezko eskabidea erabili beharko dute. Inprimakia guztien eskura dago ondorengo helbide elektroniko honetan:

www.ivap.euskadi.net(euskara>euskara ikastaroak>4HEprestatzeko ikastaroak>inprimakia).

Eskatzaileak erakundeko langile-arduradunaren baimena beharko du eskaera onartua izan ahal izateko. Baimena eskabidean agertuko da, sinaduraz eta zigiluaz egiaztatuta. Kontuan izan behar da baimena emateak berekin dakarrela ikastaro presentzialerako baimena ez ezik tutoretza egiteko 15 orduko baimena ere ematea.

Eskatzaileak lanpostuan 1. edo 2. HE ezarrita baldin badu, 3.2 oinarrian eskatzen den unibertsitate-titulazioaren fotokopia erantsi beharko dio eskabide-orriari.

Eskatzailearen erakundeari dagokion langile-arduradunaren gain gelditzen da IVAPera bidaltzea erakundeak baimendutako eskabideak, datu guztiak beterik eta behar diren baimenaz eta sinaduraz horniturik; baita, hala behar denean, diplomatu agiriaren kopia erantsita ere. Helbide honetara bidali behar dira eskabideak: IVAPeko zuzendaria/ Donostia kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

IVAPek eskabideak aztertu eta gero, idatziz jakinaraziko dio eskatzailearen erakundeari baztertutako eskaerak zeintzuk diren. Onartutakoen kasuan, sarrera-proba nork egin behar duen eta, non eta noiz egin behar duen jakinaraziko dio soilik.

Hamargarrena.– Ikasleei buruzko informazioa eta datuen babesa.

Ikastaroa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa da ikasleei buruzko hainbat datu pertsonal jasotzea, tratatzea, fitxategi batean biltzea eta dagokion erakundeari lagatzea. Horrela, IVAPek ikasleen asistentzia eta ebaluazio datuak jasoko ditu eta erakunde bakoitzari bere ikasleei dagozkienak jakinaraziko dizkio.

Ebazpen honen ondorioz jasoko diren datu pertsonalen tratamendua, bai Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak, bai datu pertsonalak gordetzen dituzten fitxategi automatizatuen segurtasun-neurrien Araudiak (ekainaren 11ko 994/1999 Errege-dekretuaren bidez onartutakoa) xedatutakoaren arabera egingo da.

Deialdi honetara biltzen diren langileek onartu egiten dute ebazpenaren helburua betetzeko jasoko diren datu pertsonalen tratamendua. Horrela, onartu egiten dute IVAPek datuak jasotzea eta dagozkien erakundeei jakinaraztea, euren asistentziari eta ebaluazioari dagokienez.

Onartu egiten dute baita ere, datu-lagapenak egitea Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzari, normalkuntza planaren betetze maila ebaluatzeko txostenak egin ditzan, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren 6. artikulua).

Onartu egiten dute, era berean, datu-lagapenak egitea Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzeko Erakundeari –HABE–, (Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren seigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera).

Ikasleei buruzko datu pertsonalak Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako «Funtzionarioak euskalduntzea» izeneko fitxategian egongo dira. Ikasleek fitxategiko datuetara sartzeko, datuok aldatu eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi izanez gero, IVAPeko Idazkaritza Nagusira jo dezakete: Donostia-San Sebastián kalea, 1; 01010 Vitoria-Gasteiz.

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala