Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

47. zk., 2012ko martxoaren 6a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
1054

5/2012 DEKRETUA, otsailaren 24koa, Lehendakariarena, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen dekretua hirugarren aldiz aldatzeko dena.

Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak, uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuaren eta urtarrilaren 18ko 6/2011 Dekretuaren bitartez aldatu denak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailen egitura antolatzen du, Jaurlaritzaren egitarau politikoa garatzen laguntzeko eta bere jardunean eraginkortasun eta arrazionaltasun handiena lortzeko.

Dekretu hura onartu zenetik hona igarotako denbora dela-eta, bidezkoa da haren edukian zenbait aldaketa egitea, Administrazio honek eskumenen eta kudeaketaren arloan arrazionaltasunez jardungo badu. Jaurlaritzaren eginkizun politiko administratiboek bere horretan jarrai dezaten nahi da, inolako etenik gabe, eta gainera, orain arte Administrazioak izan duen eraketa eta dekretu honen bidez onartzen dena moldatu nahi dira.

Arkaute, Fraisoro eta Derioko nekazaritza-heziketarako eskolek eta Pasaia eta Bermeoko itsas arrantzaren arloko prestakuntzarako eskolek Itsasmendikoi, S.A. sozietate publikoari atxikita burutzen dute beren jarduna; aldi berean, sozietate publiko hori Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mende dago.

Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko azaroaren 29an hartutako erabakiaren bitartez, Itsamendikoi, S.A. sozietatearen izena aldatu eta «Hazi, Landa eta Itsas Ingurunearen Garapenerako Korporazioa Sociedad Anonima» ezarri zitzaion.

Lanbide heziketarako sistema bateratu bat eratzeko asmoz, Jaurlaritzak erabaki du nekazaritza-heziketarako eta itsas arrantzaren arloko prestakuntzarako eskola horiek lanbide heziketarako zentro bateratu bihurtzea eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari atxikitzea. Hala ere, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren jardun arloan jarraituko du nekazaritzako eta itsas arrantzako prestakuntza sustatzeko zereginak.

Horren ondorioz, hona hemen dekretu honek dakartzan aldaketak:

Alde batetik, kendu egingo da «nekazaritzako eta itsas-arrantzako prestakuntza» deitutako jardun-arloa Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailetik eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eskumenen eremura eramango da. Horretarako, maiatzaren 8ko Lehendakariaren 4/2009 Dekretuaren 14. artikuluaren 1. paragrafoko ñ) idatzi-zatia kenduko da -Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitekoak eta jardun-arloak daude jasota paragrafo horretan- eta «nekazaritzako eta itsas arrantzako prestakuntza profesionala sustatzea» deitutako zeregina jasoko du 14.1 artikuluaren ñ) idatzi-zati berri baten.

Ildo horretan, zehaztu beharra dago ez dela beharrezkoa idatzi-zati berririk eranstea maiatzaren 8ko Lehendakariaren 4/2009 Dekretuaren 7.1 artikuluari -Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren egitekoak eta jardun arloak daude jasota paragrafo horretan-, uste baita «nekazaritzako eta itsas-arrantzako prestakuntza» berez sartzen dela 7. artikulu horren 1. paragrafoaren a) idatz-zatian; izan ere, idatzi-zati horrek esleitzen dizkio aipatutako sailari Autonomia Estatutuan ezartzen diren eskumenak, bai erregimen orokorrekoak eta bai erregimen berezikoak ere, etapak eta mailak barne sartuz; eta goi mailako hezkuntza eta bai bizitzan zehar kualifikazioak eskuratu edo areagotzea dakarten ikaskuntza-jarduerak ere.

Beste alde batetik, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011ko azaroaren 29an Itsasmendikoi, S.A. sozietate publikoaren izena aldatzea erabaki eta Hazi Landa eta Itsas Ingurunearen Garapenerako Korporazioa Sociedad Anónima eman dionez, eguneratu egingo da maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren 14. artikuluaren 2. paragrafoari -Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari atxikitako sozietate eta erakundeei buruzkoari- emandako idazketa.

Halaber, dekretu honek indarra hartzean bidean diren administrazio espedienteak, baldin eta dekretuaren edukiak organikoki eragiten badie, dekretuak eragindako antolatze eta funtzio banaketaren arabera ebatziko dira.

Ekonomia eta Ogasun Sailak, berriz, dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-eragiketak burutuko ditu.

Ondorioz, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/19181 Legearen 8.c) artikuluak ematen dizkidan ahalmenen arabera, hauxe

XEDATZEN DUT:

Lehenengo artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen maiatzaren 8ko Lehendakariaren 4/2009 Dekretuaren 14. artikuluaren 1. paragrafoari ñ) idatzi-zatia kenduko zaio.

Bigarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen maiatzaren 8ko Lehendakariaren 4/2009 Dekretuaren 14. artikuluaren 1. paragrafoari ñ) idatzi-zatia erantsiko zaio:

«ñ) Nekazaritzako eta itsas arrantzako prestakuntza profesionala sustatzea»

Hirugarren artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen maiatzaren 8ko Lehendakariaren 4/2009 Dekretuaren 14. artikuluaren 2. paragrafoak honelako idazketa izango du:

«2.- Honako sozietate publiko hauek atxikiko zaizkio sail honi: Neiker Nekazal Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundea, A.B., Instituto Vasco de Investigación y Desarrollo Agrario sozietate publikoa; Nekazaritza Garapenerako Institutua, A.B., Hazi Landa eta Itsas Ingurunearen Garapenerako Korporazioa Sociedad Anonima; Ihobe, S.A., Ingurugiro Hobekuntza-Mejora del Medio Ambiente, Ingurugiro Hobekuntzarako sozietate publikoa; eta Uraren Euskal Agentzia.»

XEDAPEN IRAGANKORRA

Dekretu honek indarra hartzean bidean diren administrazio espedienteak, baldin eta dekretuaren edukiak organikoki eragiten badie, dekretuak eragindako antolatze eta funtzio banaketaren arabera ebatziko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Dekretu honetan xedatutakoa betetzeko beharrezkoak diren aurrekontu-eragiketak burutuko ditu Ekonomia eta Ogasun Sailak.

Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2012ko otsailaren 24an.

Lehendakaria,

FRANCISCO JAVIER LÓPEZ ÁLVAREZ.


Azterketa dokumentala