Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

229. zk., 2011ko abenduaren 2a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

Justizia eta Herri Administrazio Saila
5821

AGINDUA, 2011ko urriaren 20koa, Justizia eta Herri Administrazioko sailburuarena, argitalpenen, erreprodukzioen eta dokumentazioren kopiak egiteagatiko prezio publikoak ezartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Tasa eta Prezio Publikoei Buruzko Legearen testu bategina onartzeko den irailaren 11ko 1/2007 Legegintzako Dekretuaren arabera, prezio publikotzat joko dira zuzenbide publikopeko jardueren edo zerbitzuen trukean ematen diren diru-sariak, baldin eta tasak ez badira.

Aipatutako 1/2007 Legegintzako Dekretuko 31. artikuluak ezartzen du prezio publikoen bitartez ordain daitezkeen zerbitzuak eta jarduerak dekretu bidez ezarriko dituztela, elkarrekin, Ogasun Sailak eta kasuan kasuko sailak, hots, zerbitzuak zuzenean ematen dituen sailak edo zerbitzuak ematen dituen erakundearen gaineko sailak.

Aurrekoa betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak eta honen erakunde autonomoek prezio publikoen bidez ordaindu ditzaketen zerbitzu eta jardunak zehazten dituen irailaren 28ko 249/2010 Dekretua onartu zen. Honek, bere eranskinaren bosgarren atalean, zehazten ditu zeintzuk diren prezio publikoaren menpe egon daitezkeen Justizia eta Herri Administrazio Saileko zerbitzuak.

Halaber, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren argitalpenak arautzen dituen apirilaren 7ko Dekretuko 21. artikuluak ezartzen du argitalpen guztiek izango dutela salneurria, tirada osoa doako banaketa edo/eta beste erakunde publiko edo pribatuekin trukeak egiteko denean izan ezik. Eta jarraitzen duenez, prezioa zehazteko, EAEko Ariel eta Herri Prezioei buruzko Legea eta hori garatzeko araudia beteko da.

Horrela, 1/2007 Legegintzako Dekretuko 33. artikuluak ezartzen du Justizia eta Herri Administrazioko sailburuari dagokiola, ogasun arloan eskumena duen sailak dagokion txosten loteslea eman ondoren, bere sailari dagozkion prezio publikoak agindu bidez ezarri edo aldatzea.

Horregatik guztiagatik, araudiak emandako ahalmenak erabiliz, eta Ekonomia eta Ogasun Saileko organo eskudunak aldeko txostena eman ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Helburua.

Agindu honen helburua ondoren adierazten diren kontzeptuetarako prezio publikoak ezartzea da:

a) Argitalpen Zerbitzu Nagusiak argitaratutako argitalpenen salmenta, paper-euskarrian zein euskarri elektronikoan, eta horien bidalketa.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sisteman gordailatuta dauden dokumentuen edo Liburutegi Sisteman dauden fondo bibliografikoen erreprodukzioen eta kopien salmenta, eta horien bidalketa.

2. artikulua.- Argitalpenen salmenta.

Justizia eta Herri Administrazio Saileko Baliabide Orokorren Zuzendaritzari atxikitako Argitalpen Zerbitzu Nagusiak argitaratutako, paper-euskarrian zein euskarri elektronikoan, argitalpenen jendaurreko salmenta-prezio publikoen zenbatekoa, Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne, Agindu honen eranskinean jasotako tarifa-koadroan ezarritakoak izango dira.

3. artikulua.- Erreprodukzioen eta kopien salmenta.

Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Sisteman gordailatuta dauden dokumentuen edo Liburutegi Sisteman dauden fondo bibliografikoen erreprodukzioen eta kopien salmentarako prezio publikoak, Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne, honako hauek izango dira:

(Ikus .PDF)

4. artikulua.- Bidaltzea.

Liburuak, argitalpenak edo erreprodukzioak posta arrunta bitartez bidali behar direnean, 6 euro gehituko da bidalketa-gastu moduan, Balio Erantsiaren gaineko Zerga barne.

5. artikulua.- Hobariak argitalpenen prezio publikoetan.

Argitalpenen salmentarako prezio publikoetan metagarriak ez diren ondoren azaltzen diren hobariak aplikatuko dira:

1.- ehuneko hamar liburuaren egunean eta antolatzen diren liburu azokatan.

2.- ehuneko hamabost liburutegi, agiritegi, museo, legez onartutako ikastetxe edo eratzeko helburua zientifikoa edo ikerketakoa duten erakunde edo zentroentzat.

3.- ehuneko hogei Gazte Txartela dutenei, baldin eta argitalpenak Argitalpen Zerbitzu Nagusiko liburu-dendan erosten badira.

6. artikulua.- Ordaintzeko epea eta modua.

1.- Ordainketak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zuzenbide publikoko dirusarreren erregistroa eta horiek kobratzea Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralaren bitartez automatikoki egiteari buruz indarrean dagoen araudiari jarraituz egingo dira.

2.- Eskaera egiteko unean, ondasunak eman aurretik edo eskatzea justifikatzen duten zerbitzuak ematen hasten direnean eskatu ahal izango da prezio publikoen guztizko zenbatekoa aurretik ordaintzeko.

3.- Administrazioak frogagiri bat emango du ordainketaren trukean. Frogagirian, ondoko xehetasun hauek agertu beharko dira:

a) Frogagiria ematen duen organoa edo erakundea zein den.

b) Zordunaren izen-abizenak edo baltzu-izena, identifikazio fiskalaren zenbakiarekin batera.

c) Helbidea.

d) Kontzeptua.

e) Prezio publikoaren zenbatekoa, aplikatutako hobariak eta, hala dagokionean, kobratzeko eguna.

f) Balio Erantsiaren gaineko Zerga.

4.- Prezio publikoen zenbateko osoa edo horren zati bat aurretik ordaintzeko eskatzen ez denean, prezioen kitapenetan emango diren ordainketaren frogagiriek jakinarazpenaren eragin berberak izango dituzte eta, horretarako, gainera, ondorengo aipamen hauek jaso beharko dituzte:

a) Erabil daitezkeen aurka egiteko bideak, zein organori aurkeztu behar zaio eta aurka egiteko epea.

b) Zorra kitatzeko tokia, epea eta modua.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean indarrean sartuko da.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko urriaren 20a.

Justizia eta Herri Administrazioko sailburua,

IDOIA MENDIA CUEVA.

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala