Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2010eko azaroaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
5460

AGINDUA, 2010eko urriaren 22koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bidez, Pasaiako ItsasMendikoin eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean itsasoari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko bekak deitzen dira.

Arrantzarekin zerikusia duten sektoreetako langileen prestakuntza-politika egokiari eustea da, besteak beste, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren helburuetariko bat. Horregatik, eta arrantza-sektorearen premia eta berezitasun sozioekonomikoei erantzuna emateko, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak beharrezkotzat jotzen du, aurreko urteetan bezala, itsas langileei, eta, oro har, merkatuaren beharretara egokitutako prestakuntza jaso nahi duten guztiei bekak emateko deialdia egitea, Europatik eskatzen denari egokitutako prestakuntza jaso dezaten eta aipatutako arrantza-sektoreak etekin handiagoa lor dezan.

Helburu hori lortzeko, hain zuzen, egin dugu beken deialdi hau, aurreko ekitaldietan hasitako politikari jarraiki. Horri dagokionez, 2009ko ekitaldian, 2009ko azaroaren 12ko Agindua argitaratu zen, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza, Arrantzako sailburuarena, Pasaiako ItsasMendikoin eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean itsasoari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko beken deialdia egitekoa.

Autonomia Estatutuaren 10.10 eta 16. artikuluak betez Euskal Autonomia Erkidegoari emandako eskumena aintzat hartuta, eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen dituen abenduaren 22ko 629/2009 Dekretuan xedatutakoaren arabera, eta Arrantza eta Akuikulturako zuzendaritzak proposatuta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Pasaiako ItsasMendikoin eta Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean itsasoari eta arrantzari buruzko ikasketak egiteko beken deialdia egitea, 2010-2011 ikasturterako.

Bigarrena.- Hona zein gastutarako erabili ahalko diren bekak:

- Ohiko bizitokitik kanpo bizitzeko ostatu-gastuetarako.

- Ikastetxera joateko gastuetarako.

- Mantenu-gastuetarako.

- Ikasteko materiala erosteko gastuetarako.

Hirugarrena.- Hautagaiek lortutako puntuazioaren arabera esleituko dira bekak, eta horretarako izendatuko den Balorazio Batzorde batek ezarriko du puntuazioa. Hona zer irizpide baliatuko diren lagun bakoitzari puntuak esleitzeko:

• Egin beharreko ikasketen maila:

- A. maila.- Arrantza kapitaina. Goi-graduko prestakuntza-zikloak: 8 puntu.

- B. maila.- Gradu ertaineko prestakuntza-zikloak: 6 puntu.

- C. maila.- Itsasbazterreko patroi balioaniztuna: 2 puntu.

• Zer distantzia dagoen ohiko bizitokitik (herritik) ikastetxera (herrira):

- 1. taldea.- 50 kilometrotik gorakoa: 16 puntu.

- 2. taldea.- 30 eta 50 kilometro artekoa: 8 puntu.

- 3. taldea.- 10 eta 30 kilometro artekoa: 4 puntu.

- 4. taldea.- 5 eta 10 kilometro artekoa: 2 puntu.

• Eskatzailearen egoera pertsonala eta familiarra:

- Bizikidearengatik (ez badu ordaindutako lanik egiten): 2 puntu.

- Seme edo alaba bakoitzarengatik 2 puntu.

- Neba edo arreba edo ahizpa bakoitzarengatik (baldin eta adingabekoak badira edo langabezian badaude eta euren familia-unitatean ezkontide bakarrak egiten badu lan ordaindua): 1 puntu.

• Eskatzaileak aurreko urtean lortutako diru-sarrera gordinak, alde batera utzita nondik datozen, edo haren familia lortutakoak, baldin eta eskatzailea ekonomikoki familiaren mende bizi bada:

- 0 eta 6.000 euro arteko diru-sarrerak: 8 puntu.

- 6.001 eta 12.000 euro arteko diru-sarrerak: 4 puntu.

- 12.001 eta 18.000 euro arteko diru-sarrerak: 2 puntu.

Laugarrena.- Balorazio Batzordeak esleituko die puntuazioa hautagaiei, aurreko puntuan azaldutako irizpideei jarraiki egiten duen balorazioaren arabera.

Hona batzorde horretako kideak:

- Batzordeburua: ItsasMendikoi Pasaiako zuzendaria.

- Idazkaria: ItsasMendikoi-Pasaiako irakasle-koordinatzailea.

- Kidea: ItsasMendikoi-Pasaiako Kalitateko arduraduna.

Gainera, Ondarroako Lanbide Heziketako Antiguako Ama Itsasketa eta Arrantza ikastetxean ikasi nahi dutenek aurkeztutako eskabideak baloratzeko, eskola horretako idazkaria Balorazio Batzordeko kidea izango da.

Bosgarrena.- Aurkeztutako eskabideak aztertu ostean, Balorazio Batzordeak eskatzen diren baldintzak betetzen dituzten lagunak hautatuko ditu, dagokien puntuazioa esleituko die, eta ebazteko proposamena igorriko dio Arrantza eta Akuikulturako zuzendariari, zeinak, ebazpen baten bidez, agindu honen bidez deitutako bekak esleituko baititu. Onartutako hautagaien zerrenda, puntuazio zehatza eta esleitutako bekaren zenbatekoa: hori guztia jasoko du aipatu ebazpenak. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ebazpena argitaratuz egingo zaie jakinarazpena interesdunei, gehienez hiru hilabeteko epean, eskaerak aurkezteko epea bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita. Epe hori igarota, eskabideak ezetsitzat jo ahalko dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako; nolanahi ere, aipatu legearen arabera, Administrazioak berariaz ebazteko obligazioa dauka legez. Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaituko, eta, horrenbestez, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko zaio Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordeari hilabeteko epean.

Seigarrena.- 1.- Gehienez ere 150.000 euro baliatuko dira 2010-2011 ikasturterako deitutako bekak finantzatzeko, horretarako Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan ezarritako aurrekontuko kredituaren arabera.

2.- Puntu honetan ezarritako zenbatekoa aldatu ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen guztizko zenbatekoa kontuan harturik, betiere Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren beste laguntza-egitarau batzuk gauzatzean agortu ez den aurrekonturik izanez gero, eta laguntzei buruzko ebazpena eman baino lehen. Hala gertatuz gero, Arrantza eta Elikagaien Industriako sailburuordearen ebazpen baten bidez emango da aditzera.

3.- Agindu honetan azaldutako baldintzak betetzen dituzten hautagai guztiek izango dute beka jasotzeko eskubidea. Beken zenbatekoa 150,25 euro eta 2.404,05 euro artekoa izango da, zuzenki proportzionala bekadun bakoitzari esleitutako puntuen arabera. Puntuaren balioa honela kalkulatuko da: bekei esleitutako balioa zati bekadun guztiek lortutako puntu guztien kopurua. Beken balioa aurreko puntuan ezarritakoari jarraiki kalkulatuko da, eta bekadun guztien puntu guztiak, berriz, agindu honen 3. puntuan ezarritako irizpideen arabera.

Zazpigarrena.- Beka-aldiak ikasturte bat iraungo du.

Zortzigarrena.- Beka eskatzeko inprimakia ikastetxeetan jasoko da eta eskatzaileak ikasten duen ikastetxeko idazkaritzan aurkeztu beharko da, honakoa agiri hauek gehituta:

a) Eskatzailearen Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Eskatzailea Euskal Autonomia Erkidegoan administrazio-herrikidetasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria.

c) Familia-unitateko kide guztien Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren aitorpenaren fotokopia. Baldin eta familia-unitateko kideren batek ez badu aipatutako aitorpena aurkezten, aurkeztera behartuta ez dagoelako, horixe egiaztatu beharko du Foru Ogasunaren ziurtagiri baten bidez, eta, era berean, egiaztatu beharko ditu, nominen edo ordainagirien bidez, lanagatik, langabezia-subsidioarengatik, pentsioarengatik edo antzeko kontzeptuengatik jasotako zenbatekoak.

d) Familia-elkarbizitzaren ziurtagiria

e) Hirugarrenen altaren inprimakia.

Bederatzigarrena.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Hamargarrena.- Honela ordainduko da onartutako laguntza: beka guztiak, alde batera zenbatekoa, bi zatitan ordainduko dira: lehenengoa, guztizko zenbatekoaren % 35, ikasturteko lehenengo hiru hilekoa amaitzean; eta bigarrena, guztizko zenbatekoaren % 65a, ikasturtea amaitzean, betiere ikasleak probetxua atera badio.

Hamaikagarrena.- Bekak deitzeko agindu honetan ezarritakoa formalki onartzeko konpromisoa ekartzen du berarekin batera beka-eskabidea aurkezteak. Bekadunak arau honetan ezarritakoa urratuz gero, onartu eta eman zitzaion zenbatekoa bueltatu beharko du, bai eta aplikatzekoak diren legezko interesak ere.

Behar bezala justifikatutako arrazoi bat dela medio, bekari uko eginez gero, bekagatik kobratutako eskubide ekonomikoen parte bat bueltatu beharko du. Garatzeke geratzen den bekaldia eta bekaren zenbatekoa kontuan hartuta kalkulatuko da zenbat diru itzuli behar duen.

Hamabigarrena.- 1.- Eskolara joan ezean, beka jasotzeko eskubidea galduko du ikasleak. Eskolara ez joatea honela neurtuko da:

- Ikaslea ez badoa eskolara, justifikatu gabe, eskolaldiaren % 15 baino gehiagotan, beka galduko du, eta jasotako kopuruak bueltatu beharko ditu.

- Ikaslea ez badoa eskolara, baina justifikatu egiten badu, aurreko atalean azaldutako ondorio berberak egongo dira, baldin eta hutsen kopurua % 30 baino handiagoa bada. Nolanahi ere, klasera bueltatzen den unean bertan aurkeztu beharko du eskolara joan ez izanaren justifikazioa.

2.- Ikasturtea errepikatzen ari diren ikasleek, hala balegokie, ohiko bekaren % 50eraino ere lortu ahalko dute, baldin eta aurreko ikasturteari probetxua ez ateratzeko arrazoia behar bezala justifikatzen badute, eskolaz kanpoko arrazoi larriengatik; arrazoi horiek kasuan kasuko baloratuko ditu agindu honen 4. puntuan ezarritako batzordeak.

Hamahirugarrena.- Ezin da aldi berean baliatu ikasteko beka hau eta helburu berarako funts publikoen kontura ematen den beste edozein laguntza, eta, horrenbestez, eskatzaileak, agindu honetan deitutako beketariko bat esleitzen badiote, laguntzaren bati uko egin beharko dio.

Hamalaugarrena.- Bekadunak beka galduko du eta jasotako zenbatekoa gehi dagozkion legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari bueltatu beharko dizkio, gehienez bi hilabeteko epean, baldin eta agindu honetan eskatutako baldintzaren bat, edozein ere, bete ez duela egiaztatzen bada; bai eta aurkeztu zuen dokumentazioan jasotako datuak okerrak edo faltsuak badira ere; eskolari probetxurik atera ez badio eta/edo ez bada klasera joan; edo beste ez betetzeren bat egin badu, bai laguntzaren xedeari dagokionez, bai eta laguntza emateko eskatutako baldintzei dagokienez ere. Holakorik gertatzekotan, ikastetxeko zuzendaritzek ziurtatu beharko dute, betiere Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta, horrenbestez, haren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ere aurkeztu dezakete, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, aipatutako aldizkari ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 22a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza,

Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

I. ERANSKINA

Eskabidea: Ikasteko Laguntza 2010-2011 Ikasturtea

Itsasmendikoi Zentroa / Ondarroako Antiguako Ama Arrantza Eskola

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala