Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

222. zk., 2010eko azaroaren 18a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5456

AGINDUA, 2010eko urriaren 26koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, kongresuak, ikastaroak, mintegiak eta zientzia-bilerak egiteko laguntzetarako deia egiten duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren iritziz, ideia eta ezagupen zientifiko eta teknologiko aurreratuenak trukatzeko eta zabaltzeko tresna egokiak dira Euskal Autonomia Erkidegoan egiten diren kongresuak eta -beste arlo batzuen artean- zientzia-bilerak, ikastaroak eta mintegiak, eta nazioarteko ekitaldietako zientzia-hedapenerako jarduerak. Horregatik uste du interes handikoa dela Euskal Autonomia Erkidegoan horrelako jarduerak egiten laguntzea eta, batez ere, horien kalitate zientifikoa eta arrakasta bultzatzea, Espainiako eta atzerriko ospe handiko ikertzaile eta irakasleen partaidetzaren bitartez.

Kontuan hartuta Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatu, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatu zituena (2009ko maiatzaren 9ko EHAA).

Kontuan hartu dira, halaber, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretua eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretua. Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorraren kontura emandako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautu zuen eta horien kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak, jardunbidea eta betebeharrak ezarri zituen (1992ko otsailaren 7ko EHAA, 26. zk.); azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, berriz, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen.

Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusien kargutan egiteko den gastu espedientearen aurreratutako tramitazioa arautzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoa oinarri hartuta,

Horren ondorioz, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen helburua da laguntzetarako deia egitea, 2011. urtean kongresuak, bilera eta ikastaro zientifikoak antolatzeko Euskal Autonomia Erkidegoan. Den-denek zientzia-kalitate kontrastatua izan behar dute I+G+b esparruan.

2. artikulua.- Laguntzen finantzazioa.

Agindu honetan araututako laguntzak finantzatzeko, guztira, 600.000 euro bideratuko dira: 350.000 euro urtearen lehen seihilekoan antolatzen diren jardueretarako eta gainerako 250.000 euroak, berriz, bigarren seihilekoetarako. Lehenengo deialdiko ebazpenean geldikinik izanez gero, bigarren deialdirako izendatutako kredituari gehituko zaio.

Laguntza horiek finantzatzera zuzendutako diru-kopurua handitu ahal izango da deialdia ebatzi baino lehenago deialdi bietan, indarrean dagoen legerian aurreikusita dauden kreditu-lotura edo aurrekontu-aldaketen bitartez. Aldatuz gero, horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko agente kreditatuak dira deialdi honen erakunde onuradunak, agenteon kategoria gorabehera, urriaren 1eko 221/2002 Dekretuaren 2. artikuluaren arabera (221/2002 Dekretua, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sarearen oinarri-arauak eguneratu zituena).

Ezin izango dira onuradun izan diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko bide penaletik edo administratibotik zigortuak edo horretarako ezgaitzen dituen legezko debekuaren eraginpean dauden erakundeak,ezta sexu-diskriminazioaren ondorioz zigortuak izan direnak, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen -Gizonen eta Emakumeen Berdintasunaren aldekoaren- azken xedapenetatik seigarrenean arabera.

4. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.- Diru-laguntzak gastu arrunt hauei (osorik edo partzialki) aurre egiteko izango dira:

a) Jarduerak antolatu eta zabaltzeko, eta, behar izanez gero, horiei buruzko argitalpenak egiteko eta jardueren saioen arteko kafe-atsedenaldien kostua ordaintzeko.

b) Hizlarien joan-etorriak, egonaldiak, mantenua eta eskersariak.

c) Ikasleak eta ikertzaile gazteak diruz laguntzeko, deialdiaren xede diren jardueretan izan daitezen.

2.- Deialditik kanpo geratzen dira gizarte-gastuak (bertaratutakoen otorduak, jarduera ludikoak, dietak eta protokolo-gastuak).

3.- Diru-laguntzak ez dira inoiz erabiliko erakunde onuradunari kontratu bidez edo estatutu bidez lotutako langile finkoen ordainsariak ordaintzeko, ez eta ikerketa-bekadunentzako dotazioak ere. Era berean, diru-laguntzak ez dira erabiliko onuradunaren beraren elementuak erabiliz egindako jarduerei egotzi dakizkiekeen gastuetarako.

4.- Deialdi honetatik kanpo geratzen da doktorego-programetan edo graduondokoetan sartzen den edozein ekintza, baita ikerketa zientifiko alorretik kanpo dagoen edozein etengabeko prestakuntza-jarduera ere.

5. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Eskabidea eta gainerako agiriak aurkezteko deialdi hauek egingo dira:

a) 2011ko lehenengo seihilekoan egiten diren jardueren eskabideak aurkezteko epea hilabeteko izango da Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.

b) 2011ko bigarren seihilekoan egiten diren jardueren eskabideak aurkezteko epea 2011ko apirilaren 15ean amaituko da.

2.- Eskabide-orriak eta agiriak bai eta ondorengo posta oro bidaltzeko helbidea:

Eusko Jaurlaritza

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erreferentzia: Kongresuak eta Ikastaroak Antolatzea.

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aipatzen diren bideen bitartez ere bidal daitezke (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

3.- Eskabideak egiteko eskatzen diren agiriak.

Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak eskabide bat bidali beharko dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari, eredu arautuaren arabera (1. datu-orria).

Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztu beharko ditu (ale bat baino ez):

a) Zientzia-bilera eta -kongresuei buruzko datu-orri normalizatuak (2.a) edo ikastaro nahiz mintegiei buruzkoak (3.a).

b) Memoria zientifikoa; bertan,jardueraren behin-behineko edo behin betiko egitasmoa, Batzorde Antolatzailearen konposaketa, eta hala izanez gero, Batzorde Zientifikoaren eta Hautaketa Batzordea azaldu behar da (4. eskaera-orria normalizatua).

c) Gastuen eta sarreren aurrekontua kontzeptuka, 5. datu-orri normalizatuaren arabera.

d) Eskatzen diren funtsei buruzko justifikazio xehatua, 6. datu-orri normalizatuan.

e) Entitate dei-egile edota antolatzailaren saileko kontseiluaren edo maila goragoko batzordearen akta: beren-beregi adierazi beharko da kongresua, zientzia-bilera, ikastaroa, mintegia edo nazioarteko ekitaldietako zientzia-hedapenerako jarduerak deitzeko eta antolatzeko erantzukizuna, konpromisoa eta onarpena.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko sektore publikokoak ez diren eskatzaileek zerga-betebeharrak ordainduta dituztela egiaztatu beharko dute, Ogasun eta Finantzako sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduan ezarritakoaren arabera (urriaren 15eko EHAA, 208. zk.), bai eta uneko urteari dagokion eguneratzea ere.

g) Zuzenbidean baliagarri den dokumentazioa, eskaria sinatu duena ikastetxearen legezko ordezkari dela ziurtatzeko. Erakunde berak eskaera bat baino gehiago egiten badu, nahikoa da behin bakarrik ziurtatzea hala dela.

4.- Deialdiaren testua eta eskabide-agiriak lortzeko interneteko helbidea: «http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.»

6. artikulua.- Laguntza kudeatzeko organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagozkio deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak.

7. artikulua.- Eskabideetan egin diren hutsak zuzentzea.

Baldin eta agindu honen 5. artikuluan eskatutako zerbait betetzen ez duen eskabideren bat edo agiriren bat aurkezten bada, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epea emango die sinatzaileei hutsak zuzen ditzaten edo arauzko agiriak aurkez ditzaten, eta ohartaraziko die, agindutakoa bete ezean, eskaera bertan behera utzi dutela esan nahiko duela. Hala agintzen da azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatua).

8. artikulua.- Ebaluazioa.

1.- Batzorde batek ebaluatuko ditu eskabideak. Batzorde hori Zientzia Politikarako zuzendariak -buru izango da- eta Unibertsitate zuzendariak osatuko dute, eta Zientzia Politikako Zuzendaritzako teknikari baten laguntza izango dute. Batzordeak laguntzak emateko edo ukatzeko proposamena egingo dio Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeari.

Batzorde horrek jardueraren kalitate zientifikoa ebaluatzeko eska diezaieke dagokion arloan eskarmentua duten zientzialariei.

2.- Irizpide hauek erabiliko dira, pisu berberaz, eskabideak ebaluatzeko:

a) Ekitaldiaren tipologia. Kongresuak 40 puntuz baloratuko dira. Gainerako bilerei, aldiz, 20 puntu emango zaizkie.

b) Txostengileen kopurua. 0,5 puntu pertsonako, eta gehienez ere 10 puntu emango dira.

c) Parte-hartzaile kopuruaren aurreikuspena. Puntu bat hamar pertsonako, eta gehienez ere 10 puntu emango dira.

d) Ekitaldiaren eragin-eremua: nazioartekoa 20 puntu, Espainiakoa 10 puntu.

e) Iturri pribatuetatik noraino finantzatzen den: bertaratzen direnen kuotak eta diru-laguntza pribatuak. Puntu bat emango da adierazitako iturrietatik datozen laguntzetako lauko portzentaje-puntuko multzoko. Gehienez ere, 20 puntu.

9. artikulua.- Laguntzak esleitzeko prozedura.

Agindu honetan aurreikusitako laguntza lehiaketa bidez ebatziko dira 5. artikuluan jasotzen diren bi deialdietan. Horretarako, deialdi bakoitzean aurkeztutako eta onartutako eskabide guztiak konparatuko dira, eta horien arteko lehentasuna ezarriko da 8. artikuluan aipatu diren irizpideak kontuan hartuta; balorazio altuena lortu dutenei baino ez zaie esleituko laguntza, agindu honen 2. artikuluan finkatzen den aurrekontu-kreditua agortu arte.

10. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa.

1.- Agindu honen babesean emango diren laguntzen zenbatekoak hauek izango dira, gehienez ere:

a) kongresuak: 18.000 euro edo 9.000 euro. Kopurua zehazteko, kontuan hartuko da Espainiakoak edo nazioartekoak diren.

b) Zientzia-bilerak, ikastaroak eta mintegiak: 9.000 euro edo 5.000 euro. Kopurua zehazteko, kontuan hartuko da Espainiakoak edo nazioartekoak diren.

2.- Emandako laguntzak muga bat izango du, gainditu ezinekoa: diruz lagundutako jardueraren aurrekontuaren herena (agindu honen 4. artikuluan zehazten dira jarduerok), xedapen honen 15. artikuluan azaltzen diren dokumentuak aurkezten direnean laguntza justifikatzeko, erakunde onuradunak berriro egiaztatu beharko du ez duela gainditzen Zientzia Politikarako Zuzendaritzak emandako diru-laguntzak egindako gastuaren herena.

3.- Ondorio hauetarako, kongresutzat joko dira zientzia-sozietateen aldizkako bilerak, non gutxienez bi saio-mota egongo diren: batetik, txostenak aurkeztekoak eta bestetik, ikertzaileek unean ikertzen ari diren lanei buruzko datuen gaineko komunikazioak aurkeztekoak. Batzorde Antolatzailea, Batzorde Zientifikoa eta Hautaketa Batzordea eduki beharko dute, bilera horien maila zientifikoa bermatzeko.

4.-Ekimena nazioartekoa, naziokoa edo erkidegokoa izango da, erakunde dei-egilearen edo/eta antolatzailearen jardute-eremuaren arabera.

5.- Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 50.4 artikuluan ezartzen denez, diru-laguntzak eta laguntzak esleitzeko eta, hala behar bada, ordaintzeko, ezinbestekoa izango da amaituta egotea itzulketa- edo zehapen-prozedura oro, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak edo horko erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzengatik hasitakoak eta artean izapidetzen ari direnak.

11. artikulua.- Bateragarritasuna.

Agindu honen babesean ematen diren laguntzak bateragarriak dira kongresu, zientzia-bilera, ikastaro edo mintegi bera egiteko ematen den beste edozein laguntzarekin, funts publikokoa nahiz pribatukoa izan. Hala ere, baldin eta helburu bererako jasotako laguntzen zenbatekoa, guztira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emandako laguntza baino handiagoa bada, gutxitu egingo da soberan emandakoa.

12. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi bietako Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak esleitu eta jakinaraziko ditu, bai eta laguntzen zenbatekoak zehaztu ere, ebazpen baten bidez eta batzorde ebaluatzaileak proposatuta. Ebazpen hori hiru hileko epean hartuko du, eskabideak aurkezteko epeak amaitu ondoren zenbatzen hasita.

2.- Ebazpenak banan-banan jakinaraziko zaizkie interesatuei, azaroaren 26ko 30/1992 Legean aurreikusten den eran. Aurreko atalean ezarritako epean ebazpenik hartzen eta jakinarazten ez bada, eskabideak ezetsitzat jo beharko dituzte eskatzaileek.

3.- Ebazpenen aurka, interesatuek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen den egunaren biharamunean zenbatzen hasita.

4.- Aurrekontu-ekitaldiaren amaieran, erakunde onuradunen zerrenda eta emandako laguntzak argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

13. artikulua.- Erakunde onuradunen betekizunak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onuradunek betekizun hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Izan ere, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko agiria jaso eta hamabost eguneko epean, entitate onuradunek, beren-beregi eta idatziz, laguntzari uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza eman den xede horretarako propio erabiltzea.

c) Uko egiteak, atzerapenak eta beste edozein motatako gorabeherak jakinaraztea, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, hala behar izanez gero, baimendu ditzan.

d) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak -deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan dituzten egitekoak gauzatuz- eskatzen dieten beste agiri eman beharko diete.

14. artikulua.- Diru-laguntzen ordainketa.

Emandako laguntzak zatika ordainduko dira, bi alditan.

Lehen zatia aurretiaz ordainduko da kontuan, eta emandako laguntzaren % 75ekoa izango da; 13.a) artikuluan adierazitako epea amaitzen denean ordainduko da, baldin eta laguntzari ukorik egin ez bazaio.

Bigarren zatia 2012. urtean ordainduko da, jarduera bukatutakoan, laguntzaren likidaziotik ateratzen den zenbatekoaz; ordaintzeko, ordea, datorren artikuluan adierazten diren agiriak aurkeztu beharko dira.

15. artikulua.- Diru-laguntzak justifikatzea eta segimendua.

1.- Diruz lagundutako ekintza gauzatu dela justifikatu beharko dute agindu honetako laguntzen erakunde onuradunek. Horretarako, ekintza bukatu eta hiru hileren buruan, agiri hauek aurkeztu beharko dituzte Zientzia Politikarako Zuzendaritzan:

a) Emandako laguntzaz egindako gastua ziurtatzea eta kontzeptuka banatzea 7. datu-orrian Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du agiria eta, gainera, zigilua izan beharko du.

b) Ekonomia-balantze xehatua (sarrerak eta gastuak), 8. datu-orri normalizatuaren arabera. Erakunde onuradunaren legezko ordezkariak sinatu beharko du agiria eta, gainera, zigilua izan beharko du.

c) Kongresua dela-eta egiten diren akten ale bi, edo bestela, agiri baliokideena. Behin-behinekoz, akten edo agiri baliokideen zirriborroak onartuko dira, argitaratzea pentsatzen denean.

2.- Erakunde onuradunean artxibatu beharko dira jatorrizko fakturak, gehienez bost urtez artxibatu ere, arestian adierazitako justifikazio-epea hasten denetik aurrera, eta Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren, Eusko Jaurlaritzaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren esku egongo dira, egiaztapenik egin nahi badute edo.

3.- Norbere ibilgailuarekin egindako joan-etorriak justifikatzen badira, kilometroko 0,29 euro ordainduko dira.

4.- Justifikatutako gastuak emandako diru-laguntza baino txikiagoak badira, diru-laguntza gutxitu egingo da justifikatu ez den kopurua kenduta, eta jasotako diru-laguntzak proportzioan itzuliko dira, dagokion prozedurari jarraituz. Prozedura hori Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak amaituko du ebazpen batez, non hasierako ebazpena aldatuko den.

5.- Egoki iritziz gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak informazio osagarria eskatu ahal izango du, eta horrez gain, emandako laguntzaren segimendua egiteko ardura emango dio zuzendaritza horri atxikitako pertsona bati edo batzuei, laguntza zertan erabili den ikusteko.

16. artikulua.- Ez-betetzeak eta laguntza itzultzea.

1.- Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren bidez, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zen (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA). Testu horren 53. artikuluan ezartzen denez, laguntza edo diru-laguntza ordain dadila eskatzerik ez da izango eta, behar izanez gero, jasotako zenbatekoak itzuli egin beharko dira eta laguntza edo diru-laguntza eman zenetik sortutako legezko interesak ordaindu, baldin eta:

a) Onuradunek, guztiz edo zati batean, bete gabe utzi badituzte deialdi honetako oinarriak, diru-laguntzei buruzko araudi orokorrekoak edo diru-laguntza emateko ebazpenean erabakitako baldintzak.

b) Diru-laguntza emateko eskatzen diren datuak ezkutatu edo aldatzen badituzte edo eskatutako informazioa iruzurrez manipulatzen badute.

c) Egintza proposatutako helburuekin edo ezarritako epeekin bat etorri gabe garatzen badute, Zientzia Politikarako Zuzendaritzaren baimenik gabe.

d) Zientzia Politikarako Zuzendaritzak, diruz lagundutako egintzen segimendua egiterakoan, gastua proposatutakoarekin eta esleitutakoarekin bat ez datorrela egiaztatzen badu.

2.- Baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan ziren baldintzak aldatzen badira edo beste administrazioren baten edo beste entitate pribatu nahiz publikoren baten laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira edo helburu bererako beste diru-iturri edo baliabide batzuk jasotzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu egin daiteke, betiere, diru-laguntzei buruzko arauan entitate onuradun izateko ezarritako gutxienezko betekizunak konplituz gero.

3.- Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluan ezarritakoarekin bat etorriz, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuordeak deklaratuko du, ebazpen baten bidez, laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela eta, hala behar denean, diru-zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuli behar direla (698/1991 Dekretua, diru-laguntzak itzultzeko prozedura orokorra arautu zuena; 1992ko otsailaren 7ko EHAA). Dena den, hori egin baino lehen, prozedurari dagozkion izapideak egin beharko dira, eta behar izanez gero, beste ekintza batzuk ere gauzatuko dira.

4.- Diru-zenbateko horiek diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

17. artikulua.- Datuak babestea.

1.- Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta Datu Pertsonalen Fitxategi Publikoei eta Datuak Babesteko Euskal Agentzia sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legean ezarritakoarekin bat etorriz, inprimakian jasotako datu pertsonalak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko datu pertsonalen fitxategi automatizatuan jasoko dira.

2.- Eskabidea sinatu duten pertsona fisikoak ez diren hirugarren pertsonen datu pertsonalak fitxategi automatizatu horretan bertan jasoko dira eta, beraz, haiek halaxe jakinarazi behar diete datuak eskaera-inprimakian adierazi aurretik.

3.- Datuen aurka egiteko, datuetan sartzeko, datuak zuzentzeko eta datuak ezerezteko eskubideak eta indarrean dagoen legeriak pertsona fisiko interesdunei aitortzen dizkien gainerakoak Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan erabili ahal izango dira (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3 artikuluan jasotzen diren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, kreditu egokiak eta nahikoak egon behar dira Euskal Autonomia Erkidegoaren 2011. urteko aurrekontu orokorretan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta beraren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari hilabeteko epean, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean kontatzen hasita; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal da zuzenean Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera bi hilabeteko epearen barruan.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteiz, 2010eko urriaren 26a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA

Eskabidearekin batera nahitaez aurkeztu behar diren agiriak:

(Ikus .PDF)

I. INPRIMAKIA

(Ikus .PDF)

II. INPRIMAKIA

KONGRESUAREN EDO ZIENTZIA-BILERAREN DATUAK

(Ikus .PDF)

III. INPRIMAKIA

IKASTAROAREN EDO MINTEGIAREN DATU OROKORRAK

(Ikus .PDF)

IV. INPRIMAKIA

ZIENTZIA-EKITALDIARI BURUZKO TXOSTENA

(Ikus .PDF)

V. INPRIMAKIA

EGIN BEHARREKO EKITALDIAREN EKONOMIA-DATUAK

(Ikus .PDF)

VI. INPRIMAKIA

ESKATUTAKO DIRU-LAGUNTZA

(Ikus .PDF)

VII. INPRIMAKIA

EGINDAKO GASTUAREN ZIURTAPENA

(Ikus .PDF)

VIII. INPRIMAKIA

EKITALDIAREN BALANTZEA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala