Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2010eko uztailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

SPRI SA
3546

IRAGARKIA, «Enpresa-transmisioa eta -ekimena merkataritza-sektorean» programari buruzkoa.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren Administrazio Kontseiluak, 2010eko ekainaren 7an egindako bileran, «Enpresa-transmisioa eta -ekimena merkataritza-sektorean» izeneko programaren araudia onartzea erabaki zuen. Hona hemen araudia, oso-osorik:

Merkataritza-sektorean belaunaldiz belaunaldiko ordezkatze-prozesua edo enpresa-ondorengotza sustatzeko neurriak bultzatu ditu Merkataritzako autonomoen lanari jarraipena emateko Programak 2009ko urte-amaiera arte.

«Enpresa-transmisioa eta -ekimena merkataritza-sektorean» programak aurrerago joan nahi du negozio-transmisioan interesatuta dauden enpresarien artean ere programa sustatuz. Euskadiko Merkataritza egokitzeko 2015eko Planean jasota dago programa, eta jarraian ematen dira haren zehaztasunak. Merkataritza-sektorean denda asko ixten dira belaundaldiz belaunaldiko erreleboa gauzatzeko arazoak daudelako, eta beraz, bideragarritasun-azterketa egin eta negozioei jarraipena emateko ekintzaile berriak behar dira. Horixe da, hain justu ere, programa honen xedeak zabaltzeko arrazoia.

Negozio horietako asko eta asko kaudimendunak direnez, horien bideragarritasuna egiaztatuta dago.

Horiek horrela, saltoki horiek irekita mantentzeak dauden lanpostuak mantentzeko aukera ematen du eta, horrekin batera, egungo merkataritza-egitura hobetzekoa.

1. artikulua.- Xedea.

Merkataritza-sektorean enpresa-transmisioa egiten laguntzea da laguntza-programa honen xedea, negozioen jarraipena bultzatzeko eta enplegua mantentzeko, euskal ekonomia-ehunean duen adierazgarritasuna izaten jarrai dezan sektoreak.

Azken finean, merkataritza-sektorea uzten duten enpresarien interesak eta sektorean sartzen direnenak -ondorengoak zein ekintzaile berriak- bateratzea da helburu, edozein dela ere enpresa uzteko arrazoia.

2. artikulua.- Laguntzen izaera.

Ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

3. artikulua.- Erakunde onuradunak.

2010eko ekitaldian negozioaren transmisio-prozesua hasita edo hasteko asmoa duten ETEak -merkataritza-sektoreko enpresa txiki eta ertainak- ahal izango dira programa honen onuradun, baldin eta negozioa zabalik badute. ETEaren definizioa emateko, Europako Batzordearen 2008ko abuztuaren 6ko 800/2008 Araudiaren I. eranskinean ezarritakoa hartuko da kontuan (2008ko abuztuaren 9ko Europar Batasunaren Aldizkari Ofiziala).

Hauek dira enpresa onuradunen betebeharrak:

a) Helbide sozial eta fiskala eta gutxienez saltoki bat Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

b) Laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzea, diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 13. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Onuradunek zein hari elkartutako negozioek zerga-alorreko eta Gizarte Segurantzako betebeharretan egoera erregularizatuta edukitzea, bai eta SPRI taldeko edozein sozietaterekin dituen betebeharretan ere.

1.- Agindu honetako laguntzen onuradun izango dira halaber, martxan dagoen negozio baten jarraipena beraiengan hartzen duten ekintzaileak edo lokal huts baten merkataritza-jarduera berri bati ekiten diotenak.

2.- Baldintza horiek laguntza-eskabidea eta likidazioa aurkezteko unean bete beharko dira.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.- Transmisio-proiektuaren ondorengo faseetako kostuak hartuko dira diruz laguntzeko moduko jardueratzat:

1.1.- Enpresa transmititzaileentzako laguntzak.

a) Negozioaren dossierra egitekoa: aurkezpena, negozioaren bideragarritasuna, eta behar izanez gero negozio-fondoaren balorazioa.

b) Enpresa-bitartekaritzan laguntzea: zuzenbide-, zerga- eta lan-tutoretza.

c) Ondorengotza-protokoloa, 6 langile baino gutxiagoko merkataritza-sektoreko enpresetan, belaunaldiz belaunaldiko errelebo-kasuetan.

d) «Know how»-a transmititzea.

e) Ekintzaileekin komunikatzea.

1.2.- Enpresa hartzaile edo ekintzaileentzako laguntzak.

a) Ekin behar dion jardueraren bideragarritasun-plana egitea.

b) Bitartekaritzan eta negozioa martxan jartzen laguntzea.

c) Transmititzeko modukoak diren negozioak aurkitzea.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak martxan jartzen dituen gainerako laguntza-programekin bateragarriak izango dira laguntza hauek.

5. artikulua.- Diruz laguntzeko moduko gastuak.

4. artikuluan jasotzen diren diruz laguntzeko moduko ekintzetako aholkularitza-, laguntza- edo lanbide-tutoretzatik eratorritako ordainsariak, BEZik gabe, diruz laguntzeko moduko gastutzat hartuko dira, baldin eta eskaria aurkezteko unean gauzatzen badira.

6. artikulua.- Laguntzen zenbatekoak.

Laguntzen zenbatekoa honela zehaztuko da:

1.- Enpresa transmititzailea.

a) Negozioaren dossiera egiteagatik: gehienez 1.500 euro.

b) Merkataritza-fondoaren agiria egiteagatik: gehienez 1.500 euro.

c) Enpresa-bitartekaritzan laguntzeagatik: gehienez 2.000 euro.

d) Belaunaldi-erreleboa dagoen kasuetan ondorengotza-protokoloa egiteagatik. Hori a) eta c) puntuekin bateragarria izango da: gehienez 2.000 euro.

e) Gehienez ere bi hilabetez, Know How edo negozioaren informazio estrategikoa transmititzea, baldin eta enpresa-transmisiorik egon bada: gehienez 5.000 euro.

2.- Enpresa hartzailea edo ekintzailea.

a) Negozioaren bideragarritasun-planagatik: gehienez 1.500 euro.

b) Negozioa martxan jartzen laguntzeko zuzenbide-, zerga-, lan- eta merkataritza-zerbitzuagatik: gehienez 2.500 euro.

7. artikulua.- Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea laguntza-programa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hasi eta 2010eko abenduaren 15ean amaituko da, edo laguntzari zuzendutako aurrekontuetako fondoak agortzen direnean.

2.- Bitartekarien bitartez eta SPRI SAk horretarako prestatu duen aplikazio informatikoaren bidez aurkeztuko da laguntza-eskabidea.

3.- 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera hasitako lanentzako diru-laguntzak jasotzeko eskabideak soilik onartuko dira.

8. artikulua.- Bitartekariak.

Laguntza-eskabideak kudeatu eta laguntzak jasotzea merkatari eskatzaileek aukeratutako bitartekarien bitartez egingo da, eta horien laguntza izango dute enpresa-transmisio edo -ekimenaren prozesu osoan.

Programa honi honako bitartekari hauek atxikiko zaizkio:

- EAEko Merkataritza Ganberak.

- EAEko garapen-agentziak.

- Lurralde mailako merkataritzako enpresa-erakundeak.

- Programa honetako diru-laguntza helburu duten aholku- eta tutoretza-prozesuak burutzeko ahalmen- eta kaudimen-baldintzak betetzen dituzten pertsona fisiko zein juridikoak, baldin eta artikulu honetan zehazten den atxikimendu-protokoloan ezarritako konpromisoak hartzen badituzte.

Programa honi atxikitzea nahi duten bitartekariek SPRI SAren aplikazio informatikoan sartu beharko dira, atxikimendu-protokoloa bete, inprimitu eta sinatu eta ondoko helbidera bidali behar bezala beteta:

Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SA (Enpresa Sustapenerako Saila) Bizkaia plaza eraikina, Urkixo zumarkalea 36, 4. solairua, 48011, Bilbao.

Atxikimendu-protokoloarekin batera, informazio hau bidali beharko da:

1.- Sinatzailearen NAN edo AIZaren fotokopia.

2.- Ahalorde nahikoa dutela egiaztatzeko fotokopia baimendua, pertsona juridikoen kasuan.

3.- Identifikazio Fiskaleko Txartelaren (IFZ) fotokopia.

4.- Azken hiru urteetan enpresa-kudeaketan emandako aholkularitza-zerbitzuak, aholkatutako enpresak zeintzuk izan diren adierazita.

Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAk eskatzaileei jakinaraziko die atxikimendu-eskariak onartu dituen ala ez, eta, hala badagokio, atxikitako bitartekariei beharrezko dokumentazioa eta programa sustatzeko materiala emango dizkie.

Atxikimendu-protokoloa sinatuta programari atxiki zaizkion bitartekariek konpromiso hauek izango dituzte:

1.- Ageriko leku batean ekimenaren logotipoa eta emandako publizitate-euskarriak erakustea eta ekimenari buruzko informazioa ematea. Era berean, beren publizitatean programaren logotipoak eraman ahal izango dituzte, horretarako emango baitzaizkie.

2.- Programaren helburu diren egitekoak burutzea, 6. artikuluan jasota daudenak.

3.- Onuradunen laguntza-eskabideak behar bezala betetzea.

4.- Laguntza eskatzeko eskabidearekin batera, 9. artikuluan zehaztutako dokumentazioa aurkeztea eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAra bidaltzea.

5.- Diruz lagundu daitekeen ekintza garatzeko orduan onuradunari tutoretza ematea.

6.- Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAri edo Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailari behar beste agiri eta informazio helaraztea, baldin eta hala eskatzen badiete, laguntzak ondo erabiltzen direla egiaztatzeko.

SPRIk, edo Eusko Jaurlaritzako Industria eta Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak ikusten badute hartutako konpromisoren bat ez dela betetzen, bitartekariaren atxikimendua indargabetu ahal izango dute, eta araua hausten duenak ezin izango du inolako erreklamaziorik egin.

9. artikulua.- Laguntza-eskabideen izapideak egitea.

Laguntza-eskabideak bitartekarien bitartez aurkeztuko dira, zeinek SPRI SAra bidaliko baitituzte internet bidez, www.spri.es helbidean prestatuko den gunetik. Bitartekariak eta enpresa edo ekintzaile onuradunak baliozkotu egingo ditu laguntza-eskaeran enpresak emandako harremanetarako pertsonaren helbidera SPRIk e-mail bidez bidaliko dituen komunikazio guztiak.

1.- Laguntza-eskabidea.

Eskaria egiteko, laguntza-eskatzaileak ondoko informazioa aurkeztu beharko dio bitartekariari:

a) Enpresa transmititzailea:

- Legezko ordezkariaren IFZ, NAN edo AIZaren fotokopia.

- Ahalordetzearen kopia baimendua.

- Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren azken ordainagiriaren fotokopia edo, hala badagokio, zerga horretan alta emanda dagoela dioen agiriaren fotokopia, Euskal Autonomia Erkidegoan diharduela dioena.

- Zerga-alorreko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeko ziurtagiria.

- Azken 3 urteetan jasotako laguntzen inguruko erantzukizunpeko aitorpena.

- Beste erakunde batetik kontzeptu berbererako inolako laguntzarik jaso ez izanaren erantzukizunpeko aitorpena.

- Aukeratutako bitartekariaren identifikazio-datuak.

- Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla dioen adierazpena.

- Bitartekariak egindako fakturaren eta faktura ordaindu izanaren bankuko agiriaren kopia.

- Kontu korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria.

b) Enpresa hartzailea edo ekintzailea:

- Aukeratutako bitartekariaren identifikazio-datuak.

- Legezko ordezkariaren IFZ, NAN edo AIZaren fotokopia.

- Ahalordetzearen kopia baimendua.

- Azken 3 urteetan jasotako laguntzen inguruko erantzukizunpeko aitorpena.

- Beste erakunde batetik kontzeptu berbererako inolako laguntzarik jaso ez izanaren erantzukizunpeko aitorpena.

- Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintza guztiak betetzen direla dioen adierazpena.

- Bitartekariak egindako fakturaren eta faktura ordaindu izanaren bankuko agiriaren kopia.

- Kontu korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria.

2.- Ebazpena, jakinarazpena eta ordainketa.

- Aurkeztutako eskariak banan-banan aztertu eta ebaluatuko dira. Ebazpena modu ordenatuan egingo da, espedientea osatzen den unearen arabera.

- SPRI SAko Administrazio Kontseiluak Programarako eratuko duen Batzorde Betearazleak aztertu eta ebaluatuko ditu eskabideak, eta laguntzak ematea ebatziko.

- Eskabidea aurkezten den egunetik aurrera bi hilabeteko epean jakinaraziko zaie ebazpena interesatuei, posta elektronikoz.

- Ebazpenarekin batera egingo da diru-laguntzaren ordainketa, gehienez ere hilabeteko epean ebazpena ematen den egunetik aurrera.

10. artikulua.- Laguntza emateko baldintzak aldatzea.

- Diru-laguntza emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, eta, edozein kasutan ere, beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatutatik, laguntza edo diru-laguntza gehiago lortzen bada, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da.

- Laguntzen onuradunak aldaketa horien berri izan bezain laster SPRI SAri jakinarazi beharko dio.

11. artikulua.- Ez-betetzeak.

Ekimena bultzatzeko erakunde arduraduna den aldetik, SPRI SAk Programa behar bezala aplikatzen dela egiaztatzeko egoki ikusten dituen egiaztapen, ikuskapen eta gainerako kontrol-neurriak burutzeko eskubidea beretzat hartzen du.

Egiaztapen lanetan ikusiko balitz diru-laguntzaren onuradunak ez duela programa honetan ezarritako baldintzetakoren bat bete, kobratu dituen diru-kopuruak itzul ditzala eskatuko dio SPRI SAk eta, beharrezkoa izanez gero, itzulketa hori egiteko behar diren legezko jarduerak martxan jarriko ditu. Itzulketa hori gehienez ere hilabeteko epearen barruan egin beharko da, SPRIk hartarako egiten duen errekerimenduaren egunetik hara.

12. artikulua.- Zuzenketak.

SPRIk atzematen badu ezen, eskabideak edo aurkeztutako dokumentazioak huts, akats edo zehaztasun eza duela, jakinarazi egingo dio eskatzaileari edo bitartekariari, eta 10 eguneko epea emango zuzenketak egiteko, ohartaraziz zuzenketarik egin ezean eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Aipatu epea igaro eta zuzenketarik egin ez bada, SPRI Sak, ebazpen bidez, atzera egin dela deklaratuko du.

13. artikulua.- Laguntzen metaketa eta mugak.

Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzia txikikoak edo «de minimis» laguntzak izango dira, 1998/2006 Erregelamenduari (EE) jarraiki.

1998/2006 Erregelamenduan xedatutakoaren arabera, «de minimis» laguntza dela-eta enpresa onuradun batek guztira jaso dezakeen zenbatekoa ezin da izan 200.000 eurotik gorakoa (edo 100.000 eurotik gorakoa, errepideko garraioaren sektorean diharduten enpresen kasuan), aurreko hiru ekitaldi fiskaletan jasotako laguntzak zenbatuta. Hori dela-eta, erregimen honetan ezarritako laguntzarik ez da emango baldin eskatutako laguntza, onuradunak aurreko hiru ekitaldi fiskaletan lortu dituen beste «de minimis» laguntza batzuei gehituta, eta edozein dela ere laguntza eman duen administrazioa, muga horretatik gorakoa bada.

Gainera, programa honetan zehaztutako laguntzak ezin izango dira estatu-mailako beste inolako laguntzarekin batera pilatu, baldin estatu-mailako laguntza horiek programa honetan diru-laguntza jaso dezaketen gastu berberak estaltzen badituzte, eta baldin pilaketa horren bidez gainditu egiten badira kategorien arabera salbuesteko erregelamenduren batean edo Europako Batzordeak hartutako erabakiren batean beste laguntzarentzat aurreikusitako inguruabar jakinetarako ezarri diren laguntzak.

Enpresa onuradunak eskatutako laguntza baten zenbatekoak aurreko bi lerrokadetan ezarritako gehieneko mugaren bat gainditzen badu, ez da inolako laguntzarik emango erregimen hau aplikatuz edo, hala egokituz gero, muga hori gainditu gabe uzteko behar den zenbatekoa besterik ez da emango.

1998/2006 Erregelamenduan zehaztutako metaketa-mugak ez direla gainditzen egiaztatzeko, laguntza eman aurretik, laguntza-eskabidearekin batera aurreko bi ekitaldi fiskaletan eta unekoan jasotako beste edozein «de minimis» laguntzaren edukiaren gaineko erantzukizunpeko aitorpena aurkeztu beharko dio onuradunak idatziz SPRI SAri.

Erregimen honetan zehaztutako laguntzarik ez da emango harik eta frogatu arte eman beharreko laguntzen zenbatekoak ez duela gainditzen enpresak uneko ekitaldi fiskalean eta aurreko bietan jasotako «de minimis» laguntzentzat estatu kide horretan baimendutako gehieneko zenbatekoa.

14. artikulua.- Egiaztatzea.

Erakunde onuradunak eta bitartekariak behartuta daude SPRI SAri, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikorako Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari onetsitako proiektuen garapen eta burutzapenari eta laguntzen norakoari buruzko informazioa ematera, fiskalizazio lanak direla-eta hala eskatzen badiote.

15. artikulua.- Aldaketak.

Onuradunak konpromisoa hartzen du proiektuaren baldintzak aldatuz gero edo emandako laguntzari uko eginez gero, SPRIri jakinarazteko, hori gertatzen den unean bertan.

AZKEN XEDAPENAK

1.- Laguntza-programa hau indarrean egongo da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera 2010eko abenduaren 15era arte, betiere aurrekontu-kreditu nahikoa baldin badago. Aurrekontu-kreditua amaitzen denean, horren berri emango da interneteko www.spri.es helbidean, eta une horretatik aurrera ez da beste eskabiderik onartuko. Behin aurrekontu-kreditua bukatuta, ezin izango da beste diru-laguntzarik eman eta, hori dela-eta, aurkeztuta baina ebazteke dauden eskabideak ezetsi egingo dira berariaz.

2.- Emandako laguntzek zabalkunde egokia izango dutela bermatze aldera, enpresa onuradunen zerrenda Sustapen eta Eraldaketarako Sozietatea SAri (SPRI, SA) hala eskatzen dioten interesdunen eskura egongo da.

SPRIk isilpekoa ez den informazioa baino ez du erakutsiko onuradunen eta proiektuen zerrendan. Era berean, onuradunak proiektuen emaitzak zabaltzen laguntzeko konpromisoa hartuko du.

3.- Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden puntuetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean xedatutakoa beteko da.

4.- SPRI SAk diseinatu eta kudeatu dituen laguntzen eta diru-laguntzen espedienteei buruzko informazioa kudeatzeko, SPRI SAren ardurapeko «Laguntzak» fitxategian sartuko dira eskatzaileak ematen dituen datu pertsonalak (SPRI SA, Urkixo zumarkalea 36, 4.a, Bizkaia Plaza Eraikina, 49011 Bilbao). Beharrezkoa izanez gero, informazio hori eman ahal izango zaie SPRI taldeko beste enpresa batzuei, Eusko Jaurlaritzari eta laguntza-programa hau kudeatu eta aurkeztutako eskabideen jarraipena egingo duten entitate laguntzaileei. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta horien aurka egiteko eskubideaz baliatu nahi izanez gero, bidali idatzi bat lopd@spri.es helbidera.

Bilbao, 2010eko ekainaren 7a.

Zuzendari nagusia,

TOMÁS ORBEA CELAYA.


Azterketa dokumentala