Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2010eko uztailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

SPRI SA
3545

IRAGARKIA, «Business Angels» programari buruzkoa.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren Administrazio Kontseiluak, 2010eko ekainaren 7an egindako bileran, «Business Angels» programaren araudia onartzea erabaki zuen. Hona hemen araudia, oso-osorik:

Gure ekoizpen-sareko enpresa txiki eta ertainek finantzaketa-beharrak dituzte eta, bereziki, hazkunde-ahalmen handiko proiektu berritzaileak dituzten enpresek; gainera, zailtasunak izan ohi dituzte ohiko finantza-merkatuaren bitartez finantzaketa lortzeko; are gehiago, gaur egungo egoera ekonomikoan. Horregatik guztiagatik, beharrezkotzat jo dugu «Business Angels» inbertitzaile-sareak bultzatzea; izan ere, horrelakoak oso hedatuta daude AEBn, Ingalaterran, Alemanian eta Frantzian, besteak beste.

Proiektuen lehen garapen-faseetara bideratutako inbertsio mota horrek onura nabarmenak dakarzkio negozioari; finantzaketa eskaintzen dute, arriskua euren gain hartu, eta gainera, enpresa-eskarmentua ahalbidetzen dute, ezagutza, bai eta lehenago ere ekintzaile emankor izan diren antolakundeko kideen arteko harremana bultzatu ere; halaber, nekez neur daitezkeen bestelako balio positiboak bultzatzen dituzte, inbertsioaren errentagarritasunarekin lotuta ez daudenak, eta xede berberen atzetik proiektua gauzatu nahi duten eta eskarmentu eta ezaugarri desberdinak dituzten pertsonen arteko eraginetik sortzen direnak.

Hazkundea bultzatu eta enplegua sortzeko, Lisboan agenda berritu zutenetik, finantzaketa eskuratzeko aukera gehiago emateak lehentasuna du, Europan negozio berriak sortu eta garatzeko hiriburu gehiago egotea bultzatu nahi baita. Horren bidetik, Europako Batzordeak berak bultzada garbia ematen dihardu, 1998an abian jarri zen Business Angels Sareen Programa Pilotutik hasita, egungo Lehiakortasun eta Berrikuntzarako Esparru Programara (2007-2013); haren bitartez eskualde-garapenerako aukera berriak eskainiko ditu, Egitura Funtsen bitartez, besteak beste «Mikroenpresa eta Enpresa Ertainetarako Europako Baliabide Bateratuak» izenekoen bidez (JEREMIE, ingelesezko sigletan). Batzordearen eta Inbertsioetarako Europako Funtsaren ekimen bateratua dira funts horiek, zenbait eskualdetan ETE-en arrisku-kapitaleko defizitari aurre egiteko sortuak, eta ETEak eta Business Angels-ak finantzatzeko aukera berriak eskaintzen dituzte.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren bitartez (aurrerantzean SPRI SA), inbertsio pribatuak berrikuntza- edo hazkunde-proiektuetara hobeto bideratu ahal izateko mekanismoak sortzeko beharraz jabeturik, Business Angels-en sareek gauzatutako jarduera eta zerbitzuen garapena bultzatzeko asmoa du; horretarako, programa berri bat jarriko du abian, Euskal Autonomia Erkidegoan lan egiten duten edo egin lezaketen irabazi asmodun edo irabazi asmorik gabeko entitate publiko zein pribatuei -berezko nortasun juridikoa dutenei- diru-laguntzak emateko, baldin eta haien xede soziala Business Angels-en sare baten jarduera espezifikoak egitea bada.

1. artikulua.- Xedea.

Laguntza-programa honen xedea Euskal Autonomia Erkidegoan Business Angels-en sareak sortu eta garatzen laguntzea da, euskal ETE-ei eman beharreko zerbitzuak profesionalagoak izan daitezen.

Business Angels-en saretzat hartuko dira helburu hauxe duten inbertitzaile pribatu zein publikoen multzoak: enpresa-proiektu berrietan partaidetza hartzea, hots, inbertitzaile eta ekintzaileen topagune izatea, inbertsio-proiektuak ebaluatu ahal izateko eta aldi berean, esperientziak partekatzeko.

2. artikulua.- Laguntzen izaera.

Programa honen barruan ematen diren laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

3. artikulua.- Onuradunak.

Laguntzen onuradun izan ahal izango dira berezko nortasun juridikodun entitateak, publikoak zein pribatuak, irabazi asmodunak zein asmorik gabeak, Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza dutenak, baldin eta haien xede soziala Business Angels-en sare baten jarduera espezifikoak gauzatzea bada, eta ezaugarri hauek badituzte:

- Ikusgarriak, irisgarriak eta behar bezain aktiboak izatea, inbertitzaile berriak erakartzeko.

- ETE-en proiektu berritzaileak zorrotz eta modu profesionalean ebaluatzen laguntzea.

- Hazkunde-ahalmen handia duten eta errentagarritasun altua izan dezaketen proiektuetan inbertitu dadin bultzatzea.

- Enpresa-sorkuntzan eta berrikuntzan lan egiten duten bestelako sare eta eragileekin lankidetzan aritzeko gai izatea.

- Zuzenean edo zeharka behar bezalako profesional-egitura izatea, eta emaitzak modu erregularrean ebaluatzea.

Onuradunek laguntza publikoak jasotzeko baldintzak bete beharko dituzte, legearekin bat etorriz, eta, era berean, haien egoerak legeztatuta egon beharko du, bai zerga-betebeharren aldetik, bai Gizarte Segurantzarekin, eta egunean egon beharko dute SPRIren edozein sozietaterekin dituzten betekizunetan ere.

Aurreko paragrafoetan ezarritako baldintzak bete egin beharko dira laguntza-eskabidea aurkezterako orduan, bai eta likidazio-eskabidea aurkezterakoan ere.

4. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

Sare berriak sortzea diruz laguntzeko moduko jardueratzat hartuko da, bai eta Business Angels-en sareek eginiko era askotako jarduerak ere; informaziokoak, hedapenezkoak, bitartekaritzakoak, proiektuak analizatzekoak eta enpresa-proiektu berritzaileetarako finantza-baliabideak eskuratzen laguntzeko beharrezko diren jarduera guztiak. Hala, hauek hartuko dira diruz laguntzeko moduko gastutzat:

- Business Angels-en sare berria eratzeko gastuak.

- Proiektuarekin lotutako teknikarien langile-gastuak.

- Aholkularitza eta kanpo-kontsultoretzako gastuak.

- Jardunaldi, foro eta topaketak antolatzeko gastuak.

- Business Angels-a hedatu, iragarri eta sustatzeko gastuak.

- Proiektuen bideragarritasun eta errentagarritasuna ikertzetik sortutako gastuak.

2010eko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 30a bitartean (biak barne) sortu diren eta diruz laguntzeko modukoak diren gastuak onartuko dira.

5. artikulua.- Laguntzen zenbatekoa.

Laguntza, gehienez, diruz laguntzeko moduko gastuen % 50ekoa izango da; gehienez 10.000 euro jaso ahal izango dira sareak eratzeko eta 40.000 euro -erakunde onuradun bakoitzeko- diru-laguntza jaso dezaketen jardueren barruan sartzen diren gainerako guztiak garatzeko.

Ebaluazioan, klausula hauetako 8. artikuluan ezarritako irizpideen arabera esleituko dira puntuazioak, eta horren emaitzak kontuan hartuta diru-laguntza honela finkatuko da:

- 100 puntutik 70 puntura 40.000 euro.

- 69 puntutik 60 puntura 30.000 euro.

- 59 puntutik 50 puntura 15.000 euro.

6. artikulua.- Laguntzen indarraldia eta eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea laguntza-programa hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2010eko azaroaren 30ean amaituko da, edo programa honi esleitu zaion 250.000 euroko aurrekontua agortutakoan.

Aurrekontu-kreditua amaitzen denean, horren berri emango da Interneteko www.spri.es helbidean, eta une horretatik aurrera ez da beste eskabiderik onartuko.

7. artikulua.- Laguntzak eskatzeko prozedura.

Programa honetako 3. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten erakunde guztiek agiri hauek aurkeztu beharko dituzte SPRI SAn, ezarritako epean:

1.- Eskabide-orria, behar bezala beteta (I. eranskina).

2.- Garatu nahi den diruz laguntzeko moduko jardueraren plana, argibide hauek emanda: gauzatu beharreko edukiak, datak, epeak, aurrekontuak eta abar.

3.- Sozietatearen eratze-eskrituraren kopia, eta aldaketak egin bazaizkio, haien kopia.

4.- Eskabidea sinatu duen pertsonak ahalorde nahikoa duela egiaztatzeko fotokopia baimendua.

5.- Identifikazio Fiskaleko Txartelaren (IFZ) fotokopia.

6.- Sinatzailearen NANaren fotokopia.

7.- Zerga-alorreko betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeko ziurtagiria.

8.- Aurreko 2 zerga-ekitaldietan eta unean uneko zerga-ekitaldian jasotako laguntzen zinpeko aitorpena.

9.- Beste erakundeetatik kontzeptu berbererako inolako laguntzarik jaso ez izanaren zinpeko aitorpena.

10.- Diru-laguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan ezarritako baldintza guztiak betetzearen adierazpena.

11.- Kontu korrontearen titulartasuna egiaztatzen duen agiria.

Erakunde onuradunak SPRIra bidaliko ditu agiriok, adierazitako epe eta moduan, helbide honetara:

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SA

Urkixo zumarkalea, 36, 4. solairua - Bizkaia Plaza eraikina

48011 Bilbao

Eskabideak behar bezala beteta bidaltzen ez badira, edo aurreko puntuetan adierazitako dokumentazioa eransten ez bada, SPRI SAk posta elektronikoz eskatuko dio eskatzaileari akatsa zuzentzeko edo eskatutako agiriak eransteko, 10 eguneko epean; eta ohartaraziko dio, hala egiten ez badu, eskaeran atzera egin duela ulertuko dela.

Aipatu epea igaro eta zuzenketak egin gabe badaude, SPRI SAk ebazpena emango du, eta uko egin dela deklaratu.

8. artikulua.- Proiektuak ebaluatzeko irizpideak.

Laguntzak ematean, dokumentazio osoaren sarrera-ordenaren arabera izapidetu eta ebatziko dira espedienteak, irizpide hauek aintzat hartuta:

- Sentsibilizazio-jardunaldiak eta abar (5 puntu gehienez).

- Sareak duen egituraren egokitasuna (inbertitzaileak, langile teknikoak eta abar) (25 puntu gehienez).

- Jardueraren aurreikuspena (jasotako proiektuak, analizatutakoak eta abar) (20 puntu gehienez).

- Itxiera-aurreikuspena (itxitako eragiketak, kapitaleko inbertsio-bolumena, inbertsioen eta enplegu-sorreraren aurreikuspena, eta abar) (25 puntu gehienez).

- Business Angels-en beste sareekiko koordinazioa (10 puntu gehienez).

- Aurkezpenaren aurreko urtean garatutako jarduera-maila (15 puntu gehienez).

Eragile berrien kasuan, balioetsi beharreko azken puntua ez zaie ezarriko, eta gainerakoei puntuazio hauek emango zaizkie gehienez: 15, 25, 20, 30 eta 10 puntu, hurrenez hurren.

9. artikulua.- Eskabideen analisia.- Ebazpena.

SPRI SAk aurkeztutako eskabideak aztertuko ditu eta dokumentazio osoarekin iristen diren ordenan ebatziko ditu, 250.000 euroko aurrekontu-kreditua agortu arte.

SPRI SAko zuzendari nagusia edo hark izendatutako pertsona izango da laguntza eman ala ez ebazteko organo eskuduna. Agiri guztiak SPRI SAn entregatzen diren egunetik hasita 2 hilabeteko epea egongo da gehienez ebazpena emateko, eta posta elektronikoz bidaliko zaio eskatzaileari.

10. artikulua.- Eskabideak likidatzea.- Ordainketak.

Baiezko ebazpenak honela ordainduko dira:

1.- Diruz laguntzeko moduko jarduera gisa, Business Angels-en sare berri bat eratzea baino aurkezten ez bada, baiezko ebazpena ematean hilabete 1eko epean ordainduko da gehienez likidazioa.

2.- Jarduera-garapena aurkeztu duten eskabideen kasuan, ordaintzeko epea 2 hilabetekoa izango da gehienez, dokumentazio osoa ematen denetik hasita, eta horretarako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

- Likidatzeko eskabidea (II. eranskina).

- Egindako lanen deskripzio-memoria.

- Fakturen eta ordainketa-egiaztagirien kopia.

- Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete direla egiaztatzeko ziurtagiria.

Ziurtagiriak aurkezteko epea 2011ko urtarrilaren 31 izango da. Ziurtagiriak emateko epeak betetzen ez badira, automatikoki ezeztutako da emandako diru-laguntza.

11. artikulua.- Laguntzen metaketa eta mugak.

Programa hau aplikatuz emango diren laguntzak garrantzia txikikoak edo «de minimis» laguntzak izango dira, Europako Batzordearen 1998/2006 Erregelamenduari (EE) eta Europako Erkidegoko aldi baterako markoari jarraiki.

Aipatu berri dugun araudiaren arabera, «de minimis» laguntzen bidez enpresa onuradun batek guztira jaso dezakeen zenbatekoa ezin da izan 500.000 eurotik gorakoa, 2008, 2009 eta 2010eko ekitaldi fiskaletan jasotakoak kontabilizatuta. Hori dela-eta, programa honetan ezarritako laguntzarik ez da emango baldin eta emandako laguntza, onuradunak aurreko hiru ekitaldi fiskaletan lortu dituen beste «de minimis» laguntza batzuei gehituta, eta edozein dela ere laguntza eman duen administrazioa, muga horretatik gorakoa bada.

Programa honetan jasotako laguntzak eskuratzen dituzten entitateek beste laguntza bateragarri batzuk eskuratu ahal izango dituzte euren jardueretarako, edo Europako beste finantzabide batzuk, betiere metaketa horren bidez gehienezko laguntza-mugak gainditzen ez badira.

Proiektu bati emandako laguntzen eta diru-laguntzen zenbatekoa, banaka hartuta nahiz beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek emandako diru-laguntza edo laguntzekin batera, edota xede berbererako erabilitako beste edozein diru-sarrera edo baliabiderekin batera hartuta, ezin da izan onuradunak gauzatu beharreko jardueraren kostua baino handiagoa edo laguntzaren xedearen kostua baino handiagoa.

Muga hori, edo programa honek zehazten dituen beste batzuk, gaindituz gero, soberako kantitatea murriztu egingo da programa honen arabera emandako zenbatekotik.

12. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

Onuradunek betebehar hauek dituzte:

1.- 4. artikuluan deskribatutako jarduerak gauzatzea.

2.- Jardueretan SPRI SAk emandako laguntzaren berri ematea.

3.- Programa honen barruan izapidetzen diren proiektuen inguruan SPRI SAk eskatzen duen dokumentazio edo informazio guztia ematea. Dokumentazioa SPRI SAk eskatutako forma eta moduan aurkezten ez bada, laguntza ukatuko da, eta zenbait kasutan, erakunde onuradunak dirua itzuli beharko du.

4.- Onuraduna behartuta dago Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAk, Eusko Jaurlaritzako Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen helburua fiskalizatzerakoan eskatzen dioten informazioa ematera.

13. artikulua.- Ikuskapena eta ez-betetzeak.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAk, ekimen hau abiarazteko ardura izanik, eskubidea izango du, Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailarekin lankidetzan, egoki iritzitako egiaztapenak, ikuskapenak eta bestelako kontrol-neurriak gauzatzeko, betiere baliabide publikoak behar bezala erabiltzen direla eta laguntza-programa hau behar bezala garatzen eta aplikatzen dela egiaztatzeko.

Egiaztapen horietan ikusten bada diru-laguntzaren onuradunak ez duela bete programa honetan ezarritako baldintzaren bat, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAk eskatuko dio jasotako diru-zenbatekoa itzultzeko, dagozkion legezko interesak gehituta; behar izanez gero, abian jarriko dira diru hori berreskuratzeko beharrezko legezko jarduerak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Eskatutako datu pertsonalak SPRI SAren ardurapean dagoen laguntzen fitxategira sartuko dira, helbide honetan: Urkixo zumarkalea 36-4., Plaza Bizkaia Eraikina, 49011 Bilbao. Hala, SPRI SAn diseinatu eta kudeatutako laguntza eta diru-laguntzen espedienteei buruzko informazioa kudeatu ahal izango da. Informazio hori, beharrezkoa bada, SPRI Taldeko beste enpresa batzuei eman ahal izango zaie, gai horretan eskumena duen Herri Administrazioari, eta erakunde kolaboratzaileei, laguntza-programa hau kudeatu eta aurkeztutako eskabideen jarraipena egin ahal izateko. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, baliogabetzeko eta horien aurka egiteko eskubidea baliatu nahi baduzu, idatzi helbide honetara: lopd@spri.es.

Bigarrena.- Emandako diru-laguntzak behar bezala jakinarazi direla bermatzeko, SPRIri eskatzen dioten interesdunen eskura egongo da diru-laguntza jaso duten onuradunen zerrenda.

SPRIk onuradunak zeintzuk izan diren adierazteko jarriko duen zerrendan konfidentzialak ez diren alderdiak besterik ez dira agertuko.

Hirugarrena.- Oinarri hauetan aurreikusita ez dauden puntuetan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta Diru-laguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege orokorrean xedatutakoa beteko da.

Bilbao, 2010eko ekainaren 7a.

Zuzendari nagusia,

TOMAS ORBEA CELAYA.

BUSINESS ANGEL - 2010

I. ERANSKINA

DE BUSINESS ANGELS PROGRAMA - LAGUNTZA ESKABIDEA

ERANTSI BEHARREKO AGIRIAK

(Ikus .PDF)

BUSINES S ANGEL - 2010

II. ERANSKINA

BUSINESS ANGELS PROGRAMA - LIKIDATZEKO ESKABIDEA

ERANTSI BEHARREKO DOKUMENTAZIOA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala