Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

140. zk., 2010eko uztailaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

SPRI SA
3543

IRAGARKIA, euskal enpresen lehiakortasuna hobetzeko «Compite-Iniciativas» programa aldatzeari buruzkoa.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren (SPRI) Administrazio Kontseiluak, 2010eko ekainaren 7an egindako bileran, hauxe erabaki zuen: Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen lehiakortasuna hobetzeko Compite Iniciativas programaren araudiko II. Kapituluaren 3., 5., 7., 15., 18., 19. eta 24. artikuluak aldatzea. 2010eko martxoaren 16ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu zen erabaki hori, eta adostutako aldaketen ondoren, aldatutako artikuluak honela idatzita gelditu ziren:

3. artikulua.- Terminoak eta definizioak.

Programa honetan, honela ulertuko dira jarraian aipatzen direnak:

1.- SPRI SA. Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SAren akronimoa; Eusko Jaurlaritzaren mendekoa da.

2.- Enpresa. Jarduera ekonomikoa gauzatzen duen pertsona fisiko edo juridikoa.

3.- Enpresa txiki eta ertainak (ETEak).

- 250 pertsona baino gutxiagori lana ematen dioten enpresak, baldin eta haien urteko negozio-bolumena, gehienez ere, 50 milioi eurokoa bada, edo urteko balantze orokorra, gehienez ere, 43 milioi eurokoa bada.

- Efektiboak, finantza-zenbatekoak eta erreferentziazko denboraldia kalkulatzean edozein zalantza argitzeko, Europako Batzordearen 800/2008 Erregelamenduaren (EE) I. eranskinean xedatutakoa hartuko da aintzat.

4.- Enpresa handiak. Aurreko erregelamenduaren I. eranskinean ezarritako irizpideak betetzen ez dituzten enpresak.

5.- Enpresa bultzatzailea. Beste enpresa batzuen hornitzaile edo kolaboratzaile izateagatik, haien jokabidean eragin handia duten enpresak, handiak zein ETEak.

6.- Lehiakortasunerako Bitarteko Eragileak. Eskualde edo herrietako garapeneko agentziak eta sektoreetako, enpresetako eta lurraldeetako ekonomia bultzatzeko eta enpresak dinamizatzeko bestelako erakundeak, baldintza hauek betetzen badituzte:

- Egoitza soziala Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, eta jarduera ere bertan garatzea.

- Guztiontzako onuragarri diren xede eta jarduerak izatea, oro har ekonomia bultzatzea eta/edo geografia-eremu edo sektore bereko enpresen lehiakortasuna hobetzea.

- Irabazi asmorik gabeko erakundea izatea, edo bestela, haren kapitalaren gehiengoa publikoa izatea.

7.- Krisialdian dagoen enpresa. ETE batek hurrengo hiru baldintzetako bat betetzen badu, krisian dagoela ulertuko da:

- Erantzukizun mugatudun bazkideak dituzten sozietateak. Harpidetutako kapitalaren erdia baino gehiago desagertu bada eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada, azken hamabi hilabeteetan.

- Erantzukizun mugagabedun bazkideak dituzten sozietateak. Berezko funtsen erdia baino gehiago desagertu bada eta kapital horren laurdena baino gehiago galdu bada, azken hamabi hilabeteetan.

- Enpresa forma guztietarako. Porrot edo kaudimen-gabeziako prozedurari heltzeko baldintzak betetzen ditu.

Hiru urte baino gutxiagoko ETEak ez dira krisialdian diren enpresatzat hartuko, aurreko «c» hizkian ezarritakoa betetzen dutenean salbu.

8.- Langile-gastuak. Horren barruan sartzen dira soldata gordina, zergak kontuan hartu gabe, eta legez beharrezkoak diren kotizazioak.

9.- Laguntza gardena. Aldez aurretik diru-laguntza gordin baliokidea (DLGB) zehazki kalkulatzeko aukera ematen duena, arriskuaren ebaluazioa egiteko beharrik gabe.

10.- Laguntzaren intentsitatea. Laguntzaren zenbatekoa, diruz laguntzeko moduko gastuen ehunekoan adierazia.

5. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Honako hauek izan ahalko dira programa honetan bilduriko laguntzen onuradun:

a) Lankidetzan diharduten ETEak.

b) Bitarteko Eragileak, gutxienez bi ETErekin lankidetzan badihardute.

c) Enpresa bultzatzaileak, gutxienez bi ETErekin lankidetzan badihardute.

d) Enpresa txiki eta ertainak (ETEak).

e) Gutxienez 5 pertsonari lana ematen dioten mikroenpresak, baldin eta tamaina bereko edo handiagoko enpresekin lankidetzan proiektuak garatzen badituzte.

f) Gutxienez 3 pertsonari lana ematen dioten merkataritza-mikroenpresak, baldin eta merkatariza-sektoreko enpresekin lankidetzan proiektuak garatzen badituzte.

g) Gutxienez 3 pertsonari lana ematen dioten turismo-sektoreko mikroenpresak, baldin eta turismo-sektoreko enpresekin lankidetzan proiektuak garatzen badituzte.

2.- Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskumen diren ekonomia-sektore guztietako jardueretara hedatzen dira laguntzak.

3.- Erakunde onuradunek ondoko baldintzak bete behar dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan ekonomia-jarduerarako zentroa edukitzea.

4.- Laguntzen onuradun izateko baldintzak laguntza likidatzeko eskabidea aurkeztu arte bete beharko dira.

7. artikulua.- Diruz laguntzeko moduko gastuak.

1.- Hauek dira diruz laguntzeko moduko gastuak:

a) Kanpo aholkularitzako gastuak eta lehiakortasuna hobetzeko, berritzeko, dibertsifikatzeko edo merkatu berriak bilatzeko proiektu espezifikoak definitu eta garatzeko laguntza teknikoaren gastuak.

Kostu horietan sartu ahal izango da saiakuntza teknikoak egitea, kudeaketa eta ingurumeneko erreferentzialak ezarri eta lehenbizikoz egiaztatzea, eta bestelako kudeaketa-eredu bikainak eta sektoreetako erreferentzialak ezartzea; hornitzailearen homologazioak egitea, teknologia, produktu edo merkatu jakin bateko garapen-maila gorenari buruzko irizpenak eskatzea, edo herrialde lehiakideetako enpresen planteamendu estrategikoei buruzko irizpenak eskatzea.

Kanpoko aholkularitza egiten duen erakundeak ezingo du zuzeneko ez zeharkako loturarik eduki -ez akziorik, ez eta partaidetzarik ere- erakunde onuradunekin edo laguntzen eskatzaileekin.

b) Enpresa onuradunetako langileen dedikazioko barne gastuak, hala nola ikertzaileenak, teknikarienak eta lankidetzako proiektuetan laguntzaile gisa diharduten bestelako barne langileenak, lankidetzako proiektuetan zein banakakoetan, baldin eta laguntza jasoko duten pertsonen jarduerak pertsona horiek enpresan izan ohi duten lanaren osagarri badira, eta elkarrekin garatu beharreko jarduerekin lotura zuzena badute.

Lankidetzan eginiko proiektuetarako, kanpo aholkularitza edo laguntza tekniko espezializaturako zenbatekoaren 3/7 bideratuko da, gehienez, kontzeptu horretara. Banakako proiektuen kasuan, laguntza hori kanpo aholkularitza edo laguntza tekniko espezializatuaren kontzeptu beraren % 30 bitartekoa izan ahal izango da gehienez.

c) Lehiakortasuna hobetzeko eta industria-dibertsifikaziorako lankidetza-proiektuetan diharduten Bitarteko Eragileen langileentzako dedikazio eta laguntzarako barneko gastuak. Kontzeptu horretarako, gehienez, proiektuan diruz laguntzeko modukoak diren gainerako gastu guztien % 10 baliatu ahal izango da.

d) Zuzenean proiektutik sortutako bidaia-gastuak.

e) software, dokumentazio eta bestelakoetarako gastuak, betiere zuzenean proiektutik sortuak badira.

2.- Aurreko puntuan aipatutako gastuak ezingo dira izan kasu bakoitzari dagokion enpresa-alorrean arrazoizkotzat jotzen direnak baino handiagoak.

3.- Diruz laguntzeko moduko gastuen kontzeptutik at geldituko dira hurrengoak:

a) BEZa eta gainerako zeharkako zergak.

b) Aldizkako aldaketa normalak; hots, planetan, antolaketan, produktuetan, ekoizpen-linea eta -prozesuetan eta lehendik dauden zerbitzuetan egin ohi direnak, hala nola ohikoak diren beste operazio batzuk.

c) Egitura egonkorrak sortu eta abian jartzea.

d) Eusko Jaurlaritzako beste programa batzuen laguntza jaso duten bestelako jarduera, kontzeptu eta gastuak, diruz laguntzeko modukoak.

15. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Honakoek jaso ahal izango dituzte kapitulu honetan azaltzen diren laguntzak:

1.1.- Eskualde edo herrietako garapenerako agentziak eta ekonomia sustatzeko eta enpresak dinamizatzeko bestelako erakundeak.

1.2.- Halaber, kapitulu honetan azaltzen diren laguntzak jaso ahal izango dituzte hauek ere:

- Probintzia-mailako merkataritza-enpresen erakundeak, lankidetzako proiektuak abian jartzeko behar beste elkarte biltzen badituzte.

- 2000 merkataritza-establezimendutik gora dituzten herrietan dauden hiri-merkataritzako plataformak, lankidetza-proiektu garrantzitsuak abian jarri ahal izateko masa kritiko nahikoa bermatu ahal izateko.

- Merkataritza-ganberak.

2.- Erakunde eskatzaileei diru-laguntzak emateko, haiek aurkeztutako jardueren memoria hartuko da kontuan; hots, araudi honetako 20. artikuluaren 3. puntuak aipatzen duen memoria. Memoria horrek alderdi hauek jaso beharko ditu besteak beste:

a) Aurreikusitako jardueren programa «Compite-Iniciativas» programara egokitzen dela egiaztatzea.

b) Proposatutako jarduerek enpresa-sektorearen lehiakortasuna hobetzean edo lanerako geografia-eremuan zer nolako eragina izango duten aztertzea, eta «Compite-Iniciativas» programako proiektu berriak garatzean izango dutena.

c) «Compite-Iniciativas» programan egin beharreko jarduerak zehaztea; zein helburu kuantitatibo eta kualitatibo izango duten, zein lan-taldek parte hartuko duen eta «Compite-Iniciativas» programara zenbat denbora dedikatuko duten. Garatu beharreko jarduera bakoitzaren aurrekontu sailkatua ere jaso beharko da.

d) Ohitura onak zabaltzeko, esperientziak trukatzeko eta metodologia partekatuak garatzeko, SPRIk programa honen barruan martxan jarriko dituen ekintzetan parte hartzeko konpromiso argia, eta SPRIk agintzen duenean, jarduerak beste agente batzuekin koordinatzekoa.

3.- Bitarteko Eragileek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak beteta edukitzea, eta SPRI SA taldeko edozein enpresarekiko betebehar oro beteta edukitzea.

b) Diru-laguntza publikoak lortzeko edo Euskal Autonomia Erkidegoarekin kontratuak egiteko debekurik edo gaitasun-gabetzerik ez izatea.

c) Laguntzak berreskuratzeko agindu baten menpe ez egotea, Europako Batzordeak aurretiaz erabaki badu laguntza bat legez kanpokoa eta merkatu bateratuarekin bateraezina dela.

4.- Laguntzen onuradun izateko baldintzak laguntza likidatzeko eskabidea aurkeztu arte bete beharko dira.

18. artikulua.- Laguntzen forma eta zenbatekoa.

1.- Itzuli beharrik gabeko diru-laguntzak izango dira.

2.- Laguntza hauek gardentzat hartuko dira eta % 100eko intentsitatera iritsiko dira, muga hauen barruan:

2.1.- 15. artikuluko 1.1 paragrafoan aipatutako erakundeen kasuan, eskatzaile eta urte bakoitzeko 200.000 euro gehienez.

2.2.- 15. artikuluko 1.2 paragrafoan aipatutako erakundeen kasuan, eskatzaile eta urte bakoitzeko 75.000 euro gehienez. Diruz laguntzeko moduko gehieneko horretatik, % 40 bideratuko da gehienez diagnosia, hausnarketa eta hedapenaren inguruko jardueretara, eta % 60 merkataritzan lehiakortasuna sortzeko prozesuak ezarri eta ebaluatzera.

3.- Aurreko puntuan adierazitakoaz gain, herri edo eskualdeetako ekonomia-sustapenerako agentzia edo departamentuek, behargintzek edo antzeko erakundeek, baldin eta 16. artikuluko 1.e eta 2.d puntuetan aipatzen diren jarduerak gauzatzeko programak abian jartzeko proposamenak badituzte, aholkularitza-gastuetarako laguntza jaso ahal izango dute, eta laguntza hori 5.000 eurokoa izango da gehienez lankidetza-proiektu bakoitzeko, eta 2.700 eurokoa, berriz, banakako proiektu bakoitzeko.

4.- SPRI SAk 2010erako dituen aurrekontuetan 3.000.000 euro bideratu ahal izango da urtean gehienez horretarako, artikulu honen 2.1 paragrafoan aipatzen diren gastuetarako, 750.000 euro berriz 2.2 paragrafoan aipatzen diren gastuetarako, eta 700.000 euro, berriz, 3. paragrafoan aipatzen direnetarako.

19. artikulua.- Laguntza-eskabideak aurkezteko epea.

Erakunde eskatzaileek 30 eguneko epea dute laguntza-eskabideak aurkezteko, programaren araudia onartzeko iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.

15. artikuluko 1.2 paragrafoan aipatutako erakunde onuradunek 30 eguneko epea dute laguntza-eskabideak aurkezteko, programaren araudia aldatzeko iragarkia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik hasita.

24. artikulua.- Laguntza- edo likidazio-eskaeren onarpena eta zuzenketa.

1.- Laguntza-eskabidea puntu guztietan behar bezala beteta ez badago, edo kapitulu honetan eskatutako dokumentazio osoa aurkezten ez bada, 10 egun balioduneko epean akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak helarazteko eskatuko zaio enpresaren legezko ordezkariari, eta bestalde, ohartaraziko zaio hala egin ezean eskaera egiteari uko egingo diola, SPRI SAko Enpresa Eraldaketarako Departamentuak horixe adierazteko ebazpena eman ondoren, eta horixe jakinaraziko zaiola erakunde eskatzaileari.

2.- Proiektuek laguntza-deialdiaren ekitaldi naturalean hasi beharko dute eta laguntza-eskabidean jasota dagoen proiektuen hasiera-datatik hasita hamabi hilabeteko epean amaitu beharko dute beranduenez.

Bilbao, 2010eko ekainaren 7a.

Zuzendari nagusia,

TOMAS ORBEA CELAYA.


Azterketa dokumentala