Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2009ko maiatzaren 26a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
Osasun Saila
2997

AGINDUA, 2009ko apirilaren 29koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena eta Osasun sailburuarena, unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei 2009-2010 ikasturtean zehar egin beharreko Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak garatzeko deia egiten diena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren eta Osasun sailburuaren 1996ko martxoaren 26ko 2092/1996 Aginduaren bitartez, osasuna sustatu eta arlo horretan hezteko lankidetza-esparru bat ezarri zen bi sail horien artean. Agindu horretan zehaztutako interes komuneko eremuak honako hauek izan ziren: a) Osasuna sustatzea, horretarako elikadura eta nutrizioaren, ariketa fisikoaren, istripuzko lesioen prebentzioaren eta aho-hortzen osasunaren arloetan bizimodu eta aztura osasungarriak hartu eta barneratzea bultzatuz; b) Afektibitateari eta sexuari buruzko hezkuntza eta pertsonarteko harremanen heziketa, gai jakin batzuk batez ere nerabeei zuzenduta; hiesa, sexu-transmisiozko gaixotasunak eta nahigabeko haurdunaldiak, esaterako; c) Alkohola, tabakoa eta bestelako substantzien gehiegizko kontsumoa.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuaren eta Osasun sailburuaren 2000ko irailaren 22ko 5288/2000 Aginduaren bitartez 1996ko martxoaren 26ko 2092/1996 Agindua aldatu egin zen, Drogamendetasuen Idazkaritzaren bitartez Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari sarrera emateko, helburu horrekin sortutako lankidetza akordioan eta Batzorde mistoan.

Aipatutako agindu horrek esparru egokia sortu zuen bien artean lanean aritzeko prozesurako; izan ere, aspaldian ziharduten Sail biak elkarrekin lanean, eskoletako bizimodu osasuntsuaren eta aztura osasungarrien sustapenari dagokionez.

Ildo horretatik, 1998. urtean, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Osasun Sailak unibertsitateaz kanpoko ikastetxeei dei egin zieten Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak garatzeko, eta deialdi horiek urtero egiten jarraitu da.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoaren menpeko ikastetxe publikoek ezin dute parte hartu dirulaguntzen sisteman, ez eta sistema horren araudipean egon ere, nolabaiteko autonomia izan arren, nortasun juridikorik ez baitute eta Administrazioan bertan sartuta baitaude. Horrenbestez, beharrezkoa da diru-izendapenak bereiztea laguntzak jaso ahal izateko. Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen 57. eta 54.2 artikuluetan esaten denez, ikastetxe publikoek osagarrizko diru-horniketak eskuratu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura hezkuntza-proiektua eta ikastetxearen urteko plana garatu ahal izateko. Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 48.2 artikuluan, bestalde, ezartzen da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioko erakundeetakoak ez diren pertsonei edo erakunde publiko edo pribatuei aurrekontu orokorren kontura doan emandako fondo publikoak dirulaguntzak izango direla.

Aurreko guztia kontuan izanik eta, gorago aipatu bezala, bi Sailen arteko lankidetza zabaldu eta sakontzeko xedez, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariaren eta Osasun Publikoko zuzendariaren proposamenez, hau

XEDATU DUGU:

I. KAPITULUA

DEIALDIAREN XEDEA ETA BALDINTZAK

1. artikulua.- Agindu honen helburua da Unibertsitateaz kanpoko hezkuntzako edozein maila eta mota irakasten duten ikastetxeei, Agindu honetan ezartzen diren helburua, ezaugarriak eta baldintzak betetzen dituztelarik, Osasun sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak aurkezteko deialdia egitea.

2. artikulua.- 1.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpeko Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publikoei diru-horniketak ematea, 2009-2010 ikasturtean ezarri beharreko Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak garatzeko.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko hezkuntzako edozein maila eta mota irakasteko baimena duten itunpeko ikastetxe pribatuei dirulaguntzak ematea, 2009-2010 ikasturtean ezarri beharreko Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak garatzeko.

3. artikulua.- Ikasgelako edo zentroaren antolamenduko hezkuntza-praktikan aldaketa edo ekarpen berri bat eragiten duen edozein lan proposamen ulertzen da Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektutzat.

4. artikulua.- Deialdi honetarako diru-horniketak edo dirulaguntzak eskuratu ahal izango dituzte Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak ikasgelako programazioan txertatzen eta praktikan jartzen dituzten hezkuntza zentroek. Era berean arlo, jakintzagai edo modulu baten curriculumaren barruan sartzen dituztenek, unibertsitateaz kanpoko zikloetan, sailetan eta etapetan.

5. artikulua.- Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektuak, bai lege-esparruan eta araudian, bai Euskal Autonomia Erkidegoan etapa guztietarako dauden curriculum-proposamenetan aurreikusten diren derrigortasun-mailara eta malgutasunera egokituko dira.

6. artikulua.- 1.- Ikastetxeko zuzendaritza-taldearen ardura izango da Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektua aurkeztea.

2.- Dena den, ikastetxeak Osasun Sailaren Osasunerako Heziketa Unitateez, Hezkuntza Sailaren eskualdeko laguntza-zerbitzuez (Berritzeguneak) eta kanpoko aholkularien laguntzaz balia daitezke hala proiektua lantzeko orduan nola aplikatzerakoan.

7. artikulua.- 1.- Azterlanen burutzari dagokio proiektua abian jartzea eta proiektu horren jarduerak koordinatzea, berak zuzenki edo eginkizun hori irakasle baten esku utzi. Horrela eginez gero, koordinatzaileak proiektuaren jardueraren berri emango dio aldiro-aldiro ikasketa buruari, eta proiektuari lotutako gaiak aztertuko diren zuzendaritza-taldearen bileretara joatea izango du.

2.- Ikastetxe publikoetan onartutako proiektuak garatzeko ez dute inolako ordutegi-murrizketarik izango bertan parte hartzen duten irakasleek.

3.- Dena dela, ikastetxeak, antolakuntzako bere autonomiaren barruan, proiektuaren arduradunaren ordutegia bertan burutzen duen lanari egokitzeko moldatu ahal izango du, eskola-orduei dagokienez zein hauen banaketari dagokienez, ikastetxearen ordu-aukerak kontuan hartuz eta beti ikasturteko hasierako zirkularren arauak betetzen dituelarik.

8. artikulua.- 1.- Aurkeztutako proiektuak 2009-2010 ikasturterako onartuko dira.

2.- Onartutako proiektuak ikastetxearen 2009-2010 ikasturteko planean sartu beharko dira.

9. artikulua.- Deialdi honetan parte hartzen duten ikastetxeek proiektu bakarra aurkeztu ahal izango dute.

II. KAPITULUA

ESKABIDEAK ETA AURKEZTEKO EPEA

10. artikulua.- Ikastetxeko zuzendariari, ikastetxe publikoen kasuan, eta legezko ordezkariari, ikastetxe pribatuen kasuan, dagokio espedientea irekitzea; horretarako dokumentazio hau izango da beharrezkoa:

- Ikastetxeko zuzendariak edo legezko ordezkariak zigilatu eta izenpeturiko eskaera, Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariari eta Osasun Publikoko zuzendariari zuzendua (I. eranskina).

- 2009-2010 ikasturtean garatuko den Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako proiektuaren deskribapena; oinarrizko informazioa agertuko da bertan, gai honen gaineko jarraibideetan azaltzen den eran (II. eranskina).

- Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako proiektuaren laburpen-fitxa (III. eranskina).

- Klaustroaren akta; bertan, klaustroak Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektua ezagutzen duela eta ikastetxearen barne-antolamenduan proiektu horrek izan ditzakeen ondorioak bere gain hartzen dituela jasoko da (IV. eranskina).

- Ordezkaritza Organo Gorenaren akta; bertan, eskariaren oniritzia jasoko da, baita baieztapen hauek ere: aurkezturiko proiektua ezagutu eta onartzen duela, proiektua gauzatzeko behar diren neurriak hartuko dituela eta, onartzen bada, urteko planean jasoko duela (V. eranskina).

- Ikastetxeko zuzendariaren edo ordezkari legalaren zinpeko aitorpena, xede bereko beste deialdi batean ez parte hartzea eta sexu-arrazoiengatiko diskriminazioagatik administratiboki edo penalki ez zigortua izana, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50.5. artikuluan dagoenarekin bat etorriz, Emakume eta Gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Seigarren Xedapen Gehigarriaren arabera (VI. eranskina).

- Itunpeko ikastetxeek zerga-betebeharrak eguneratuta dituztela egiaztatzen duen agiria aurkeztuko dute, Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 1997ko martxoaren 21eko Aginduan ezarritakoaren arabera (apirilaren 21eko EHAA). Titularra pertsona juridikoren bat izanez gero, dirulaguntza eskatzeko behar adinako aginpidea baduela egiaztatu beharko du eskabidea egin duenak.

11. artikulua.- 1.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

2.- Agirien jatorrizkoa eta bi kopia aurkeztuko dira, Osasun Sailaren Osasun Publikoko Zuzendaritzan edo Hezkuntza Sailaren Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusten den edozein egoitzatan. Eskabideak posta-bulego batean aurkeztea erabakiz gero, kartazala irekita utziko da postako funtzionarioak ziurtatu aurretik eskariari zigilua jar diezaion.

12. artikulua.- 14. artikuluan aipatuko den Azpibatzorde Teknikoak proiektuekin batera aurkeztutako agiriak begiratuko ditu eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo 10 egunetan; ondoren, aurkitutako akatsak dagokion ikastetxeari jakinaraziko dizkio, 10 eguneko epean konpon ditzan.

III. KAPITULUA

HAUTAKETA ETA EBAZTEKO JARDUNBIDEA

13. artikulua.- Agindu honetako I. kapituluan ezartzen diren baldintzen arabera eta III. kapituluko 15.3 artikuluan ezartzen diren lehentasunen eta irizpideen arabera baloratuko dira proiektuak hautaketa egin aurretik. Horretarako sortuko den Ebaluazio Batzordea arduratuko da proiektuak baloratzeaz. Ebaluazio Batzordeko kideak ondoko hauek izango dira:

- Osasun Publikoko zuzendaria.

- Hezkuntza Berriztatzeko zuzendaria.

- Osasun Sustapenerako Unitateko arduraduna.

- Pedagogi-Berriztapeneko zerbitzuburua.

14. artikulua.- Ebaluazio Batzordeko lehendakariak Azpibatzorde Tekniko bat izendatuko du. Azpibatzorde hori ondokoek osatuko dute:

- Osasun Sustapenerako Unitateko arduraduna.

- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako programen ebaluakuntzaren teknikari bat.

- Osasun Heziketarako Unitateetako teknikari bat.

- Pedagogi-Berriztapeneko zerbitzuko teknikari bat.

15. artikulua.- 1.- 14. artikuluan aipatzen den Azpibatzorde Teknikoak aurkeztu diren proiektuen berri emango du eta bere txostena Ebaluazio Batzordeari aurkeztuko dio, bertan alderdi hauek jasoz:

- Proiektuen zerrenda, puntuazioaren arabera, artikulu honetako 3. puntuan ezarritako irizpideak kontuan hartuta.

- Proiektu bakoitza onartzeko sartu beharrekotzat jotzen dituen aldaketak.

2.- Agindu honetako 13. artikuluan aurreikusten den Ebaluazio Batzordeak proiektuak baloratuko ditu Azpibatzorde Teknikoak egindako txostenak oinarritzat hartuta, eta proiektu bakoitzari eman beharreko dirulaguntza edo diru-horniketa erabakiko du; ondoren, Osasun sailburuordeari aurkeztuko dio ebazpen-proposamena.

3.- Proiektuak baloratzeko eta dirulaguntzen edo diru-horniketen zenbatekoa zehazteko irizpide hauek hartuko dira aintzat:

a) Ezarritako lehentasunei proiektuak zenbateraino egokitzen zaizkien (gehienez 5 puntu).

- Aurkezturiko proiektua justifikatzen duen ikastetxearen osasun premien eta lehentasunen diagnostikoa.

- Gizarte-egoera txarrean dagoen biztanleriari erantzuten dion ikastetxea.

- Lehentasunezko gaiak: elikadura osasuntsua; ariketa fisikoaren sustapena; ingurune baikorra.

- Proiektua garatuko den Hezkuntza Ziklo, Etapa eta Maila bakoitzeko taldeen kopurua.

- Ikastetxeko komunitatea eta ingurunea (gurasoak, osasun eskualdeko profesionalak edota beste kolektibo batzuetako profesionalak) osatzen duten estamentu ezberdinen artean bizimodu osasungarriak sustatzen dituen ikastetxea izatea.

b) Proiektuen deskribapenaren zehaztasuna (gehienez 2 puntu).

- Arrazoiak eta helburuak.

- Jarduerak.

- Denbora-antolaketa.

- Baliabideak.

- Ebaluaketa.

c) Ikasleen eta ikastetxeko eta inguruneko gainerako estamentuen artean bizimodu osasungarriak sustatzeari dagokionez ikastetxeak izan duen ibilbidea (gehienez 1 puntu).

- Aldez aurretik bizitza osasungarriko azturen sustapenera zuzendutako programak garatu dituen ikastetxea izatea.

d) Ikasleekin egingo den hezkuntzako praktikarako ekarpen berria (gehienez 2 puntu).

- Inplikatutako arloak.

- Metodología.

- Dibertsitatearen trataera.

- Aurreikusitako emaitzak.

4.- Proiektu bakoitzak jaso beharreko laguntzaren kalifikaziorako, proportziozko banaketa sistema erabiliko da, deialdiaren diru-horniketa balorazio fasean jasotako puntuazioaren proportzioari jarraituz banatu da, artikulu honen aurreko puntuan aipatzen diren irizpideak aplikatuz, ezarritako gehienezko laguntza errespetatuz, edo, txikiagoa balitz, eskatutako kopurua.

16. artikulua.- Deialdia behin betiko ebatzi aurretik, Osasun Publikoko zuzendariak, Ebaluazio Batzordeko lehendakaria denez, beharrezko irizten dituen aldaketak proposatu ahal izango ditu aurkeztutako proiektuetarako. Sartutako aldaketak onartu eta bete egin beharko dira dirulaguntza edo diru-horniketa jasotzekotan.

17. artikulua.- Osasun sailburuordeari dagokio Ebaluazio Batzordearen proposamenari jarraituz deialdia ebaztea, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta hurrengo bost hilabeteetan.

Behin betiko ebazpena EHAAn argitaratuko da aipaturiko epearen barruan, emandako dirulaguntza edo diru-horniketa zehaztuko duelarik. Ebazpen horren aurka errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Osasun sailburuari, argitaratu eta biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Ezarritako epean berariazko ebazpenik ematen ez bada, errekurtsoa ezetsi egin dela ulertu behar da.

IV. KAPITULUA

DIRULAGUNTZA EDO DIRU-HORNIKETA EMATEA ETA HAUTATUEN BETEBEHARRAK

18. artikulua.- 1.- Deialdi honen helbururako guztira ehun eta hogeita hamahiru mila, zortziehun eta laurogeita hemeretzi (133.899,00) euro bideratuko dira. Kopuru horretatik 2009 urterako laurogeita bederatzi mila, berrehun eta hirurogeita sei (89.266,00) euro esleituko dira eta 2010 urterako berrogeita lau mila, seiehun eta hogeita hamahiru (44.633,00) euro. Dirulaguntza edo diru-horniketa horiek izango dira materiala, aholkularitza, ikastaroak eta joan-etorriak edo jarduera hauetarik eratorritako beste gastu batzuk ordaintzeko. Laguntza bakoitzaren zenbatekoa dirulaguntza eman dakiokeen zenbatekoaren ehuneko ehunera iritsi ahal izango da.

2.- Dirulaguntza edo diru-horniketa horiek bateraezinak izango dira xede bereko beste deialdi batzuen bidez lor daitezkeen dirulaguntza edo diru-horniketekin.

19. artikulua.- Dirulaguntza edo diru-horniketa bi alditan ordainduko da. Lehenengo aldian, gehienez, kopuru osoaren bi herena ordainduko da eta deialdiaren ebazpena EHAAn argitaratu ondoren egingo da. Bigarren aldian gainerako herena ordainduko da, dagokion memoria horretarako ezarritako epean aurkeztu ondoren.

20. artikulua.- 1.- Dirulaguntza edo diru-horniketa jaso duten ikastetxeek 2010eko ekainaren 15a baino lehen aurkeztu beharko dituzte memoria hiru aletan Osasun Publikoko Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), VII. eranskinaren ereduaren ildotik.

2.- Egindako gastuen jatorrizko ordainagiri, faktura edo bestelako egiaztagiri guztiak sartu beharko dira memorian, gastuak legez onartutakoak eta emandako dirulaguntzaren edo diru-horniketaren kontuan ezartzekoak baldin badira. Diru-horniketa horien onuradunak ikastetxe publikoak direnean, jatorrizko agirien ordez ordezkaritza-organo gorenaren egiaztagiria aurkeztu ahal izango dute, jasotako diru-horniketei emandako erabilerari buruzkoa. Jatorrizko egiaztagiri horiek ikastetxeen esku geratuko dira, ekonomia-kontrolaren aginpidea duten organoen eskura.

3.- Era berean, proiektuan parte hartu dutenen zerrenda sartu beharko da memorian, VIII. eranskinaren ereduaren ildotik.

21. artikulua.- 1.- Itunpeko ikastetxeen kasuan jasotako dirulaguntza eta horri ezar dakizkiokeen legezko interesak itzuli egin beharko dira, honako gorabehera hauetakoren bat izanez gero:

a) III. kapituluan aipaturiko Azpibatzorde Teknikoak esaten badu, 23. artikuluan zehazten den dokumentazioaren bidez, proiektuaren gutxieneko helburuak ez direla betetzen.

b) Agindu honetan xedatutako edozer ez betetzea.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako dirulaguntzen onuradunei dagozkien eginbeharretakoren bat ez betetzea.

2.- Abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan (1992ko otsailaren 17ko EHAA) araututakoaren arabera egingo da itzulketa.

3.- Agindu honetan arautzen diren dirulaguntzen ikastetxe onuradunek honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako dirulaguntza onartzea. Zentzu honetan, onuradunek dirulaguntza ematearen jakinarazpena eta onarpen eranskina jaso eta hamabost eguneko epean, berau behar bezala beterik Osasun Publikoko Zuzendaritzara bidaliko ez balute, emandako dirulaguntzari uko egiten zaiola ulertuko da.

b) Dirulaguntza ematea eragin duen xedean erabiltzea.

c) Deialdi honen kontura emandako dirulaguntzei buruzko informazioa ematea, Herri Kontuen Euskal Epaitegiak edo Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, beren eginkizunak betez, eskatuz gero.

22. artikulua.- Ikastetxe publikoen kasuan, jasotako diru-horniketaren itzulketa dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren ardura izango da. Etorkizunean Lurralde Ordezkaritzak egin beharreko ordainketetatik kenduko da itzulketari dagokion kopurua, honako gorabeheraren bat gertatzen denean:

a) III. kapituluan aipaturiko Azpibatzorde Teknikoak esaten badu, 23. artikuluan zehazten den dokumentazioaren bidez, proiektuaren gutxieneko helburuak ez direla betetzen.

b) Agindu honetan xedatutako edozer ez betetzea.

V. KAPITULUA

EBALUAZIOA ETA ZIURTAGIRIAK

23. artikulua.- 1.- Ikasturtea amaitutakoan, ikastetxeek bidalitako memoriak ikusita, Azpibatzorde Teknikoak balorazio-txosten bat egingo du dirulaguntza edo diru-horniketa jaso duten ikastetxeetako Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektu bakoitzari buruz.

2.- Era berean, Azpibatzorde Teknikoak ondoko dokumentazioa bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari:

- Ikastetxeen zerrenda, Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektua eta helburuen betetze-maila adieraziz, bereziki aurreikusitako helburuen gutxienekoa ere bete ez bada.

- Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektu bakoitzean parte hartu dutenen zerrenda (VIII. eranskina).

24. artikulua.- 1.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eta Osasun Publikoko Zuzendaritzak ofizioz egiaztatuko diete irakasleei Osasun Sustapen eta Heziketaren Berriztapenerako Proiektu horietan parte hartu izana, baldin eta Azpibatzorde Teknikoak aldeko txostena ematen badu. Horretarako 23. artikuluan aipatzen den parte hartzaileen zerrendan oinarrituko da.

2.- Ziurtagiriak prestakuntza-jarduerei dagokien Arlo/Eremuaren arabera emango dira:

a) Sustapenari eta Osasun-hezkuntzari buruzko Berrikuntza-proiektuek, onartuak izateko, lortu behar duten portzentajezko partaidetza % 60koa izango da, Berrikuntza-proiektua aplikatzeak harrapatzen duen maila/ziklo/etapa/sail/organoko irakasle guztiekiko.

b) Ziurtagiria Proiektuan izandako partaidetzaren arabera emango da, beti ere prestakuntza-aldea edota Berrikuntza-proiektuaren aplikazio-aldea % 80an gaineratzen bada.

c) Ikastaro berean, Berrikuntza-proiektuagatik, inoiz ere ez zaio emango irakasle berari 90etik gorako orduko ziurtagiririk, Berrikuntza hori hezkuntzazkoa izan, Ingurumenekoa izan, Osasun-promoziokoa izan zein prestakuntza-jardueretakoa izan arren.

XEDAPEN GEHIGARRIA

18.1 artikuluan esleitutako zenbateko osoa alda daiteke, Osasun Sailaren beste laguntza-programa batzuen gauzatzean agortu gabe geratu diren baliabide ekonomikoen arabera, betiere eskatutako laguntzen ebazpena eman aurretik. Inguruabar hau Osasun sailburuordearen ebazpenaren bidez jakinaraziko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek aurreikusten ez duenerako Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 1992ko azaroaren 26ko 30/1992 Legea ezarriko da.

Bigarrena.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak eta Osasun Publikoko Zuzendaritzak aginpidea dute agindu hau betearazteko beharrezkoak izan daitezkeen jarraibideak emateko.

Hirugarrena.- Agindu hau EHAAn argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 29.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

Osasun sailburua, sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

I. ERANSKINA

OSASUN SUSTAPEN ETA HEZIKETAREN BERRIZTAPENERAKO PROIEKTUAK

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

PROIEKTUAREN DESKRIBAPENA

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

PROIEKTUAREN LABURPEN-FITXA

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

KLAUSTROAREN AKTA

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA

ORDEZKARITZA ORGANO GORENAREN AKTA

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA

ZINPEKO AITORPENA

(Ikus .PDF)

VII. ERANSKINA

MEMORIA PRESTATZEKO GIDOIA

(Ikus .PDF)

VIII. ERANSKINA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala