Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

88. zk., 2008ko maiatzaren 12a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarpenak

SPRI SA
2858

IRAGARKIA, AFI Programari buruzkoa, Industria, Merkataritza eta Turismo sektoreetan inbertsioak egiteko finantza laguntzak ezartzen dituena.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua, S.A-ren Administrazio Kontseiluak honako hau erabaki zuen 2008ko martxoaren 18ko batzarrean: "Inbertsioak egiteko Finantza Laguntzak" (AFI) programan jasotako diru-laguntzen araudia onartzea 2008ko ekitaldirako. Hona hemen erredakzio berria eta araudi osoa:

Inbertsioak egiteko finantza laguntzen programa (AFI) industria arloko enpresa txiki eta ertainei (ETE) beren inbertsio proiektuak gauzatzeko behar zituzten finantzabideak eskuratzen laguntzeko xedeaz sortu zen, betiere baldintza egokietan eragiketa-epeei dagokienez eta interes-tasa onuragarriak eskainiz ohiko finantza merkatuarekin alderaturik, aplikatu beharreko hobariei esker kostuak murriztu ondoren. Programaren eraginkortasuna aztertu eta ontzat jo ondoren, bere aplikazio eremua merkataritza eta turismo sektoreetara zabaldu zen.

Programa hasieratik egokitu da ETEentzako laguntzak metatzeari buruz Europako Batzordeak zehaztu izan dituen jarraibideetara, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratuan islatzen diren irizpide batzuk ere jaso ditu.

Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko 2006-2009ko Enpresa Lehiakortasun eta Gizarte Berrikuntza Planean jasotzen den bezala, finantzazioa ez da faktore bakarra, baina baldintzatzaile garrantzitsua da enpresek, eta bereziki ETEek hazteko eta beren lehiakortasuna hobetzeko dituzten aukerei begira.

Hartara, industria, merkataritza zein turismo sektorekoak izan, Euskal Autonomia Erkidegoko enpresen inbertsio prozesuak bultzatu nahi ditugu programa honen bidez, finantzazioa eskura dezaten merkatuak finantza erakundeen bitartez eskaintzen dituen baldintzarik onenetan. Bestalde, ahalegin berezia egin da administrazioko kudeaketa prozesuetan IKTek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatzeko eta prozesu horiek errazagoak egiteko, baliabideak hobeki erabili eta enpresei erantzun hobea eta arinagoa ematearren.

Horiengatik guztiengatik, eta inbertsioen finantzazioa era eraginkorrean bultzatuko duten segmentu eta jarduketa zehatzetan baliabide publikoak erabiltzeko, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k (SPRI S.A.), gainerako erakunde laguntzaileekin batera, egindako inbertsioetarako laguntza eta finantzazio tresna integratu bat eskaini nahi die industria, merkataritza zein turismo arloetako ETEei, hazi daitezen, lehiakortasuna hobe dezaten eta enpresa proiektu berriak abiaraz ditzaten, eta tresna hori programa honetan zehazten diren neurrien bidez arautuko da.

I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

Programa honen xedea da finantza laguntzak ematea ibilgetu ukiezinetan edota material berrietan inbertsioak egiteko Euskal Autonomia Erkidegoko industria, merkataritza zein turismo sektoreetan.

2. artikulua.– Laguntzen nolakotasuna.

Programa honek aurreikusten dituen laguntzak ez dira itzulgarriak izango eta laguntzak gauzatzearren, mailegu eragiketek edo finantza errentamenduko eragiketek finantza kostu txikiagoa izango dute, betiere, programa honen itzalpean eta finantza erakundeekin berariaz sinatuko diren hitzarmenen itzalpean egiten direnean.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Jarraian adierazitako baldintzak betetzen dituzten Enpresa Txiki eta Ertainek (ETE) eskuratu ahal izango dituzte programa honek arautzen dituen laguntzak:

– 250 langile baino gutxiago izatea.

– 50 milioi euro baino gehiagoko negozio bolumenik eta 43 milioi euro baino gehiagoko urteko balantze orokorrik ez izatea.

– Enpresa beste enpresa batzuekin elkartuta badago eta elkartutako horiek akzioen % 25etik gorako eta % 50era arteko akzioak badituzte, datu horiek ehuneko berean egotziko zaizkio enpresa-talde osoari. Enpresa beste enpresa batzuekin loturik badago, eta hauek akzioen % 50etik gora badute, datu horiek % 100ean egotziko zaizkio enpresa-talde osoari. Nolanahi ere, horrela sortutako enpresa-taldeak berak bete beharko ditu aurreko betebehar horiek.

Nolanahi ere, puntu honetako baldintzak interpretatzeko, mikroenpresak eta enpresa txiki eta ertainak zehazteari buruzko 2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan (EBAO —Europar Batasuneko Aldizkari Ofiziala—, L 124, 2003ko maiatzaren 20koa) edo hori ordeztu edo aldatuko duten xedapenetan ezarritakoa hartuko da kontuan.

Industria sektorea.

Programa honek aurreikusten dituen laguntzak eskuratu ahal izateko, jarduera nagusiaren arabera eta negozio kopuruari dagokionez, enpresa horiek industria arlokoak izango dira, ekoizleak, meatzaritza edota eraldakuntzakoak, edo arlo horiekin lotura duten produktu-prozesuaren inguruko zerbitzu teknikoetakoak, edo informazioaren eta komunikazioen gizartearen eremukoak. Beti ere, sozietatearen helburuaren eta negozio kopuruaren arabera, enpresak jendearekin zuzeneko harremanetan egiten duen merkataritza jarduera ia hutsa izan behar da.

Merkataritza sektorea.

Programa honek aurreikusten dituen laguntzak eskuratu ahal izateko, jarduera nagusiaren arabera eta negozio kopuruari dagokionez, enpresa horiek merkataritza arlokoak izango dira. Honako hauek izango dira guretzat merkataritza jarduerak: batetik, saltzeko asmotan eskuratutako produktuak eta salgaiak merkatuaren esku jartzea, bere horretan, produktuak asko aldatu edo moldatu gabe, eta, bestetik, ekoizleek, artisauek edota industrialek eurek zuzenean ondasunak saltzea; ondasun horiek, baina, azken buruko kontsumorako izan behar dute, eta ez beste prozesu batzuetan sartzeko, merkaturatzeko edo hirugarren batzuei zerbitzuak eskaintzeko.

Turismo sektorea.

Programa honek aurreikusten dituen laguntzak eskuratu ahal izateko, jarduera nagusiaren arabera eta negozio kopuruari dagokionez, enpresa horiek turismo arlokoak izango dira eta jendeak enpresa horietara jotzeko modua izan behar du. Ondorio horietarako, guretzat turismo jarduerak izango dira kasuan kasuko Turismoko lurralde bulegoak halakotzat egiaztatzen dituenak.

2.– Hauek dira aurrerago aipatutako enpresa onuradunen betebeharrak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan kokatu behar dituzte laguntza jasotzen duten inbertsio proiektuak.

b) Onuraduna izateko baldintzak betetzea indarrean dauden legeek zehazten dutenaren arabera.

c) Zor mugaeguneraturik ez izatea SPRI taldeko edozein elkarterekin, ez eta erakunde sustatzaile edo kolaboratzaileekin (hala enpresa onuradunak nola pertsona sustatzaileak edota loturik dauden sozietateak).

d) Onuradun direla egiaztatu behar dute laguntza eskabidea aurkeztean eta, hartara, eskabide formularioan eskatutako dokumentazioa entregatuko dute.

3.– Ez dira onuradun izango:

a) Sozietate publikoak eta zuzenbide publikoko erakundeak, ez eta administrazioa partaide nagusitzat duten enpresa edo erakundeak.

b) Eusko Jaurlaritzako sail hauen eskumen eremuetako inbertsio proiektuak dituzten enpresak: Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila, Garraio eta Herri Lan Saila eta Nekazaritza eta Arrantza Saila.

4. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen inbertsioak.

1.– Inbertsio proiektuetarako diru laguntzak jaso ahal izango dira honako baldintza hauek betetzen badira:

a) arau honen 3. artikuluko baldintzak betetzen dituzten enpresa onuradunek eginak izatea, eta

b) laguntza eskatzen den ekitaldiari dagokionez, inbertsio-kopuru onargarria gutxienez 100.000 eurokoa izatea industria sektorean, 30.000 euro turismo sektorean eta 30.000 euro merkataritza sektorean.

2.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzeko, laguntza jaso dezakeen inbertsiotzat joko da enpresaren aktibo ez zirkulatzaileari gehituko zaizkion ibilgetu ukiezinak edota material berriak eskuratzeko inbertsioa, baldin eta baldintza hauek betetzen badira:

a) Kontabilitate Plan Orokorrak eta ETEen Kontabilitate Plan Orokorrak (azaroaren 16ko 1514/2007 eta 1515/2007 errege dekretuetan jasota daudenak hurrenez hurren) ezarritako definizioaren arabera epigrafe hauetan dauden kategoriak izatea:

– 206 Informatika aplikazioak.

– 210 Lurrak eta ondasun naturalak (turismo arlokoak izan ezik).

– 211 Eraikuntzak.

– 212 Instalazio teknikoak.

– 213 Makineria.

– 214 Tresneria.

– 215 Beste instalazio batzuk.

– 216 Altzariak (merkataritza eta turismo arlokoak bakarrik).

– 217 Informazio prozesuetarako ekipoak.

– 218 Garraio elementuak (turismo arlokoak bakarrik).

– 219 Bestelako ibilgetu materiala.

Nolanahi ere, mikroenpresek, eskuraketen kasuan, 6.211 epigrafea erabil dezakete finantza errentamendu bidez.

Aktiboak lurrak izanez gero, eraikuntzak dituzten lurretara mugatuko da laguntza.

Dena den, ibilgetuek zuzeneko lotura izan behar dute enpresaren helburu soziala den jarduerarekin.

Ibilgetuen preziotzat haien balio garbia hartuko da, hots, fakturatutako zenbatekoari Balio Erantsiaren gaineko Zerga kenduta ateratzen den balioa.

Deskontuek eta antzekoek (fakturan ageri direnak nahiz ageri ez direnak) balioa kentzen diote erositakoari.

Produktu turistikoak edo eskaintza osagarria sortzea helburu duten inbertsioak egiten badira, diruz lagundu ahal izango dira Kontabilitate Plan Orokorreko 228 epigrafean ("garraio elementuak") sailkaturik dauden aktibo finko materialetan egiten diren inbertsioak, baldin eta horrelako aktiboak behar-beharrezkoak badira proiektua burutu ahal izateko.

a) Aktiboak lehenengo aldiz erabili edo abian jartzea. Erabilitako eraikin edo bestelako eraikuntzak eskuratzen badira, berriak balira bezalako tratamendua emango zaie.

b) Horiek guztiek, gutxienez, bost urtean irautea enpresaren aktiboan (fakturan ageri den datatik aurrera zenbatuta).

c) Aktiboak, oro har, inori kontraprestazioarekin edo kontraprestaziorik gabe lagatakoak ez izatea.

d) Aktiboak, oro har, enpresa eskatzaileak berak fabrikatutakoak ez izatea (eta inoiz ere ez da zenbatuko aktiboek dakartzaten kanpo kontsumoetatik gorako baliorik).

3.– Laguntzen zenbatekoa kalkulatzen denean, laguntzak eskatzen diren urtean aktiboak eskuratzeko egindako inbertsioa baino ez da kontuan hartuko.

4.– 2008ko ekitaldian gauzatuko da inbertsio proiektua eta formalizatuko da/dira poliza(k).

II. KAPITULUA
MAILEGU ERAGIKETEN ETA FINANTZA
ERRENTAMENDUKO ERAGIKETEN
FINANTZA KOSTUA MURRIZTEKO
LAGUNTZAK
I. ATALA
LAGUNTZEN EZAUGARRIAK

5. artikulua.– Finantza eragiketak.

1.– Atal honetan arautzen diren laguntzak emango dira enpresek diru-laguntzaren helburu den proiektua finantzatzeko egiten dituzten mailegu eragiketetarako eta finantza errentamenduko eragiketetarako. Eragiketa horiek finantza erakundeekin formalizatu beharko dituzte enpresek, betiere, Programa honen babesean, eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k finantza erakundeekin egingo duen lankidetza hitzarmenaren itzalpean, edo Kreditu Ofizialerako Erakundeak finantza erakundeekin sinatuko duen finantzaketa hitzarmenaren itzalpean.

2.– Enpresarekin eragiketa formalizatzen duen finantza erakundeak KOEan irekita eta eskuragarri dagoen kreditu-bidean saldorik baldin badu, eragiketak esparru horretan formalizatu behar dira.

3.– Atal honetan aurreikusitako finantza eragiketak eurotan eta beste edozein dibisatan formalizatu ahal izango dira, hurrengo artikuluetan ezarritako baldintzak betez gero.

Dibisak eurotara aldatzeko truke-neurria finantza eragiketa baimentzeko baldintzen agiria sinatzen den egunekoa izango da, edo, eskabidearekin batera halakorik badago, eragiketa formalizatzeko poliza egiten den egunekoa.

4.– Oro har, eskabidea egiten den ekitaldian bertan formalizatu behar dira poliza horiek, kontuan izanik inbertsioak ekitaldi horretan gauzatuko direla.

6. artikulua.– Diruz lagun daitezkeen maileguak.

Maileguen ezaugarriak:

a) Honako hauek joko dira diruz lagun daitezkeen mailegutzat:

– diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 70etik beherako kopurua, edo

– finantza erakundeak onartutako mailegu kopurutik beherakoa.

b) Epea: 5 eta 7 urte bitartekoa, hasierako ezaldia barne dela. Ezaldiak iraun dezakeen denbora, gehienez:

– 7 urterako maileguetan: 24 hilabete.

– 6 urterako maileguetan: 18 hilabete.

– 5 urterako maileguetan: 12 hilabete.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k goian aipatutakoez bestelako epeak ere (dena den, gutxieneko epea 5 urtekoa da) onartu ahal izango ditu, baldin eta mailegua formalizatzeko agirian berariaz agerrarazten bada mailegua Programa honetan ezarritako laguntza programari lotuta dagoela. Inguruabar horrek ez du aldaraziko laguntzen gehieneko zenbatekoa; hau da, gehienez jota, 7 urterako maileguei dagokien bera izango da, eta ezaldia ere gehienez 24 hilekoa izango da.

c) Mugaeguneratzeak: gutxienez, hilean behingoak.

d) Eragiketei aplikatuko zaien gehieneko interes-tasa:

– Programa honetako 5.1 artikuluan aurreikusitako hitzarmenean ezartzen dena.

e) Hitzarmenaren sinatzaileetarikoa den E.B.S.ren batek eragiketa abalatuz gero, interes-tasa 0,25 puntu txikiagoa izango da.

7. artikulua.– Laguntza jaso dezaketen finantza errentamenduak.

1.– Kreditu Erakundeen Diziplina eta Kontuhartzailetzari buruzko uztailaren 29ko 26/988 Legearen zazpigarren xedapen gehigarrian dagoen definizioaren araberako finantza errentamenduaren bidez finantzatzen diren ibilgetu ukiezinek edota material berriek programa honetan aurreikusitako laguntzak jaso ditzakete, baldin eta, 4. artikuluan aipatutako baldintza orokorrez gainera, ondoko hauek ere betetzen badituzte:

– Enpresa onuradunak konpromisoa hartu behar du erosteko aukera baliatzeko, eta behar denean halaxe egingo du. Konpromiso hori dagokion formalizazio agirian jaso behar da.

– Finantza errentamendua egiten duen erakundeak Finantza Errentamenduaren bidez Eragiketak Finantzatzeko Hitzarmenaren sinatzaileetarikoa izan behar du.

2.– Finantza errentamenduko eragiketen ezaugarriak:

a) Honako hauek joko dira diruz lagun daitezkeen finantza errentamendutzat:

– diruz lagun daitekeen inbertsioaren % 70etik beherako kopurua.

– finantza erakundeak onartutako finantza errentamenduaren kopurutik beherakoa.

b) Epea: gutxienez bi urte eta gehienez bost. Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k goian aipatutakoez bestelako epeak ere onartu ahal izango ditu, baldin eta mailegua formalizatzeko agirian berariaz agerrarazten bada leasing-a edo finantza errentamendua programa honetan ezarritako laguntza programari lotuta dagoela. Inguruabar horrek ez du aldaraziko laguntzen gehieneko zenbatekoa, eta, beraz, ez da izango 5 urterako finantza errentamenduei dagokiena baino handiagoa.

c) Mugaeguneratzeak: gutxienez, hilean behingoak.

d) Eragiketei aplikatuko zaien gehieneko interes-tasa:

– Programa honetako 5.1 artikuluan aurreikusitako hitzarmenean ezartzen dena.

e) Hitzarmenaren sinatzaileetarikoa den E.B.S.ren batek eragiketa abalatuz gero, interes-tasa 0,25 puntu txikiagoa izango da.

8. artikulua.– Laguntzen zenbatekoak.

1.– Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k, finantza erakundeekin sinatutako hitzarmenaren itzalpean, diru-laguntza bat emango du onartutako eragiketa bakoitzerako, hau da, eragiketaren interesaren 1, 5 puntuko diru-laguntza oro har, gehi 0,25 puntuko diru-laguntza finantza erakundeekin sinatu beharreko hitzarmenaren sinatzailea den Elkarrekiko Berme Sozietateren batek eragiketa abalatuz gero.

Edonola ere, interes tasen hobaria ezin da izan eragiketa baimentzean edo formalizatzean jarritako interes-tasa izenduna baino handiagoa.

Interes-tasa aldakorra duten eragiketetan, interes-tasa izenduna zenbatekoa izango den finkatzeko orduan, deialdia argitaratu aurreko azken 6 hilabeteetan urteko Euriboraren batez bestekoa zein izan den hartuko da erreferentzia-balio modura.

2.– Eragiketa bakoitzari dagozkion puntuak zenbat diren finkatutakoan, eguneratutako diru-laguntzari dagokion zenbatekoa kalkulatuko da. Hori kalkulatzerakoan, indarrean dauden erreferentziako tasak eta eguneratzeko moduak erabiliko dira, betiere, Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean argitaratutakoari jarraituz.

II. ATALA
LAGUNTZAK METATZEA

9. artikulua.– Finantza eragiketen balioaren urteko gehieneko zenbatekoa.

Maileguen edota finantza errentamenduko eragiketen baliotik urtean laguntza jaso dezakeen zatiaren gehieneko zenbatekoa, hau da, onuradun batek urtean guztira jaso ditzakeen laguntzen gehieneko zenbatekoa 1.500.000 eurokoa izango da.

10. artikulua.– Laguntzak metatzea. Minimis.

Arautegi honetan jasotzen diren diru-laguntzak 2006ko abenduaren 15eko Batzordearen 1998/2006 araudian (EE) –Europar Batasunaren Aldizkari Ofizialean 2006ko abenduaren 28an argitaratua- ezartzen denari lotuta daude. Araudi hori EEko Tratatuaren 87 eta 88. artikuluak Minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da. Europar Batasunak ezartzen duenez, edozein enpresari ematen zaion Minimis laguntzak, guztira, ezingo du 200.000 euro gainditu hiru urteko epean. Muga hau laguntza modua edo lortu nahi den xedea zein den kontuan hartu gabe aplikatuko da.

Muga horiek gainditzen badira, soberakinari dagokion kopurua kenduko zaio laguntzari.

11. artikulua.– Beste laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Programa honetan araututako laguntzak bateragarriak izango dira Gauzatu Industria eta Gauzatu Turismo programetan edo antzeko beste programa batzuetan iragarritako laguntzekin.

2.– Merkataritza sektorean, inbertsio proiektu berean bateraezinak izango dira programa honen bidez emandako diru-laguntzak eta Merkataritza Ekimen Berrietarako Laguntza Programaren bidez emandakoak.

III. KAPITULUA
PROZEDURA

12. artikulua.– Laguntza eskabidea.

1.	- Laguntza eskabidea eta gainerako agiri osagarriak Industriaren Sustapen eta Eraldaketako Baltzua, S.Aren web orrian (www.spri.es) ageri diren finantza erakundeetakoren batean aurkeztu beharko dira.

2.– Finantza erakundeek epe jakin bat dute laguntza eskabideak SPRI S.A.n aurkezteko, izan ere, epea programa hau EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2008ko urriaren 15ean amaituko da, betiere helburu horretarako gaitu den urteko kredituaren mugara arte.

3.– Finantza erakundeek beteko dituzte eskabideak, eta enpresa onuradunek eskabidea formalizatzeko behar diren agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte.

13. artikulua.– Agiriak eta laguntza eskabidearen aurkezpena.

1.– Enpresa eskatzaileak honako agiri hauek aurkeztu behar dizkio finantza erakundeari eskabidea egiteko:

a) Finantza erakundeak eman dion eskabide inprimakia behar bezala beteta eta sinatuta.

b) Eraketa eskrituraren fotokopia.

c) Pertsona eskatzailearen ahalordearen fotokopia.

d) Pertsona eskatzailearen NAren fotokopia.

e) Enpresaren IFKren fotokopia.

f) Kasuan kasuko turismoko lurralde bulegoaren txosten teknikoa, proiektuak orientabide turistikoko arauak betetzen dituela egiaztatzen duena (turismo arlokoak bakarrik).

g) Enpresa nongo JEZtan erregistratuta dagoen adierazten duen Ogasunaren ziurtagiria.

h) Enpresak zerga betebeharrak bete dituela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua (likidazio eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenagoko datarik ez du izan behar).

i) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekiko betebeharrak bete dituela egiaztatzen duen ziurtagiri eguneratua (likidazio eskabidea aurkeztu baino hiru hilabete lehenagoko datarik ez du izan behar).

2.– SPRI S.A.k akats edo zehazgabetasunen bat ikusten badu eskaeran edota gainerako agirietan, eskatzaileari jakinarazi behar dio 10 eguneko epean, eskatzaileak akatsa zuzen dezan edo aurkeztu beharreko agiriak aurkez ditzan. Halaber, eskatzaileari jakinarazi behar zaio, akatsa zuzentzen ez badu edo agiriak aurkezten ez baditu eskaera egiteari uko egin diola ulertuko dela.

Eskaeraren zinpeko aitorpenean (F-2 inprimakia) iruzurren bat antzemango balitz, enpresa eskatzailea automatikoki kanporatuko litzateke programa honen deialditik.

3.– Finantza erakundeak honako agiri hauek bete eta internetez helarazi behar dizkio SPRI S.A.ri:

a) Eskabide orria behar bezala beterik enpresak emandako dokumentazioaren arabera.

b) Formalizatutako zein formalizatu beharreko polizen baldintzak.

14. artikulua.– Eskabideen azterketa eta ebazpena.

1.– Eratu beharreko Batzorde Betearazleak eskabideak aztertu eta ebaluatuko ditu eta, era berean, laguntzak ebatziko ditu.

2.– Batzorde Betearazlea honako hauek osatuko dute: Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.ko zuzendari nagusiak (Batzordeko presidentea izango da) eta Enpresa Sustapeneko hiru mahaikidek, eta hauetatik bat idazkaria izango da.

3.– Eskabide orria behar bezala beterik aurkeztu behar da eskaera onar dadin.

4.– Kasuan kasuko finantza erakundeak ezin izango du eskaera tramitatu Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.n, eskabidea bere osoan behar bezala beterik ez dagoen bitartean, edo eskabidearekin batera aurreko artikuluan aipatutako agiriak izan ezean, eta eskaera hori ez aurkeztutzat joko da guztiz bete arte.

5.– Finantza erakundeak enpresak emandako dokumentazio guztia, behar bezala izenpetutako eskabidea eta formalizatutako polizaren edo polizen kopia helaraziko dizkio Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.ri.

6.– Ebazpena posta elektroniko bidez helaraziko zaie enpresari eta finantza erakundeari 4 hilabeteko epean gehienez ere, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k eskabidea jasotzen duen egunetik kontatzen hasita.

15. artikulua.– Inbertsioa justifikatzea eta ordainketa.

1.– Enpresa onuradunak, behin inbertsio proiektua gauzatu eta gero, eta, betiere, diru-laguntzaren eskabidea aurkeztu eta hurrengo urteko martxoaren 15a baino lehen, agiri hauek aurkeztu beharko ditu Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.ren egoitzan:

– Egindako inbertsioaren adierazpen agiria.

– Fakturen koadroa, eredu normalizatuaren arabera egina. Eskaera aurkeztu zeneko urteari dagozkion fakturak bakarrik onartuko dira fakturen koadroetan.

– Fakturen koadroan dauden fakturen kopia.

– Formalizaturik dauden polizen kopia.

– Zerga alorreko betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak bete direla egiaztatzeko agiria.

2.– Eskabidean jarri beharreko daturen bat edo aurreko artikuluan aipatutako agirietako bat falta dela antzemanez gero, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k errekerimendua egingo dio enpresa interesatuari eta 10 eguneko epea emango dio akatsa konpontzeko edo beharrezkoak diren agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio hala egiten ez badu eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela.

3.–. Enpresa onuradunak aurreko paragrafoan zehazten diren agiriak Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.ri helarazitakoan, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k agiri horiek aztertu ondoren, diru-laguntza ordainduko dio 4 hilabeteko epean gehienaz ere; diru-laguntza ordainketa bakar batean egingo zaio finantza erakunde bakoitzari, eta finantza erakundeak mailegu eragiketaren edo finantza errentamenduko eragiketaren kapital bizia txikituko du, diru-laguntzari dagokion kopuruaren arabera.

4.– Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde bulegoko ikuskatzaileek edo kanpoko auditoreek inbertsio proiektuak eta formalizatutako polizak ikuska ditzakete, eta, horretarako, enpresa onuradunak honako dokumentazio hau jarriko du ikuskarien eskura:

– Jatorrizko fakturak, fakturen koadroko zerrendan agertzen direnekin bat etorri beharko dutenak.

– Sozietateen gaineko Zergaren edo Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren jatorrizko aitorpena. Auditoretza ere aurkeztu beharko dute txosten hori aurkezteko betebeharra duten onuradunek.

– Eskabidea egin aurreko ekitaldiko abenduari dagokion TC1 orria.

Lurralde bulegoko zerbitzu teknikoek edota kanpoko auditoreek egiaztatuko dute eskabide inprimakian dauden datuak zuzenak direla, inbertsioa benetan gauzatu dela eta inbertsioaren xede diren ondasunak diru-laguntza jaso duen enpresaren lokaletan daudela. Era berean, beharrezko dela iritziz gero, bestelako agiri eta informazio osagarriak ere eskatu ahal izango dituzte laguntza zertan erabili den egiaztatzearren. Aipatutako alderdi horiek guztiak egiaztatu ondoren, ikuskapenaren ziurtagiria emango dute.

16. artikulua.– Informazioa emateko betebeharra.

1.– Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k eskubidea du programa honen garapena eta aplikazioa bermatze aldera egoki ikusten dituen egiaztapen, ikuskaritza eta gainontzeko kontrol neurriak gauzatzeko eta baliabide publikoak behar bezala aplikatzen direla egiaztatzeko.

2.– Enpresa onuradunak fakturen koadroaren arabera aurkeztutako fakturek 5 urtez egon behar dute artxibatuta eta Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.ren eta EAEko Administrazio Orokorraren eskura egongo dira.

3.– Enpresa onuradunen betebeharra da Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko eskatzen dieten informazio oro ematea.

17. artikulua.– Amortizazioak.

Maileguaren onuradunak diruz lagundutako maileguaren amortizazioa, osorik zein zati batean, aurreratu ahal izateko, hau da, kapital bizia gutxitzeko, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k eta finantza erakundeak berariaz emandako baimena behar du.

Baimena jasoz gero, eta enpresak ordaindu ondoren, finantza erakundeak berak ordainduko dio Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.ri kobratutako interesetan ez zegokiokeen zatia, alegia baimendutako eta gauzatutako amortizazio aurreratuaren arabera ez zegokiokeena.

18. artikulua.– Ez-betetzeak.

1.– Egiaztapen lanetan ikusiko balitz diru-laguntzaren onuradunak edo finantza erakundeak ez dutela programa honetan ezarritako baldintzetakoren bat bete, kobratu dituzten diru kopuruak itzul ditzatela eskatuko die Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k eta, bere kasuan, itzulketa hori egin dadin behar diren legezko jarduerak martxan jartzeari ekingo dio.

2.– Laguntzaren onuradunak mailegu kontratuan ezarritako baldintzetakoren bat urratzea ez-betetzetzat joko da. Laguntzaren onuradunek mailegu kontratuan ezarritako baldintzetakoren bat urratzen dutenean, finantza erakundeek urratze horren berri jakinarazi beharko diote Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.ri.

XEDAPEN IRAGANKORRA.– Kreditua agortuta egoteagatik onartu ez diren AFI 2007 Programarako eskaerak.

1.– Kreditua agortuta egoteagatik onartu ez diren AFI 2007 Programarako eskaerak AFI 2008 Programako urteko kredituaren kargura tramitatuko dira programa honetako onuradun izateko baldintzak betetzen badituzte.

2.– AFI 2008 Programako Batzorde Betearazleak ebatziko ditu aurreko puntu horretan aipatzen diren laguntza eskaerak, eta Batzordeak berak jakinaraziko die eskatzaileei laguntza emango zaien ala ez. Eskatzaileek jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean inbertsioa justifikatu beharko dute AFI 2007 Programaren 15. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

3.– AFI 2008 Programako Batzorde Betearazleak ebatziko du xedapen iragankor honen aplikazioaren inguruan sor litekeen edozein arazo.

AZKEN XEDAPENAK

1.– Programa honen laguntza neurrien indarraldia EHAAn argitaratu eta biharamunean hasiko da eta 2008-10-15ean bukatuko da, baina adierazten da, hala ere, aurkezten diren eskabideak ekitaldi bakoitzean aztertuko direla hurrenkera kronologikoaren arabera, behar bezala bete direnean eta urtean helburu horretarako gaitu den kredituaren mugara arte. Kreditua agortu eta gero, ez da eskabiderik aztertuko, nahiz eta aurkezturik egon.

2.– Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.ren erabakia merkataritza alorrekoa da eta eskuduntza jurisdikzionala epaile eta auzitegi zibilena da. Enpresa onuradunak, eduki dezaketen edozein eskumeni formalki uko eginez, diru-laguntzen programa hau interpretatu edo gauzatzerakoan sor daitekeen edozein auzi, desadostasun, arazo edo erreklamazio konpontzeko Bilboko Justizia Auzitegien esanetara jartzen dira espresuki, horiek baitira gai horietan eskuduntza dutenak.

3.– Eskatzaileak emandako datuak SPRI S.A.-ren fitxategi informatiko batean sartu ahal izango dira, diru-laguntzen programa hau behar bezala kudeatu ahal izateko eta aurkeztutako eskaeren jarraipena egiteko. Orobat jakinarazten da hemen agertzen diren datu pertsonalak SPRI, S.A.k erabili ahal izango dituela, baltzuaren beraren jarduerari eta, gure ustez, interesgarri izan daitezkeen ekitaldiei buruzko argibideak emateko.

Eskariaren edo likidazioaren formularioetan eskatzaile ez diren pertsona fisikoei buruzko datu pertsonalak sartu behar badira, aurreko paragrafoan esandakoa jakinarazi beharko zaie datu horiek sartu baino lehen.

Eskatzaileak sartzeko, zuzentzeko, kitatzeko eta aurka jartzeko eskubideak egikari ditzake SPRI S.Ari bidalitako idatzizko jakinarazpen bidez (Urkijo zumarkalea, 36-4., Bizkaia Plaza eraikina, 48011), Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoari jarraiki.

4.– Oinarri hauetan aurreikusi ez den guztiari dagokionez, EAEko Ogasun Orokorraren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu bateratua onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan eta aplikagarri den Estatuko edota Europar Batasuneko legerian xedatutakoaren arabera jokatuko da.

Bilbao, 2008ko martxoaren 18a.

SPRI, S.A-ko zuzendari nagusia,

MAURICIO LAZCANO BROTONS.


Azterketa dokumentala