Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

192. zk., 2007ko urriaren 4a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5419

EBAZPENA, 2007ko irailaren 13koa, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariarena, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten irakasleei dei egiten diena enpresetan prestakuntza-egonaldiak egin ditzaten 2007-2008 ikasturtean.

Lanbide Heziketaren eredu berriak azpimarratzen duenez, irakaskuntza-ikaskuntzako prozesua lan-bizitzari lotu behar zaio, eta hezkuntza-eskaintza lan-merkatuaren eskaerari egokitu. Eredu horrek, halaber, irakasleen etengabeko prestakuntza sustatu eta errazten du, eta prestakuntza-jarduera anitzen eskaintza bermatzen. Jarduera horien artean, nabarmentzekoa da enpresetan gauzatzen den prestakuntza.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2007ko apirilaren 24ko Aginduak planteatu duenez (2007ko maiatzaren 22ko EHAA), jarduera-planak eratu behar dira, eta horien bidez egoki erantzun behar zaie irakasleen eguneroko jardueran sortzen diren premiei; horregatik, irakasleen lanbide-garapena erraztuko duten prestakuntza-jarduerak egitea aurreikusi da.

Agindu horrek, beraz, honako hauek arautu ditu: alde batetik, Lanbide Heziketako irakasleentzako 2007-2008 Prestakuntza Planaren barruko ikastaroen deialdia, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten irakasleei zuzendua; eta bestetik, aipatutako ikastaroak gainditu dituzten irakasleei laguntza ekonomikoak ematea.

Agindu horren 2.1 artikuluak dioenez, halaber, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariaren ebazpen baten edo batzuen bidez emango da ikastaro horien ezaugarrien berri.

Hori guztia horrela, aipatu aginduaren babesean ateratzen den ebazpen honek deialdia egin nahi du irakasleen etengabeko prestakuntzarako beste jarduera bat gauzatu dadin; hain zuzen ere, enpresetan prestakuntza-egonaldiak egitea xede duena.

Ondorioz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren helburua.

1.1.– Enpresetan prestakuntza-egonaldietan jarduteko deia egitea, irakasleen prestakuntza gaurkotu dadin lan-munduari begira; hartara, praktika hauek irakasle-lana hobetzeko mesedegarri izan daitezke, eta enpresak eta Lanbide Heziketako ikastetxeak elkarri hurbiltzen lagun dezakete.

1.2.– Prestakuntza egonaldiak EAEko enpresa edo entitateetan egingo dira, eta irakasleak edo ikastetxeak aurretiaz hitzartu beharko du horiekin proiektuaren garapena.

2. artikulua.– Egonaldien ezaugarriak.

2.1.– a) Egonaldiok, lehentasunez, ikasturtearen azken hiruhilekoan egingo dira, edo, ikasleak lantokietako prestakuntza (LP) egiten ari direnean.

b) Enpresan egiteko egonaldia ez da bat etorriko irakaslearen ordutegi lektiboarekin, eta, beraz, ez dio ohiko irakas-jarduerari eragingo.

2.2.– a) Egonaldiaren iraupena gutxienez 30 ordu eta gehienez 80 ordu izango da. Ordu horiek 20 lanegunetan banatu ahal izango dira, gehienez ere.

b) Gehienez ere, ikastetxe bakoitzeko 5 irakaslek parte ahal izango dute egonaldietan.

c) Irakasle bakoitzak egonaldi bakarra egin ahal izango du.

2.3.– Enpresetan egindako egonaldiok ez dute lan-izaerarik, eta, beraz, egonaldia egiten duten irakasleek eta egonaldia errazten duen enpresak ez dute inolako lan-harremanik izango.

3. artikulua.– Eskatzaileak.

3.1.– a) Jarduneko irakasleek deialdi honetako egonaldietan parte hartu ahal izango dute, baldin eta Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen badituzte (heziketa-ziklo horiek, gogoratu, ondokoak dituzte arau: azaroaren 22ko 447/1994 Dekretua, Lanbide Heziketako irakaskuntzen antolamendu orokorra eta bere tituluei buruzko norabideak ezartzeko dena, eta apirilaren 29ko 97/1997 Dekretua, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako irakaskuntzaren ezarpena eta dagozkien tituluei buruzko jarraibideak arautzen dituena).

b) Aurreko deialdiren batean prestakuntza-egonaldia burutu zuten irakasleek, soilik parte hartu ahal izango dute, burutuko duten egonaldia aurrekoarekin desberdina bada. Edozein kasutan, eskatzaile berriek lehentasuna edukiko dute.

c) Ezingo dira onuradun izan Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateginaren 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenak.

3.2.– Bestalde, egonaldia bat baldin badator ikasleen eskola-aldiren batekin, ikastetxearen zuzendaritzaren baimena beharko da, eta ikastetxeak, gainera, konpromisoa hartu beharko du, prestakuntzako egonaldiak ohiko irakas-jardunari eragingo ez diola bermatzeko.

3.3.– Honako hauek bidaliko dira eskabidearekin batera:

a) 3. eranskinean dagoen ereduaren araberako ziurtagiria, hautatutako enpresa edo entitatea eskatzailea onartzeko prest dagoela jasotzen duena.

b) Proiektu bat, gutxienez ondoko atalak izango dituena:

– Proiektuaren datuak: izenburua, enpresaren datuak, iraupena, datak, eta abar,…

– Proiektuaren helburu orokorrak.

– Proiektuaren justifikazioa, gaurkotze profesionalari begira.

– Programatutako jarduerak, eta horiek irakatsitako moduluekin duten zerikusia.

Balorazio-batzordeak balioetsiko ditu proiektuak, 1-A eranskinean agertzen den baremoaren arabera. Gutxienez 5 puntu atera behar dira aukeratua izateko.

4. artikulua.– Eskabideak.

4.1.– Eskabideak aurkezteko lekuak:

Eskabideak Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariari igorriko zaizkio, eta lantokiari dagokion Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzako Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako unitatera bidali behar dira:

–San Prudentzio, 18 Vitoria-Gasteiz (Araba).

–Gran Via, 85 Bilbao (Bizkaia).

–Andia, 13 Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa).

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean adierazitako bulegoetara ere bidal daitezke eskabideak. Jatorrizko eskabideak baino ez dira onartuko, behar bezala zigilatu eta izenpetutakoak.

4.2.– Eskabideak aurkezteko epea:

Eskabideak aurkezteko epea 2007ko urriaren 8tik 2007ko azaroaren 7ra arte luzatuko da, hasierako eta amaierako eguna barne direla.

4.3.– Eskabide-inprimakia:

a) Eskabidea 2. eranskinean ageri den ereduaren arabera aurkeztuko da.

b) Eskabideak ikastetxeko zuzendariaren oniritzia eramango du. Egonaldiaren ordutegia bat datorrenean irakas-ordutegiaren zati batekin, zuzendaritzaren oniritziak honako hau ere esan nahiko du: batetik, irakaslea ez egotea onartzen duela, ikastetxeak barne-antolamendurako duen gaitasunean oinarrituta, eta bestetik, ikastetxeko ordezkaritza-organo gorena edo eskola-kontseilua jakinaren gainean dagoela. Nolanahi ere, oniritzi horrek esan nahi du aitortu egiten dela irakasleak ikastetxe horretan diharduela irakasle-lanean, eta aurkeztutako lan- eta administrazio-datuak egiazkoak direla (ikastetxeko zuzendaritzak egiazta ditzakeen puntuei dagokienez).

4.4.– Agiri osagarriak:

a) Eskatzaileak nahi baldin badu sare pribatuko zerbitzaldia kontuan har dakion baremoaren ondorioetarako, dagokion egiaztagiria aurkeztu beharko du.

b) Sail honetako langileen datu-basean ez dauden eskatzaileek NANaren kopia aurkeztu beharko dute.

5. artikulua.– Hautatzeko irizpideak.

5.1.– Prozesu honen arabera hautatuko dira parte-hartzaileak:

Proiektuaren balorazioan gutxieneko 5 puntuak lortu ez dituzten izangaien eskaerak eta eskatutako baldintzetakoren bat betetzen ez dutenenak baztertu ondoren, gainerakoak 1-A eranskinean dagoen baremoaren arabera ordenatuko dira. Irizpide horiek aplikatu ondoren berdinketarik gertatuz gero, 1-B eranskinean dagoen baremoaren arabera jokatuko da; hala ere, berdinketak bere horretan badirau, lanean emandako urteen kopuruaren arabera ebatziko da, azkenik.

6. artikulua.– Deialdia ebaztea eta onarpena jakinaraztea.

6.1.– Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak ebatziko du deialdia, batzorde batek proposamena egin ondoren. Batzorde horrek ondoko kideak izango ditu: Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzako funtzionario bat, batzordeburu arituko dena, eta Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariak izendatutako Hezkuntza Saileko funtzionarioak: gutxienez hiru, eta gehienez bost.

6.2.– Deialdiaren behin-behineko zerrendak argitaratzeko ebazpenak Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan jarriko dira ikusgai.

6.3.– Interesdunek erreklamazioak aurkeztu ahal izango dituzte Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzan, hamar eguneko epearen barruan, behin-behineko ebazpena argitaratzen den biharamunetik hasita.

6.4.– Behin betiko zerrenda orokorra duten ebazpenak Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan argitaratuko dira. Gainera, aldi berean, Internet-eko ondoko helbidean ere argitaratuko dira: www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net.

6.5.– Ebazpen horien aurka, interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeari, hilabeteko epearen barruan, lurralde-ordezkaritzetan jendaurrean jartzen direnetik hasita.

6.6.– Behin betiko zerrendak argitaratu ondoren, ez da uko egiterik onartuko, Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariaren iritziz ondo arrazoituta dauden kasuetan izan ezik. Uko egitearen jakinarazpena Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzara bidali beharko da, uko egite hori justifikatzen duen gertakaria jazo eta berehala, eta bakarrik onartuko da dagokion agiriekin batera aurkezten bada.

7. artikulua.– Parte hartzeko baldintzak.

7.1.– Irakasleek nahitaez egin beharko dituzte enpresako egonaldirako programatu diren jarduera guztiak.

7.2.– Egonaldia bukatzean, parte-hartzaileek memoria bana egin beharko dute, eta ondoko edukiak sartu:

a) Egonaldian garatutako programa, egindako lana jasoz.

b) Erdietsitako helburuak.

c) Egonaldiaren iraupena, ordutegia eta egutegia.

d) Egonaldia gauzatzeko izan diren baldintza fisikoak.

e) Balioespen orokorra.

f) Irakaskuntzan eta ikastetxean izan dezakeen eragina.

g) Ondorioak eta iradokizunak.

7.3.– Memoria hori lurralde-ordezkaritzetako Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako unitateetan aurkeztu beharko da, 15 eguneko epean gehienez ere, jarduera bukatu eta biharamunetik zenbatzen hasita.

7.4.– Memoriarekin batera, enpresaren ziurtagiria bidali beharko da, 4. eranskinaren ereduaren arabera, guztira emandako orduak egiaztatzeko.

8. artikulua.– Parte-hartzaileentzako laguntza ekonomikoak.

8.1.– Prestakuntza-jarduerotan parte hartzeko eskaria egiteak berez dakar laguntza ekonomikoetarako eskaria ere egitea; laguntza ekonomiko horiek, hain zuzen ere, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2007ko apirilaren 24ko Aginduaren 8. artikuluan aurreikusitakoak dira (Agindu horrek, gogoratu, Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten irakasleei zuzendutako 2007-2008 Planeko Lanbide Heziketako Irakasleen Etengabeko Prestakuntzarako ikastaroen deialdia arautu du eta 2007ko maiatzaren 22ko EHAAn argitaratu da).

8.2.– Ebazpen honen bitartez deitutako jardueretan parte hartzen duten irakasleek eskubidea izango dute goian adierazitako laguntza ekonomikoak jasotzeko, baldin eta:

a) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak jarduerotan parte hartzeko hautatu baditu, irakasleek eskaera egin ondoren.

b) Parte hartzen duten irakasleak zein herritan bizi edota lanean ari diren, prestakuntza-egonaldia beste herriren batean egiten badute. Prestakuntza-egonaldia lantegi bat baino gehiago duen enpresan egiten bada, kilometroak kalkulatzeko orduan, enpresaren egoitza soziala edo nagusia hartuko da kontuan.

c) Memoria eta enpresak emandako ziurtagiria bidaltzen badituzte, ebazpen honetako 7. artikuluaren arabera.

d) Enpresan egindako prestakuntza-egonaldia bukatzen den egun beretik hasita eta hilabeteko epean dirulaguntza eskatzea, 5. eranskinean agertzen den ereduari jarraituz.

9. artikulua.– Ziurtagiriak.

9.1.– Aintzatespen, ziurtapen eta erregistroaren ondorioetarako, enpresetan egindako prestakuntza-egonaldiak, irakasleen etengabeko prestakuntzarako jarduera diren aldetik, prestakuntza-ikastaroekin parekatu daitezke.

9.2.– Parte-hartzaileei ziurtagiri bana emango zaie, egindako ordu-kopurua eta jarduera egin duten enpresaren izena jasoko dituena. Ziurtagiri hori emateko epea, gehienez ere, hiru hilabete izango da, memoria eta enpresaren ziurtagiria Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritzan aurkezten direnetik aurrera.

9.3.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, behin lehenago aipatutako epea igarota pertsona interesdunari jakinarazi ez bazaio ziurtagiria luzatu dela edota laguntza ekonomikoak emanda daudela, horiek ukatu egin direla ulertuko da. Halakoetan, pertsona interesdunek sei hilabeteko epea izango dute, jarduera amaitzen denetik aurrera, ziurtagiria eman ez izanaren aurkako errekurtsoa aurkezteko. Epe hori igarota, ez da inolako ziurtagiririk emango, non eta aurkeztutako errekurtsoen baiezko ebazpenik edo epairik ez dagoen.

9.4.– Jarduerak gaindituz gero, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren irakasleen prestakuntzarako eta berriztapenerako jardueren datu-basean erregistratuko da hori. Interesdunek datu-basea kontsultatu ahal izango dute, indarrean dagoen araudiaren arabera, eta prestakuntza- eta berriztapen-jardueren ziurtagiria ere eskatu ahal izango dute.

10. artikulua.– Aseguru osagarria.

Prestakuntza-egonaldiotan parte hartzen duten irakasleek erantzukizun zibileko eta istripuetako aseguru osagarri baten babesa izango dute. Sare publikoko irakasleek EAEko Administrazioaren zerbitzupeko langile izateagatik dagokien asegurua izango dute; sare pribatuko irakasleei, berriz, aseguru-hedapena egingo zaie, nominala eta egonaldiak dirauen bitartekoa, estaldura bera izan dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2007ko irailaren 13a.

Etengabeko Ikaskuntzako zuzendaria,

IRENE AZPIROZ ARTANO.

1. ERANSKINA

A) Proiektuaren balorazioa.

Aurkeztutako memoria baloratuko du batzordeak, ondoko irizpideen arabera:

a) Planteatutako helburuak deialdi honen helburuekin bat etortzea, eta ikastetxean aplikatzeko modukoak izatea (3 puntu, gehienez ere).

b) Proposaturiko jarduerak enpresan egiten diren jarduerei egokitzea (3 puntu, gehienez ere).

c) Irakasle eskatzaileak ematen dituen moduluak bat etortzea proiektuaren eta hautatutako enpresaren jarduerekin eta helburuekin (3 puntu, gehienez ere).

d) Hautatutako enpresa, irakasleak lanpostua duen ikastetxearen inguruan egotea (puntu 1).

Guztira, gehienez: 10 puntu

B) Berdinketarik gertatuz gero erabili beharrekoak:

I.– Administrazio-egoera:	gehienez 6 puntu

1) Sailaren mendeko ikastetxeetan karrerako funtzionarioa edo lan-kontratu mugagabeduna izatea:	4 puntu	

2) Bitarteko irakasle izatea:	3 puntu	

3) Ikastetxe pribatuetan lan-kontratu mugagabeduna izatea:	2 puntu	

4) Kendu diren unitateetako irakasle izatea:	2 puntu	

II.– Lan-esperientzia:	gehienez 4 puntu

Hezkuntzan emandako zerbitzu-urteak, 2007ko azaroaren 7ra arte (hori barne): 0,5 puntu urteko,

0,042 hilabeteko eta 0,0014 eguneko

	Guztira gehienez	10 puntu	

2. ERANSKINA

ESKABIDE ORRIA

DATU PERTSONALAK (honekin batera NANaren fotokopia aurkeztu behar dute Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko langileen datu-basean alta emanda ez daudenek).

NAN: ...................................... 1. abizena:

LAN EDO ADMINISTRAZIO DATUAK

Ikastetxea: kodea: 0 1 _ _ _ _ Izena:

Zerbitzu-denbora: urteak: .........., hilabeteak: .........., egunak: ...........

Heziketa-zikloko eta moduluko ematen dituen orduak:

	Heziketa-zikloa:							

	Modulua:							

	Orduak, asteko:							

Prestakuntza Egonaldiak Enpresetan: Lanbide Heziketako Irakasleen Prestakuntza Plana 2007-2008

Enpresarekin adostutako proiektuaren izena:	

	Enpresa (izena eta helbidea)	Eremua edo Saila	 Lanbide Arloa	

Proiektuaren iraupena ordutan:________________ Datak: 200_(e)ko _________________ ren _________tik ______ra

____________________(e)n, 200_(e)ko _____________aren ____(e)an

	Ikastetxeko zuzendariaren oniritzia (1)	Ikastetxearen zigilua	Eskatzailearen sinadura	

Izenpetzen duen honek, ondokoa aitortzen du:

1.– Zigor administratibo edo penala ez izatea, sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik

ETENGABEKO IKASKUNTZAKO ZUZENDARIA

(1) Oniritzi horrek esan nahi du aitortu egiten dela eskatzailea ikastetxe horretan irakasle lanean ari dela, eta emandako lan- eta administrazio-datuak, bereziki dagokion epigrafean adierazitako zereginak (maila-arloa-irakasgaia eta horien asteko orduak) egiazkoak direla.

3. ERANSKINA

ESKATZAILEA ENPRESAKO EGONALDIRAKO ONARTU DUTELA ZIURTATZEKO AGIRIA

	 jaunak/andreak

	 enpresaren/entitatearen ordezkari legez

	 helbidea duena

	 ko Lurraldea,

PK: 	 Telefonoa: 	

HAUXE ZIURTATZEN DU:

	irakaslea

onartua izan dela enpresa honetan egonaldia egiteko, ondoko proiektuarekin	

	

ordu-kopurua 	, Aldia: 	,

2007-2008 ikasturtean Enpresetan Prestakuntza Egonaldiak egiteko deia zabaldu duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Ebazpenaren arabera.

ENPRESAREN/ENTITATEAREN ORDEZKARIA

Izpta.:

(Enpresaren/entitatearen zigilua)

4. ERANSKINA
ENPRESAN EGONALDIA EGIN IZANA ZIURTATZEKO AGIRIA

jaunak/andreak

	 enpresaren/entitatearen ordezkari legez

	 helbidea duena

PK: 	 Telefonoa: 	

HAUXE ZIURTATZEN DU:

	 irakasleak

prestakuntza-egonaldia egin duela enpresa/entitate honetan, ondoko proiektua gauzatzeko: 	

	

ordu-kopurua 	, egun-kopurua 	,

ondoko aldian eginda (hilabetea eta hileko egunak zehaztu): 	

	

	,

2007-2008 ikasturtean Enpresetan Prestakuntza Egonaldiak egiteko deia zabaldu duen Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Ebazpenaren arabera.

ENPRESAREN/ENTITATEAREN ORDEZKARIA

Izpta.:

(Enpresaren/entitatearen zigilua)

5. ERANSKINA

JOAN-ETORRIENGATIKO DIRULAGUNTZEN ESKAERA (EBAZPENAREN 8. ART.)

DATU PERTSONALAK:

NAN 	

1. abizena: 	 2. abizena: 	 	Izena: 	

Ikastetxea: 	 Herria: 	

ZERA ESKATZEN DU: Ondoko enpresan prestakuntza-egonaldira joateko egindako joan-etorriengatiko dirulaguntza, ondoko proiektua gauzatzeko

Enpresaren izena 	

Proiektuaren izena 	

(baldin eta enpresan egindako prestakuntza-egonaldia lantokia eta/edo bizilekua dauden herriaz bestelakoan egin bada eta 2007ko irailaren 13ko Etengabeko Ikaskuntzako zuzendariaren ebazpenean ezartzen diren betebeharrak betetzen badira. Esandako ebazpenak Lanbide Heziketako heziketa-zikloak ematen dituzten irakasleei dei egiten die enpresetan prestakuntza-egonaldiak egin ditzaten 2007-2008 ikasturtean).

Eskatzailearen sinadura


Azterketa dokumentala