Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

43. zk., 2006ko martxoaren 2a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Osasun Saila
1088

ERABAKIA, 2006ko otsailaren 2koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua entitate publikoaren Administrazio Kontseiluarena; honen bidez, osasun-arloan eta irakaskuntzan zerbitzuak emateagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei 2006ko ekitaldian kobratuko zaizkien tarifak onartu dira.

Entitate publikoko zerbitzu-erakundeek egun badituzte tarifa batzuk, eta, hain zuzen ere, zerbitzu-erakunde horien bidez osasun-arloan edo irakaskuntzan zerbitzuak emandakoan, tarifa horiek erabiltzen dituzte hirugarrenei zerbait kobratu beharra dagoenean; baina, ikusi da beharrezkoa dela tarifa horiek eguneratzea.

Ildo horretatik, gogoratu behar da Osakidetza–Euskal Osasun Zerbitzuko entitate publikoaren estatutu sozialetan eskumen-multzoa ematen zaiola erakunde zentralari (azaroaren 11ko 255/1997 Dekretua); horien artean, irizpide orokorrak zehazteko gaitasuna eta prezioen politika proposatzekoa (12. artikulua, 4.e idatz-zatia).

Osakidetza–Euskal Osasun Zerbitzuko entitate publikoaren Zuzendaritza Nagusiak proposamena aurkeztu du tarifak handitu daitezen; proposamen hori ikusita, eta Administrazio Kontseilu honek dituen eskumenak erabilita (Osasun-arloa antolatzeko 8/1997 Legearen 22. artikuluko 1 eta 2. puntuak), erabaki hau hartu da

ERABAKIA:

Lehenengoa.– Tarifa berriak onartzea. Tarifak erabakia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik aurrera aplikatuko dira, tarifak ordaintzera behartuta dauden hirugarrenei zerbitzua emateagatik, erabaki honetan kontzeptuka sailkatuta ezarri diren ildoen arabera.

Erabakia eragingarria eta jendearentzat jakina izan dadin, betekizun bakarra dago: tarifa-liburua argitaratu behar da eta ordaindu beharra dutenentzat eskuragarri jarri.

Bigarrena.– Honako hauek izango dute tarifak ordaindu beharra: urtarrilaren 20ko 63/1995 Errege-Dekretuaren II. eranskinean zehaztutako egoeretarik edozeinetan dauden pertsona fisiko zein juridiko guztiek (63/1995 Errege-Dekretua, osasun-sistema nazionaleko osasun-prestazioak antolatzekoa; 1995eko otsailaren 10eko BOE). Emandako zerbitzua fakturatzen denean sorraraziko dira tarifak.

Hirugarrena.– Entitate publikoko zuzendari nagusiaren eginkizuna izango da egin beharreko jardun guztiak egitea hauek betetzeko: aurkeztutako egituraren osagarri, prestazio berriak sartu behar ditu zerbitzu-zorroan, eta medikuntzan eta kirurgian fakturazio berezia izan dezaketen prozedura berriak zeintzuk diren zehaztu behar du, prozedura horien osagaiak eta zatiak zehaztuta eta horiek dakartzaten gastuak xehekatuta; azkenik, prozedura horietatik kanpo dauden diagnosi eta tratamenduko probak, bereiz daitezkeenak, zeintzuk diren zehaztu behar du.

Laugarrena.– Entitate publikoari baimena ematen zaio bestelako hirugarren batzuekin hitzarmenak edo akordio partikularrak egin ditzan, erabaki honetan jasotako zerbitzuak emateko. Prezio-baldintza onuragarriagoak ezarri ahal izango dira ondorengo baldintzen arabera:

a) Beharrezkoa da Osasun Sailaren eskaera guztiak bete ondoren bestelako zerbitzuak eskaintzeko modua egotea.

b) Sistema publikoarekiko elkartasun-printzipioa errespetatu behar da, sistemarekin zerikusirik ez dutenei ematen zaizkien zerbitzuak diru publikoarekin ez ordaintzeko.

c) Entitate publikoaren interesa justifikatu behar da, irizpide objektiboak erabilita.

– Bezeroen berariazko ezaugarriak (instituzio publikoak, sozialak, irabazi-asmorik gabekoak).

– Ekoiztu beharrekoaz gain, gehiagotarako gaitasuna ematen duten aparteko egoerak.

– Negozio-bolumena.

Puntu honetan jasotzen diren hitzarmenak edo akordio partikularrak azalpen-memoriarekin batera aurkeztu behar dira. Memoria horretan, aipatutako alderdi guztiak jasoko dira. Hitzarmen edo akordioak zuzendari nagusiak sinatuko ditu, baldin eta Entitate publikoaren erakunde guztiei edo zerbitzu-erakunde bati baino gehiagori lotuta badaude.

Hitzarmena erakunde bakar batek egiten badu, erakunde horrek berak sinatu beharko du. Dena den, aurretik baimena eskatuko zaio Entitate Publikoaren Erakunde Zentralari, estrategia-plangintzan koherentzia eta egokitzapenak ondo zainduta egon daitezen. Zuzendari Nagusiak erabaki hau betetzeko beharrezkoak iruditzen zaizkion jarraibideak eman ahal izango ditu.

Erabaki hau argitaratzen den egunetik aurrera, indarrean dauden hitzarmenetan ezarritako kopuruak eguneratu eta egokitu egingo dira —behar izanez gero—, hemen ezarritako zenbatekoen arabera; dena dela, prezio-baldintza hobeak ere jar litezke, baina puntu honetan gorago xedatutakoa betez gero.

Bosgarrena.– Entitate Publikoaren zuzendari nagusiari baimena ematen zaio talde jakin eta zehatz batzuekin hitzarmen bereziak sina ditzan; horrelakoetan, dena delako taldeko pertsona edo onuradun bakoitzeko hilero/urtero hainbesteko kopuru jakin bat kobratuta emango da asistentzia sanitarioa.

Seigarrena.– Entitate Publikoko zuzendari nagusiari baimena ematen zaio behin-behineko tarifak ezar ditzan erabaki honetan zehaztu gabe geratu diren egoeretan, betiere, baliabideak hobeto erabiltzeko eta kudeatzeko abagune egokia bada edo egoera estrukturalak hala eskatzen badu; tarifa horiek ezartzeko, bestalde, arrazoiak azaldu beharko ditu ebazpen baten bidez. Dena den, tarifa horiek Administrazio Kontseiluak berretsi behar ditu bi hileko epean, gehienez ere.

Zazpigarrena.– Erabaki hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta 2006ko urtarrilaren 1ean emango ditu ondorioak.

Erabakia argitaratzen den egunetik aurrera, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzua entitate publikoko zerbitzu sanitarioetako erakunde guztietan interesatuen eskura jarri behar da entitate publikoaren tarifa-liburua —osasun–zerbitzuak hartzeagatik ordaindu beharra duten hirugarrenei eskatu behar zaizkien tarifena, alegia—. Eskatzekoak diren zenbatekoen arabera egongo da eguneratuta.

Vitoria-Gasteiz, 2006ko otsailaren 2a.

Administrazio Kontseiluko lehendakaria,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.


Azterketa dokumentala