Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

255. zk., 2003ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saila
7169

AGINDUA, 2003ko abenduaren 30ekoa, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuarena, irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei diru-laguntzak ematea arautzen duena, ingurumen-arloko informazio, partaidetza eta sentiberatze ekintzak burutu ditzaten, betiere, Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiaren aurreikuspenen esparruan.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Herriko Ingurumenaren babeserako Lege orokorrak, bere 98. artikuluan, Herri Administrazioen esku uzten du ingurumen-hezkuntza gizarte-arlo guztietan sustatzeko eginkizuna, herritarrengan ingurumena babestera bideratutako informazioa, jarrerak, baloreak eta jokabideak hedatu eta zabaltzeko ekimenen bitartez.

Bestalde, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2002ko ekainaren 4an izandako bilkuran onartutako Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020) adierazten denez, jasangarritasuna lortzeko bidean beharrezko baldintza da ingurumen-politiketan herritarren eta gizarte eragileen partaidetza aktiboa.

Alde horretatik, aipatutako Estrategia horren helburu izango dira garapen jasangarriaren baloreak eta kultura begiesten duten komunikazio eta sentiberatasun-kanpainak sustatzea. Era berean, gobernuz kanpoko erakunde, ekologista, kontsumitzaileen elkarte eta beste erakunde batzuen partaidetza aktiboa ere funtsezkoa izango da, ardura eta interes kolektiboen sentiberatze eta transmisiorako nahiz gutariko bakoitzaren motibazioa eta inplikazioa lortzeko.

Helburu horiek betetzeko asmoz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailak ondorengo diru-laguntzak sustatu nahi ditu, Ingurumen arloko informazio, partaidetza eta sentiberatze ekintzak burutzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuek eskatu ahal izango dituztenak.

Ondorioz, Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren egitura eta eginkizunak finkatzen dituen azaroaren 20ko 306/2001 Dekretuak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan (Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeren Testu Bategina onartzen duenean) xedatutakoaren arabera eta Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ordaindu beharreko laguntza eta diru-laguntzei aplikatu beharreko gainontzeko xedapenak kontuan izanik

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honen helburua da Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiaren aurreikuspenen esparruan, eta Aginduko 6. artikuluan aurreikusitako urteroko deialdirako ebazpenean zehaztuko den epean, ingurumen-arloko informazio, partaidetza eta sentiberatze ekintzak burutzen dituzten irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei diru-laguntzak ematea arautzea.

2.–Aurreko idatz-zatian ezarritakoaren arabera, ondorengoak dira diruz lagun daitezkeen ekintzak:

a) Ekintza berriak diseinatu eta abian jartzea, ingurumen-arazoak ezagutu, baloratu, horiei aurre hartu eta hobetzeko herritarren partaidetzarako inplikazioa ahalbidetuko dutenak.

b) Garapen jasangarriaren balioak eta kultura sustatzeko kanpainak antolatzea.

c) Argitalpen eta giden edizioak. Edizio horiek ISBN o ISSN izan beharko dute, foro, jardunaldi eta antzeko ekintzetan banatzekoak izan ezik.

d) Jardunaldiak, topaketak, mintegiak edo lan-taldeak antolatzea.

e) Ingurumenari buruzko legeria ezagutu eta betetzea hobetu eta erraztuko duten tresnak diseinatu eta abian jartzea.

f) Orri eta argitalpen elektronikoak sortu eta mantentzea.

g) Artikulu honetako 1. idatz-zatian ezarritakoarekin bat datozen beste ekintza batzuk.

3.– Aurreko ataletan deskribatutako ekintzak diruz lagunduko dira, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde barruak burutzen badira.

2.– artikulua.– Erakunde onuradunak.

1.– Diru-laguntzak jaso ahal izango dituzte irabazi-asmorik gabeko erakundeek, elkarteek eta beste edozein entitate pribatuk, baldin eta legez eratuta badago eta, agindu honetako 6. artikuluan aurreikusitako urteroko deialdirako ebazpena argitaratu baino urtebete lehenago dagokion erregistroan izena emanda badago.

2.– Diru-laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik egongo da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada, eta oraindik tramiteak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

3. artikulua.– Beste diru-laguntzekiko bateragarritasuna.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak bateragarriak izango dira diru publiko zein pribatuaren kargura helburu bererako eman daitezkeen beste diru-laguntzekin, ondorengo idatz-zatian xedatutakoak izan ezik:

2.– Agindu honetan araututako diru-laguntzak ez dira bateragarriak izango baldin eta erakundeak Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren aurrekontuaren pentzutan helburu bererako jasotako beste diru-laguntza edo laguntzak jaso baditu.

3.– Edozein modutan, laguntzen zenbateko osoak ezin izango du ekintzaren kostuaren ehuneko ehun gainditu.

4. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak.

1.– Diruz lagundu ahal izango dira antolamenduarekin eta 1. artikuluan adierazitako ekintzak egiteko zerikusia duten gastuak, BEZ gabe, ondorengo zehaztapenen arabera:

a) Diru-laguntzaren helburu diren ekintzak burutzeko barneko gastu orokorren kasuan, jarduera bakoitzaren kostuaren %10 lagunduko da diruz.

b) Diru-laguntzaren helburu diren ekintzak burutzeko langileriaren gastu orokorren kasuan, jarduera bakoitzaren kostuaren %10 lagunduko da diruz. Ehuneko bera izango da ekintzak burutzeko erakundeak berariaz kontratatu duen langileriaren gastuetarako ere.

2.– Ez dute diru-laguntzarik jasoko ondoko gastuek:

a) Informatikako ekipamendua edo aktibo finkoko beste erosketa batzuei dagozkienak.

b) Behar ez diren edo gaizki egiaztatutako gastuak, nahiz kostua/eraginkortasuna erlazioaren eta ekonomia printzipioaren ikuspuntutik arrazoizkoak ez direla edo gehiegizkotzat jotzen diren gastuak. Gastu horiek, dagokienean, 10. artikuluan ezarritako ebaluaketa-organoak zehaztuko ditu.

5. artikulua.– Laguntzen zenbatekoa.

1.– Laguntzak norgehiagoka izaerakoak dira eta lehiaketaren bidez ebatziko dira Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratuaren (azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretu bidez onartua izan zenaren) 51.4 artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.–Diru-laguntzaren zenbatekoa ez da diruz lagun daitezkeen gastuen ehuneko 70 baino gehiagokoa izango, ezta hirurogei mila (60.000) euro baino gehiagokoa ere, erakundeko eta urteko.

6. Artikulua.– Urteroko deialdien ebazpena.

Ingurumen sailburuordearen Ebazpen bidez, urtero ezarriko da aurrekontu ekitaldi bakoitzean Agindu honetako diru-laguntzak eskatzeko epea. Era berean, Ebazpen horren bidez zehaztuko dira diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak burutzeko epea eta horretarako dagoen aurrekontua; diru-laguntzak esleitzeko irizpide berriak ere ezarri ahal izango dira bertan.

7. artikulua- Eskabideen aurkezpena.

Eskabidean honako toki hauetan aurkeztuko dira: Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko Ingurumenaren Plangintza, Partaidetza eta Kontrolerako Zuzendaritzan, Donostia-San Sebastián kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz, Sail horretako Lurralde Bulegoetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein tokitan.

8. artikulua.– Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1.– Eskatzaileek ondoren adierazten diren dokumentuak aurkeztu beharko dituzte:

a) Eskabidea, erakunde bakoitzeko arauen arabera izendatutako pertsona eskudunak izenpetuta.

b) Entitateak dagokion erregistroan izena eman duela egiaztatzen duen agiria eta erregistratu diren estatutuen kopia.

c) Gizarte Segurantzarekiko dituen betebeharrak eta zerga-betebeharrak ezagutzen dituela adierazten duen frogagiria.

d) Jardueraren proiektua edo azalpen-memoria. Bertan jasoko dira gutxienez: jardueraren deskribapen xehatua, zein kolektibori zuzenduta dagoen, parte-hartzaile kopurua, erabiliko diren baliabideak, ekintza burutzeko metodologia, eta 12. artikuluan ezarritakoa aplikatzeko behar diren gainerako datuak.

e) Ekintzaren aurrekontu xehatua, kontzeptu desberdinetan banatuta eta BEZ gabe: kanpoko gastuak, barneko gastu orokorrak, langileriari dagozkion gastuak, dagokionean, langileria kontratatzeko gastuak, eta jarduera burutzeko egindako beste edozein gastu.

f) Ekintza finantzatzeko plana, dagokionean, jasotako beste diru-laguntza, laguntza edo diru-sarrera batzuk espresuki adierazita.

g) Erakundeko pertsona eskudunak egindako ziurtagiria, ekintza bererako beste diru-laguntzarik eskatu eta, hala balitz, jaso den adierazita.

2.– Ekintza baterako baino gehiagorako diru-laguntza eskatu bada, ekintza bakoitzerako aurkeztuko dira d), c) f) eta g) ataletan ezarritako agiriak.

9. artikulua.– Akatsak zuzentzea aurkeztutako eskarian.

Ingurumenaren Plangintza, Partaidetza eta Kontrolerako Zuzendaritzak hutsune edo okerren bat atzematen badu aurkeztutako eskabidean, hutsune hori zuzen dezala eskatuko dio interesatuari edo nahitaezko dokumentazioa aurkez dezala, hamar eguneko epearen barruan; orobat, ohar hori egingo dio, egin ezean, eskabidea bertan behera utzi duela joko dela adieraziz; horretarako, baina, ebazpen bat eman beharko du aldez aurretik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarritakoari jarraituz.

10. artikulua.– Diru-laguntza kudeatzeko Organoa.

Ingurumenaren Plangintza, Partaidetza eta Kontrolerako Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako diru-laguntzak kudeatzeko lanak egitea.

11. artikulua.– Ebaluazio-organoa.

1.– Ingurumenaren Plangintza, Partaidetza eta kontrolerako zuzendariak eta Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Saileko hiru teknikarik kide anitzeko organo bat osatutako dute aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko.

2.– Ebaluazio-organoak dagokion ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Ingurumen sailburuordeari. Proposamen horretan zehaztuko da zein ekintzak jaso dezaketen diru-laguntza eta horren zenbatekoa, Agindu honen 12. artikuluan aipatutako esleipenerako irizpideen arabera.

12. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

a) Ingurumenaren babesean erakundeak duen inplikazioa.

5 puntura arte baloratuko da. Lehenetsi egingo dira ingurumenaren babesa helburutzat izan eta euren estatutuetan hala jasota duten erakundeak. Bigarrenik, ingurumenaren gaineko ikerketak eta azterlanak helburutzat izan eta euren estatutuetan hala jasota duten erakundeak lehenetsiko dira. Hirugarren izango dira ingurumena babeste aldera ekintzak burutu dituzten erakundeak, euren helburua ingurumenarekin loturik ez dagoen arren.

b) Diru-laguntza jasoko duen ekintza gauzatzen esperientzia izatea.

Agindu honetako 1. artikuluan zehaztutako ekintzen antzekoetan erakundeak duen esperientzia 15 puntura arte baloratuko da.

c) Ekintzaren kalitatea edo interesa.

15 puntura arte baloratuko da, eta kontuan izango dira jardueraren izaera berritzailea, edukia, lortu nahi diren helburuak eta erabiliko den metodologia.

d) Gizartearen partaidetza:

Irizpide hau 15 puntura arte baloratuko da eta kontuan izango dira ekintza zein kolektibori zuzenduta dagoen, kolektibo horren prestakuntza-beharrak, parte-hartzaile kopurua, ekintzaren iraupena eta, dagokionean, argitaratuko diren argitalpen edo aleak.

Elkartekoak ez diren beste kolektibo batzuei zuzendutako ekintzak lehenetsiko dira.

13. artikulua.– Ebazpena.

1.– Ingurumen sailburuordeak emango du Ebazpena, eta eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunetik kontatzen hasita hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko zaio interesatuari.

2.– Epea igarota eskabideen gainean jakinarazpenik izan ezean, eskabideak ukatutzat joko dira Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, aipatutako Legeak Administrazioari ezartzen dion ebazpena idatziz emateko betebeharra alde batera utzi gabe.

14. artikulua.– Diru-laguntzaren ordainketa.

1.– Emandako diru-laguntzaren %60 laguntza onartu ondoren ordainduko da, 15 a) artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Diru-laguntzaren gainerakoa honako agiriak aurkeztu ondoren ordainduko da, betiere, ondorengo idatz-zatian ezarritako epearen barruan:

a) Diru-laguntza jaso duen ekintza nola gauzatu den adierazten duen azalpen-memoria.

b) Ordainketari dagozkion faktura edo beste egiaztagiri batzuen originalak edo kopiak.

c) Diru-sarreren eta gastuen azken balantzea.

3.– Agiri horiek Ingurumenaren Plangintza, Partaidetza eta Kontrolerako Zuzendaritzan aurkeztuko dira, diru-laguntza jaso duen ekintza amaitzen den egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

15. artikulua.– Erakunde onuradunen betebeharrak.

Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak jasotzen dituzten onuradunek, betiere, honako obligazio hauek bete beharko dituzte:

a) Eman zaion diru-laguntza onartzea eta horrekin batera Agindu honetan aipatutako baldintza eta arau guztiak. Alde horretatik, diru-laguntza esleitu egin zaiola jakinarazten dion ebazpena jaso eta hamabost eguneko epearen barruan, diru-laguntzaren onuradunek berariaz eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza xede jakin bat betetzeko ematen denez, xede jakin horretara bideratu behar da diru-laguntza, baldintzak aldatzeari buruz 16. artikuluan ezarritakoa aplikatu behar ez bada, behintzat.

c) Diru-laguntza jaso duten ekintzetan landuko diren agirietan nahiz ekintzen gaineko iragarkietan aipatu egingo da Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Sailaren babesletzaren aipamena.

d) Diruz lagundutako ekintzen promoziorako sortutako kartel, testu eta agiriak euskaraz eta gaztelaniaz egongo dira.

e) Azterlanek, egitarauek, jardunaldiek, argitalpenek ea. genero ikuspegia izango dute eta ez dute elementu diskriminatzailerik begietsiko ez hizkuntzan ez eta irudietan ere.

f) Ingurumenaren Plangintza, Partaidetza eta Kontrolerako Zuzendaritzari jakinaraztea beste edozein Administrazio, erakunde edo pertsona publiko zein pribatuk helburu bererako emandako beste edozein diru-laguntza eta , horien zenbatekoa, gertaera horren berri izan eta 10 egun baliodunen barruan.

Diru-laguntza emateko kontuan izan den edozein egoeratan, bai egoera subjektibo bai objektiboetan, aldaketarik gertatu bada ere, horren berri emango zaio aipatutako organoari, goian adierazitako epean.

g) Diru-laguntzaren bigarren ordainketa jaso baino lehen, Ogasunari eta Gizarte Segurantzari dagozkien zergak ordaindu direla egiaztatu beharko dio Ingurumenaren Plangintza, Partaidetza eta Kontrolerako Zuzendaritzari.

h) Laguntzen emaileak egin ditzakeen egiaztatze-jarduketei men egitea. Halaber, deialdi honen ondorioz Ekonomia Kontrolerako Bulegoak eta Herri-kontuen Euskal Epaitegiak, jasotako diru-laguntzen inguruan bakoitzari dagozkion egitekoak betez, egin ditzaketen kontrol-jarduketei men egitea, eskatutako informazioa eskura jarrita.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren esparruan ezaugarri bereko diru-laguntzei aplika dakizkiekeen gainerako arauak.

16. artikulua.– Diru-laguntzak emateko baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontutan hartutako baldintzak aldatzen badira; horrekin batera beste administrazio nahiz erakunde publiko nahiz pribatu batzuetatik laguntzak edo diru-laguntzak jasotzen badira; edota, kasua bada, helburu bererako beste diru-sarrera zein baliabide batzuk eskuratzen badira, diru-laguntza emateko hartu zen ebazpena aldatu egin ahal izango da; kasu horretan, dena dela, diru-laguntzen onuradun izateko arau honetan jarritako oinarrizko baldintzak gorde egingo dira.

Ondorio horietarako, Ingurumen sailburuordeak dagokion ordainketarako ebazpena emango du; ebazpen horretan emaniko diru-laguntzaren kopurua doituko dira edota, hala dagokionean, lortutako gehiegizko diru-kopurua itzultzeko eskatu.

17. artikulua.– Ez betetzeak.

Diru-laguntzaren onuradunak oinarri hauetan ezarritako edozein baldintza bete ezean, organo eskudunak, interesatuei entzun ondoren, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdu duela adieraziko du, eta beharrezkoa izanez gero, dagokion zenbatekoa Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko derrigortasuna ere erabaki ahal izango du, hala ezartzen baita azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duenean, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duenean.

Halaber, itzuli egin beharko du beste laguntza eta diru-laguntzekiko bateragarritasun maila gainditu eta diru-laguntza honen helburu den ekintzaren kostutik gora jasotako dirua, agindu honetako 3. artikuluan adierazitakoaren arabera. Hala ere, hori guztia ez da eragozpen izango zehapenak ezartzeko ez eta kalte-ordainak edota, dagokionean, erantzukizun penala eskatzeko ere.

Dagozkien legezko ondorioei begira, zenbateko horiek sarrera publikotzat joko dira.

18. artikulua.– Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka eta ondorioz sor litezkeen egintzen aurka egin ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako epeetan eta eran.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe geratzen da Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburuak 2003ko uztailaren 2an emandako Agindua, irabazi-asmorik gabeko erakunde pribatuei diru-laguntzak ematea arautzen duena, ingurumen arloko informazio, partaidetza eta sentiberatze ekintzak burutu ditzaten Garapen Jasangarriaren Euskal Ingurumen Estrategiaren aurreikuspenen esparruan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan berariaz oharteman gabe gelditu diren kasu guztietan azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearenean, eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen testu bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan jasotako oharpenak dira ezargarri.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abenduaren 30a

Lurralde Antolamendu eta Ingurumen sailburua,

SABIN INTXAURRAGA MENDIBIL.


Azterketa dokumentala