Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

255. zk., 2003ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
7166

AGINDUA, 2003ko abenduaren 23koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena, hiru urtetik beherako haurrak dituzten familiei laguntzeko eta hiru urtetik beherako haurren arretarako zentroen sarea finkatzeko diru-laguntzak ematea arautu eta horietarako deialdia egiten duena.

Laguntzei buruzko agindu hau da modurik egokiena Eusko Jaurlaritzak lana eta familia uztartzeko eta hiru urtetik beherako haurren hezkuntzan laguntzeko dituen helburuak betetzen laguntzeko. Bereziki, errentarik txikienak dituzten eta orain arte egungo kuotei aurre egin ezin izanagatik lehen zikloko hezkuntza-zerbitzuetarako sarbidea mugatuta izan duten famili unitateak hartuko dira kontuan. Erkidegoko haur-eskoletan hainbat errealitate desberdin dagoenez, ezinezkoa da kuota bakarreko eredua definitzea, eta, ondorioz, ezin da diru-laguntza bakarraren eredua definitu. Ondorioz, beraz, Agindu honen onuradun izango diren familien gehiengoak kuotaren zati bat ordaindu beharko du, emango zaien diru-laguntza ez delako izango familiak ikastetxeari ordaindu behar dion zenbatekoaren %100.

Agindu honek kontuan hartu ditu abenduaren 17ko 297/2002 Dekretuaren ondoriozko jarduera guztiak (Dekretu horrek, gogoratu, Euskal Autonomia Erkidegoko zero urtetik hiru urtera bitarteko haurren Haur Eskolak 2002-2003 eta 2003-2004 ikasturteetan arautu ditu). Horrela, 0 urtetik 3 urterako Haur Eskolen Kontsortzioaren figura sortzea (Euskal Autonomia Erkidegoko haur-hezkuntza kudeatu, koordinatu eta garatzen duen erakunde gisa) izango da etorkizuneko erreferentea eta tresna, haur-hezkuntzaren alde sortuko diren neurri, laguntza eta ekintza guztiak batera bilduko dituena.

Agindu honen bidez sendotu egin nahi dira seme-alabak 0 urtetik 3 urterako eskoletan matrikulatzea aukeratu duten errenta apaleko famili unitateentzako laguntzak. Diru-laguntzok, beraz, ongizateko gizarterantz aitzinatzeko bidea ematen dute, diferentzia ekonomikoak haur-eskolara joateko oztopo izan ez daitezen.

Horren indarrez eta Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. artikuluak esleitzen dizkidan eskumenei jarraiki, honako hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea

Agindu honen helburua ondokoa da: hiru urtetik beherako haurrak dituzten familiei laguntzeko eta hiru urtetik beherako haurren arretarako zentroen sarea finkatzeko diru-laguntzak ematea arautu eta horietarako deialdia egitea, Euskal Autonomia Erkidegoaren esparruan.

2. artikulua.– Ekonomia-baliabideak.

1.– Aurreko artikuluaren helbururako ekonomia-baliabideak hemendik helduko dira: urtero, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarri diren aurrekontu-kredituetatik.

2.– Agindu honetan jasotako laguntzak lehiaketaren prozeduraren bidez ebatziko dira, balorazio-batzordeak eskatutako dokumentazioa egiaztatu ondoren. Laguntzetarako funtsak nahikoa ez badira, diru-sarrera gutxien dituzten familien eskariak lehenetsiko dira, izendaturiko aurrekontu-kreditua agortu arte. Famili unitate batek baino gehiagok balorazio berbera lortuz gero, Agindu honen 9.2 artikuluko irizpideak erabiliko dira.

3.– Ekitaldi bakoitzari dagozkion laguntzak emateko deialdian zehaztuko diren guztizko zenbatekoak aldatu ahal izango dira, orotara eskatutako laguntzen kopurua kontuan hartuta, eta ondokoetatik atera daitezkeen agortu gabeko aurrekontu-baliabideen arabera: Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren beste laguntza-programa batzuen exekuziotik edo xede berari lotutako aurrekontu-partidetatik. Aldarazpena, dena den, eskabideak ebatzi aurretik egin beharko da, eta adierazitakoa jendaurrean iragarri beharko da, Gizarte Gaietako sailburuordeak emandako ebazpenaren bidez.

3. artikulua.– Onuradunak.

1.– Famili unitateak izan daitezke laguntzen onuradunak, baldin eta haur-hezkuntzako lehen zikloa eskaintzen duten zentroetan matrikulatuta dauden 3 urtetik beherako haurrak ardurapean badituzte, eta Euskal Autonomia Erkidegoan bizi badira.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta honen erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasita dauden baina oraindik bideratzen ari diren itzultze edo zigor prozedura guztiak amaitzearen baldintzapean geratuko da diru-laguntzen eta laguntzen ematea eta, hala badagokio, ordaintzea.

4. artikulua.– Deialdiak.

Agindu honek arautu dituen laguntzak emateko prozedura administrazioaren kabuz hasiko da, ikasturte bakoitzerako, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduz egindako deialdiaren bidez.

Deialdi bakoitzean zehatz-mehatz finkatuko dira laguntzetarako eskabideak aurkezteko tokia eta epea, baita Agindu honen 2. artikuluan aipatutako aurrekontu-izendapena ere.

5. artikulua.– Erakunde laguntzaileak.

1.– Agindu honetan araututako diru-laguntzen ordainketa kudeatzeko, hauek hartuko dira erakunde laguntzailetzat: hiru urtetik beherako haurren arretarako zerbitzua eskaintzen duten zentro publikoak eta pribatuak, betiere haur horien famili unitateak gertatzen badira Agindu honetan araututako laguntzen onuradun.

2.– Arau honek erakunde laguntzaileei ezartzen dizkien betebeharrez gain, erakunde laguntzaileontzako betebeharren oinarrizko araubidea hauxe izango da:

a) Hiru urtetik beherako haurren arretarako zerbitzuari dagozkion gastuak ordaintzeko erabiltzea emandako diru-laguntza, onuradun bakoitzari emandako zenbatekoan erabili ere.

b) Laguntzak emateko baldintza edo betebeharrak betetzen direla eta eraginkorrak direla bermatzea.

c) Jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatzea erakunde emailearen aurrean.

d) Erakunde emaileak eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak funts horiek nola kudeatu diren egiaztatzeko egin ditzaketen jarduerei men egitea.

3.– Agindu honen onuraduna izan den famili unitate baten hiru urtetik beherako haurren bat inskribatua duten erakunde pribatuek ondoko konpromisoa hartu dute bere gain: I. eranskineko hitzarmena izenpetzea, hitzarmen horren bitartez hartuko baitira erakunde laguntzailetzat. Ikastetxe publiko zein pribatuetako zuzendaritzek konpromisoa hartuko dute jasotako diru-laguntzak famili unitate onuradunen kuotak ordaintzeko edo gutxitzeko erabiliko dituztela. Orobat, bere garaian "adostasunezko idazkia" delakoa betetzeko konpromisoa hartu dute, idazki horrek ondokoak jasotzen baititu: familia onuradunetan gertaturiko gorabehera eta aldaketa-mudantzak, baldin eta eskolatze-gastuari, eta ondorioz, laguntzaren azken kopuruari eragiten badiote. Adostasunezko idazkiaren informazioak, batzuetan, justifikatu gabeko kopuruak Eusko Jaurlaritzari itzuli beharra ekarriko du, eta beste batzuetan, emandako zenbatekoa gorantz doitzea. Familiaren bat ikastetxearekin zorretan badago, zentro horrek zorra kitatu lezake diru-laguntzak berak emandako sarrerekin.

4.– Ikastetxe bakoitzak, eskaera-orriekin batera, eskaria egin duten famili unitateen zerrenda ere aurkeztu beharko du, famili unitate bakoitzak ordaindu behar duen urteko zuzeneko gastua zehaztuz (kopuru horrek bat etorri beharko du Agindu honetako 6. artikuluaren a idatz-zatian eskatzen den zenbatekoarekin), eta ikastetxeko famili unitate guztiek eskatu dituzten kopuruen guztizko batura adieraziz. Urteko gastutzat joko da famili unitate bakoitzak zentroari zuzenean ordaindu behar diona, zentrora joateagatik eta zentroak ematen dituen zerbitzuengatik.

6. artikulua.– Eskabideen aurkezpena: epea, lekua eta bete beharreko dokumentazioa.

1.– Esandako laguntzak eskatzeko, famili unitateek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute, hilabeteko epean, agindu hau argitaratu eta biharamunetik aurrera kontatzen hasita:

a) Eskaera formalizatzeko idazkia, ondoko hauek izango dituena: eskatzen den urteko kopurua, eskatzailearen sinadura eta zentroaren sinadura eta zigilua. Eskatutako kopuruak ezin izango ditu Aginduak ezarritako mugak gainditu, eta kalkulatzeko garaian, ikastetxean egin beharreko gastutzat joko da delako famili unitateak jasan behar dituen gastuen batura, 2003-2004 ikasturte osoan ikastetxera joatearen ondorioz. Kopuru horretan ez da beste erakunde edo entitateren batek zuzen edo zeharka diruz lagundutako inongo kontzepturik sartuko.

b) 2002ko errenta-aitorpenen edo baterako aitorpenaren fotokopia, edo, halakorik ezean, urteko sarreren zinpeko aitorpena. Banakako aitorpenak badira, aitorpenik aurkeztu ez duenak Ogasunaren ziurtagiria erantsi beharko du, aitorpenik egin ez duela justifikatzeko, baita famili unitatearen ekonomia-egoera justifikatzeko bidezko iritzitako dokumentu guztiak ere.

c) Hala badagokio, famili unitateko kideren baten minusbaliotasun-maila egiaztatuko duen dokumentua.

d) Familia-liburuaren fotokopia edo famili unitateko kideak egiaztatzeko agiri batena. Guraso bakarreko unitateek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, egoera horren berri emateko, erroldatze-ziurtagiriarekin batera.

e) Famili unitateak ikasturtea iraila baino beranduago hasten badu, diru-laguntza eskuratu nahi izanez gero, dagokion deialdian zehaztuko den epean egin beharko du eskaria, aukeratutako zentroko matrikula edo prematrikularekin batera. Nolanahi ere, ez da diru-laguntzarik emango eskabideak aurkezteko azken datarako jaiotzeke dauden haurrentzako.

7. artikulua.– Kudeaketa-organoa eta balorazio-batzordea.

1.– Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari dagokio Agindu honetan aurrez ikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.

2.– Aurkeztutako eskabideak 9. artikuluan ezarritako irizpideak aplikatuta aztertzeko, balorazio-batzorde bat eratuko da. Batzorde hori teknikari-mailako eta Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari atxikitako hiru funtzionariok osatuko dute. Gizarte Ongizateko zuzendariak izendatuko ditu, baita horien artean lehendakaria eta idazkaria aukeratu ere.

3.– Bere jardueraren emaitza gisa, batzordeak ebazpen-proposamena igorriko dio Gizarte Ongizateko zuzendariari. Proposamen horretan onuradunen zerrenda barne hartuko da, eta laguntzaren xede diren famili unitateak eta proposaturiko diru-laguntzen zenbatekoak adieraziko dira, bai eta ezesteko proposatutako eskabideen zerrenda eta ezesteko arrazoiak ere.

8. artikulua.– Ekonomia-baldintzak

1.– Famili unitateko kideen kopuruaren arabera, laguntzak eskuratu ahal izateko ekonomia-baldintzak ondoko famili errentaren tarteei jarraiki daude adierazita:

(Ikus .PDF)

2.– Famili unitatearen errenta-maila finkatzeko, sarrera garbiak hartuko dira kontuan eta, sarrera hauek, zerga-oinarri orokorrari famili unitateak haurra zentroan matrikulatu aurreko aldian egindako Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren likidazioaren kuota likidoa kentzearen emaitzazkoak izango dira.

Aitorpen indibidualen kasuan, kalkulua bi aitorpenak batuta egingo da.

Aitorpena egin ezean, urteko sarreren zinpeko aitorpen baten bidez eta aitorpena egin ez izanari buruzko ogasun-ziurtagiriaren bidez ordezkatu ahal izango da.

3.– Agindu honen 6.1.c artikuluaren arabera, bizileku berean bizi diren urrituak edo mendekoak dituzten famili unitateek, halako ezaugarriak dituen pertsona bakoitzeko kide bat gehiagori dagokion ponderazioa aplikatuko dute.

4.– Guraso bakarreko familien kasuan, dituzten kideak baino bat gehiago dituztela joko da.

9. artikulua.– Diru-laguntzak esleitzeko irizpideak.

1.– Aurrekontu-kreditua agortuz gero, ekonomia-baliabide gutxien dituzten famili unitateen eskariak lehenetsiko dira, tarte altuenetakoetatik hasi eta hurrenez hurren jarraituta.

2.– Famili unitate batek baino gehiagok diru-sarrera berdinak izanez gero, kide gehiago dituztenei emango zaie lehentasuna; hala ere, berdinketarik izanez gero, beste edozein diru-laguntzarik jasotzen ez duenari emango zaio lehentasuna. Diru-laguntzatzat hartuko da famili unitateak ordaindu beharreko kuotari zuzenean edo zeharka eragiten dion edozein ekarpen publiko zein pribatu.

10. artikulua.– Diru-laguntzen kopurua.

1.– 2003-2004 ikasturterako diru-laguntzen zenbatekoa tarte hauen araberakoa izango da:

a) Laguntzen lehen tartean jasotako familiek 1.440,00 euroko diru-laguntza izango dute.

b) Laguntzen bigarren tartean jasotako familiek 1.080,00 euroko diru-laguntza izango dute.

c) Laguntzen hirugarren tartean jasotako familiek 720,00 euroko diru-laguntza izango dute.

2.– Famili unitate berak zentro batean 0 urtetik 3ra bitarteko haur bat baino gehiago matrikulatuta badu eta Agindu honetan zehazturiko errenta-tarteetako ezeinetan jasota ez badago, famili unitate horrek 1.440 euroko diru-laguntza jasoko du matrikulatutako bigarren haurretik aurrera; betiere, sarrera garbiek urteko 36.794,66 euroko kopurua gainditzen ez badute.

3.– Diru-laguntzak inola ere ezin izango du gainditu famili unitateak 2003ko irailetik 2004ko uztailera bitartean ume bakoitzeko duen zuzeneko kostua.

11. artikulua.– Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Agindu honetan aurrez ikusitako laguntzak bateragarriak izango dira helburu berarekin emandako beste edozeinekin; edonola ere, ezin izango da aurreko artikuluaren 3. paragrafoan ezarritako muga gainditu. Diruz laguntzeko kopuruaren eskaria familiari egozten zaiona izango da soilik, beste edozein laguntza deskontatu ondoren.

12. artikulua.– Ebazpena.

1.– Gizarte Ongizateko zuzendariak, balorazio-batzordeak formulatutako proposamena ikusi ondoren, laguntzen esleipen edo ukapenari eta laguntzen kopuruari buruzko ebazpena emango du. Ebazpena lau hilabeteko gehieneko epean jakinaraziko zaie interesatuei, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik aurrera kontatzen hasita, eta gero EHAAn argitaratuko da.

2.– Ebazpena emateko aurrez ikusitako epea amaitu eta halakorik jakinarazten ez bada, formulatutako eskaera ezetsitzat hartu ahal izango da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako. Hala ere, Legeak berariazko ebazpena eman beharra ezarri dio Administrazioari.

13. artikulua.– Famili unitate onuradunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen 50. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Agindu honetan araututako laguntzen onuradun diren famili unitateek ondoko betebeharrak izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu honetan, diru-laguntzak emateko jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean famili unitate onuradunek diru-laguntzari espresuki eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu dela ulertuko da.

b) Diru-laguntza emandako xederako berariaz erabiltzea eta haurra ikasturtea amaitu arte zentroan mantentzea. Haurra arestian esandako data horretara arte mantentzen ez bada zentroan, bertan emandako hilabeteen arabera murriztuko da diru-laguntza, deialdian ezarritako prozedura erabilita.

14. artikulua.– Ordainketa eta justifikazioa.

Gizarte Ongizateko zuzendariaren ebazpen bidez, laguntzen ordainketa ondoko eran egingo da:

a) Familiei esleitutako laguntza ordainketa bakarrean emango da, 13. a artikuluak ezarritako epea igaro eta uko egiterik ez bada izan.

b) Laguntzak zentroko zuzendaritzak adierazitako kontu batean sartuko dira, eta kontu hori Agindu honetan araututako laguntzak jasotzeko izango da. Ondoren, zentroko zuzendaritzak familia onuradunei dagozkien deskontuak aplikatuko dizkie, edo, hala bada, diru-laguntza edo kuoten eta diruz lagundutako kopuruaren arteko aldea zuzenean ordainduko. Ikasturtea amaitutakoan, zentroa beharturik egongo da famili unitateei, egoeraren aldaketa dela-eta, ordaindu ez dizkien kopuruak itzultzera.

c) Zentroak familiei diru-laguntza ordaindu diela justifikatzeko epea, Gizarte Ongizateko zuzendaritza honek zentroei bidaliko dizkien dokumentu baten bidez justifikatu ere, hogei egun baliodunekoa izango da, diru-laguntza ordaintzen denetik hasita. Zentroa beharturik dago famili unitateei, egoeraren aldaketa dela-eta, ordaindu ez dizkien kopuruak itzultzera.

15. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzen aldaketa.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzen aldaketa orok (betiere diru-laguntzaren xedea betetzen dela ulertzen bada) eta, hala badagokio, aldi berean helburu berarekin emandako beste diru-laguntza eta laguntza batzuk lortzeak, laguntzak emateko Ebazpena aldatzea ekarri ahal izango du. Horretarako, Gizarte Ongizateko zuzendaritzak aldaketari buruzko bidezko Ebazpena emango du eta emandako diru-laguntzen zenbatekoak egokituko dira bertan.

16. artikulua.– Ez-betetzeak.

Diru-laguntzak emateko oinarri diren baldintzak bete ez izanaren edozein kasu egiaztatzeak diru-laguntza galtzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako kopuruak eta dagozkien legezko interesak itzultzeko betebeharra ekarriko du, aldez aurretik bidezkoak diren prozedura-izapideak egin ondoren eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginari eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuari jarraiki, bertan ezarritako baldintzetan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Bakarra.– 2003-2004 ikasturterako laguntzetarako deialdia.

1.– 2003-2004 ikasturterako laguntzetarako deia egiten da. Gehienezko kopurua 3.000.000 euro izango da.

2.– Eskabideak zentroko zuzendaritzan entregatu beharko dira, eta zentroak Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Erregistro Orokorrean aurkeztu beharko ditu (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz), edo, bestela, Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurrez ikusitako edozein moduren bitartez igorri ahal izango dira; betiere, Agindu honen 6. artikuluaren lehen paragrafoan adierazitako hilabeteko epe horretan.

3.– Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak aurkeztu den eskabidean akats edo hutsegiteren bat dagoela edo eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumenturen bat falta dela ikusten badu, eskatzaileari jakinaraziko dio, eta hamar eguneko epea emango akatsa zuzendu edo dokumentua aurkez dezan. Halaber, hala egin ezean Ebazpen bidez bere eskaera atzera egintzat hartuko dela adieraziko zaio. Ebazpen hori Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen duen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan aurrez ikusitako baldintzetan egin beharko da. Zentro guztiek jasoko dute bertan inskribatuta egon eta eskabidea ondo osatu ez duten onuradunen zerrenda.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egindako gastu-espedienteen aurretiazko izapidetzea arautzen duen Ekonomia eta Ogasun Ekonomia eta Ogasun Sailaren 1985eko azaroaren 12ko Aginduak aurrez ikusi dituen ondorioetarako, deialdi honen eraginkortasuna 2004an kreditu egoki eta nahikoa izatearen mende egongo da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honetan espresuki aurrez ikusi gabeko alderdi guztietan, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatutako Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea arautzen dituen azaroaren 26ko 30/1992 Legean, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Oinarri Antolatzaileei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan bildutako aurreikuspenak aplikatuko dira.

Bigarrena.– Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Hirugarrena.– Agindu honen aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete interesdunek Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, Agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. 2003-2004 ikasturterako laguntzen deialdiaren aurka, berriz, administrazio-bidea amaitzen baitu, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, EHAAn argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abenduaren 23a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

I. ERANSKINA

LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOAN HIRU URTETIK BEHERAKO HAURREN ARRETARAKO ZERBITZUAK EGITEN DITUEN (ikastetxe pribatuaren izena) ZENTRO PRIBATUAREN ETA EUSKO JAURLARITZAKO ETXEBIZITZA ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAREN ARTEAN.

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA
ANEXO II
HAURRAK HAUR-ESKOLETAN DITUZTEN FAMILIENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK
ZENTROEN DATUAK ETA IKASLEEN ZERRENDA
SUBVENCIONES A LAS FAMILIAS CON NIÑOS Y NIÑAS EN ESCUELAS INFANTILES
DATOS DEL CENTRO Y LISTADO DE ALUMNOS Y ALUMNAS SOLICITANTES

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA
ANEXO III
HAURRAK HAUR-ESKOLETAN DITUZTEN FAMILIENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK
AYUDAS A FAMILIAS CON NIÑOS Y NIÑAS EN ESCUELAS INFANTILES

ESKAERA

SOLICITUD

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala