Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

255. zk., 2003ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Nekazaritza eta Arrantza Saila
7159

336/2003 DEKRETUA, abenduaren 23koa, mendi-nekazaritzako eremuetan landa garapeneko aitzindari proiektuak gauzatzeko diru-laguntzak arautzen dituen dekretua aldatu duena.

Urriaren 1eko 520/1991 Dekretuak mendi-nekazaritzako eremuetan landa garapeneko aitzindari proiektuak gauzatzeko diru-laguntzak ezarri zituen. Dekretu horrek aitzindari proiektua sortu edo asmatu zuen, proiektu berritzaileen garabide gisa, zeinen bitartez ekintza solte batzuk ahalbideratuko baitira, jendearen aurrean eredu gisa hartua izan eta antzerako ekimenak han-hemenka ugal daitezen landa-ingurunean. Eta hori guztia, landa-inguruneen, orokorrean, eta batik bat, mendialdeen moteltze sozioekonomikoari aurre egiteko.

Geroago, dekretu hori indargabe geratu eta azaroaren 28ko 242/2000 Dekretuak ordezkatu zuen, diru-laguntza horiek Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza-Dekretuari, eta, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeari (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu duena) egokitzeko. Bestetik, eta laguntzon irispidea mugatua denez, Europako Batasuneko antolamendu juridikoaren "minimis" arauen mende jartzea ere bidezko da, dekretu honetan arautzen dena esandako antolamendu juridikoari egokitzearren.

Aurrekoa gorabehera, zaila da zenbait ekintza lagungarri "minimis" arauetara egokitzea eta azaroaren 28ko 242/2000 Dekretua aplikatzea. Hori dela-eta, komeni da arauok aldatzea. Aldaketa hori dela bide, honakook dira diru-laguntza horien onuradun izan daitezkeenak: toki-erakundeak, administrazio-batzarrak, elkarteak edo bestelako pertsona juridikoak baldin eta irabazi-asmorik gabekoak badira eta euren helburua jarduera industriala edo komertziala ez bada. Beste aldaketa batzuek, aitzitik, diru-laguntza-arau berezi hauek aplikatzen laguntzea helburu daukate.

"Landaberri" eta Landa Garapeneko Elkarteei iritzia eskatu zaie dekretu hau egiteko garaian.

Ondorioz, Nekazaritza eta Arrantza sailburuaren proposamenez, Jaurlaritza Batzordeak 2003ko abenduaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.– Mendi nekazaritzako eremuetako landa garapeneko aitzindari proiektuetarako laguntzak arautu dituen azaroaren 28ko 242/2000 Dekretuaren 4. artikuluaren lehen idatz-zatiko testuaren ordez honako hau sartzea:

"1.– Honako hauek bildu ahal izango dira dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzetara: toki izaerako ente publikoak, administrazio-batzarrak nahiz bestelako pertsona juridikoak, merkataritza-sozietateak eta sozietate zibilak salbu, baldin eta helburu badute onura ekonomikoak lortzea bazkideen artean banatzeko."

Bigarren artikulua.– Mendi nekazaritzako eremuetako landa garapeneko aitzindari proiektuetarako laguntzak arautu dituen azaroaren 28ko 242/2000 Dekretuaren 5. artikuluaren a) letra kentzea.

Hirugarren artikulua.– Mendi nekazaritzako eremuetako landa garapeneko aitzindari proiektuetarako laguntzak arautu dituen azaroaren 28ko 242/2000 Dekretuaren 6. artikuluaren testuaren ordez honako hau sartzea:

1.– Ezarri beharreko neurrien kostuaren %60aren pareko laguntza izan daiteke, gehienez ere. Laguntzaren gehienezko kopuru hori, dena den, %80ra irits daiteke toki izaerako ente publikoek abiarazitako proiektuak badira.

2.– Dekretu honen kontura emandako laguntzak bateragarri dira Administrazio Publikoak ezarritako beste edozeinekin. Nolanahi ere, aurreikusitako bateragarritasunak, betiere, gainfinantzaketarik ez izateko baldintzapean daude. Halakorik gertatuz gero, diru-laguntzatik dagokion kopurua murriztuko da lagundutako egitasmoaren kostu osoari egokitu arte.

Laugarren artikulua.– Mendi nekazaritzako eremuetako landa garapeneko aitzindari proiektuetarako laguntzak arautu dituen azaroaren 28ko 242/2000 Dekretuaren 7. artikuluari e) letra gehitzea:

"e) Ohiko lan-mundurako edo/eta burutzen diren esparruko gizarte-bizitzarako ezinduta dauden pertsonen integraziorako bide ematen duten proiektuak: 20 puntu."

Bosgarren artikulua.– Mendi nekazaritzako eremuetako landa garapeneko aitzindari proiektuetarako laguntzak arautu dituen azaroaren 28ko 242/2000 Dekretuaren 8.2.b) artikuluari gidoi berri bat gehitzea:

"- administrazio-baimenak, beharrezkoak izanez gero."

Seigarren artikulua.– Mendi-nekazaritzako eremuetan landa garapeneko aitzindari proiektuak gauzatzeko diru-laguntzak arautzen dituen azaroaren 28ko 242/2000 Dekretuaren 10. artikuluari idatz-zati berri bat gehitzea: Idatz-zati berriak "hiru" zenbakia izango du. Beraz, hurrengo idatz-zatiak hurrenez-hurren zenbatuko dira.

"3.– Justifikaturiko arrazoirik bada, Landa Garapeneko zuzendariak luzapena eman dezake ebazpen baten bitartez "aitzindari proiektuotan" jasotako ekintzak eta neurriak gauzatzeko, eta luzapen hori ez da urtebetekoa baino luzeagoa izango."

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Nekazaritza eta Arrantza sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala