Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

255. zk., 2003ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Kultura Saila
7158

338/2003 DEKRETUA, abenduaren 29koa, Euskal Autonomia Erkidegoan ikus-entzunezkoen produkzioa sustatzeko finantziazioa arautzen duena.

Kulturaren eta arte ederren alorrean dituen eskumenen barruan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak modalitate berriak ezarri nahi ditu Euskal Autonomia Erkidegoan ikus-entzunezko produkzioa sustatzeko eta sendotzeko. Ezarri nahi diren neurriek, gainera, Ikus-entzunezkoen i2i Programan emandako arauak dute oinarri. Programa hori Europako Batzordeak bultzatu du, Inbertsioetarako Europako Bankuaren laguntzaz, ikus-entzunezkoen enpresen egonkortasun finantzarioa sendotzeko.

Sustapen-politika hori zehazteko, nahitaezkoa da hainbat finantziazio-lerro ezartzea, ez bakarrik proiektuak egoki aukeratzeko eta dituzten arriskuak behar bezala ebaluatzeko, baita ikus-entzunezko produkzio-modalitate desberdinen finantziazioan sortzen diren arazo larriak arintzeko eta etorkizun handiko kultur sektore berritzaile horretan proiektu garrantzitsuagoak burutu ahal izateko.

Alor horretan, Kultura Sailaren apustua da berariazko finantziazio-lerro bat ezartzea. Ildo horretatik, ikus-entzunezko produkzioa sustatzeko garatu eta erabiliko diren finantza-tresnek, itzuli beharrik gabeko diru-laguntzen ohiko sistema gaindituz, beste aukera batzuk eskainiko dituzte nagusiki: aurrerakin itzulgarriak edo interes-tasa txikiko maileguak, oinarri teknologiko edo berritzailea duten enpresentzako beste programa batzuetan egiten den bezala.

Hortaz, programa horietan finkatutako ildoei jarraituz, entitate laguntzaile bat arduratuko da ikus-entzunezko produkzioa sustatzeko finantza-lerroen inguruko kudeaketa eta ordainketak egiteaz.

Dekretu honen bitartez, aipatutako finantziazio-moduei buruzko araubidea eta horien ezaugarriak zehazten dira, bereziki, eskakizunak, laguntzak jaso nahi dituzten enpresek jarraitu behar duten prozedura, Batzorde Tekniko Aholkulariaren zereginak eta programaren kudeaketan entitate laguntzaile batek parte hartzeko aukera.

Ondorioz, Kultura sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko abenduaren 29ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– Xedea.

1.– Dekretu honen bitartez, euskal ikus-entzunezkoen sektorean produkzioa, lehiakortasuna eta enplegua sustatzeko finantzatuko diren ikus-entzunezko proiektuek zein baldintza bete behar dituzten eta laguntzak nola emango diren zehazten da.

2.– Hauek dira sustapen-lerroak:

– Interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarriak.

– Kontratuak finantzatzeko maileguak.

2. artikulua.– Ekonomi baliabideak.

1.– Aurreko artikuluan aipatutako helbururako diru-baliabideak urtero zehaztuko dira Kultura Saileko aurrekontuetan.

2.– Aurrekontu-ekitaldi bakoitzean, guztira esleitzen diren zenbatekoek ez dute gaindituko sustapen-lerro bakoitza finantzatzeko ezarritako guztirako zenbatekoa. Zenbateko horiek eta laguntzak eskatzeko epeak Kultura sailburuaren agindu baten bitartez jakinaraziko dira eta agindu hori EHAAn argitaratuko da. Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, ezarritako zenbateko globala aldatu egin ahal izango da, baldin eta Kultura Sailaren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Ekitaldi batean hasieran finkatutako zenbatekoa handitzen bada, horren berri emango da Kultura sailburuaren agindu baten bitartez, eta epe berri bat irekiko da sustapen-lerro horietara jo ahal izateko. Kultura sailburuaren agindua EHAAn argitaratuko da.

3. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezakeen ikus-entzunezko produkzioa.

1.– Dekretu honetan arautzen diren sustapen-lerroak ikus-entzunezko produkzio berriek jaso ahal izango dituzte eta, horien barruan, bai atalkakoak ez diren sorkuntza-lanek bai bestelako produkzioek.

2.– Dekretu honen arabera atalkakoak ez diren sorkuntza lanak sustapen-modalitate bietara aurkez daitezke; bestelakoak, berriz, kontratuak finantzatzeko maileguetako modalitatera baino ez.

3.– Atalkakoak ez diren ikus-entzunezko sorkuntza lanen produktoreek finantziazio-modalitate biak erabili ahal izango dituzte batera, betiere, muga hauekin:

– Ikus-entzunezko proiektu bati ezin izango zaio esleitu, modalitate biak kontuan hartuta, 600.000 euro baino gehiago.

– Ez da onartuko subjektu batek dekretu honetako modalitateen bitartez jasotako dirutik 2.000.000 euro baino gehiago itzuli gabe izatea.

– Ikus-entzunezko produkzioa finantzatzeko planean, administrazioen zuzeneko edo zeharkako ekarpena ezingo da izan produkzioaren kostuaren %70 baino gehiago.

4.– Modalitate biak bateragarriak dira beste edozein laguntza edo diru-laguntzarekin, betiere gain-finantziaziorik gertatzen ez bada, hau da, laguntzok esleitutako diruarekin finantzatu nahi den produkzioaren kostua baino handiagoak ez badira.

5.– Dekretu honen ondorioetarako, hona hemen zenbait definizio:

a.– Ikus-entzunezko produkzioa: telebistarako edo multimediarako egindako ikus-entzunezko lan produzitu berriak, bai atalkakoak ez direnak, bai bestelakoak.

b.– Ikus-entzunezko lan produzitu berriak: emisio-eskubideak eskuratzen diren urtean edo hurrengoan produzitzen direnak.

c.– Atalkakoak ez diren ikus-entzunezko sorkuntza-lanak: film luzeak, sorkuntzako dokumentalak, atalkako edo multimediako lanen pilotuak eta film laburrak, hala zinemetan nola telebistan ematekoak. Halaber sartuko dira sail honetan kultura izaera edo izaera esperimental nabarmena duten ikus-entzunezko sorkuntzak, horien euskarria dena dela, eta, salbuespenez, animazioko serieak, horientzat jartzen diren baldintzetan.

4. artikulua.– Kanpo gelditzen den ikus-entzunezko produkzioa.

Hauek geldituko dira kanpo kasu guztietan

a.– Batez ere publizitate-edukia dutenak, propaganda politikoa dutenak eta albistegi zinematografikoak.

b.– X filma gisa sailkatutakoak.

c.– Epai irmo baten bitartez, dena delakoagatik delituzkotzat jotzen direnak.

d.– Herri administrazioek guztiz finantzatutakoak.

e.– Telebistako zerbitzu-operadore batek produkzioaren kostuaren erdia baino gehiago finantzatu duelako, ikus-entzunezko enkarguzko produkziotzat jo daitezkeenak. Horrelakoetan, berdin izango da produkzioa telebistako zerbitzu-operadoreak zuzenean finantzatzea edo horri sozialki lotutako produkzio-etxe batek edo erabakimena duten organoen edo pertsonen bitartez telebista-operadorearen identitatea gordetzen duen batek finantzatzea.

5. artikulua.– Onuradunak.

1.– Dekretu honetan arautzen diren laguntzak pertsona juridiko pribatu independenteek eskatu ahal izango dituzte, baldin eta beren jarduera ikus-entzunezkoen berariazko alorrean burutzen badute, urteko deialdia argitaratu baino bi urte lehenagotik gutxienez sozietatearen egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan badago eta izena emanda badaude Ekonomi Jardueren gaineko Zergako ikus-entzunezkoen edo multimedien produkzioko epigrafean.

2.– Hauek joko dira pertsona juridiko pribatu independentetzat: ikus-entzunezko edo multimediako produkzioan ekimena eta erantzukizuna dutenak, betiere, telebistako irrati-difusioko entitateen eraginaren menpe ez badaude, dela jabetasun arrazoiengatik, dela finantza-partaidetzagatik edo entitatea eraentzen duten arauengatik.

3.– Urteko deialdietan ezartzen diren eskakizunen artean, argi jasoko da mailegu-modalitate bietako onuradunek zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunera dituztela.

4.– Dekretu honetan arautzen diren finantziazio-modalitateak esleitzeko exijitutako baldintzak, emandako zenbatekoak guztiz itzultzeko beharra dirauen artean bete beharko dira. Baldintza horiek betetzen ez direnean, dirua itzuli egin beharko da edo, hala badagokio, itzuli beharreko zenbateko guztiak amortizatu egingo dira.

6. artikulua.– Kanpo gelditzen diren subjektuak.

1.– Laguntza hauek ezin izango dituzte eskatu, ez herri administrazioek, ez Euskal Autonomia Erkidegoko edo beste edozein herri administrazioko erakunde-administrazioa osatzen duten edozein eratako entitateek.

2.– Aurreko paragrafoan ezarritakoaz gain, ez zaio laguntzarik emango ezein ikus-entzunezko produkziori baldin eta goian aipatutako entitateetako edozeinek horren gainean duen titulartasun-kuota %10 baino gehiago denean. Titulartasun-kuota hori laguntza eman ondoren gainditzen bada, onuradunari hilabeteko epea emango zaio muga hori doitzeko egin beharreko negozio juridikoak sustatu eta gauza ditzan. Epe hori amaituta partaidetzak aipatutako muga gainditzen jarraitzen badu, onuradunak guztiz amortizatu beharko ditu dekretu honen arabera dagozkion zenbatekoak.

3.– Kanpoan gelditzen diren entitateei dagokien titulartasun-kuota ez da kontuan hartuko interes gabeko mailegu itzulgarrietarako aurreikusten den euskal produktoreen pilaketari begira.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek entitate onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, dekretu honetako laguntzaren esleipena eta ordainketa baldintzatua egongo dira egoera hori konpondu arte.

7. artikulua.– Kontzeptu orokorrak.

1.– Finantzatu nahi den ikus-entzunezko produkzioan eskatzaileak duen titulartasun-kuota egiaztatzeko, hauek joko dira produktorearen ekarpen, inbertsio edo titulartasuntzat: baliabide berekiak; dekretu honetakoez bestelako besteren baliabide itzulgarriak eta ikus-entzunezko lanaren ustiaketa-eskubideen lagapenagatik egiaztatutako titulartasun-portzentajearen arabera dagozkion sarrera dagoeneko negoziatuak. Honako hauek, ordea, ezin izango dira produktorearen inbertsiotzat jo: telebista-zerbitzu publikoa zuzenean edo zeharka kudeatzen duen edozein administraziok, entitate publiko zein pribatuk edo elkartek emandako diru-laguntzak edo egindako edozein eratako ekarpen ez itzulgarriak eta dekretu honetako aurrerakin itzulgarriak.

2.– Dekretu honetako finantziazio-modalitateetako bat eskuratu ahal izateko, interesatuek itzulketa-bermeak aurkeztu beharko dituzte. Horretarako, interesatuek merkataritzan erabiltzen den edozein berme-modu aukeratu ahal izango du (baita produktoreek berek aurkeztutako berme pertsonaletan oinarritutakoak ere). Halaber onartuko dira ekonomikoki ustia daitezkeen eskubideen afektazioa eta enpresa eskatzaileen titulartasunaren menpe dauden ikus-entzunezko produkzioen inguruko kontratuak eta, horien barruan, baita diru-laguntza jasoko duen ikus-entzunezko produkzioari buruzko eskubide dagoeneko negoziatuak ere.

3.– Aurkezten diren bermeek baldintza hauek bete beharko dituzte: egiaztatuta egotea, kargarik ez izatea eta nahikoa izatea itzuli beharreko zenbateko guztia itzultzeko.

4.– Kudeaketa organoak egiaztatuko du aurkeztutako bermeak egokiak diren. Horretarako, irizpide gisa, hipotesi kontserbadoreak erabiliko dira ikus-entzunezkoen eskubideek gerora izango duten komertzializazio eta errentagarritasunari begira.

5.– Organo kudeatzaileak, behar bezala arrazoituta, bermea ez dela nahikoa erabakitzen badu, eskatzaileari berme gehiago eskatu ahal izango dizkio. Horrelakoetan, eskatzaileak ez du sarrera-ordena galduko laguntzaren ebazpenari begira, salbu eta eskabidearekin batera aurkeztutako bermea nabarmen urria bada. Aurkeztutako bermeak behar bezala baloratzeko, organo kudeatzaileak entitate laguntzaileari edo kanpoko zerbitzuren bati eskatu ahal izango dio balorazio bat egiteko.

8. artikulua.– Organo kudeatzailea.

Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetako finantza-modalitateen inguruko kudeaketa lanak egitea, salbu eta dekretu honen edo lankidetza arautzen duen hitzarmenaren arabera entitate laguntzaileari esleitzen zaizkionak.

II. KAPITULUA
INTERES TASARIK GABEKO MAILEGU ITZULGARRIAK

9. artikulua.– Interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarrien ezaugarriak.

1.– Interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarrien bidezko finantziazio-modalitatean, Administrazioak hainbat ordainketa egiten dizkio ikus-entzunezkoen produktore bati edo batzuei ikus-entzunezko produkzio jakin baten garapen-faseko kostuak finantzatzeko, betiere baldintza batekin: emandako zenbateko osoa finkatutako epeetan itzultzea interes-tasarik ordaindu gabe.

2.– Interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarriak modalitate honetara aurkezten den proiektuaren benetako kostuaren araberakoak izango dira. Proiektuak, berriz, ikus-entzunezko produkzio berriak izateaz gain, atalkakoak ez diren ikus-entzunezko sorkuntza-lanak izango dira dekretu honetako definizioen arabera.

10. artikulua.– Interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarrien mugak.

1.– Interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarriek muga orokor hauek izango dituzte:

– Ikus-entzunezko lanaren kostuaren %30ekoak izango dira gehienez.

– Ikus-entzunezko produkzio bakoitzeko, 600.000 euro eman daitezke, gehienez, urtean.

– Produkzio-etxe bakoitzari 1.5000.000 euro eman ahal zaizkio gehienez.

2.– Subjektu bakar batek proiektu batean baino gehiagotan parte hartzen badu, 2.000.000 euro ordaindu ahal zaizkio, gehienez, proiektu guztiengatik (barne hartuta eskabide-datatik hamabi hilabete baino harago doan garapen-plana duten proiektuak).

3.– Ikus-entzunezko produkzioa euskara hutsean egiten bada, mailegua produkzioaren kostuaren %60ra artekoa izan daiteke.

4.– Koprodukzioen kasuan, 3. artikuluan aipatutako eskakizun orokorrak betetzeaz gain, onuradunak %20ko titulartasuna eduki behar du, gutxienez, ikus-entzunezko sorkuntzaren eskubideen gainean. Gutxieneko portzentaje hori mantendu egin beharko da mailegua itzuli arteko denbora guztian.

5.– Aurreko paragrafoan ezarritako gutxieneko portzentajea betetzeari dagokionez, dekretu honen arabera entitate onuradun izateko bete behar diren eskakizun subjektiboak betetzen dituzten koproduktore guztiak hartu ahal izango dira aintzat.

6.– Koprodukzio batean euskal produktoreen portzentajeak pilatzen badira, tartean dauden koproduktoreek agiri bat aurkeztu behar dute eta, bertan, honako hauek adieraziko dituzte: elkarrekin eskatuko dutela mailegua; esleitzen zaizkien maileguen ondoriozko konpromisoak beteko dituztela eta diruz lagundu nahi den ikus-entzunezko produkzioaren titulartasunean bakoitzak duen portzentajearen arabera itzuliko dituztela maileguak.

7.– Eskabidea egiten dutenean, interesatuek egiaztatu egin beharko dute badutela produkzioa finantzatzeko behar den gainerako zenbatekoa (oro har, %70 gutxienez, eta euskara hutsean egindako produkzioen kasuan, %40 gutxienez). Egiaztapen hori egiteko, honako hauek erabil daitezke: telebista-kateekin edo produkzioak banatzeko edo erakusteko elkarteekin sinatutako kontratuak; baliabide berekiak, eta kaudimen egiaztatua duten finantzabideak edo diru-laguntzak, baldin eta horiekin laguntza hauen bitartez estaltzen ez den kostua ordaintzeko adina diru-sarrera lortzen badira.

11. artikulua.– Ordaintzeko araubidea eta interes-tasarik gabeko mailegu itzulgarrien itzulketa.

1.– Kasuan kasuko zenbatekoak esleitzeko prozedura gauzatu eta produkzioaren gainerako kostuaren finantziazioa egiaztatu ondoren, esleitutako laguntza ordaintzeari ekingo zaio. Laguntza bi zatitan ordainduko da:

– Lehenengo ordainketa (zenbatekoaren %70), laguntza ematea onartu dela adierazten duen ebazpena jakinarazitakoan egingo da.

– Bigarren ordainketa (gainerako %30a) diruz lagundu nahi den produkzioaren produkzio-kostuak ikuskatu eta egiaztatzeko auditoretza-txosten berezia egiteko behar den dokumentazioa eskatu eta bidali dela egiaztatzen denean egingo da. Dokumentazio guztiaren kopia organo kudeatzaileari ere igorriko zaio. Auditoretza Kontu Auditoreen Erregistro Ofizialean inskribatutako auditoreek egin beharko dute arau honetan jasotzen diren prozedurazko balorazio-arauen eta horiekin bat datozen xedapenen arabera. Txosten hori organo kudeatzaileari igorriko zaio hiru hilabeteko epean, eskabidea egin denetik aurrera.

2.– Esleitutako zenbatekoak lau zati berdinetan itzuliko dira, urtean bat, lehenengo ordainketa egin eta hurrengo lau urteetan. Eskabidea egiten duenean, interesatuak hasierako hamazortzi hilabeteetan ezer ez ordaintzea eska dezake, baina, horrelakoetan ere, jaso duen zenbateko osoa goian aipatutako epearen barruan ordaindu beharko du.

III. KAPITULUA
KONTRATUAK FINANTZATZEKO MAILEGUAK

12. artikulua.– Kontratuak finantzatzeko maileguen ezaugarriak.

1.– Kontratuak finantzatzeko maileguen modalitatea ikus-entzunezkoen sorkuntza finantzatzeko lerro bat da, baina, kasu honetan, lehentasunezko interes-tasadun mailegu-kontratu bat egingo da ikus-entzunezko produktore batekin edo gehiagorekin.

2.– Ikus-entzunezko lan produzitu berri guztietarako eska daitezke laguntza hauek, baldin eta emisio-eskubideak eskuratzen diren urte berean edo hurrengoan produzitu badira.

3.– Finantziazio-modalitate honetan, emandako dirua ez ezik, sortutako interesak ere itzuli beharko dira. Zenbatekoari ezarriko zaion interes-tasa hauxe izango da maileguak dirauen artean: EURIBORa urte betera, gehi %0,50eko marjina. Ez da inolako komisiorik kobratuko.

4.– Finantziazio-modalitate honetan, itzuli beharreko zenbatekoaren berme gisa, produktoreak Kultura Sailari lagako dizkio telebistaren eta produktorearen arteko kontratuaren ondorio diren kobrantza-eskubideak, BEZ barne.

13. artikulua.– Kontratuak finantzatzeko maileguen mugak.

Eskatzaileei, gehienez, ikus-entzunezko lanaren gaineko eskubideen* erosketa-prezioaren %100 ordainduko zaie (*telebistekin edo banaketa-sozietateekin diruz lagundu nahi den ikus-entzunezko produkzioa dela-eta sinatutako produkzio, ustiaketa edo merkaturatze kontratuen ondoriozko eskubideak). Gehienezko muga horretan ez da BEZa sartzen.

14. artikulua.– Berariazko dokumentazioa.

1.– Finantziazio-modalitate honen eskatzaileek kontratuaren kopia aurkeztu behar dute edo, bestela, finantzatu nahi den ikus-entzunezko produkzioaren komunikazio publikoko eskubideak erosteko asmoa adierazten duen gutuna. Bertan, eskubideak eskatzen dituen produktoreak eskuratuko duen prezioa azalduko da edo, gutxienez, hori zehazteko modua.

Asmoen gutuna aurkezten bada, sinatzaileak ahalmena izan behar du ordezkari eta erantzule izateko eraz ezarrita dauden telebistako operadoreekin edo ikus-entzunezkoen banatzaileekin sinatuko den kontratuari dagokionez.

2.– Telebista operadoreekin batetik banatzaileek eta bestetik produktoreek sinatzen dituzten kontratuetan, argi adieraziko da kontratuan agertzen den ikus-entzunezkoaren estreinaldia noiz izango den edo komunikazio publikoa egiteko materialak noiz entregatuko diren. Halaber adieraziko da, egiaztapena egiteko behar den denborarekin, komunikazio publikoagatik ezarritako zenbatekoak zein unetan ordaindu behar diren. Ordainketa hori operadorearen lizentzia-aldia hasten den unean egingo da.

3.– Animazio-serieen kasuan, kontratuan hauek ere jasoko dira: lan-plangintza; operadoreak egin beharreko ordainketen plana eta eskubideak indarrean jartzen direneko eguna.

4.– Entitate laguntzailearen eta produktorearen arteko kreditu-kontratua formalizatu aurretik produktorearen eta operadorearen arteko lagapen-kontratuan egiten diren aldaketak Kultura Sailari jakinaraziko zaizkio. Aldaketa mailegu-kontratua formalizatu ondoren gertatzen bada, produktoreak horren berri emango die, hamar egun naturaleko epean, bai entitate laguntzaileari, bai Kultura Sailari. Kontratuaren ondorioetarako, Kultura Sailak eskumena izango du aldaketa onartzeko edo errefusatzeko.

5.– Hala telebista operadoreek nola banatzaileek baldintza hauek bete behar dituzte: merkatuan eraz ezarrita egotea, beren jarduera burutzeko eskatzen diren baimen, lagapen eta administrazio-eskakizun guztiak beteta izatea, kasuan kasuko erregistroetan inskribatuta egotea eta kontu sozialen nahitaezko gordailua egina eta eguneratuta izatea organo eskudunetan.

15. artikulua.– Laguntza onartzea eta mailegu-kontratua formalizatzea.

1.– Prozedura Dekretu honetako IV. Kapituluan zehazten den eran gauzatu ondoren, ebazpena emango da eta, bertan, maileguaren zenbatekoa ez ezik, esleitutako zenbatekoaren itzulketa-bermea izango den komunikazio publikoko eskubideen kontratua azalduko da.

2.– Ebazpena jakinarazi ondoren, eskatzaileak hamar eguneko epea izango du Administrazioari berariaz eta zalantzarik gabe adierazteko finantziazioa onartzen duela. Administrazioak, laguntza onartu dela egiaztatu ondoren, entitate laguntzaileari emango dio horren berri, eta esleitutako zenbatekoari eta, oro har, maileguari buruzko gorabeherak jakinaraziko dizkio, mailegu-kontratua formalizatzeko eguna finkatzeko.

3.– Dena dela, esleitutako zenbatekoak eskatu ahal izateko, nahitaezko baldintza izango da entitate laguntzailearekin mailegu kontratua epearen barruan formalizatzea.

4.– Kontratua sinatu baino lehen, produktoreek kasuan kasuko telebistarekin eskubideak lagatzeko kontratua sinatu behar dute, eta operazioa onartu egin behar da. Operazioen mugaegunak telebistak ordainketak egiteko hitzartutako egunak izango dira.

5.– Kontratua formalizatzeko hamabost eguneko epea egongo da, entitate laguntzaileak onuradunari sinatzeko prest dagoela adierazi eta hurrengo egunetik. Mailegu-kontratua onuradunari egotz dakizkiokeen arrazoiengatik epearen barruan sinatzen ez bada, edo onuradunak kontratua dekretu honetan finkatutako araubidean zehaztutako baldintzetan sinatu nahi ez badu, laguntza hauen inguruko eskubideak galduko ditu, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak berariazko ebazpena eman ondoren.

6.– Eskritura publikopeko kontratua formalizatzeak eta, hala badagokio, iraungitzeak dakartzan gastuak oso-osorik ordainduko du horretarako eskaria egiten duenak.

16. artikulua.– Kontratuak finantzatzeko maileguak ordaintzeko eta itzultzeko araubidea.

1.– Mailegu-kontratua formalizatu ondoren, esleitutako zenbatekoa dena batera ordainduko da.

2.– Mailegua itzultzeko araubidea mailegu-kontratuan bertan azalduko da, eta dagokion ebazpenean finkatutakoa izango da. Araubidea onuradunak eskatutakoaren araberakoa izango da. Hona hemen bete beharreko jarraibideak:

– Mailegu osoa eta interesak amortizatzeko muga-eguna ez da izango operazioaren berme den kontratuan agertzen den eguna baino geroagokoa.

– Mailegua itzultzeko epea ez da lau urte baino luzeagoa izango, onuradunari maileguaren tronkoa ordaintzen zaion egunetik kontatzen hasita.

– Amortizazioa ordainketa partzialetan egingo da. Lehenengo ordainketa tronkoa sartu eta urtebetera egingo da.

– Ordainketa partzialak sei hilez behin egingo dira eta, bakoitzean, tronkoaren %15 ordainduko da gutxienez.

3.– Ebazpenean doitu egin daitezke eskatzaileak dirua itzultzeko adierazitako baldintzak, operazioa behar bezala aterako dela bermatzeko. Doikuntza egiteko orduan, kontuan hartuko dira aurrekontua, finantziazio-plana eta proiekturako aurkeztutako bermeak.

IV. KAPITULUA
PROZEDURA

17. artikulua.– Eskabideak.

1.– Finantziazio-eskabideak heldu diren hurrenkeran ebatziko diren arren, eskabideak behar bezala kudeatzeko, ekitaldi bakoitzari dagozkion zuzkidurak jakinarazten dituen Aginduan hiru hilabetera arteko segidako hiru aldi ezarri ahalko dira, gehienez, eskabideak aurkezteko, betiere baldintza batekin: ez da aldi horietako bateko eskabiderik irekiko aurreko aldirako aurreikusitako zuzkidurak agortu badira.

2.– Finantza-lerroetara aurkeztu ahal izateko bete behar diren baldintzak betetzen dituztenek Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzenduko dizkiote eskabideak eta modalitate bakoitzerako eskatzen den dokumentazioa, bai zuzenean, bai Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako bideetatik.

3.– Eskabideak eredu eta formulario normalizatuetan egingo dira. Eredu horiek, berriz, dekretu honetako finantza-lerroetara bideratuko diren ekonomi baliabideak urtero zehaztuko dituen Aginduaren eranskinean jasoko dira. Eskabidearekin batera, dekretu honetan edo urteko aginduan modalitate bakoitzerako eskatzen diren agiriak ere aurkeztu beharko dira.

4.– Organo kudeatzaileak, aurkeztutako dokumentazioa osatu gabea dela edo akatsak dituela ikusten badu, horren berri emango dio eskabidea egin duenari eta hamar eguneko epea emango dio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzen ditzan. Gainera, jakinaraziko dio hori egin ezik bere eskaera baztertua izango dela Ebazpen baten bidez.

5.– Ezarritako eskakizunak betetzen ez direlako akatsak zuzentzeko eskatzen bada, finantziazio-eskabideak ebazteko orduan, espedientea behar bezala osatu den eguna hartuko da kontuan. Ordea, eskabidea agiri guztiekin aurkeztu bada baina organo kudeatzaileak proiektua hobeto ulertzeko argibideren bat edo berme edo agiri gehigarriren bat eskatzen badu, eskabidea ebazteko orduan, sarrera eman zitzaion eguna hartuko da kontuan.

6.– Dokumentazio guztiarekin aurkeztutako eskabideek, ekonomi baliabideak agortu direlako baztertzen badira, daukaten data gordeko dute, proiektu bererako, helburu berbererako hurrengo deialdian, betiere, hurrengo ekitaldian laguntzak lortzeko ezarritako eskakizun orokorrak betetzen baditu.

Horrelakoetan, hurrengo deialdirako epearen barruan, interesatuek eskabide bat aurkeztuko dute aurreko ekitaldikoan aurkeztutakoa indarrean dagoela adierazteko eta, hala badagokio, ekitaldi berrirako eska dadin dokumentazio berria aurkezteko.

18. artikulua.– Maileguak emateko prozedura.

1.– Finantziazio-modalitate bien esleipena Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen baten bitartez egingo da, eskabidearen sarrera-data kontuan hartuta eta bakoitzerako ezarritako prozeduraren arabera. Eskabideak egiteko ondoz ondoko epeak ezarri direnean, ebazpenean epe berean aurkeztutako eskabide guztiak batu ahal izango dira, betiere, bakoitza sarrera-dataren arabera izapidetuta.

2.– Aurrekontuko diru-hornidura agortzen denean, horren berri emango da, eta baztertu egingo dira ekonomi baliabiderik ez izateagatik ordaindu ezin diren eskabide guztiak.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak jakinaraziko du, administrazio-ebazpen baten bitartez, zein egunetan agortu diren ekonomi baliabideak. Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

3.– Modalitate bietako finantziazio-eskabideak hiru hilabeteko epean ebatzi eta jakinaraziko dira, eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik kontatuta edo, ondoz ondoko epe desberdinak jarri badira, epe bakoitza amaitu eta hurrengo egunetik.

4.– Epea amaituta, berariazko ebazpenik eman eta jakinarazi ez bada, eskatzaileak onartutzat joko du eskabidea. Hala ere, administrazio-organo eskuduna behartuta dago eskatutako diru-laguntzari buruzko berariazko ebazpena ematera.

IV. KAPITULUA
ENTITATE LAGUNTZAILEA

19. artikulua.– Entitate laguntzailea.

1.– Dekretu honetako arautegiaren arabera ematen diren laguntzei begira, beharrezko akordioak egingo dira entitate laguntzaile batekin, betiere, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoari jarraituz eta arau honetan ezartzen diren baldintzetan. Horretarako, lankidetza-hitzarmen bat sinatu beharko da.

2.– Entitate laguntzaileak zeregin hauek izango ditu

a) Onuradunei ordaintzeko agindua ematea.

b) Zenbateko itzulgarriak jasotzea.

c) Finantziazio-lerroetako fondoen finantza-kontrola egitea.

d) Kontuaren mugimenduen (sarrera eta gastuak) berariazko kontabilitatea egitea.

e) Kultura Saileko Kultura Sortu eta Zabaltzeko Zuzendaritzari kontabilitatearen eta sor daitezen gorabeheren berri ematea.

f) Indarrean dagoen legeriaren arabera, hala adosten duen tresnaren bitartez esleitu ahal zaizkionak.

V. KAPITULUA
ONURADUNAREN BETEBEHARRAK ETA EZ BETETZEAK

20. artikulua.– Ez betetzeak.

1.– Onuradunak dekretu honetan eta aplikagarri diren gainerako arauetan ezartzen diren eskakizunak edo, hala badagokio, laguntzak esleitzeko ebazpenean finkatutako baldintzak bete ezik, organo eskudunak administrazio-ebazpen bat emango du laguntza jasotzeko eskubidea galdu dela adierazteko eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako laguntzak eta legezko interesak itzultzeko agintzeko, bidezko diren gainerako ekintzei uko egin gabe eta, betiere, abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuan eta maiatzaren 17ko 1/1998 Legegintzako Dekretuan xedatutakoaren arabera. Aldez aurretik espedientea irekiko da eta interesatuei entzunaldia eskainiko zaie. Zenbateko horiek sarrera publikoak izango dira ondorio guztietarako. (1 698/1991 Dekretua, abenduaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren dirulaguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duena eta horien kudeaketan parte hartzen duten Izaiki Laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta eginbeharrak ezartzen dituena; 2 1/1998 Legegintzako Dekretua, maiatzaren 17koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko indarreango lege-manuen eraberritutako idazkera onartzen duena).

2.– Hauek izango dira, besteak beste, ez betetzeak:

– Laguntza jaso duen ikus-entzunezko produkzioa osorik ez egitea arau honetan zehazten den eran.

– Ikus-entzunezkoa bukatzeko ezarritako epea gainditzea, betiere, Kultura Saileko Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak aldatzeko edo luzatzeko baimena ematen ez badu.

– Amortizazioak dekretu honetan adierazten diren aldietan ez egitea, salbu eta onuradunak atzerapena eskatzen badu eta, horren finantza-egoera aztertu ondoren, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak onartzen badu.

– Proiektuaren edozein desbideratze edo laguntzak esleitzeko ebazpenean ezarritako edozein baldintza ez betetzea.

3.– Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak hasiarazi eta ebatziko ditu ez betetzeei buruzko espedienteak. Proposamena, berriz, organo kudeatzaileak edo entitate laguntzaileak egin dezakete, lehenengoak espedientea proiektua amaitu aurreko gorabeheren ondorio bada eta bigarrenak itzulketei buruzko gorabeheren ondorio bada.

4.– Onuraduna konkurtso-prozedura batean erortzen bada, Administrazioak kasu bakoitzean aplika daitezkeen xedapenetan aitortzen zaion lehentasuna izango du emandako maileguak berreskuratzeko orduan.

21. artikulua.– Diru-laguntzari buruzko baldintzak aldatzea.

1.– Maileguak emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero –betiere, dagokion finantziazio-lerroaren helburua betetzat jotzen bada– edo edozein entitate publiko zein pribatutik beste diru-laguntza edo laguntzak jasoz gero –itzuli beharrik gabekoak edo maileguak–, esleipen-ebazpena aldatu egin ahal izango da, baldin eta aplikagarri diren xedapenetan kasuan kasuko finantza-lerroko onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzak ebazpena emango du emandako zenbatekoak doitzeko eta doikuntza horren ondorioak zehazteko.

Halaber, mailegua onartu zuen administrazio-organoak itzulketa atzera dezake baldin eta onuradunak eskatu eta behar bezala justifikatzen badu. Kontratuak finantzatzeko maileguen modalitatean atzerapena eskatzen bada, onuradunak luzatutako aldiari dagozkion interes gehigarriak ere ordaindu beharko ditu.

22. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.

1.– Kultura Sailak egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu onartutako proiektuak nola garatzen eta gauzatzen diren kontrolatzeko. Enpresa onuradunek, berriz, beharrezko jotzen den informazio guztia emango dute aurreko artikuluan xedatutakoari dagokionez.

2.– Dirulaguntza eskatu den xede konkreturako erabili behar da, salbu eta aurreko artikuluan xedatutakoa aplikagarri bada.

3.– Behin betiko fakturak artxibatu egingo dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eskura egongo dira bost urtez.

4.– Onuradunek Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren eskura jarri beharko dute emandako zenbatekoen destinoa fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia.

5.– Onuradunek Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren finantziazioa jaso dutela adieraziko dute finantzatutako lanei buruzko informazio, publizitate eta sustapen guztietan eta hasierako kreditu-tituluetan, baita horiek zabaltzeko era desberdinetan ere.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 45. artikuluaren arabera izapideak prozedura telematikoaren bitartez egiteko modua ezartzen bada, gai hori erregulatzen duen araua argitaratzen denean, dekretu honetako laguntzak modu horretan izapidetu ahal izango dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Hala badagokio, Dekretu hau garatzeko xedapenak Kultura sailburuak emango ditu.

Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean dekretu hau.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko abenduaren 29an.

Lehendakaria,

JUAN JOSE IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala