Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

255. zk., 2003ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Kultura Saila
7157

332/2003 DEKRETUA, abenduaren 23koa, arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko "Gure Artea" sariak arautzen dituena.

Jarduera-eremu gisa Kultura Sailari egokitu zaizkion ahalmenen barruan, nabarmentzekoak dira sortzaileei begira egindako politikaren bidez arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzea eta hedatzea.

Helburu hori lortzeko, Kultura Sailak "Gure Artea" saria sortu zuen, ahalmen sortzailearen garapena sustatzeko, kontuan hartuta sariek sorkuntza artistikoaren estimulua eta onarpena eta lanaren hedapen publikorako bideak sustatzen dituztela.

Sariei proiekzio handiagoa emateko eta bai lanaren bai egileen ibilbide artistikoaren balorazioa hobeto egin ahal izateko, "Gure Artea" sarietarako deialdia bi urtetik behin egiten da.

Lehendakariaren uztailaren 16ko 7/2001 Dekretuan (Euskal Autonomia Erkidegoan Administrazioko Sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituena eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituena) eta otsailaren 5eko 34/2002 Dekretuan (Kultura Sailaren egitura organikoari buruzkoa) finkatutakoa kontuan hartuta,

Kultura Sailburuak proposatuta, 2003ko abenduaren 23an egindako saioan Gobernu Kontseiluak aztertu eta onartu ondoren,

XEDATU DUT:

1. artikulua. Helburua eta deialdia.

1.– Dekretu honen helburua da Arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko "Gure Artea" sariak arautzea.

2.– "Gure Artea" sariak zenbateko bereko hiru sari izango dira eta bi urtetik behin egingo da horiek eskuratzeko deialdia Kultura Sailburuaren Aginduaren bidez. Agindu horretan, sarien helburua, sarien zenbateko ekonomikoa eta hautagaiak aurkezteko epea –inoiz ez hilabete baino laburragoa– zehaztuko dira.

2. artikulua.– Baldintzak.

1. Euskal Autonomia Erkidegoan jaio den edo erkidego horretan helbide administratiboa duen edozein pertsona fisikok aurkeztu ahal izango du "Gure Artea" sarietara.

2. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren mendeko erakunde autonomoren batek emandako izaera bereko laguntzaren baten esparruan itzultze- edo zigor-prozedurak abiarazi badira eta oraindik izapideak egiten ari badira, sarien esleipena eta, hala badagokio, sariak ematea delako prozedurak amaitu arte baldintzatuta egongo dira.

3. artikulua.– Hautagaiak aurkeztea

1.– Hautagaiak dokumentazio honekin batera aurkeztu beharko ditu egileak berak:

– Sarien deialdiaren eranskin gisa argitaratuko den eskaera-inprimakia, behar bezala beteta.

– 2. artikuluan finkatutakoa betetzen dela egiaztatzeko dokumentazioa; horretarako NAN konpultsatua entregatu behar da, eta, bestela, Euskal Autonomia Erkidegoko herriren batean erroldatuta dagoela frogatzen duen agiria.

– Egilearen ibilbide artistikoaren curriculuma.

– Ezinbestekoa da edozein teknika erabilita egindako lau lanen dokumentazioa aurkeztea.

– Sariketara aurkeztutako lau lanen argazki bana koloretan (18x24 cm neurrikoak); lanek gehienez 3 metro izan dezakete alderik handienean. Instalazio bat bada, epaimahaiak hartuko du kasuan kasuko erabakia. Argazki bakoitzaren atzean egilearen izen-abizenak, izenburua, erabilitako teknikoa eta lanaren dimentsioak adieraziko dira.

– Parte-hartzaileren batek bideo-lana aurkeztu nahi badu, kopia bat VHS formatuan aurkeztu behar du; DVDn aurkezten diren kopiak formatu estandarrean egon behar dute; CD-ROMen aurkeztutakoek PCan erabiltzeko modukoak izan behar dute.

2.– Eskaerak eta dokumentazioa helbide honetara bidali behar dira:

Kultura Saila.

Kultura Sorkuntza eta Hedapen Saila.

Eusko Jaurlaritza

– Donostia kalea, 1/01010 Gasteiz

– Andia kalea, 13/20004 Donostia.

– Kale Nagusia, 85/48011 Bilbo

Erref.: "Gure Artea" sariak, ... urtea.

3.– Eskaerak zuzenean edo azaroaren 26ko 30/1992 legeko 38.4 artikuluan (Herri-administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Jardunbide Erdideari buruzkoa) aurreikusitako edozein bitartekoren bidez aurkeztu ahal izango dira.

4. artikulua.– Eskaeretako akatsak konpontzea.

Kultura Sorkuntza eta Hedapen Sailak aztertzen duenean ikusten bada bidalitako dokumentazioak ez duela punturen batean Dekretu honetan erabakitakoa betetzen, zuzendaritza horrek eskaera egin duten sinatzaileei jakinaraziko die 10 eguneko epea dutela okerrak zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko; hori egiten ez badute, eskaerari uko egin diotela ulertuko da, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Jardunbide Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 artikuluan finkatutakoaren araberako ebazpena igorriko da.

5. artikulua.– Sariak kudeatzeko organoa.

Dekretu honetan aurreikusitako sariak emateko kudeaketa-lanak Kultura Sorkuntza eta Hedapen Sailak egingo ditu.

6. artikulua.– Epaimahaia.

1.– "Gure Artea" Sarien epaimahaia ospe handiko lau kidek osatuko dute; kide horiek Kultura Sailburuak hautatuko ditu eta horietako bat epaimahaiburu eta antolatutako erakusketetako komisarioa izango da.

2.– Epaimahaia nork osatuko duten Kultura sailburuaren agindu baten bidez emango da jakitera, eta epaimahaiaren epaia kaleratu aurretik argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

7. artikulua.– Hautagaien aukeraketa eta lanak aurkeztea.

1.– Epaimahaiak egingo du aurkeztutako txostenen ebaluazio artistikoa, bere jakintza leialaren eta iritziaren arabera, eta epaimahaiak aukeratuko ditu lehiaketarako lanak.

2.– Hautatutako lanak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak finkatutako leku eta egunean aurkeztu behar dira, eta lan horiekin egindako erakusketan erabakiko dira sariak. Atal horiek Sarien deialdian zehaztuko dira.

3.– Hautatutako lanak bidaltzeko garraio-gastuak hautagaiek ordainduko dituzte. Lan guztiak behar bezala bilduta aurkeztu behar dira, itzulketan berriro erabiltzeko moduko bilgarriekin.

4.– Hautatutako lanak utzi beharreko leku eta egunean utzi ondoren, Eusko Jaurlaritzak hartuko du bere gain haiek zaintzeko ardura eta Eusko Jaurlaritza arduratuko da jatorrizko lekura itzultzeaz, betiere, Euskal Autonomia Erkidegoaren barruan.

8. artikulua.– Esleitzeko prozedura.

1.– Halaber, epaimahaiaren lana izango da parte-hartzaile hautatuei sarien erabakiaren berri jakinaraztea, eta erabaki hori hartzeko kontuan izan dituzten irizpideak –alderdi plastiko eta estetikoei buruzkoak– idatziz azalduko dituzte.

2.– Epaimahaiaren edozein erabaki hartzeko, kideen gehiengoaren aldeko botoa behar da; berdinketa gertatuz gero, lehendakariaren kalitateko botoaren bidez erabakiko da.

3.– Epaimahaiaren erabakia Kultura sailburuaren aginduaren bidez eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, erabakia hartu eta handik hilabete batera gehienez. Hala ere, sarien esleipena pertsonalki jakinaraziko zaie irabazleei.

4.– Sariak eman gabe gera daitezke, eta epaimahaiak idatziz jasoko du erabaki hori hartzeko arrazoia.

5.– Sarien zenbatekoak banaezinak dira.

6.– Sarien erabakia jakinarazi eta publiko egiteko epea gehienez sei hilekoa izango da, dagokion deialdia argitaratu denetik kontatzen hasita. Epe horretan jakinarazpenik kaleratzen ez bada, eskaerak atzera bota direla ulertuko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Jardunbide Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 44.1 artikuluan finkatutakoaren arabera.

9.artikulua.– Sari-banaketa.

1.– Saria ordainketa bakarrean ordainduko da, sarituari dagokion zenbatekoaren transferentziaren bidez, 8. artikuluko 3. puntuan aipatzen den Kultura sailburuaren agindua argitaratzen denetik gehienez ere bi hileko epean.

2.– Kultura Sailak erakusketa kolektiboak antolatuko ditu hiru artista sarituen lanekin, ospe handiko arte-zentroetan, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai erkidegotik kanpo; gainera, lanak katalogatuko ditu, betiere, artista horiek sustatzeko eta horien lanak zabaltzeko.

10. artikulua.– Bateragarritasuna.

Sari hauek bateragarriak dira edozein erakunde publikok edo pribatuk helburu berarekin emandako beste laguntzekin.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.– Prozedurari dagokionez Dekretu honetan aurreikusi gabeko ataletan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Jardunbide Erkideari buruzko azaroaren 26ko Legea aplikatuko da.

Bigarrena.– Dekretu honetan aipatzen diren sariak, bertan aurreikusitakoaz gain, azaroaren 11ko 1/1997 Lege Dekretuan onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko VI. tituluan finkatutakoaren bidez arautuko da.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSE IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala