Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

255. zk., 2003ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
7154

328/2003 DEKRETUA, abenduaren 23koa, Kultura Ekintzailea eta Enpresa Sortzeko aukera babesten duena.

Enplegu-politiken helburuetako bat enpresa berriak sortzea da, betiere horiek lanpostu berriak sortzeko aukera sustatzen badute. Dena den, gaur egungo gizartean, nahiz eta azken urteotan bide handia egin den enpresa sustatzeko politika instituzionalei esker, erreparo ugari dago negozio berriak sustatzeko, batez ere gazteen artean ez dagoelako enpresa-espiriturik, oraindik ere euren ahaleginak besteren konturako lana bilatzeko bideratzen baitituzte, oro har.

Testuinguru honetan, 2003-2006 Erakunde arteko Enplegu Planaren helburua kultura ekintzailea, eta autoenpleguak eta mikroenpresak sortzeko aukera sustatzea da, eta horretarako Planak ondoko jardun-programak egin behar direla adierazten du:

– Gaztetatik ekitearen alde sentsibilizatzea.

– Enpresa-sustapena bultzatzea.

– Negozioak sortzeko baliagarriak izan daitezkeen ideiak sortzeko aukera bultzatzea.

– Negozioaren bideragarritasun-azterketa babestea.

– Enpresa-jarduera abiarazteko aukera babestea.

– Inbertitzeko aukera babestea.

– Sustatzaileak eta enpresa-sustatzaileak enpresa-kudeaketan prestatzeko aukera babestea.

– Etengabeko hobekuntza-prozesuak gaineratzearen bidez sorturiko enpresak bizirauteko aukera babestea.

Gobernu Kontseiluak 2003ko uztailaren 22an Enplegu Plana onartu zuen arte, autoenplegua sustatzeko neurriak arautzen zituen abenduaren 24ko 305/1996 Dekretua zen autoenplegu-arloan indarrean zegoen diru-laguntzei buruzko araudia. Dekretu horren diru-laguntza arloko xedea ez zitzaien egokitzen, edukia kontuan hartuta, Enplegu Planak ezartzen dituen administrazioaren esku-hartze ildoei, ekintzaileei zuzendutakoak behar dutela izan ezartzen baitu. Horren harira, sentsibilizazio-alderdiak eta enpresa-sustapena bultzatzeko diru-laguntza ildoak ez ziren gaztetatik arautzen, ez ziren prestakuntzarako eta ekintzaileen aholkularitzarako laguntzak ezartzen negozioa sortzen zenetik jarduera ekonomikoaren lehenengo urtera arte, eta autoenplegurako laguntza-proiektuan eginiko inbertsioaren menpe zein diru-laguntzaren eskatzailea arau horretan ezartzen ziren langabetu-taldeetakoa izateko baldintza betetzearen menpe zegoen. Hori dela-eta, ezinbestekoa da abenduaren 24ko 305/1996 dekretu hori indargabetzea eta ekintzaileentzako Enplegu Planean definituriko babes eta sustapen orientazio guztiak biltzeko bestelako araudia sortzea.

Horrenbestez, Kultura Ekintzailea eta Enpresak Sortzeko aukera babesteko Dekretu honek abenduaren 24ko aurreko 305/1996 Dekretua indargabetzen du, eta hark ezarritako arauaren bidez gauzatuko dira 2003-2006 Enplegu Planean ezarritako jardunak, jarduera ekonomikoa abiarazi nahi duten espiritu ekintzaileko lagunei oztopoak kentzeko, eta, era berean, kultura ekintzailea sustatzen du gaztetatik, ikastetxeek eta elkarteek enpresa-espirituaren sentsibilizazio-jardunak egin ditzaten biztanleria langabetua eta ez-aktiboaren artean, eta, batez ere, ikasleen artean.

Ondokoak dira dekretu honek biltzen dituen diru-laguntza ildoak:

– II. Kapituluan Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxe publiko eta itunduek eta Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleria langabetuaren eta ez-aktiboaren ordezkari diren legez eraturiko elkarte, fundazio eta gobernuz kanpoko erakundeek emandako prestakuntza-proiektuak laguntzen dira diruz, biztanleria horrek eta batez ere ikasleek enpresa-kulturaren sentsibilizazio eta zabalkunde kanpainak gaztetatik ezagutu ditzaten eta haiez balia daitezen.

– III. Kapituluan enpresa-ekimenen sustatzaileentzako talde-prestakuntza eta banakako aholkularitza laguntzen da diruz, ibilbide ekintzailearen fase guztiei dagokienez, hau da, negozio-ideia sortu eta mamitzen denetik jarduera ekonomikoen gaineko zergarako alta eman eta ondorengo lehen urte osora arte, bideragarritasun-azterketa eta jarduera ekonomikoa abiarazteko prozesua barne hartuta. Enplegu-orientazioko zerbitzuaren erabiltzaileei esleituko zaie prestakuntza eta aholkularitza hori, orientatzailearen eta zerbitzuaren erabiltzailearen artean ituntzen den laneratzeko ibilbidearen arabera, hori guztia Enplegu Planean enplegu-politiken pertsonalizatzeari dagokionez xedaturikoarekin bat etorrita.

– Azkenik, IV. Kapituluan hirugarren diru-laguntza lerroa garatzen da, langabetuek eraturiko enpresak sortzeko aukera babesteko, bakarka dela edo Ondasun Erkidego, Sozietate Zibil edo Merkataritza Sozietate gisa dela, Laneko Sozietate Anonimoak, Laneko Sozietate Mugatuak eta Sozietate Kooperatiboak bazter utzita. Lagun horiek langabetu moduan egon behar dute erregistratuta Enplegu Zerbitzu Publikoan, gutxienez hiru hilabeteko antzinatasunarekin, eta enpresa-sustapena babesteko prestakuntza-ekintza gainditu beharko dute.

Diru-laguntza arloko Dekretu hau 10.25 artikuluaren eskumen-titulu orokorrean bilduta dago 10.12, 10.39 eta 12.2 artikuluei dagokienez, guztiak ere Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuarenak.

Horren arabera, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak proposatuta, kontsulta-organo interesatuek zer esateko duten entzunda, aldez aurretik Gobernu Kontseiluak eztabaidatu eta onartuta, 2003ko abenduaren 23an eginiko bilkuran, ondokoa

XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDEA

1. artikulua.– Dekretuaren xedea.

Eusko Jaurlaritzak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bidez ondoko diru-laguntza lerroak tarteko enpresak sortzeko aukera babesteko arloan emango dituen laguntzen esparrua arautzea da Dekretu honen xedea:

a) Biztanleria langabetuaren eta ez-aktiboan kultura ekintzailea zabaltzeko proiektuetarako.

b) Enpresa-ekimenen sustatzaileentzako talde-prestakuntza eta banakako aholkularitzarako.

c) Langabetuek enpresa-egitura berriak sortzeko.

II. KAPITULUA
KULTURA EKINTZAILEA ZABALTZEKO PROIEKTUETARAKO DIRU-LAGUNTZAK

2. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduna.

Biztanleria langabetuan, ez-aktiboaren artean eta, bereziki, ikasleengan kultura ekintzailea zabaltzeko proiektuak izango dira Kapitulu honen babespeko diru-laguntzaren xede.

3. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Ondoko erakunde-motak izango dira Kapitulu honek aipatzen dituen laguntzen erakunde onuradun, betiere 4. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-mailakoak ez diren ikastetxe publiko eta itunduak.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko aktiboa izan litekeen biztanleria ez-aktiboaren eta laneratzeko oztopoak dituzten taldeen ordezkari diren legez eraturiko elkarte, fundazio eta gobernuz kanpokoko erakundeak.

4. artikulua.– Baldintzak.

Kapitulu honetan arauturiko diru-laguntzak baliatzeko, aplikatzekoak diren arau orokorrez gain, ondokoak bete beharko dituzte 3. artikuluan zerrendaturiko erakundeek:

a) Hezkuntza-komunitatean kultura ekintzailea zabaltzeko berariazko proiektua edukitzea ikastetxeen kasuan, eta bere kideen artean gainerako erakunde onuradunen kasuan.

b) Laneko segurtasun eta osasunaren aurkako delituak egin izanagatik epai irmoa tarteko kondenatu ez izana, eta laneko segurtasun eta osasun arloan administrazio arau-hauste oso larria egin izanagatik irmo zigortu ez izana.

5. artikulua.– Diru-laguntza eskatzeko dokumentazioa.

1.– Ikastetxeko zuzendariak edo dagokion erakundearen legezko ordezkariak sinaturiko diru-laguntza eskabidearekin batera ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da:

a) Kultura ekintzailea zabaltzeko produktuaren deskribapen xehatua, ondoko idatz-zatiak barne hartuta:

1.– Proiektuaren justifikazioa, erakunde eskatzailearen bokazio eta ibilbide propioetan oinarriturikoa, kasuak kasu.

2.– Talde hartzailea. Ikastetxeak badira, inplikaturiko taldeak, ikasleak eta irakasleak identifikatuko dira, etapen eta hezkuntza-zikloen arabera xehatuta eta ikastetxe osoan duten portzentajea kontuan hartuta. Gainerako kasuetan, azkenean parte hartzen dutenen kopurua hartuko da kontuan.

3.– Helburuak eta edukiak.

4.– Jardueren zerrenda eta horiek denboran ezartzea.

5.– Erabiliko diren giza baliabideak, baliabide materialak edo antolamendu-arlokoak.

6.– Emaitzen ebaluazio-prozesua lortu nahi diren helburuen arabera.

7.– Kanpo-aholkularitzako premiak, erakunde eskatzailearen bitarteko propioen bidez garaturiko jardunekin duten koordinazio eta osagarritasuna dela-eta behar bezala justifikaturikoak.

8.– Diru-sarreren eta gastuen aurrekontu xehatua.

9.– Proiektua garatzean Euskal Autonomia Erkidegoko bi hizkuntzek izango duten erabilerari buruzko aurreikuspenak.

b) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak edo, ikastetxeen kasuan, zuzendariak sinaturiko zinpeko aitorpena, ondokoak argitzeko moduan:

1.– 4. artikuluaren b) idatz-zatian zehazturiko laneko segurtasun eta osasun arloko baldintzak betetzea.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako antzeko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik bideratzen ari diren itzultze eta zigor prozeduren egoera.

3.– Eusko Jaurlaritzari, bestelako herri-administrazioei edo bestelako erakunde publiko edo pribatuei ekintza bera tarteko eskaturiko beste edozein laguntza edo diru-laguntza zein egoeratan (emanda edo bideratzen) dagoen.

4.– Dekretu honetan eskaturiko baldintza guztiak betetzeko konpromisoa, bai eta, kasuak kasu, ematen den laguntza bideratzeko ebazpenak eskaturikoak ere.

5.– 3. artikuluaren b) idatz-zatian adierazitako erakundeak badira, erakundearen ordezkaritza-ahalmenak edukitzea erakunde publikoei aurkezteko, gutxienez diru-laguntzak eskatu eta jasotzeko, bai eta haien beharrezko izapideak egiteko ere.

c) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren, edota gizarte-aurreikuspeneko dagokion erakundearen ziurtagiri eguneratuak eta bi aletan, erakunde horiekin zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatzen dutenak. Erakundea ordainketei dagokienez egoera erregulatuan dagoela ulertuko da zorraren atzerapena lortu eta berori agiri bidez kreditatzen badu.

d) Ikastetxeak badira, ordezkaritza-organo gorenaren ziurtagiria, eskaeraren aldez aurrekoa, bertan proiektuari buruzko informazioa jaso duela eta harekin ados dagoela adierazita.

e) 3. artikuluaren b) idatz-zatian adierazitako erakundeen kasuan, pertsona juridikoen eta oro har erakundeen txartelaren fotokopia.

2.– Erakunde eta deialdi bakoitzeko eskera bat onartuko da gehienez. Erakunde batek deialdi berean eskabide bat baino gehiago aurkeztuz gero, denboran aurkeztutako lehena baino ez da aintzat hartuko.

6. artikulua.– Diru-laguntza jasotzeko eskabidearen aurkezpena.

1.– Diru-laguntza jasotzeko eskabideak Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztuko dira, aurreko artikuluan zerrendaturiko dokumentazioarekin batera, eta Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari igorrita, zuzenean edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bitartekoen arteko edozeinen bidez.

2.– Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuaren Aginduaren bidez, urtero aurkeztuko da Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen eskabideak aurkezteko epea; gutxienez hilabetekoa izango da, adierazitako Agindua indarrean sartzen denetik. Agindu horretan bertan Kapitulu honetan bilduriko laguntzen finantzaketarako esleituriko kredituen zenbatekoa jasoko da.

3.– Eskabidea aurkezten den unean egiaztatu beharko dute erakunde eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela; nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko _30/1992, azaroaren 26koa_71. artikuluan ezarritako zuzenketa-tramitea egitea ere izango dute.

7. artikulua.– Diru-laguntzak emateko prozedura.

1.– Kapitulu honetan jasotako diru-laguntzak emateko prozedura lehiaketarena izango da. Ondorio horietarako, eskabideak aurkezteko epea amaituta eta, hala badagokio, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71. artikuluan jasotako tramitea bete ondoren, aurkeztutako eskabideak beroiei atxikitako agiriekin batera aztertuko eta erkatuko ditu batzorde tekniko batek; batzorde hori Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren plantilla teknikoko hiru lagunek osatuko dute gutxienez, horretarako Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariak izendaturikoak.

2.– Eskabideak eta eurekin batera aurkeztutako agiriak erkatu ondoren, euren arteko ordena ezarriko da, hurrengo paragrafoan ezarritako lehentasun eta balorazio irizpideak kontuan hartuta, eta aipatutako irizpideak aplikatuta puntu gehien lortu duten erakundeei soilik esleituko zaie diru-laguntza.

3.– Ebaluazio-batzordeko lehendakariak, kideen artean Enplegu eta Prestakuntza zuzendariak izendutakoak, lehenesteko eta baloratzeko ondoko irizpideei jarraiki aurkeztuko du ebazpen-proposamena:

a) Ondoko baldintzak ezinbestekoak izango dira diru-laguntza eskuratzeko:

1.– Kanpo-aholkularitzako osagaiaren proportzionaltasuna eta jatorria baliabide propio erabilgarriekin alderatuta.

2.– Ikastetxeen kasuan: kultura ekintzailea zabaltzeko proiektua ikastetxearen hezkuntza eta curriculum proiektuan integratzea, eta horien zeharkako tratamendua curriculumetan.

3.– 3. artikuluaren b) idatz-zatian adierazitako erakundeen kasuan: proiektuaren eraginkortasuna biztanleria langabetua eta ez-aktiboa autoenpleguaren formuletara bideratzeko.

b) Ondokoak izango dira balorazio-irizpideak:

1.– Proiektuaren barne-koherentzia, zehaztapena eta bideragarritasuna (0-20 puntu).

2.– Parte-hartzaileak. Proiektuaren onuradun izan litekeen biztanleriaren bolumena zein profila baloratuko dira, autoenpleguaren formuletara heltzeko ahalmenari dagokionez (0-10 puntu).

3.– Erakundeak duen ibilbidea kultura ekintzailea biztanleria langabetuaren eta ez-aktiboaren artean zabaltzeko, erakundeak berak proiektuaren justifikazioan aurkezten duenari jarraiki (0-10 puntu).

4.– Proposamenaren berrikuntza (0-10 puntu).

5.– Proiektuaren ekarpena euskararen gizarte eta eskola erabilera zabaltzeari dagokionez (0-5 puntu).

8. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta baliabide ekonomikoak.

1.– Diru-laguntza bakoitzaren banakako zenbatekoa 4.500 eurokoa izango da gehienez, eta onarturiko aurrekontuaren %100 beteko du.

2.– Ondorio horietarako, kapitulu honetan jasotako laguntzetarako guztira ezarritako zenbatekoa aldatzea egongo da, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren bestelako laguntza-programak gauzatzearen ondorioz agortzeke dauden aurrekontuetako baliabideen arabera, eskatutako laguntza guztien zenbatekoa kontuan hartuta, betiere diru-laguntzak ebatzi baino lehen. Hori gertatuz gero, aditzera emango da Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpenaren bidez.

3.– Ondokoak dira diruz lagundu daitezkeen gastu-kontzeptuak:

a) Ikasmaterialak eta zabalkuntzakoak.

b) Proiektuaren koordinazioa eta ohiko gastuak.

c) Kanpo-aholkularitza.

Azpiegiturako eta ekipamenduko inbertsioetarako gastuak ez dira ezein kasutan ere diruz laguntzeko modukoak izango.

4.– Kanpo-aholkularitzako kontzeptupean bere gain har dezakeen kostuak ez du inoiz emandako diru-laguntzaren %60 gaindituko.

5.– 3. artikuluaren b) idatz-zatian adierazitako erakundeentzako diru-laguntza bolumen orokorrak ez du inoiz urtero esleituriko guztizko aurrekontuaren %33 gaindituko, diru-laguntza eskuratzeko baldintzak betetzen dituzten ikastetxeentzako onarturiko aurrekontuak urteko aurrekontu erabilgarriaren %67 gainditzen ez duenean izan ezik.

9. artikulua.– Ebazpena.

1.– Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren ebazpena tarteko onartu edo ukatuko da diru-laguntza. Behin ebazpena erakunde eskatzaileari igorri eta hamar laneguneko epea igarota hura jaso zenetik berariazko uko-egiterik gabe, erakundeak onarpena ebazpenean zehazturiko termino beretan onartzen duela hartuko da kontuan.

2.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta banakako eta berariazko ebazpenaren jakinarazpena aparte utzi gabe, Dekretu hau indarrean sartzen denetik eta urtero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Kapitulu honen babespean emandako laguntzen erakunde onuradunen zerrenda, bai eta haietan emandako diru-laguntza aldatu denena ere.

3- Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 107. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

4.– Emakida-ebazpenak ondokoa zehaztuko du: diru-laguntzaren guztiko zenbatekoa, ordaintzeko modua, gehienezko gastu justifikagarria kanpo-aholkularitzako kontzeptupean, eta erakunde onuradunaren betebeharrak Dekretu honetan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan adierazitakoaren arabera, eta bereziki Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskaturiko informazio guztia emateko betebeharra.

10. artikulua.– Ebazteko epea.

1.– Eskaerak ebatzi eta jakinarazteko epea lau hilabetekoa izango da, deialdi-Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita.

2.– Epe hori berariazko ebazpenik gabe igarota, eskaera baztertutzat joko da, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoari begira, administrazioak propio ebazteko duen betebeharra aparte utzi gabe.

11. artikulua.– Diruz lagundutako erakundeen betebeharrak.

Ondokora behartuta daude Kapitulu honetan aurreikusitakoaren arabera diru-laguntza ematen zaien erakundeak:

a) Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren jarduna ahalbidetu eta erraztera Dekretu honen xedeak zorrotz betetzen direla zaintzeko egiaztapen, kontrol eta jarraipen prozeduretan.

b) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dion edozein informazio erraztera, laguntzen zertarakoaren fiskalizatze-eginkizunei dagokienez.

c) Dekretu hau garatzen duten xedapenetan ezartzen den Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren sistema informatiko integratuan proiektuari eta bertako parte-hartzaileei buruz beharrezkoak diren datuak sartzea.

d) Legez aintzat harturiko hizkuntza-eskubideak parte-hartzaileei errespetatzera garatzen dituzten ekintzetan.

e) Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren ebaluazio-zerbitzuarekin lankidetzan aritzera, diruz lagundutako proiektuan jatorria izan dezaketen enpresa-ekimenen jarraipenari dagokionez.

f) Proiektua amaitzen denetik hiru hilabeteko epean, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari jardueraren ebaluazio-memoria kualitatiboa, eta diruz laguntzeko moduko gastuen kapituluei buruzko fakturak eta ordaindu izanaren dokumentazio egiaztagarria aurkeztera. Europako Gizarte Funtsaren lagundutako finantzaketaren zigilu identifikagarria agertuko da, eta hari lotzen zaion kultura ekintzailea zabaltzeko proiektuaren identifikazio zehatza.

g) Diru-laguntzaren xede diren ekintzak burutzeko eginiko gastuak ikustea ahalbidetzen duen kontu-ikuskapeneko pista nahikoa bermatzera. Ondokoa egin beharko dute horretarako erakunde onuradunek:

1.– Diru-laguntza horrek eraginpean hartzen dituen mugimendu guztiak bere kontabilitatean idaztea, eta oro har kontabilitate-arloko indarrean dagoen araudiarekin eta merkataritza-legeriarekin bat datorren kontabilitate-egozpena bermatzea, baita zentro publikoen kasuan dagokionarekin bat datorrena ere.

2.– Diru-laguntzak eraginpean hartzen dituen froga-balio baliokidea duten faktura edo kontabilitate-dokumentu guztietan Europako Gizarte Funtsaren lagunduriko finantzaketaren zigilua eta gastu hori hari lotuta dagoen prestakuntza edo orientazioko ekintzaren identifikazio zehatza agerraraztea.

3.– Faktura edo dokumentu baliokide hauekin batera horien ordainagiria entregatzea.

4.– Ekintzaren burutzapena, eragin zuen gastua eta dagozkion ordainketak gauzatzearen dokumentu bidezko egiaztapenerako baliagarria izan litekeen dokumentazio kuantitatibo eta kualitatibo guztia 13 urtez bere dependentzietan gordetzea.

h) Hizkuntza sexistarik ez erabiltzera eta aukera-berdintasuna sustatzera, eta, hala badagokio, emakumearen aldeko ekintza positiboa, bere jardueraren garapenari dagokionez.

i) Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak zer ezartzen duen jakinaraztera datu pertsonalak ematen dituzten parte-hartzaileei.

j) Prestakuntza, tutoretza edo aholkularitza ekintzetan parte hartzen dutenen baimena lortzera datu pertsonalak jakinarazteko enplegu-politika aktiboei begira.

k) Beharrezkoak diren neurri teknikoak eta antolamendu-arlokoak hartzera datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta haiek aldatu, galdu, edo baimenik gabe baliatu edo tratatzea saihesteko, legez ezarritako norabideen arabera.

l) Lanbideko sekretua gordetzera tratamendu automatizatua izan dezaketen euskarri fisikoan erregistraturiko fitxategi automatizatuetan bilduriko datuei buruz, betiere haietaz prestakuntza-ekintzan jabetzen bada.

12. artikulua.– Ordaintzeko moduak eta epeak.

Dekretu honetan bilduriko diru-laguntzak bi ordainketatan egingo dira, honela bideratuta:

a) Diru-laguntzaren %70 lehen ordainketan, emandako diru-laguntza onartu ondoren gauzaturikoa.

b) Diru-laguntzaren %30 bigarren ordainketan, ekintzak amaitzean emandakoa. Azken memoria aurkeztu ondoren gauzatuko da ordainketa hori, eta haren edukia 11. artikuluaren f idatz-zatian dago zehaztuta.

13. artikulua.– Proiektuen hasiera.

Kapitulu honetan diru-laguntzaren xede diren ekintzek diru-laguntza eskatzen den urtean hasi beharko dute eta hurrengo ekitaldiko ekainaren 15a baino lehenago amaitu.

III. KAPITULUA
PRESTAKUNTZARAKO ETA ENPRESA-EKIMENAK SUSTATZEKO AHOLKULARITZARAKO DIRU-LAGUNTZAK
1. SEKZIOA: DIRUZ LAGUN DAITEKEEN JARDUNA, ERAKUNDE ONURADUNAK ETA BALDINTZAK

14. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduna.

1.– Talde-prestakuntza eta enpresa-ekimenen sustatzaileentzako banakako aholkularitza izango dira diru-laguntzaren xede Kapitulu honen babespean, ibilbide ekintzailearen fase guztietan: negozio-ideia sortu eta mamitzen denetik jarduera ekonomikoen gaineko zergarako alta eman eta ondorengo lehen urte osora arte, bideragarritasun-azterketa eta jarduera ekonomikoa abiarazteko prozesua barne hartuta.

2.– Enplegu-orientazioko zerbitzuaren erabiltzaileei esleituriko prestakuntza eta aholkularitza soilik izango dira diru-laguntzaren xede, ituntzen den laneratze-ibilbidearen arabera. Okupagarritasuna hobetzeko eta Laneratzea sustatzeko neurriak arautzen dituzten arauetan biltzen da enplegu-orientazioko zerbitzu hau.

3.– Diru-laguntzaren xede izateko, enplegu-orientazioko zerbitzuaren erabiltzaileentzako prestakuntza eta aholkularitza zerbitzuak doan jaso behar izan dituzte erabiltzaile horiek.

15. artikulua.– Erakunde onuradunak.

Ondoko erakunde-motak izango dira Kapitulu honek biltzen dituen laguntzen erakunde onuradun, betiere 16. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte:

a) Udalerriak, mankomunitateak, koadrilak, horien menpeko sozietate publikoak eta garapen-agentziak, betiere enpresa sustatzeko aukera babesteko zerbitzu propio egonkorra badute guztiek ere.

b) Enpresa eta Berrikuntza Zentroak.

c) Legez eraturiko elkarteak, fundazioak, gobernuz kanpoko fundazioak eta aholkularitza-erakundeak, betiere lan-merkatura sartzeko zailtasun handiagoak dituzten gizarte-taldeentzako enpresa-sustapena babesteko alorra badute jarduera-eremutzat.

16. artikulua.– Baldintzak.

Kapitulu honetan arauturiko diru-laguntzak baliatzeko, ondokoak bete beharko dituzte 15. artikuluan zerrendaturiko erakundeak:

a) Kapitulu honetan xedaturikoari jarraiki, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak aldez aurretik onarturiko enpresak sortzeko aukera babesteko proiektu orokorra, eta prestakuntza eta aholkularitzako balizko ekintzen katalogo askotarikoa edukitzea.

b) Laneko segurtasun eta osasunaren aurkako delituak egin izanagatik epai irmoa tarteko kondenatua ez izana, eta laneko segurtasun eta osasun arloan administrazio arau-hauste oso larria egin izanagatik irmo zigortua ez izana.

c) Lan-arriskuen ebaluazio bat egin izanaren baldintza egiaztatzea, prebentzioaren antolamendua hartuta eta prebentziozko jardun-plana landuta beharrezkoa izanez gero laneko segurtasun eta osasun arloan indarrean dagoen legeriaren arabera; eta hori eskatzen duten antolamendu-modalitateetarako ezarritako prebentzio-sistemaren kontu-ikuskapena egin izana ere egiaztatzea.

d) Kalitatearekiko konpromisoa egiaztatzea prestakuntza-eremuan kalitate-ziurtagiria edukita, edo, horrela ez bada, horrelako prozesu bat hasi izana, betiere a) idatz-zatian adierazitako proiektuaren eta katalogoaren onarpen-eskaerako datatik kontatzen hasita gehienez hemezortzi hilabeteko epean amaitzeko konpromisoa tarteko.

e) 15. artikuluaren c) idatz-zatian adierazitako erakundeen kasuan, euren xede sozial edo jardun-esparru orokorrean bildu behar dute enpresak sustatzearekin loturiko prestakuntza-jarduerak egiteko aukera, lan-merkatura sartzeko zailtasun handiagoak dituztenentzako.

2. SEKZIOA: PROIEKTU GLOBALA ETA EGIN DAITEZKEEN EKINTZEN KATALOGOA ONARTZEA

17. artikulua.– Proiektu orokorra onartzeko eskaeraren eta balizko ekintzen katalogoaren dokumentazioa.

1.– Proiektu orokorra eta haren erabiltzaileei enplegu-orientazioko zerbitzuak esleitu litzakeen ekintzen katalogoaren aldez aurreko eskaerak erakundearen jarduteko ahalmen orokorrari buruzko dokumentazio-bloke bat eta katalogo horretako ekintza bakoitzari buruzko beste dokumentazio-bloke bat bilduko ditu.

2.– Ondokoak bilduko ditu erakundearen jarduteko ahalmen orokorrari buruzko dokumentazioak:

a) Eremu geografikora edo haien erabiltzaileen profilera egokituriko enpresak sortzeko aukerak babesteko proiektu orokorrari buruzko txostena, hura garatzeko prozeduren, jarduteko protokoloen, metodologia didaktikoen eta ebaluazio-tresna propioen deskribapena bilduta.

b) Enpresak sustatzeko aukera babesteari dagokionez aldez aurreko eta kalitatezko esperientzia izatea biltzen duen memoria egiaztagarria, betiere gutxienez bi urtekoa, edo prestakuntza edo aholkularitza jarduerari dagokionez 3.000 ordukoa. 15. artikuluaren b) idatz-zatian adierazitako erakundeek ez dute adierazitako memoria aurkeztu behar. Bat-egiteen, erosketen edo edozein titulartasunaren aldaketaren prozesuen ondoren, erakundeek zinez egiaztatzen badute aurretik zegoen jarduerarekin jarraitzen dutela, aurrekoaren esperientzia kontuan hartu ahal izango da.

c) Proiektu orokorra garatzeko giza baliabide nahiko izatea egiaztatzen duen txostena, honela:

1.– Zuzendaritza eta irakasle talde egonkorra eduki behar dute; hiru lagunek osatu beharko dute gutxienez, horietako bi goi-mailako tituludunak, eta guztiak ere enpresak sortzeko aukera babesteko eginkizunetan. Pertsonak, bakoitzak erakundearekin duen lan-harremana eta titulazioa, berariazko prestakuntza, irakaskuntza-esperientzia eta lanbide-esperientzia identifikatuko ditu txostenak, eta betiere enpresak sortzeko eremuan prestakuntza eta aholkularitza lanerako garrantzitsua den informazioa ardatz hartuta.

2.– Enpresa-sustapena babesteko prestakuntzan eta tutoretzan parte hartzeko prest dagoen laguntzaile-taldea edukitzea, aurkezten duten balizko ekintzen katalogora kuantitatiboki eta kualitatiboki egokituta. Laguntzaile guztiek 1.500 orduko esperientzia beharko dute izan egiaztatuta enpresak sortzeko prestakuntzan eta aholkularitzan. Kasu bakoitzean, pertsona horrekin dagoen lan-harremana eta zenbakian zehazturiko titulazioari, prestakuntzari eta esperientziari buruzko datu berak adieraziko dira. Kasu guztietan ere, enpresak sortzeko eremuan prestakuntzari eta aholkularitzari dagokionez erakundearekin lankidetzan aritzea onartzen duela biltzen duen sinaturiko dokumentua aurkeztuko du proposaturiko pertsonak.

d) Enpresak sortzeko prestakuntza eta aholkularitza jarduerak egiteko erabiliko diren lokalen zerrenda, horien kokapenaren datuak, eta espazioen eta bertako ekipamenduen deskribapena bilduta.

e) Aurreikusitako jarduerak egiteko establezimendua irekitzeko udal-lizentziaren kopia, edo baldintza hori bete behar ez izatea egiaztatzen duen dokumentua.

f) Lokal horiek NBE-CPI/ 96 eraikuntzarako oinarrizko araua onartzen duen urriaren 4ko 2177/1996 Errege Dekretuan xedaturikoa, edo hura ordezkatzen duen xedapena, betetzen duten zinpeko aitorpena, baita indarrean dagoen legeriak adierazten dituen higieneari, akustikari, bizigarritasunari, segurtasunari eta irisgarritasunari buruzko baldintzak ere.

g) 16. artikuluaren b) eta c) idatz-zatietan zehazturiko laneko segurtasun eta osasun arloko baldintzak betetzeari buruzko zinpeko aitorpena.

h) 16. artikuluaren d) idatz-zatian deskribaturiko kalitatearekiko konpromisoa betetzearen egiaztapena.

i) 15. artikuluaren c) idatz-zatian adierazitako erakundeen kasuan, laneratzeko zailtasunak dituztenen enpresa-sustapena babesteko jardueren garapenarekin erakundearen sozietate-konpromisoa egiaztatzen duen dokumentua (jarduera ekonomikoen gaineko zerga, estatutuak, eraketa-eskriturak...).

j) 15. artikuluaren c) idatz-zatian adierazitako erakundeen kasuan, pertsona juridikoen eta oro har erakundeen txartelaren fotokopia.

3.– Bestalde, haren erabiltzaile izaki eta profil ekintzailea dutenei orientazio-zerbitzuak eslei liezazkiekeen ekintzen katalogoa osatzen duten ekintza bakoitzari buruzko dokumentazioa; Dekretu hau garatzen duten xedapenek zehazten duten prozesu elektronikoa edo telematikoa tarteko aurkeztu beharko da, eta ondokoei buruzko informazio xehatua bilduko du:

a) Erakunde eskatzailearen izena, helbide soziala eta harremanetarako datuak.

b) Jardun-mota: taldekoa edo banakakoa; talde-moduluak zein banakakoak biltzen dituen prestakuntza-ekintza hartuko da taldekotzat.

c) Ekintza hartan eskainiko den Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofiziala. Taldekoak huts-hutsik diren prestakuntza-ekintzetan ondoko aukeretatik edozein hartu ahal izango da: euskara, gaztelania edo bi hizkuntzetatik edozein. Banakako aholkularitza edo tutoretza ekintzetan, edo banakako arretako moduluak barne hartzen dituztenetan, ahalegin berezia egingo da zerbitzua parte-hartzaileak aukeraturiko hizkuntzan emateko.

d) Ekintzaren izenburua.

e) Prestasun-egutegia. Ez da ezer adieraziko prestakuntza-ekintza urte osoan eskaintzeko prest egonez gero. Horrela ez bada, ekintza zein hilabetetan hasi daitekeen adieraziko da talde-ekintzetan, eta aholkularitza zein hilabetetan jaso dezaketen banakakoetan.

f) Urtean eskaini daitekeen edizio-kopurua, talde-ekintzen kasuan soilik.

g) Ordu-prestasuna: ekintza zein ordu-tartetan eskaini daitekeen, talde-prozesuentzako soilik, eta betiere mugaren bat badago. Banakako prozesuetan zerbitzuaren erabiltzailearen premietara egokituko da ordutegia.

h) Kudeaketari begira arduradun denaren izena eta harremanetarako datuak.

i) Prestakuntza-prozesuan tutoretza-erantzukizuna duenaren/dutenen izena eta harremanetarako datuak. Gutxienez lagun bat talde-prozesuetan eta haiei zerbitzua ematen zaienentzako lagun-kopuru nahikoa banakako aholkularitza kasuan.

j) Irakasleen zerrenda, euren profila eta bakoitzak emango dituen orduak, eta moduluak edo edukiak adierazita. Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizial batean edo bitan irakaskuntzan aritzeko duten hizkuntza-gaitasuna ere zehaztuko da. Izenaren arabera zerrendatzea ezinezkoa bada, 1. irakasle, 2. irakasle eta abar bezala identifikatuko dira. Enpresak sortzeko prestakuntzan eta aholkularitzan 1.500 orduko esperientzia egiaztatuta dutenek soilik eman ahal izango dituzte ekintzak.

k) Parte-hartzaile kopurua. Talde-ekintzetan, ondoko urkiletako bat aukeratu ahal izango da: 5 – 8 parte-hartzaile, 9 –12 parte-hartzaile eta 13 –16 parte-hartzaile. Prestakuntzaren eta parte-hartzaileen ezaugarrien arabera aukeratuko da urkila. Alde batetik, hartatik abiatuta erakunde laguntzaileak ekintza burutzeko konpromisoa hartzen duen Enplegu Orientazioko Zerbitzutik aldez aurretik izena emandakoen gutxieneko kopurua adierazten du urkilak, eta, bestetik, parte-hartzaileen gehienezko kopuru posiblea. Banakako ekintzetan ondoko denboraldietan zerbitzua haiei eman ahal emango zaienen guztizko kopurua adieraziko da: urria-urtarrila, otsaila-maiatza eta ekaina-iraila

l) Erakunderako emateko ordu orokorren kopurua, talde-orduak eta banakakoak xehatuta.

m) Parte-hartzailearentzako ikaskuntza-orduen guztizko kopurua, taldeko orduak eta banakakoak xehatuta. Irakasle aurrekoa ez den prestakuntza bada, ikaskuntza-orduen guztizkoa hartuko da kontuan.

n) Parte-hartzaileen sarrera-profila bakoitza zein prestakuntza-fasetan dagoen arabera. Ez da ezer adieraziko ekintzetan profil ekintzaileak duen edozein lagunek parte hartu badezake.

ñ) Prestakuntza-ekintzako parte-hartzaileen irteera-profiletan, aurreikusi daitekeenaren arabera eskuratuko dituen ezagutza eta gaitasunen terminoetan, baita enpresa sortzeko bilakaeraren terminoetan ere.

o) Edukien egitaraua. Edukien egitarauak ingurumen-sentsibilizazioko berariazko modulua barne hartzeko aukera bilduko du; behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Europako Gizarte Funtsaren lankidetzarekin horretarako onartutako eta editaturiko autoprestakuntza-egitarauaren bidez garatuko da. Lehendik ere egina duten parte-hartzaileek ez dute modulua egin beharko.

p) Prestakuntza-ekintza zein lokaletan garatuko den, haien kokapenaren xehetasun guztiekin.

18. artikulua.– Proiektu orokorra eta balizko ekintzen katalogoa onartzeko eskabidearen aurkezpena.

1.– Proiektu orokorra eta balizko ekintzen katalogoa onartzeko eskabideak, aurreko artikuluan zerrendaturiko dokumentazioa biltzen dutela, eta Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariari igorrita, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztuko dira, zuzenean edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bitartekoen artean edozeinen bidez, katalogoan barne harturiko ekintzei dagozkien datuak prozedura telematikoen bidez igortzeari buruz aurreikusitakoa bete beharra aparte utzi gabe.

2.– Proiektu orokorra eta balizko ekintzen katalogoa onartzeko eskaerak Dekretu hau indarrean sartu eta behin lau hilabete igarota aurkeztu ahal izango dira.

3.– Eskaera aurkezterakoan bete beharko dituzte baldintzak erakunde eskatzaileek. Nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko _30/1992, azaroaren 26koa_71. artikuluan ezarritako zuzenketa- eta hobekuntza-tramitea egitea ere izango dute.

19. artikulua.– Ebaluazio-batzordea eta balorazio-irizpideak.

1.– Proiektu orokorra eta balizko ekintzen katalogoa onartzeko eskaerak batzorde tekniko batek aztertu eta ebaluatuko ditu; Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren plantilla teknikoko hiru kidek osatuko dute gutxienez, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariak hartarako izendatuak; presidentea izendatuko du kide horien artean. Ebaluazio-batzordearen ebazpen-proposamena aurkeztuko du presidenteak, ondoko balorazio-irizpideei jarraiki:

a) 16. artikuluaren a), b), c), d) eta, kasuak kasu, e) idatz-zatietan zehazturiko baldintza guzti-guztiak bete beharko ditu onartua izateko.

b) 16. artikuluaren a) idatz-zatian bilduriko baldintza betetzat joko da 17. artikuluaren bigarren paragrafoaren a), b), c) eta d) idatz-zatietan deskribaturiko dokumentu egiaztagarri bakoitzak balorazio tekniko positiboa jasotzen duenean.

c) Erakunde bakoitzari aplikatzen zaion balizko jardueraren bolumen orokorra eta ekintzaren araberakoa Dekretu honen 17.artikuluaren bigarren paragrafoan, zehazki a), b), c) eta d) idatz-zatietan adierazitako dokumentazioan egiaztaturiko bitarteko eta baliabideekiko proportzionala izango da.

20. artikulua.– Proiektu orokorrari eta balizko ekintzen katalogoari buruzko ebazpena.

1.– Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren ebazpenak onartuko edo ukatuko ditu proiektu orokorra eta balizko ekintzen katalogoa.

2.– Diru-laguntza ematearen aldeko ebazpenak onarpenaren ondorioz erakundeak bere gain hartzen dituen betebeharrak eta onarturiko balizko ekintzen xehetasuna bilduko ditu, 17. artikuluaren hirugarren paragrafoan eskaerarako zehazturiko xehetasun-maila berarekin deskribatuta daudela kontuan izanda. Ildo horretan, ondokoak egin ahal izango ditu:

a) Ekintzak aurkeztu zituzten termino beretan onartzea.

b) Ekintzak kentzeko aukera edo eskaturikoarekiko ekintzaren baten edukian aldaketak proposatzea.

Bi kasuetan ere, behin ebazpena erakunde eskatzaileari igorri eta hamar egun balioduneko epea igarota hura jaso zenetik berariazko uko-egiterik gabe, erakundeak onarpena ebazpenean zehazturiko termino beretan onartzen duela hartuko da kontuan.

3.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 107. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

21. artikulua.– Proiektu orokorrari eta balizko ekintzen katalogoari buruz ebazteko epea.

1.– 17. artikuluak biltzen dituen eskaerak ebatzi eta jakinarazteko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera aurkezten den egunetik kontatzen hasita.

2.– Epe hori berariazko ebazpenik gabe igarota, baimentzeko eskaria kontuan harturikotzat joko da, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoari begira, administrazioak propio ebazteko duen betebeharra aparte utzi gabe; nolanahi ere, ebazpena berrestekoa izango da.

22. artikulua.– Proiektu orokorra eta ekintzen katalogoa onartzen zaien erakundeen betebeharrak.

1.– Ondoko betebeharrak izango dituzte proiektua eta dagokien katalogoa onartzen zaien erakundeek:

a) Baimena eragin zuten edozein baldintzaren aldaketa Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari jakinaraztera, eta batez ere dagokion ebazpenean agertzen diren datuen aldaketa. Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak espedientean gaineratuko du komunikazio hori, eta ebazpen berria emango du, 19. artikuluan aipaturiko ebaluazio-batzordearen aldez aurreko proposamena tarteko, baimena berretsiz, baliogabetuz edo aldatuz, 20. artikuluan xedaturikoaren prozeduraren bidez.

b) Dekretu honetako xedeak zorrotz betetzeko, egiaztatzeko, kontrolatzeko eta jarraitzeko prozeduretan Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren jarduna ahalbidetu eta erraztera.

c) Enplegu-orientazioko zerbitzuetatik aldez aurretik izena emandakoak haren katalogoan onarturiko ekintzak egiteko hautagai gisa lehentasun handienarekin onartzera.

d) Dekretu honen 29. artikuluan aurreikusitako edo Prestakuntza eta Enplegu Zuzendaritzak arauari jarraiki zehatz ditzakeen zirkunstantziak gertatzen ez diren artean ekintza ez hastera.

e) Talde-prestakuntzan, prestakuntza-ekintza Orientazio Zerbitzutik esleitu zaienen prestasuna egiaztatzera behin bide horretatik aldez aurretik izena emandakoen kopurua plaza erabilgarrien gehienezkora iristen denean, edo Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak hori eskatzen duenean, behin plaza erabilgarrien gutxienekora iritsi ondoren, eta prestasun hori egiaztatzen bada, jarduerari hasiera ematera.

f) Banakako aholkularitzan, enplegu-orientazioko zerbitzutik aldez aurretik izena emandako guztiak onartzera, aldez aurretik izena emandako ordenari jarraiki, eta izena aldez aurretik eman eta berehala, plan orokorra eta dagokion katalogoa onartu zuen ebazpenean erakundeari emandako guztizko ordu-kreditua agortu arte.

g) Dekretu hau garatzen dituzten xedapenek ezarritako Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzako sistema informatiko integratuan enpresak sortzeko prestakuntzari eta aholkularitzari buruzko datuak sartzea.

2.– Dekretu honen 29. artikuluan ezarritakoaren arabera ekintzari hasiera eman behar bazaio, ondokora egongo dira behartuta erakundeak:

a) Prestakuntza-ekintzari edo aholkularitzari hasiera ematera, eta hura burutzera, Dekretu honetan xedaturikoari jarraiki, hura garatuko duten arauei, eta enpresak sortzeko prestakuntza eta aholkularitza ekintzen balizko katalogoa onartu zuen ebazpenari dagokienez.

b) Dekretu hau garatzen dituzten xedapenek ezarritako Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzako sistema informatiko integratuan jarduerari zein parte-hartzaileei buruzko datuak sartzea.

c) Informazio-sistema integratu horren bidez jardueraren garapenean gertatzen den edozein gorabehera garrantzitsuren berri ematera, eta batez ere haren hasieraren eta amaieraren berri.

d) Garatzen dituzten ekintzetan parte-hartzaileei legeari jarraiki aintzat harturiko hizkuntza-eskubideak errespetatzera, eta, batez ere, horiek harturiko hizkuntza-aukera betiere errespetatzera, banakako prestakuntza, tutoretza eta aholkularitza faseetako hizkuntzari dagokionez; Euskal Autonomia Erkidegoko hizkuntza ofizialetan komunikatzeko zailtasunak dituzten etorkinei hizkuntza-tratamendu egokia eskaintzeko ere ahalegintzera.

e) Onarturiko prestakuntza-prozesuaren tutore gisa norbait esleitzera, betiere orientazio-zerbitzuaren hizketakide iraunkor izango dena.

f) Parte-hartzaile bakoitzari buruzko banakako azken ebaluazio-txostena Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren integraturiko informatika-sisteman (dekretu hau garatzen duten xedapenek ezarritakoan) propio sartzera, tutorearen bidez, eta baita egiaz eginiko ikaskuntza-orduak ere, banan-banan jasotarikoak eta talde-arretari buruzkoak bereizita.

g) Parte-hartzaile bakoitzari eskuraturiko aprobetxamenduen ziurtagiria ematera; interesatuari igorri aurretik Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak ontzat eman beharko du, ekintza Katalogora gaineratzea onartzen duen ebazpenean zehazten den terminoetan.

h) Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren ebaluazio-zerbitzuarekin lankidetzan aritzera, plan orokorra eta dagokion katalogoa onartzen duen katalogoan zehazten den kasuetan, eta batez ere parte-hartzailearen enpresa-proiektuaren jarraipenari dagokionez.

i) Diru-laguntzari begira gasturako justifikazio gisa, dekretu hau garatzen duten xedapenek Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzan ezarritako informazio-sistema integratuan sartzera egiaz emandako orduen egokitzapena, taldekoak eta banakakoak, prestakuntza-ekintza eta parte-hartzaile bakoitzeko xehatuta.

j) Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzari, Dekretu honetako 33. artikuluaren bigarren paragrafoan ezarritako paragrafoetan, azken memoria, aurreko lau hilean egindako jarduerari buruzkoa, aurkeztera, ondokoak bilduta: jardueraren ebaluazio-memoria kualitatibo laburra, ekintzaren garapenean buruturiko gastu errealaren zinpeko aitorpena -irakasleen eta ikasmaterialen, eta lantegien kontzeptupeko kostuak betetzeko gutxieneko portzentajea %70ekoa izango da- eta parte-hartzaileek sinaturiko ziurtagiriak, betiere erakundeak Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren informazio-sistema integratuan (Dekretu hau garatzen duten xedapenek ezarritakoan) sarturiko ordu-burutzapeneko datuen egiazkotasuna ziurtatzen badute.

k) Hizkuntza sexistarik ez erabiltzera eta aukera-berdintasuna sustatzera, eta, hala badagokio, emakumearen aldeko ekintza positiboa, bere jardueraren garapenari dagokionez.

l) Datu Pertsonalak Babesteko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoak zer ezartzen duen jakinaraztera datu pertsonalak ematen dituzten parte-hartzaileei.

m) Prestakuntza, tutoretza edo aholkularitza ekintzetan parte hartzen dutenen baimena lortzera datu pertsonalak jakinarazteko enplegu-politika aktiboei begira.

n) Beharrezkoak diren neurri teknikoak eta antolamendu-arlokoak hartzera datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko eta haiek aldatu, galdu, edo baimenik gabe baliatu edo tratatzea saihesteko, legez ezarritako norabideen arabera.

ñ) Lanbideko sekretua gordetzera tratamendu automatizatua izan dezaketen euskarri fisikoan erregistraturiko fitxategi automatizatuetan bilduriko datuei buruz, betiere haietaz prestakuntza-ekintzan jabetzen bada.

23. artikulua.– Ez-betetzeak.

Edozein betebehar ez betetzea, eta, batez ere, Dekretu honetan, hura garatuko duten arauetan edo enpresak sortzeko aukera babesteko proiektu orokorra, eta prestakuntza eta aholkularitzako balizko ekintzen dagokion katalogoa onartzen duen ebazpenean bilduriko aurreikuspenak bete gabe jarduerari hasiera ematea, nahikoa arrazoi izango da diru-laguntza ukatu edo galtzeko, hori emateko prozedura Kapitulu honetan xehatzen dela kontuan hartuta.

24. artikulua.– Onarpena iraungitzea.

1.– Enpresak sortzeko aukera babesteko proiektu orokorra eta dagokion ekintzen katalogoa onartzeko eskaeran ekarritako baldintzekiko beherantzako aldaketarik ez badago, bost urteko baliotasuna izango du; igaro ondoren, ofizioz berraztertuko du administrazioak, eta, hortaz, denboraldi bererako berretsi, aldatu edo baliogabetuko du, eta horrela denboraldi bat bestearen ondoren.

2.– Baimena berretsi, aldatu edo baliogabetzen den zehazteko, hasierako onarpenerako kontuan harturiko ezarritako baldintzez gain, aurreko hurreneko denboraldian erakundeak garaturiko burutzapen-ibilbidea ere hartuko da kontuan.

3.– Ebazpen-prozedura, 19. artikuluan arauturiko ebaluazio-batzordearen aginduzko prozedura aurretik duela, Dekretu honen 20. artikuluan deskribaturikoaren berdin-berdina izango da.

25. artikulua.– Erakundeak eskatuta proiektu orokorra eta katalogoa aldatzea.

Egoki irizten diotenean aldatu, eguneratu edo osatu ahal izango dute erakundeek euren proiektu orokorra eta hari lotutako katalogoa, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariari eginiko eskaera tarteko, horri buruz hark ebatziko duela kontuan hartuta.

26. artikulua.– Onarpena galtzea.

1.– Onarpenak eragina galduko du bi urte ematen badira katalogoan onarturiko edozein jarduera hasteko zirkunstantziak gertatu gabe, onarpen-ebazpenetik edo buruturiko azken jarduera amaitzen denetik kontatzen hasita.

2.– Ondokoek ere onarpena galtzea eragingo dute:

a) Kapitulu honetan edo hura onartu zuen ebazpenean xedaturiko epe edo baldintzetan justifikaziorik gabe bere katalogoaren ekintzaren bat ez hasteak edo ez amaitzeak.

b) Baimenerako beharrezkoak diren baldintzak bete ez direla edo galdu direla egiaztatzea, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren ikuskatze-lana tarteko.

c) Dekretu honek arauturiko edozein diru-laguntza borondatezko denboraldian ez itzultzea.

3.– Prozedura bideratuta, eta onarpena galtzea ebatzi baino berehalaxe lehenago, hamar eguneko epea emango zaio erakunde interesatuari egoki irizten dituen dokumentuak eta justifikazioak alegatu eta aurkezteko.

4.– Onarpena galtzeko prozedurari amaiera ematen dion ebazpena Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariari dagokio; berak erabakiko du erakunde interesatuak planteaturiko eta horietatik eratorritako gai guztiei buruz.

5.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 107. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

3. SEKZIOA: ENPRESA-SUSTAPENA BABESTEKO PRESTAKUNTZA EKINTZEN KATALOGO GLOBALA SUSTATZEA

27. artikulua.– Enpresa-sustapena babesteko prestakuntza-ekintzen katalogo orokorra eratzea.

Enpresak sortzeko prestakuntza eta aholkularitzako ekintzen katalogoaren onarpen bakoitzak bertan bilduriko ekintzak enplegu-orientazioko zerbitzuak haren erabiltzaile izaki eta profil ekintzailea dutenei eslei liezazkien ekintzen katalogo orokorrera ofizioz gaineratzea dakar.

28. artikulua.– Katalogo Orokorraren prestakuntza-aukerak enplegu-orientazioko zerbitzuaren erabiltzaileei esleitzea.

1.– Une bakoitzean erabilgarri dagoen katalogo orokor osoa kontuan hartuta, haien egoerarako egokiena den enpresa-sustapenerako prestakuntza, tutoretza edo aholkularitza ekintza esleitu ahal izango die erabiltzaileei enplegu-orientazioko zerbitzuak.

2.– Talde-prestakuntza bada, banakako tutoretza-osagarriekin edo gabe, esleipena katalogoaren ekintza jakin bati buruzkoa izango da, haren modulu eta kreditu-ordu guztiak bilduta.

3.– Banakakoa soilik den prestakuntza bada, enplegu-orientazioko zerbitzuak erabiltzailearekin adosturiko banakako arreta-premien ordu-kredituak mugatuko du baliabidearen esleipena.

29. artikulua.– Ekintzak hasi eta burutzea.

1.– Katalogo orokorraren taldeko prestakuntza-ekintzak nahitaez hasi beharko dituzte, betiere proiektu orokorra eta dagokion balizko ekintzen katalogoa onartu zuen ebazpenean ezarritako prestasun-egutegiaren barruan, orientazio-zerbitzutik aldez aurretik izena emandakoak gutxienez jarduerak dituen gehienezko plazen adina izatean.

2.– Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak taldeko prestakuntza-ekintza bat hastea agindu ahal izango du, betiere proiektu orokorra eta dagokion balizko ekintzen katalogoa onartu zuen ebazpenean ezarritako prestasun-egutegiaren barruan, egiaz erabilgarri dauden Enplegu Orientazio Zerbitzutik aldez aurretik izena emandakoen kopuruak ebazpenean bertan aurreikusitako gutxieneko plaza-kopurua betetzen badu.

3.– Taldeko prestakuntza-ekintzak plaza guztiak bete gabe hasi behar badu, enplegu-orientazioko zerbitzutik aldez aurretik izena eman ez dutenekin bete ahal izango ditu erakundeak gainerako plazak, eta ez dira kontuan hartuko Kapitulu honetan arauturiko diru-laguntzaren kalkuluari begira. Kasu horretan, diruz lagundutako erakundeak enplegurako orientazioko zerbitzuak aurre inskribatu ez dituen pertsonei emandako prestakuntza-ekintzari dagokiona kobratzea izango du.

4.– Banakako ekintzak automatikoki hasiko dira enplegu-orientazioko zerbitzuak bakoitzari ordu-kredituak esleitzen dizkion neurrian.

30. artikulua.– Katalogo orokorraren ekintzetara aldez aurretik izena emandakoak onartzeko eta hautatzeko irizpideak, eta arriskuen estaldura.

1.– Proiektu orokorra eta dagokion ekintzen katalogoa onartu zuen ebazpenean ezarritako prestasun-egutegian aldez aurretik izena eman eta egiaz prest daudenak plazak baino gehiago badira, aldez aurretik izena emandako ordenaren arabera sartuko dira.

2.– Banakako prestakuntzaren kasuan, beste lagun batzuk onartu ahalko eta beharko dira, onarturikoen multzoari esleituriko ordu-kredituen batura proiektu orokorra eta balizko ekintzen katalogoa onartu zuen Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren ebazpenean onarturiko guztizko orduetara iristen ez bada. Hainbat arrazoi tarteko hasieran norbaiti esleitu eta erabiliko ez diren kredituak baliogabetu ahal izango dira erakundeak ordu-kreditu erabilgarria kalkula dezan lagun berriak onartzeko.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak bere gain hartuko du berak kontrataturiko aseguruen kostua, betiere enpresak sortzeko prestakuntza, tutoretza eta aholkularitza ekintzetako parte-hartzaileen istripu-arriskuak eta horien hirugarrenekiko erantzukizun zibila estaltzeko.

4. SEKZIOA: EGINDAKO EKINTZAK DIRUZ LAGUNTZEA

31. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta baliabide ekonomikoak.

1.– Ondokoa izango da enplegu-orientazioko zerbitzutik aldez aurretik haien izena eman den profil ekintzailekoen prestakuntza, aholkularitza edo tutoretza ekintzak emateagatiko kostua:

a) Banakako arretagatik: 35 euro orduko enplegu-orientazioko zerbitzutik aldez aurretik izena emandakoari.

b) Taldeko esku-hartzeagatik: 70 euro orduko, eta diru-laguntzari begira enplegu-orientazioko zerbitzutik dagokion aldez aurreko izen-ematearen arabera taldean parte hartu dutenei dagokien zati proportzionala soilik zenbatuko da.

2.– Ondorio horietarako, eta ekitaldi ekonomiko bakoitzeko, urtero argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpenaren bidez, kapitulu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko esleitutako kredituen zenbatekoa.

3.– Kapitulu honetan ezarritakoaren arabera eman beharreko laguntza guztien bolumena ez da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusietan urtero ezarritako kopurua edo berori gaurkotuta ondorioztatzen den kopurua baino handiagoa izango, indarrean dauden legeetan aurreikusitako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren erregimenaren arabera. Ez da egongo, horrenbestez, beste laguntza batzuk ematerik behin zenbateko hori agortu ondoren, eta horrela eskatzen direnak ukatu egingo dira. Hala egokituz gero, bi egoeren berri emango da Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpenaren bidez.

4.– Aurrekontu-ekitaldian ekitaldi horretako aurrekontu-kredituekin bildu ezin diren Kapitulu honetan barne hartutako diruz laguntzeko moduko jardunei buruzko eskaerak badaude, ondorengo ekitaldiaren aurrekontu-kredituei egotzi ahal izango dizkiete, eskaera berriro zertan aurkeztu gabe, betiere jardun horiek laguntzak lortzeko III eta V. Kapituluetan xedaturikoa betetzen badute. Kasu horretan, nolakoa den kontuan izanda denboran eraginkortasun mugatua duen dokumentazioa soilik aurkeztu beharko da berriz, eta eguneratu beharrekoa, eraginkorra izateari utzi diolako, baita dagokion diru-laguntzaren eskabidea ere.

32. artikulua.– Diru-laguntza eskatzeko dokumentazioa.

Ondoko dokumentazioarekin batera aurkeztuko da diru-laguntza eskaera:

a) Guztizko diru-laguntza eskaera, eskaera formalizatu baino aurreko hurreneko lau hilabeteetan enplegu-orientazioko zerbitzutik aldez aurretik izena emandakoei eginiko zerbitzuak direla-eta, prestakuntza-ekintza eta lagun bakoitzeko xehatuta, 31. artikuluan diru-laguntza kuantifikatzeko ezarritako irizpideak kontuan hartuta.

b) Aurreko hurreneko lauhilekoan garaturiko jardueraren deskribapen-memoria.

c) Parte-hartzaileek sinaturiko ziurtagiriak, betiere a) idatz-zatian adierazitako dokumentazioan deklaraturiko ordu-burutzapeneko datuen egiazkotasuna egiaztatzeko moduan.

d) Erakunde eskatzailearen legezko ordezkariak sinaturiko zinpeko aitorpena, ondokoak bilduta:

1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidean dauden itzultzeko eta zigortzeko prozeduren egoera.

2.– Eusko Jaurlaritzari, bestelako herri-administrazioei, edo bestelako eite publiko edo pribatuei, ekintza bera tarteko, eskaturiko beste edozein laguntza edo diru-laguntza zein egoeratan (emandakoa edo izapidean) dagoen.

3.– Erakundearen ordezkaritza-ahalmenak edukitzea erakunde publikoei aurkezteko, gutxienez diru-laguntzak eskatu eta jasotzeko, baita haien beharrezko izapideak egiteko ere.

4.– Dekretu honek eta, hala badagokio, laguntza gauzatzeko ematen den ebazpenak eskaturiko baldintza guztiak betetzeko konpromisoa.

e) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren, edota gizarte-aurreikuspeneko dagokion erakundearen ziurtagiri eguneratuak eta bi aletan, erakunde horiekin zerga-betebeharrak beteta dituela egiaztatzen dutenak. Erakundea ordainketei dagokienez egoera erregulatuan dagoela ulertuko da zorraren atzerapena lortu eta berori agiri bidez kreditatzen badu.

f) Pertsona juridikoen eta oro har erakundeen txartelaren fotokopia.

33. artikulua.– Diru-laguntza jasotzeko eskabideak aurkeztea.

1.– Diru-laguntza jasotzeko eskabidea Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztuko da, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariari igorrita, zuzenean edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bitartekoen artean edozeinen bidez.

2.– Urtean eskatzeko hiru epe izango dira, diru-laguntza jardueraren zein lauhilekotarako eskatzen den kontuan izanda:

a) Otsaila, aurreko hurreneko lauhilekoan garaturiko jarduerarako: urria, azaroa, abendua eta urtarrila.

b) Ekaina, aurreko hurreneko lauhilekoan garaturiko jarduerarako: otsaila, martxoa, apirila eta maiatza.

c) Urria, aurreko hurreneko lauhilekoan garaturiko jarduerarako: ekaina, uztaila, abuztua eta iraila.

3.– Lauhileko jakin batean amaiturikoa hartuko da lauhilekoan garaturiko talde-jardueratzat, haren hasiera-data alde batera utzita.

4.– Eskaera aurkezten den unean egiaztatu beharko dute erakunde onuradunek baldintzak betetzen dituztela; nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko _30/1992, azaroaren 26koa_71. artikuluan ezarritako zuzenketa eta hobekuntza tramitea egitea ere izango dute.

34. artikulua.– Kudeaketa eta ebazpena.

1.– Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren ebazpena tarteko onartu edo ukatuko da diru-laguntza. Ebazpenak azkenean emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua zehaztuko du, kasuak kasu. Behin ebazpena erakunde eskatzaileari igorri eta hamar egun balioduneko epea igarota hura jaso zenetik berariazko uko-egiterik gabe, erakundeak onarpena ebazpenean zehazturiko termino beretan onartzen duela hartuko da kontuan.

2.– Ebazpen horrek ez du administrazio-bidea amaitzen, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 107. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

3.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta banakako eta berariazko ebazpenaren jakinarazpena aparte utzi gabe, Dekretu hau indarrean sartzen denetik eta urtero, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Kapitulu honen babespean emandako laguntzen erakunde onuradunen zerrenda, eta baita haietan emandako diru-laguntza aldatu denena ere.

35. artikulua.– Ebazteko epea.

1.– Kapitulu honen babespean eginiko diru-laguntza eskaerak ebatzi eta jakinarazteko epean sei hilabetekoa izango da, eskaera Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzan sartzen denetik kontatzen hasita.

2.– Epe hori berariazko ebazpenik gabe igarota, eskaera kontuan harturikotzat joko da, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoari begira, administrazioak propio ebazteko duen betebeharra aparte utzi gabe; nolanahi ere, ebazpenak diru-laguntza berrestekoa izan beharko du.

36. artikulua.– Ordaintzeko modua.

Kapitulu honetan bilduriko diru-laguntzak emandako diru-laguntza onartu ondoren eginiko ordainketa bakarretan gauzatuko dira, 22. artikuluaren bigarren paragrafoaren j) idatz-zatian aurreikusitako muga kontuan hartuta, irakasle eta ikasmaterialen, eta lantegiko gastuei aplika daitekeen gutxieneko kostuari buruzkoa.

37. artikulua.– Diruz lagundutako erakundeen betebeharrak.

1.– Kapitulu honetan ezarritakoari jarraiki diru-laguntzak jasotzen dituzten erakundeek diru-laguntzaren erakunde onuradun gisa dagozkien betebeharrak bete beharko dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan adierazitakoaren arabera, eta bereziki Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskaturiko informazio guztia emateko betebeharra.

2.– Dekretu honen bidez diru-laguntzaren xede diren ekintzak burutzeko eginiko gastuak ikustea ahalbidetzen duen kontu-ikuskapeneko pista nahikoa bermatzea. Ondokoak izango dira erakunde onuradunek horretarako egin beharrekoak:

a) Diru-laguntza horrek eraginpean hartzen dituen mugimendu guztiak bere kontabilitatean idaztea eta oro har kontabilitate-arloko indarrean dagoen araudiarekin eta oro har merkataritza-legeriarekin bat datorren kontabilitate-egozpena bermatzea.

b) Diru-laguntzak eraginpean hartzen dituen froga-balio baliokidea duten faktura edo kontabilitate-dokumentu guztietan Europako Gizarte Funtsaren lagunduriko finantzaketaren zigilua eta gastu hori hari lotuta dagoen prestakuntza edo orientazioko ekintzaren identifikazio zehatza agerraraztea.

c) Faktura edo dokumentu baliokide hauekin batera horien ordainagiria entregatzea.

d) Ekintzaren burutzapena, eragin zuen gastua eta dagozkion ordainketak gauzatzearen dokumentu bidezko egiaztapenerako baliagarria izan litekeen dokumentazio kuantitatibo eta kualitatibo guztia 13 urtez bere dependentzietan gordetzea.

IV. KAPITULUA
ENPRESA-EGITURA BERRIAK SORTZEKO DIRU-LAGUNTZAK

38. artikulua.– Diruz lagundu daitekeen jarduna.

Langabetuak enpresa-egitura berriak sortzeko aukera izango da diru-laguntzaren xede Kapitulu honen babespean.

39. artikulua.– Baldintzak.

Kapitulu honetan ezarritako diru-laguntzetarako eskubidea izateko, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako altak Dekretu hau indarrean sartzen denetik aurrera izan behar du.

40. artikulua.– Onuradunak.

Bakarka dela edo Ondasun Erkidego, Sozietate Zibil edo Merkataritza Sozietate gisa dela, Laneko Sozietate Anonimoak, Laneko Sozietate Mugatuak eta Sozietate Kooperatiboak bazter utzita, ondoko baldintzak bildu beharko dituzte Kapitulu honek biltzen dituen laguntzen onuradunek:

a) Autonomia Erkidegoko edo Estatuko Enplegu Zerbitzu Publiko batean langabetutzat erregistratuta egotea, Europar Batasunaren esparruan, gutxienez 3 hilabeteko antzinatasunarekin.

b) Dekretu honen III. Kapituluan xedaturikoaren arabera diruz lagundutako enpresa-sustapena babesteko prestakuntza-ekintza egin eta gainditu izana, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako alta hartu zuten eguna baino lehen, eta betiere amaitu zutenetik egun horretara arte gehienez bi urte igaro badira. Dena den, behin eskatzailearen prestakuntza-ibilbidea aztertuta, enplegu-orientazioko zerbitzuak ikastaroaren egiteko salbuespena deklaratu dezake, hori egiaztatzen duen dokumentazioa emanez horretarako.

c) Euren lanpostu propioa sortzea dakarren jarduera ekonomikoko proiektu bideragarria aurkeztu izanak.

d) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako eta Gizarte Segurantzaren dagokion Erregimenerako alta Euskal Autonomia Erkidegoan egin izana, eta bertan behar dute izan helbide sozialak eta fiskalak, eta lantokiak.

e) Jarduera berean edo antzekoan Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako ez matrikulatu izana hartarako diru-laguntza eskatzen duten euren kontura jarri ziren aurreko sei hilabeteetan.

f) Jarduera berrirako dedikazio esklusiboa izatea.

g) Aurreko jabeekin bigarren maila arteko odolkidetasun, ahaidetasun edo adopzioko harremana ez izatea, ezta ezkontza-harremanik edo izatezko bikoteak arautzen dituen maiatzaren 7ko 2/2003 Legean ezarritako izatezko bikotearen harremanik ere, badagoen negozio baten ustiapenaren jarraipena edo haren handitzea biltzen duten proiektuetan.

41. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa eta baliabide ekonomikoak.

1.– Sorturiko lanpostuen arabera zehaztuko da diru-laguntzaren zenbatekoa; 6.000 euro emango dira bazkide langile bakoitzeko, eta proiektu bakoitzeko guztizko zenbatekoa 30.000 euro izango da gehienez ere.

2.– Ondorio horietarako, eta ekitaldi ekonomiko bakoitzerako, urtero argitaratuko da Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpenaren bidez, kapitulu honetan jasotako laguntzak finantzatzeko ezarritako kredituen zenbatekoa.

3.– Kapitulu honetan ezarritakoaren arabera eman beharreko laguntza guztien bolumena ez da Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Nagusietan urtero ezarritako kopurua edo berori gaurkotuta ondorioztatzen den kopurua baino handiagoa izango, indarrean dauden legeetan aurreikusitako kreditu-loturaren edo aurrekontu-aldaketaren erregimenaren arabera. Ez da egongo, horrenbestez, beste laguntza batzuk ematerik behin zenbateko hori agortu ondoren, eta horrela eskatzen direnak ukatu egingo dira. Hala egokituz gero, bi egoeren berri emango da Lan eta Gizarte Segurantza sailburuordearen ebazpenaren bidez.

4.– Aurrekontu-ekitaldian ekitaldi horretako aurrekontu-kredituekin bildu ezin diren Kapitulu honetan barne hartutako diruz laguntzeko moduko jardunei buruzko eskaerak badaude, ondorengo ekitaldiaren aurrekontu-kredituei egotzi ahal izango dizkiete, eskaera berriro zertan aurkeztu gabe, betiere jardun horiek laguntzak lortzeko Dekretu honen IV eta V. Kapituluetan xedaturikoa betetzen badute. Kasu horretan, nolakoa den kontuan izanda denboran eraginkortasun mugatua duen dokumentazio soilik aurkeztu beharko da berriz, edo eguneratu beharrekoa, eraginkorra izateari utzi diolako, baita dagokion diru-laguntzaren eskabidea ere.

42. artikulua.– Eskabideak aurkeztea: dokumentazioa eta epea.

1.– Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariari igorriko zaizkio eskabideak, eta eskatzaileak hartan helbidea duen Lurralde Historiakoaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren Lurralde Ordezkaritzan aurkeztuko dira, zuzenean edo azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan aurreikusitako bitartekoen artean edozeinen bidez.

2.– Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako altan hartu zen egunetik kontatzen hasita bi hilabete igarota amaituko da eskabideak aurkezteko epea.

3.– Eskaera aurkezten den unean egiaztatu beharko dute erakunde eskatzaileek baldintzak betetzen dituztela; nolanahi ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko –30/1992, azaroaren 26koa– 71. artikuluan ezarritako zuzenketa eta hobekuntza tramitea egitea ere izango dute.

4.– Ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko da eskabidearekin batera:

a) Hirugarren interesatuaren datuen altako fitxa, eskatzaileak sinatuta, eta dagokion banketxeak sinatuta eta zigilatuta.

b) Sustatzaile bakoitzaren NANren fotokopia, eta identifikazio fiskaleko txartela Ondasun Erkidegoen, Sozietate Zibilen eta Merkataritza Sozietateen kasuan.

c) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako alta-partearen kopia.

d) Gizarte Segurantzari dagokion Erregimenerako dagokion alta-partearen kopia.

e) Autonomia Erkidegoko edo Estatuko dagokion Enplegu Zerbitzu Publikoak, Europar Batasunaren esparruan, emandako ziurtagiria, bazkide langile bakoitzak langabetu gisa erregistratuta daraman denbora biltzen duena. Langilea LANGAI-Euskal Lan Zerbitzuan enplegu-eskatzaile gisa erregistratuta badago, zirkunstantzia horren berri emango du, eta ez du hura aurkeztu beharko.

f) Negozioa irekitzeko edo haren titulartasuna aldatzeko eskaera, Udalak behar bezala zigilatuta, hala badagokio.

g) Ondasun Erkidegoak, Sozietate Zibilak eta Merkataritza Sozietateak badira, kontratuaren edo eraketa-eskrituraren kopia.

h) Dekretu honen 40. artikuluaren b) idatz-zatiak aipatzen duen prestakuntza-ekintza egin izana biltzen duen ziurtagiria, edo, hala badagokio, hori salbuesten duen dokumentua.

i) Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren edo dagokion aurreikuspen sozialeko erakundearen ziurtagiri eguneratuak eta bi aletan, pertsona eta erakunde eskatzaileak zerga-betebeharrak eta aipatutako erakundeekikoak beteta dituela egiaztatzen duena. Geroratzea lortu eta zorra geroratuta duela dokumentu bidez egiaztatzen duen erakundea edo pertsona ordainketei dagokienez arauzko egoeran dagoela hartuko da kontuan.

j) Pertsona edo erakunde eskatzaileen zinpeko aitorpena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidean dauden itzultzeko eta zigortzeko prozedurei buruzkoa.

k) Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako alta eta baja denboraldien ziurtagiri egiaztagarria.

43. artikulua.– Kudeaketa eta ebazpena.

1.– Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritza izango da Kapitulu honetan arauturiko laguntzak kudeatzeko organo eskuduna.

2.– Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren banakako eta berariazko ebazpen bidez emango eta, hala badagokio, ukatuko dira Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzak. Eskaerak jasotako ordenaren arabera gauzatuko da modu jarraituan prozesu hori.

3.– Aurreko idatz-zatiak aipatzen duen ebazpenak ez du amaitzen administrazio-bidea, eta horren aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango da Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuordearen aurrean, hilabeteko epean, jakinarazpenaren hurrengo egunetik kontatzen hasita, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 107. artikuluaren eta hurrengoen arabera.

4.– Publikotasun-printzipioa betetzeko, eta berariazko ebazpenaren banakako jakinarazpena aparte utzi gabe, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren Ebazpenaren bidez kapitulu honen babespean emandako laguntzen pertsona eta erakunde onuradunen zerrenda, jasotako zenbatekoak adierazita, eta baita haietan emandako diru-laguntza aldatu denena ere.

44. artikulua.– Ebazteko epea.

1.– Eskaerak ebatzi eta jakinarazteko gehienezko epea sei hilabetekoa izango da, eskaera Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzan sartzen denetik kontatzen hasita.

2.– Epe hori berariazko ebazpenik gabe igarota, baimentzeko eskaria kontuan harturikotzat joko da, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoari begira, administrazioak propio ebazteko duen betebeharra aparte utzi gabe; nolanahi ere, ebazpenak diru-laguntza berrestekoa izan beharko du.

45. artikulua.– Ordaintzeko modua eta laguntzen justifikazioa.

1.–Ondoko formulari jarraiki ordainduko da diru-laguntza: diru-laguntzaren guztizko zenbatekoaren %50 hura ematerakoan, eta gainerakoa behin urtebete igaro ondoren Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako alta-egunetik, enpresak jarraitzen duela egiaztatzen duen Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako alten eta bajen ziurtagiri eguneratua aldez aurretik aurkeztuta, eta banakako enpresaburuaren edo hark diru-laguntza haiengatik jasotzen duen bazkide langile bakoitzaren lan-bizitzaren ziurtagiri eguneratuarena, langileek enpresan jarraitzen dutela egiaztatu behar duela kontuan izanda.

2.– Bigarren ordainketarako dokumentazioarekin batera, Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren eta dagokion aurreikuspen sozialeko erakundearen ziurtagiriak ere entregatu behar dira, eguneratuak eta bi aletan, bigarren eskari horren egunean pertsona edo erakunde onuradunak erakunde horiekin dituen betebeharrak beteta dituela egiaztatzeko moduan.

46. artikulua.– "Minimis" araua.

Laguntzen erregimen hau Europako Batzordeak ezarritako "minimis" arauaren pean dago (Batzordearen EB 69/2001 zk. Araudia, urtarrilaren 12koa), eta, hortaz, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak beharrezkoa den mekanismoa ezarriko du Kapitulu honetan aurreikusitako laguntzen erregimenaren ezein onuradunek 100.000 eurotik gorako diru-kopurua ez duela jasoko bermatzeko "minimis" laguntzen kontzeptupean hiru urteko denboraldian.

V. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK

47. artikulua..– Itzulketa- edo zigor-prozeduraren tramitazioa.

Pertsona eta erakunde onuradunei laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko aukera Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek emandako antzeko laguntza edo diru-laguntzen esparruan hasi eta oraindik izapidean dauden itzultzeko eta zigortzeko edozein prozedura amaitzearen menpe dago.

48. artikulua.– Pertsona eta erakunde onuradunen betebeharrak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan adierazitako betebeharrak aparte utzi gabe, betiere aplikagarriak izan behar dutela kontuan izanda, ondokora behartuta daude laguntzen pertsona eta erakunde onuradunak:

a) Diruz lagundutako jardueren xedea edo nondik norakoa nabarmen aldatzen duen edozein gorabehera komunikatzera, eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailarekin lankidetzan aritzera jarduera horiek egiaztatu, ikuskatu, jarraitu eta kontrolatzeko prozeduretan.

b) Horien destinoa eta aplikazioa harreman-garantien bidez bermatzera, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren Lehen Tituluan aurreikusitakoaren arabera; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargurako garantien eta itzulketen erregimen orokorra arautzen du Dekretu horrek, eta haren kudeaketan parte hartzen duten Erakunde laguntzaileen baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezartzen ditu.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak erakundeek eskaturiko informazioa ematera, laguntzen destinoa fiskalizatzeko eginkizunak baliatuta.

49. artikulua.– Beste diru-laguntzekin batera agertzea.

Dekretu honetan aurreikusitako diru-laguntzak bateragarriak izango dira edozein motatako diru-laguntza edo laguntza lortzearekin; finantzaketa-iturrien bidez lorturiko diru-laguntzen guztizko zenbatekoak ez du ezein kasutan gaindituko helburu bererako II eta III. Kapituluei jarraiki emandako diru-laguntzetarako onarturiko guztizko kostua, eta IV. Kapituluan xedaturikoaren arabera emandako diru-laguntzetarako 41. artikuluan ezarritako gehienezko guztiko zenbatekoa. Kostu hori gainditzeak diruz lagundu beharreko zenbatekoa gutxitzea ekarriko du.

50. artikulua.– Laguntzak aldatzea eta iraungitzea.

Diru-laguntza emateko kontuan harturiko baldintzen edozein aldaketak emakida-ebazpenaren aldaketa eragin dezake, hartan bilduriko diru-laguntzen onuradun izateko Dekretu honetan ezarritako gutxieneko baldintzak gordeta. Baldintzen aldaketa hori diru-laguntza osoa edo haren zati bat itzultzearen ondorio bada, 54. artikuluan arauturiko itzultzeko dagokion espedienteari emango zaio hasiera.

51. artikulua.– Eskaeren akatsak konpontzea.

Dekretu honetan ezarritakoari jarraiki aurkeztutako eskaerak ez badira osorik betetzen, edo ez badituzte aurkezten diruz lagundu daitezkeen jardun bakoitzerako zerrendatzen den dokumentazioarekin, pertsona edo erakunde interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsa zuzendu edo aginduzko dokumentuak aurkezteko; hori egiten ez badu, eskaria baztertukotzat joko dela adieraziko zaio, eta Administrazioak eskaera horri buruzko berariazko ebazpena eman beharko du, baita jakinarazi ere, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedaturikoaren arabera.

52. artikulua.– Ikuskapena eta kontrola.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak Dekretu honen xedeak betetzeko bermatu beharreko ikuskapen eta kontrol ekintzak egin ahal izango ditu.

53. artikulua.– Ez-betetzeak.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen erakunde onuradunek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 53.1 artikuluaren kasuren bat biltzen badute, edo Dekretu honetan ezarritako edozein baldintza betetzen badute, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariak, dagokion Ebazpena tarteko, dagozkion diru-kopuruak jasotzeko eskubidearen galera deklaratuko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jasotako diru-kopuruak itzultzeko betebeharra, gehi diru-laguntza ordaindu zen unetik dagozkion legezko interesak, dagozkion gainerako ekintzak aparte utzi gabe, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoari jarraiki. Adierazitako diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat hartuko dira dagozkion lege-ondorioetarako, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 64. artikuluan aurreikusitakoa izango da erantzukizunen erregimena.

54. artikulua.– Itzulketa-prozedura.

Ondokoa izango da aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan jasotako laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariak pertsona edo erakunde interesatuari jakinaraziko dio prozeduraren hasiera eta hartarako arrazoiak, egokitzat jotzen dituen alegazioak formulatzeko hamabost eguneko epea emanda. Prozedurari hasiera emateak egiteke dauden ordainketak etengo ditu, kasuak kasu.

b) Alegazioak jasota, edo epea igaro eta egin ez badira, Enplegu eta Prestakuntza Zuzendariaren Ebazpenak amaituko du prozedura, eta sei hilabetekoa izango da ebazteko gehienezko epea.

Ebazpenak ez-betetzea dagoela kontuan hartzen badu, diru-laguntza jasotzeko eskubidearen galera deklaratuko du, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagozkion diru-kopuruak itzultzeko betebeharra, betiere bi hilabeteko gehienezko epean jakinarazpena izan denetik. Borondatezko denboralditzat hartuko da epe hori.

c) Borondatezko denboraldian ez itzuli izana Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio premiamendu-bideari ekin diezaion, hala badagokio, legezko araudi aplikagarriak xedaturikoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehena.– Europako Gizarte Funtsaren babesa eta lagundutako finantzaketa.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzen pertsona edo erakunde onuradunek Eusko Jaurlaritzaren Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren babesa propio agerrarazi beharko dute horiek zabaldu, hedatu edo, hala badagokio, argitaratu behar diren diruz lagundutako jardun guztietan. Europako Gizarte Funtsaren babesa ere agerrarazi beharko dute, prestakuntza-jarduerak zabaltzeko eta hedatzeko ekintzetan zein dagozkion bertaratze edo gaitasun ziurtagiriak emateko.

Dekretu honetan aurreikusitako laguntzak emateko Ebazpenean jasota geratuko da Europako Gizarte Funtsaren lagundutako finantzaketa.

Bigarrena.– Ebaluazioa eta Jarraipena.

EGAILAN, S.A., Prestakuntza eta Enplegua Sustatzeko Sozietate Publikoak maiatzaren 11ko 142/1993 Dekretuak ematen dizkion enplegu eta prestakuntza politikari buruzko eskumenak baliatuta, eta Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzaren eta EGAILAN, S.A.–ren Zuzendaritzaren arteko harremanak egituratzen dituen Lan eta Gizarte Segurantza Sailburuaren 1994ko uztailaren 7ko Aginduarekin bat etorriz, Dekretu honetan diruz lagundutako ekintzen jarraipen eta ebaluazio jardunak egin ahal izango ditu, haien eraginkortasuna zehazteko ekintza horiek hobetu eta, hala badagokio, bideratzearren.

Horri begira, Dekretu honetan aurreikusitako erakunde edo pertsona onuradunak behartuta daude EGAILAN, S.A.–rekin lankidetzan aritzera adierazitako jardunak baliatzeko.

Hirugarrena.– Ikastetxe publikoak.

Enplegu eta Prestakuntza Zuzendaritzak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko organo eskudunaren adostasuna bilduko du haren menpeko Ikastegi Publikoek aurkezturiko eskaerei dagokienez.

XEDAPEN IRAGANKORRAK

Lehena.– Hasitako prozeduren erregimen iragankorra.

Dekretu hau indarrean sartu aurretik hasitako diru-laguntza prozedurak hasten direnean indarrean zeuden arauei jarraiki beteko dira.

Bigarrena.– Hasi gabeko prozeduren erregimen iragankorra.

Autoenplegua sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 24ko 305/1996 Dekretuan bilduriko araudia langabetuek enpresa-egitura berriak sortzeko eginiko proiektuei aplikatuko zaie, betiere Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergarako alta Dekretu hau indarrean sartu baino lehen izan bada.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA. INDARGABETZE ARAU-EMAILEA

Autoenplegua sustatzeko neurriak arautzen dituen abenduaren 24ko 305/1996 Dekretua indargabetuko da, baita Dekretu honen edukiaren aurka dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak ere.

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.– Arauzko garapena.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua gaituta dago Dekretu hau garatu eta burutzeko beharrezkoak diren xedapenak hartzeko, eta bereziki bertan aurreikusitako tratamendu informatiko eta telematikoei dagokienez.

Bigarrena.– Zenbatekoak eguneratzea.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailburua gaituta dago Dekretu honetan ezarritako laguntzen zenbatekoa eguneratzeko.

Hirugarrena.– Errekurtsoak.

Dekretu honen aurka Administrazioarekiko Auzi Errekurtsoa jarri ahal izango da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietarako Salan bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1b) eta 46.artikuluetan ezarritakoaren arabera.

Laugarrena.– Indarrean sartzea.

Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian argitaratzen den egunean sartuko da indarrean Dekretu hau.

Gasteizen, 2003ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.


Azterketa dokumentala