Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

255. zk., 2003ko abenduaren 31, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
7152

325/2003 DEKRETUA, abenduaren 23koa; honen bidez, ekonomia sustatzeko hainbat laguntza-mota ezartzen dituen Dekretua laugarren aldiz aldatzen da

Ekonomia sustatzeko hainbat laguntza-mota ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko laguntzen programak ezartzea du helburu.

Dekretu horren bidez, programaren oinarri eta erreferente nagusia den Ekonomia Sustatzeko Erakunde Arteko Planak 2000-2003 aldirako finkatzen dituen ildo estrategiko gehienak arau bidez zehaztu eta garatzen dira, baita Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren eskumen-eremuei dagozkien beste laguntza-ildo batzuk ere.

Ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuak hainbat aldaketa izan ditu. Lehena abenduaren 26ko 279/2000 Dekretuaren bidez egin zen, turismo-enpresetan oinarrizko ekipamenduak modernizatzen laguntzeko programa barneratze aldera.

2001-2004 Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Plan berria abian jarri zenean, arlo horretan dauden zenbait laguntza-neurri berriro zehaztu behar izan ziren eta, aldi berean, beste jardun batzuk garatu. Ondorioz, Dekretua bigarren aldiz aldatu zen, urriaren 1eko 222/2002 Dekretuaren bidez, Teknologia eta Berrikuntzaren arloan laguntza-programa berriak ezartze aldera.

Beranduago, hirugarren aldaketa egin zen apirilaren 15eko 90/2003 Dekretuaren bidez. Honek zenbait programa aldatu eta egungo beharrei erantzuten dieten laguntzen programa berriak barneratu zituen hainbat arlotan (Industria, Turismoa). Zehazki, turismoaren arloan bi programa ezarri ziren: Autobabes Planetarako laguntzen programa, eta euskal turismoko azpisektoreetan Kalitate Ziurtagiria sustatzen duten ekimenen aldeko laguntzen programa.

121/2000 Dekretuaren azken aldaketan barneratu diren turismoaren arloko programa hauek aplikatzerakoan beharrezkoa ikusi da arau horien hartzaileak ere balizko onuradun gisa hartzea eta, ondorioz, programa hauek beste eremu batzuetara ere zabaltzea.

Ondorioz, Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2003ko abenduaren 23an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Lehen artikulua.– Ekonomia sustatzeko hainbat laguntza-mota ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuko 32 ter artikulua aldatu da –Euskal Herriko turismorako establezimenduetan segurtasuna bermatuko duten autobabes-planen nahiz horien ondoriozko prestakuntza-jardunen aldeko laguntzen programak-, zehazki 3. idatz-zatia, eta honela idatzita geratu da:

"3.–Laguntzak jaso ahal izango dituzte toki-erakundeek, hauen bidez eratzen diren edo hauen partaidetza duten entitate edo elkarteek, fundazioek eta Euskal Autonomia Erkidegoan dauden turismo-enpresa txiki eta ertainek, baldin eta eskaera egiteko unean dagokion jarduera-baimena edo sailkapena badute eta Dekretu honen garapen-arautegian zehaztuta badaude"

Bigarren artikulua.– Ekonomia sustatzeko hainbat laguntza-mota ezartzen dituen ekainaren 27ko 121/2000 Dekretuko 32 quater artikulua aldatu da –euskal turismoko azpisektoreen kudeaketan Kalitate eta Bikaintasun Ziurtagiria sustatzen duten ekimenei laguntzeko programa–, zehazki 1. eta 3. idatz-zatiak, eta honela idatzita geratu dira:

"1.– Laguntza eskainiko zaie Turismo Kalitatearen "Q" Markako ziurtagiria (Espainiako Turismo Kalitaterako Institutuak –ICTEk– kudeatutakoa), ISO 9001:2000 arauaren araberako ziurtagiria eta Eusko Jaurlaritzaren "Zilarrezko Q eta Urrezko Q - Kudeaketa Kalitateari buruzko Euskal Saria" (Euskalit Kalitaterako Euskal Iraskundeak kudeatutakoa) eskuratu, mantendu eta berritzeko ekimenei"

"3.– Laguntzak honakoek eskuratu ahal izango dituzte:

a).– Batetik, biltzar-jauregiek, convention bureau-ek eta nortasun juridiko propioa duten turismoa sustatzeko erakundeek; eta

b).–bestetik, turismo-enpresa txiki eta ertainek, toki-erakundeek zein hauen bidez eratzen diren edo hauen partaidetza duten entitate edo elkarteek, baita fundazioek ere, baldin eta eskaera egiteko unean beren establezimenduek dagokion jarduera-baimena edo sailkapena jaso badute eta Dekretu honen garapen-arautegian zehaztuta badaude"

AZKEN XEDAPENAK

Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2003ko abenduaren 23an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

JOSU JON IMAZ SAN MIGUEL.


Azterketa dokumentala