Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

137. zk., 2002ko uztailaren 19a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
4111

AGINDUA, 2002ko maiatzaren 21ekoa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialaren Estatutuak onartzen dituena.

Abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoaz Euskal Herriko Autonomia Estatutua onartu zen. Estatutu horren 10.22 artikuluan, ezartzen denez, Profesionalen Elkargoen eta Titulatutako Lanbideen alorreko eskumena Euskal Autonomia Erkidegoari baino ez dagokio, Espainiako Konstituzioaren 36. eta 139. artikuluetan agindutakoa hautsi gabe, betiere.

Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legea aipatutako eskumenaren indarrez eman zen. Lege horren 33. artikuluan ezartzen denez, elkargoen estatutuak eta horien aldaketak Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailari jakinaraziko zaizkio. Sail horrek, estatutuok legearen barruan daudela egiaztatu ondoren, behin betiko onartuko ditu agindu baten bitartez. Agindua, estatutuekin batera, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da eta Tituludun Lanbideen Erregistroan inskribatuko.

Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuak legearen araberakoak direla egiaztatuta, Tituludun Lanbideei eta Profesionalen Elkargo eta Kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legeak ematen dizkidan eskumenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Onarpena.

Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuak onartzea, eta segurtasun juridikoaren ondorioetarako, administrazio edo lan zuzenbideak araututako zerbitzu-erlazio baten bidez Administrazio Publikoari lotuta dauden profesionalei Elkartean izena ematea exijituko ez zaiela adieraztea. Hala ere, profesional hauek lanbidean modu pribatuan jarduteko elkarteko kide izan beharko dute, tituludun lanbideei eta profesionalen elkarte eta kontseiluei buruzko azaroaren 21eko 18/1997 Legearen 30. artikuluan xedatutakoaren arabera horrela exijitzen bada.

2. artikulua.– Argitalpena.

Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuak Agindu honen Eranskin gisa argitaratzea.

3. artikulua.– Inskripzioa.

Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialaren estatutuak Tituludun Lanbideen Erregistroan inskriba daitezela agintzea, elkargoa formalki osatzen den unean.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra.– Eraginkortasuna.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2002ko maiatzaren 21a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

GIPUZKOAKO PSIKOLOGOEN ELKARGO OFIZIALEKO ESTATUTUAK
LEHENENGO KAPITULUA
GIPUZKOAKO PSIKOLOGOEN ELKARGO OFIZIALAREN IZAERARI, HELBURUEI ETA EGINKIZUNEI BURUZ

1. artikulua.– Izaera

Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofiziala Legeak babesturiko eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak onarturiko Eskubide Publikoko Erakundea da, berezko izaera juridikoa eta bere helburuak betetzeko gaitasun osoa duena.

Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofiziala Estatutu hauen bidez arautuko da, lanbidearen jarduera arautzen duten legeei kalterik egin gabe, eta baita onartu daitezkeen Barne-Araubideko Araudien bidez ere; araudi horiek ezingo dira Estatutu hauetan xedaturikoaren aurkakoak izan.

2. artikulua.– Printzipio osagarriak, lurralde-eremua eta ikurra.

Elkargoko arauen aurrean kide guztien berdintasuna, elkargoko kargu guztien hautagarritasuna, erabakiak gehienen sistemaren bitartez hartzea eta Legeak errespetatuz aske jardutea dira Elkargoaren egituraren eta funtzionamenduaren printzipio osagarriak.

Elkargoaren lurralde-eremua Gipuzkoako Lurralde Historikoa da, eta bere egoitza Donostiako Hondarribia kaleko 13. zenbakian dago.

Donostian bertan egoitza lekuz aldatzeko, Gobernu Batzordearen aldeko akordioa beharko da. Egoitza hiritik kanpo lekualdatzeko, berriz, Batzorde Orokorraren gehienen akordioa beharko da.

Elkargoaren ikurra "psi" letra grekoan oinarrituriko sinboloa izango da.

3. artikulua.– Helburuak

Elkargoaren helburuak elkargokideen interes profesionalak defendatzea eta lanbidea ordezkatzea dira.

Elkargoak lanbidearen sustapen eta garapen tekniko eta zientifikoa, solidaritate profesionala eta lanbideak gizarteari on egitea bultzatuko du.

4. artikulua.– Eginkizunak

Elkargoak, bere helburuak betetzeko, azaroaren 21eko EAEko 18/97 Legearen 24. eta 25. artikuluetan zehazturiko hurrengo eginkizunak izango ditu.

a) Psikologoaren lana, bere itxura eta espezialitate guztiak barne, dagokion legezko esparruan eta bere eskuduntzaren esparruan antolatzea, zerbitzatzen duen gizartearen onerako eta bere interes orokorren onerako.

b) Jarduera profesionala ikuskatzea, psikologoaren lanean eragina duten legezko xedapenen ezagutza eta betetzea ahalbidetuz, psikologoaren etika profesionala eta arau deontologikoak betearaziz eta elkargokideen zerbitzu profesionalen kalitate-maila egokia bermatuz. Horretarako, Elkargoak psikologoen trebakuntza eta hobekuntza sustatuko du.

c) Elkargokideei beren lana erraztea, enplegu maila handiagoa lortzen eta etengabeko trebakuntza profesionala ematen saiatuz, eta, beharrezkoa denean, Administrazio Publikoekin eta ekimen pribatuarekin lan eginez.

d) Lanbidea Administrazioaren, Instituzioen, Auzitegien, erakundeen eta partikularren aurrean ordezkatzea eta defendatzea, interes profesionaletan eragina duten auzi guztietan alderdia izateko legitimitatea duelarik; Legeari jarraiki eskaera-eskubidea erabil dezake, eta lanbidea defendatzeko bidezkotzat jotzen dituen lege-aldaketak proposa ditzake.

e) Bere eskuduntzaren eremuan, lanbidea antolatzea, irizpide deontologikoak jarraituz eta partikularren eskubideak errespetatuz burutu dadin; horretarako, maila profesionalean eta elkargo mailan bere diziplinazko ahalmena erabiliko du.

f) Elkargoaren antolamendu eraginkorra bermatzea, espezializaturiko atalen edo batzordeen funtzionamendua bultzatuz, eta hezkuntzaren, kulturaren, laguntzaren eta aurreikuspenen ikuspuntutik elkargoarentzat eta lanbidearentzat interesgarriak diren jarduerak eta zerbitzu komunak sustatuz. Horretarako, beste Elkargo edo Erakunde batzuekin lan egin ahal izango du.

g) Elkargokideek beren eginkizun profesionalak betetzeagatik edo haiek direla-eta dituzten eskubideak erabiltzeko elkargokideak defendatzea.

h) Elkargokideen artean harmonia eta lankidetza sustatzea, haien arteko lehia desleiala eragotziz, arrazoi profesionalengatik haien artean sortzen diren gatazketan elkargokideak adiskidetzen saiatuz edo arbitrajea eginez, eta dagokionean, beren eginkizun profesionalak betetzean sortutako desadostasunak interesdunek eskaturiko laudoaren bitartez konpontzea.

i) Intrusismo profesionala galarazteko neurriak hartzea, Gobernu-Batzordeak ezagutzen dituen kasuak Administrazioaren eta Auzitegien aurrean salatuz eta jarraituz.

j) Zehazten diren kasuetan lan profesionalei oniritzia ematea. Oniritziak lanaren egiletasuna eta egilearen titulazioa, gaitasuna eta prestaketa egiaztatuko ditu, lanaren eduki formalaz gain. Oniritziak ez ditu ordainsari profesionalak edo kontratuko bestelako baldintzak barne hartuko, horiek alderdiek erabakiko baitituzte askatasunez.

k) Elkargoko ekonomia administratzea, kargak kuota eta ekarpenen bidez zuzen banatuz, horretarako behar dituen bilketarako eta kudeaketarako ahalmenak erabiliz.

l) Aplikagarriak diren xedapenetan, Foru Arauaren proiektuetan eta jarduera profesionalaren baldintza orokorrei buruzko beste edozein xedapenetan emandako baldintzei buruzko informazioa ematea, beharrezko titulazioa eta beste lanbideekiko bateraezintasunak barne hartuz; halaber, Administrazioak ematen dizkion eginkizun guztiak betetzea, eta harekin eta beste edozein erakunderekin lan egitea, ikerketak, txostenak, estatistikak eta eskatzen dizkioten edo berak erabakitako beste jarduera batzuk eginez.

m) Legezko edo erregelamenduzko xedapenek hori agintzen dutenean, eskuduntza profesionaleko gaietan Administrazio Publikoen kontsulta-batzorde eta erakundeekin lan egitea, ikerketa-planen eraketan parte hartzea eta, eskatzen zaionean, lanbidean aritzea gaitzen duten tituluen lorpena ahalbidetzen duten ikasketak ematen dituzten ikastetxeen antolamendu-arauen txostenak egitea; era berean, psikologo berriei bizitza profesionalean sartzen laguntzeko beharrezko informazioa prestatzea.

n) Auzitegiei gai judizialetan Peritu gisa lan egin dezaketen elkargokideen zerrenda ematea, edo Elkargoak berak haiek aukeratzea, dagokionean.

ñ) Ordainsari profesionalak eztabaidatzen direneko prozedura judizial edo administratiboetan informazioa ematea. Ordainsari-baremo orientagarriak zehaztea.

o) Gipuzkoako Lurralde Historikoan lanbidea ordezkatzea, Euskal Autonomia Erkidegoko, Estatuko eta nazioarteko organoetan lanbidearen ordezkari gisa parte hartuz.

p) Lanbideari buruzko lege orokor eta bereziak eta Estatutu profesional hauek betetzeaz eta elkargokideei betearazteaz gain, bere eskuduntzako gaietan elkargoko organoek hartutako arauak eta erabakiak betetzea eta elkargokideei betearaztea.

q) Probak eta material psikologikoa egokiro banatzen eta erabiltzen direla ziurtatzea.

r) Legezko xedapenek ematen dizkioten edo elkargokideen edo lanbidearen interes profesionalei onura ekartzen dieten beste eginkizun batzuk burutzea.

BIGARREN KAPITULUA
ELKARGOKIDETASUNAREN LORTZEARI, UKAPENARI, BATERAEZINTASUNARI ETA GALTZEARI BURUZ

5. artikulua.– Elkargoan sartzea.

Apirilaren 7ko 83/1999 Errege Dekretuak, edo dekretua ordezka dezakeen arauak, ezarritakoarekin bat etorriz, Psikologian Lizentziatuek, Filosofia eta Letratan Lizentziatuek -Psikologiako Atala edo Adarra- eta Filosofia eta Hezkuntza-Zientziatan Lizentziatuek -Psikologiako Atala edo Adarra- Elkargora sartzeko eskubidea dute. Legez ezarritako goi-mailako ikasketen tituluen onarpenerako sistema orokorrari jarraiki beren titulu akademikoa aipatutako edozein titulaziorekin homologatu dutenak ere Elkargoan sartu ahal izango dira.

Elkargoan elkargokide aktibo edo ez aktibo gisa sartu ahal izango da.

Ezinbestez, Psikologian Doktorea, Filosofia eta Letretan Doktorea -Psikologiako Atala edo Adarra- edo Filosofia eta Hezkuntza-Zientziatan Doktorea -Psikologiako Atala edo Adarra- titulua, Psikologian Lizentziatua, Filosofia eta Letratan Lizentziatua -Psikologiako Atala edo Adarra- edo Filosofia eta Hezkuntza-Zientziatan Lizentziatua -Psikologiako Atala edo Adarra- titulua izan gabe duten elkargokideak, edo beren titulu akademikoa legez ezarritako goi-mailako ikasketen tituluen onarpenerako sistema orokorrari jarraiki aipatutako edozein titulaziorekin homologatu dutenak, elkargokide ez aktiboak izango dira.

Elkargokidea izateko, behar den titulazioa izateaz gain, Gobernu Batzordeari eskaera egin beharko zaio, eta dagozkion kuotak ordaindu beharko dira.

6. artikulua.– Kolegiatzeko derrigortasuna.

Titulazio ofiziala izanik beren lurralde-eremuan psikologo gisa diharduten pertsona guztiak Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialean kolegiatu beharko dira, Legeak aurreikusten dituen kasuetan izan ezik.

7. artikulua.– Kolegiatzea ukatzearen arrazoiak.

Kolegiatzea ondoko kasuetan bakarrik ukatu ahal izango da:

a) Behar den titulazioa ez izateagatik.

Epai irmo batek edo elkargoko zigor-zehapen batek interesduna lanean aritzeko gaitasungabetu duelako.

Kolegiatzeko, interesdunak dagozkion kuotak ordaindu behar ditu eta, ondoren, probintziako, erkidegoko edo estatuko beste Psikologoen Elkargo Ofizial batzuekin zorrik ez duela egiaztatu.

Kolegiatzeko ukapena eskatzaileari arrazoiak emanez jakinarazi beharko zaio, eta ukapenak ez du bide administratiboa agortuko.

8. artikulua.– Elkargokidetasunaren galera

Elkargokidetasuna ondoko arrazoiengatik galduko da:

a) Norbanakoak eskatuta, betetzeke dauden eginkizun profesional edo korporatiboei kalterik egin gabe.

b) Epai judizial irmo batek interesduna lanean aritzeko gaitasungabetu duelako.

c) Elkargoak ezarritako bi kuota, gutxienez, edo beste ekarpen batzuk hiru hilabete baino gehiagoko denboraldian ez ordaintzeagatik; hori baino lehenago, Elkargoak entzutea eta ordaintzeko errekerimendu frogagarria egingo du, eta hilabete bateko gehieneko luzapen-epea finkatuko du.

d) Estatutu hauetan xedaturikoari jarraiki diziplinazko zigorra jasotzeagatik.

Elkargokide bati ahozko epaiketa edo gaitasungabetzea ekarri dezakeen delitu bategatik prozesamendua egin zaiola frogagarria denean, Gobernu Batzordeak bere elkargokidetasunaren kautelazko etetea agindu dezake. Erabaki hori arrazoitua egon beharko da, eta lehenbizi interesdunari entzutea egingo zaio eta espedientea irekiko zaio.

9. artikulua.– Elkargoan berriro sartzea.

Elkargoan berriro sartzeko, bertan lehenengo aldiz sartzeko finkaturiko arau berberak jarraituko dira, eta eskatzaileak, dagokionean, zigorra bete duela egiaztatu beharko du, zigorra egoztearen arrazoia izan denean. Egoztearen arrazoia kuotak edo ekarpenak ez ordaintzea izan baldin bada, eskatzaileak bere zorra gehi eskaera-datatik metaturiko legezko interesak ordaindu beharko ditu.

10. artikulua.– Ohorezko kideak

Gobernu Batzordeak beren merezimendu zientifiko, tekniko edo profesionalekin Psikologiaren edo psikologoaren lanbidearen garapenari lagundu dioten pertsonak Elkargoko Ohorezko Kide izendatu ahal izango ditu, beren titulazioa kontuan izan gabe. Izendapenak ohorezko izaera izango du, erregelamenduzko arauek ezarritako Elkargoko bizitzan eta zerbitzuetan parte hartzeko eskubideei kalterik egin gabe.

HIRUGARREN KAPITULUA
ELKARGOKIDEEN ESKUBIDE ETA BETEBEHARREI BURUZ

11. artikulua.– Elkargokideen eskubideak.

a) Elkargokide aktiboen eskubideak ondokoak dira:

1) Estatuko lurralde osoan psikologian aritzea.

2) Bere lanarekin loturiko gai guztietan Elkargoak elkargokideari laguntzea, aholkua ematea eta defendatzea, elkargoaren baliabideen arabera eta arauek ezartzen dituzten baldintzetan.

3) Bere lanarekin loturiko erreklamazio guztietan Elkargoko Gobernu Batzordeak elkargokidea ordezkatzea, hala eskatzen duenean.

4) Elkargoaren zerbitzuak eta baliabideak arauek ezartzen dituzten baldintzetan erabiltzea.

5) Hautesle eta hautagarri gisa elkargoan deitutako bozketa guztietan parte hartzea, Elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea, informazioa jasotzea eta Batzorde Orokorretan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.

6) Sortu daitezkeen Batzorde edo Ataletan parte hartzea.

7) Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskaerak eta kexak aurkeztea.

8) Informazio-buletinen, zirkularren eta beharrezko beste edozein baliabideren bitartez erregularki elkargoaren jarduerari buruzko informazioa eta interes profesionala duen informazioa jasotzea.

9) Arauek ezartzen dituzten baldintzetan sortzen diren aurreikuspen-instituzioetan sartzea.

b) Elkargokide ez aktiboen eskubideak ondokoak dira:

1) Elkargoaren zerbitzuak eta baliabideak erabiltzea, arauek ezartzen dituzten baldintzetan.

2) Hautesle gisa elkargoan deitutako bozketa guztietan parte hartzea, Elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea, informazioa jasotzea eta Batzorde Orokorretan hitzarekin eta botoarekin parte hartzea.

3) Sortzen diren Batzorde edo Ataletan parte hartzea, Batzorde Deontologikoan izan ezik.

4) Sortzen diren aurreikuspen-instituzioetan sartzea, arauek ezartzen dituzten baldintzetan.

5) Gobernu Batzordeari iradokizunak, eskaerak eta kexak aurkeztea.

6) Informazio-buletinen, zirkularren eta beharrezko beste edozein baliabideren bitartez erregularki elkargoaren jarduerari buruzko informazioa eta interes profesionala duen informazioa jasotzea.

12. artikulua.– Elkargokideen betebeharrak.

a) Elkargokide aktiboen betebeharrak ondokoak dira:

1) Lanean etikaz jardutea, eta bereziki Psikologoen Elkargo Ofizialak promulgaturiko Psikologoaren Kode Deontologikoan bildutako arau deontologikoak jarraitzea.

2) Arau korporatiboak eta Elkargoaren Gobernu Organoek hartutako erabakiak betetzea.

3) Deklarazio profesionalak, kontratuak eta estatutuetako edo erregelamenduzko xedapenei jarraiki eskatzen zaizkien gainerako dokumentu guztiak Elkargoari aurkeztea.

4) Bizileku-aldaketak Elkargoari hogeita hamar egunen buruan jakinaraztea.

5) Ezarritako kuotak eta ekarpenak garaiz ordaintzea.

6) Elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea, Batzorde Orokorretan eta beren espezialitateagatik beren bertaratzea eskatzen duten Batzorde edo Ataletan esku hartuz.

7) Bere karguetan arduraz jardutea, eta Elkargoko Gobernu Organoek eman diezazkieketen enkarguak egitea.

8) Beste elkargokideen eskubide profesional edo korporatiboei kalterik ez egitea.

9) Gobernu Batzordearekin lan egitea, eta bereziki, elkargoarentzat interesgarriak diren gaiei buruzko adierazpenak egitea eta informazioa ematea, sekretu profesionalari kalterik egin gabe.

10) Gobernu Batzordeari ezagutzen dituzten intrusismo-ekintza edo arauz kontrako ekintza profesional guztien berri ematea.

11) Lanean aritzeak ekar ditzakeen erantzukizun zibileko arriskuak dagokion aseguruarekin estaltzea. Betebehar hori ez zaie eskatuko hirugarrenen eskubideak dagokion jarduerari aplika daitekeen beste araudi batek bermatzen baldin baditu, edo eskubideok helburu bereko aplikazio orokorreko erabakiek babesten baldin badituzte.

b) Elkargokide ez aktiboen betebeharrak ondokoak dira:

1) Arau korporatiboak eta Elkargoaren Gobernu Organoek hartutako erabakiak betetzea.

2) Bizileku-aldaketak Elkargoari hogeita hamar egunen buruan jakinaraztea.

3) Ezarritako kuotak eta ekarpenak garaiz ordaintzea.

4) Elkargoko bizitzan gogoz esku hartzea, Batzorde Orokorretan eta beren espezialitateagatik beren bertaratzea eskatzen duten Batzorde edo Ataletan parte hartuz.

5) Elkargoko Gobernu Organoek eman diezazkieketen enkarguak egitea.

6) Beste elkargokideen eskubide profesional edo korporatiboei kalterik ez egitea.

7) Gobernu Batzordearekin lan egitea, eta bereziki, elkargoarentzat interesgarriak diren gaiei buruz adierazpenak egitea eta informazioa ematea, sekretu profesionalari kalterik egin gabe.

LAUGARREN KAPITULUA
LANA ARAUTZEN DUTEN OINARRIZKO PRINTZIPIOEI BURUZ

13. artikulua.– Erreferentzia markoa.

Estatutu profesionalak eta berau garatzen duten arauek ezartzen duten konfigurazio arau-emaileari kalterik egin gabe, Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialak bere gain hartzen du Laneko Nazioarteko Erakundearen ebazpenetan xedaturikoa, eta, ondorioz, psikologoak ondoko eginkizunak izango ditu:

Psikologoek gizakiek gizabanako zein talde edo gizarteen kide gisa dituzten prozesu mentalak eta portaera ikertzen eta aztertzen dituzte; ondoren ezagutza horiei buruzko aholkua ematen dute, edo ezagutzok aplikatu egiten dituzte pertsonei gizabanako gisa zein gizartearen, hezkuntzaren eta lanaren ikuspuntutik moldatzen eta garatzen laguntzeko.

Psikologoen eginkizunak honakoak dira:

a) Entsegu psikologikoak sortzea, antolatzea eta egitea pertsonen ezaugarri mentalak, fisikoak eta bestelakoak zehazteko, adimenaren, ahalmenen, gaitasunen eta egokimenen ikuspuntutik, adibidez; emaitzak interpretatzea eta balidatzea eta haien arabera aholkuak ematea.

b) Herentziazko faktoreek, faktore sozial eta profesionalek eta beste faktore batzuek pertsona bakoitzaren pentsamoldean eta portaeran duten eragina aztertzea.

c) Izaera terapeutikoko elkarrizketak edo kontsultarako elkarrizketak egitea eta ondoren laguntza edo orientazioa ematea.

d) Senide, agintaritza, irakasle edo enplegatzaileekin harremanetan jartzea, eta arazoak konpontzeko edo tratatzeko aholkuak ematea.

e) Buruko gaitzak, desoreka emozionalak edo nortasunaren desorekak diagnostikatzeko, tratatzeko eta prebenitzeko faktore psikologikoak aztertzea, eta gaiarekin loturiko profesionalekin hitz egitea.

f) Txosten akademiko edo zientifikoak prestatzea.

g) Antzerako lanak egitea.

h) Beste langile batzuk ikuskatzea.

14. artikulua.– Lana.

Psikologoaren lanak Elkargoak onartzen duen Psikologoaren Kode Deontologikoan bilduriko arau deontologikoak jarraitu beharko ditu. Kode Deontologikoa horretarako deitutako Batzorde Orokorrak berresten ez duen bitartean, egungo Estatuko Idazkaritzak onarturiko Kode Deontologikoa aplikatuko da.

15. artikulua.– Lanaren oinarriak.

Psikologoaren lanaren oinarriak irizpide profesionalaren independentzia, bezeroa egokiro artatzea eta komunitatea zerbitzatzea dira.

Psikologoak sekretu profesionala gordetzeko eskubidea eta betebeharra dauka.

16. artikulua.– Etengabeko trebakuntza.

Psikologoak etengabeko trebakuntza zientifikoa eta teknikoa egin beharko du bere gaitasun profesionala handitzeko. Bere lan, txosten eta diagnostikoetan, hipotesi gisa aurkezten duena eta oinarria duten ondorioak kontu handiz bereizi beharko ditu.

17. artikulua.– Autonomia Profesionala.

Psikologoak ezingo du bere autonomia profesionala erasotzen duen lanik edo egungo Psikologiak konpondu ezin dituen arazoekin loturiko lanik onartu.

18. artikulua.– Publizitatea eta lehia desleiala.

Psikologoak bere lana lehia askeko erregimenean egingo du, eta zerbitzuak eskaintzeari eta bere ordaina zehazteari dagokionez lehiaren defentsari, lehia desleialari eta publizitateari buruzko legedia jarraitu beharko du.

Psikologoak bere ezagutzak komunitate profesionalari jakinarazi beharko dizkio, erabilera zientifikoa izan dezaten.

19. artikulua.– Bezeroaren eta/edo erabiltzailearen eskubideak

Bezeroak eta, dagokionean, haren legezko ordezkariek jarraituko den edozein prozesu edo tratamenduren helburuak eta litezkeen ondorioak ezagutu behar ditu.

Nolanahi ere, psikologoak bezeroaren eta/edo erabiltzailearen autonomia, erabakiak hartzeko duen askatasuna eta bere duintasuna errespetatu behar ditu. Aurkako interes pertsonalak edo instituzionalak daudenean, psikologoa bere lana ahalik eta inpartzialtasun handienaz egiten saiatuko da. Bere zerbitzuak instituzio batean ematen baldin baditu, instituzio horrekin gatazkak izan ditzaketen pertsonak begirunez hartu, errespetatu eta artatu beharko ditu, eta dagokion kasuetan, psikologoa pertsona horien babeslea izango da aginte instituzionalen aurrean.

20. artikulua.– Idatzizko lanak.

Dokumentuen bidez aurkeztu behar diren lan profesional guztiak, hala nola txostenak, irizpenak, diagnostikoak eta antzerakoak, sinatu egin beharko ditu psikologoak, bere elkargokide zenbakia emanez eta bere edukiaren eta egokitasunaren erantzule bihurtuz.

BOSGARREN KAPITULUA
ELKARGOAREN ANTOLAMENDUARI BURUZ

21. artikulua.– Barne-antolamendua.

Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialak barne-antolamendurako sistema, batzorde-sistema, atal-sistema edo unearen arabera funtzionamenduko premiak hobekien asetzen dituzten beste sistema batzuk ezarriko ditu.

22. artikulua.– Beste erakunde batzuetan parte hartzea.

Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialak Euskadiko Psikologoen Batzordearen eta estatuan eta nazioartean sortzen diren batzordeen osaketan, funtzionamenduan eta helburu eta atribuzioen garapenean parte hartuko du.

SEIGARREN KAPITULUA
GOBERNU-ORGANOEI ETA BEREN OSAKETA-, FUNTZIONAMENDU- ETA ESKUDUNTZA-ARAUEI BURUZ

23. artikulua.– Ordezkaritza- eta gobernu-organoak.

Elkargoko ordezkaritza-, gobernu- eta administrazio-organoak ondokoak izango dira:

– Batzorde Orokorra

– Gobernu Batzordea

– Dekanoa

Batzorde Orokorra Elkargoko kontrol-organo gorena da, eta Estatutu hauetan xedaturikoari jarraiki, elkargokide guztiek osatzen dute.

Gobernu Batzordea Elkargoaren organo exekutiboa eta ordezkaritza-organoa da.

24. artikulua.– Batzorde Orokorra. Bilera-erregimena.

Batzorde Orokorrak ohiko edo ezohiko bilerak egingo ditu, Dekanoak haietarako deialdia egin ondoren.

Ohiko bilera gutxienez urtean behin egingo da.

Ezohiko bilerak Gobernu Batzordeak eskatuta edo gutxienez elkargokideen %20k edo jarduleen %10ek eskatuta egingo dira.

25. artikulua.– Batzorde Orokorra. Deialdiak

Batzorde Orokorraren ohiko bileretarako deialdiak gutxienez bileraren data baino hilabete bat lehenago egingo dira; elkargokideei idatzizko ohar bat emango zaie, lehen eta bigarren deialdien tokia eta ordua eta gai-zerrenda adieraziz.

Lehen deialdian, elkargokideen erdia gehi bat bildu direnean Batzorde Orokorraren osaketa baliozkotzat emango da, eta bigarren deialdian, elkargokideen kopurua kontuan izan gabe bere osaketa baliozkotzat emango da.

Lehen eta bigarren deialdiaren artean gutxienez hogeita hamar minutu pasatu beharko dira.

Ezingo da Gai-Zerrendan ez dagoen gairik eztabaidatu edo adostu, elkargokide guztiak bertaraturik egonik gaia gehiengo erlatiboz presazkotzat izendatzen ez baldin bada.

26. artikulua.– Koordinazioa, aktak eta erabakiak.

Dekanoa Batzorde Orokorraren bileren burua izango da, eta haren inguruan Gobernu Batzordeko beste kideak egongo dira. Dekanoa bileren moderatzailea edo koordinatzailea izango da, hitza emanez edo kenduz eta eztabaidak eta bozketak aginduz.

Batzorde Orokorreko Idazkaria Gobernu Batzordeko Idazkaria izango da, eta Dekanoaren oniritzia jaso ondoren bileraren akta egingo du.

Erabakiak emandako botoen gehiengo erlatiboaz hartuko dira. Hala ere, ezohiko prestazio ekonomikoak, indarrean dagoen aurrekontuan ez daudenak, alegia, onartzeko, Gobernu Batzordearen edo bere kideetako baten aurkako zentsurazko botoa egiteko, Estatutu hauek aldatzeko eta Batzorde Deontologikoko kideak hautatzeko edo egozteko, emandako botoen bi herenak beharko dira.

27. artikulua.– Eskuduntzak.

Batzorde Orokorraren eskuduntzak honakoak dira:

a) Dagokionean, aurreko bilerako akta onartzea.

b) Azken ekitaldiko balantze ekonomikoa, hurrengo ekitaldiko aurrekontua eta aurreko urteko Gobernu Batzordearen memoria ezagutzea, eztabaidatzea eta, dagokionean, onartzea.

c) Elkargoaren eskuduntzen eremuan jarraitu beharreko arau orokorrak onartzea.

d) Estatutu hauek onartzea eta aldatzea, ondoren Administrazioaren aurrean bideratzeko.

e) Elkargoko ondasunen inbertsioari buruzko erabakiak hartzea.

f) Kode Deontologiko Profesionala onartzea.

g) Ezohiko prestazioen sortzapena onartzea.

h) Gobernu Batzordearen eta bere kideen aurkako zentsura-mozioak onartzea.

i) Gobernu Batzordeak bere eskutan uzten dituen edo Estatutu hauek ematen dizkioten beste gai guztiak eztabaidatzea eta erabakiak hartzea.

j) Estatutu hauek interpretatzea.

k) Atal Profesionalak sortzea eta haien Araudi orokorra onartzea, Gobernu Batzordeak txostena egin ondoren.

l) Estatutu hauetan aurreikusi gabeko guztia Hauteskunde Araudiarekin onartzea, eta, dagokionean, haren aldaketak ere bai.

m) Gobernu Batzordeak gutxienez agintaldi bakoitzaren hasieran Batzorde Deontologikoko kideak aukeratzeko edo egozteko aurkezten dizkion proposamenak onartzea. Aipatu Batzordearen Araudia ere onartu beharko du.

n) Gobernu Batzordearen erabakien aurka aurkeztutako ohiko helegiteak ebaztea, Estatutu hauetako 45. artikuluan xedaturikoari jarraiki.

ñ) Elkargoaren egoitza Donostiatik kanpora lekualdatzea onestea.

Batzorde Orokorraren eskuduntzek ez diete Euskadiko Psikologoen Batzordearen edo Psikologoen Elkargo Ofizialen Batzorde Orokorraren eskuduntzei kalterik egingo.

28. artikulua.– Gobernu Batzordearen osaketa

Gobernu Batzordea ondokoek osatuko dute:

a) Dekanoak

b) Dekanordeak

c) Idazkariak

d) Idazkariordeak

e) Diruzainak

f) Gutxienez hiru eta gehienez zortzi Batzordekidek.

Gobernu Batzordeko kideak Estatutu hauetan zehazturiko prozeduraren bidez aukeratuko dira, lau urteko agintaldirako, eta berriro aukeratuak izan ahal izango dira. Edozein arrazoi dela medio, Gobernu-batzordeko kideen herenak baino gehiagok uzten badute kargua, hutsik geratu diren kargu horiek aukeratzera joko da; agintaldiaren amaiera arteko balioa izango du aukeraketa horrek, eta gutxienez urtebetekoa izan beharko du aldi horrek.

Gobernu Batzordeko kideei ondoko arrazoiengatik emango zaie baja:

1.– Beren agintaldia bukatzeagatik.

2.– Karguan aritzeko ezgaitzen dituen gaixotasun bat izateagatik.

3.– Karguari uko egiteagatik.

4.– Elkargoko lurralde-eremutik kanpo bizitzera joateagatik.

5.– Batzorde Orokorrak beren aurkako zentsura-mozioa onartzeagatik.

6.– Zigorrezko ebazpen irmoa eman delako eta diziplinazko espedientea ireki zaielako.

7.– Elkargoa uzteagatik.

8.– Gobernu Batzordeko bileretara ez joateagatik, ez joatea justifikatu ez denean eta hamabi hilabeteren buruan elkarren segidako bi bileratara edo txandakako hiru bileratara joan ez direnean. Gobernu-batzordeak hartuko du baja emateko erabakia.

29. Artikulua.– Gobernu Batzordeko karguen eginkizunak

Dekanoak Elkargoa beste instantzia batzuen aurrean ordezkatzen du, legeek, araudiak eta elkargoko arauek eman dioten eskubide eta atribuzio guztiekin. Bileretara deitzen du eta haiek moderatzen ditu, aktak sinatzen ditu eta sortzen diren batzordeak koordinatzen ditu; horrez gain, bere eginkizunak hauek dira:

1.– Gobernu Batzordearen buru izatea.

2.– Gai judizialetarako ahalordetza ematea, Gobernu Batzordeak ahalduntzen duenean.

3.– Elkargoko kontu-korronteak banketxe zein Aurrezki Kutxetan zabaltzea baimentzea, Gobernu Batzordeak horretarako ahalmena eman ondoren.

4.– Diruzainaren proposamenei jarraituz, fondo-mugimenduak baimentzea.

5.– Fidantzak eta gordailuak sortzea eta indargabetzea, Gobernu Batzordeak horretarako ahalmena eman ondoren.

6.– Gobernu Batzordeak ematen dion beste edozein lan egitea.

Dekanordeak Dekanoa ordezkatuko du bera ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo bere kargua bete gabe dagoenean, eta Dekanoak ematen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu.

Idazkariak ondoko eginkizunak izango ditu:

1.– Batzorde Orokorreko eta Gobernu Batzordeko ohiko eta ezohiko bilerak idaztea eta haien fede ematea.

2.– Elkargoko dokumentazioa eta elkargokideen espedienteak zaintzea.

3.– Dekanoaren oniritzia jaso ondoren, ofiziozko ziurtagiriak edo interesdunak eskaturiko ziurtagiriak luzatzea.

4.– Jakinarazpenak eta dokumentuak luzatzea eta bideratzea, Gobernu Batzordeari eta dagokion Organo eskudunari haien berri emanez.

5.– Administrazioko langileak eta elkargoko eginkizunak betetzeko beharrezkoak diren zerbitzuak zuzentzea, eta administrazio-zerbitzuak materialki antolatzea.

6.– Urteko kudeaketa-memoria idaztea Batzorde Orokorrean onartua izan dadin.

7.– Dekanoari bere eginkizunetan laguntzea eta maila teknikoan eta sozio-profesionalean egin daitezkeen ekimenak orientatzea.

8.– Idazkarien beste ohiko eginkizun batzuk betetzea.

Idazkariordeak Idazkaria ordezkatuko du bera ez dagoenean, gaixorik dagoenean edo bere kargua bete gabe dagoenean. Idazkaria eta Idazkariordea ez daudenean, gaixorik daudenean edo beren karguak hutsik daudenean, Gobernu Batzordeak aukeratutako Gobernu Batzordeko kide batek Idazkaria ordezkatuko du, eta Gobernu Batzordeak ematen dizkion bere karguarekin loturiko eginkizun guztiak beteko ditu.

Idazkariak bere kudeaketa ohiko legezko liburuetan islatu beharko du, eta fondoak zaintzeaz arduratuko da. Aurrekontuaren gauzatzeaz, ordainketez eta elkargoko kontabilitate orokorraz arduratuko da, eta aldian behin Gobernu Batzordeari haien egoera jakinaraziko dio.

Batzordekideek ondoko eginkizunak izango dituzte:

a) Batzorde Orokorrak, Gobernu Batzordeak edo Dekanoak ematen dizkieten lanak egitea.

b) Gobernu Batzordeko beste kideekin lan egitea, eta haiek ez daudenean, gaixorik daudenean edo beren kargua bete gabe dagoenean, haiek ordezkatzea, Estatutuetan xedaturikoari jarraiki.

c) Gobernu Batzordeak ematen dien beste edozein eginkizun betetzea.

30. artikulua.– Gobernu Batzordea, bilerak eta deialdiak

Gobernu Batzordea Dekanoak egiten dituen deialdi guztietan bilduko da, Dekanoak berak eskatuta edo gutxienez Gobernu Batzordeko kideen ehuneko hogeik eskatuta. Edonola ere, urtean gutxienez lau aldiz bilduko da.

Deialdiak kide guztiei idatziz jakinaraziko zaizkie, gutxienez bilera egin baino hamar egun lehenago, eta gai-zerrenda adieraziz.

Lehen deialdian, elkargokideen bi herenak bildu direnean Gobernu Batzordearen osaketa baliozkotzat emango da, eta bigarren deialdian, elkargokideen kopurua kontuan izan gabe bere osaketa baliozkotzat emango da. Lehen eta bigarren deialdiaren artean gutxienez hogeita hamar minutu pasa beharko dira.

Ezin izango da Gai-Zerrendan ez dagoen gairik eztabaidatu edo adostu, Gobernu Batzordeko kide guztiak bertaraturik egonik, gaia gehiengo erlatiboz presazkotzat izendatzen ez baldin bada.

Idazkariak bileren akta egingo du, Dekanoaren oniritzia jaso ondoren.

Erabakiak bertaratutako kideen gehiengo sinplez hartuko dira. Eskuduntzak Batzorde Iraunkorrari eskuordetu ahal izateko gehiengo absolutua beharko da.

31. artikulua.– Gobernu Batzordearen eskuduntzak.

Gobernu Batzordearen eskuduntzak ondokoak dira:

a) Elkargoa ordezkatzea.

b) Batzorde Orokorraren erabakiak gauzatzea.

c) Elkargoaren kudeaketa eta administrazioa zuzentzea haren helburuak bete daitezen.

d) Ofizialki eta publikoki interes profesionala duten gaietan Elkargoaren iritzia adieraztea.

e) Botere publikoen ondoan interes profesionalak ordezkatzea, eta lanbidearen izen ona eta bere eskubideak defendatzea.

f) Eskatzen dizkiotenean, ikerketak, txostenak eta irizpenak aurkeztea, Administrazioko organoei eta edozein erakunde publiko zein pribaturi aholkua emanez. Horretarako, Gobernu Batzordeak lan-batzordeak edo aipatu ikerketak eta txostenak egiteko egokiak iruditzen zaizkion elkargokideak izendatu ahal izango ditu.

g) Dagokionean, erakunde, batzorde, bilera, batzar eta abarretan Elkargoaren ordezkariak izendatzea.

h) Ekintzak erabakitzea eta helegite administratiboak eta jurisdikzionalak aurkeztea.

i) Interes orokorreko edozein gai Batzar Orokorrari aurkeztea, hark eztabaidatu eta erabakia har dezan.

j) Elkargoan sartzeko eta baja emateko prozesuak, kuoten eta beste ekarpen batzuen ordainketak eta ordainsarien kobratzeak arauen bidez erregulatzea, eta diziplinazko ahalmenak erabiltzea, guztia Estatutuetan xedaturikoari jarraituz.

k) Kulturan, lanbidean, laguntzan eta aurreikuspenean oinarrituriko jarduerak eta zerbitzuak elkargokideen mesedetan antolatzea.

l) Ezarritako kuotak eta ekarpenak biltzea, urteko aurrekontua eta balantzea egitea, aurrekontua gauzatzea, eta Elkargoko zerbitzu orokorren funtzionamendua antolatzea eta zuzentzea.

m) Elkargokideei Elkargoko jarduerak eta erabakiak jakinaraztea, eta bere kudeaketaren urteko memoria prestatzea.

n) Batzar eta Atalen osaketari buruzko informazioa ematea.

ñ) Batzorde Orokorrari Batzorde Deontologikoko kideen izendapenak edo egozteak proposatzea, hark onar ditzan.

o) Elkargoaren egoitza Donostian bertan lekualdatzea onartzea.

p) Kanpoko kontu-ikuskaritzak egitea onartzea, Estatutu hauetako 50. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

32. artikulua.– Gobernu Batzordeko eskuduntza eskuordeezinak

Gobernu Batzordearen eskuduntza eskuordeezinak hauek dira:

a) Elkargorako sarrera ukatzearen aurkako berraztertzeko helegiteak erabakitzea.

b) Psikologoen Elkargo Ofizialeko organoen ekintzen edo erabakien aurkako helegiteak ebaztea, dagokionean.

c) Ataleko Zuzendaritza Batzordeak proposaturik, Atalen Araudi partikularrak eta haien aldaketak onartzea.

d) Batzar Orokorraren ezohiko bileren deialdia erabakitzea.

e) Gobernu Batzorderako karguen hauteskundeen deialdia egitea, dagokionean.

f) Estatutu hauetako diziplinazko araubidean aurreikusitako zigorrak erabakitzea.

g) Estatutuak onartzeko eta aldatzeko prozedura bultzatzea.

33. artikulua.– Batzorde Iraunkorra.

Gobernu Batzordeak Batzorde Iraunkor gisa jardun ahal izango du; Batzorde Iraunkorra gutxienez Dekanoak osatuko du, eta bestela Dekanordeak edo Idazkariak, edo bestela Idazkariordeak eta Diruzainak. Batzorde Iraunkorrak Gobernu Batzordeak osorik ematen dizkion eginkizunak beteko ditu, eskuordeezinak direnak izan ezik.

34. artikulua.– Batzorde Aholkularien, Lan Batzordeen, Batzorde Deontologikoen eta Atal Profesionalen osaketa

Gobernu Batzordeak Batzorde Aholkulariak eta Lan Batzordeak osatu ahal izango ditu. Batzorde Deontologiko bat eratuko da, eta horrek arrazoi deontologikoak oinarri hartuta baloratu behar dituen ekintza profesionalen kalifikazioari buruzko txosten lotesleak egingo ditu, eta araudi deontologiko-profesionalarekin loturiko beste gai guztiei dagokienez, kontsultarako txostenak egingo ditu.

Batzorde Orokorrak horretarako ezartzen duen araudi orokorrari jarraiki sortzen diren Atal Profesionalak berezko araudi baten bidez arautuko dira; araudi horrek beren ordezkaritza-organoen aukeraketa demokratikoa bermatuko du, eta baliozkoa izateko, Gobernu Batzordeak onartu beharko du.

ZAZPIGARREN KAPITULUA
ELKARGOKIDEEK GOBERNU ORGANOETAN DUTEN PARTAIDETZARI ETA HAUTESKUNDE ARAUBIDEARI BURUZ

35. artikulua.– Elkargokideek karguen hautaketan parte hartzeko duten eskubidea.

Hauteskundeak hasi baino hogeita bost egun lehenagora arte aktiboak diren elkargokide guztiek hautesle eta hautagai izateko eskubidea dute Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kideen aukeraketan.

Hauteskundeak hasi baino hogeita bost egun lehenagora arte aktiboak ez diren elkargokide guztiek hautesle izateko eskubidea dute Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialeko Gobernu Batzordeko kideen aukeraketan.

Hauteskundeen data baino hogeita bost egun lehenago beren eskubideen etetea dakarren zigorra betetzen ari diren elkargokideek eta beren kuotak egunean ez dituztenek ez dute hautesle izateko eskubidea izango.

Hauteskundeen egunean beren eskubideen etetea dakarren zigorra betetzen ari diren elkargokideek eta beren kuotak egunean ez dituztenek ez dute hautagai izateko eskubidea izango.

36. artikulua.– Hauteskundeen deialdi-epea.

Lau urtean behin Gobernu Batzordeak Gobernu Batzordeko kargu guztiak betetzeko ohiko hauteskundeetarako deialdia egingo du.

Hauteskundeetarako deialdia gutxienez hauteskundeen data baino hiru hilabete lehenago egingo da; deialdiak hauteskunde-egutegia eta bozkatzeko, zenbatzeko eta jakinarazpena egiteko prozedura adieraziko ditu, dagozkien helegiteez gain.

Estatutu honetako 28. artikuluan aurreikusitako baldintza ematen delako ezohiko hauteskundeen deialdia egitea beharrezkoa denean, eta ezohiko hauteskundeak eskatzen dituen ezohiko gertaera bat ematen denean, deialdia aurreko paragrafoan adierazitako aurrerapenaz egingo da, eta Zazpigarren Kapitulu honetan xedaturiko arauak betez.

37. artikulua.– Kandidaturen aurkezpena eta baliozki aurkezturikoen jakinarazpena.

Deialdiaren ondoko bi hilabeteetan kandidatura osoak eta itxiak aurkeztu beharko dira, kargu bakoitzerako proposaturiko pertsona adieraziz, Gobernu Batzordeari zuzenduriko eta gutxienez hogeita hamabost elkargokideren sinadurekin abalaturiko gutun baten bidez.

Gobernu Batzordeak hauteskundeen data baino hogeita bost egun lehenagora arte baliozki aurkezturiko kandidaturen jakinarazpena elkargokide guztiei adieraziko die. Gobernu Batzordeak, Elkargoak dituen baliabideen arabera, hautagaien propaganda berdintasunezko baldintzetan egitea ahalbidetuko du.

Edozein elkargokidek hautagaien jakinarazpenaren aurkako helegitea aurkeztu ahal izango du jakinarazpenaren ondoko hiru egunetan, eta Gobernu Batzordearen Batzorde Iraunkorrak helegitea beste hiru egunen buruan ebatziko du.

Kandidatura bakarra baldin badago, berau bozketarik egin beharrik gabe, bozketaren egunean jakinaraziko da.

38. artikulua.– Hauteskunde-mahaia.

Bozketa hasi baino bost egun lehenago Ordezkaritzaren egoitzan hauteskunde-mahaia osatuko da.

Hauteskunde-mahaiak elkargokide guztien artean zozketa bat eginez izendaturiko Lehendakaria, Idazkaria eta bi Elkargokide izango ditu. Hautagaiak ezin izango dira mahai horren parte izan.

Hautagaiek bozketa hasi baino hogeita lau ordu lehenago mahaiarentzako ikuskatzaile bat aukeratu ahal izango dute.

39. artikulua.– Bozketa.

Gobernu Batzordeko kideen hautaketa sufragio unibertsal, libre, zuzen eta sekretuaren bitartez egingo da.

Elkargokideek Gobernu Batzordeak baimendutako txartel ofizialekin beren boto-eskubidea erabili ahal izango dute.

Elkargokideek, bozkatzerakoan, beren datuak eman beharko dituzte, Elkargokide Txartelaren, N.A.N.aren, gidatzeko baimenaren edo indarrean dagoen legediak onartutako beste edozein txartelen bidez, eta botoa zigilaturiko hautestontzi batean sartuko dute. Mahaiko idazkariak zerrendan idatziko du botoa eman duen elkargokidearen izena.

40. artikulua.– Postaren bidezko bozketa.

Era berean, elkargokideek postaz bozkatu ahal izango dute, boto-txartela eta Elkargokide Txartelaren edo aurreko artikuluan adierazitako beste edozein dokumenturen fotokopia beste gutunazal batean sartutako gutunazal itxi batean hauteskunde-mahaiko Lehendakariari bidaliz.

41. artikulua.– Bozketa- eta zenbaketa-aktak.

Zuzeneko bozketa amaitzerakoan eta zenbaketa hasi baino lehenago, mahaiak bozketaren egunera arte postaz bidalitako botoak beren eskubidea pertsonalki erabili ez duten elkargokideenak direla egiaztatuko du. Elkargokideren batek zuzenean bozkatzeaz gain bere botoa postaz ere bidali duela ikusten baldin bada, botoa baliogabetu egingo da. Ondoren, gutunazal handiak ireki eta boto-txartelak dituzten gutunazalak hautestontzian sartuko dira, eta gero zenbatu egingo dira. Zenbaketa publikoa izango da.

Mahaiko idazkariak bozketaren eta gertakarien akta egingo du; akta mahaiko kide guztiek sinatu beharko dute, eta ikuskatzaileek ere bai, baldin badaude. Ikuskatzaileek kexak aurkezteko eskubidea izango dute.

42. artikulua.– Zenbaketa-sistema.

Zenbaketa-sistema ondokoa izango da:

a) Kandidatura osoek lortutako botoak zenbatuko dira.

b) Boto gehien jaso dituen zerrenda hautatuko da. Berdinketa baldin badago, errepikatu egingo da bozketa.

Zirriborroak, zuzenketak edo zenbaketan akats bat eragin dezaketen aldaketak dituzten txartelak baliogabeak izango dira. Txartel bat baino gehiago duten postaz bidalitako botoak ere baliogabeak izango dira, txartel guztiak kandidatura berekoak izan ezean. Kasu horretan, txarteletako bat bakarrik zenbatuko da.

43. artikulua.– Hautaturiko kandidaturaren jakinarazpena.

Gobernu Batzordeak hautaturiko kandidatura izendatuko du, elkargokide guztiei, Gipuzkoako Foru Administrazioari, Eusko Jaurlaritzari, Euskadiko Psikologoen Batzordeari, baldin badago, eta Psikologoen Elkargo Ofizialen Batzorde Gorenari, baldin badago, jakinaraziz. Azkena ez baldin badago, Psikologoen Elkargo Ofizialeko Estatu Idazkaritzari jakinaraziko zaio.

Hautaturiko Gobernu Batzordea jakinarazpenaren ondoko hilabetearen buruan bere karguaz jabetuko da.

44. artikulua.– Izendapenaren baliogabetzea.

Emandako gertaerengatik edo aurkeztutako kexengatik Gobernu Batzordeak izendapena baliogabetzea erabakitzen baldin badu, hauteskundeetarako beste deialdi bat egingo du; hauteskundeak gehienez bi hilabeteren buruan egingo dira, eta ordura arte ez dira azken emaitzak jakinaraziko.

45. artikulua.– Hauteskunde-gaiei buruzko helegiteak.

Gobernu Batzordeak hauteskunde-gaietan hartutako erabakien aurka, edozein elkargokidek Batzorde Orokorraren aurrean ohiko helegitea aurkeztu ahal izango du, eta Batzorde Orokorrak eskumen hori Euskadiko Psikologoen Batzordeari eman ahal izango dio berau sortzen denean.

Euskadiko Psikologoen Batzordea sortzen denean, haren aurrean ohiko helegitea aurkeztu ahal izango da. Helegitearen ebazpenaren aurka administrazioarekiko auzi-bidea hasi ahal izango da.

ZORTZIGARREN KAPITULUA
ARAUBIDE EKONOMIKO ETA ADMINISTRATIBOARI BURUZ

46. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomikoak eta ondarea.

Elkargoak bere helburuak betetzeko behar dituen baliabideak izan beharko ditu, eta elkargokideek arauek xedaturiko eran hura mantendu beharko dute.

47. artikulua.– Elkargoaren baliabide ekonomikoen jatorria.

Elkargoaren baliabide ekonomikoak hurrengoak dira:

a) Elkargokideen sarrera-kuotak.

b) Elkargokideen ohiko kuotak.

c) Batzorde Orokorrak onartzen dituen ezohiko kuotak.

d) Ziurtagiri ofizialak, bisak, arbitrajeak, irizpenak, txostenak eta beste zerbitzu orokor batzuk egiteagatik jaso ditzakeen diru-kopuruak.

e) Administraziotik, erakundeetatik, elkargokideetatik eta beste partikular batzuetatik jaso ditzakeen diru-laguntzak, legatuak eta emateak.

f) Bere ondasun eta eskubideen errendimenduak.

48. artikulua.– Baliabideen bilketa.

Baliabide ekonomikoen bilketaren eskuduntza Gobernu Batzordearena da.

49. artikulua.– Urteko aurrekontua.

Aurrekontua urtero egingo da, urte naturaleko, eraginkortasuneko eta ekonomiako printzipioak jarraituz, eta elkargoaren diru-sarrera eta gastu guztiak barne hartuko ditu. Era berean, ekitaldiaren balantzea egingo da urtero.

Ez da aurrekontu defizitariorik egingo ez onartuko.

50. artikulua.– Urteko aurrekontuaren gauzatzea eta kontu-ikuskaritza.

Gobernu Batzordea aurrekontua gauzatzeaz eta Elkargoaren zerbitzuak zuzentzeaz arduratuko da.

Urtero, Gobernu Batzordeak kontu-ikuskatzaile bi izendatuko ditu elkargokideen artean. Kontu-ikuskatzaileok, kontuak egiaztatu ondoren, horien berri emango diote Batzorde Orokorrari, Estatutu hauetako 27. artikuluko b) idatz-zatian xedatutako bozketa egin baino lehen. Aipatutako izendapena utziezina izango da.

Gobernu Batzordearen akordioarekin bat, prozedura horren ordez kanpoko kontu-ikuskaritza egin ahal izango da. Halaber, kanpo-ikuskaritzaren emaitzak ere Batzorde Orokorrari jakinarazi beharko zaizkio.

51. artikulua.– Elkargoaren deuseztapena.

Elkargoa bere helburuak uzteagatik bakarrik deuseztatuko da, Batzorde Orokorrak erabakia hartu ondoren.

Elkargoa deuseztatzen baldin bada, Gobernu Batzordea batzorde kitatzaile gisa arituko da; ordaintzeke dauden obligazioak kitatu ondoren, soberako ondasunak zertan erabili behar dituen proposatuko dio Batzorde Orokorrari, ondasunak Psikologiarekin loturiko, interes sozialeko eta irabazi-asmorik gabeko edozein erakunderi emanez. Izaera publikoko sarrerak berorien arau erregulatzaileen arabera likidatuko dira.

52. artikulua.– Eskuduntzaren utziezintasuna. Eskuordetza eta bereganatzea

Elkargoko organoen eskuduntza utziezina da, eta eskuduntza dutenek erabiliko dute, Estatutu hauetan eta azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean aurreikusitako eskuordetze- edo bereganatze-baldintzei kalterik egin gabe.

53. artikulua.– Erabakien argitalpena.

Elkargoaren erabakiak eta arauak argitaratu egin beharko dira, Elkargoko informazio-organoaren bidez edo zirkular baten bidez, elkargokide guztiek ezagut ditzaten.

Elkargokideen eskubide eta interesetan eragina duten erabakiak interesdunei banaka jakinaraziko zaizkie.

54. artikulua.– Akten artxibatzea.

Elkargoko organoen aktak eta kontabilitate-dokumentazioa sistema tekniko egokien bitartez artxibatu eta zainduko dira, benetakotasuna bermatzen duten bitartean.

55. artikulua.– Elkargoko egintzek lege eta estatutuei men egitea.

Elkargoko egintza guztiek, Estatutu hauetan aurreikusten ez denari dagokionez, aplika daitezkeen legezko eta erregelamenduzko arauak jarraitu beharko dituzte. Beren izaeraren arabera, administrazio-gaiei buruzko arau orokorrak, edo arau zibilak, dagozkienean, ere bete beharko dituzte; ondorioz, jurisdikzio baten edo bestearen aurrean egintzen aurkako helegiteak aurkez daitezke.

Jakinarazpenak egintza erabaki den dataren ondoko hamar egunen buruan egin beharko dira, eta erabakiaren testu osoa barne hartu beharko dute, bide administratiboa agortzen den edo ez adieraziz, eta dagozkien helegiteak, haiek zein organori aurkeztu behar zaizkion eta haiek aurkezteko epeak azalduz; bestalde, interesdunek egokia iruditzen zaien beste edozein helegite aurkezteko eskubidea izango dute.

56. artikulua.– Elkargoko organoen egintzen baliogabetasuna eta deuseztagarritasuna

Elkargoak eskubide publikoko erakunde gisa diharduenean, elkargoko organoen honako egintzak erabat deusezak izango dira:

a) Konstituzioak babes ditzakeen eskubide eta askatasunen oinarrizko edukiari kalte egiten dietenak.

b) Gaia edo lurraldea dela-eta inolako aginpiderik ez duen organo batek erabakitako egintzak.

c)Ezinezko edukia dutenak.

d) Arau-hauste penala dakartenak edo arau-hauste penalaren ondorioz erabakitzen direnak.

e) Legez ezarritako prozedura edo elkargoko organoen nahia osatzeko oinarrizko arauak biltzen dituzten erregelak erabat baztertuz erabakitako egintzak.

f) Ahalmenak edo eskubideak lortzeko behar diren oinarrizko baldintzak betetzen ez direnean, ahalmen edo eskubide horiek lortzea ahalbidetzen duten antolamendu juridikoaren kontrako berariazko edo ustezko egintzak.

g) Legezko xedapen batean beren-beregi azaltzen den beste edozein egintza.

Antolamendu juridikoa nolanahi hausten duten egintzak, boterearen desbideratzea barne, baliogabetu egin daitezke.

57. artikulua.– Egintza baliogabeen berrikuspena.

Dekanoak egintza baliogabe baten edo baliogabetu daitekeen egintza baten berri izaten duenean, egintza baliogabeak edo baliogabetu daitezkeen egintzak berrikusteko edo egintza administratiboak atzera botatzeko legezko xedapenak jarraituko ditu.

Ofiziozko berrikuspen-prozedura hasten denean, Dekanoak egintzaren gauzatzea geldiarazi ahal izango du.

58. artikulua.– Elkargoko egintzen aurkako helegiteak.

Elkargoak eginkizun publikoak betetzen dituen bitartean, helegite-araubideak Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legea jarraitu beharko du.

Batzorde Iraunkorraren egintza eta erabakien aurka, lehenengo Batzorde Iraunkorraren aurrean helegitea aurkeztu ahal izango da, eta ondoren Gobernu Batzordearen aurrean. Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialaren Gobernu Batzordearen erabakien eta egintzen aurkako helegiteak instantzia beraren aurrean bakarrik aurkeztu ahal izango dira, bide administratiboa bertan agortuko delarik.

Salbuespen gisa, bide administratiboa agortzen duten elkargoko organoen egintzen aurka berrikusteko helegitea aurkez daiteke; helegitea azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean xedaturikoari jarraiki bideratuko da.

Era berean, interesdunak azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legean zehazturiko moduan helegitearen arrazoiak diren egintzak geldiaraztea eskatu eta geldiaraztea lortu ahal izango du.

BEDERATZIGARREN KAPITULUA
DIZIPLINAZKO ARAUBIDEEI ETA SARIEI BURUZ

59. artikulua.– Elkargoko diziplinaren onarpena

Kolegiatzearen ondorioz, elkargokideek Elkargoko diziplinazko araubidea, elkargoko betebeharren eta deontologia profesionaleko arau orokorren urratzeak saihesteko eta zuzentzeko eskuduntzak biltzen dituena, onartzen dute.

60. artikulua.– Hutsegiteen sailkapena

Hutsegiteak arinak, larriak edo oso larriak izan daitezke.

Hutsegite arinak ondokoak dira:

a) Elkargoak dokumentazio profesionalari buruz ezarritako arauak ez betetzea.

b) Elkargoak eskatzen dituen txostenak eta beste dokumentuak ez prestatzea.

c) Elkargokideak ez errespetatzea, haiek larriki mindu gabe.

d) Publizitate profesionalari buruzko arauak ez betetzea.

e) Lanbidea arautzen duen beste edozein arau urratzea, Estatutu hauen arabera urratze larria edo oso larria ez denean.

Hutsegite larriak ondokoak dira:

a) Psikologoa kolegiatu gabe lanean aritzea, kolegiatzeko betebeharretik libratzen duen zirkunstantziaren bat egon ezean.

b) Eginkizun profesionalak ez betetzea, jarduera profesionala eskatzen edo adosten duten pertsonak kaltetzen dituenean.

c) 1997ko azaroaren 21eko 18/97 Legearen 11. artikuluan xedaturik dagoen informatzeko betebeharra urratzea.

d) Aseguratzeko betebeharra ez betetzea.

e) Aipatutako Legearen 13. artikuluan zehazten den lanbidearen betebeharra ez betetzea, zerbitzua emateko eskatzen zaionean hori galarazten duen arrazoi justifikatua egon ezean.

f) Lanbide bereko profesionalen edo lanbidearen gobernu-organoen duintasuna eta bere lanaren ondorioz berarekin harremanetan jartzen diren pertsona edo instituzioen duintasuna larriki iraintzea, edo haiek fisikoki erasotzea.

g) Lehia desleialeko ekintzak egitea.

h) Elkargo honen edo bere organoen ohiko funtzionamendua eragozten edo aldatzen duten ekintzak.

i) Bi urteren buruan gutxienez bost hutsegite arin egitea, edo urte baten buruan hiru zigor jasotzea.

j) Arau deontologiko orokorrak haustea.

k) Lanbidearen moralari, duintasunari eta izen onari erasotzen dioten ekintzak eta ez esateak

l) Sekretu profesionala larriki urratzea, hirugarren bati kalte eginez.

m) Txosten edo ziurtagirietan gezurra esatea.

n) Elkargoko organoetarako aukeraturiko karguek dagozkien betebeharrak ez betetzea.

Hutsegite oso larriak ondokoak dira:

a) Behar den titulua izan gabe psikologian aritzea.

b) Betebehar profesionalak ez betetzea, horrek jarduera profesionala eskatzen edo adosten duten pertsonak larriki kaltetzen dituenean.

c) Sekretu profesionala urratzea.

d) Gaitasungabetua edo bateraezintasun- edo debeku-egoeran egonik psikologian aritzea.

e) Lanean aritzean engainuzko delituak egitea, parte-hartze maila kontuan izan gabe.

f) Bi urteren buruan gutxienez bi hutsegite larri egitea. Aurreko atalean i) letrarekin adierazitako urratzea salbuespena izango da.

g) Lanean aritzerakoan pertsonen duintasunari erasotzea.

61. artikulua.– Zigorrak. Preskripzioa.

Hutsegite arinek ondoko zigorretako bat jasoko dute:

a) Elkargokideari idatziz jakinaraztea, hori bere espedientean azalduko delarik.

b) 300 euroko gehienezko isuna.

Hutsegite larriek ondoko zigorretako bat jasoko dute:

a) Gehienez urte baterako lanean aritzeko gaitasungabetzea.

b) 301 eta 3.000 euro arteko isuna.

Hutsegite oso larriek ondoko zigorretako bat jasoko dute:

a) Urte bat eta egun bat eta hogei urte arteko eperako lanean aritzeko gaitasungabetzea.

b) 3.001 eta 30.000 euro arteko isuna.

Arau-hausleak bere urratzearekin etekin ekonomikoa atera baldin badu, isuna aipatu etekin ekonomikoaren ebaluaketa gainditzen duen kopuruarekin igoko da, aurreko ataletan adierazitako gehieneko mugetan oinarrituz, gutxienez ebaluazio horren baliokidearekin eta gehienez ebaluazioaren bikoitzarekin.

Zigorrak kasuan kasuko zirkunstantzien arabera graduatuko dira.

Aurreko zigorrek ez diete zigortuen beste edozein erantzukizuni kalterik egingo.

Gipuzkoako Psikologoen Elkargo Ofizialak bere diziplinazko ahalmena erabiliz isunen bidez lortzen duen dirua etengabeko trebatze profesionala eta deontologikoa emateko programak sustatzeko bakarrik erabiliko du. Horretarako, dagokion prozedurari jarraiki, kasu bakoitzerako ezarritako araudiaren arabera beharrezko neurriak hartu eta gauzatuko ditu.

Hutsegite oso larriek hiru urtera preskribituko dute, larriek bi urtera eta arinek urte batera; hutsegite oso larriengatik emandako zigorrek hiru urtera preskribituko dute, hutsegite larriengatik emandakoek bi urtera eta hutsegite arinengatik emandakoak urte batera.

62. artikulua.– Zigorren ezarpena eta Batzorde Deontologikoaren eskuduntza.

Elkargokideei zigorrak jartzea Gobernu Batzordearen eskuduntza da. Zigorra ezarri baino lehenago espedientea irekiko du eta interesdunari entzutea egingo dio; horrez gain, prozedura horiek bideratzeko legezko edo erregelamenduzko xedapenek zehazturiko printzipioak beteko ditu.

Ustezko hutsegiteen edukiak ekintza profesionalen diziplinazko kalifikazioarekin zerikusia duenean, Gobernu Batzordeak Batzorde Deontologikoari jakinaraziko dizkio. Batzorde Deontologikoak dagokion espedientea irekiko du, bideratzaile bat izendatuz, gertakarien edukia baloratuz eta prozedura zigortzaileak arautzen dituzten legezko edo erregelamenduzko xedapenak jarraituz, eta azkenik irizpena emango du, Gobernu Batzordeak erabakia har dezan. Aipatutako irizpena hutsegiteen kalifikazioan loteslea izango da.

Zigorren aurka ohiko helegitea aurkeztu ahal izango da, Estatutu hauetan eta aplikagarriak diren legeetan aurreikusitako eran, eta interesdunak aurkeztu nahi duen beste edozein helegiteri kalterik egin gabe.

63. artikulua.– Baja, espedientea ireki gabe.

Elkargokidea Estatutu hauetako 8. artikuluko b) eta c) arrazoiengatik egozten baldin bada, espedientea irekitzea ez da beharrezkoa izango.

64. artikulua.– Elkargoko gobernu-organoen bileratara ez joatea

Hamabi hilabeteren buruan Gobernu Batzordeko kideak dagokion organoko elkarren segidako bi bileratara edo txandakako hiru bileratara arrazoiak eman gabe joaten ez baldin badira, Gobernu Batzordeak kargutik egotzi ahal izango ditu, aurretik espedientea irekitzeko beharrik gabe.

65. artikulua.– Sariak.

Gobernu Batzordeak lanean etengabeko jarduerak zein zientziaren, lanbidearen, gizartearen edo gizadiaren ikuspuntutik garrantzi handia duten banakako ekintzak burutzeagatik nabarmendu diren pertsonak arauek xedaturiko eran saritu ahal izango ditu.

HAMARGARREN KAPITULUA
ESTATUTU HAUEN ALDAKETARI BURUZ

66. artikulua.– Estatutu hauen aldaketa.

Estatutu hauek aldatzeko eskaera Gobernu Batzordeak edo gutxienez elkargokideen %15ek egin beharko du. Estatutuetan edozein aldaketa egiteko, beren-beregi deituriko Ezohiko Batzorde Orokor batean emandako botoen bi herenen gehiengoa lortu beharko da.


Azterketa dokumentala