Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

143. zk., 2015eko uztailaren 30a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
3374

AGINDUA, 2015eko uztailaren 27koa, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuarena. Agindu honen bidez, dei egiten zaie indarreko hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuei eta itun-araubideari heltzeko interesa duten ikastetxe berriei, Oinarrizko Lanbide Heziketaren ituna sinatzeko eta 2015-2016 ikasturterako itundu beharreko unitateak zehazteko.

Irailaren 8ko 293/1987 Dekretuaren bidez, hezkuntza-itunen erregelamendua onartu zen. Haren II. eta VI. kapituluetan ezarrita dago hezkuntza-itunak sinatu eta berritzeko prozedura.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 16ko Aginduak deialdia egin zuen 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko. Agindu hori 2014ko maiatzaren 21eko Aginduaren bidez aldatu zen.

Hezkuntza-kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoaren bidez, Oinarrizko Lanbide Heziketako zikloak sortu ziren, hezkuntza-sistemako lanbide-heziketaren barruan.

Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuaren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketako irakaskuntzen berariazko alderdien antolamendua arautzen da, bai eta horien ezarpena ere horren esparruko ikastetxeetan.

Agindu honen xedea da dei egitea indarreko hezkuntza-ituna duten ikastetxe pribatuei eta itun-araubideari heltzeko interesa duten ikastetxe berriei, Oinarrizko Lanbide Heziketaren ituna sinatzeko eta 2015-2016 ikasturterako itundu beharreko unitateak zehazteko.

Hori dela eta, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.– Xedea eta hartzaileak.

Oinarrizko Lanbide Heziketaren ituna sinatzeko eta 2015-2016 ikasturterako itundu beharreko unitateak zehazteko deialdia egiten da, Euskal Autonomia Erkidegoan baimendutako ikastetxe pribatuei dagokienez.

2. artikulua.– – Betekizunak.

1.– Itundu beharreko unitate guztiak behar bezala baimenduak izan beharko dira indarrean den araudiari jarraikiz, eta itundu beharreko unitate-kopurua ezin izango da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailak planifikatuko duen unitate-kopurua baino handiagoa izan.

2.– Ikastetxeek egiaztatu egin beharko dute beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela, Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduaren, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diru-laguntzak eskuratu dituzten onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoaren arabera.

Organo kudeatzaileak automatikoki eta behar bezainbeste aldiz egiaztatuko du inoren baimenik gabe ea zergei eta gizarte-segurantzari dagozkion betebeharrak betetzen dituzten laguntza-eskatzaileek, beti ere azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua –Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratua onartzen duena– betez.

3. artikulua.– Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

3.1.– Eskabideak Zuzenean-Herritarrentzako Zerbitzuaren bulegoetara bertaratuz aurkeztuko dira (Ramiro de Maeztu 10, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen uztailaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan xedatutako eraren batean. Eskabideok posta-bulegoetan aurkezten badira, gutun-azal irekian beharko dute, ziurtatu baino lehen, posta-langileek data jarri eta zigila ditzaten. Horrela egin ezean, aurkeztu den bulego publikoko sarrera-eguna hartuko da sarrera-eguntzat.

Eskabideak agindu honetan ezarritako eranskinen arabera bete beharko dira. Aipatutako eranskinak helbide elektroniko honetan daude eskuragarri: https://www.euskadi.eus/ayuda_subvencion/2015/itunak-olh/y22-izapide/eu

3.2.– Eranskin hauek aurkeztu beharko dira:

I.A eranskina: 2015-2016 ikasturterako planifikazioa egiteko eskabide-orria.

I.B eranskina: 2015-2016 ikasturtean itunduko den unitate-kopurua zehazteko eskabide-orria.

II. eranskina: 2015-2016 ikasturterako planifikazioa egiteko inprimakiak.

III. eranskina: 2015-2016 ikasturtean ituntzeko unitate-kopurua zehazteko inprimakiak.

3.3.– Ikastetxeek dokumentazio hau aurkeztu beharko dute beren eskaerarekin:

Ondorengo inguruabarren bat edo guztiak ziurtatzen dituen memoria:

– Ikastetxeak azken lau ikasturteetan bete dituen benetako eskolatze-premiak.

– Ikastetxe horrek biltzen duen eskola-biztanleriaren gizarte eta ekonomi baldintzak, merezimendu bezala aurkezten bada.

– Hezkuntza-sistemarako interes pedagogikoa duten esperientziak, ikastetxearen programazioan aurreikusita daudenean.

– Hala badagokio, kooperatiban jarduteko araubidea.

– Eskaera egin duen ikastetxearen titularraren ordezkari arituko den pertsona akreditatzea, baldin eta halakorik badago.

4. artikulua.– Eskaerak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 2015eko irailaren 4an amaituko da.

5. artikulua.– Lurraldeko Balorazio Batzordeak.

2012ko maiatzaren 16ko Aginduaren 5. artikuluan ezartzen diren batzordeek ebaluatuko dituzte ikastetxeek aurkezten dituzten eskabideak.

6. artikulua.– Eskaerak ebaluatzea.

1.– Sinatu beharreko itun berriak zehazteko eta 2015-2016 ikasturterako eskola-unitateei buruzko planifikazioa egiteko, kontuan hartuko dira Hezkuntza-itunei buruzko Araudia onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 12. artikuluan eta hurrengoetan eta 79. eta 80. artikuluetan ezarritako lehentasun-irizpideak eta honako premia hauek:

a) ikastetxea dagoen eskualdeko eskolatze-premiak eta alde horretan dauden eskaintza publikoa eta itunpeko ikastetxeena.

b) ikastetxeak azken lau ikasturteetan bete dituen eskolatze-premiak.

c) horrez gain, kontuan hartuko dira sektore ekonomiko batzuen eta besteen premiak.

Plangintza ziklo bakoitzeko lehenengo ikasturteetarako baino ez da egingo.

2.– Oinarrizko lanbide-heziketan 2015-2016 ikasturtean itundu beharreko unitate-kopurua zehazteko, Euskal Autonomia Erkidegoko Oinarrizko Lanbide Heziketaren araubideari eta ezarpenari buruzko ekainaren 9ko 86/2015 Dekretuan ezarritako irizpide eta ratio hauek hartuko dira kontuan:

(Ikus .PDF)

Ikastetxeek gehieneko ratioa gainditu ahal izango dute 20 ikasleraino, mailaz igo ez diren ikasleak eta beste ikastetxe batetik lekualdatutako ikasleak edo eskolatze berantiarrekoak direla medio, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak bi baldintzok behar bezala baimenduta.

Halaber, Heziketa eta Ikaskuntzako zuzendariak lehen aipatutakoaz bestelako ikasle-kopurua duten taldeak baimen ditzake, ikasleen ezaugarriak, ikastetxearen kokapen geografikoa edo oinarrizko lanbide heziketaren zikloaren berezitasunak direla medio.

Lehenengo mailatik ituntzen diren zikloek itunduta jarraituko dute, ziklo horiek amaitu arte.

7. artikulua.– Ebazpen proposamena.

1.– Balorazioko Lurralde Batzordeak batzartu eta aurkeztutako eskabideen ebaluazioa egin ondoren, lehendakariak Balorazio Batzorde Orokorrari helaraziko dio behin-behineko proposamena, eta ikastetxeei jakinarazpena egingo zaie, dagozkien unitateak zehaztuaz, eta, hala badagokio, ukapenaren arrazoiak azalduaz.

2.– Proposamen horren aurka ikastetxeek, jakinarazten den egunetik hasita hamar egun naturaleko epean, egokiak iruditzen zaizkien alegazioak aurkez ditzakete.

3.– Alegazioak aztertzeko, ondoren aipatzen diren kideek osatuko duten Balorazio Batzorde Orokorra eratuko da:

– Lehendakaria: Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordea.

– Bokalak:

● Hezkuntzako sailburuordea.

● Lanbide Heziketako sailburuordea.

● Lurralde-ordezkariak.

● Kudeaketa Ekonomikoko zuzendaria.

– Idazkaria:

Itunen eta Ordainketa Eskuordetuaren Zerbitzuaren arduraduna.

4.– Ikastetxeek aurkeztutako alegazioak aztertu ondoren, Balorazio Batzorde Orokorrak ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari. Proposamen horrek, deialdira aurkeztutako ikastetxe guztiak hartuko ditu barnean.

8. artikulua.– Deialdia ebaztea.

1.– Deialdia Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuak ebatziko du, eta horretarako agindu bat emango du. Aginduan honako hauek jasoko dira:

a) Agindu honetan ezartzen den aldirako itundutako ikastetxe pribatuak, heziketa-ziklo bakoitzeko planifikaturiko hezkuntza-unitateen kopurua zehaztuta.

b) 2015-2016 ikasturtean itunduko den unitate-kopurua, hauek zehaztuta: ikastetxea, heziketa-zikloa, hizkuntza-eredua eta diru-laguntzaren zenbatekoa.

c) Ituna ukatzen zaien ikastetxe pribatuak, ukapenerako arrazoiak adieraziz.

2.– Deialdi honen ebazpena sei hilabeteko epean egingo da, agindu honetako 4. artikuluan aipatzen diren eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik zenbatzen hasita; Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz jakinaraziko da.

3.– Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuaren Aginduaren aurka, aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete ikastetxe interesdunek sailburu horri, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hileko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

9. artikulua.– Hezkuntza-itunak formalizatzea.

Agindu honetan oinarriturik sinatutako hezkuntza-itunak jarraian zehazten diren arauetan ezarritako prozedura eta epeekin bat formalizatuko dira: Hezkuntza-itunen Araubidea onartzen duen irailaren 8ko 293/1987 Dekretuko 29., 30. eta 31. artikuluetan ezarritako prozedurak eta epeak; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren 2012ko maiatzaren 16ko Aginduko V. eranskinean jasotako prozedura. Agindu horren bitartez, 2012-2013, 2013-2014, 2014-2015 eta 2015-2016 ikasturteetarako hezkuntza-itunak sinatzeko eta berritzeko, eta 2012-2013 ikasturterako unitateak zehazteko dei egiten da. Irailaren 8ko aipatu aginduaren bidez, Hezkuntza Itunen Araudia onartzen da.

10. artikulua.– Hezkuntza-itunak ordaintzea.

1.– Agindu honen bidez araututako diru-laguntzak aldez aurretik ordainduko dira, lau hilabeterik behin.

2.– Diru-laguntzak ordaintzeko, ikastetxeek egiaztatu egin beharko dute beren zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak bete dituztela, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 1991ko urriaren 7ko Aginduaren, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diru-laguntzak eskuratu dituzten onuradunek zerga-betebeharrak bete dituztela egiaztatzeari buruzkoaren arabera.

3.– Laguntzen ikastetxe onuradunek zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzea automatikoki egiaztatuko du organo kudeatzaileak, behar adina aldiz, horien baimenik behar izan gabe, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretua, hau da, Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duena aplikatuta.

11. artikulua.– Arauak ez betetzea.

Onuradunak diru-laguntzaren baldintzak betetzen ez baditu, itzuli egin beharko ditu jasotako diru-zenbatekoak eta legez dagozkien interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuz. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren II. tituluak diru-laguntzak itzultzeko ezarri duen prozedura orokorraren arabera. Dekretu horrek, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautu du, eta horien kudeaketan parte hartzen duten entitate laguntzaileek bete beharreko baldintzak, erregimena eta betebeharrak ezarri ditu.

AZKEN XEDAPENETATIK LEHENENGOA.– Errekurtsoak.

Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta horren aurka, interesdunek aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera; bestela,administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari horretan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

AZKEN XEDAPENETATIK BIGARRENA.– Indarrean sartzea.

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko uztailaren 27a.

Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kulturako sailburua,

CRISTINA URIARTE TOLEDO.

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

(Ikus .PDF)

Azterketa dokumentala