Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

121. zk., 2015eko ekainaren 30a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

BESTELAKO XEDAPENAK

HEZKUNTZA, HIZKUNTZA POLITIKA ETA KULTURA SAILA
2903

EBAZPENA, 2015eko ekainaren 25ekoa, Langileriaren Kudeaketako zuzendariarena. Honen bidez, 2014-2015 ikasturtean zehar zerbitzuak bete dituzten bitarteko funtzionarioei oporraldiaren ordainketa aintzatesten zaie.

Langileria Kudeatzeko zuzendaritza honek, urtero, uztailean hain zuzen ere, dituen eskumenetan oinarrituta, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailarentzat ikasturtean zehar zerbitzuak bete dituzten bitarteko irakasleen oporraldiaren likidazioa egiten du.

Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioen lan-baldintzak arautzen dituen akordioa onartzeko uztailaren 6ko 185/2010 Dekretuarekin bat etorriz, ikasturte batean 165 egunetan edo gehiagotan lan egin duten bitarteko funtzionarioek uztail eta abuztuko lansariak jasoko dituzte. Halaber, aldi horiei dagozkien puntuak ere jasoko dituzte, irakaskuntzako ordezkapenetarako izangaien zerrendaren baremoaren ondorioetarako. Eskubide horiek 165 egun baino gutxiago lan egin duten langileei ere aintzatesten zaizkie, bete dituzten zerbitzuen proportzioan, kidegoa, maila eta jarduna kontuan hartuz, Oporraldien Ordainketa Instrukzioan ezarritakoaren arabera.

Ebazpen honen helburua hau da: bitarteko funtzionarioek 2014-2015 ikasturtean zehar sinatu dituzten izendapen desberdinen ondorioz sortu diren eskubideen berri horiei ematea. Era berean, jakinaren gainean jarri nahi da, aintzatespen horiek, langile batzuen kasuan, betebeharrak betetzea ekar dezaketela.

Aurrez esandakoa aintzat hartuz eta eman zaizkidan eskumenen arabera,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– Aintzatestea, 2014-2015 ikasturtean 165 egun edo gehiago lan egin duten bitarteko funtzionarioei, uztaileko eta abuztuko lansarien ordainketen eskubidea.

Bigarrena.– Aintzatestea, 2014-2015 ikasturtean 165 egun baino gutxiago lan egin duten bitarteko funtzionarioei dagozkien lansarien ordainketen eskubidea, bete dituzten zerbitzuen proportzioan, kidegoa, maila eta jarduna kontuan hartuz, Oporraldien Ordainketa Instrukzio Arautzaileak esaten duen arabera.

Hirugarrena.– Aintzatestea, aurreko bi kasuetan, epe horiei dagozkien puntuak, irakaskuntzako ordezkapenetarako izangaien zerrendaren baremoaren ondorioetarako.

Laugarrena.– Kasu guztietan, oporraldiak izendapen eta kargu-uzte berri baterako eskubidea sortzen du.

Bosgarrena.– Interesdunei jakinaraztea oporraldiko izendapenak Gizarte Segurantzan alta eragiten duela, oporraldi horrek betiere izendapen eta kargu-uzte berri bat sortzen baitu, eta, horregatik, langabezia-prestazioak jasotzen ari direnek Enpleguko Institutu Nazionalaren bulegoetara joan beharko dutela, Gizarte Segurantzan alta emanda dauden bitartean prestazioaren ordainketa eteteko.

Seigarrena.– Interesdunei jakinaraztea, era berean, lehenbailehen Lurralde Ordezkaritzarekin harremanetan jarri beharko dutela egoera honetan daudenek: ekainaren 30a baino lehen izendapenaren amaiera dela-eta baja hartu zuten pertsonak eta epe horretan Aldi Baterako Ezintasun egoeran edo amatasun- edo aitatasun-lizentziarekin egon ziren pertsonak.

Zazpigarrena.– Sartu EHAAn ebazpen hau eta, era berean, argitaratu Lurralde Ordezkaritzetako iragarki-tauletan eta saileko web orrian.

ERREKURTSOAK

Interesdunak ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izango dio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Saileko Administrazio eta Zerbitzuetarako sailburuordeari, hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko ekainaren 25a.

Langileriaren Kudeaketako zuzendaria,

KONRADO MUGERTZA URKIDI.


Azterketa dokumentala