Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

72. zk., 2015eko apirilaren 20a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

IRAGARKIAK

Beste iragarki ofizial batzuk

INGURUMEN ETA LURRALDE POLITIKA SAILA
1778

IRAGARKIA, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Gordexolan (Bizkaia) egoitza duen Sterile Services, SL enpresari emandako ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenari eta hondakinen kudeaketako baimenari buruzko hainbat ebazpen argitaratzeko dena.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko orokorrak, 47.9 artikuluan xedatzen duenaren babesean argitaratzen da Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko uztailaren 9ko Ebazpena. Horren bidez, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egin zaio Sterile Services SL enpresak Gordexolako udalerrian (Bizkaia) sustatutako hondakin sanitarioen biltegiratze- eta esterilizazio-planta egiteko proiektuari (I. eranskina).

Era berean, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko legearen testu bategina onartzeko denak, 15. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, honako ebazpen hauek argitaratzen dira: batetik, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko uztailaren 15eko Ebazpena, zeinaren bidez, kudeatzailearen baimena ematen baitzaio Sterile Services, SL enpresari Gordexolako (Bizkaia) Zubiete Industrialdean dituen instalazioetan Ebazpen honetan jasotako hondakin sanitario arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, aldi baterako biltegiratu eta autoklabean esterilizatuz tratatzeko, betiere, Ebazpen honen eraginkortasuna bertan zerrendatutako baldintza eta eskakizunen mende jarrita (II. eranskina); bestetik,Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko azaroaren 5eko Ebazpena, Sterile Services, SL enpresari 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenaren bidez Gordexolako (Bizkaia) Zubiete Industrialdean dituen instalazioetan hondakin sanitario arriskutsu eta ez-arriskutsu jakin batzuk jaso, aldi baterako biltegiratu eta autoklabean esterilizatuz tratatzeko emandako baimena eraginkor egiten duena; era berean, EU2/215/13 baimen-zenbakia eta 2021eko azaroaren 5era arteko indarraldia ematen zaio baimen horri (III. eranskina).

Ondorio horietarako iragarki honen eranskin gisa jaso dira aipatutako ebazpenak, aurreko paragrafoetan esan bezala, argitara daitezen.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 24a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.

I. ERANSKINA

Ebazpena, 2013ko uztailaren 9koa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena, Gordexolako udalerrian (Bizkaia) Sterile Services, SL enpresak sustatutako hondakin sanitarioen biltegiratze- eta esterilizazio-planta egiteko proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egiteko dena.

Otsailaren 27ko 3/1998 Legeak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko orokorrak, xedatzen duenaren arabera, Lege horren I. eranskineko B) ataleko proiektuak egiteko, proiektu bakoitzak ingurumenean duen eragina ebaluatu behar da, eta, azkenean, ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egin, betiere, proiektuak egiteko edo baimentzeko administrazio-ebazpenaren aurretik.

Gordexolako udalerrian (Bizkaia) Sterile Services, SL enpresak sustatutako hondakin sanitarioen biltegiratze- eta esterilizazio-planta egiteko proiektua baimentzeko prozedura hasita delarik, bi arau aplikatu behar dira: batetik, otsailaren 27ko 3/1998 Legea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena babesteko orokorra; eta, bestetik, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko dena. Horrenbestez, proiektu horrekin zerikusia duten izapide hauek gauzatu dira, besteak beste:

– Ingurumenaren gaineko eraginaren azterketaren norainokoa zehaztea. Proiektuaren sustatzaileak, Sterile Services, SL enpresak, hala eskatuta, 2012ko otsailaren 29an eman zion hasiera Ingurumen Sailburuordetzak kontsulten izapideari, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko denak, 8.1 artikuluan ezarritakoa betez. Izapide hori 2012ko maiatzaren 18an bukatu zen, ingurumen-organoak ingurumenaren gaineko eraginaren azterketaren norainokoari eta xehetasun-mailari buruzko txosten bat eman zuenean.

– Jendaurreko informazioaren izapidea. Organo eskudunak jendaurrean jarri zituen proiektua eta proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko azterlana. (2013ko apirilaren 26ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 80. zk.).

– Entzunaldiaren izapidea egitea. Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak proiektuaren eta ingurumen-inpaktuaren azterlanaren gaineko kontsulta egin zien eragindako administrazioei eta interesdunei.

– Espedientea bidaltzea eta ingurumen-inpaktuaren adierazpena eskatzea. 2013ko ekainaren 11n, eskumeneko organoak ingurumen-arloko organoari igorri zion espedientea, urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, proiektuen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko Legearen testu bategina onartzeko denak, 12.1 artikuluan ezarritakoa betez.

Agiri teknikoak eta proiektuaren espedientean dauden txostenak azterturik, eta ingurumen-inpaktuaren azterketa egokia dela eta indarrean dagoen legeriarekin bat datorrela ikusirik, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzak, ingurumen-inpaktuaren adierazpen hau egiteko organo eskuduna den aldetik (halaxe xedatu baita Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege orokorrean, eta Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzeko den apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuan), honako hau

EBAZTEN DU:

1.–Sterile Services, SL enpresak Gordexolako udalerrian (Bizkaia) sustatutako hondakin sanitarioen biltegiratze- eta esterilizazio-planta egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuaren aldeko adierazpena egitea.

2.– Honako baldintza hauek ezartzea proiektua gauzatzeko. Baldintzok lotesleak izango dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrak 47.2 artikuluan xedatuari jarraikiz:

2.A.– Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioa egiteko Ingurumen Sailburuordetzan aurkeztu diren agirien arabera gauzatu beharko da jarduera, eta ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenean zein hondakinen kudeaketarako baimenean ezarritako zehaztapenak betez.

2.B.– Espediente honek ingurumenean duen eragina ebaluatzeko prozedurak, proiektuaren sustatzaileak aurkeztutako dokumentazio teknikoaz gainera, kontuan izan du espedientean ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko prozeduraren aldietan sartutako txostenen edukia ere.

2.C.– Proiektu honen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko unean, aintzat hartu da autoklabeak ahalmena duela urtean II. taldeko hondakinen (martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituenak, zehaztutakoaren arabera) 1.500 tona tratatzeko eta III. taldeko hondakinen (aipatutako martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak zehaztutakoaren arabera) 500 tona biltegiratzeko, gehienez ere.

2.D.– Proiektua aldatzeko eta handitzeko, honakoa aplikatuko da: urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 16. artikuluan xedatzen duena, II. eranskineko 9.k) epigrafearekin bat.

Proiektuan egingo diren aldaketa jakinak, aurreko paragrafoan adierazitakoen garrantzirik izan ez eta lanak burutzeko falta diren gainerako prozeduretan sortzen direnean, ingurumenaren ikuspegitik ere arrazoitu egin beharko dira, eta proiektuan sartu beharko dira aldaketok: proiektuaren neurri babesle eta zuzentzaileetan, ingurumena zaintzeko programan, aurrekontuan eta baldintza-agirietan.

2.E.– Neurri babesle eta zuzentzaileak.

Neurri babesle eta zuzentzaileak gauzatuko dira, betiere, egitasmoaren sustatzaileak ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egiteko aurkeztutako agirietan jasotakoaren arabera. Horrenbestez, ezarritako neurrien hedadurak eta kontrola gauzatzeko jarritako langileek bermatu behar dituzte azterlanean finkatutako kalitate-helburuak, bai eta ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpen honetan ezarritakoak ere.

Lanak kontratatzeko baldintza-agiriei erantsiko zaizkie neurri guztiak, eta aurrekontua izango dute, bete egiten direla bermatzeko. Aurrekoaz gain, ondorengo idatzi-zatietan adierazitako neurriak ere gehitu beharko dira.

2.e.1.– Eraikuntza garaiko neurri babesle eta zuzentzaileak.

2.e.1.1.– Eraikina egokitzeko lanetan zehar obrako jardunbide egokien kode bat ezarri beharko da ingurumenaren gaineko eragina murrizteko, hautsa eta zarata murrizteari eta hondakinen kudeaketari arreta berezia jarrita.

2.e.1.2.– Obrek iraun bitartean sortutako hondakinak, garbiketan sortutako hondakinak barne, Hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arautegi zehatzetan aurreikusitakoarekin bat etorriz kudeatuko dira.

2.e.1.3.– Eraikitze- eta eraispen-jardueren ondorioz hondakinak sortzen badira, Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den otsailaren 1eko 105/2008 Errege Dekretuan eta Eraikuntza- eta eraispen-hondakinen ekoizpena eta kudeaketa arautzeko den ekainaren 26ko 112/2012 Dekretuan aurreikusitakoa betez kudeatuko dira.

2.e.2.– Kudeatu beharreko hondakinen inguruan aplikatu beharreko neurriak.

2.e.2.1.– Ebazpen honen helburu den instalazioan, sustatzaileak bidalitako agirietan edo hondakin arriskutsuak kudeatzeko baimenean ezarritakoak bakarrik onartuko dira, aldi baterako biltegiratzeko edo hondakin horien tratamendurako.

2.e.2.2.– Beste edozein hondakin onartzeko Ingurumen Sailburuordetza honi jakinaraziko zaio, berak onespena eman diezaion.

2.e.2.3.– Martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituenak, xedatzen dituen baldintzei eragin gabe, hondakin arriskutsuak sortzen diren puntuetatik Sterile Services, SL enpresak Isasi industrialdean duen plantara garraiatzeko orduan, iragazgaiztasuna, segurtasuna eta higienea bermatu beharko da une oro hondakin horien zamaketa-lanetan eta garraioan; dena dela, hondakin arriskutsuen kudeatzaile baimenean ezarritako baldintza bereziak bete beharko dira.

2.e.2.4.– Autoklabean esterilizatzeko tratamendua martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituenak, II. taldeko hondakintzat jotakoei soilik aplikatu ahalko zaie, eta berariaz debekatzen da tratamendu hori beste hondakin hauei aplikatzea: III. taldeko edozein hondakin, Creutzfeldt-Jakob patologiaren edo prioiek sortutako beste gaixotasun batzuen tratamendutik eratorritako hondakin sanitario espezifikoak eta II. taldeko hondakinak barne hartzen dituzten (hala nola, formolean edo beste gai kimiko batean kontserbatutako hondakin anatomikoak) hondakin sanitario kimikoak, baldin eta aipatutako 76/2002 Dekretuak 3. artikuluko 2. eta 3. paragrafoan zehaztutakoak ez badira eta aipatutako Dekretuaren arabera aldi berean II. eta III. taldeko hondakintzat jotzen badira.

Creutzfeldt-Jakoben gaixotasunak eta prioiek eragindako beste gaixotasun batzuek kutsatutako hondakin sanitario bereziak kudeatzeko baimena ematen bada, ingurumen-organoaren aurrean egiaztatu beharko da hondakin horiek errausketa bidez ezabatuko direla, hondakin horiek kudeatzeko behar bezala baimendutako instalazioetan. Hondakin horiek biltegiratzeko baldintzek, berriz, II. taldeko gainerako hondakinekin ez nahasteko adinakoak izan beharko dute.

2.e.2.5.– Jardueraren titularrak martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzeko denak, 24. eta 25. artikuluetan xedatutako betebehar guztiak bete beharko ditu kudeatutako hondakinen erregistroei, ziurtagiriei eta kontrol-dokumentuei dagokienez.

2.e.3.– Instalazioen ezaugarriak.

2.e.3.1.– Hondakinak jaso, biltegiratu, ontziak irauli, eta tratatzeko eragiketak zein edukiontziak eta garraiorako ibilgailuak garbitzeko lanak hartzen dituzten azalerek zolata iragazgaitza eta prozesuan erabiltzen diren produktuekiko erresistentea izan beharko dute. Halaber, zigilatze iragazgaitzaren bidez tratatuko dira junturak eta zolatan gerta daitezkeen pitzadurak.

Zolata horiek euste-elementuak eta beharrezko maldak izan beharko dituzte gerta daitezkeen isuriak eta garbitze-urak hobien bidez jasotzeko eta proiektuan aurreikusitako hondakin-urak jasotzeko tangara bideratzeko.

2.e.3.2.– Jardueran sortzen diren lehengai, produktu neutralizatzaile eta hondakinak horiek ingurunera barreiatzea ekiditeko moduan biltegiratuko dira.

Hondakinak biltegiratzeko eremuetan, motaren, bateragarritasunaren eta helmugaren arabera pilatuko dira, eta beharrezko jarduketa-protokolo zein konpartimentazio-neurriak ezarri beharko dira banaketan kudeaketa okerrak eragin dezakeen akatsik gerta ez daitezen.

2.e.4.– Jardueran sortutako hondakin-urak kudeatzeko neurriak.

Proiektuaren sustatzaileak bidalitako agirien arabera, instalazioak euri-urak bereizteko sareak izango ditu, industrialdeko euri-sarera konektatuta, baita industria-uren eta ur beltzen sareak ere, industrialdeko hondakin-uren sarera konektatuta.

Esterilizazio-prozeduratik eratorritako hondakin urak (autoklabearen hondotan eta esterilizazio-orgen hondoan kondentsatuak), zein ekipamendu eta instalazioak garbitzetik eratorritako urak, hondakinak garraiatzeko ibilgailuak garbitzean baliatzen direnak barne, 5.000 litroko edukierako tanga batean bilduko dira, eta horien osaketaren arabera tratatuko dira industrialdeko kolektorera isuri aurretik.

Isurketa horrek Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera isurtzeko baimenean ezartzen diren mugak eta baldintzak bete beharko ditu.

2.e.5.– Kutsadurari aurrea hartzeko neurriak.

2.e.5.1.– Galdaratik irteten diren isuriak bildu eta ihesbide egokietan zehar kanpora bideratuko dira, behar denean, gai kutsatzaileen ezaugarrien arabera diseinatutako gasak arazteko sistema batetik igaro ondoren.

2.e.5.2.– Esterilizazio-prozesua baino lehen autoklabetik ateratako airea kanpora bideratuko aurretik, 0.01 µm-ko euste-ahalmena duen eraginkortasun-maila handiko HEPA iragazketa-sistema batetik igaro beharko da.

Iragazkiak fabrikatzaileak emandako aginduen arabera mantendu eta ordezkatu beharko dira.

2.e.5.3.– Ingurumen-arloko eskumenak dituen sailak atmosfera babesteari dagokionez argitaratutako jarraibide tekniko guztiak bete beharko dituzte honako elementu hauek: atala, neurketa-gunea, laginketa-gunea, neurketa-portua, irisgarritasuna, fokuen segurtasuna eta zerbitzuak eta kebideen garaiera.

2.e.5.4.– Instalazioa baimentze-araubidearen mende dago abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak, airea kutsa dezaketen jarduerak egiten diren instalazioak arautzekoak, 10. artikuluan xedatutakoaren arabera; horrenbestez, Atmosfera Kutsa Dezaketen Jardueren (AKDJ) baimena izapidetu beharko dute, Dekretu horrek 11. artikuluan ezartzen duenari jarraiki.

2.e.5.5.– Instalazioko jardueretatik eratorrita usain txarrak sortzen badira eta haren inguruan eragozpenak eragiten badituzte, beharrezko neurri zuzentzaile osagarriak aplikatu beharko dira.

2.e.6.– Zarata eta bibrazioen igorpena mugatzera bideratutako neurriak.

Sterile Services, SL-k beharrezko neurriak hartuko ditu instalazioak kanpoko ingurumenera ez igortzeko zaratarik, urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretuaren III. eranskineko B1 taulan muga-balio gisa ezarritako zarata-mailak baino handiagoa denik. Errege Dekretu horren bidez, azaroaren 17ko 37/2003 Legea, zaratari buruzkoa, garatzen da, arau horren IV. eranskineko prozeduren arabera ebaluatutako zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta emisio akustikoei dagokienez.

2.e.7.– Plantan sortutako hondakinak kudeatzeko neurriak.

2.e.7.1.– Instalazioetan sortutako hondakin guztiak Hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legean eta arautegi espezifikoetan ezarritakoaren arabera kudeatuko dira, eta, kasuan kasu, karakterizatu egin beharko dira beren izaera eta helbururik egokiena zehazteko.

Hondakinak kudeatzeko printzipio hierarkikoekin bat, lehentasuna izango da hondakin orok behar bezala baimendutako balorizazio-prozesu bati jarraitzea. Hurrenez hurren, prozesu hauek lehenetsiko dira: hondakinak berriro erabiltzeko prestatzea; birziklatzea; eta beste balorizazio-mota bat, balorizazio energetikoa barne dela.

Hondakinak deuseztatzeko, ezinbestekoa izango da behar bezala justifikatu izana balorizazioa bideraezina dela alde tekniko edo ekonomikotik edo ingurumenaren aldetik.

Berariaz debekatuta dago hondakin motak nahastea eta sortzen diren hondakinak beste hondakin eta efluente batzuekin nahastea. Aitzitik, jatorrian bereizi behar dira, eta haiek biltzeko eta biltegiratzeko beharrezko bitartekoak jarri, ez nahasteko.

2.e.7.2.– Zabortegira bidali beharreko hondakinak kudeatzeko, abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretua, hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea arautzen duena (apirilaren 18ko AAA/661/2013 Arauak aldatzen duena) eta otsailaren 24ko 49/2009 Dekretua, hondakinak zabortegietan utziz deuseztatzea eta betegarriak egikaritzea arautzen duena, hartu beharko dira aintzat, baita arau horien ondorengo aldaketak ere.

2.e.7.3.– Hondakin arriskutsuentzako ontzien kasuan, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 13. artikuluan ezarritako segurtasun-arauak bete beharko dira (833/1988 Dekretua, hondakin toxiko eta arriskutsuei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko oinarrizko araudia onartzen duena); ontziak itxita egongo dira kudeatzaileak jaso arte, isuri edo lurrundu ez daitezen.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren ontziek etiketatuta egon beharko dute, eta etiketak argia, irakurtzeko modukoa eta ezabaezina izan beharko du; halaxe xedatu baita aipatu uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 14. artikuluan.

2.e.7.4.– Olio erabiliak industria-olio erabilien kudeaketa arautzen duen ekainaren 2ko 679/2006 Errege Dekretuaren arabera kudeatu beharko dira.

2.e.7.5.– Martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzeko denak, 14.4 artikuluan xedatzen duena aintzat hartuta, II. taldeko hondakinei esterilizazio-prozesua aplikatu eta dagokien ziurtagiria bete ondoren hiri-hondakintzat joko dira, eta halakotzat kudeatuko dira, behar bezala baimendutako instalazioetan.

II. taldeko hondakinei esterilizazio-prozesua aplikatu ondoren inolaz ere ezingo dira birziklatu edo balorizatu, balorizazio energetikoa salbu.

Autoklabetik ateratako airea arazteko sistematik eratorritako iragazki xahutuak II. taldeko hondakin sanitario espezifikotzat joko dira, eta talde horretako gainerako hondakinekin batera kudeatuko dira.

2.e.8.– Lurzoruaren kalitatea aurreikusitako erabilerei egokituko zaiela bermatzeko neurriak.

Proposatzen den jarduera sartuta dago bai lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen II. Eranskinean, eta bai kutsadura sor dezaketen jardueren zerrenda eta lurzoru kutsatuen adierazpenerako irizpide eta estandarrak ezartzeko den urtarrilaren 14ko 9/2005 Errege Dekretuan ere, eta, beraz, jardueraren sustatzaileak lurzorua kutsa dezaketen jardueren titularrentzat aipatu otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako betekizunak bete beharko ditu, batez ere jarduera edo instalazioa behin betiko uzten denean lurzoruaren kalitatearen deklarazioa egiteko prozedura hasteari dagokionez.

2.F.– Ingurumena zaintzeko programa.

Proiektuaren ingurumen-inpaktuaren ebaluazioa egin dadin sustatzaileak aurkeztutako dokumentazioan aurreikusitakoaren arabera egingo da ingurumena zaintzeko programa. Gainera, ondoren zehaztuko diren beste kontrol batzuk ere erantsiko zaizkio.

2.f.1.– Obren fasean sortutako gorabeheren erregistroa.

Obrak egin ahala sortutako gorabeheren erregistroa egin beharko da, bai eta neurri babesleak zein neurri zuzentzaileak noraino bete diren jasotzeko erregistroa ere. Erregistro hori, Ingurumen Sailburuordetzak ikuskatzeko moduan egin beharko da, eta, obrak amaitzen direnean, nolanahi ere, Sailburuordetzara bidali beharko da. Proiektua gauzatzean aldaketarik egin bada, aldaketa horiek xehetasunez adierazi beharko dira. Aldaketa guztiak, gainera, ingurumenean duten eraginaren ikuspegitik justifikatu behar dira.

2.f.2.– Autoklabeko esterilizazio-prozesuaren eraginkortasun-kontrola.

Autoklabe bidezko esterilizazio-prozesuaren funtzionamendu-baldintzak eta eraginkortasuna kontrolatzeko, martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzeko denak, xedatzen duena hartu beharko da aintzat, bai eta hondakin arriskutsuen kudeatzaile-baimenean ezarritako baldintzak ere.

Aurrekoari eragin gabe, autoklabearen funtzionamenduaren lehen hiru hileetan, aipatutako 76/2002 Dekretuaren 14.1.e) artikuluan aurreikusten den analisi mikrobiologikoa astean behin egin beharko da.

2.f.3.– Atmosferara egiten diren isurketak kontrolatzea.

Atmosferarako isurketen kontrolak bat etorri beharko du Airea kutsa dezaketen jarduerak egiten diren instalazioak arautzeko abenduaren 27ko 278/2011 Dekretuak IV. kapituluan xedatutakoarekin, eta, bereziki, eskumeneko organoak AKDJ baimenean adierazitakoarekin.

Autoklabetik ateratako airearen iragazketa-sistema eraginkorra dela egiaztatze aldera, horren funtzionamenduaren lehen hiru hileetan asteroko kontrol mikrobiologikoak egingo dira isurketetan, iragazitik igaro ondoren. Hurrengo hilabeteetan eta urtea bete arte, kontrol horiek hilean behin gauzatuko dira.

Hortik aurrera, kontrolak urtean behin egingo dira. Hala eta guztiz ere, lehen urtean lortutako emaitzak ikusi ondoren, kontrol-araubide hori aldatu edo kendu ahalko da.

2.f.4.– Hondakin-uren kalitatearen kontrola.

Eskumeneko organoak isuria baimentzeko ezarritakoari eragin gabe, hondakin-urak tratatzeko sistema behar bezala dabilela egiaztatzeko kontrol bat egin beharko da, bai eta Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren kolektorera isurtzeko dagokion baimenean ezartzen diren mugak betetzen direla egiaztatzeko ere. Sustatzaileak Ingurumen Sailburuordetza honetara bidali beharko du aipatutako baimen horren kopia.

Efluente-tangaren edukiaren laginketa- eta analisi-prozedura bat ezarri beharko da; prozedura horretan, jarraitu beharreko eragiketak (zer analisi eta zer maiztasunez egin behar diren) eta efluenteen aurreikusitako helmugak zehaztu beharko dira, analisietan lortutako emaitzen arabera. Analisietan pH-aren eta kloro askearen kontrolak sartu beharko dira, gutxienez.

2.f.5.– Ingurumena zaintzeko programari buruzko agiri bategina.

Sustatzaileak ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina landu beharko du, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko azterlanean eta ebazpen honetan proposatutako betebeharrak bilduz.

Programa horretan, kontrolatuko diren parametroak eta parametro bakoitzerako erreferentziako balioak zehaztuko dira, bai eta beste hauek ere: laginketarako eta analisirako metodologia; kontrol-puntu guztiak non dauden kokatuta xehetasunezko kartografian; kontrol horien maiztasuna; eta guztia gauzatzeko aurrekontuaren gaineko xehetasunak. Hori guztia ingurumen-organo honetara igorri beharko da, espedientean sartzeko. Ingurumena zaintzeko programak ezinbestean aurreikusi beharko du parametro mikrobiologikoen kontrola.

2.f.6.– Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak bidaltzea.

Ingurumena zaintzeko programa osatzen duten txostenak eta analisien emaitzak behar bezala erregistratu eta Ingurumen Sailburuordetzara bidaliko dira. Ingurumena zaintzeko programaren emaitzak urtean behin bidaliko dira, ingurumenean aditua den erakunde batek egindako txostenarekin batera. Ingurumena Zaintzeko Programaren emaitzak aztertuko ditu txostenak, eta, bereziki, honakoak aipatuko ditu: programa indarrean zegoen bitartean izandako gertakari nagusiak, haien balizko arrazoiak eta emandako konponbideak.

Kasu bakoitzean aplika daitekeen arautegia kaltetu gabe, sustatzaileak euskarri egokian bilduko ditu datuak, bi urtez gutxienez, eta herri-administrazioen ikuskaritza-zerbitzuen esku egongo dira.

2.G.– Neurri babesle eta zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldatu ahal izango dira, bai neurtu behar diren parametroen kasuan, bai neurketaren aldizkakotasuna eta aipatutako parametroek hartu behar duten tarteari dagozkion mugen kasuan, baldin eta arautegi berria indarrean sartzeak, edo barneratzen diren sistemen egiturari eta funtzionamenduari buruzko ezagutza berri esanguratsuetara egokitu beharrak hala egitera bagaramatza. Era berean, jardueraren sustatzaileak hala eskatuta, edo ofizioz, neurri babesle zein zuzentzaileak eta ingurumena zaintzeko programa aldaraz ditzake ingurumen-organoak. Hori guztia, ingurumena zaintzeko programan lortutako emaitzetan oinarrituta, edo ingurumen-inpaktuak saihesteko ezarri diren neurri babesle, zuzentzaile zein konpentsatzaileak nahikoa ez direla egiaztatzen denean.

2.H.– Ebazpen honen aurreko idatzi-zatietan ezarritakoari kalterik egin gabe, jarraian aipatzen diren agiriak helarazi beharko zaizkio Ingurumen Sailburuordetzari, espedientean sartzeko:

2.h.1.– Hondakinen kudeatzaile-baimena eman aurretik, lurzoruaren egoerari buruzko aurretiazko txostena.

2.h.2.– Hondakinen kudeatzaile-baimena eman aurretik, ebazpen honetako 2.f.5 idatz-zatian aurreikusitako ingurumena zaintzeko programaren agiri bategina.

2.h.3. Lanak amaitutakoan, lanak egin bitartean izandako gorabeheren erregistroa eta babes- eta zuzenketa-neurrien betetze-mailarena –ebazpen honetako 2.f.1. atalak arautzen du–.

2.h.4.– Urtero, jarduera hasten denetik, Ingurumen Zaintzako Programaren emaitzak, ebazpen honen 2.f.6 atalaren arabera.

3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.3 artikuluaren arabera, ingurumen-inpaktuaren adierazpen honek, ondorio guztietarako, jarduera-baimena emateko behar diren neurri zuzentzaileen txostena ordezkatzen duela jakitera ematea.

4.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 47.8 artikuluaren arabera, bi urteko epea ezartzea proiektua egikaritzen hasteko, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik kontatzen hasita. Epe hori proiektuari hasiera eman gabe bukatzen bada, sustatzaileari egotzi dakizkiokeen arrazoiengatik, ingurumenaren gaineko eraginari buruzko adierazpen hau guztiz baliogabetuko da. Hala ere, behar bezala justifikatutako arrazoirik badago, organo eskudunak proiektua gauzatzen hasteko epea luza dezake.

5.– Urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak, Proiektuen ingurumen-inpaktuaren ebaluazioari buruzko Legearen testu bategina onartzen duenak, 14.3. artikuluan xedatzen duena aintzat hartuta, hau jakinaraztea: proiektuaren sustatzaileak behar adinako aurrerapenez jakinarazi behar dio ingurumen-organoari zer egunetan hasiko den proiektua gauzatzen.

6.– Ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 9a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.

II. ERANSKINA

Ebazpena, 2013ko uztailaren 15ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendariarena. Honen bidez, kudeatzailearen baimena ematen zaio Sterile Services, SL enpresari Gordexolako (Bizkaia) Zubiete Industrialdean dituen instalazioetan Ebazpen honetan jasotako hondakin sanitario arriskutsuak eta ez-arriskutsuak jaso, aldi baterako biltegiratu eta autoklabean esterilizatuz tratatzeko, betiere, Ebazpen honen eraginkortasuna bertan zerrendatutako baldintza eta eskakizunen mende jarrita.

Hona arau hauek aplikatuta: Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Legea Orokorra, uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzkoa; uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretua, ekainaren 20ko 953/1997 Errege Dekretuak eta martxoaren 26ko 367/2010 Errege Dekretuak aldatutakoa; martxoaren 26ko 76/2002 Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzeko dena; eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honek, 2013ko uztailaren 9ko Ebazpen bidez Gordexolako udalerrian (Bizkaia) Sterile Services, SL enpresak sustatutako hondakin sanitarioak esterilizatzeko autoklabea instalatzeko proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egin ondoren; eta,

orobat, 382-G-12 zenbakidun espedientean sartutako dokumentazioa aztertu ondoren (espediente hori honako honek eskatuta ireki zen: Ander Etxebarria Olalde, 14.256.703-S NAN zenbakiduna, Sterile Services, SL (IFK: B-95663282; eta egoitza: Areilza kalea, 11-6., 48011 Bilbo) enpresaren izenean eta hori ordezkatuz, Gordexolako (Bizkaia) Zubiete Industrialdean kokatutako instalazioetan Ebazpen honen 1. atalean aipatutako hondakin sanitarioak jaso, aldi baterako biltegiratu eta esterilizatzean datzan hondakin sanitarioen kudeaketa-jarduera baimentzea eskatu zuenean.

Eta aztertuta, halaber, Osasun Sailak 2013ko ekainaren 4an emandako txostena, martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzeko denak, 20.2 artikuluan xedatutakoaren arabera,

EBAZTEN DUT:

Sterile Services, SL enpresari baimena ematea Gordexolako (Bizkaia) Zubiete Industrialdean kokatutako instalazioetan Ebazpen honen 1. atalean aipatutako hondakin sanitarioak jaso, aldi baterako biltegiratu eta autoklabean esterilizatuz tratatzean datzan hondakin sanitarioen kudeaketa-jarduerarako, horretarako beheko atal hauetan zehaztutako baldintza eta eskakizunak xedatuta:

1.– Baimen honen babesean honako kudeaketa-eragiketa hauek egin daitezke:

1.1.– Hondakin sanitario espezifiko izenekoak jaso, aldi baterako biltegiratu eta autoklabean esterilizatuz tratatzeko (D9) eragiketak, hurrengo paragrafoan jasotako salbuespenarekin; hondakin horiek sailkatze aldera, II. taldeko hondakin sanitario gisa katalogatu ditu martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzeko denak. Hondakin horiek 180103* (zerbitzu medikoetako hondakinak) edo 180202* (albaitaritza-zerbitzuetako hondakinak) LER kodeen barruan sartzen dira.

Autoklabeko esterilizazio-tratamendutik kanpo gelditzen dira, betiere, honako hondakin sanitario arriskutsu hauek:

– Creutzfeldt-Jakob patologiaren edo prioiek sortutako beste gaixotasun batzuen tratamendutik eratorritako hondakin sanitario espezifikoak.

– III. taldeko edozein hondakin.

– II. taldeko hondakinak (hala nola, formolean edo beste gai kimiko batean kontserbatutako hondakin anatomikoak) barne hartzen dituzten hondakin sanitario kimikoak, baldin eta aipatutako 76/2002 Dekretuak 3. artikuluko 2. eta 3. paragrafoan zehaztutakoak ez badira eta aipatutako Dekretuaren arabera aldi berean II. eta III. taldeko hondakintzat jotzen badira.

1.2. Honako hondakin sanitario arriskutsu hauek jaso eta aldi baterako biltegiratzea, ondoren baimendutako kanpoko kudeatzaile batera eramateko:

– Botika zitotoxiko eta zitostatikoen hondakinak (180108*, 180207* eta 200131* LER kodeak).

– Botika zitotoxiko eta zitostatikoen hondakinak eta horiek prestatzeko baliatu diren edo horiekin kontaktuan egon diren materiak barne hartzen dituzten hondakin sanitarioak (jario laminarreko kanpaien eraginkortasun handiko iragazkiak barne), baldin eta Dekretuaren arabera hondakin zitotoxiko edo zitostatikotzat jotzen badira (180108* eta 180207* LER kodeak).

Sterile Services, SL-k Creutzfeldt-Jakob patologiaren edo prioiek sortutako beste gaixotasun batzuen tratamendutik eratorritako hondakinak kudeatu nahi baditu, hori onartu aurretik ingurumen-organoaren aurrean egiaztatu beharko du hondakin horiek kudeatzeko beharrezko baimenak dituzten instalazioetan errausketa bidez ezabatuko direla, eta instalazio horiek kontrolatzeko eskumena duen agintaritzak esanbidez eman duela hondakin horiek onartzearen aldeko irizpena.

1.3.– Baimen honen babesean daude, orobat, baztertutako botikez osatutako hondakin sanitario ez arriskutsuak (180109, 180208 eta 200132 LER kodeak); horrenbestez, hondakin horiek jaso eta aldi baterako biltegiratu ahalko dira (D15) aurrez aipatutako helbidean kokatutako instalazioetan, ondoren xede horretarako baimendutako errausketa-instalazioetara eramateko.

1.4.– Jasotako hondakinak aldez aurretik prestatu, ontziratu eta etiketatu behar izango dira, ekoizlearen instalazioetan, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituen martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak ezarritako moduan.

Era berean, hondakin arriskutsuez betetako ontziek uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. artikuluan arriskutsutzat jotako hondakinak ontziratzeko ezarritako eskakizunak bete beharko dituzte, eta aipatutako arauaren 14. artikuluan xedatutako eran etiketatuko dira.

Baliozkotze-protokolo bat ezarri beharko da edukiontzi horiek garbitu eta desinfektatzeko, baldin eta berrerabili behar badira.

2.– Erantzukizun zibileko asegurua eratu beharko da milioi bat (1.000.000) euroko zenbatekoaz, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 6. artikuluko 4. eta 5. ataletan ezarritako baldintzetan, eta, betiere, Administrazio honek aseguratu beharreko arriskuen zenbatekoan aldaketak ezar ditzakeela aintzat hartuta.

3.– Fidantza-prestazioa ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) euroko zenbatekoaz, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 28. artikuluaren 2. atalean ezarritako baldintzetan, eta artikulu horren 3. atalean aurreikusitako edozein modutan eratu ahal izango da. Fidantza horren zenbatekoa hondakin arriskutsuen gehienezko biltegiratze-ahalmenaren arabera ezarri da (135 m3 hoztutako eremuan eta 165 m3 hoztu gabeko eremuan), baita autoklabearen tratamendu-ahalmenaren arabera ere (1500 t/urtean).

4.– Hondakin arriskutsuak onartzea:

4.1.– Jarduera oro hasi aurreko baldintza gisara, aldi baterako biltegiratu beharreko hondakin ezberdinentzat aurreikusitako kudeaketa-bidea zein den adierazi beharko du Sterile Services SL-k. Hondakina lehen aldiz atera aurretik, baimendutako kudeatzaileak emandako dagokion onarpen-agiria aurkeztu beharko du organo honen aurrean. Proposatutako kudeatze-bideetan edo hondakinak hartuko dituen kudeatzailearen aldaketak ingurumen-organo honi jakinarazi behar zaizkio haiek egin aurretik, eta, jakinarazpen horrekin batera, onarpen-agiri berria igorriko zaio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari, hura balioetsi dezan.

4.2.– Jaso baino lehen, kudeatu beharreko hondakinak ingurumen-baimen honen 1. atalean adierazitakoak direla egiaztatu beharko du Sterile Services, SL-k.

4.3.– Onartzeko aukera egiaztatu eta gero, onespenaren egiaztagiria igorriko zaio titularrari, onespenaren baldintzak ezartzen dituena. Euskal Autonomia Erkidegoko 2008-2011 aldirako Hondakin Arriskutsuen Prebentzio eta Kudeaketa Planeko Helburu Estrategikoetan ezarritakoaren arabera, hondakinak Ebazpen honen babesean emandako onespen-agiri baten kargura bidali aurretik, agiri hori ingurumen-organo honek baliozkotu beharko du. Ezingo da Sterile Services, SL-k kudeatu beharreko hondakin arriskutsurik jaso aldez aurretik onespen-agiria organo honek baliozkotzen ez badu; baliozkotze hori 15 eguneko epean egin beharko da, agiria jasotzen denetik zenbatzen hasita. Epe hori igaro ondoren esanbidez horri buruzko irizpenik egiten ez bada, aldekoa dela ulertuko da. Baliozkotu beharreko onespen-agirian, besteak beste, honako datu hauek jaso beharko dira: parametro mugatzaileak, hondakinen deskribapena eta iraungitze-data, baldin eta hondakina ez bada entregatzen.

4.4.– Hondakina jaso aurretik, onarpen-agirian adierazitako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da, eta, hala badagokio, jasotze hori formalizatuko da kontrol eta jarraipenerako agirian kudeatzaileari dagokion atala betez.

4.5.– Inolaz ere ezingo dira onartu baimen honetan adierazten ez diren hondakin arriskutsuak. Dena den, kudeatu beharreko hondakin arriskutsuen zerrenda zabaltzeko, onartu aurretik zerrenda zabaltzeko baimen-izapidea bete beharko da.

5.– Ustiapen-baldintza teknikoak:

5.1.– Uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 26.2.2 artikuluan ezarritakoa betetze aldera, honako datu hauek jakinaraziko zaizkio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari Administrazioarekiko harremanez arduratuko den goi-mailako tituludunari buruz: izen-abizenak, helbidea eta ikasketa-tituluak.

5.2.– Gai arriskutsuak manipulatzeko eskatutako segurtasun-baldintzak betez egingo dira hondakin sanitario arriskutsuen zamalanak.

5.3.– Hondakin arriskutsuak jasotzeko aukera egiaztatu asmoz, Sterile Services, SL enpresak hondakinen onarpen-parametroak egiaztatzea ahalbidetuko duten baliabide teknikoez eta giza baliabideez hornitu beharko du.

5.4.– Honako eremu hauetan lurzorua iragazgaitza izan beharko da, eta beharrezko maldak zein jasotze-sareak izan beharko ditu gerta daitezkeen isuriak kutxatila itxura edo jasotze-putzura bideratu eta, ondoren, tratatzeko: zamalanetan ibilgailuak aparkatzen diren eremua, ibilgailuak zein edukiontziak garbitu eta desinfektatzeko eremuak, aldi baterako biltegiratze-instalazioak eta hondakin arriskutsuak tratatzeko instalazioak.

5.5.– Nahitaez bete beharko dira uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuak 13. eta 14. artikuluetan ontziratzeari eta etiketatzeari buruz, hurrenez hurren, xedatutako jarraibideak, bai eta martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuan, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzekoan, xedatutakoak ere, ontzien eta horiek etiketatzeko moduen ezaugarriei dagokienez.

5.6.– Ezingo dira onartu II. taldeko hondakin sanitario espezifikoak baldin eta, baimen honetan hondakin onargarrien artean sartzen badira ere, ezaugarri hauek betetzen dituzten ontzi edo poltsa zurrun edo erdi-zurrunetan ez badaude:

– Erabilera bakarrekoa.

– Iragazgaitza.

– Opakoa.

– Itxitura hermetikoa, poltsa edo ontzi zurrun edo erdi-zurrunetan izan ezik; azken horiek istripuz irekitzea eragozteko itxitura bat izango dute.

– Zamarekiko erresistentzia.

– Aseptikoak kanpoaldean.

– Deuseztatzeko orduan isuri toxikorik ez gertatzea edo murriztea bermatzen duen osaera.

5.7.– Jaso, biltegiratu, autoklabean kargatu eta deskargatu eta tratamenduaren ondoren biltegiratzeko prozesu guztia protokolo bidez zehaztu beharko da, hondakinak ekoizpen-guneetatik instalazioetara modu ezberdinetan iritsi daitezkeela aintzat hartuta.

5.8.– Baimen honen xede diren hondakinak biltegiratzean, horien nolakotasuna, bateragarritasuna eta helmuga hartuko dira aintzat, martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzekoak, xedatzen duenari men eginez; horrela, beharrezko ekintza-protokoloak eta konpartimentazio-neurriak ezarri beharko dira kudeaketa okerrak eragin dezakeen banaketa-akatsik gerta ez dadin.

5.9.– Baimen honen xede diren hondakinak horretarako prestatutako eremuetan biltegiratuko dira; eremu horiek, berriz, honako edukiera hauek izan beharko dituzte:

165 m3 hoztutako eremuan

135 m3 hoztu gabeko eremuan

5.10.– Martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzen dituenak, xedatzen duenaren arabera, II. taldeko hondakin sanitarioak eta hondakin zitotoxiko zein zitostakikoak ezingo dira 48 ordu baino gehiagoz gorde proiektatutako instalazioaren eremu hoztu gabean. Hondakin horiek proiektatutako instalazioetako eremu hoztuan biltegiratzen badira, berriz –eremu horretan tenperatura une oro 4º C-tik beherakoa izango bela bermatu behar dela aintzat hartuta–, hondakinak astebetez egon ahalko dira, gehienez ere.

5.11.– Nolanahi ere, 5.10 atalean aipatutako hondakinak ekoizpen-zentroan jasotzen direnetik tratatzen direnera arte ezingo dira 5 egun baino gehiago igaro; epe hori 10 egunera luzatu ahalko da hondakinak aurreko atalean aipatutako gutxieneko irizpideak betetzen dituen eremu hoztuan biltegiratzen badira. Baldintza horretatik salbuetsita daude hondakin ebakitzaile eta zorrotzak; horiek 30 egun arte biltegiratu ahalko dira, hoztu gabe.

5.12.– Baimenaren xede diren gainerako hondakin sanitario arriskutsuentzat, berriz, biltegiratze-denbora sei hilabetekoa izango da, gehienez ere.

5.13.– Hondakinak biltegiratzeko instalazio guztiek behar bezala seinaleztatuta eta aireztatuta egon behar dute, suteetatik babesteko mekanismo arautuak izango dituzte, eta baimena duten langileak soilik sartu ahalko dira.

5.14.– Horrez gainera, hondakin sanitarioak aldi baterako biltegiratzera bideratutako eremu hoztuak Hozteko planta eta instalazioetarako Segurtasun Araudian ezarritako arauak bete beharko ditu, eta legez ezarritako ziurtagiriak eskura eduki beharko ditu, eskumeneko organismoek emanak.

5.15.– Debekatuta dago hondakin sanitario arriskutsuak aurkeztutako proiektuan zehazten diren instalazioetatik kanpo aldi baterako biltegiratzea, eta, horrenbestez, instalazio horien gehienezko edukierara mugatzen da biltegiratu daitezkeen hondakinen gehienezko kopurua.

5.16.– Ebazpen honen 1.1 atalean aipatutako hondakin sanitario espezifikoen (II. taldea) tratamendua autoklabean esterilizatuz bukatuko da, hau da, hutsean saturatutako ur-lurruneko prozesu frakzionatu bidez desinfektatzeko ekintzarekin, eta eragiketa horretan hutsa-lurruna-hutsa fasea gutxienez ere birritan egin beharko da.

5.17.– Jarduera sanitarioetan sortutako hondakinen tratamendua hasi aurretik, protokolo bat ezarriko da beharrezko baliozkotze-probak zehazteko (tratatu beharreko hondakinen kopuruaren eta ontzi-motaren arteko erlazio egokiak, ziklo bakoitzak autoklabean izan beharreko denbora), tratamendua eraginkorra izango dela ziurtatzeko modua emango duten parametroak finkatze aldera. Protokolo hori aldez aurretik baliozkotu beharko dute Sailburuordetza honetara atxikitako zerbitzu teknikoek.

5.18.– Urtean autoklabean trata daitekeen gehienezko hondakin-kopurua, Ebazpen honen 3. atalean xedatzen dena, 8 orduko bi lan-txanda egingo direla aintzat hartuta kalkulatu da. Ahalmen hori eskuragarri dauden giza baliabideen arabera finkatzen da, instalazioak behar bezala funtzionatuko dutela bermatzeko moduan, betiere. Tratamendu-ahalmena handitu nahi izanez gero, handitzeko baimena eskatzeko izapideak egin beharko dira nahitaez, handitze hori justifikatzen duen giza baliabideen eskuragarritasuna egiaztatu ondoren.

5.19.– Prozesuan lortutako desinfekzio-mailak bermatu beharko du:

– Bakterioen, mikrobakterioen, onddoen eta onddo-esporen forma begetatibo oro deuseztatzea.

– Birusak deuseztatzea.

Bacillus anthracis bakterioaren esporak deuseztatzea.

5.20.– Atoklabean tratatu beharreko hondakin sanitarioak dituen ontzi orok airea eta lurruna sartu eta irteteko modua izan behar du. Poltsak erabiltzen badira, geruza iragazgaitza husteko lehen fasean hautsi beharko da.

5.21.– Autoklabean hermetikoki itxitako ontzietan sartutako likidoak tratatzen badira, ontzi horien barruko likido-kopuruak behar besteko txikia izan beharko du likido hori guztia lurrunaren fasean desinfektatze-tenperaturara iris dadin.

5.22.– Autoklabeko karga-ganbararen guztizko edukieraren bi heren beteko dira, gehienez ere.

5.23.– Lanaldia amaitzean, autoklabea hutsik gelditu beharko da, hondakinik gabe. Inolaz ere ez da autoklabean hondakinik utziko hurrengo egunean tratatzeko.

5.24.– Autoklabeak behar dina babes-neurri izango ditu hondakinak, istripuz, esterilizatu aurretik ateratzea eragozteko.

5.25.– Desinfekzio-ziklo bakoitzean parametro hauek neurtu eta erregistratu beharko dira:

– Fase bakoitzean lortutako huts-presioa.

– Desinfekzio-faseko tenperatura, behin erregimen-tenperatura lortu ondoren. Gutxienez hamar neurketa egingo dira. Tenperaturaren neurketa ganbarako batezbesteko tenperatura islatzen duen puntu batean egingo da.

– Desinfekzio-fasearen hasierako eta amaierako denbora.

5.26.– Esterilizazio-prozesua egiaztatu dela jakiteko, ziklo bakoitzean kanpotik begiratuta ikuskatzeko modua ematen duten adierazleak baliatzeaz gainera –tenperaturaren araberako kolore-aldaketetan oinarrituta–, gutxienez ere hilean behin analisi mikrobiologikoa egingo da, hondakinen masa osoan desinfekzio-baldintzak betetzen direla ziurtatzeko. Horretarako, Geobacillus stearothermophilus bakterioa erabiliko da, edo bestela, erresistentzia berbera duen beste mikroorganismoren bat, desinfekzio termikoko prozesuen eraginkortasuna erakusteko adierazle gisa nazioartean onartua.

Hala eta guztiz ere, eta Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2013ko uztailaren 9ko Ebazpenak, baimenaren xede diren instalazioen ingurumen-inpaktuaren adierazpena egiten duenak, xedatzen duenaren arabera, instalazioa abian den lehen hiru hileetan analisi mikrobiologiko hori astean behin egingo da.

5.27.– Ahal den neurrian, hondakinak jasotzen, biltegiratzen eta tratatzen dituzten langileek ez dituzte poltsak eta/edo ontziak maneiatuko edo ez dira horiekin kontaktu zuzenean egongo. Hori bermatzeko, bilketarako sistema mekanikoak ezarriko dira, une oro iragazgaiztasuna, segurtasuna eta higienea ziurtatuko dutenak; era berean, lan-arriskuen prebentzioari buruzko legeak beteko dira.

5.28.– Prozesuaren zikloan ganbaratik ateratzen den airea 0,01 µm-ko euste-ahalmena duen HEPA motako iragazki absolutu batean zehar aterako da kanpora.

Iragazki horrek presostato diferentzial bat eduki beharko du, horren egoera adierazten duena eta butxatzen edo hausten bada alarma-seinalea igorriko duena. Iragazkiak goia jo duela edo hautsi dela adierazten duten presio-mailak milibaretan finkatuko dira, fabrikatzaileak bere fitxa teknikoan ezarritako jarraibideen arabera.

Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2013ko uztailaren 9ko Ebazpenak, proiektuan jasotako instalazioen ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egiten duenak, xedatzen duenaren arabera, autoklabetik ateratako airearen iragazketa-sistema eraginkorra dela egiaztatzeko, hura abian den lehen hiru hilabeteetan igorpen horien kontrol mikrobiologikoak egingo dira, iragazkitik igaro ondoren. Hurrengo hilabeteetan eta urtea bete arte, kontrol horiek hilean behin gauzatuko dira. Urtea bete ondoren, kontrol horiek urtean behin egingo dira eta kontrol-araubide hori aldatu edo kendu ahalko da, lortutako emaitzen arabera.

Iragazkiaren ezaugarriak moldatu nahi izanez gero, hori arrazoitu beharko da; era beran, iragazki horren mantentze-lanen protokoloa zehaztu beharko da, behar bezala dabilela ziurtatzeko.

Autoklabetik ateratako airea arazteko sistematik eratorritako iragazki xahutuak II. taldeko hondakin sanitario espezifikotzat joko dira, eta talde horretako gainerako hondakinekin batera kudeatuko dira.

Ezarritako babes- eta zuzenketa-neurriez gainera, jardueratik eratorritako usain txarrek inguruan eragozpenik eragingo balute, egokitzat jotako neurri osagarriak hartu beharko dira.

5.29.– Instalazioak sare independenteak izango ditu euri-urak eta ur sanitarioak jaso eta husteko, hurrenez hurren. Jardueran sortutako beste edozein isuri, autoklabearen hondoko kondentsatuak barne, bai eta esterilizazio-orgen hondotik ateratako kondentsatuak edo edukiontziak garbitzean erabilitako ura ere, efluenteen tangara bideratuko da eta han analizatuko da. Horiek nora eraman eta nola tratatu erabakitzeko, egindako analisiak aztertu beharko dira.

Efluente-tangaren edukiaren laginketa- eta analisi-prozedura bat ezarri beharko da; prozedura horretan, jarraitu beharreko eragiketak (zer analisi eta zer maiztasunez egin behar diren) eta efluenteen aurreikusitako helmugak zehaztu beharko dira, analisietan lortutako emaitzen arabera. Analisietan pH-aren eta kloro askearen kontrolak sartu beharko dira, gutxienez.

Kolektorera isuri aurretik, efluente horiek eskumeneko organismoak emandako isurtzeko baimenean sartuta daudela egiaztatu beharko da, eta baimen horren kopia bidali beharko da Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzara.

5.30.– Baimendutako kanpo-kudeatzaileari emango zaizkio botika zitotoxiko eta zitostatikoez osatutako hondakin arriskutsuak eta horiek prestatzeko baliatutako zein horiekin kontaktuan egondako material oro, bai eta baztertutako botikez osatutako hondakin ez arriskutsuak ere, errausketa bidez edo horiek guztiz deuseztatzea bermatzen duen beste sistema baten bidez trata ditzan. Aurreikusitako azken tratamendua errausketa bada, hori hondakinen errausketari buruzko indarreko araudian xedatutakoaren arabera gauzatzen dela ziurtatu beharko da. Aurreikusitako kanpo-kudeatzaileak erre beharrean beste tratamendu bat erabiltzen badu, Sterile Services, SL-k ezingo dizkio hondakinak kudeatzaile horri bidali organo honek eta Osasun Sailak baimena eman arte.

5.31.– Autoklabearen prebentziozko mantentze-programa bat prestatu beharko da. Termometroak gutxienez urtean behin kalibratu beharko dira. Kalibrazioko eta mantentze-lanetako kontrolen erregistroak bost urtez gordeko dira.

5.32.– Prebentziozko mantentze-programa bat ere ezarri beharko da, honako hauek barne hartzen dituena, gutxienez: hozte-ganbarak, lurruna sortzeko sistema eta neutralizazio-sistema. Horren bidez instalazioen egoera bermatuko da, hozte-mekanismoak eta aurreikusitako segurtasun-neurriei arreta berezia jarrita, behar bezala funtzionatzen dutela eta ongi kontserbatzen direla ziurtatzeko.

5.33.– Kontrol-eragiketa horietatik guztietatik lortutako datuak, mantentze-lanetan izandako gertakariak eta, bereziki, funtzionamenduan izandako matxura edo irregulartasunak erregistro batean jaso beharko dira, eta une oro eskuragarri egin beharko dute Administrazioarentzat, bost urtez.

5.34.– Larrialdirik gertatuz gero, berehala esku hartzeko beharrezkoak diren material guztiak edukiko dira, kopuru nahikoan: berriro ontziratzeko erreserbako edukiontziak, beharrezkoa izanez gero; gerta daitezkeen isuriei eusteko produktu xurgatzaile selektiboak, segurtasuneko edukiontziak, hesiak eta kaltetutako ingurunean isolatzeko seinaleztapen-elementuak; eta babes pertsonalerako ekipamendu bereziak.

5.35.– Martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzeko denak, 14.4 artikuluan xedatzen duena aintzat hartuta, II. taldeko hondakinei esterilizazio-prozesua aplikatu ondoren, hondakin horiek hiri-hondakintzat joko dira, eta halakotzat kudeatuko dira behar bezala baimendutako instalazioetan; aldez aurretik, Sterile Services SL-k aipatutako arauaren V: eranskinean jasotako ereduaren araberako agiria bete beharko du, hondakinak behar bezala tratatu direla eta infekziorik eragiteko arriskurik ez dutela adierazten duena. Agiri horren kopia bat garraiolariari emango zaio eta hondakinekin batera joango da aurreikusitako hiri-hondakinen kudeatzailearen instalazioetara iritsi arte.

5.36.– II. taldeko hondakinei esterilizazio-prozesua aplikatu ondoren inolaz ere ezingo dira birziklatu edo balorizatu, balorizazio energetikoa salbu.

5.37.– Baimen honen xede diren hondakinez gainera, jarduera gauzatzean sortutako hondakin guztiak horretarako baimendutako kudeatzaileari eman beharko zaizkio. Edozein modutan, hondakinak balorizatzera bideratzen dituzten kudeatzeko bideak egokienak izateagatik lehenetsiko dira, uztearen edo ezabatzearen alternatiben aurrean. Sterile Services SL-k sortutako hondakin arriskutsuei dagokienez, goian adierazitakoa egiaztatu beharko da, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetan dagozkion onespen-gutunak aurkeztuz eta emate bakoitza ziurtatzen duten kontrol- eta jarraipen-agiriak betez.

5.38.– Plantako foku bakoitzari dagozkion atmosferarako igorketa-mailek inolaz ere ezingo dute gainditu atmosfera babesteko legeek ezarritako kutsatzaileen parametro bat ere.

5.39.– Aldian-aldian egiaztatu beharko zaio Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzari indarrean jarraitzen dutela Sterile Services, SL enpresaren eta enpresak bidalitako hondakin arriskutsuen kudeatzaile hartzaileen artean ezarritako onarpen-kontratuek edo -gutunek. Kudeatzaile hartzaileak Espainiako Estatuan ez badaude, mugaz haraindiko lekualdatzeak arautzen dituen araudi komunitarioa bete beharko da.

5.40.– Sterile Services, SL-k bete egin beharko ditu lurzorua kutsa dezaketen jardueren titularrentzat lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legean ezarritako betekizunak; batez ere, lurzoruaren kalitatearen adierazpena egiteko prozedura hastekoak, jarduera edo instalazioa behin betiko uzten denean.

5.41.– Nahitaez bete beharko dira, Ebazpen honetan ezarritako baldintza eta eskakizunez gainera, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honek 2013ko uztailaren 9ko Ebazpenean ezarritakoak ere. Ebazpen horren bidez, Sterile Services, SL-k Gordexolan sustatutako hondakin sanitarioak esterilizatzeko autoklabea instalatzeko proiektuaren ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpena egiten da.

5.42.– Era berean, nahitaez bete beharko dira proiektuan adierazitako segurtasun-neurri eta zehaztapenak, baldin eta goian aipatutakoen aurkakoak ez badira.

6.– Kontrol-erregistroak.

6.1.– Sterile Services, SL enpresak artxibategian erregistratu eta gorde beharko ditu onarpen-eskaerak, onarpen-agiriak eta kontrolerako eta jarraipenerako agiriak, edo agiri ofizial baliokideak, hiru urtean gutxienez (uztailaren 20ko 22/2011 Errege Dekretua, hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzkoa, 40 artikulua).

Adierazi berri diren agirien kontrol egokia errazteko, Sterile Services, SL enpresak IKS-eeM sistema informatikoa erabiliz bidali eta jasoko ditu agiri horiek.

Era berean, II. taldeko hondakinei dagozkien esterilizazio bidezko tratamenduen egiaztagirien jatorrizko agiriak ere erregistratu eta gorde beharko dira.

6.2.– Orobat, artxibategi telematiko bat izango du, hurrenkera kronologikoan honako datu hauek jasotzeko, gutxienez:

– Onartutako hondakin arriskutsuen jatorria.

– Hondakin horien kopuruak, izaera, konposizioa eta identifikazio-kodea.

– Hondakin partida bakoitzaren onarpen- eta jasotze-datak.

– Biltegiratutako hondakinak plantako zer tokitan dauden.

– Biltegiratze-denbora eta datak.

– Esterilizazio-eragiketak, datak, parametroak eta egindako ziklo bakoitzari buruzko datuak. Tratamenduaren ondorioz lortutako hondakinen ondorengo bidalketa-data eta helmuga.

– Sterile Services, SL enpresan tratatu ez diren hondakinentzat, baimendutako azken kudeatzaileari bidalketa egin zaion data, kudeatzaile horren identifikazio-datuak eta sortutako Kontrol eta Jarraipen Agiriarenak edo agiri baliokidearenak, mugaz gaindiko lekualdatzeen kasuan.

– Jardueraren garapenean sortutako hondakinen kantitatea, izaera, osaketa, biltegiratzearen hasiera- eta amaiera data, identifikazio-kodea eta hondakin horien helmuga, baimendutako kudeatzailearen onarpen zehatzarekin.

6.3.– Sterile Services, SL enpresak garatzen dituen jasotze-, aldi baterako biltegiratze- eta tratamendu-jarduera guztiak jasotzen dituen txostena bidali beharko dio hilean behin Ingurumen eta Lurralde Lurralde Politika Saileko Ingurumen Administrazioaren Sailburuordetzari. Bertan, kudeatutako hondakinen jatorria, kopuruak eta ezaugarriak eta horiek izandako helmuga espresuki adierazi beharko ditu.

6.4.– Sterila Services, SL-k urte bakoitzeko martxoaren 1a baino lehen aurkeztu beharko du jardueren urteko memoria, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren 38. eta 39. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

6.5.– Aurreko 6.3 eta 6.4 idatzi-zatietan adierazitako agiriak Ingurumen Administrazioaren Sailburuordetzara bidali beharko dira, transakzio elektroniko bidez, IKS-eeM sistemako erakundeentzako bertsioa erabilita.

6.6.– Ustiapenari buruzko eskuliburu bat eduki beharko da, eta bertan, aldizka egindako mantentze-lanen berri eman behar da, baita antzemandako gertaerena ere.

7.– Baimen honen xede diren hondakin arriskutsuak kudeatzetik erator daitezkeen larrialdi-egoeretan babes zibilari buruzko araudian ezarritakoa bete beharko da, eta araudi horretan ezarritako baldintza guztiak bete beharko dira.

8.– Arau hauek hondakin arriskutsuen eta ez arriskutsuen kudeatzaileentzat xedatutako betebeharren mende egongo da jardueraren titularra: uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzkoa, uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretua, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuak aldatu zuena, eta martxoaren 26ko 367/2010 Errege Dekretua.

9.– Baimenaren xede den jardueran gerta daitekeen istripu edo irregulartasun larri oro berehala jakinarazi beharko zaio Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari eta Gordexolako Udalari.

10.– Baimen honen eraginkortasuna honako atal hauetan ezarritako baldintza eta eskakizunak betetzearen mende gelditzen da: 2. (asegurua), 3. (fidantza), 4.1 (hondakin arriskutsuen onarpen-agiria), 1.4 (edukiontzien garbiketa-protokoloa), 5.1 (tituludun arduradunaren identifikazio-datuak), 5.5, 5.8-tik 5.12-ra (hondakinak biltegiratu eta etiketatzeko baldintzak), 5.7 (jasotze-protokoloa), 5.4, 5-13, 5.14, 5.16-tik 5.27-ra (instalazioen ezaugarriak, autoklabean tratamendua egiteko baldintzak eta hori baliozkotzeko probak), 5.28 (HEPA iragazkiak), 5.29 (uren tratamendua eta isuriak egiteko baimena), 5.31 eta 5.32 (prebentziozko mantentze-lanetarako eskuliburuak), 5.35 (gertakariei erantzuteko neurriak), 5.37 (jardueran sortutako hondakinen onarpen-agiriak), 5.33 eta 6.2 (artxibategien eredua) eta 6.6 (ustiapen-eskuliburuaren eredua). Horrez gainera, Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honetara bidali beharko da, onar dezan, 2.F atala betetze aldera egin beharreko ingurumen-zaintzako programaren testu bategina, hala xedatzen baitu Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritzaren 2013ko uztailaren 9ko Ebazpenak, baimen honen xede diren instalazioek ingurumenaren gainean duten eraginari buruzko adierazpena egiten duenak.

Titularrak sei hilabeteko epea du Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honen aurrean baldintza horiek betetzen dituela egiaztatzeko, Ebazpen hau jakinarazten zaion egunaren biharamunetik zenbatzen hasita; Zuzendaritzak guztia egiaztatu ondoren onartu egin beharko du, ingurumen-organoaren ebazpen bidez.

11.– Baimen honek 8 urteko iraunaldia izango du, ingurumen-organoak, aurreko atalean adierazi bezala, ebazpen bidez baimena eraginkor bilakatzen duenetik zenbatzen hasita. Data horretatik aurrera, baimena automatikoki berrituko da beste 8 urteko ondoz ondoko aldietan; nolanahi ere, organo horrek beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen-bisitaldiak egin ahalko ditu eta baimenean ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak eskatu ahalko ditu. Eskakizun horiek ez betetzeak baimena indargabetzea eragin ahalko du edo, hala badagokio, etetea, hartu beharreko neurriak adierazita.

12.– Baimen hau baliogabetzeko adinako arrazoitzat joko dira honako hauek:

● Sei hileko epean ez egiaztatzea 10. atalean ezarritako baldintzak, interesdunak atzeratze-eskaera aurkezten ez badu.

● Sterile Services, SL enpresaren nortasun juridikoa bukatzea.

● Sterile Services, SL enpresak porrot-adierazpena egitea, baldin eta adierazpen horrek esanbidez adierazten badu enpresaren deuseztapena, hala aldarrikatzen duen ebazpen judizialaren ondorioz.

● Baimena eraginkorra dela adierazten duen ebazpenean xedatutako arrazoiak.

13.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ingurumen sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko uztailaren 15a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.

III. ERANSKINA

Ebazpena, 2013ko azaroaren 5ekoa, Ingurumen Administrazioaren zuzendaria. Honen bidez, eraginkor egiten da 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenaren bidez Sterile Services, SL enpresari Gordexolako (Bizkaia) Zubiete Industrialdean dituen instalazioetan hondakin sanitario arriskutsu eta ez-arriskutsu jakin batzuk jaso, aldi baterako biltegiratu eta autoklabean esterilizatuz tratatzeko emandako baimena; era berean, EU2/215/13 baimen-zenbakia eta 2021eko azaroaren 5era arteko indarraldia ematen zaio baimen horri.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko uztailaren 9ko Ebazpenaren bidez egin da Gordexolako udalerrian (Bizkaia) Sterile Services, SL enpresak sustatutako hondakin sanitarioen biltegiratze- eta esterilizazio-planta egiteko proiektuaren ingurumen-inpaktuari buruzko adierazpena.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenaren bidez, berriz, kudeatzailearen baimena eman zaio Sterile Services, SL enpresari Gordexolako (Bizkaia) Zubiete Industrialdean dituen instalazioetan hondakin sanitario arriskutsu eta ez-arriskutsu jakin batzuk jaso, aldi baterako biltegiratu eta autoklabean esterilizatuz tratatzeko, betiere, Ebazpenaren eraginkortasuna bertan zerrendatutako baldintza eta eskakizunak betetzearen mende jarrita.

Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenaren arabera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko Ingurumen Sailburuordetzaren aurrean egiaztatu behar zen baimenean ezarritako eskakizun eta baldintzak betetzen zirela, eta beharrezko egiaztapenak egin ondoren, agiri bidez onartu.

Aipatu 2013ko uztailaren 15eko Ebazpen horretan, hau xedatzen zuen 5.9 atalak gehienezko biltegiratze-ahalmenari buruz: 135 m3-ko gehienezko edukiera hoztu gabeko eremuan eta 165 m3-ko gehienezko edukiera hoztutako eremuan.

2013ko urriaren 8an, ikuskapen-bisitaldia egin zuten Sterile Services, SL enpresaren instalazioetara bai Ingurumen eta Lurralde Politika Saileko eta bai Osasun Saileko teknikariek, 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenean xedatutako baldintza eta eskakizunak betetzen zirela egiaztatzeko. Bisitaldi hartan 02322 zenbakidun akta egin zen, ikuskatutako arlo guztiak jasotzen zituena, baita konpondu beharreko zenbait hutsune ere.

Ikuskapen-bisitaldi hartan eman zituen enpresak fidantza eta erantzukizun zibileko asegurua, 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenak 2. eta 3. ataletan agintzen zuenarekin bat etorrita.

2013ko urriaren 16an, Sterile Services, SL enpresak aipatu Ebazpenean ezarritako baldintza eta eskakizunak betetzeari eta ikuskapen-bisitaldian hautemandako hutsuneak betetzeari buruzko dokumentazioa aurkeztu zuen; alabaina, ez zuen agirizko kudeaketaren protokolo zehatzari zegokiona aurkeztu.

2013ko azaroaren 5ean, Sterile Services, SL enpresak baimena zabaltzeko eskaera egin zuen, aldi baterako biltegiratzeko hondakin baimenduei beste batzuk gehitzeko.

2005eko urtarrilaren 18an argitaratu zen 9/2005 Errege Dekretua, urtarrilaren 14koa, lurzorua kutsa dezaketen jardueren zerrenda eta kutsatutako lurzoru deklaratzeko irizpide eta estandarrak ezartzen dituena.

2005eko otsailaren 4an onartu zuen Eusko Legebiltzarrak otsailaren 4ko 1/2005 Legea, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoa.

Sterile Services, SL enpresak Gordexolako (Bizkaia) instalazioetan garatu nahi duen jarduera, hots, hondakin arriskutsuak aldi baterako biltegiratzea, lurzorua kutsa dezaketen jardueren artean sailkatzen dute aipatu berri diren bi arau horiek.

2013ko ekainaren 12an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean ekainaren 11ko 5/2013 Legea, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea eta Hondakinei eta lurzoru kutsatuei buruzko uztailaren 28ko 22/2011 Legea aldatzen dituena.

Eta 2013ko urriaren 19an argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretua, industriako isurpenen Erregelamendua onartzen duena eta kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea garatzen duena.

Aldaketa horren ondoren, 16/2002 Legearen aplikazio-eremuan sartzen dira hondakin arriskutsuak biltegiratzeko jarduerak, Lege horretan aipatutako baldintzak betetzen direnean, bai biltegiratzeko ahalmenari dagokionez eta bai biltegiratutako hondakinei egitea aurreikusten zaien azken tratamenduari dagokionez ere.

Akats bat hauteman da 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenak 5.9 atalean ezarritako gehienezko biltegiratze-edukierari dagokionez.

Aintzat hartuta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 105.2 artikuluak hau ezartzen duela: «Herri Administrazioek, beren kabuz edo interesdunek eskaturik, edozein unetan zuzendu ditzakete beren egintzetako errakuntza materialak, egitezkoak edo aritmetikoak», 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenaren 5.9 atala zuzentzea dagokio.

Aintzat hartuta Sterile Services, SL instalazioetan tratatzeko eta aldi baterako biltegiratzeko baimendutako gehienezko edukierak ez direla iristen kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuari buruzko arauak ingurumen-baimen integratua eskuratzea eskatzeko ezartzen dituen mugetara.

Aintzat hartuta Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen arabera lurzoruen edukitzaile eta jabe diren pertsona fisiko edo juridikoen oinarrizko betebeharra dela lurzorua zaintzea, eta betebehar horretan sartzen dela lurzoruaren kalitatea ezagutu eta kontrolatzea, bai eta lege hartan zehaztutako kasuetan neurriak hartzea ere –prebentzio-, babes-, oneratze- eta kontrol- eta jarraipen-neurriak–.

Aintzat hartuta, ondorio horietarako, Lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzeko otsailaren 4ko 1/2005 Legeak hainbat betebehar ezartzen dituela lurzorua kutsa dezaketen jarduera eta instalazioen titularrak diren pertsona fisiko edo juridikoentzat, eta Lege horren II. eranskinean zerrendatutako jarduera horien artean dagoela Sterile Services, SL enpresak garatzen duena.

Aintzat hartuta bete direla Ingurumen Administrazioaren Zuzendaritza honek 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenean ezarritako eskakizun eta baldintzak eta hori egiaztatuta gelditu dela Sterile Services, SL enpresak aurkeztutako dokumentazioaren bidez –agiri horiek Ingurumen Sailburuordetzaren esku daude–, bai eta egindako ikuskapen-bisitaldiaren bidez ere, ikuskapenaren aktan kudeaketa dokumentalaren protokolo zehatzari buruz adierazitakoa salbu.

Aintzat hartuta Sterile Services, SL enpresari hiru hilabeteko epea ematea dagokiola, organo honi aipatu protokoloa aurkezteko.

Aintzat hartuta zerbitzu tekniko hauek baimena zabaltzeko eskaerarekin lotuta aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, enpresak aldi baterako biltegiratzeko proposatutako hondakin berriak onargarritzat jotzea dagokiola, ez baitute eskakizun edota baldintza osagarririk eskatzen.

Aintzat hartuta zabaltze horrek ez duela eskatzen bere egunean ezarritako fidantza eguneratzea, ez baitu aldatzen instalazioak aldi baterako biltegiratzeko duen gehienezko ahalmena.

Eta aintzat hartuta apirilaren 9ko 196/2013 Dekretuak, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duenak, ezarritakoaren arabera, organo honek duela ebazpen hau emateko eskumena.

Honako xedapen hauek aztertu dira: otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babestekoa; uztailaren 28ko 22/2011 Legea, hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzkoa; uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretua, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuak eta martxoaren 26ko 367/2010 Errege Dekretuak aldatu zutena; apirilaren 9ko 196/2013 Dekretua, Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren egitura organikoa eta funtzionala ezartzen duena; eta azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena.

Gorago azaldutakoa kontuan izaki,

EBAZTEN DUT:

Lehenengoa.– 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenaren bidez Sterile Services, SL enpresari Gordexolako (Bizkaia) Zubiete Industrialdean dituen instalazioetan hondakin sanitario arriskutsu eta ez-arriskutsu jakin batzuk jaso, aldi baterako biltegiratu eta autoklabean esterilizatuz tratatzeko emandako kudeatzailearen baimena aldatzea, gehienezko biltegiratze-ahalmenari buruzko 5.9 atalean aurkitutako akatsa zuzenduz. Hala, bada, gehienezko edukiera hau ezarri da:

135 m3 hoztutako eremuan

165 m3 hoztu gabeko eremuan

Bigarrena.– 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenaren bidez Sterile Services, SL enpresari emandako baimena zabaltzea, aldi baterako biltegiratzeko onartutako hondakinei honako hauek erantsita:

– II. taldeko hondakinak (hala nola, formolean edo beste gai kimiko batean kontserbatutako hondakin anatomikoak) barne hartzen dituzten hondakin sanitario kimikoak, baldin eta martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak 3. artikuluko 2. eta 3. paragrafoan zehaztutakoak ez badira eta aldi berean II. eta III. taldeko hondakintzat jotzen badira (180106* eta 180205* LER kodeak).

Goragoko atalean adierazitako gehienezko biltegiratze-ahalmena ez da zabaltze honen ondorioz aldatzen.

Hirugarrena.– Eraginkor egitea 2013ko uztailaren 15eko ebazpenaren bidez, Sterile Services, SL enpresari Gordexolako (Bizkaia) Zubiete Industrialdean dituen instalazioetan Ebazpen honen eranskinean zerrendatutako hondakin sanitario arriskutsu eta ez-arriskutsuak jaso, aldi baterako biltegiratu eta autoklabean esterilizatuz tratatzeko emandako hondakin sanitarioen kudeatzailearen baimena; eta baimenari EU2/215/13 baimen-zenbakia esleitzea.

Uztailaren 28ko 22/2001 Legeak, hondakinei eta kutsatutako lurzoruei buruzkoak, xedatzen duenaren arabera, baimen honen indarraldia 2012ko azaroaren 5ean bukatuko da, baldin eta Ebazpen honetan zehazten diren baimena iraungitzeko beste arrazoietako bat ematen ez bada.

Data horretatik aurrera, baimena automatikoki berrituko da beste 8 urteko ondoz ondoko aldietan; nolanahi ere, organo horrek beharrezkotzat jotzen dituen ikuskapen-bisitaldiak egin ahalko ditu eta baimenean ezarritako eskakizunak betetzen direla egiaztatzeko agiriak eskatu ahalko ditu. Eskakizun horiek ez betetzeak baimena indargabetzea eragin ahalko du edo, hala badagokio, etetea, hartu beharreko neurriak adierazita.

Laugarrena.– Hiru hilabeteko epea ematea, Ebazpen hau jasotzen den egunetik hasita, kudeaketa dokumentalari buruzko protokolo zehatza aurkezteko.

Bosgarrena.– Sterile Services, SL-k kudeatu beharreko hondakinekin egiaztatu beharko du egindako autoklabeko prozesuaren baliozkotze-protokoloaren egokitasuna, tratamenduaren parametro jakin batzuei dagokienez (tratatu beharreko hondakinen eta ontzi motaren arteko harreman egokiak, ziklo bakoitzean autoklabean egon beharreko denbora, etab.).

Planta hiru hilabetez funtzionatzen egon ondoren, lortutako emaitzak jasotzen dituen txosten bat igorri beharko zaie Sailburuordetza honetara atxikitako zerbitzu teknikoei.

Seigarrena.– Sterile Services, SL enpresak Ingurumen Sailburuordetza honi aurkeztu beharko dizkio erantzukizun zibileko aseguruaren ordainagiri eguneratuak, aseguruen epemugaren araberako maiztasunarekin.

Zazpigarrena.– Sterile Services, SL-k bete egin beharko ditu otsailaren 4ko 1/2005 Legeak, lurzorua ez kutsatzeko eta kutsatutakoa garbitzekoak, lurzorua kutsa dezaketen jardueren titularrei jartzen dizkien betekizunak.

Zortzigarrena.– Sterile Services, SL enpresak utzitako fidantza ez da itzuliko Ingurumen Sailburuordetza honek jarduera-bukaera baimendu arte edo bere egunean jarduera bukatzeko ezarritako baldintzak bete arte; baldintza horien artean betiere egon beharko dute lurzoruaren kalitate-adierazpenean ezarri ahalko diren betekizunak.

Bederatzigarrena.– Hondakin sanitarioen kudeatzaile-baimen hau iraungitzeko arrazoitzat joko dira honako hauek:

– Sterile Services, SL enpresaren nortasun juridikoa bukatzea.

– Sterile Services, SL enpresak porrot-adierazpena egitea, baldin eta adierazpen horrek esanbidez adierazten badu enpresaren deuseztapena, hala aldarrikatzen duen ebazpen judizialaren ondorioz.

– Hondakin arriskutsuak kudeatzeko jarduera urtebete baino gehiagoz etetea, Sterile Services, SL-k eskatuta.

Hamargarrena.– Ebazpen honek ez du administrazio-bidea agortzen, eta, honen aurka, gora jotzeko errekurtsoa jar dakioke Ingurumen sailburuari, hilabeteko epean, jakinarazten den egunetik zenbatzen hasita, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen, Herri Administrazioaren Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoaren, 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

Vitoria-Gasteiz, 2013ko azaroaren 5a.

Ingurumen Administrazioaren zuzendaria,

ALEJANDRA ITURRIOZ UNZUETA.

Eranskina, Ingurumen Administrazioaren zuzendariaren 2013ko azaroaren 5eko Ebazpenari. Honen bidez, eraginkor egiten da 2013ko uztailaren 15eko Ebazpenaren bidez Sterile Services, SL enpresari Gordexolako (Bizkaia) Zubiete Industrialdean dituen instalazioetan hondakin sanitario arriskutsu eta ez-arriskutsu jakin batzuk jaso, aldi baterako biltegiratu eta autoklabean esterilizatuz tratatzeko emandako baimena; era berean, EU2/215/13 baimen-zenbakia eta 2021eko azaroaren 5era arteko indarraldia ematen zaio baimenari.

EU2/215/13 baimenaren babesean egin daitezkeen kudeaketa-eragiketak:

– Hondakin sanitario espezifiko izenekoak jaso, aldi baterako biltegiratu (D15) eta autoklabean esterilizatuz tratatzeko (D9) eragiketak; hondakin horiek sailkatzean, II. taldeko hondakin sanitario gisa katalogatu ditu martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoan hondakin sanitarioak kudeatzeko baldintzak arautzeko denak, hurrengo paragrafoan jasotako salbuespenarekin. Hondakin horiek 180103* (zerbitzu medikoetako hondakinak) edo 180202* (albaitaritza-zerbitzuetako hondakinak) LER kodeen barruan sartzen dira.

Autoklabeko esterilizazio-tratamendutik kanpo gelditzen dira, betiere, honako hondakin sanitario arriskutsu hauek:

– Creutzfeldt-Jakob patologiaren edo prioiek sortutako beste gaixotasun batzuen tratamendutik eratorritako hondakin sanitario espezifikoak.

– III. taldeko edozein hondakin.

– II. taldeko hondakinak (hala nola, formolean edo beste gai kimiko batean kontserbatutako hondakin anatomikoak) barne hartzen dituzten hondakin sanitario kimikoak, baldin eta aipatutako 76/2002 Dekretuak 3. artikuluko 2. eta 3. paragrafoan zehaztutakoak ez badira eta aipatutako Dekretuaren arabera aldi berean II. eta III. taldeko hondakintzat jotzen ez badira.

– Honako hondakin sanitario arriskutsu hauek jaso eta aldi baterako biltegiratzea (D15), ondoren baimendutako errausketa-instalazioetara eramateko:

– Botika zitotoxiko eta zitostatikoen hondakinak (180108*, 180207* eta 200131* LER kodeak).

– Botika zitotoxiko eta zitostatikoen hondakinak eta horiek prestatzeko baliatu diren edo horiekin kontaktuan egon diren materiak barne hartzen dituzten hondakin sanitarioak (jario laminarreko kanpaien eraginkortasun handiko iragazkiak barne), baldin eta Dekretuaren arabera hondakin zitotoxiko edo zitostatikotzat jotzen badira (180108* eta 180207* LER kodeak).

– II. taldeko hondakinak (hala nola, formolean edo beste gai kimiko batean kontserbatutako hondakin anatomikoak) barne hartzen dituzten hondakin sanitario kimikoak, baldin eta martxoaren 26ko 76/2002 Dekretuak 3. artikuluko 2. eta 3. paragrafoan zehaztutakoak ez badira eta aldi berean II. eta III. taldeko hondakintzat jotzen badira (180106* eta 180205* LER kodeak).

– Baztertutako botikez osatutako hondakin sanitario ez arriskutsuak (180109, 180208 eta 200132 LER kodeak) jaso eta aldi baterako biltegiratzea (D15), ondoren xede horretarako baimendutako errausketa-instalazioetara eramateko.


Azterketa dokumentala